Diabetesa - Tratamendu farmakologikoa
Zer tratamendu egin behar da hasierako tratamenduak huts egiten badu?
Metmorfinarekin kontrola behar bestekoa ez denean, terapia bikoitzerako sulfonilurea bat gehitzea gomendatzen da. Gliklazidak eta glimepiridak hipogluzemia larriak eragiteko arrisku txikiagoa dute, eta egunean dosi bakarra hartu behar izaten da; horregatik, aukera egokia dira adineko pertsonek hartzeko edo tratamendua betetzea errazteko. Glibenklamidak hipogluzemiak eragiteko arrisku areagotua du. Giltzurrun-gutxiegitasun arin-ertainean (IG 45-60 ml/min), ahal dela, erabili gliklazida, glikidona edo, dosia doituz, glipizida; ez erabili glibenklamida.
Errepaglinida izan daiteke sulfonilureen ordezko aukera bat otordu irregularrak dituzten edo otordu batzuk egiten ez dituzten pazienteetan eta giltzurrun-gutxiegitasuna dutenetan.
Hipogluzemia eta, haren eraginez, ondorio larriak izateko arriskua duten pazienteetan (adibidez, adineko pertsonak, edo altuera handian edo makina astunekin lan egiten dutenak), gizarte-egoera jakinetan bizi direnetan (bakarrik bizi direnak) edo sulfonilurea onartzen ez denean edo kontraindikatua dagoenean, DPP-4ren inhibitzaile bat edo pioglitazona gehitu daiteke sulfonilurea baten ordez.
Pisu-irabaziak arazoak eragiten dituenean, hobe da DPP-4ren inhibitzaileak erabiltzea pioglitazona erabiltzea baino. Pioglitazona kontraindikatuta dago bihotz-gutxiegitasuna duten pazienteetan; halaber, ez da erabili behar hezur-hausturak izateko arrisku handia duten pazienteetan.
Sulfonilurearekin monoterapian tratatzen diren eta metmorfina hartu ezin duten pazienteetan, aztertzekoa da DPP-4ren inhibitzaile bat edo pioglitazona gehitzea.
Pertsonak erantzun metaboliko onuragarria (HbA1c gutxienez % 0,5 jaistea 6 hilabetean) duenean soilik gomendatzen da DPP-4ren inhibitzailearekin edo pioglitazonarekin egindako tratamendua mantentzea.
Epe luzeko eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko daturik ez dagoenez, eta emateko bidea eta duen kostu handia kontuan hartuta, GMI > 35 kg/m2 duten pazienteetan (beste aukera guztiak kontraindikatuta daudenean, onartu ez direnean edo eraginkorrak izan ez direnean) soilik erabili behar lirateke GLP-1en analogoak terapia bikoitzean. Erantzuna gainbegiratzea, eta HbA1c 6 hilabetean gutxienez % 1 jaitsi bada eta pisua gutxienez % 3 gutxitu bada soilik gomendatzen da GLP-1en analogoekin egindako tratamendua mantentzea.
* Berrikuspen-data: 2013ko iraila
Zer tratamendu egin behar da tratamendu bikoitzak huts egiten badu?
Tratamenduan hirugarren botika bat sartzea proposatu behar da, pazientearekin haren onurak eta arriskuak aztertu ondoren, HbA1c-ren kontrola % 7,5 - % 8tik gora edo pazientearen ezaugarriak kontuan hartuta ezarritako helburu-zifratik gora dagoenean.
Helburuko HbA1c eta gehitu beharreko terapia balioesteko, kontuan hartu behar dira, orobat, arazo kardiobaskularrak izateko arrisku-faktoreei aurre egiteko hartzen diren beste neurriak (arteria-presioa, estatinak, dieta, ariketa eta abar). Askotan, arrazoizkoago izan daiteke arteria-presioa edo higiene- eta dieta-neurriak zaintzea hipogluzemia-terapia indartzea baino.
Ezinbestekoa da gehitutako medikamentu berriaren eraginkortasuna egiaztatzea beti, eta segimendurako helburu den HbA1c-maila adostea; oro har, helburu hori ez da izaten monoterapian eta terapia bikoitzean bezain zorrotza.
Ez dago morbilitatean eta heriotza-tasan oinarritzen den daturik botika egokiena zein den aukeratzen laguntzen duenik. Hortaz, tarteko aldagaiak, pazienteen ezaugarriak (adina, gaixotasunaren bilakaera-denbora, autonomia, lan-alderdiak, komorbilitatea) eta tratamenduen kostua hartzen dira kontuan aukera hori egin ahal izateko. Aukeren artean hauek sartzen dira:
- Intsulina gehitzea. Hipergluzemia handia (HbA1c >% 9) duten pertsonetan, intsulinarekin hasi behar da, ahotiko hirugarren botika bat edo GLP-1en analogo bat hartzen hasi aurretik, baldin eta ez badago intsulina ez erabiltzea gomendatzen duen justifikazio sendorik (lan-arrazoiak, hipogluzemiaren ondorioz arrisku handia izatea, injekzioak antsietatea eragitea eta abar). Intsulinarekin izan daitezkeen pauten artean (basala, bi fasekoa eta bolusa), hasteko aukerarik gomendagarriena intsulina basala da.
