Osasun Saila

Diabetesa - Oin diabetikoa

Pie diabético. Evaluación, prevención y tratamiento

Zer da oin diabetikoa?

  • Oin diabetikoak zenbait sindrome biltzen ditu; neuropatiaren, iskemiaren eta infekzioaren ondorioz, ehunetako lesioak edo ultzerak sortzen dira, traumatismo txikien ondorioz. Morbilitate handia eragiten du, eta baliteke anputazioak ere behar izatea.
  • Oin diabetikoaren ultzerak prebenitu egin daitezke estrategia egoki baten bidez: baheketa, arriskuaren sailkapena eta prebentzio- eta tratamendu-neurri eraginkorrak.
  • Hauek dira oin diabetikoa sortzeko arrisku-faktoreak: gaixotasun baskular periferikoa, neuropatia, deformazioak oinean, oin-zolako presio altua, kailuak oin-zolan, diabetesaren bilakaera-denbora, gluzemia-kontrol txarra, aurretiazko ultzera oinean, erretzaile izatea eta ikusmen txarra, besteak beste.

Pie diabético. Evaluación, prevención y tratamiento

Zer izan behar da kontuan oin diabetikoaren ebaluazioan?

  • Oinaren ikusizko ikuskapena deformazioak, hiperkeratosia edo ultzerak hautemateko, eta oinetakoen balorazioa.
  • Arteriopatiaren ebaluazioa: azalaren kolorazioa, tenperatura, pultsuak izatea, ibiltzean mina izatea eta orkatila-besoa adierazlea.
  • Neuropatia sentsorialaren ebaluazioa monofilamentu-testaren bidez.

Nola sailkatzen da oineko ultzerazio-arriskua diabetesa duen paziente batean?

Oinaren arriskuaren ebaluazioa diabetesean
Arriskua (sailkapena) Ezaugarriak Ikuskapen-maiztasuna
Arrisku txikia Sentikortasun kontserbatua, pultsu haztatuak Urtean behin
Arrisku handiagoa Neuropatia, edo pultsurik eza edo bestelako arrisku-faktoreren bat* 3-6 hilean behin
Arrisku handia Neuropatia edo pultsurik eza deformazioaren ondoan edo aldaketak azalean
Ultzera, lehenago
1-3 hilean behin
Oin ultzeraduna   Tratamendua norberari egokitua, bideratzeko aukera

Honako paziente hauekin beharbada zaintza handiagoa egin beharko da: adinekoak, luzaroko diabetea daukatenak, etxeko pazienteak, ikusmen arazoak dituztenak, erretzaileak, arazo sozialak dituztenak edo bakarrik bizi direnak.

Nork egin beharko luke oin diabetikoaren segimendua?

Gure ingurunean, gomendatzen da segimendua erizaintzako kontsultetako kontrol-bisitetan egitea.

Nola egiten da arteriopatiaren diagnostikoa? Nahikoa da azterketa klinikoa egitea ala Doppler bat egin behar zaie paziente guztiei?

Azterketa kliniko hutsa (sintoma klinikoak, azalaren azterketa, pultsuak haztatzea, murmurioak auskultatzea eta abar) erabilgarria da, baina ez du balio gaixotasuna segurtasunez berresteko edo baztertzeko.

  • Orkatila-besoa adierazlea (OBA) egitea komeni da, Doppler bidez (edo esfigmomanometro bidez, Dopplerrik ez badago), baldin eta horretarako nahiko baliabide eta langile badago.
  • 0,90ko OBA batek edo txikiagoak adierazten du pazienteak arteria-gaixotasun periferikoa duela; 1,1etik gorako OBAk, berriz, arteria-kaltzifikazioek era faltsuan igotako presio bat adieraz dezakete.

Nola egiten da neuropatiaren diagnostikoa?

  • Monofilamentua erabiltzea gomendatzen da. Diapasoia ez da hain erabilgarria (erabili diapasoia monofilamenturik ez dagoenean).
  • Monofilamentu bidezko miaketa oin bakoitzeko oin-zolaren lau puntutan egiten da: lehen behatzean (falange distala), eta lehen, hirugarren eta bosgarren metatartsoen oinarrietan. Jotzen da pazientea sentikorra dela, baldin eta 8/8 puntuazioa lortzen bada. Gidaliburuko 8. eranskinerako esteka.

Pie diabético. Evaluación, prevención y tratamiento

Zer esku-hartze gomendatzen dira paziente diabetikoetan oineko konplikazioak prebenitzeko?

