Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 18koa, Familia eta Haurren zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Familiaren Euskal Kontseiluan eta horren batzordeetan kide diren familien, enpresen, sindikatuen, kooperatiben eta profesionalen eremuko erakundeak berritzeko prozesua, eta ezartzen baitira horiek aukeratzeko oinarriak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 250
  • Hurrenkera-zk.: 6255
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/18
  • Argitaratze-data: 2021/12/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehenengoa. Familiaren Euskal Kontseilua aholkuak emateko organoa da, eta Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, udalak eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak egongo dira bertan ordezkaturik. Kontseiluaren helburua da aipatutako hiru erakunde-mailen koordinazioa eta lankidetza antolatzea, eta administrazio publikoen eremutik kanpoko entitateen eta pertsonen parte-hartzea gauzatzea.

Bigarrena. Kontseiluaren osoko bilkuran, hogeita hamabi kidek parte hartzen dute: 16 administrazio publikoen ordezkariak dira, eta beste 16ak irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuen ordezkariak.

Honako egitura hau dute irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuen ordezkari gisa jarduten duten 16 kideek:

Euskal Autonomia Erkidegoan familien interesak ordezkatzen edo defendatzen dituzten elkarte-mugimenduaren hamabi ordezkari, honako irizpide hauen arabera izendatuta:

Oro har familia-eremuko federazio edo elkarteetako hiru ordezkari.

Guraso bakarreko (ama zein aita) familien federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Familia ugarietako federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Alargunen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Bananduen, dibortziatuen eta/edo familia berregituratuen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Desgaitasuna duten pertsonen edo horien familien federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Familia etorkinen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Familia homoparentalen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Abegi-familien eta adopziozko familien federazioen edo elkarteen ordezkari bat.

Haurren eskubideak sustatu eta babesteko federazioen edo erakundeen ordezkari bat.

Gainera, 4 kide aukeratuko dira honako honako erakunde hauen artean:

Bat, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburuen ordezkaritza instituzionala duten enpresa-elkarteen artean.

Bat, ordezkaritza handieneko erakunde eta konfederazio sindikalen artean, bai eta langileen ordezkarien eta enpresa-batzordeko kideen % 10 edo gehiago lortu duten eta administrazio publikoetako pareko organoetan gauza bera lortu duten ordezkaritza handikoen artean ere, betiere EAEko esparruan horiek guztiak.

Bat, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioan.

Eta bat, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-laneko diplomadunen eta gizarte-hezitzaileen elkargo ofizialen artean.

Hirugarrena. Gaur egun, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak ordezkatzen dituzten erakunde gehienak 2012an izendatu ziren, eta orduan eratu zen lehen aldiz Familiaren Euskal Kontseilua.

Lehenengoa. 2012ko maiatzaren 9an argitaratu zen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Familiaren Euskal Kontseiluaren apirilaren 17ko 53/2012 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira Kontseilu horren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-araubidea, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea aplikatuz eta garatuz (IV. titulua, I. kapitulua).

Bigarrena. Dekretu horren 5. artikuluan ezartzen da Familiaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkuraren osaera.

Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran, honako hauek daude ordezkatuta:

hiru erakunde-mailak (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak),

eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak (familien interesak ordezkatzen edo defendatzen dituzten erakundeak, enpresa-erakundeak, erakunde sindikalak, kooperatiba-erakundeak eta gizarte-zerbitzuen eremuan diharduten profesionalen erakundeak).

Hirugarrena. Araudiaren 22. artikuluan, Osoko Bilkura eta batzordeak osatzen dituzten pertsonak izendatzeko prozesua ezartzen da.

Artikulu horretako 4. zenbakian, elkartze-mugimenduaren ordezkari izango diren kideak izendatzeko prozesua azaltzen da. Izan ere, bertan ezartzen denez, Eusko Jaurlaritzan familia-politikaren arloan eskumena duen zuzendariari dagokio deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten sektoreko federazioei eta elkarteei, Kontseiluan haien ordezkari izango diren kideak izenda ditzaten. Gainera, ezartzen da, kidea hilabeteko epean izendatzen ez bada, familia-arloan eskumena duen sailburuak izendatuko duela.

