Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

84/2023 DEKRETUA, ekainaren 13koa, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 129
  • Hurrenkera-zk.: 3268
  • Xedapen-zk.: 84
  • Xedapen-data: 2023/06/13
  • Argitaratze-data: 2023/07/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Bi dira erregistroaren erregelamendu-arau berria egiteko oinarri diren irizpideak: batetik, erregistro-espedienteen izapidetze elektronikoa eta, bestetik, prozedura-sinplifikazioa segurtasun juridikoaren babesarekin orekatu behar dira alderdiok, horixe baita erregistro-zerbitzuaren helburua. Hala, aipatutako bi irizpideak Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan eta azken xedapenetako laugarrenean jasota daude; lege hori (aurrerantzean, abenduaren 20ko 11/2019 Legea) urriaren 7ko 5/2021 Legeak aldatu zuen (Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa).

Euskadiko Kooperatiben Erregistroan ere (aurrerantzean, «Erregistroa») kontuan hartu da prozesu elektronikoak sartu direla Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan araututako erregistro-prozeduran; horren adibide da protokolizatu ondoren notariotzetatik igorritako tresna publikoen izapidetze telematikoa. Nolanahi ere, erregistro-kudeaketaren oinarri diren programa elektronikoak etengabe eguneratu dira, kudeaketa arruntean sortu diren premia operatiboetara egokitzeko.

Era berean, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak nabarmentzen dute prozeduren izapidetze telematikoak administrazio publikoen ohiko jarduera izan behar duela. Horrela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako bitarteko elektronikoen erabilera garatzen eta zehazten du, administrazio-prozeduren izapidetze telematikoa bermatzeko eta herritarrek administrazioarekin bitarteko horien bidez harremana izan dezaten bultzatzeko.

Arau horiek guztiek aukera ematen diete administrazio publikoei erregelamendu bidez ezar ditzaten, batetik, harreman elektronikoak izateko betebeharra eta, bestetik, zenbait dokumentu bitarteko elektronikoz aurkeztu beharra zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela. Hain zuzen ere, baldintza horiek egiaztatuta daude kooperatiben eremuan.

Arau horiek kontuan hartuta, eta gobernuak erregistro-erregelamendu berri bat onartzeari buruz azken xedapenetako laugarrenak dioena betetzeko, indarrean dagoen prozedura berrikusi da, aurrerantzean sinpleagoa eta eraginkorragoa izan dadin eta, horrenbestez, erregistro-espedienteen administrazio-kudeaketa efizienteagoa.

Era berean, ahalegin handia egin da prozedurak bizkortzeko, batez ere sozietate-ibilbidearen une kritikoetan hala nola eraketan, izen berdinik ezaren ziurtagiria eta inskripzioa lortzeko epeak murriztu dira, eta dokumentazioa aurkezten duten eguna jotzen da eratze-datatzat; hori guztia kooperatiba-enpresa berriak sortzen laguntzeko. Oro har, epeak laburtzea eta izapideak sinplifikatzea edo, hala badagokio, ezabatzea hartu dira irizpide gisa erregulazioa berria taxutzean.

Edukiari dagokionez, erregistro-eragiketen funtsezko arau-egitura martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuak arautzen duena eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren maiatzaren 24ko 189/1994 Dekretuak ezarritakoari jarraitzen diona egokia izan da 18 urtean zerbitzu publikoko erregistro-funtzio efikaza eta efizientea emateko. Izan ere, kooperatiben trafiko juridikoaren segurtasuna areagotu du, eta ez du arazo berezirik sortu.

Horiek horrela, oinarrizko substratu horri eusten bazaio, errazagoa izango da erregistro-betebeharrak ohiko moduan betetzea. Gainera, erregistroko arau-esparru egonkorra eratzen du, funtsezko alderdietan behintzat, kooperatiba-enpresei arauak aurreikusteko modua eskaintzen dielako eta ziurtasuna ematen dielako; horrela, kooperatiba-enpresetako buruek arauak hobeto ezagutu eta ulertzen dituzte, eta, ondorioz, erabakiak errazago hartuko dituzte.

Horrenbestez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 129.1 artikuluan jasotakoa betetzen da; hau da, zioen azalpenean justifikatuta dago erregelamendu-arauak premia-, efikazia-, proportzionaltasun-, gardentasun- eta efizientzia-printzipioak eta segurtasun juridikoaren printzipioa betetzen dituela.

Horiek horrela, Erregistroa zerbitzu publikoa denez eta haren helburua kooperatiben trafiko juridikoaren segurtasuna areagotzea denez, Erregistroa arautzeko beharra dago, zeren eta hori baita modurik egokiena are bakarra aipatu berri den helburua erdiesteko, betiere bat etorriz merkatuan diharduten sozietateen erregistro-jardun arruntarekin.

Erregelamenduaren I. titulua Erregistroaren antolaketari, eraginkortasunari eta funtzionamenduari buruzkoa da, haren jarduera-araubide orokorra arautzen du, eta haren egitura, jarduera-eremua eta eginkizunak finkatzen ditu. Era berean, berariaz ezartzen da administrazio-kudeaketa bitarteko telematikoen bidez soilik egingo dela, martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuan jasotzen den betebeharra baita; hargatik eragotzi gabe abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 74. artikuluan ezarritakoa.

Notarioekiko harremana eta elkarreragingarritasuna arautzen dira, elkarrekintzarako modu gisa, administrazioen komunikazioak eta izapideak egiteko bide aurreratuenak erabilita. Horrek administrazio-izapideak sinplifikatzea eta zerbitzu publikoak arrazionalizatzea ekarriko du.

Erregistroak bateratua izaten jarraituko du, zeren eta ez baitira aldatu erregistroa horrela egituratzeko egon ziren arrazoiak; alegia, bere horretan jarraitzen du erregistro-tituluak kalifikatzeko irizpideak bateratzeko beharrak. Nolanahi ere, aukera ematen da Erregistroaren eginkizun jakin batzuk berez bateratzeko premiarik ez dutenak lan-arloko eskumena duten lurralde-ordezkaritzen bidez deskontzentratzeko. Horrez gainera, dena argiago gera dadin, zehaztu egin da erregistro-eginkizunak nola esleituko diren kooperatiben arloko zuzendaritza eskudunaren eta aipatutako ordezkaritzen barruan.

Lehen esan bezala, dokumentazioa aurkezten den eguna hartzen da inskripzio-datatzat, azken horrek eratze-izaera duenean.

Europako sozietate kooperatiboak Erregistroaren eskumenetik kanpo geratzen dira, Estatuaren eskumen bihurtu direlako eta, ondorioz, Europako sozietate kooperatiboak inskribatzeko liburua desagertu egin delako.

Erregistroaren izaera publikoa berresten da. Halaber, nabarmentzen da, berrikuntzarik ez dakarren arren, interesa duten pertsonek edo entitateek egiaztatu beharko dutela erregistroaren edukira irispidea izateko interesa, eta informazioa zertarako eskatzen duten ere jakinarazi beharko dutela. Zehaztu egiten da datu pertsonalak babesteko arauak eta administrazio-prozedura erkidearenak bete behar direla inskribatu gabeko egintzei edo tituluei buruzko informazioa jasotzeko.

Era berean, jarduteko irizpide batzuk ezartzen dira, Erregistroak, bere eskumen juridikoak egikaritzeaz gain, kooperatibak sustatzeko tresna aktibo gisa funtziona dezan, kontuan hartuta Erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egituretan txertatuta dagoela. Jarduteko irizpide horiek arautuz, sozietate kooperatiboen egintzak eta kontratuak bizkorrago inskribatzea lortu nahi da, kooperatibek Erregistroan egiten dituzten jarduketak eraginkorragoak izan daitezen, hala izan behar duela ondorioztatzen baita Administrazioaren, sozietate kooperatiboen eta horiek taldekatu eta ordezkatzen dituzten elkarteen arteko lankidetza-testuingurutik.

  1. kapituluaren 1. atalean, sozietate kooperatibo txikiak inskribatzeko liburua agertzen da. Liburu hori ez zegoen jasota aurreko erregelamenduan, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzko ekainaren 25eko 6/2008 Legea beranduagokoa delako gaur egun, abenduaren 20ko 11/2019 Legean integratuta dago.

    Azkenik, arautzen da zer prozedurari jarraitu behar zaion erregistro-orriak erreproduzitzeko, horiek galtzen edo hondatzen direnean. Horrez gainera, zenbait epe laburtzen dira, Erregistroaren lana bizkorragoa eta eraginkorragoa izan dadin.

  1. titulua sozietate kooperatiboen inskripzioari buruzkoa da, eta sozietate horien faseak konfiguratzen dituzten erregistro-araubidearen alderdiak eta aldaketa esanguratsu batzuk biltzen ditu.

    Administrazio-organoak hartutako erabakiak edo akordioak dagokion ziurtagiria aurkeztuz egiaztatu behar dira Erregistroan.

    Bestalde, sozietate kooperatibo txikien estatutuak aldez aurretik kalifikatzeko epeak hogeita hamar egunetik hamar egunera laburtu dira; izan ere, halako sozietateek ereduak erabiltzen dituzte estatutuak lantzeko, eta, beraz, errazagoa da haien aldez aurretiko kalifikazioa egitea.

    Alderdi berri gisa, eratze-eskrituraren edukiari dagokionez, etxebizitza-kooperatibei eskatzen zaie sustatutako proiektua sartzea, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 119.1 artikuluan aipatzen den betebeharra egiaztatzeko beste modu batzuk ere txertatuta. Modu horien guztien bidez bermatu nahi da 119.1 artikuluaren helburua betetzen dela; alegia, gutxienez bazkideen % 50ek eratu dutela etxebizitza-kooperatiba. Izan ere, bazkideek eratze-unean duten protagonismoa indartu nahi da horrekin.

    Era berean, etxebizitza-kooperatibek legelari aholkularia eduki behar dute, eta bazkide ez diren pertsonekin egiten dituzten kontratuak legelari horren aldeko irizpenaren mende jarri behar dituzte, helburu soziala errazteko edo osatzeko.

    Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen arabera, bazkideen gutxieneko partaidetza garatzen da, eta kooperatiban bertan edo beste entitate batzuetan partaidetza hori baliatzeko dauden moduak eta mugak ezartzen dira.

    Kooperatibak administratzeko moduak garatzen dira, sozietate kooperatibo txikiak barnean hartuta, eta, berrikuntza gisa, estatutu sozialetan administrazio-sistema alternatiboak ezartzea baimentzen da, aldaketetara jo beharrik ez izateko, betiere administrazio-sistema horiek xehetasunez araututa badaude.

    Orobat, administrazioa artezkaritza-kontseilu baten esku uzten baldin bada, eta kontseilu horrek osaera aldakorra baldin badu, estatutuetan haren maximoa eta minimoa ezarri beharko dira. Osaera hori kasuan kasuko batzarretan finkatuko da, eta kooperatibak, erregistroan inskribatzeko aurkezten dituen tituluetan, nahitaez adierazi beharko du administratzaile bakoitzaren agintaldiaren iraupena.

    Azkenik, administratzaileek ordezkaritza baliatzeko izango dituzten moduak erregulatzen dira, ezartzen diren arauen arabera.

    Bestalde, kooperatiba-taldeek nahitaez jakinarazi behar dizkiote Erregistroari kooperatiba-integrazioak edo -bereizketak, sozietate kooperatibo bakoitzari dagokion erregistro-orrian erabaki horien idatzoharrak efektiboak izan daitezen.

