Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

2425/2023 EBAZPENA, abenduraren 29koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez arautzen diren Osakidetzaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2023ko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 41
  • Hurrenkera-zk.: 987
  • Xedapen-zk.: 2425
  • Xedapen-data: 2023/12/29
  • Argitaratze-data: 2024/02/26

Testu legala

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen, langile ez-sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari dagokio langileak mailetan kokatzeko ebaluazio-prozesuaren deialdia egitea.

Osasuneko Mahai Sektorialak 2021eko uztailaren 8ko bileran lortutako akordioa onartzen duen maiatzaren 10eko 60/2022 Dekretuak ezartzen du aipatutako akordioa onartzen dela hurrengo ekitaldietan deialdiak egin daitezen, harik eta lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura berri bat ezarri arte.

1184/2023 Ebazpenak, abenduraren 31koak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarenak, arautzen ditu Osakidetzaren mendeko zerbitzu-erakundeetako profesionalentzako 2022ko ekitaldiko lanbide-garapenaren maila esleitzeko ohiko deialdiaren baldintzak, eskabideak eta ebaluazio- eta esleipen-prozedurak.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta azaroaren 22ko 395/2005 Dekretua, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretua, abenduaren 26ko 248/2007 Dekretua eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskineko 5. apartatuan jasotako aldaketa aplikagarriak,

Ebazpen honen xedea da eskaerak aurkezteko baldintzak, formak, epeak eta maila ebaluatzeko eta esleitzeko prozedurak arautzea, 2023ko ekitaldiko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalen ebaluazioaren eta lanbide-garapenaren ohiko deialdian.

Prozesu honetan, Osakidetzako lanbide-talde guztietako langile finkoek eta ez-finkoek parte hartu ahal izango dute, baldin eta ebazpen honetako 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta deialdian ezarritako eskaera-epean Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan aktibo badaude edota senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatiko edo zerbitzu bereziengatiko eszedentzian badaude, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluekin bat, profesionalak unean aitortuta daukaten mailaren justu goragoko maila eskatu ahalko dute eta hura aitortu ahalko zaie. Osakidetzan edo Osasun Sistema Nazionalean mailarik aitortuta ez dutelako sarbide-mailan dauden profesionalek I. mailako aitorpena bakarrik eskatu ahalko dute.

Aldi baterako barne-sustapenean dauden langileek izendapen finkoa duten kategorian bakarrik eskatu ahalko dute lanbide-garapena, eta kategoria horri dagokion lanbide-garapenaren osagarria jasotzeko eskubidea izango dute.

Lanbide-garapenaren mailaren eskaera aurkeztea borondatezkoa da, eta, eskaeran, interesdunek egiaztatu beharko dute deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela edo baldintza horiek eskaerak aurkezteko epearen barruan betetzeko moduan daudela.

Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 5. artikuluan eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskinaren 5. apartatuan, honako baldintza hauek ezartzen dira lanbide-garapeneko maila ebaluatu eta aitortzeko deialdi honetan parte hartzeko:

  1. Osakidetzan zerbitzuak benetan ematen direla egiaztatzea, honako zehaztapen hauen arabera:

    1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lanpostua jabetzan duten langile finkoek edota behin-behineko birlaneratze-egoeran dauden langile finkoek egiaztatu beharko dute, batetik, benetan ematen dituztela zerbitzuak Osakidetzan lanbide-garapeneko maila lortu nahi duten kategorian, bestetik, zerbitzu aktiboan edo senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatiko edo zerbitzu bereziengatiko eszedentzian daudela eta, azkenik, zerbitzu horiek gutxienez urtebetez eman dituztela deialdiko eskaera-epea hasi aurreko azken hiru urteetan.

    2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lanposturik jabetzan ez duten langile finkoek, ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuak ezartzen duen bezala, egiaztatu beharko dute, batetik, benetan ematen dituztela zerbitzuak Osakidetzan lanbide-garapeneko maila lortu nahi duten kategorian eta, bestetik, zerbitzu aktiboan edo senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatiko edo zerbitzu bereziengatiko eszedentzian daudela deialdiko eskaera-epea hasi aurreko azken hiru urteetan.

