Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

7/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gobernu Kontseiluaren erabaki bat. Erabaki horren bidez ezartzen da uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuak onartutako Jokoaren Erregelamendu Orokorrean jasotako plangintza berrikusteko prozedura, eta aldi baterako eteten da joko-lokalak baimentzeko edo aldatzeko eskaera berrien izapidetzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 11
  • Hurrenkera-zk.: 200
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2020/01/14
  • Argitaratze-data: 2020/01/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

2020ko urtarrilaren 14an onartu zen Gobernu Kontseiluaren erabakia, zeinaren bidez ezartzen baita uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuak onartutako Jokoaren Erregelamendu Orokorrean jasotako plangintza berrikusteko prozedura, eta aldi baterako eteten baita joko-lokalak baimentzeko edo aldatzeko eskaera berrien izapidetzea. Behar bezalako publikotasuna izan dezan, hau

Jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen arabera, jarduera hori aldez aurretik planifikatu behar da, eta, horri esker, arrazoizko mugak ezar dakizkieke establezimendu-askatasunei, interes orokorrean oinarrituta.

Legean, erregulazioaren egiturazko printzipioak jasotzen dira, aldian aldiko berrikuspenik behar ez dutenak; eta plangintzara eramaten dira neurri dinamikoen bidez sektorearen dimentsionamendu egokia lortzeko aukera ematen duten elementuak, jokoaren eskaintza sozialki onargarriak diren marjinetan mantentzea ahalbidetuko duen ikuspegi orokor edo osoarekin. Jokoa arautzeko legeak berak ezartzen du Gobernu Kontseiluak plangintza hiru urtean behin berrikusi behar duela.

Plangintzak eragiten du Gobernuak jokoaren jardueran esku hartzeko orduan hainbat eskuduntza izatea; besteak beste, joko-eskaintza mugatzeko helburuarekin, baimendu daitezkeen enpresen edo lokalen kopuruari mugak ezartzeko aukera, lizentzia eta baimenak kontingentzia bakar batera edo kopuru txiki batera mugatzeko aukera, eta, era berean, lurralde- edo geografia-mugen aurreikuspena, edo zer eskakizun eta irizpideren arabera arautuko den enpresa baimenduen hautaketa, etab.

Euskadin jokoaren sektorean indarrean dagoen plangintza Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoaren Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren onarpenarekin hasi zen (EHAA, irailaren 6koa, 169. zk.) eta Erregelamendu horren I. eranskinean dago.

Eusko Legebiltzarrak 2018ko azaroaren 23an onartutako 108/2018 Legez besteko Proposamenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion, behin urriaren 16ko 147/2018 Dekretuaren bidez sortutako Jokoaren Euskal Behatokia eratuta, Euskadin jokoak duen egoerari buruzko azterketa bat egin zezala, adingabeengan duen eragina bereziki kontuan hartuta. Txosten hori Euskadiko jokoaren eta Adikzioen arloko partaidetza-organoei bidali behar zitzaien.

Gainera, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion, azterlan horren emaitzetan oinarrituta, ekintza-plan bat egin zezala adingabeei eta debekatuta dutenei jokorako sarbidea galarazteko, jokoaren erabilera desegokiari lotutako arriskuak murrizteko, eta jokoaren arriskuez eta, oro har, substantziarik gabeko adikzioez kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, bereziki hezkuntza-eremuan.

Jokoaren Euskal Behatokiak azterlan horiek egin ditu, eta ekintza-plana egin du. Horien arabera, jokorako eskuragarritasuna eta irisgarritasuna handitu egin da, eta jokoaren eskaintza, kanal eta modalitate teknologikoak, presentzialak zein telematikoak, ere handitu dira. Horren ondorioz, jokoaren praktika soziala hedatzen ari da eta badago herritarren sektore murritz bat, alde batera utzi ezin dena, jokoak jokabide patologiko edo adiktiboak eragin baititzake, batez ere, oso kalteberak diren gazte-kolektibo batzuengan, baita joko-adikzioagatiko edo jokoarekiko abusuzko portaerengatiko tratamendu-eskaerak gora egitea ere. Horrek guztiak jokoa eta haren kontrola eztabaida sozialaren erdigunera eraman ditu.

