Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Hutsik dauden etxebizitzak. Horiek mobilizatzeko pizgarriak. Aurkezpenak eta ondorioak

Juan Maria Aburto, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua. Jardunaldiaren irekiera.

Gaurko jardunaldian, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzearen inguruan hausnartuko dugu.

Jardunaldi honek berebiziko garrantzia du bizi dugun egoera nahasia dela eta. Izan ere, Euskadik dituen gizarte-laguntzei eutsi nahi badiegu, euskal erakundeok modu eraginkorrean lan egiten jarraitu beharko dugu.

Zentzu honetan, egiten dugun etxebizitza politika gizarte politiken barruan barneratu behar delakoan gaude; izan ere etxebizitza beharra asetzean, gizarte kohesioaren bidean aurrerapausoak ematen ditugu.

Gaurko jardunaldi honen xedea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren ardatz nagusietako bat aztertzea da: hutsik dauden etxeak mobilizatzea eta alokairuaren merkatura eramatea.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sortutako ELKARGUNE hausnarketa- eta eztabaida-foroan kokatzen du Eusko Jaurlaritzak jardunaldi hau. Elkargune hori inoiz baino beharrezkoagoa da; izan ere, gizarte-erronkaz beteriko garai konplexu eta gatazkatsu batean gaude, zeina denon artean ulertu behar baitugu, administrazio publikoetatik ahalik eta erantzun eraginkor eta efikazena emateko.

Euskadik gizarte-babeseko sistemarik indartsuenetako bat dauka, euskal herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko. Hala ere, gero eta handiagoak dira kalitate- eta zerbitzu-estandarrei eusteko ahaleginak.

Horren ildotik, Eusko Jaurlaritza garatzen ari den etxebizitza-politika beste edozein gizarte-politikaren moduan ikusi behar da, eta etxebizitzarik ez dutenen, finantzatu ezin dutenen edo —ustekabean sortutako arrazoiengatik— galdu dutenen etxebizitza-eskaerari erantzutea izan behar du helburu.

Beharrizan horiei guztiei erantzuna emateko, 2013-2016 Etxebizitza Plan Zuzendaria onartu zen iaz. Plan Zuzendari horrek gertutik jarraitu ditu krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioz sortu diren arazoak, eta aintzat hartu ditu etxebizitza-eskatzaileek eta agente adituek helarazitako proposamenak; horren ondorioz, haiekin batera diseinatu ditu Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzako ildo estrategikoak. Beraz, jarduteko tresna garrantzitsu bat dugu, etxebizitza-politikaren eragileen eta onuradunen artean sortua.

Plan Zuzendarian ezarri dugun bezala, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren jomuga merkatu librean lortu ezin dutenei etxebizitza duina eta egokia eskuratzen laguntzea da —krisi ekonomikoaren ondorioz gizarte-beharrizaneko egoeran daudenei, bereziki—.

Helburu hori lortzeko tresna nagusia epe ertain eta luzeko alokairua sustatzea da, eraikitako parkearen gainean lan egitea lehenetsiz. Horren ildotik, jenderik gabe dauden etxebizitzak atzematea sartu da ardatz estrategikoen artean.

Historikoki, bigarren etxebizitzen eta etxebizitza hutsen pisua Euskadin autonomia erkidego guztietako txikiena izan da, eta Estatuko kopuruetatik oso urrun dauden ehunekoetan jarraitzen dugu gaur egun.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2013. urtean egindako Etxebizitza Hutsei buruzko Estatistikaren arabera, EAEn 91.008 etxebizitza huts daude; etxebizitza guztien % 8,7. Horietatik, % 2,7 bigarren bizitetxeak edo denboraldikoak dira; beraz, jenderik gabeko etxebizitzak % 6 dira.

Horrez gain, etxebizitza berriaren stock-ak etxebizitza-parke osoaren gainean duen pisu erlatiboa bereziki txikia da gure erkidegoan, ia ez baitu % 1 gainditzen.

