Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 14koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarena, memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena, 2017. urterako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua; Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 122
  • Hurrenkera-zk.: 3274
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/06/14
  • Argitaratze-data: 2017/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Aginpide publikoak memoria historikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legeak erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, horrenbestez, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea betirako. Eta haiekin batera, beren familiak.

Lege hauek eratzen dute deialdi hau hartzen duen esparru juridikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1977 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori); Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Institutuaren zuzendariaren 2017ko apirilaren 20ko Ebazpenaz onartutako Diru-laguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, eta horren barruan diruz lagun daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau. Memoria historikoaren egia argitzea du helburu.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak 82013ko irailaren 30eko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1 artikuluan, ezartzen du diru-laguntza horietarako deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez.

Hala eta guztiz ere, azaroaren 27ko 4/2014 legea onartu zenez (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa) eta apirilaren 11ko 2/2017 legeak (Euskadiko 2017ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) deialdi honetarako kredituak Institutuan txertatzen dituenez, deialdiaren idazkera egokitu egin behar da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren esku uzteko.

Halaber, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Estatutuei buruzkoa) 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Institutuko zuzendariaren eginkizuna da laguntzak eta diru-laguntzak arautu, deitu eta ematea.

Hori dela eta, honako hau

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoa berreskuratu, ikertu eta ezagutarazteko proiektuak zein 1936-1977ko aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egindako lana ikertu eta ezagutarazteko proiektuak diruz laguntzeko 2017ko laguntza-deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen bitartez.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2017ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

  1. Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraikiz eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:

    1. Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jarduerak.

    2. Gerra Zibilaren eta diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, erresistentziarekin eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak berritzera bideraturiko ikerketa-jarduerak.

    3. Hedapen-jarduerak: jardunaldiak, mintegiak, aldi baterako erakusketak, ikus-entzunezko produktuak eta ikerketen argitalpenak.

  2. Sari-banaketa hutsa diren proiektuak ebazpen honen aplikazio-eremutik at egongo dira.

  1. Deialdi honetara, ehun eta bost mila (105.000) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2017ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

  2. Gehienez ere, hamabost mila (15.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.

  3. Laguntzek bete egin beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

  1. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura aplikatuko da.

  2. Ondore horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu beharko dira, horien artean lehentasunak ezartzeko, deialdi honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala, hautaketa-fasean deialdi honen 12. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten horien artean balorazio handiena dutenei emango zaie laguntza, deialdi honetara esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.

  1. Laguntza bakoitzari hots, hautatutako proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoa zehazteko, dirua proportzionalki banatzeko sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, proiektu bakoitzean diruz lagunduko den zenbatekoa zehaztean, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuan.

  2. Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango.

  3. Emandako diru-laguntzaren guztizko zenbatekotik, % 10 administrazio eta funtzionamendu gastuetarako erabili ahal izango da, soldatak kanpo, salbu eta horiek proiektua garatzeko funtsezkoak badira eta azalpen-memorian horrela jasota badago.

  1. Ebazpen honetako diru-laguntzak legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete, haien estatutu sozialen arabera, memoria historikoa berreskuratzea badute helburu.

  2. Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, hala dagokionean, eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuz. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Diru-laguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.

  3. Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bildu eta 14. artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte erakunde onuradunek.

Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

  1. Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte.

  2. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

    https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/memoria-historikoa/y22-izapide/eu

  3. Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

  2. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

  1. Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenak.

  2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.

    2. Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen aitorpen erantzulea egin beharko da.

    3. Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera estimazio bereizita eginez), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.

    4. Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

    5. Erakundearen estatutuen kopia bat.

    6. Diru-laguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.

  3. Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

  4. Dagoeneko eginda dauden proiektuetan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.

  5. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

    Burua:

    Miren Aintzane Ezenarro Egurbide andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

    Epaimahaikideak:

    Lucía Torrealday Berrueco andrea, Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

    Ander Añibarro Maestre jauna, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gazteria zuzendaria.

    Emilio Germán Sola Vallojera jauna, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria.

    Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria.

    Idazkaria:

    Miren Saioa Gil Basáñez andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko teknikaria.

  2. Bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bermatuko da.

  1. Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

    Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 30 puntu gehienez.

    Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 10 puntu gehienez.

    Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. 10 puntu gehienez.

    Proiektuaren aurrekontua argia eta egokia izatea. 10 puntu gehienez.

    Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu gehienez.

    Proiektuan genero-ikuspegia txertatzea. 10 puntu gehienez.

    Proiektua hainbat erakunderen artean gauzatzea edo beste administrazio publikoren bat ere proiektuan sartuta egotea. 10 puntu gehienez.

    Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. 10 puntu gehienez.

    Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.

  2. Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 45 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.

  1. Epaimahai kalifikatzaileak laguntzak emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan erakunde onuradunen lehentasun-ordena ezarri, eta emandako laguntzen zenbatekoa zehaztuko du. Proposamena egiteko, ebazpen honen 5, 6 eta 14. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren proiektu bakoitzak lortu duen puntuazioa baloratuko da.

  2. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

  3. Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  4. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 24.2 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako diru-laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

  1. Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Diru-laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

  2. Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

  3. Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

  4. Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez sexistak erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

  1. Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:

    1. Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

    2. Bigarren ordainketa 2018an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

  2. Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

  1. Diru-laguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2018ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan emandako diru-laguntzaren erabilera justifikatzen duten agiri hauek:

    1. Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den. Fakturek bat etorri beharko dute azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuko (fakturatzeko obligazioak arautzen dituen erregelamendua onetsi eta balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamendua aldarazten duena) 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin.

    2. Soldaten jatorrizko ordainagiriak edo horien kopia konpultsatuak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

    3. Aldi baterako kolaborazio-gastuen jatorrizko ordainagiriak edo horien kopia konpultsatuak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, bere nortasun agiri nazionala NAN, ordainketaren kontzeptua eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako PFEZ atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko Ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110 190 inprimakia).

    4. Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

    5. Gauzatutako proiektuaren memoria xehea, non jasotzen baitira onuradunak sexuaren arabera bereizita eta genero-ikuspegia txertatzeko modua.

  2. Administrazioak, egoki baderitzo, jatorrizko agiriak eska ditzake.

    Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero betiere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

  2. Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.

  1. Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:

    1. Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako diru-laguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

    2. Hautatutako jardueran aldaketak egin dira; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.

    3. Eskaeran, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.

  2. Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, legezko interesekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

  1. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak beretzat gordetzen du ebazpen honetan xedatutakoaren arabera laguntza jaso duten ikerketak eta lanak edozein euskarritan argitaratzeko eskubidea, proiektua entregatzen denetik urtebeteko epean, interesdunak berariaz idatzizko baimena eman ondoren.

  2. Argitalpena gauzatzen bada, lehen edizioaren ustiapen-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarenak izango dira, eta diru-laguntzaren erakunde onuradunak konpromisoa hartuko du aipatu eskubideak doan lagatzeko.

Ebazpen honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatzita, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bilbao, 2017ko ekainaren 14a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.