    Administratzaileen eta haien ordezkoen izendapenari dagokionez, inskripzioa egiteko behar diren tituluak ezartzen dira. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen arabera, kontseilari ez den idazkari bat egotea ahalbidetzen da, eta ordezkoen betebeharrak zehazten dira. Gainera, ezartzen da pertsona horiek kargutik kentzen edo aldi baterako kargugabetzen badira, berariaz adierazi beharko dela noiz gertatu den hori.

    Administrazio-organoko kideek kargua uzten baldin badute, eta kontseilari delegatu jarduten bazuten, kontseilari delegatu gisa zuten inskripzioa ofizioz ezereztuko da.

    Orobat, zehaztu egiten da bazkide ez diren hirugarrenei zer ahalmen eman dakiekeen etxebizitza-kooperatiben ahalordeetan. Izan ere, batzarrak hartu behar ditu erabaki nagusiak hala nola kooperatiba eratzea, eraikuntzari lotutako erabakiak, kooperatibako bazkide ez diren hirugarrenekin kontratuak egitea, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 120.2 artikuluak xedatutakoaren arabera.

  1. kapitulua sozietatearen erabakiak aurkaratzeko demanden prebentziozko idatzoharrei buruzkoa da. Han jasotzen dira halako aurkaratzea berekin dakarten arbitraje-demandak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Erregelamenduari lotutako gatazkak ebazteko prozedurei dagokienez.

    Aurrerantzean, helburu soziala aldatu nahi bada, ez da beharrezkoa izango egunkari batean horren berri ematea, baldin eta aldaketa idazkuntzakoa bada eta ez badio eragiten kooperatibaren jardueren edukiari; neurri horren bidez, izapideak arindu nahi dira.

    Berariaz adierazten da edozein motatako entitate bihur daitekeela kooperatiba, eta agintzen da ezen, hala badagokio, jatorriko erregistroak ziurtagiria egin beharko duela indarrean dauden idazpenen eta oztoporik ezaren berri emateko.

    Bat-egiteei dagokienez ezartzen da bat egiteko eskrituran administratzaileek adierazi beharko dutela akordioa aurkaratzeko epea igaro dela eta epe horretan ez dela erreklamaziorik aurkeztu, edo erreklamazio horiek ebatzi direla.

    Zatiketei dagokienez, adierazi egin behar da zer zatiketa mota den eta zer ondorio izango dituen, zatitzeko arrazoia aintzat hartuta. Halaber, ondare-bereizketa edo bazkideak inskribatzeko erregistro-betekizunak ezarri dira, bai eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostenak sartu beharra ere. Bat-egite bereziak direnean ere, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostenak erantsi beharko dira, nahitaezkoak baitira.

    Kasu berezi bat zehaztu da etxebizitza-kooperatibak desegiten direnerako. Izan ere, halako kooperatibak desegin behar dira lokalak edo etxebizitzak adjudikatu ondoren, eta, betiere, berme-epea eta ezkutuko akatsak direla-eta entitate sustatzaile modura erantzuteko aurreikusita dagoen legezko epea igaro eta gero. Bada, etxebizitza-kooperatibek aukera izango dute Erregistroan egiaztatzeko, desegite-eskrituran egilesleak hala adierazita, bazkide ez den hirugarren batek bermatu duela ezkutuko akats horien ordainketa. Horrez gain, aseguratutako kopuruak jakinarazi beharko dituzte, bai eta ordainketa zer entitatek bermatzen duen ere.

    Egiaztatzeko modu hori erabiliz, bete egiten da abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 118.2 artikuluaren bidez lortu nahi den helburua, ziurtatzen baita bazkide ez den hirugarren batek erantzungo diela adierazitako betebeharrei; gainera, egiaztatzeko modu horri esker, kooperatibak ez du pertsona juridiko izaten jarraitu beharko jarduera amaitu eta gero.

