Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 22koa, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioarako zuzendariarena, zeinaren bidez EAEko sektore sozioekonomiko pribatuan Harrobi diploma eskuratu nahi duten erakundeetan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa ebaluatzeko eta egiaztatzeko erakundeak homologatzeko prozedura arautu eta deialdia egiten den.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 2
  • Hurrenkera-zk.: 27
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/12/22
  • Argitaratze-data: 2024/01/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren bidez arautu da erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema. Dekretu horrek Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen zuen 162/2017 Dekretua ordeztu du.

Dekretu berriak aitortza-sistema osatzeko aukera ematen du. Izan ere, premia horri erantzuteko beharra antzeman zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik helburu estrategiko gisa jaso zuen «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023» dokumentuan: «ziurtagirien eskema egokitu, bezeroaren aukerak zabaltzeko».

2007an sortu zenetik, Bikain ziurtagiriak hiru ziurtagiri-maila izan ditu: goi-mailakoa, erdi-mailakoa eta oinarrizkoa. Baina aipatutako planak adierazten duen bezala, ziurtagiri horietara iristerik ez duten erakundeei begira jartzeko beharra antzeman da: «Gaur egun indarrean dagoen ziurtagiri eskema hizkuntzaren kudeaketa maila aurreratua duten erakundeei zuzenduta dago. Erakunde txiki edo baliabide gutxi dutenei zuzendutako eskaera maila baxuagoko aitortza eskema edo sistema sortu beharko litzateke, harrera edo oinarrizko arreta euskaraz eskaintzen duten zerbitzu enpresentzat».

Hori horrela, aipatutako 97/2023 Dekretuaren 3. artikuluan alor sozioekonomiko pribaturako Euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoari loturiko Harrobi diploma sortu da, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordearen urriaren 13ko Ebazpenaren bitartez, aipatutako Harrobi diploma berria lortzeko prozesua arautu da, baita kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeek egin behar duten eskabidea eta bete beharreko baldintzak ere.

97/2023 Dekretuaren 8.artikuluan ezarritakoaren arabera, beste erakunde publiko edo pribatu batzuk homologatzeko aukera egongo da sektore sozioekonomiko pribatuko erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko, beti ere aitortza-sistema osatzen duten mailaren batean beharrezkoa ikusiko balitz eta hizkuntza-politikaren esparruan sektore pribatuan eskumena duen zuzendaritzak hala erabakiko balu.

Lan horiek egiteko eta 97/2023 Dekretuaren 8. artikuluan jasotako aukera baliatzeko, adierazitako homologazioaren prozedura arautu eta deialdia egin behar da. Ondorioz,

Ebazpen honen xedea da sektore sozioekonomiko pribatuan Harrobi diploma eskuratu nahi duten EAEko entitateetan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa ebaluatzeko eta egiaztatzeko erakundeak homologatzeko prozedura arautzea eta deialdia egitea. Homologatutako enpresa horiek ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuak eta hori garatzen duen Hizkuntza Politikarako sailburuordearen urriaren 13ko Ebazpenak ezarritakoaren arabera jardungo dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-historiko guztietan egingo dituzte ebaluazioak.

  1. Harrobi aitortza-agiria eskuratzeko erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen presentzia eta erabilera ebaluatu eta egiaztatuko du. Halaber, ebaluazio-txostenaren bidez, euskararen erabilera areagotzeko laguntza eta aholkularitza ematea erakunde eskatzaileari. Aurreko guztia, Harrobi aitortza agiria eskuratzeko prozedura arautzen duen Hizkuntza Politikarako sailburuordearen urriaren 13ko Ebazpenean ezarritakoaren arabera egingo du erakunde homologatuak.

  2. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekin elkarlanean arituko dira Harrobi prozesuan parte hartzeko eskaera egiten duten enpresei zerbitzua emateko.

  3. Harrobi-aitortza agiria eskuratzeko prozeduran parte hartuko duten erakunde homologatuetako langileek Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eskainitako prestakuntza jaso beharko dute Harrobiko ebaluazioak egiteko.

  4. Aholkularitza enpresa homologatuek eskubidea dute «homologatu» izendapen hori dokumentu guztietan erabiltzeko, eta kasu bakoitzean ezartzen diren dirulaguntzak eta gainerako onura ekonomiko eta administratiboak eskura ditzakete.

