Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 8koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen 2023ko ekainaren 5eko Akordioa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 121
  • Hurrenkera-zk.: 3076
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/06/08
  • Argitaratze-data: 2023/06/27

Testu legala

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako akordioa lortuta, eta artikulu horren c) letran ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

AKORDIOA, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearena, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeari buruzkoa.

Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak akordio hau egin du:

  1. Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordioa betetzeko xedez sortutako lantaldeak aurretik egindako negoziazioekin bat, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 6., 8., 11., 63., 64., 88., 95., 97. eta 98. artikuluetan (abenduaren 29ko EHAA) azaldu diren desadostasunak aztertzeko eta konponbide-proposamenak egiteko helburua izanik, bi alderdiek desadostasun horiek konpondutzat jo dituzte, konpromiso eta kontsiderazio hauen arabera:

    Bi alderdiek uste dute jarraian zerrendatzen diren manuak, Eusko Jaurlaritzaren araugintza- eta administrazio-ahalak baliatuta, Estatuko araudian xedatutakoa errespetatuz eta, bereziki, jarraian zehazten diren interpretazio-irizpideen arabera aplikatu eta, hala badagokio, garatuko direla:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Legearen 6.1 artikuluak adierazten duenez, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD) dira, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legeak edo hura ordezteko eta garatzeko ematen diren arauek xedatzen dutenaren arabera.

      Bi alderdiek uste dute manu horretan Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema aipatzeak ez dituela babes-eremu horretako araugintza-eskumenak aldatzen edo kaltetzen, eta onartzen dute BGD Gizarte Segurantzaren kotizaziopekoa ez den prestazio bat dela (abenduaren 20ko 19/2021 Legearen 2. artikulua), kalterik egin gabe Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dituen funtzioei, besteak beste, administrazio-prozedurak izapidetzea eta ebaztea, eta antolaketa eta ordainketa kudeatzea, martxoaren 30eko TER/253/2022 Aginduaren bidez onartutako hitzarmenaren arabera. Hitzarmen horren bidez, Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2022ko martxoaren 16ko Akordioa argitaratu zen, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena, abenduaren 20ko 19/2021 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren babesean sinatu zena.

    2. 14/2022 Legearen 8.3 artikuluaren bigarren paragrafoak ezartzen duenez, «erregelamenduz zehaztuko da zein kasutan egin ahal izango zaion ordainketa titularraz besteko pertsona bati. Nolanahi ere, hori bidezkoa izango da 25.2 artikuluan aipatzen diren bizikidetza-unitateetako kideek eskatzen dutenean eta organo eskudunak hala erabakitzen duenean».

      Bi alderdiek uste dute manu hori Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak arautzen dituen Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioei soilik dagokiela; izan ere, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legearen 14. artikuluko 2. apartatuan honako hau adierazten du: «Ordainketa hilero egingo da, banku-transferentzia bidez, prestazioaren titularraren kontu batera, ekainaren 29ko 696/2018 Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren finantza-kudeaketaren erregelamendu orokorrean ezarritako epe eta prozedurekin bat etorriz».

    3. EAEko Legearen 11. artikuluko 1. apartatua: «Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman jasotako prestazio ekonomikoak bateragarriak izango dira elkarren artean».

      Akordio honetako gogoetekin bat etorriz, bi alderdiek uste dute BGD Gizarte Segurantzaren kotizaziopekoa ez den prestazio bat dela, eta, beraz, bateragarritasun-araubidea ezartzea Estatuaren eskumena dela, alde batera utzita Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola bere eskumen-eremuan arautzen diren prestazioen bateragarritasuna arautzea, esaterako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta gizarte-larrialdietarako laguntzak.

    4. 14/2022 Legearen 63. artikuluak Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio eta laguntza ekonomikoen muga ekonomikoa ezartzen du. Bi alderdiek uste dute BGD gisa jaso beharreko muga ekonomikoa Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legearen 12. eta 13. artikuluetan eta hura garatzen duen Estatuko araudian prestazio horretarako ezarritakoa izango dela.