Gomendioak:

  • Ebaluazio-programa egituratuak, arriskuaren sailkapena eta arriskua duen oinaren prebentzioa eta tratamendua gomendatzen dira, anputazio-intzidentziak murriztea lor baitaiteke.
  • Higiene-neurri orokorrak, deformazioak prebenitzeko neurriak eta oinetako egokiak erabiltzea.
  • Oin diabetikoa zaintzen erakustea, osagai ugariko heziketa-programa egituratu batean.
  • Gluzemia-kontrol egokia.
  • Arrisku-multzoko pazienteek, lehen ultzerak izan dituztenek edo oinean deformazio garrantzitsuak dituztenek oinetako terapeutiko edo material ortopedikoa erabiltzea. Podologoen edo trebakuntza egokia izan duten beste profesional batzuen laguntzarekin agindu behar dira halakoak.
  • Erretzeari uzteko aholkua (INFAC deshabituación tabáquica, En situaciones especiales).

Bideratze-irizpideak

Arrisku handiko pazienteak zorrotz zaindu behar dira ohiko erizaintza-kontsultan, eta zerbitzu espezializatuetara bideratu behar dira maila lokalean eskura dauden baliabideen arabera (trebakuntza espezifikoko erizainak, podologoak, oineko unitateak, kirurgia baskularra, eta abar). Arrisku handiko pazienteen segimendua egiteko, trebakuntza espezifikoa behar da.

Pie diabético. Evaluación, prevención y tratamiento

Oineko ultzeraren ebaluazioa

Wagnerren eskala
Gradua Lesioa Ezaugarriak
0 Bat ere ez, "arriskuko oina" Kailu lodiak, metatartso-buru irtenak, behatzak atzapar-eran, hezur-deformazioak
1 Gainazaleko ultzerak Larruazalaren lodiera osoa suntsitzea, gainazaleko zelulitisa
2 Ultzera sakon ez konplikatuak Larruazalean sartzen da, eta tendoiari, gantzari eta lotailuei eragiten die, baina osteomielitisik gabe
3 Ultzera sakon konplikatuak Zabala, sakona, jariakinekin eta usain txarrarekin. Infektatua, osteomielitisa, abzesua
4 Gangrena mugatua Oinaren zati baten nekrosia
5 Gangrena zabala Oin osoa kaltetua, efektu sistemikoak

Tratamendua

Aposituak

  • Apositu esteril ez-itsasgarriak erabiltzea gomendatzen da, exudatua xurgatzeko gai direnak, ibiltzean askatzen ez direnak eta zauria ikuskatzen uzten dutenak.
  • Ez dakigu zer apositu-mota diren eraginkorrenak; beraz, esperientzia klinikoaren, pazienteen lehentasunen, infekzioa dagoen tokiaren eta kostuaren arabera hautatzea gomendatzen dugu. Desbridatzaile gisa erabiltzen diren hidrogelak gaza baino hobeak dira.

Desbridatzea

  • Ehun nekrotikoa kirurgia bidez kendu behar da orbaintzen laguntzeko. Hidrogel-aposituak desbridatzaile gisa erabiltzeak orbaintzen lagundu dezake.
  • Iskemia larriko kasuetan, pazientea bideratzea komeni da.

Presioa arintzeko ferulak eta gailuak

  • Oinetan ultzera ez-infektatuak eta ez-iskemikoak dituzten diabetikoei oin-zolako presioa txikitzeko erabiltzen diren gailuak dira erabateko ukipeneko ferulak. Ez dira erabili behar iskemia larriko kasuetan.
  • Erabateko ukipeneko ferulen ordez erauzi ezin diren beira-zuntzezko ferulak erabil daitezke, denbora gutxiago eta langile tekniko gutxiago behar baita horrelakoak jartzeko. Langile espezializatuen zaintzapean agindu behar dira.

Kultura mikrobiologikoa eta tratamendu antibiotikoa

  • Ez da gomendatzen errutina-kultura egitea oin diabetikoko ultzeretan, balio diagnostiko mugatua baitute.
  • Ultzera progresiboak dituzten, orbaintzen ez diren eta infekzio aktiboko zeinu klinikoak dituzten pazienteei tratamendu intentsibo sistemikoa egin beharko litzaieke.
  • Mikroorganismo probableenetan oinarrituta eta erresistentzia lokalen patroiaren arabera hautatu behar da ATBa, anaerobioak eta aerobioak hartzen dituzten espektro zabaleko antibiotikoekin.

Kolonien faktore estimulatzaileak

Ikerketa gehiago egin beharko lirateke oin diabetikoaren infekzioak dituzten pazienteetan kolonien faktore estimulatzaileen funtzioa zein den jakiteko. Ohiko tratamenduei erantzuten ez dieten infekzio larrietan probatu litezke (zelulitis zabala, gorputz-adarrak arriskuan jartzen dituzten infekzioak).