  5. Harrobi ebaluazio-prozesuetan parte hartzen duten enpresetatik lortutako informazioari buruzko erabateko konfidentzialtasuna mantendu behar dute erakunde homologatuek. Ebaluatutako erakundeak emandako informazioa ezin izango da inola ere erabili erakundearen berariazko baimenik gabe.

  1. Enpresa izen batekin, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez lantoki bat izatea.

  2. Azken bost urteetan, gutxienez, euskararen kudeaketarekin lotutako ziurtagirigintzan aritutako erakundea izatea, hots, alor sozioekonomikoan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko zerbitzuak eskaini izana eta ziurtagiriak eman izana. Izan ere, 97/2023 Dekretuaren 8. Artikuluaren arabera, «homologatzeko ezinbesteko baldintza izango da eskarmentua izatea Euskal Autonomia Erkidegoan esparru sozioekonomiko pribatuan euskararen kudeaketaren inguruko aholkularitzan edo ziurtagirigintzan, ebazpenean zehaztuko diren baldintzetan».

  3. Erakundeak lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiteari begira bideratutako 3 proiektu izatea, gutxienez, ziurtagirigintzarekin batera.

  4. Lan munduan euskararen erabilera areagotzeari begirako proiektuak garatzeko 3 urteko esperientzia izatea, gutxienez.

  5. Ebaluazio-prozedurara atxikituko diren ebaluatzaile guztiek, gutxienez, euskarazko C1 maila egiaztatuta izatea.

    Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du baldintza hau betetzen dela, eta ez du eskatzailearen baimenik beharko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake. Kasu horretan, edota zuzendaritza kudeatzaileak egiaztapena egiterik ez badu, enpresa interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

  6. Ebaluazio-prozedurara atxikituko diren ebaluatzaileetatik, gutxienez hiruk ziurtagirigintza prozesuetan parte hartu izana azken bi urteetan.

  7. Enpresako pertsona batek, gutxienez, emakume eta gizonen berdintasuneko oinarrizko prestakuntza edota lanean sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko prestakuntza jaso izanaren akreditazioa, gutxienez 5 ordukoa.

  1. Homologazio-prozedura deialdi irekiaren bidez gauzatuko da: eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta ez da amaituko harik eta eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen baten bidez indarraldia amaitutzat eman arte.

  2. Pertsona juridiko interesdunek, administrazio publikoekiko harremanak bide elektronikoz izatera behartuta dauden gainerako guztiek bezala, bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, hala adierazten baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan.

  3. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus-eko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1241101 helbidean daude eskuragarri.

    Eskaeraren ondorengo izapideak, jakinarazpenak ere tartean direla, honako gunearen bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide hauetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Era berean, izapidetzak elektronikoki ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  4. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

Entitateak ez du hizkera sexistarik erabiliko dokumentazioan eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritakoari jarraiki. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du eta, ahal dela, genero ikuspegia txertatuko du jardueran.

  1. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

    1. Entitatea legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria. Administrazio honetako erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz egiaztatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta nahikoa izango da eskabide-orrian hau adieraztea.

      Aipatutako dokumentazioa Administrazioan aurkeztu izan bada eta eskabidea egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da, eta dokumentazioa noiz eta non aurkeztu zen adierazi.

    2. 97/2023 Dekretuaren 8.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoan eremu sozioekonomiko pribatuan euskararen kudeaketaren inguruko aholkularitzan eta ziurtagirigintzan erakundeak duen eskarmentua egiaztatzeko informazioa aurkeztuko du: erakundearen sorrera-urtea, kapitalaren osaera, plantilla eta enpresei ematen dien zerbitzuen katalogoa.

    3. Harrobi-aitortza agiria eskuratzeko ebaluazioak egingo dituzten langileen zerrenda eta curriculum vitaea aurkeztuko dira, prestakuntza eta esperientzia egiaztatuta. Horrekin batera, langileen lan-kontratuen kopia, eta Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen kopiak, eskaera egiten den egunaren aurreko bi hilabeteei dagozkienak. Zehaztu beharko da, halaber, langile horiek zer toki duten enpresaren edo erakundearen organigraman eta zenbat urtez jardun duten ziurtagirigintzan.