- Ahotiko terapia hirukoitza. Intsulina hartzeko arazoak dituzten pertsonetan, arrazoizkoa da ahotiko terapia hirukoitza egitea DPP-4ren inhibitzaile bat edo pioglitazona, metmorfina eta sulfonilurea bat konbinatuta. Ahotiko terapia hirukoitza egitea erabakitzen bada, haren eraginkortasuna balioetsi behar da, eta HbA1c sei hilabetean gutxienez % 0,5 murrizten bada soilik jarraitu. Intsulina hartzeak eragin ditzakeen arazoak gutxitu egin daitezke informazio egokia emanda.
- GLP-1en analogoak. GLP-1en analogo bat erabil daiteke hirugarren mailako terapia gisa intsulinaren ordez, GMI = 35 kg/m2 duten paziente obesoetan edo eraginkortasunik ezagatik edo beste pauta batzuetan intolerantzia izan dutelako intsulina hartzeko arazo handiak dituztenetan. HbA1c 6 hilabetean gutxienez % 1 jaitsi bada eta pisua gutxienez % 3 gutxitu bada soilik mantendu behar da GLP-1en analogoekin egindako tratamendua.
- HbA1c % 8 eta % 9 artean duten pertsonetan, intsulina hartzeko arazorik ez badute eta GMI < 35 kg/m2 badute, intsulina da lehentasunezko aukera. Dena den, intsulinaren eta ahotiko terapia hirukoitzaren arteko aukera paziente bakoitzarentzat aztertu behar da, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako alderdiak kontuan hartuta. Intsulina hartzearen abantailak hauek dira: erabilera-esperientzia handiagoa, epe luzeko eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko ziurgabetasun txikiagoa, eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera tratamendua sendotzeko aukera. Desabantailen artean, nabarmentzekoak dira pazientearen bizitzan duen eragina, pisua hartzea eta hipogluzemia.
* Berrikuspen-data: 2013ko iraila
2DMa duten pazienteetan zer eraginkortasun eta segurtasun dute efektu azkarreko eta moteleko intsulinaren analogoek giza intsulinarekin alderatuta?
NPH intsulina dosi bakarrean gauez edo bi dositan hartzea da lehenetsitako pauta (kasu batean zein bestean, metmorfina jartzen jarraituta), kostu txikiagoa duelako.
Ez da gomendatzen intsulina basalaren analogoak (glargina eta detemir) modu orokortuan erabiltzea. Gauez hipogluzemiak izateko arrisku txikiagoa izatea du abantaila, baina kostu bikoitza du.
NPH intsulinaren ordez iraupen luzeko analogo bat erabiltzea gomendatzen da, baldin eta pazienteak gauez hipogluzemiak baditu edo ziztatzeko laguntza (zaintzailea, osasun-sistema) behar badu. Izan ere, analogoak bitik batera murriztuko luke ziztada-kopurua. Detemir eta glargina intsulinek antzeko eraginkortasuna duten arren, glargina, eskuarki, egunean dosi bakarra hartuta erabiltzen da.
2DMa duten eta intsulinarekin tratamendu intentsiboa behar duten pazienteetan, ez da gomendatzen eragin azkarreko analogoak erabiltzea, ez baitute abantailarik.
2 DMa duten eta intsulina-nahasteak behar dituzten pazienteetan, giza intsulina erabiltzea gomendatzen da.
* Berrikuspen-data: 2013ko iraila
Ahotiko botikak hartzen jarraitu behar al da intsulinarekin tratamendua hasi ostean?
Intsulinarekin tratamendua hasten denean, metformina hartzen jarraitzea gomendatzen da.
Hasieran, sulfonilurea bat hartzen jarraitu daiteke, hipogluzemiarik agertzen den gainbegiratuz; hipogluzemia-arriskua badago, dosia jaistea edo tratamendua etetea gomendatzen da. Ez da gomendatzen sulfonilurea eta intsulina-bolusak batera erabiltzea.
Oro har, ez da gomendatzen intsulina pioglitazonarekin konbinatzea, azken horrek dituen ondorio kaltegarriak direla eta.
DDP-4ren inhibitzaileak eta intsulina batera ez ematea iradokitzen da, epe luzera zer segurtasun duen jakin arte eta duen kostuaren ondorioz.
* Berrikuspen-data: 2013ko iraila
Zein da intsulina GLP-1en analogoekin elkartzearen egitekoa?
Ez da gomendatzen GLP-1 intsulinarekin batera erabiltzea; izan ere, ez dago ziurtasunik epe luzera duen segurtasunari buruz, eragin handia du HbA1c-n gain (ez dakigu zenbat iraun dezakeen HbA1c-n gain lortutako onurak), ondorio kaltegarriak eragiten ditu urdail-hesteetan, eta oso kostu handia du.
* Berrikuspen-data: 2013ko iraila
* Berrikuspen-data: 2013ko iraila