    3. Finkoak ez diren langileek egiaztatu beharko dute gutxienez hiru urtez eman dituztela zerbitzuak Osakidetzan lanbide-garapena eskatzen duten kategoria berean. Zerbitzuak deialdia eskatzeko epea hasi aurre-aurreko bost urteetan emandakoak izan behar dira.

      Finkoak ez diren langileek Enplegu Publikoaren Eskaintzaren azken prozesuan parte hartu behar izan dute, eta aukeratu duten kategoriako azterketa egin. Salbuespen gisa, ezinbesteko arrazoiren batengatik interesduna ez bazen probara aurkeztu, baliteke lanbide-garapeneko eskaera kontuan hartzea, betiere probara aurkezteko eskabidea egin bazuen.

  2. Bost urtez zerbitzuak eman izana lanbide-garapena lortu nahi den kategorian.

    Emandako zerbitzuak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira Osasun Sistema Nazionalean edo Europar Batasuneko estatuetako osasun sistemetan antolamendu aldetik eta funtzionalki integratutako erakunde sanitarioetan zerbitzu aktiboan edo lanpostua erreserbatzeko eskubidea ematen duten antzeko egoeraren batean emandako denbora-tarteak.

    1. Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren eta otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren bidez araututako profesionalen kasuan, honako hauek hartuko dira kontuan:

      Lortu nahi den mailari dagokion kategoriako (eta, hala badagokio, espezialitateko) edo lanbide-talde bereko beste kategoria batzuetako lanpostu funtzionalak betetzea Europar Batasuneko estatu kideetako Osasun Sistema Nazionalean edo Osasun Sistemetan, betiere lan hori egiteko lizentziadun edo diplomadun mailako titulu sanitarioa (edo baliokidea) eskatzen bada. Ez dira kontuan hartuko Osasun Zientzietako espezialisten titulu ofizialak lortzeko prestakuntza-urteak, salbu eta zerbitzu berezietan izan badira.

      Osasun Sistema Nazionalari atxikitako erakundeetan edota ikerketa-zentro ofizialetan ikerlari gisa emandako zerbitzuak, baldin eta lizentziadun edo diplomadun mailako eta dagokion espezialitateko titulu sanitarioa (edo baliokidea) eskatzen duen lan-kontratuarekin badira.

      Etengabeko arretako zerbitzurako langile kontratatu gisa emandako zerbitzuak.

    2. Abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren arabera araututako profesionalentzat, honako hauek hartuko dira kontuan:

      Lortu nahi den mailari dagokion kategoriako edo beste kategoria batzuetako lanpostu funtzionalak betetzea, betiere lanbide-talde berekoak edo goragokoak badira, Osasun-adarrean edo adar ez-sanitarioan, dagokionaren arabera, Europar Batasuneko estatu kideetako Osasun Sistema Nazionalean edo Osasun Sisteman.

      Osasun Ministerioaren 1984ko ekainaren 14ko Aginduan ezarritakoaren arabera «teknikari funtzioetako erizaintzako laguntzaile» gisa emandako zerbitzuak kontuan hartuko dira lanbide-garapenerako.

  3. Eskatutako maila lortzeko behar diren zerbitzu-urteak betetzea.

    1. Kategorian emandako zerbitzuei (kategoria horretan gutxienez bost urte eman badira) Osasun Sistema Nazionalean edo Europar Batasuneko estatuetako osasun-sistema publikoetan emandako zerbitzuak gehitu ahal izango zaizkie, honako balio hauen arabera:

      (Ikus .PDF)

    2. Lortu nahi den lanbide-garapeneko mailari dagokion kategorian beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak % 50ean baloratuko dira, baldin eta, artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan ezarritakoaren arabera, egiaztatzen bada Osakidetzan ematen direla zerbitzuak benetan lanbide-garapeneko eskaera egiteko kategorian.

Parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra egin beharko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Lanbide Garapeneko aplikazio informatikoaren bidez https://lanbidegarapena.osakidetza.eus helbidean eta Osakidetzaren webgunean dago erabilgarri. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarriko ditu, bere zerbitzu-erakundeen bitartez, paragrafo honetan adierazitako moduan eskabidea aurkezteko behar diren baliabide informatikoak.

