Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2022ko deialdia. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 65
  • Hurrenkera-zk.: 1443
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/23
  • Argitaratze-data: 2022/03/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko martxoaren 22ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko laguntzen 2022ko deialdia onartu du, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, honako hau

Lehenengoa. Argitara ematea enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko 168/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2022ko deialdia. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko martxoaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartu da deialdia, eta ebazpen honen eranskin gisa argitaratuta dago.

Bigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa (2019ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.; huts-zuzenketa, 2020ko urtarrilaren 24ko EHAA, 16. zk.). Bada, dekretu horren II. kapituluaren 3. atalaren 4. azpiatalean arautzen dira, hain zuzen ere, lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzera bideratutako laguntzak. Laguntzen onuradun enplegu-zentro berezi hauek izan daitezke: Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lantokietan diruz lagundu daitezkeen jarduketak egingo dituzten enplegu-zentro bereziak, betiere kalifikazio hori dutenak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroan inskribatuta daudenak.

Dekretu hori ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak aldatu du. Dekretu horrek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen Dekretua aldatzen du (uztailaren 6ko EHAA, 132. zk.), eta erakunde autonomo horren Lana Aktibatzeko Zuzendaritzari esleitzen dio 168/2019 Dekretuan araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena.

Lehenago aipatutako dekretua xedapen orokor bat da, indarraldi mugagabea duena, eta, 62. artikuluan, berariaz ezartzen du lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez egingo dela, eta han, alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea, dirulaguntza justifikatzeko epea eta horretarako beharrezkoa den dokumentazioa.

Lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko laguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2022ko martxoaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Erabaki hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus orrian argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» apartatuan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen dirulaguntzak emateko arauak, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu ziren dirulaguntzetarako.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak esleitzen ditu laguntza horiek finantzatzera bideratutako guztizko baliabide ekonomikoak.

Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2022ko martxoaren 22ko batzarrean, onartu egiten du lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko laguntzen 2022ko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:

Enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateei laguntzak ematea da deialdi honen xedea. Laguntza horiek, zehazki, 2022ko ekitaldiko langileen kostuak finantzatzeko erabiliko dira, eta urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluaren 3. atalaren 4. azpiatalean arautzen dira. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko abenduaren 20ko Aginduaren bidez onartu zen dirulaguntzak lortzeko eskabide normalizatua, zeina bitarteko elektronikoz izapidetu beharko baita. Eskabidea eskuragarri egongo da Lanbideren web-orrian (https://www.lanbide.euskadi.eus/lanbide-hasiera/), eta, han, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikorako (https://www.euskadi.eus) esteka baten bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Jakinarazpen elektronikoak egoitza elektronikoaren «nire karpeta» zerbitzuaren bidez egingo dira.

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan eman beharko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko zehaztapenak helbide honetan daude: https://www.euskadi.eus/servicios/1035408

  1. Deialdi horren xede diren laguntzak finantzatzeko, guztira 5.500.000 euro bideratutako dira.

  2. Programa hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoa ez badira eskatutako laguntza guztiak emateko, onartutako eskabideen artean banatuko dira funtsak, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe, bakoitzari legokiokeen laguntzaren proportzioan.

  1. Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko du, 2023ko martxoaren 31 baino lehen, eta, han, lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak dirulaguntzaren aldian egindako jarduerak deskribatu beharko ditu, egindako jarduketei buruzko informazioa zehaztuta. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

    1. Laguntza-unitateak osatzen dituzten pertsonen izen-zerrenda, gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko langileak eta lanbide-jardueraz arduratzen direnak bereizita horien kostuak diruz laguntzen dira programa honetan. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira: lan-kontratuen kopia, diruz lagundutako aldiko nominen kopia eta dagokion aldiko Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentuen kopia, kotizazioen likidazio-ordainagirien kopia eta langileen izen-zerrendaren kopia, ordainketa-frogagiriak barnean direla. Halaber, kontratatu bakoitzari buruzko kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da, hau da, IDC dokumentua.

      Gainera, gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko langileen kasuan, eskatutako titulazioa edo gutxieneko esperientzia egiaztatu beharko da.

    2. Programa honen azken hartzaile diren desgaitasuna duten pertsonen izen-zerrenda, kontratu mota mugagabea edo aldi baterakoa justifikatuta, kontratua errendimendu txikikoa den adierazita eta diruz lagundutako aldian egindako lanaldiaren ehunekoa zehaztuta. Gainera, desgaitasun-maila eta mota egiaztatzen duen indarreko dokumentua aurkeztu beharko da.

      Dena dela, kontratazioaren gutxieneko iraupena egiaztatzeko, Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroa kontsultatuko da.

  2. Justifikazio-memoria osatzen duten agirien multzoa aurkezteko, laguntza hauek izapidetzeko baliatutako bitarteko elektronikoak erabiliko dira.