Ogasun eta Finantza Saila

Aurkezpena

Epaitegi ekonomiko-administratiboak Herri Administrazioaren barruko organoak dira, baina, administrazio-antolaketaren parte izan arren, eta, beraz, herri-administrazioaren beste organo bat baino ez izan, herri-administrazioa kudeatzen duen erakundetik kanpo daude.

Epaiteko ekonomiko-administratiboak, beraz, daukaten izena gorabehera, ez dira organo jurisdikzionalak; aitzitik, administrazioaren barruan organo espezializatuak dira, independentzia funtzionala dute, bereizita daude tributuak aplikatzeaz eta zehapenak ezartzeaz arduratzen diren organoetatik, eta beren zeregina administrazioak berak emandako egintzei aurre egiteko herritarrek planteatzen dituzten errekurtsoak ikertzea, tramitatzea eta erabakitzea da. Gainera, prozedura ekonomiko-administratiboa doakoa da, eta ez du laguntza juridikoaren beharrik; horregatik, epaitegia izan izatea guztiz justifikatuta dago, zergadun edo herritar orok dudarik gabe dauzkan bermeen ikuspuntutik besterik ez bada ere.

Horregatik guztiagatik, sortu zen EUSKADIKO EKONOMIA ARDURALARITZAKO EPAITEGIA Euskadiko Autonomia Erkidegoan, 1983. urtean, Autonomia Estatutuko 10.2 artikuluak onartutako autogobernu-erakundeen antolaketa-, erregimen- eta funtzionamendu-arlorako eskumen esklusiboaz baliatuta; organo hori, gaur egun, hauek osatzen dute: Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza sailburuordeak (presidente karguan), eta sail bereko bost funtzionariok (horietako lau kide dira, eta bosgarrena epaitegiko idazkaria).

EUSKADIKO EKONOMIA ARDURALARITZAKO EPAITEGIA da autonomia-erkidegoko organo bakarra, autonomia-erkidegoko administrazio orokorraren organoetan edo bere erakunde autonomoetan erabakitako zergazko edo nahitaezko diru-bilketarako egintza administratiboen aurka jartzen diren errekurtso eta erreklamazio ekonomiko-administratiboez ebazteko eskumena duena. 

Azkenik, komeni da ohartaraztea erreklamazio ekonomiko-administratiboak aldez aurreko eta ezinbesteko baldintza direla gerora aipatutako egintzen aurka auzi bidez egin ahal izateko.