33. Durrumako herrigunea (DURRUMA, DONEMILIAGA)
4. ETAPA: ARAIA • ALDA
Durruma Donemiliaga, mansio erromatarretik Egilatzeko Ermandadera
Durruma Donemiliaga herrigune txikia da, eta baserriak dira bertan nagusi. Litekeena da Antzinatean Astorga eta Bordele lotzen zituen bide erromatarraren barruan Alba izeneko mansioa bertan kokatzea (mansio: galtzada erromatarreko geraleku ofiziala, bidaiariak gaua pasatzeko). Arkeologiak argitara eman dituen aztarnek agerian uzten dute erromatarren garaian hiriguneak komunikazio-bideen barruan izan zuen garrantzia; adibidez: harlanduz egindako termen eraikina, Goi Inperio garaikoa, eta parrokia-elizaren hormetan aprobetxatu diren erromatar hilarriak.
Geroago, Goi Erdi Aroko herrixka bat izan zen, dokumentuetan lehen aldiz XI. mendean aipatu zena, Donemiliagako Goldean (1025) Sancti Romani izenez agertzen baita. XIV. mendean Arabako lurraldean ermandadeak sortu ziren, herrixkak leinuen arteko gatazka gordinetik defendatzeko, elkarrekin elkartuz eta elkar babesteko akordioak eginez. Durruma Donemiliaga herrixka, beste batzuekin batera, Salvatierrako hiribilduan sartu zen lehenik, eta hiribildu horren baitan jarraitu zuen Salvatierrak Egilatzeko Ermandadea osatu zuenean. Ermandade hori Araban sortu zen hamalau ermandadeetako bat izan zen, eta ordenantzak 1360. urtekoak izan arren, benetan ez dakigu noiz sortu zen. Ermandadean egon zen XIX. mendera arte; ondoren, handik bereizi eta Erdoñanatik gertu egoitza zuen batzar batean sartu zen, gaur egun Donemiliaga udalerria osatzen duten beste herrixka batzuekin batera (Albeiz izan ezik, gaur egun Asparrenakoa baita).
Durruma Donemiliagako multzoa
Herriguneak eliza bikaina du, San Roman parrokia, eta herriaren iparraldean kokatuta dago. Gaur egungo eraikina XVI. mendekoa bada ere, XIII. mendeko beste baten gainean eraiki zuten. Portada eta bataiarri bat geratzen dira lehen garai horretakoak. Portada hegoaldean dago, eta bost arkiboltadun erdi-puntuko arku batez osatzen da. Arkiboltek apaingarri geometrikoak dituzte eta Jakako takeatua. Bataiarriak bost zerrendatan banatutako kopa du, apaingarri geometrikoduna; oina zirkularra da eta ezkatez apaindutako baketoiez osatua; harroin angeluzuzena du, arkuteria gurutzatuz apaindua.
Tenpluak oinplano karratua du, habearte bakarra eta burualde zuzena. Harlanduz eginda dago, eta hormetan erromatar garaiko inskripziodun 26 pieza ikus daitezke. Araba ekialdean (antzinako barduliarren lurraldea) hormetan mota horretako aprobetxatutako materialak dituzten eliza ugari daude, baina San Roman parrokiakoa Arabako multzo ugarienetako bat da. Elizaren barruan, erretaula nagusia Martin Arenaldek XVII. mendean egina da.
Herriaren hegoaldean San Kristobalgo iturri-uraska-latsarria dago, Jose Antonio Garaizabal arkitektoak XIX. mendean proiektatu zuen multzoa. Latsarriaren eraikina oso eraldatuta dago. Haren ondoan tutu bakarreko iturri-aska ageri da, harlanduz eraikia eta frontoi batez errematatutako dekorazio klasikoa duena. Multzo horretatik gertu, Erdoñanatarren leinuko antzinako dorrearen aztarnak kontserbatzen dira: fatxada nagusiaren beheko atala, hain zuzen ere. Harlanduzkoa da, dobeladun atea du erdi-puntuko arkuarekin, eta haren gainean leinuaren armarria ageri da.
Azken aldaketako data: