Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

HANDITU Innova 2022 - Nekazaritza-ekoizpeneko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzak

[HANDITU Innova]

Deskribapena


Xedea

Nekazaritza-ekoizpeneko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzak. Urterokoak edo hainbat urtetarako izan daitezkeen inbertsioen programa batera egokituko dira laguntzak, aurkezten diren proiektuak gauzatzeko denboraren arabera.

Honako hauek dira laguntzen helburuak:

a) Nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea ekoizpen-ratioetan, baita berrikuntza teknologikoa bultzatzea ere, euskal ekoizpen-sektorearen trakzio-elementu gisa.

b) EAEn finkatutako nekazaritza-ustiategietako diharduten enpresek ingurumenean eragin txikiagoa izateko, efizientzia energetikoa hobetzeko, ura aurrezteko eta arazteko eta hondakin eta azpiproduktuak aprobetxatzeko baliagarria izatea.

Aurrekontuko zuzkidura

5.000.000 €

Prestazio ekonomikoa

2022ko eta 2023ko ekitaldietarako 5.000.000 euro erabiliko dira 2022ko Handitu Innova programaren deialdian aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da diru hori, 2015-2020 aldirako LGPren 4.1 neurriaren finantzaketa gehigarri gisa.

Funtsak honela banatuko dira: 2.500.000 euro 2022rako ordainketa-kreditua izango dira, eta gainerako 2.500.000,00 euroak, berriz, 2023rako konpromiso-kreditua.

Nori dago zuzenduta


HANDITU Innova laguntzen onuradunak

Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Eskakizun horiek, zehazki, hauetan jasotako eskakizunak biltzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan aurreikusitako laguntzen araudi-esparrua ezartzen duen otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuko 5. artikuluan aurreikusitako eskakizunak –programa hori 2022aren amaierara arte luzatu da 2020/2220 (EB) Erregelamenduaren eta urtarrilaren 26ko 41/2021 Errege Dekretuaren bidez– eta hainbat laguntzaren eskakizun espezifikoak, eta hauek dira horiek guztiak:

HANDITU Innova laguntzen onuradunek bete beharreko BALDINTZA OROKORRAK:

a) Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Inbertsioak honako hauek egitea:

– Titular edo titularkide gisa pertsona fisiko bat duten ustiategiak (sektorean lehen aldiz kokatzen diren nekazari gazteak izan ezik). Eskakizun hauek betetzen dituen familia-ustiategia:

• Ustiategiaren titularra edo titularkidea izatea eta nagusiki nekazaria izatea.

• 18 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izatea, nekazaritza-jardueraren arabera Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emanda egotea, zerga-betebeharrak eta Administrazio Publikoari lotutako era guztietako betebeharrak egunean izatea, eta nekazaritza-jardueraren ondoriozko erretiro-pentsiorik, ezintasun iraunkor absolutuagatiko pentsiorik edo ezintasun iraunkor osoagatiko pentsiorik ez kobratzea, salbu eta ezintasun hori laguntza-eskabidearen xede den jarduerari lotuta ez badago.

• EAEko dagokion lurralde historikoko nekazaritza-ustiategien erregistroan behar bezala erregistratuta izatea ustiategia.

• Gaitasun eta trebakuntza profesional egokiak egiaztatzea, dela nekazaritza-adarrean gutxienez bigarren mailako lanbide-heziketako titulu akademiko bat duela egiaztatuz, dela nekazaritza-jardueran 2 urte baino gehiago eman dituela frogatuta.

• Sektorean sartzen den 41 urtetik gorako ustiategi-titularraren kasuan, ustiategian sartzen denetik aurrera izan ahalko da laguntza honen onuradun, baldin eta bi urteko epean aurreko eskakizunak betetzen dituela egiaztatzen badu. Epe horretan egiaztatu ezin baditu, jaso dituen laguntzak itzuli beharko ditu.

– Titular gisa pertsona juridiko bat duten elkarte-ustiategiak:

• 1. taldea: Lan-sozietateak, sozietate anonimoak, sozietate mugatuak edo bestelako merkataritza-sozietateak, ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak –LUKKak– eta lan elkartuko kooperatibak, 1305/2013 EB Erregelamenduaren 17.2 artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

• 2. taldea: Nekazaritzako makineria erabiltzeko kooperatibak (NMEK)

  • Nekazaritza-ustiategien titularrek osatuko dituzte, eta pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, baina inor ez da kontratista, kapitalista edo antzeko beste ezein kategoriatako titular izango.
  • Sozietate-partearen gutxienez % 75 nagusiki nekazariak izango dira, eta kapital sozialaren edo banaketa-kuotaren gutxienez % 75, halaber, nagusiki nekazari diren kide edo bazkideen jabetzakoa.
  • Lehen mailako kooperatiben kasuan, bazkideen zerbitzurako makineria-atal bat badute, euren estatutuetan hala jasota badago, atal hori NMEKekin parekatuko da.

– Ondasun-erkidegoen, sozietate zibilen edo titulartasun partekatuko erakundeen kasuan, baldin eta kideen gutxienez % 50 nagusiki nekazariak badira eta kapital sozialaren edo banaketa-kuotaren gutxienez % 50 nagusiki nekazari diren bazkideena bada.