Jenderik gabeko etxebizitzen kopurua murrizteko politikan asmatzeko, funtsezkoa da aztertzea etxebizitza horietatik zenbat diren eskuragarriak; hau da, zenbat dauden merkatutik kanpo —bizitegi-erabilerarik gabe— eta alokairuan eskaintzeko atzemateko moduan.

Halaber, beharrezkoa da aztertzea jenderik gabeko etxebizitzak non dauden; izan ere, udalerri txikienetan aurkitzen baita etxebizitza hutsen ehuneko handiena (% 22,5), EAEko batez bestekoa hirukoizteraino. Beraz, etxebizitza horiek nekez izango dira konponbidea dagoen eskarirako, eskari hori batez ere hiri-guneetan kokatzen baita.

Horren ildotik, Euskadi aitzindaria izan da, eredu orekatu eta iraunkorrago baten alde Eusko Jaurlaritzak egindako apustu irmoaren barruan kokatzen baitira etxebizitza-politikak. Horren froga da etxebizitza hutsen erabilera sustatzera berariaz bideratutako programak diseinatu eta ezarri izana. Bizigune eta ASAP.

Programa horiek oraindik ibilbide labur samarra duten arren, hutsik eta erabili gabe zeuden 5.000 etxebizitza libre baino gehiago erabilgarri jartzea ahalbidetu dute, eta, horri esker, alokairuko bizilekua eman ahal izan zaie merkatu librean etxebizitza lortzeko zailtasunak zituztenei.

Hala eta gutiz ere, etxebizitza hutsen inguruko sentsibilizazio- eta mobilizazio-programak gure Etxebizitza Bideratzeko Planaren ardatz nagusietako bat dira. Plan horrek aurrera jarraitzen du, eraikitako parkea atzematera eta balorizatzera bideratutako ekintzak hobetzen eta perfekzionatzen; eta administrazioak kudeatu eta herritarren eskura jarri ditzakeen etxebizitza hutsetan eragiten.

Helburu hori lotzeko, etxebizitzak atzemateko Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatzen dituen programetan aldaketak egiteari ekin zaio jada. Lehenengo, 2013ko abenduan, Bizigune Programa aldatu zen; besteak beste, etxebizitzen jabeei ordaintzen zaien errenta egungo merkatuaren prezioetara egokitzeko eta pertsona juridikoek stock-ean dituzten etxebizitzak laga ahal izateko.

Aldaketa horri lotuta, aipatu behar da 2014ko uztailean Kutxabankekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea ahalbidetu duela, Bizigune programaren bitartez 100 etxebizitzara arte kudeatzeko.

Bestalde, berriki, 2014ko urriaren 1ean, ASAP programak atzemandako etxebizitzak eskatu eta esleitzeko prozedura berria jarri da abian, Sailaren web orriaren bitartez, eta sektore publiko eta pribatuko agente laguntzaileekin lankidetzan.

Aldaketa horien bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak programen eraginkortasuna hobetu nahi du, etxebizitza hutsak modu arinagoan atzeman ahal izateko eta, finean, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta daudenei prezio eskuragarria duen etxebizitzaren bat ahalik eta epe laburrenean eskaini ahal izateko.

Adierazitakoa gorabehera, aurrera jarraitu behar da etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura eramaten laguntzeko neurrietan, administrazio publikoek etxebizitzak atzemateko sustatutako programak ez ezik, bestelako pizgarriak ere erabiliz; besteak beste, gero Bizigune eta ASAP programetan sartu ahal izango diren etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak.

Horren ildotik, 2014ko ekainean, etxebizitza-hutsetarako Bizigune edo ASAP programei beren etxebizitza lagatzen dieten jabeak ondasun higiezinen gaineko zergatik salbuesteko Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena helarazi dio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoari. Beraz, zerga-arloko administrazio eskudunei gogoeta bati ekitea dagokie, alokairuaren merkatua sustatzeko sartu litezkeen zerga-pizgarriei buruz.

