Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

EUSKADIKO 2021-2027 LEHENTASUNEKO EKINTZA-ESPARRUA ETA NATURA 2000 SAREAREN FINANTZAKETA

Xehetasunak

Natura 2000 Sarea da Europar Batasuneko natura kontserbatzeko tresna nagusia. Sare horretan 27.000 espazio babestu baino gehiago biltzen dira, eta guztira miloi bat kilometro karratutik gorako azalera hartzen dute (138 aldiz Euskal Autonomia Erkidegoko azalera). Euskal Autonomia Erkidegoan 1.504 km2 sartzen dira Sare horren barruan, lurraldearen % 20,8.

Espazio babestuen sare erraldoi hori kudeatzeaz arduratuko dira Europar Batasuneko Estatuak eta haien eskualdeak. Europar Batasuneko aurrekontuetan ez da partida espezifikorik esleitzen Sarearen kudeaketan sortzen diren gastuei aurre egiteko, nahiz eta erakunde kudeatzaileek zenbait funts eta finantza-tresna balia ditzaketen kontserbazio- eta lehengoratze-ekintzak lagunduta finantzatzeko.

Programazio-aldi bakoitzaren aurretik (egungoa 2014-2020 aldia da), Europar Batasunak dokumentu tekniko bat prestatzen du, Lehentasuneko Ekintza Esparrua deritzana, Natura 2000 Sareak Europar Batasunaren mailan zer premia ekonomiko duen jakiteko. 2019. urtean, 2021-2027 aldirako Lehentasuneko Ekintza Esparrua (LEE) prestatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza arduratzen da Lehentasuneko Ekintza Esparrua lantzeaz.