– Sektorean lehen aldiz kokatzen den nekazari gazte bat titular gisa duten ustiategiak.

c) Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) edo Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA) erregistratua egotea, eta eraldatze/merkaturatzearen zatia badu, Animalien Identifikazio Indibidualeko Erregistroan (RIIA).

d) Inbertsioak ez hasita egotea eskabidea aurkeztean. Eskakizun horretatik salbuetsita egongo dira obra zibileko proiektuaren ordainsariak eta makineriaren konturako ordainketak.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

f) Enpresa edo pertsona onuradunak ekonomikoki bideragarriak izatea eta produktuak merkaturatzeko irtenbide normalak izatea.

g) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

h) Proiektuak Euskadin ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzea (21/2013 Legea, 2013ko abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta 3/1998 Legea, 1998ko otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra) –hala badagokio, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez–, baita higiene-araudia eta inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Erkidegoko arauak ere.

i) Jakinaraztea ea diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

j) Jakinarazi egin beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

k) EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Obligazio horien ordainketak egunean dituela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, berme bat eratu bada, zorra osorik estaltzen duena, interes eta gastu guztiak barne direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan eta 52.1 artikuluaren azken apartatuaren azken tartekian aurreikusitakoaren ondorioetarako, pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren sektore publikoaren edozein erakunderekiko zorrik ez dutenean dirulaguntzen itzulketengatik betearazpenaldian, edo, onuradunen edo erakunde laguntzaileen kontra premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoenean, borondatezko aldian erantzun gabeko zorrik ez dutenean.

Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo bermatuta daudenean, edo dagokion ebazpenaren aurkaratzea dela-eta horiek bertan behera uztea erabaki denean.

l) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik (zigor- edo administrazio-arloan), ezta halakoak eskuratzeko desgaitzen dion legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

m) Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana; prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitzealdia amaitu gabe.

n) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zehapenik ez izatea.

o) Kausaren batean erruduntzat jotzeagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa emanda ez egotea.

p) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikoen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuetako ezeinetan, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

q) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

r) Ez izatea egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako ezein lurralde edo herrialdetan.

s) Elkarteen kasuan, horiek ez egotea Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausetan. Eta zigor-arloko delituren bat egin duelako arrazoizko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izatea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko ahala dagoela ziurtatzen duen ebazpen judizial irmoa eman ez bada.

t) Ez egotea ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

u) Diruz lagundu daitekeen proiektuak obra zibil bat badu, proiektua ebaluatzeko unean, agiri bidez egiaztatzea inbertsioa egiteko behar diren lursailak edo higiezinak erabiltzeko aukera ematen duen titulua, gutxienez 10 urterako, eskabidea aurkezten den urtetik aurrera; horrez gain, obra gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenek aurrez eskatuta egon beharko dute.

HANDITU Innova laguntzen onuradunen BETEBEHARRAK:

1. Diruz lagundu daitekeen inbertsioa laguntza emateko ebazpenak edo, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak ematen duen epean gauzatzea; betiere, agindu honetan ezarritako gehieneko mugaren barruan.

2. Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat emango da.

4. Ebazpena eman aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

5. Ekipamendu informatikoen kasuan, onuradunari egiten zaion azken ordainketatik ondorengo 5 urteetan martxan egon beharko dute inbertsioek; gainerako ondasun higigarrien kasuan, guztizko ordainketa egiten denetik ondorengo 7 urteetan. Ondasun higiezinen kasuan, ondasun higiezinen erregistroan inskribatzen direnetik ondorengo 10 urteetan, eta epe horietan ezin izango dira inorenganatu, ezta amortizatu, ezta dirulaguntza helburu baterako jaso bazuten horretaz bestelako baterako erabili ere.

6. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako proiektua partzialki edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.

7. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

8. Agindu honen 5. oinarriko 1. apartatuaren H letran xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskuratzen bada, horren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.

9. Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintza objektibo edo subjektiboak aldatzen badira, horren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, baldintzak aldatu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.

10. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoa aplikatuta, dirulaguntzaren xede diren inbertsio guztietan ikusteko moduan eta agerian jaso beharko da, baita horiei buruz argitaratzen den informazio edo publizitate guztian ere, finantzaketa publikoa dela, hau da, Eusko Jaurlaritzaren funtsak dituela, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera.

11. Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

12. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barnean direla, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke; gutxienez bost urtez gorde beharko dira, azken ordainketa jasotzen denetik aurrera.

13. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez jakinaraztea idatziz Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, deialdi honen 5. oinarriaren 1. apartatuaren i) letran xedatutakoari kalterik egin gabe.

14. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie.

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena / Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza > Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena / Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza > Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


  1. Ziurtatu identifikazio elektronikorako bitarteko bat duzula.
  2. Prestatu dokumentazioa formatu digitalean (dokumentuak digitalizatzeko laguntza).
  3. Sartu online inprimaki honetara.

Ebazpena eta errekurtsoak


Hirugarrenaren datuen alta edo aldaketa "Hirugarrenaren Erregistroan"


Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan altan egon beharko duzu.

Beste tramite batzuk