Etxebizitza hutsak etxebizitza-politika publikoaren esparruan hartzen ari diren garrantzi hau kontuan izanik, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez, jardunaldi hauek antolatu ditu Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, ikasteko, komunikatzeko eta esperientzia trukatzeko ezagutza partekatuko gune izan daitezen.

Gure iritziz, gai horretako adituak Bilbon egotea aukera ezin hobea da interes handiena pizten duten alderdietan sakontzeko eta, lankidetzaren eta trukearen bidez, etxebizitza hutsa eta haren inguruko arazoak ikuspuntu desberdinetatik interpretatzera iristeko, gure ekintzak indartzeko inspirazio-iturri izan daitezen eta gure politika publiko eta pizgarri berriak proposatu ahal izan ditzagun.

Lehenengo saioko txostengileei hitza eman baino lehen, aukera hau baliatu nahi nuke jardunaldi honen kariaz Euskadi bisitatu duten guztiei eskerrak emateko; izan ere, ziur naiz parte garrantzitsua izango direla bertan.

Amaitzeko, hauxe da nire nahia: jardunaldi honetara gerturatu zareten guztien artean —partaidetza aktiboaren eta gogoeta partekatuaren bitartez— etxebizitza hutsa mobilizatzeko ekintzak eratzen dituzten elementu anitzak azaleratu ahal izatea eta, lehen esan dudan bezala, gure etxebizitza-politika publikoak elkartasunaren eta iraunkortasunaren ikuspuntutik indartzea.

Gaurko jardunaldia interesgarria izatea espero dut, eta bertatik eratorri daitezkeen hausnarketak dauden etxebizitza hutsen inguruan gauzatu beharreko ekintzak bideratzeko balio izatea.

Ondorioak eta aurkezpenak

1. saioa: Etxebizitza hutsaren arazoaren neurria eta joerak. Ikuspegi ekonomiko eta soziala

José García Montalvo (PDF, 719 KB), eta Julio Vinuesa Angulo (PDF, 2 MB)-k, ikuspegi ekonomiko eta sozialetik landu zuten etxebizitza hutsen gaia. Hauexek izan ziren azaldutako ideia nagusiak:

o Gaur egun, ez dago datu fidagarririk zenbat etxebizitza huts dauden jakiteko. Beharrezkoa da estatistika sendo eta fidagarriak edukitzea, horietan oinarrituta etxebizitza hutsaren benetako egoeraren diagnostiko bat egiteko, administrazio publikoak jarduketa eraginkorrak egingo baditu.

o Hobe da pizgarrien bidez jardutea zigorrak ezartzea baino (adibidez, etxebizitzak nahitaez desjabetzea).

o Beharrezkoa da etxebizitzaren funtzio soziala gogoan izatea eta etxebizitzaren arazoari mugak jartzea espazio eta denbora aldetik, etxebizitza inbertsio edo aktibo ekonomiko hutsa bailitzan hartu beharrean.

o Hiri-garapeneko eredua aldatu beharra dago, lurraldearen defentsa eta balorazioa balioesteko, eta, hala, lurraldea ekitate, kohesio sozial eta iraunkortasunaren printzipioen arabera erabiltzeko.

o Administrazio publikoek kontuan izan behar dituzte dinamika sozio-demografiko berri eta etorkizunekoak (etxebizitzak desagertzeko fluxuak eta etxebizitza-tipologia berriak), sortzen ari diren premia sozial berriei hobeto egokituko zaizkien etxebizitza-politika publikoak egiteko.

o Etxebizitzaren politika publikoetan, alokairu sozialaren alde egin behar da, babes publikoko etxebizitzak jabetzan eman beharrean.

