Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2022ko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 120
  • Hurrenkera-zk.: 2830
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/10
  • Argitaratze-data: 2022/06/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 9ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2022ko deialdia onartu du, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Bada, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Hori dela-eta, honako hau

Lehenengoa. Argitara ematea enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2022ko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz egina. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko ekainaren 9ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartu da deialdia, eta ebazpen honen eranskin gisa argitaratuta dago.

Bigarrena. Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira (2019ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.; huts-zuzenketa, 2020ko urtarrilaren 24ko EHAAn argitaratua, 16. zenbakian), Bada, dekretu horren II. kapituluko 2. sekzioan arautzen dira enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak, hain zuzen ere desgaitasun larriak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituen Dekretua aldatzen duen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren (uztailaren 6ko EHAA, 132. zk.) azken xedapenetako hirugarrenak dekretu hori aldatu du, eta erakunde autonomo horretako Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari esleitu dio 168/2019 Dekretuan araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena.

Dirulaguntza hauen hartzaile izan daitezke elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk, eta Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako enplegu-zentro bereziak kalifikazio hori dutenak eta hala inskribatuta daudenak baldin eta, helburu sozial gisa, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzea edota haientzako enplegua sortzea badute.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen dekretu horren bidez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen dirulaguntzak emateko arauak, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu ziren dirulaguntzetarako.

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretua xedapen orokor bat da, indarraldi mugagabea duena, eta, 26. artikuluan, berariaz ezartzen du enplegu lagunduko jarduketetarako laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez egingo dela, eta han, alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea, dirulaguntza justifikatzeko epea eta horretarako beharrezko dokumentazioa.

Halaber, 168/2019 Dekretuaren 76. artikuluak ezartzen duenez, dekretu horretan araututako laguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatzen badira eta hala gertatzen da laguntza hauetan, kasuan kasuko deialdia onartzen duen Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabakian zehaztuko da zer programa operatibo den Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa babesten duena; erabaki horrek ezarriko ditu, orobat, finantzaketa horretatik eratorritako betekizunak edo baldintza espezifikoak.

Enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko martxoaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

Abenduaren 23ko 11/2021 Legearen bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorrak, zeinetan aurreikusita baitago laguntza hauek finantzatzera bideratuko den kreditua.

Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 9ko batzarrean, onartu egiten du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2022ko deialdia, urriaren 29ko 198/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:

Deialdi honen xedea da Enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak ematea, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluko 2. sekzioan aurreikusitakoari jarraituz. Jarduketok 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatu behar dira. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  1. Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.200.000 eurokoak dira guztira; horietatik, 600.000 euro 2022ko ordainketa-kreditukoak dira, eta, 600.000 euro, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 41. ataleko 3211-Enplegurako programaren 2023ko konpromiso-kreditukoak.

  2. Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako enplegu lagunduko jarduketak finantzatzen, EAEko 2021-2027 EGIF Programaren barruan.

  1. Dirulaguntzaren erakunde onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, 2023ko martxoaren 31 baino lehen, dokumentazio hau bilduko duena:

    1. Memoria deskribatzailea, diruz lagundutako aldian enplegu lagunduko unitateak izandako jarduerari buruzkoa, garatutako jarduketei buruzko informazio kualitatiboa bilduko duena, bai eta egindako jardueratik ateratako ondorio nagusiak ere. Memoriak oinarrizko eduki hauek jaso beharko ditu: pertsona lanpostura egokitzeko metodologia; pertsona lanpostura egokitzeko eta laneratzeko prozesuari buruzko banakako laburpen-txostenak; prospekzio-jarduketetan oinarrituta aztertutako lanpostu moten zerrenda, eta enpresek enplegu lagundurako metodologiarekin duten gogobetetze-maila. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

      1. Enplegu lagunduko jarduketak jaso dituzten pertsona desgaituen zerrenda, laneratu berriak eta aurreko laneratzeen jarraipenak bereizita.

      2. Desgaitasunen bat duten laneratuei dirulaguntzaren urtean egindako lan-kontratuen kopiak. Dena dela, kontratua bera eta iraupena egiaztatzeko, Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroa kontsultatuko da.

      3. Artatutako pertsonen desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia, dagokion organo eskudunak emana.

      4. Enplegu lagunduko jarduketak gauzatu diren enpresekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak. Laguntze aldera, hitzarmen-eredu bat eskuragarri jarriko da Lanbideren web-orrian: www.lanbide.euskadi.eus

      5. 2022an eta aurreko ekitaldietan egindako laneratzeen prestakuntzari eta jarraipenari buruzko fitxak.

      6. Bisita-orriak eta egindako prospekzio-jarduketen eta kontaktatutako enpresen zerrenda. Presentzialak ez diren bitartekoen bidez enpresekin egindako prospekzio-jarduketen % 35 lagunduko da diruz gehienez, oinarri hartuta prospekzio-jarduketetan emandako lanaldiaren arabera egindako gehieneko jarduketa-kopurua. Presentzialak ez diren elkarrizketetan, enpresaren solaskidearen sinadura elektronikoa edo enpresaren signatura elektronikoa eskatuko da.