    5. 14/2022 Legearen 64. artikulua Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistematik bidegabe jasotako prestazio ekonomikoak itzultzeari buruzkoa da, BGD prestazioak barne. Manu hori autonomia-erkidegoak Hitzarmenaren Bigarren Klausularen arabera bere gain hartzen dituen eginkizunetan oinarritzen da, zehazki 1. apartatuan. 2., 3. eta 6. Artikuluak erregelamendu bidezko garapenera igortzen du, eta garapen hori, sinatutako hitzarmenaren arabera (Bigarrena.2 apartatua), bi alderdiek uste dute, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan arautzen diren prestazio ekonomikoei soilik dagokiela.

      BGDtik bidegabe jasotako prestazio ekonomikoak itzultzeko, otsailaren 5eko 148/1996 Errege Dekretuan eta 1997ko uztailaren 18ko Aginduan (Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legearen 19. artikulua) edo hori ordezten duen araudian araututakoa da aplikatu beharreko itzulketa-prozedura. Horrela, adibidez, Aginduaren 6. artikuluak prozedura ebazteko gehienez hiru hilabeteko epea ezartzen du, eta Estatuko araudi hori oinarrizkoa dela ulertu behar da. Kontsiderazio horrek berak eragiten die EAEko arauaren beste manu batzuei ere; hala, aipa daiteke 98.2 artikulua, zehapen-prozeduraren iraupena gehienez hamabi hilabetekoa izateko erregelamendu-garapenera igortzen baitu, maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren 20.3 artikuluak finkatzen duen sei hilabeteen aurrean (928/1998 Errege Dekretua, lan-arloko arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzako kuoten likidazio-espedienteetarako prozedurei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duena, eta 19/2021 Legearen 40. artikuluak horretara jotzen du).

      88.3 artikulua GSINek, GSDOk eta IMSERSOk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari informazio jakin bat bidaltzeari buruzkoa da, eta bidali beharreko informazioaren edukia zehazten du. Bi alderdiek ulertzen eta aitortzen dute ezen, izaera bereziz, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Gizarte Segurantzaren gainerako entitateek araudi espezifiko hauetan ezarritakoa bete behar dutela datuen lagapenari dagokionez, datuen babesaren arloko araudi orokorraz gain: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legea, horiek garatzen edo ordezten dituen araudia eta, azkenik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 141.1 artikuluan aurreikusitakoa, zeinak aurreikusten baitu informazio hori ukatu ahal izango dela bigarren zenbakian aurreikusitako kasuetan.

    1. Aurreko apartatuko gogoeta eta konpromiso berberak adostu eta onartzen dituzte bi alderdiek 95.2 artikuluari dagokionez, administrazio publikoetako organoen titularrei ezartzen baitie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatutako informazio jakin bat eman beharra.

    2. 14/2022 Legearen 97.3 artikuluak, zehatzeko ahalari dagokionez, BGD erregulatzen duen araudira igortzen du arau-hausteen tipifikazioa zehazteko. Bi alderdiek uste dute igorpen hori interpretatu egin behar dela, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legearen 38. artikulutik 40.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera, Estatuak Gizarte Segurantzaren arloan ezarritako zehapen-araubideari dagokionez, eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerari soilik aplikatu behar zaiola. Horren barruan sartzen da subjektu erantzuleak, zehapenak eta preskripzio- eta iraungipen-epeak zehaztea, sinatutako hitzarmen horren arabera (Bigarrena.2 apartatua). Ondorio horretarako, prestazio horri aplikatuko zaio Lan-arloko arau-hausteengatiko zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzako kuoten likidazio-espedienteetarako prozedurei buruzko Erregelamendu Orokorra, maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren bidez onartua, eta, subsidiarioki, Lan-arloko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua.

  2. Lortutako akordioa dela eta, bi alderdiak bat datoz: adierazitako desadostasunak konpondutzat jotzen dituzte, eta planteatutako eztabaida amaitutzat jotzen dute.

  3. Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

    Lurralde Politikako ministroa,

    ISABEL RODRÍGUEZ GARCÍA.

    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

    OLATZ GARAMENDI LANDA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.