Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2022ko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, dirulaguntzak eskatzeko epe berri bat ireki eta horiek finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak argitaratzen dituena, honako deialdi honen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 249
- Hurrenkera-zk.: 5796
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/12/21
- Argitaratze-data: 2022/12/30
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia onetsi zuen, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Deialdia 2021eko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 262. zenbakian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez.
Deialdi horretan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 5.334.915 eurokoa izan zen, eta zenbateko hori Estatuak transferitu zuen, deialdia gauzatzeko izaera finalistarekin, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean integratutako proiektu gisa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.
Deialdiaren 1.2 artikuluan ezartzen denez, baldin eta 2022. eta 2023. urteetan Euskal Autonomia Erkidegoari Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen eta helburu bera duten funts berriak transferitzen bazaizkio, eta funtsek laguntza horiekin lotutako ordainketa-kreditu berriak sortzen badituzte indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitara emango da kredituen zenbatekoa, eta deialdi honetan jasotako oinarri arautzaileak aplikatuta erantzun beharreko eskabideak aurkezteko beste epe bat irekiko da. Halaber, deialdiaren 3.5 artikuluan xedatzen denez, kasu horretan, kreditu berriekin diruz lagunduko diren prestakuntza-planak gauzatzeko epea ezarriko da.
Maiatzaren 17ko TES/440/2022 Aginduaren bidez (2022ko maiatzaren 19ko BOE), lurraldeka banatu dira 2022ko ekitaldiko kredituak, Enplegu eta Lan Gaietako Konferentzia Sektorialak 2022ko apirilaren 6ko bileran onartutako irizpideetan oinarrituta. Kreditu horiek inbertsio-proiektuak gauzatzera bideratuta daude, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 19. eta 23. osagaien esparruan. Banaketa horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari 1.670.529 euroko zenbatekoa esleitu zaio, ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko programaren laguntzak finantzatzeko. Zenbateko hori dagoeneko transferitu da, xede horretarako aplikatzeko. Hartara, 7.005.444 euro dira, guztira, programaren esparruan Euskadira transferitutako funtsak.
Bada, 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez argitaratutako deialdiaren babesean izapidetutako dirulaguntzak emateko prozedura ebatzi ondoren, 2.512.355 euroko soberakina geratu da, eta horrek handitu egiten du 2022an transferitutako kreditua, irekitako epe berrian aurkeztutako eskabideei eman beharreko laguntzak finantzatzeko.
Bestalde, deialdiaren 3. artikuluan adierazten da diruz lagundu ahal izango direla eranskinean jasotako konpetentzia digitalak eskuratzearekin lotutako espezialitateei buruzko prestakuntza-ekintzak dituzten prestakuntza-planak eta, halaber, prestakuntza-espezialitate berrien programazioa eskatu ahal izango dela (prestakuntza-entitateek proposatu behar dute horiei alta ematea Espezialitateen Katalogoan). Espezialitateen Katalogoak etengabe biltzen ditu prestakuntza-espezialitateak, eta, beraz, eskabideak aurkezteko hasierako epea itxi ondoren, espezialitate berriei alta eman diete Enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman parte hartzen duten prestakuntza-erakundeek eta Enplegu Zerbitzu Publikoek. Espezialitate horiek eremu honetan eman daitezke, eta, hortaz, deialdiaren eranskinean sartu behar dira.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan ezartzen denez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, dirulaguntzen deialdiez gain, interesdunentzat garrantzitsua den eta oro har eragiten dien edozein egintza.
Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hau
Lehenengoa. Eskabideak aurkezteko epe berri bat irekitzea, deialdi honen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsi da deialdia (2021eko abenduaren 31ko EHAA, 262 zk.).
Eskabideak aurkezteko epe berria 2023ko urtarrilaren 16an hasi, eta 2023ko otsailaren 16an amaituko da.
Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, deialdiaren 6. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/1209402
Bigarrena. Argitara ematea 4.182.884 euroko aurrekontu-kreditua bideratuko dela laguntzak finantzatzera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kargura, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotuta.
Zenbateko hori hiru lurralde historikoen artean banatuko da, deialdiaren 1.4 artikuluan hasierako krediturako aurreikusitako ehuneko berberen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, prestakuntza-jarduerak finantzatzeko laguntzen ebazpenak emateko, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko aurrekontu orokorretan.
Hirugarrena. Erreferentziako deialdiaren eranskina argitaratzea, egungo zuzkidura ekonomikoarekin diruz lagundu daitezkeen prestakuntza-espezialitateekin eguneratuta.
Laugarrena. 2023ko abenduaren 31n amaituko da kreditu honen kargura diruz lagundutako prestakuntza-planak gauzatzeko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez epe berri bat irekitzen baita dirulaguntzak eskatzeko, eta argitara ematen baitira haiek finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak, honako deialdi honen babesean: Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
- Ikus: EBAZPENA, 2021eko abenduaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko eta genero-arrakala murrizteko helburuarekin langabeen konpetentzia digitalak hobetzeko prestakuntza-programazioa egiteko dirulaguntzen deialdia, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.