Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko martxoaren 16koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen 2023ko martxoaren 15eko Akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen gainekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 71
- Hurrenkera-zk.: 1808
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/03/16
- Argitaratze-data: 2023/04/14
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako akordioa lortuta, eta artikulu horren c) letran ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 16a.
Araubide Juridikoaren sailburuordea,
SABINO TORRE DÍEZ.
AKORDIOA, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearena, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen gainekoa.
Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak akordio hau egin du:
Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen Akordioan adierazitakoa betetzeko sortu zen lantaldearen aldez aurretiko negoziazioekin bat etorrita, lantalde horren helburua Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen gainean azaldu diren desadostasunak aztertzea eta konpontzeko proposamenak egitea izanik, bi alderdiek uste dute desadostasun horiek konponduta geratu direla, lege horren manuen gainean hartutako konpromisoei esker:
1.1, 7, 8.2, 8.7, 8.11, 9.5, 9.8, 9.11, 10.2, 10.3, 10.4, 10.5, 10.6 eta 11. artikuluei, hirugarren eta zazpigarren xedapen gehigarriei eta azken xedapenetako hirugarrenari dagokienez.
Bi alderdien ustez, manu horiek 8/2022 Legearen 3.4 artikulua oinarri hartuta interpretatu behar dira, zeinaren arabera «lanbide-kualifikazioa da lanbide jakin batean sartzeko edo jarduteko gaitasuna, ofizialki egiaztatzen dena prestakuntza-titulu baten bidez, kualifikazio-ziurtagiri baten bidez edo formalki onartutako lan-esperientziaren bidez. Lege honetan arautzen diren lanbideetan sartzeko beharrezkoak diren kualifikazioak egiaztatu beharko dira hurrengo artikuluetan adierazten diren titulu akademikoen bidez, horien baliokideak diren lanbide-mailako agirien bidez edo, orobat, une bakoitzean indarrean den ordenamenduaren arabera ofizialtzat jotzen diren beste titulu edo ziurtagiri ofizialen bidez».
Horrenbestez, honela ulertu behar dira artikulu horiek: jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan jarduteko behar diren kualifikazioak artikulu horietan arautuak egiaztatzeko, Estatuaren eskumen esklusiboko titulu ofizialak erabil daitezke (EKren 149.1.30 artikulua), baita diploma, ziurtagiri edo titulu homologatuak ere, baldin eta profesionalki aitortuta badaude edo aurrekoen baliokideak badira, unean-unean indarrean dauden Estatuko legeetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat.
12.2 artikuluari dagokionez.
Bi alderdien ustez, 8/2022 Legearen 12.2 artikulutik berariaz ondorioztatzen da Estatuko oinarrizko legeriak hala ezartzen duenean bakarrik egongo direla profesionalak behartuta elkargoetan sartzera, eta EAEk ezin diela exijitu elkargoetan sartzeko kontuan hartu gabe Estatuak Ekren 149.1.18 artikuluan ezartzen duena.
2.2 artikuluari dagokionez.
Bi alderdien ustez, manutik ondorioztatzen da manuak ez duela ezartzen kualifikazio-salbuespenik legeak arautzen dituen lanbideetan aritzeko, baizik eta arauaren aplikazio-eremutik kanpo uzten direla zerbitzu profesionalak noizean behin edo unean-unean ematen diren kasuak, hau da, zerbitzuak ez direnean ohikotasunez ematen, hori ezinbesteko baldintza baita legeak arautzen dituen lanbideetan sartzeko eta jarduteko.
Lehenengo xedapen iragankorrari dagokionez.
Bi alderdiek berdin interpretatzen dute xedapena; alegia, uste dute ezen, 8/2022 Legeak lehen xedapen iragankorrean aipatzen duen erregelamendu bidezko garapena egitean, 8/2022 Legearen 3.4 artikuluan ezarritakoa aplikatu behar dela, hartara baldintza hauek ezartzeko: batetik, legea indarrean jartzean lanbide-jarduera horiek modu jarraituan egiten zituzten pertsonei edo lanbide horietan jardun ez arren haietan jarduteko moduan zeuden pertsonei aitortuko zaien gaikuntzaren baldintzak, eta, bestetik, lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez-formalen bidez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzeko erregelamenduzko baldintzak. Beraz, erregelamendu bidezko garapenak ezin du gainditu autonomia-erkidegoaren eskumen-esparrua, eta ezin du eraginik izan Estatuak tituludun lanbideetarako duen eskumenean, eta ezin dira diskriminatu edo kanpoan utzi indarreko legeriak kasu bakoitzean zehazten dituen prestakuntza-maila baliokideko bestelako titulazio, diploma, ziurtagiri edo titulu homologatuak.
Lortutako akordioa dela eta, bi alderdiak bat datoz: adierazitako desadostasunak konpondutzat jotzen dituzte, eta planteatutako eztabaida amaitutzat jotzen dute.
Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Lurralde Politikako ministroa,
ISABEL RODRÍGUEZ GARCÍA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.