 

2. saioa: Etxebizitza hutsak mobilizatzearen esperientziak

Carles Sala (PDF, 1 MB), Luis Antonio Ayesa Ajona (PDF, 159 KB), eta Miren Saratxaga (PDF, 2 MB)-k, nork bere autonomia-erkidegoan etxebizitza hutsak mobilizatzeko abian jarritako ekimen nagusien berri eman zuten. Beren hitzaldietan, bat etorri ziren honako alderdi hauetan:

o Beharrezkoa da administrazio publikoek ikuskaritza-lan eraginkorra egitea, etxebizitza hutsak non dauden jakiteko eta errolda bat egiteko, eta, hala, horien gainean gauzatuko dira egin beharreko jarduera zehatzak.

o Orain artean etxebizitza hutsa mobilizatzeko erabili den erreminta nagusia merkatu pribatuan dagoen etxebizitza hutsa erakartzeko bitartekaritza-programek osatzen dute (merkatu pribatu hori da partikularrena, finantza-erakundeena, sustatzaileena...). Programa horiek aplikatu aurretik, funtsezkoa da etxebizitza hutsaren kontzeptua definitzea. Bestalde, programa horiek eraginkorrak izan daitezen, beharrezkoa da, gainera, administrazioak bermeak eskaintzea jabeei. Horrez gain, kontuan izan behar da zer-nolako kostu ekonomiko handia dakarren alokairu sozialaren poltsa bat edukitzeak.

o Bada administrazio publikoek kontuan hartzen duten beste erreminta bat: neurri fiskalak diseinatzea eta ezartzea (adib.: etxebizitza hutsen gaineko zerga, ondasun higiezinen gaineko zergan portzentajezko errekargua, birgaitzeko zerga-hobariak...). Baina administrazioek kontuz ibili behar dute neurri horiek baliatzerakoan.

o Hiri-birgaitze eta -berroneratzea lortzeko politiken aldeko apustu sendoa egitea; horra autonomia-erkidego guztietan administrazioak duen jardun-lerroetako bat, eta etxebizitza hutsak merkaturatzea lortu nahi da horrekin ere.

o Etxebizitza mobilizatzeko ekintzak aurrera eramateko, administrazioek, ezinbestean, lankidetza publiko-pribatuan (lankidetza finantza-erakundeekin, sustatzaileekin) eta publiko-publikoan (eskualdeko eta tokiko gobernuen arteko lankidetza) oinarritu behar dute.

3. saioa: Nazioarteko esperientziak

Helen Williams (PDF, 1 MB), Bruno Nys (PDF, 248 KB), eta Jean-Pierre Schaefer (PDF, 996 KB)-k, Ingalaterran, Frantzian eta Belgikan egindako esperientziak azaldu zituzten. Honako hauek dira ondorio nagusiak:

o Etxebizitza hutsen arazoari aurre egiteko, politika publikoak behar dira, eta, horrez gain, beharrezko dira jabeen borondatea eta inbertitzeko ahalmena ere.

o Hiri-berrikuntzako ekintzak egiten badira etxebizitza hondatuak mobilizatzeko eta berriz ere merkatuan sartzeko, prozesua gardentasunez egin behar da, hartutako neurriak (adibidez, etxebizitzak eraistea) ez daitezen izan eztabaidagarriak eta eraginpeko pertsonek ez ditzaten baztertu.

o Etxebizitza hutsak mobilizatzeko ekintza nagusiak (bulegoak eta merkataritza-lokalak birmoldatzea eta etxebizitza bihurtzea) gauzatu aurretik, hainbat faktore hartu behar dira kontuan (birgaitzearen finantza-bideragarritasuna, alderdi juridikoak eta abar).

o Oro har, beharrezkoa izaten da "makilaren eta azenarioaren" politika aplikatzea: Jabeak bultzatu behar dira administrazioaren esku utz dezaten berme jakin batzuen truke, eta errazago eman behar dira etxebizitza alokairuan jarri aurretik jabetza birgaitzeko maileguak; baina, zenbait kasutan, esku-hartze publikoa beharko litzateke, jabea lankidetzan arituko dela eta bere etxebizitza hutsa merkatuan jarriko duela bermatzeko.

o Hainbat alderdi hobetu behar dira etxebizitza huts gutxiago egon dadin: etxebizitzaren plangintza egiteko tokiko programak, arlo horretan espezializatutako lanbideak, etxebizitza huts estrukturalak gutxitzeko inbertsio handiagoa eta kudeaketa eraginkorragoa.

Azken eguneratzea: 2015/01/08