Diabetesa - HbA1c-ren helburu-zifrak
Hemoglobina glikosilatuaren (HbA1c) zer maila lortu nahi dira 2DM duten pazienteetan?
Gluzemiaren kontrol intentsiboak gutxitu egin dezake zenbait konplikazio mikrobaskular (adibidez, erretinopatia eta albuminuria) izateko arriskua, eta zertxobait gutxitu lezake MIA izateko arriskua ere; baina, kontrola zorrotzegia izatea, % 6tik beherako helburu-zifrekin, heriotza-tasa handiagoarekin lotu izan da. Zenbat eta intentsiboagoa izan tratamendua, orduan eta handiagoa da hipogluzemia larria izateko arriskua. Horregatik, ondo aztertu behar dira izan litezkeen onurak eta arriskuak.
Eskuarki, HbA1-en helburu-zifrak % 7tik beherakoak izatea iradokitzen da. Dena den, helburuak banakako ebaluazioan oinarritua izan behar luke, eta kontuan hartu behar lirateke diabetesaren konplikazioak izateko arriskua, hipogluzemiak izateko arriskua, komorbilitatea, bizi-itxaropena eta pazienteen lehentasunak.
Zorroztasun gutxiagoko helburuak jar litezke, % 7,5 - % 8 artekoak, adinekoentzat, multimorbilitatea duten pazienteentzat eta intsulina bidezko terapia edo terapia hirukoitza hasteko.
HbA1c-ren helburu zorrotzago bat jar liteke, % 6,5etik beherakoa, paziente gazteetan edo diagnostikoa egin berri zaien eta komorbilitaterik ez dutenetan.
Garrantzitsua da 2 motako diabetesa duten pazienteek parte hartzea haien HbA1c-ren helburu-maila zehazteko erabakian.
* Berrikuspen-data: 2013ko iraila