Erakunde sindikalei, enpresa-erakundeei, kooperatiba-erakundeei eta profesionalen erakundeei dagokienez, 5. epigrafean ezartzen da erakunde horiek izendatuko dituztela beren ordezkariak, eta, gero, Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran zuzenean jakinaraziko dute izendapen hori.

Laugarrena. Familiaren Euskal Kontseiluaren Dekretu arautzaileak 22.7 artikuluan ezarritakoaren arabera, Kontseiluan ahaleginak egingo dira gizon eta emakumeen kopurua orekatua izan dadin, eta gizon-emakume horiek prestakuntza, gaitasun eta trebakuntza egokiak izan ditzaten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bosgarrena. Dekretuaren 23. artikuluan ezartzen da 4 urtekoa izango dela Familiaren Euskal Kontseiluko kideen agintaldiaren iraupena, baina agintaldiaren amaieran berriz aukeratu ahal izango dituztela. Adierazitako epea igaro ondoren, kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte.

Gaur egungo egoera aztertu ostean egiaztatu da irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuen ordezkari moduan dauden 16 kideak ez direla berritu hasieran izendatu zirenetik (gehienak 2012. urtean); beraz, ordezkari berriak izendatzeko prozesua hasi behar da. Hori dela eta,

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoan familien interesak ordezkatzen edo defendatzen dituzten entitateei dei publikoa egitea beren hautagaitza aurkez dezaten Familiaren Euskal Kontseiluan, honako eremu hauetan kide izateko:

Familiak oro har.

Guraso bakarreko (ama zein aita) familiak.

Familia ugariak.

Alargunak.

Bananduak, dibortziatuak eta/edo familia berregituratuak.

Desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak.

Etorkinen familiak.

Familia homoparentalak.

Abegi-familiak eta adopziozko familiak.

Haurren eskubideak sustatu eta babesteko eremua.

Berdintasun, gardentasun eta publizitate printzipioak bermatze aldera, deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Honako hau izango da, kideak berritzeko prozedura:

  1. Erakunde interesdunek Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egin beharko dute eskaera.

    Eskaeraren gaian, «FAMILIAREN EUSKAL KONTSEILUKO KIDE IZATEKO HAUTAGAITZA» dela zehaztu beharko du, eta honako datu hauek jaso beharko ditu:

    Entitatearen oinarrizko datuak (izena, IFZ, xede soziala eta ordezkatzen duen kolektiboa).

    Zer eremutako kide izateko aurkeztu den hautagaitza.

    Bazkideen kopurua.

    Jarduten duen lurralde-eremua.

    Entitatearekin harremanetan jartzeko datuak: helbide elektronikoa, telefono-zenbakia eta posta-helbidea.

    Entitatearen ordezkaria eta eskaerari lotuta behar den harremanetarako pertsona Hala badagokio, harremanetarako pertsona horrek erakundea ordezkatuko du negoziazioan, eremuaren ordezkaria izendatzeko (ordezkari gisa jardungo duen pertsonaren izena, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia).

  2. Entitate bakoitzak kide bakarrerako aurkeztu dezake hautagaitza.

  3. Eskaerak aurkezteko epea 3 astekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  4. Hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hilabetean, Familia eta Haurren zuzendariak kide izan nahi duten entitate hautagaiei jakinaraziko die zein diren gainerako entitate interesdunen izenak eta harremanetarako datuak; horrez gain, gehienez hilabeteko epea emango die kolektiboaren erakunde ordezkaria zein izango den erabaki ahal izateko.

  5. Erabakia, gutxienez, gehiengo soilaren erabakiz hartu beharko da, eta idatziz jakinarazi beharko zaio Familia eta Haurren Zuzendaritzari, erabakian parte hartu duten entitate guztietako ordezkariek sinatutako agiri baten bidez.

