1982an, duela 26 urte jada, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak beharrezkoa ikusi zuen gure artista plastikoak lagunduko zituen sari bat sortzea. Eta hala izan zen. Dena den, gure Artea sarien gakoa ez dago bakarrik irabazleak saritzean, baita ere euskal artisten agertokia ezagutaraztean, bere proposamenak balioestea eta jendartean zabal ditzagun. Gure Artea, beraz, Eusko Jaurlaritzak gure artisten sormen plastikoa sustatzeko ekimenetako bat dugu, artista eta gizartea harremanetan jarri daitezen, arte garaikidearen bilakaera bultzatuz beti ere.
Hala artista nola gizartearentzat Gure Artea 2008 egokiera bikaina da lehen eskutik jakiteko zer gertatzen ari den arte plastikoen munduan, eta, ondorioz, gure gizartean, Izan ere, nere ustez ezinezkoa da Artea-Gizartea binomioa desegitea, zeren eta, azken finean gure artistak dohain bereziak duten lekuko pribilegiatuak dira. Dohaina dute, bai, begiradatik haratago ikusten jakiteko, hitzetik harantzago entzuteko, geroaren lurrinak usaitzeko. Abangoardistak eta aitzindariak ditugu. Artistak, orokorrean, sentiberak dira norberaren eta besteen sentimenduen aurrean, eta gai dira beren sentsazioak artelan bihurtzeko, gaur egungo gure errealitatea ukigarri eta begien bistan uzteko.
Lorea Alfaro, Atoma, Nadia Barkate, Inazio Escudero, Mikel Eskauriaza, Iñaki Imaz, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Maider López, Asier Mendizabal, Kiko Pérez, Xabier Salaberria eta Manu Uranga. Euskal artearen sare konplexua ordezkatuz, hauek dira Gure Artea erakusketan beren lanak erakusgai dituzten gizon eta emakumeak, Miren Jaio komisario delarik. Ziur nago katalogo honetan biltzen diren irudi aberatsak eta espresio artistikoen aniztasuna hunkigarri izango direla. Hona hemen Gure Artea 2008.
Miren Azkarate Villar
Epaimahaia:
Mahaiburua: Miren Jaio
Mahaikideak: Anna Maria Guasch, Pablo Lafuente, Carla Zaccagnini
Idazkaria: Mª Jesús Cambra
Testuak:
Urrutiko ikusmugak (pdf, 77 kB), Miren Jaio