Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 22koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Pimiento de Gernika / Gernikako Piperra» Adierazpen Geografiko Babestuaren baldintzen agiria aldatzeko eskaera.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 2799
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/05/22
  • Argitaratze-data: 2024/06/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Ogasun; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehenengoa. 2024ko urtarrilaren 12an, «Pimiento de Gernika / Gernikako Piperra» Batzorde Profesionalak eskatu zuen adierazpen geografiko babestuaren baldintzen agiria aldatzeko. Ondoren, 2024ko apirilaren 17an, eskaera aldatu zen eta orain izapidetzen ari den behin betiko agiria geratu zen.

Bigarrena. Aldatzeko eskaera produktuaren deskribapenari lotutako alderdi bategatik izan zen, eta zehatzago produktuaren tamainagatik. «Pimiento de Gernika / Gernikako Piperra» produktua ez dago helduta; horregatik da berdea, ez du azalik eta pikanterik gabea edo pikante gutxikoa da. Gaur egun, produktuak neurri jakin batzuk ditu ezarrita (pedunkulua kontuan hartu gabe): gutxienez 6 cm izan behar ditu eta gehienez 9 cm. Neiker SAk (BRTA Euskadiko Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa) bildu dituen datuei esker dakigu produktuaren heldutasun eza mantentzea ez dagoela haren tamainaren mende, produktuaren kolore gorriaren eta azalaren agerpenaren mende baino. Datu horien bidez ezarri dezakegu, produktuak harentzat ezarritakoaren arabera izan behar duen gutxieneko tamaina (6 cm) aintzat hartuta, gehieneko luzera ez dela parametro objektibo bat produktu horiek hautatzeko; aitzitik, produktua hautatzeko irizpiderik onena edo heldutasun-adierazle onena kolore gorria agertzea izan behar da.

Proposatu den aldaketak ez du eraginik 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 24. artikuluko 3. apartatuan jasotzen diren kasuetan. Horrenbestez, proposatu den aldaketa txikia da. Aldaketaren helburu bakarra da produktua hobeto hautatzen laguntzea. Baina aldaketak Dokumentu Bakarrean duenez eragina, azken hori ere aldatu behar da. Produktuak, halaber, tamaina handiagoa ere izan dezake eta, horrela, adierazpen geografikoa duen produktuaren ekoizpen-sektorea zabaldu.

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoak du eskumen esklusiboa jatorri-deituren eta publizitatearen gainean, Estatuarekin lankidetzan. Era berean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarenak dira, 18/2020 Dekretuaren 8. artikulua garatuz (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) «o) Nekazaritza-elikagaien politikari loturiko eginkizunak: nekazaritza-elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, horiei jatorri-deitura ematea eta kalitatea zaintzea». Azkenik, abenduaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 19.1 t) artikuluaren arabera (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), 7 h) artikuluarekin batera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du ebazpen hau emateko eskumena.

Bigarrena. Urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuan (jatorrizko deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzekoan) ezarritako izapideak bete dira espediente hau tramitatzeko, martxoaren 7ko 149/2017 Errege Dekretuak egindako aldaketak kontuan hartuta, hasierako eskaera eta izapidetzeari, oposizio nazionaleko prozedurari eta abarri dagokienez.

Arestian azaldutako guztiagatik eta oinarritzat hartuta aipatutako arau-kidego guztiak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokor eta zehatzeko gainerako arauek agindutako izapideak, honako hau

Lehenengoa. Baiestea «Pimiento de Gernika / Gernikako Piperra» adierazpen geografiko babestua aldatzeko eskaera.

Bigarrena. Argitara ematea zein testu hartu diren oinarritzat (baldintzen agiria eta Dokumentu Bakarra) eskaera onartzeko. Testu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, 1151/2012 (EB) Erregelamenduko 49.4 artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoa betez (1151/2012 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2012ko azaroaren 21ekoa, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideei buruzkoa):

https://www.euskadi.eus/web01-a2elikal/eu/contenidos/informacion/dop_pimiento/eu_agripes/index.shtml

Hirugarrena. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialera bidaltzea, aldeko erabakiaren publikotasuna bermatzeko asmoz argitaratu dadin; eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora ere bidaltzea, babesteko eta inskribatzeko eskaera helarazi diezaion Europako Batzordeari, hala xedatzen baita 1335/2011 Errege Dekretuko 15.2 artikuluan (1335/2011 Errege Dekretua, urriaren 3koa, jatorrizko deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzekoan).

Laugarrena. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea; beraz, honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112., 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 22a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.