Profesionalak 2023ko abenduaren 31n bete beharko ditu lanbide-garapeneko mailara iristeko baldintzak, bai eta zerbitzuan emandako urteak ere. Eskatzaileek hilabeteko epea izango dute, ebazpen hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, eskabidea eta dagokion dokumentazioa bete eta aurkezteko, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

Profesionalek Lanbide Garapeneko aplikazioan egingo dute eskabidea, eta, hala badagokio, Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batzuetan edo beste administrazio batzuetan emandako zerbitzuak erregistratu eta egiaztatuko dituzte Curriculum Vitae aplikazioan. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo emandako zerbitzuak baliozkotuta dituzten pertsonek alegatutako zerbitzu berriak baino ez dituzte erregistratu beharko, eta zerbitzu berri horiek baliozkotzeko behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Kanpoan emandako zerbitzuak baliozkotzeko, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, konpultsa horretan, data, izen-abizenak eta konpultsaren arduradunaren sinadura irakurgarria jasoko dira. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak EAEn ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkeztutako dokumentuen zinpeko itzulpena eskatu ahalko die interesdunei. Ez dira zenbatuko erabiltzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren Curriculum Vitae aplikazioan sartu edo aldatu dituen zerbitzuak.

Aurkeztutako eskaeran, dokumentazioan edota informazioan datu faltsurik aurkituz gero, ezereztatu egingo da eskabidea; horrez gainera, ez zaio uko egingo bestelako lege-neurriak hartzeari.

Lanbide Garapeneko aplikazioan eskaera bete ondoren, profesionalek egindako eskabidearen frogagiria lortu eta artxibatu ahalko dute.

Zerbitzu aktibokoa ez den beste egoeraren batean daudenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan edo Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan aurkeztu beharko dute aipatutako dokumentazioa, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako bideen bitartez. Osakidetzakoa aplikazioko https://osakidetzakoa.osakidetza.eus «Datu pertsonalak» atalean adierazitako helbideak bakarrik balioko du jakinarazpenetarako, eta eskatzaileen erantzukizuna izango da helbide hori beteta edukitzea, bai eta edozein aldaketa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea ere.

Prozesuan onartua izateko, beharrezkoa da fase honetan eskatutako eskabidea eta egindako zerbitzuak egiaztatzeko dokumentazioa garaiz eta behar bezala aurkeztu izana, ezarritako epearen barruan.

  1. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

    Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziko du. Halaber, ebazpen horretan, hamar egun balioduneko epea emango du erreklamazioak aurkezteko eta eskabidea zuzentzeko. Ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

  2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartuko du, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziko du. Ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

Behin betiko zerrendan onartutakoek hilabeteko epea izango dute, deialdian onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda jasotzen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, B blokeko curriculumaren merezimenduak (Prestakuntza, Irakaskuntza eta ezagutzaren zabalkundea eta Ikerkuntza eta berrikuntza) eta C blokeko curriculumaren merezimenduak (Parte-hartzea eta Konpromisoa), Curriculum Vitae aplikazio informatikoan alegatzeko.

Aldi horretan bertan, profesionalek faktore edo item desberdinetako ebaluaziorako garrantzitsutzat jotzen dituzten datuak eman ahal izango dituzte, ebaluaziorako ekarpen-fitxak betez eta, horrela, autoebaluazioa eginez.

B blokeko curriculumaren merezimenduen eta C blokeko curriculumaren merezimenduen ebaluazioari dagokionez, aurreko sei edo zazpi urteetako merezimenduak hartuko dira kontuan, aurretik aitortutako mailan egondako denbora-tartearen arabera, eta 2023ko abenduaren 31ra arte zenbatuko dira. I. maila lortzeko, profesionalen curriculum osoa hartuko da kontuan.

