Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Gertaeren plataforma

Xehetasunak

Plataformaren helburuak

PLATEA Integrazioko gertaeren plataforma sortu da, Eusko Jaurlaritzaren aplikazio batek sortutako informazioa informazio hori kontsumitu behar duten beste aplikazio batzuetara (sailaren eta/edo hirugarrenen aplikazioak) zabaldu ahal izan dadin. Alderantzizko norabidean, Eusko Jaurlaritzatik kanpoko aplikazioek sortutako informazioa jasotzeko aukera ere ematen du, sailen barneko aplikazioek kontsumi dezaten.

Horretarako, administrazioaren komunikazio asinkronoaren arloko beharrizanetara egokitzen den osagai tekniko bat (Bideratzailea/Hedatzailea) diseinatu da. Osagai horrek, «Publish&Subscribe» jarraibidea inplementatuz, informazio jakin bat daukaten mezuak jasotzen ditu eta beste aplikazio batzuetara birbidaltzen ditu.

Gertaeren plataforma erabiltzen duten aplikazioen artean integrazio osoagoa lortzeko, plataforma hori sarrerako eta irteerako kanal batzuez hornitu da. Kanal horiek hainbat komunikazio-teknologia inplementatzen dute:

  • Sarrerako kanalak: jms, http eta webservice
  • Irteerako kanalak: jms, http, webservices, plsql, fitxategiak

Gertaeren plataforma diseinatzean, kontuan hartu da plataforma erabiltzen duten aplikazioek gertaera argitaratzeko eta kontsumitzeko daukaten sare-testuingurua gardena izan dadila. Hala, honako hau bermatzen da:

  • Eusko Jaurlaritzaren sailetako aplikazioen arteko integrazioa
  • Sailetako aplikazioak hirugarrenekin integratzea, http protokoloko kanalak erabiliz PLATEA-Zerbitzuen Integrazioaren gainean

Ikuspegi funtzionala

Integrazio-gertaeren plataformaren funtzionamendua hobeto ulertu ahal izateko, parte hartzen duten eragile/termino guztiak ezagutu behar dira.

Eragilea/Terminoa Azalpena
Gertaera Informazioa barnean duen mezua. Informazio horrek aplikazio sortzaileari buruzko datuak dauzka, baita gertaerari berari buruzko datuak ere. Gertaerak aplikazioek sortzen dituzte, hedatzaileak banatzen dituzte eta aplikazioek kontsumitzen dituzte. Gertaera guztiak gertaeren katalogoan daude erregistratuta
Aplikazio sortzailea EJIEren edozein ingurunetan (intranet, estranet edo internet) egon daitekeen aplikazio informatikoa, bere sarrera-kanaletako batzuen bitartez bere testuinguruko hedatzaileari gertaerak igortzen dizkiona. Aplikazio horiek gertaeren katalogoan alta emanda egon behar dute
Harpidedun aplikazioa EJIEren edozein ingurunetan (intranet, estranet edo internet) egon daitekeen aplikazio informatikoa, bere testuinguruko hedatzailearen gertaerak jasotzen dituena. Aplikazio horiek harpidedunen erregistroan alta emanda egon behar dute
Hedatzailea/ Bideratzailea Aplikazio informatiko horrek gertaerak jasotzen ditu sarrera-kanalen bitartez, gertaeren katalogoarekin erkatuta balidatzen ditu eta harpidedunen helbideetara igortzen ditu irteera-kanalen bitartez. Sartzen den informazioa eta irteten dena berbera da, sarrerako eta/edo irteerako kanaletan edozein teknologia erabiltzen dela ere
Gertaeren katalogoa Datu-basearen eredu horrek gertaera baten ezaugarriak eta propietateak definitzen ditu eta gertaera hori aplikazio batekin edo batzuekin lotzen da
Harpidedunen erregistroa Datu-basearen eredu horrek harpidetza baten ezaugarriak definitzen ditu, adibidez irteera-kanala, loturaren helbidea, harpidetzen den gertaera eta testuingurua

Honako hau da Hedatzailearen/Bideratzailearen funtzionamendua:

  • Aplikazio sortzaile batek gertaera bat argitaratzen duenean, gertaera hori Hedatzailean/Bideratzailean jasotzen da bere sarrera-kanalaren bitartez
  • Mezua jaso ostean, honako hau egiaztatzen da:
    • Mezuak gertaeren soluzioak definitzen duen formatua daukala
    • Mezua gertaeren katalogoan alta emanda dagoela
    • Mezuak XL-Net segurtasun eskakizunak betetzen dituela (segurtatutako gertaera bat bada)
  • Egiaztatu ondoren, Hedatzaileak/Bideratzaileak harpidedunen erregistroaren barnean bilatzen du zein aplikazio harpidetu zaizkion jasotako gertaerari. Aurkitutako harpidetza bakoitzeko, mezuaren kopia bat bidaltzen du konfiguratutakoaren kanala eta helbidea erabiliz.

Arestian azaldu den prozesu guztiaren aztarnak gertaeren soluzioaren datu-basean geratzen dira, eta aztarna horiek gertaeren kontsola publikoaren bidez ikusi ahal dira.

Gertaeren plataforma erabiliz honako abantaila hauek dauzkate aplikazioek:

  • «Publish&Suscribe» jarraibidea inplementatzea: mezu berbera N hartzaileri igortzea, eta horretarako, aplikazio argitaratzaileak logika hori inplementatu eta/edo administratu behar ez izatea
  • Entregaren eskuragarritasun eta berme handia: gertaeren soluzioaren arkitektura diseinatzean kontuan hartzen da erabateko eskuragarritasuna eskaini behar dela, eta gainera mezuaren entrega bermatu behar dela, harpidedunak konfiguratu ahal duen saio berrien sistema baten bitartez. Harpidetza baten alta ematean, arduradunak errorea gertatuz gero egin beharreko saio berrien kopurua adierazten du, bai eta saio berrien arteko denbora-tartea ere. Beraz, entrega bermatzen da, baldin eta harpideduna gertu badago, berak konfiguratu duen saio berrien kopurua gainditu baino lehen)
  • Komunikazioen gardentasuna, bi mailatako agertokietan:
    • barnekoak: sare korporatiboko testuinguru diferenteetan hedatutako Eusko Jaurlaritzaren aplikazioen arteko komunikazio arazoak konpontzen ditu. Horrela, suebakiaren konfigurazioarengatik elkarren arteko ikusgarritasunik ez duten aplikazioen arteko integrazioa bideratzen da mezu asinkronoak erabiliz
    • kanpokoak: gertaerak argitaratzeko eta/edo kontsumitzeko beharrizana duten sare sektorialetan edo Webean kokatutako Eusko Jaurlaritzako sailen edo hirugarrenen aplikazioen arteko komunikazio arazoak konpontzen ditu. Soluzio hori norabide bikoa da; horrenbestez, aplikazio korporatiboek nahiz hirugarrenek gertaerak argitaratu ahal dituzte eta/edo gertaeretara harpidetza egin ahal dute. Horretarako, http protokolo bidezko sarrerako eta/do irteerako kanalaren eta integrazio-zerbitzuetako plataformak eskaintzen dituen komunikazio-aukeren arteko konbinaketa erabiltzen da
  • Mezuen trazabilitatea: mezuen bizitza-zikloa, Hedatzailera/ Bideratzailera heltzen direnetik harpidedun batzuetan eta besteetan argitaratzen diren arte, sisteman erregistratuta geratzen da aztarna eta guzti
  • Kontsulta-kontsola: aukera ematen du kontsulta gisa egindako laguntza teknikoek gertaeren katalogoko informazioa nahiz sistemak tratatutako gertaeren aztarnak eskura ditzaten. Honako eginkizun hauek osatzen dute kontsola hori:
    • Gertaeren katalogoa: aplikazioen kontsulta, arduradunak, gertaerak eta sisteman erregistratutako harpidetzak
    • Gertaeren aztarnak: gertaera batek, plataforman tratatu den bitartean, izan dituen egoeren jarraipena (jasotzea, bideratzea eta irtetea)

    Platea-Gertaeren Integrazioak, gainera, zerbitzuaren IT kudeaketara bideratutako hainbat tresna eskura jartzen du:

