Arautegia
Inprimatu1918/2024 EBAZPENA, irailaren 17koa, Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzako Administrazio Ataleko buruaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten baita.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 197
- Hurrenkera-zk.: 4644
- Xedapen-zk.: 1918
- Xedapen-data: 2024/09/17
- Argitaratze-data: 2024/10/09
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Testu legala
Barrualde-Galdakaoko ESIan hutsik dago Langileen Zuzendaritzako Administrazio Ataleko buruaren lanpostua. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea A1/A2 lanbide-taldean.
A1/A2 lanbide-taldeari dagokion titulua edukitzea.
A1/A2 lanbide-taldeko zereginetan gutxienez 3 urteko lan-esperientzia edukitzea.
Hizkuntza-eskakizuna: 3. hizkuntza-eskakizuna; derrigortasun-data: 2022/11/20.
Kontuan hartu beharreko merezimenduak.
Profesionalen arloarekin, estrategiarekin, komunikazioarekin eta parte-hartzearekin lotutako erakundeko lanpostuetan esperientzia izatea.
Esperientzia eta/edo prestakuntza taldeen antolaketan eta kudeaketan.
Proiektuen lidergoan esperientzia edo prestakuntza izatea.
Ezagutza aurreratua honako hauetan: intraneta, parte hartzeko eta informatzeko plataforma, webguneak eta arloarekin lotutako beste aplikazio informatiko batzuk.
Esperientzia irakaskuntza-zereginetan.
Osakidetzaren araudi, protokolo eta prozedurak ezagutzea.
Interesgarritzat jotzen diren eta lanpostu hori betetzeari balioa eransten dioten merezimendu guztiak aurkeztu ahal izango dira (ikasketak, ikastaroak, masterrak, hitzaldiak, hizkuntzen ezagutzak...).
Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berori garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Labeaga Auzoa 46, 48960 Galdakao). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.
Interesdunek Barrualde-Galdakaoko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Labeaga Auzoa 46, 48960 Galdakao), beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren kopia konpultsatua.
Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren kopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia konpultsatua.
Baloratu beharreko merezimendu guztien kopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldutako eran; hala ere, eskatzaileak horren berri eman beharko du eskaeran.
Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak egitea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berori kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.
Hautaketa prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
Prozedura amaitzeko ebazpena.
Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari-gerentearen Ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baita Osakidetzaren intranetean zein web-orri korporatiboan ere argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.
Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Galdakao, 2024ko irailaren 17a.
Barrualde-Galdakaoko ESIko zuzendari-gerentea,
JON GUAJARDO REMACHA.