      7. Enplegu lagunduko jarduketetan esku hartu duten prospekziogileek eta lan-prestatzaileek diruz lagundu daitezkeen jardueretan eman duten denbora jasotzen duten orriak.

    2. Memoria ekonomikoa, non labur jasoko baitira egindako gastuak, kontzeptuka zehaztuta urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 25. artikuluko 2. apartatuan ezarritako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera, eta, halakorik izan bada, zehatz adierazita zer beste diru-sarrera edo dirulaguntza jaso den diruz lagundutako jarduera finantzatzeko. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

      1. Diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatu dituzten enplegu lagunduko unitateko langileen zerrenda, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak zehaztuz, bai eta justifikatutako jarduketei kontzeptu horiengatik egotzi zaien gastua ere. Zerrenda horrekin batera, enplegu lagunduko unitateko langileen ezagutza informatuaren adierazpena aurkeztuko da, zeinaren bidez adierazten baitute jakinarazi zaiela haien ordainsariak eta enplegu lagunduko jarduketak gauzatzearen ondoriozko bestelako gastuak kofinantzatuta daudela EAEko EGIF + 2021-2027 funtsaren esparruan.

      2. Enplegu lagunduko unitateko langileen 2022ko nominak. Gainera, erakundeak nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Bankuko kontu-laburpenaren oharra globala bada eta haren zenbatekoa hainbat langileri badagokio, transferentzia-agindua aurkeztu beharko da laburpen horrekin batera, eta, han, azalduko da zein diren enplegu lagunduko unitateko pertsonak, behar bezala identifikatuta, ordainketa bakoitza zeini dagokion argi ikusteko moduan.

      3. Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuak (kotizazio-likidazioen zerrenda eta langileen zerrenda nominala), 2022koak, ordainagiriekin batera. Halaber, kotizazio-datuen txostena aurkeztuko da (IDC dokumentua), enplegu lagunduko unitateko pertsona bakoitzari buruzkoa.

      4. Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren legezko ordezkariak sinatua, non zerrenda zehatz batean bilduko baitira jasotako edo eskatu eta ebatzi gabe dauden beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk, deialdi honen babespean diruz lagundutako jarduketetan aritutako langileen kostuak finantzatzera bideratuak.

      5. Auditoretza-txosten bat, non egiaztatuko baita azken justifikazio ekonomikoan aitortutako gastuak egozgarriak direla, diruz lagundutako aldiari dagozkiola eta urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako mugei egokitzen zaizkiela. Hain zuzen ere, soldata-kostuei eta gizarte-segurantzakoei dagokienez, jasota geratu beharko da gastu horiek nominekin eta gizarte-aseguruekin alderatu direla, haietan agertzen diren zenbateko berak dituztela, egiaz ordainduta daudela eta ordainketa gauzatu izana jasota dagoela. Hauek ere jaso beharko ditu: kontzeptu hauengatik justifikatutako gastuaren zenbatekoa dirulaguntzari osorik edo partez egozten zaion, eta, azken kasu horretan, justifikatutako jarduketei egotzitako zenbateko zehatza zein den. Gastua egozteko irizpideak eta kalkuluak behar bezala dokumentatuta daudela ere egiaztatu beharko du, bai eta diruz lagundu daitezkeen jardueretan izan duten dedikazioa jasotzen duten orriekin bat datozela ere. Kalkulu-irizpide horiek xehetasunez azaldu behar dira auditoretza-txostenean.

        Onuradunak nahi duen auditorea aukeratu eta kontratatuko du, Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako jarduneko auditoreen artean, sektoreko merkatu aske eta lehiakortasunezkoaren batez besteko ordainsariak gainditu gabe.

  2. Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian eskuragarri dauden eredu eta inprimakien arabera aurkeztuko da lehenagoko a).1, a).5, a).6, a).7 eta b).1 apartatuetan aipatzen den dokumentazioa.

  3. Azken memoria osatzen duten egiaztagirien multzoa aurkezteko, laguntza hauek izapidetzeko baliatutako bitarteko elektronikoak erabiliko dira.

  1. Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

  2. Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluko 2. sekzioan eta 71. artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte laguntzen onuradunek; batez ere, honako hauek:

    1. Berariaz aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketarekin batera Europako Gizarte Funtsarena jaso dela EAEko 2021-2027 EGIF + Programaren barruan, diruz lagundutako jarduketak jakinarazteko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.

    2. Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.

    3. Gutxienez 2030era arte gordetzea diruz lagundutako kontratuei buruzko dokumentazio guztia, badaezpada inoiz egiaztatzen bada deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.

    4. Men egitea honako hauek egindako egiaztatze-jarduketei: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

  3. Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.