    • Monitorizazioa eta alarmak
    • Gertaeren plataforma bera (bere osagaien egoera) nahiz aplikazioek sortutako argitalpen- eta harpidetza-prozesuen funtzionamendua monitorizatzeko Servlet-a
    • Monitorizaziorako servlet-ak itzulitako informazioa ustiatzeko monitorizazio-tresnen konfigurazioa
    • Hedapenen kudeaketa: gertaeren katalogoa (aplikazioak eta arduradunak, gertaerak eta harpidetzak) konfiguratzeko administrazio-kontsola

    Ikuspegi teknikoa

    Platea-Gertaeren Integrazioa Weblogic/J2EE plataforma estandar baten gainean taxutzen da, eta merkatuko produktu batean ere ez da oinarritzen. Hori hala da, arrazoi honengatik: mezularitzako ereduak inplementatzen zituzten merkatuko aukera batzuk eta besteak aztertu ziren eta aukera horien mugak egiztatu ziren; horren ostean, ad-hoc plataforma bat taxutzea erabaki da, Eusko Jaurlaritzaren komunikazio asinkronoko eskakizunak oinarri hartuta.

    Osagaia Azalpena
    Ereduak Publish & Suscribe mezularitza-eredua inplementatzea
    Teknologia

    WLS 10.3.5 zerbitzariak

    JDK 1.6n egindako garapenak

    Oracle 11g datu-baseak

    Sarrerako kanalak
    • jms: ilaretan oinarritutako kanala. Weblogic batean Queue baliabide gisa hedatuak
    • http: http eskariak entzuten dituen servlet sinple batean oinarritutako kanala
    • webservice: web zerbitzu batek osatzen duen kanala
    Irteerako kanalak
    • jms: mezuak urruneko jms ilara batera bidaltzeko gai den kanala
    • Webservice: urruneko web zerbitzu batera konektatzen den bezero batean oinarritua. Zerbitzu hori harpidedun aplikazioak inplementatuko luke
    • plsql: datu-basearen prozedura biltegiratu batekin konektatzen den kanala. Prozedura hori harpidedunak ezarritakoa izango litzateke
    • http: harpidetza-helbidera http eskaria bidaltzen duen kanala. Helbide hori harpidedunaren servlet bat, ASP, JSP,… izan daiteke
    Sareak eta komunikazioak Sareen integrazio gardena barnean/sailean (sare-testuinguruen artean). Kanpokoekiko/hirugarrenekiko integrazioa (JASO, SARA sarea, Internet) http protokoloaren bidez egiten da, Integrazio-zerbitzuen plataformaren bitartez
    Aztarnak Prozesuak, aztarnak eta metrikak modu asinkronoan sortzea (JMS bidez), Oracle datu-baseak oinarri hartuta
    Gertaeren katalogoa J2EE/WLS-ren gainean Oracle datu-baseen gainean taxututako garapena
    Administrazio-kontsola J2EE/WLS-ren gainean Oracle datu-baseen gainean taxututako garapena

    Prozedura

    Integrazioko Gertaeren plataformaren erabilera errazteko, zerbitzu-plataformarako egin den modu berean, Eusko Jaurlaritzaren IT Kudeaketarekin lerrokatutako lan-fluxua definitu da. Fluxu horren bitartez Laguntza Teknikoek aplikazioen, gertaeren eta harpidetzen alta eskatzen dute Gertaeren plataforman, eta aldaketa horiek modu errazean sustatzen dituzte ingurune batzuetan eta besteetan.

    Horretarako, Gertaeren plataformaren gainean egin beharreko urratsak eta atazak IT Kudeaketako taldeekin batera definitu ondoren, beharrezkoa den dokumentazioa eman da, Laguntza Teknikoek plataforma honetan aldaketak eska ditzaten:

    • Gertaeren plataforman aplikazioaren alta eskatzeko txantiloiak
    • Alta emanda dagoen aplikazioari (edo lehendik dagoen aplikazioari) lotutako gertaerak eta harpidetzak sortzeko txantiloiak
    • Gertaeren plataforma erabiltzeko araudia. Arau horretan plataformaren ikuspegi funtzionala eta teknikoa sartzen da, bai eta plataforma hori erabiltzeko adibideak ere  

    Ez da aplikatzen

    • 1go Bertsioa: 2017-07-03 (azken bertsioa)