Aurreko prozesuetan Osakidetzak baliozkotutako curriculumaren merezimenduak dituzten profesionalek alegatutako merezimendu berriak soilik erregistratu beharko dituzte, eta dagozkien egiaztagiriak aurkeztu, baliozkotzeko. Era berean, erregistratutako merezimenduei buruzko dokumentazioa aurkeztu ahal izango da, baldin eta Osakidetzak atzera bota baditu egiaztatzeko agiririk ez izateagatik edo dokumentazio hori nahikoa ez izateagatik. Curriculumaren merezimenduak baliozkotzeko, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, konpultsa horretan, informazio hau jasoko da: data, izen-abizenak, NANa eta konpultsaren arduradunaren sinadura irakurgarria. Osakidetzak EAEn ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkeztutako dokumentuen zinpeko itzulpena eskatu ahalko die interesdunei. Ez dira zenbatuko erabiltzaileek eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren Curriculum Vitae aplikazioan sartu edo aldatu dituzten merezimenduak.

Era berean, ez dira zenbatuko 2023ko abenduaren 31n emandako dokumentu bidez amaituta ez dauden merezimenduak.

Ofizioz baztertuko dira profesionalek aurkeztutako curriculumaren merezimenduen eskabideak, baldin eta eskatutako lanbide-garapenaren mailarako B blokean eskatzen diren gutxieneko puntuetara ailegatzen ez badira.

Aurkeztutako eskaeran, dokumentazioan edota informazioan datu faltsurik aurkituz gero, ezereztatu egingo da eskabidea; horrez gainera, ez zaio uko egingo bestelako lege-neurriak hartzeari.

Osakidetzakoa aplikazioko https://osakidetzakoa.osakidetza.eus «Datu pertsonalak» atalean adierazitako helbideak bakarrik balioko du jakinarazpenetarako, eta eskatzaileen erantzukizuna izango da helbide hori beteta edukitzea, bai eta edozein aldaketa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea ere.

Lizentzia- edo baimen-egoeran dauden eta lanpostua gordetzeko eskubidea duten profesionalei, egoera horiek urtebete baino gehiago irauten badute, honako puntuazio hau emango zaie erdi-mailako arduradunek ebaluatutako A blokeko eta C blokeko faktore eta item puntuazio gisa: bere lanbide-taldeko/kategoriako profesionalek bere erakundean lortutako batez besteko puntuazioa, bere antzinatasun-taldearen barruan, egoera horretan dirauten bitartean. Aurreko hori ezinezkoa balitz ez dagoelako batez besteko hori kalkulatzeko 25 profesional edo gehiago, Osakidetzako profesionalek euren lanbide-taldean/kategorian eta antzinatasun-taldean lortutako batez bestekoa hartuko da erreferentziatzat.

Zerbitzu berezietako egoeran dauden profesionalei eta ordezkaritza sindikaleko eginkizunak betetzen ari diren profesionalei antzinatasunagatik lor dezaketen mailaren gutxieneko puntuazioa emango zaie.

Ebaluazioa honako hauen arabera egingo da: Osakidetzan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen, langile ez-sanitarioen lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 6. artikulua. Profesionalen tipologiak, ebaluatzeko ondoreetarako, 7. artikulua. Ebaluatzeko faktoreak eta 8. artikulua. Ebaluatzeko irizpideak.

Ebaluazio-prozesuan, profesionalak berak, ebaluatuak lan egiten duen arlo, zerbitzu edo unitateko arduradunak eta zerbitzu-erakundeko Ebaluazio Batzordeak hartuko dute parte. Oro har, gainbegiraleak edo zerbitzuburuak/atalburuak/unitateburuak izendatuko dira ebaluatzaile, edo, bestela, goragoko mailako karguak dituzten pertsonak.

  1. Ebazpen honen 6. artikuluan araututako curriculumaren merezimenduen eta autoebaluazioaren fasea amaitu ondoren, ataleko, zerbitzuko edo unitateko arduradunaren eginkizuna da A blokeko ekintzaren, jardueren eta lanbide-eremuaren eremuekin lotutako faktore eta itemak eta C blokeko erakundearekiko parte-hartzeari eta konpromisoari buruzkoak ebaluatzea, dena 2023ko abenduaren 31ko data kontuan izanik. Hala ere, horrek ez du eragotziko arduradunari ebaluatu beharreko beste alderdi batzuei buruzko informazioa eskatu ahal izatea; horretarako, hark ebaluazioaren emaitzak erregistratu beharko ditu dagokion aplikazioan, eta zerbitzu-erakundeko Ebaluazio Batzordeari aurkeztuko dizkio, berrikus eta trata ditzan.

    Ataleko, zerbitzuko edo unitateko arduraduna ez bada ebaluatuaren lanbide-talde berekoa, arduradun hierarkikoak edo funtzionalak egingo du lanbide-eremuari dagokion ebaluazioa.

    Zerbitzu-erakundean ez badago ebaluatutako profesionalaren lanbide-talde bereko arduradunik, arduradun hierarkikoak egingo du ebaluazioa, betiere ebaluatutako profesionalaren titulazio bera edo handiagoa badu. Horrez gain, Ebaluazio Batzordeak aholkulari bat izendatu ahal izango du, ebaluatutako pertsonaren titulazio eta/edo espezialitate bera izango duena.

    Osakidetzako Erizaintzako Eskolako profesionalak, beren ezaugarri bereziak kontuan hartuta, Eskolako zuzendariak ebaluatuko ditu, eta Zuzendaritza Nagusiko Batzordeari atxikita egongo dira.

    Finkoak ez diren langileentzako ebaluazio-prozedura egokitu ahalko da langile mota horren berezitasunen arabera, batez ere ebaluatzaileak izendatzeari eta ebaluazio-batzordeei dagokienez.

  2. Zerbitzu-erakundeko Ebaluazio Batzordeak prozesu osoan sortutako informazio guztia, ataleko, zerbitzuko edo unitateko arduradunek egindako ebaluazioak, ebaluatutako profesionalek betetako ekarpen-fitxak eta curriculumaren merezimenduen baremazioaren emaitzak jaso eta aztertuko ditu, eta, hala badagokio, ebaluazioaren emaitzak onartuko ditu.

    Atal ezberdinetan lortutako emaitzak ikusita, Ebaluazio Batzordeak uste badu profesionalari buruzko informazio gehiago behar dela, ebaluatuaren ebaluazio osagarri bat egitea eska diezaieke arloko, zerbitzuko edo unitateko profesionalei, edo, hala badagokio, beste zerbitzu-erakunde bateko espezialitate bereko profesionalei.

    Ebaluazio Batzordeak, egitekoak amaitutakoan, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda prestatu eta onartuko du, eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusira bidaliko dio.

    Kasu guztietan, dagokion ebaluazioa gainditu beharko da, bloke eta maila bakoitzean ezarritako gutxieneko puntuazio lortuz, azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Profesionalak ebaluatzeko ardura duten organoei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluak aplikatuko zaizkie.

  1. Mailak esleitzeko behin-behineko ebazpena.

    Ebaluazio Batzordeak egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda onartu eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusira bidaliko du.

    Batzorde Korporatiboak txostena eman ondoren, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ebazpen bidez.

    Lanbide-garapeneko mailak esleitzeko Giza Baliabideen zuzendariaren behin-behineko ebazpen horren aurka, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira. Horretarako, 10 egun balioduneko epea egongo da, ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Epearen barruan eta behar bezala aurkeztutako erreklamazioak lanbide-garapeneko mailak esleitzeko behin betiko ebazpenaren bidez onartuko edo baztertuko dira.

  2. Mailak esleitzeko behin-betiko ebazpena.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak aginduko du EHAAn argitaratzeko esleitutako mailen behin betiko zerrenda.

    Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dagokion mailan kokatzeak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, eta ondorio horiek data horretatik aurrera aitortuko dira ekonomikoki, maila eta lanbide-talde bakoitzerako urtero ezarritako zenbatekoen arabera, aurrekontu-legeen arabera.

Ebaluazioa negatiboa bada, profesionalak beste ebaluazio bat eskatu ahal izango du ebaluaziotik bi urte igaro ondoren, mailen behin betiko esleipenaren ebazpenetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz xedatu ez den guztirako aplikagarriak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen, langile ez-sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuan, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuan eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuan jasotako arauak, baita 2008ko ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 5. apartatuan jasota dauden egokitzapenak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango da errekurtsoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 29a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)