Jokoaren sektorearen errealitateari eta hedapenari erreparatuta, eta jokabide batzuek izan dezaketen eragin adiktiboagatik gizartean gero eta kezka handiagoa dagoela kontuan hartuta, ekintza-planean neurri orokorrak hartzea proposatzen da, aldeen interesen arteko oreka zaintzeko helburuarekin, enpresa-askatasunaren eta osasun publikoarekin lotutako eskubideen babesaren esparruan. Neurri horien artean jasotzen da plangintza egokitzea gizarteak joko-lokalen arteko distantziekin lotuta egiten dituen eskaeretara, bai eta plangintza horretan eragina duten beste batzuk ere.

Aipatutako azterlanak eta ekintza-plana Jokoaren Aholku Batzorde Teknikoak aztertu ditu. Batzorde hori partaidetza- eta aholkularitza-organoa da, eta administrazio publikoen, enpresa-sektorearen, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako elkarteen eta adikzioetatik errehabilitatzeko elkarteen ordezkariak ditu.

Era berean, egun berean, Jokoaren Euskal Kontseiluak, jokoaren arloko erakunde arteko ordezkaritza-organoak, aipatutako azterlan eta plan horien emaitzak positiboki haztatu ondoren, plangintza berrikusteko eta araudia aldatzeko prozesua hastea gomendatu du, ekintza-planaren ildo estrategikoei jarraikiz, eta aldi baterako beharrezko neurriak hartu ditu, plangintza eta araudi aplikagarria berrikusi, landu eta aldatzen den bitartean, joko-lokalak irekitzeko edo aldatzeko baimen berriak emateak sektorearen arrazionalizazioaren gainean eraginik izan ez dezan.

Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarraren eskaerari eta Jokoaren Euskal Kontseiluak gomendatutakoari jarraikiz, beharrezkoa da 2016an onartutako plangintza berrikusteko prozesuari ekitea eta hori dagozkion erregelamenduzko aldaketetan islatzea, Jokoaren Euskal Behatokiaren azterlanen emaitza eta aipatutako ekintza-planaren ildo estrategikoak kontuan hartuta.

Araugintza-eginkizun hori garatzeko eta dagokion xedapena egiteko prozedura betetzeko, lokalaren azalera handitzea ez dakarten obrengatiko aldaketetarako baimenak izan ezik, joko-lokalak irekitzeko edo aldatzeko baimen berriak emateari utzi behar zaio, baita joko-makinak ustiatzeko baimen berriak emateari ere, plangintza eta araudi aplikagarria berrikusi, landu eta aldatzen den bitartean, sektorearen arrazionalizazioaren gainean eraginik izan ez dezaten.

Ondorioz, Gobernu Kontseiluak, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, hau

Lehenengoa. Segurtasun Sailak berehala hastea Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoaren Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren I. eranskinean jasotako plangintza berrikusteko prozedura (EHAA, irailaren 6koa, 169. zk.), bai eta erregelamendu horretan eguneratu edo eraberritu behar diren alderdiak aldatzekoa ere.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoaren Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuan jasotako jokoaren plangintzaren berrikuspena arau hauen arabera egingo da:

  1. Berrikuspena Jokoaren Euskal Behatokiak sektore sozio-ekonomikoari eta jokoaren pertzepzio sozialari buruz egindako azterlanetan eta egindako ekintza-planaren ildo estrategikoetan oinarrituko da, eta, era berean, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 50. artikuluan eta 2017-2021 aldirako Euskadiko Adikzioen VII. Planean xedatutakoa beteko da.

  2. Plangintza berrikusteko prozesuan, jendaurrean jarriko da, eta Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariari eta Jokoaren Euskal Kontseiluari txostena eskatuko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoaren Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, xedapen orokorrak egiteko araudiaren arabera egin beharreko gainerako izapideak alde batera utzi gabe.

  3. Horren ondorioz sortzen den jokoaren plangintzaren berrikuspena Gobernu Kontseiluak onartu beharko du, bederatzi hilabeteko epean, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita; nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, interes publikoko arrazoiengatik beharrezkoa bada.

    Hirugarrena. Ez da izapidetuko Euskal Autonomia Erkidegoan joko-lokalak instalatzeko eta funtzionatzeko baimenen eskaera berririk, edo horien aldaketen eskaerarik, lokalaren azalera handitzea ez dakarten obrei buruzkoak izan ezik, ez eta joko-makinak ustiatzeko baimen berriak emateko eskabide berririk ere, lehenengo paragrafoan aipatzen den berrikuspenaren ondoriozko plangintza berria izapidetu eta onartu bitartean.

    Laugarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, herritar orok horren berri izan dezan.

    Bosgarrena. Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.