    4. Enpresako pertsona batek, gutxienez, emakume eta gizonen berdintasuneko oinarrizko prestakuntza edota lanean sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko prestakuntza jaso izanaren akreditazioa, gutxienez 5 ordukoa.

    5. Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita berdintasun-printzipioa betetzen dela barne-antolamenduan eta zerbitzuen prestazioan, eta aurrerantzean ere betetzen jarraitzeko konpromisoa dutela.

    6. Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen direla dioena.

    7. Berariaz baimena ematea administrazio publikoaren esku dauden dokumentuak kontsultatzeko, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan jasotako eskubidea baliatu nahi bada.

Homologaziorako eskabideak behar bezala betetzen ez badira, edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak interesdunari eskatuko dio falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gainera, interesdunari ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

  1. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak aztertuko ditu eskabideak eta zuzendariak ebazpena banan-banan jakinaraziko die eskatzaileei. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, horren berri denek izan dezaten.

  2. 97/2023 Dekretuaren 8.artikuluaren 3 atalean ezarritakoari jarraiki, ebazpenean zehaztuko den prozedurari jarraituz egiten bada homologazio-eskaera, gehienez 6 hilabeteko epean emango da sektore pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duen zuzendariaren ebazpena. Epe hori igarota erantzunik egon ezean, homologazio-eskaera ukatutzat joko da.

  3. Entitateren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailburuordeari gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko aukera izango du hilabeteko epean, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

  1. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren ebazpen bidez Harrobi ebaluazioak egiteko homologatutako enpresak kanpoko entitate ebaluatzaile eta egiaztatzaileen katalogoan sartuko dira.

  2. Katalogoa hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen sailaren webgunean argitaratuko da, eta homologazio-prozesuak gertatu ahala eguneratuko da, ebazpen honetan xedatutakoaren arabera.

  1. Entitateak urteko jarraipena aurkeztu behar du homologazioari eusteko.

  2. Urteko azken hiruhilekoan honako dokumentazio hau aurkeztu behar du: urtean zehar egindako ebaluazioen jarraipen-fitxak eta ebaluazioa jaso duten erakundeen informazioarekin osatutako datu basea.

  3. Edozein unetan, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahal izango ditu, aurreko atalean aurreikusitako segimendua egiteko.

Aholkularitza enpresa homologatuak homologazioaren oinarrizko baldintza edo betebeharretako bat betetzen ez badu, edo eskatzen zaizkien dokumentuak aurkeztu ezean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak homologazio hori baliogabetu ahal izango du, ebazpen bitartez eta dagokion entitateari entzun ondoren.

  1. Homologazioak 5 urteko iraunaldia du, 12. artikuluan ezarritakoaren arabera baliogabetu ez bada, behintzat.

  2. Homologazioaren iraunaldia ebazpen berria eman aurretik amaitzen bada, homologazioa luzatzen dela ulertuko da, ebazpen hori eman arte.

  3. Homologazioa berritzeko, erakunde eskatzaileak Harrobi prozesuetan emandako zerbitzuen kalitatea hartuko da kontuan, ebaluazio-zerbitzuak jasotzen dituzten enpresek egindako gogobetetze-inkesten txostenen arabera zehaztuta, edo enpresa horiek berariaz formalizatutako eta egiaztatutako zerbitzuarekiko desadostasunen arabera.

    Erakunde homologatuak emandako zerbitzuak eskasak izanez gero, berritzea ukatu ahal izango da.

  4. Berritzea Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren ebazpen bidez erabakiko da, zuzendaritzako teknikariek egindako txostena ikusita. Berritzeko eskaera ukatu zaion enpresak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Hizkuntza Politikarako sailburuordearen aurrean hilabeteko epean.

Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Bikain ebaluazioaren kudeaketa.

Arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Helburua: Bikain kanpoko ebaluazio prozesuaren kudeaketa.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: Ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/104100-capa2-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatzen diren homologazioak xedapen hauen bidez arautzen dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, ekainaren 27ko 97/2023 Dekretua, zeinaren bidez arautu baitzen beste erakunde publiko edo pribatu batzuk homologatzeko aukera sektore sozioekonomiko pribatuko erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordearen urriaren 13ko Ebazpena, EAEko arlo sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoari loturiko Harrobi diploma berria lortzeko prozesua garatzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hizkuntza Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 22a.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioarako zuzendaria,

JOSUNE ZABALA ALBERDI.