  6. Hilabeteko epea amaitu ostean erabakirik hartu ez bada edo, erabakia hartu bai baina Familia eta Haurren Zuzendaritzari horren berri eman ez bazaio, erabakirik ez dela hartu ulertuko da, eta, ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak izendatuko du, hautagaitza aurkeztu zuten erakundeen artean, zein erakunde izango den kolektiboaren ordezkaria.

  7. Kontseiluko kidea eta haren ordezkoa izendatzerakoan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izaten saiatu beharko da.

    Eremu jakin bateko kide izateko eskaera bakarra aurkezten bada, automatikoki esleituko zaio eskaera aurkeztu duen eremuaren ordezkaritza.

    Eremu jakin bateko kide izateko eskaerarik onartzen ez bada, etorkizunean betetzeko utziko da, baldin eta sektoreko entitateren baten eskaera badago.

    Bigarrena. Sindikatuei, enpresei, kooperatibei eta profesionalei dei publikoa egitea ordezkari bat izenda dezaten. Zehazki, honako hauei egiten zaie deia:

    Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburuen ordezkaritza instituzionala duten enpresa-elkarteak.

    Ordezkaritza handieneko erakunde eta konfederazio sindikalak, bai eta langileen ordezkarien eta enpresa-batzordeko kideen % 10 edo gehiago lortu duten eta administrazio publikoetako pareko organoetan gauza bera lortu duten ordezkaritza handikoak ere, betiere EAEko esparruan horiek guztiak.

    Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.

    Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-laneko diplomadunen eta gizarte-hezitzaileen elkargo ofizialak.

  1. Erakundeek Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez jakinarazi beharko dute beren izendapena.

    Jakinarazpenaren gaian, «FAMILIAREN EUSKAL KONTSEILUKO KIDE IZATEKO HAUTAGAITZA» dela zehaztu beharko da, eta honako datu hauek jaso beharko ditu:

    Entitatearen oinarrizko datuak (izena eta IFZ).

    Entitatearekin harremanetan jartzeko datuak: helbide elektronikoa, telefono-zenbakia eta posta-helbidea.

    Entitatea Familiaren Euskal Kontseiluan ordezkatuko duen pertsona eta, egoki bada, pertsona horren ordezkoa (harremanetarako datuak: helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia).

  2. Izendapena bidaltzeko epea 3 astekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Erakunde batek baino gehiagok izendatu badute ordezkaria kide izateko eremu jakin baterako, aurreko zenbakian ezarritako epea amaitu eta hurrengo hilabetean, Familia eta Haurren zuzendariak ordezkaria izendatu duten gainerako erakundeen identitatea eta kontaktua jakinaraziko die, eta gehienez ere hilabeteko epean kolektiboaren erakunde ordezkaria zein izango den erabakitzeko eskatuko die.

    Erabakia, gutxienez, gehiengo soilaren erabakiz hartu beharko da, eta idatziz jakinarazi beharko zaio Familia eta Haurren Zuzendaritzari, erabakian parte hartu duten entitate guztietako ordezkariek sinatutako agiri baten bidez.

  4. Hilabeteko epea amaitu ostean erabakirik hartu ez bada edo, erabakia hartu bai baina Familia eta Haurren Zuzendaritzari horren berri eman ez bazaio, erabakirik ez dela hartu ulertuko da, eta, ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak izendatuko du kolektiboaren ordezkaria.

  5. Kontseiluko kidea eta haren ordezkoa izendatzerakoan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izaten saiatu beharko da.

    Kide bakoitzeko izendapen bakarra egiten bada, automatikoki esleituko zaio bere eremuaren ordezkaritza.

    Eremu jakin batean kide izateko eskaerarik onartzen ez bada, etorkizunean betetzeko utziko da, baldin eta erakunderen baten eskaera badago.

    Hirugarrena. Kideak berritzeko eta izendatzeko prozesu hori amaitu ondoren, Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio zein erakunde izango diren kideak, baita izendatutako pertsonak eta, hala badagokio, haien ordezkoak ere.

    Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraz, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako sailburuordeari; horretarako hilabeteko epea izango da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 18a.

    Familia eta Haurren zuzendaria,

    MIREN IRUNE MUGURUZA MENDARTE.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.