Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2022ko urriaren 28koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2022ko martxoaren 30eko Ebazpena, 2022an euskal etxeei emango zaizkien dirulaguntzetara biltzeko deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 213
- Hurrenkera-zk.: 4783
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/10/28
- Argitaratze-data: 2022/11/08
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2022ko martxoaren 30eko Ebazpenaren bidez, eta martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren esparruan, 2022. urtean euskal etxeei, etxeon federazioei eta konfederazioei dirulaguntzak emateko deialdia egin zen.
Ebazpen-zatiaren laugarren zenbakiak ezartzen duenez, deialdira bederatziehun eta berrogeita zazpi mila laurehun eta hogei (947.420) euro bideratuko dira, honela banatuta:
a) IV. kapitulurako: 191.855 euro ordainketa-kredituetan eta 575.565 euro konpromiso-kredituetan.
b) VII. kapitulurako: 45.000 euro ordainketa-kredituetan eta 135.000 euro konpromiso-kredituetan.
Deialdira 73 euskal etxe aurkeztu dira, eta baremazio-fasean egiaztatu denez, COVID-19ak nazioartean eragindako baldintzak desagertzen joan direnez, euskal etxeen jarduera berreskuratu egin da, eta, beraz, deialdian esleitutako zenbatekoa ez da nahikoa izan.
Ondorioz, aurrekontu-kontsignazio nahikoa izanik, egokitzat jo da deialdira bideratutako IV. kapituluko baliabide ekonomikoen zenbatekoa handitzea, 2022rako 26.826,75 euroko eta 2023rako 80.480,25 euroko ekarpen osagarriarekin. Horrenbestez, deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 1.054.727 euro izango da.
Horregatik guztiagatik, honako hau
Lehenengoa. 2022an euskal etxeei emango zaizkien dirulaguntzetara biltzeko deia egiten duen Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2022ko martxoaren 30eko Ebazpena (2022ko apirilaren 7ko EHAA, 70. zk.) aldatzea, honela:
2022/1565 (6/2) orrialdean, hau dio:
Laugarrena. Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak bederatziehun eta berrogeita zazpi mila laurehun eta hogei (974.420) euro dira guztira, honela banatuta:
a) IV. kapitulurako: 191.855 euro ordainketa-kredituetan eta 575.565 euro konpromiso-kredituetan.
b) VII. kapitulurako: 45.000 euro ordainketa-kredituetan eta 135.000 euro konpromiso-kredituetan.
Baina hau esan behar du:
Laugarrena. Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak milioi bat berrogeita hamalau mila zazpiehun eta hogeita zazpi (1.054.727) euro dira guztira, honela banatuta:
a) IV. kapitulurako: 218.681,75 euro ordainketa-kredituetan eta 656.045,25 euro konpromiso-kredituetan.
b) VII. kapitulurako: 45.000 euro ordainketa-kredituetan eta 135.000 euro konpromiso-kredituetan.
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluarekin bat etorriz, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Laugarrena. Laguntza-eskabideak ebazteko, programaren oinarri arautzaileak hartuko dira kontuan, eta ebazpen honetan aurreikusitako aurrekontu-irismena izango dute.
Bosgarrena. Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 28a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.