    Likidatzaileak izendatzeari dagokionez, salbuespenezko aukera berri bat ematen da; hain zuzen ere, entitatearen bazkide ez diren pertsona fisiko zein juridikoak izenda daitezke likidatzaile, desenkusatzeko arrazoi zuzenen bat badago.

    Kooperatibak erregistroan ezerezteko, nahitaezkoa izango da eskrituraren kopia elektroniko eskuetsian Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostena eranstea, non adieraziko baita nahitaezko erreserba-funtsaren eta, halakorik balego, kooperatibaren hartzeko likidoaren soberakina Goren Kontseiluaren esku jarri izana.

  1. titulua kooperatiben elkarteak inskribatzeari buruzkoa da. Halako elkarteek aurreko erregulazioari eusten badiote ere, zenbait berritasun sartu dira, hala nola esplizitatu egiten da jarduera kooperatibizatua nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan bete beharko dutela eta elkartearen zatiketa-araubidea estatutuetan jaso beharko dutela.

    Azkenik, IV. tituluak Erregistroaren beste eginkizun batzuk jorratzen ditu.

    Nahitaezkoak diren liburuak gaitu edo legeztatzeko betebeharra 2. artikuluan bildutako kooperatiba-entitate orori zabaltzen zaio, ez bakarrik kooperatibei. Betebehar hori betetzeko, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 74.1 artikuluaren a), b) eta c) letretan zerrendatutako liburuak direnean, aukeran edukiko da horiek gaitzea ala legeztatzea, eta 74.1 artikuluaren d) eta e) letretan zerrendatutako liburuak direnean, berriz, legeztatu egin beharko dira.

    Gaikuntza-prozeduran, eskaera, ebazpena, jakinarazpenak eta gainerako administrazio-izapideak modu telematikoan egin behar dira. Liburuak, ordea, lehen bezala, formatu fisikoan entregatu behar dira Erregistroan, eginbidea egiteko eta zigilatzeko, azken izapide hori ezin baita bitarteko elektronikoen bidez egin.

    Kontrara, liburuak eta akten kopia ziurtatuak legeztatzeko prozedura elektronikoa izango da oso-osorik. Aukera ematen da liburuak eta akten kopia ziurtatuak fitxategi enkriptatuetan bidaltzeko Erregistrora, haien konfidentzialtasuna gordetze aldera, eta zigilatze-izapiderako erabiltzen ziren sistema tradizionalen ordez hatz-marka digitala kalkulatzeko sistema erabiliko da.

    Izapidetze telematikoa kontu-gordailuan ere nagusitzen da, baina administrazio-prozeduran ez da funtsezko aldaketarik egin. Kontuak onesteari buruzko ziurtagiriak, eskaerak bezalaxe, elektronikoki sinatuta egon behar du, eta horrek legitimazioaren edo sinaduraren autentifikazioaren izapidea ezabatzen du. Aitzitik, eutsi egiten zaio urteko kontuen alea eta, hala badagokio, auditoretza-txostena, kudeaketa-txostena eta gordailutzeko aurkezten den gainerako dokumentazioa eskuz sinatzeko aukerari. Azken kasu horretan, dokumentazio horren kopia digitalizatua aurkeztuko da.

    Oso garrantzitsua da sozietate kooperatiboek urteko kontuak Erregistroan gordailutzea; beraz, urteko kontuak aurkezteko ezarri den eguna baino beranduago aurkezten den dokumenturik ez da inskribatuko. Hala ere, sozietateak behar bezala funtzionatzeko edo behar bezala likidatzeko ezinbestekoak diren egintza batzuekin salbuespena egingo da.

  1. kapituluan izenak lantzen dira. Zehazten da, adibidez, noiz erabil daitekeen «talde» terminoa izenean; izena lagatzea ahalbidetzen da, horretarako baldintzak ezartzen dira, eta ziurtagiria barne hartzen duen ebazpena emateko modua ere finkatzen da; izendapen horrek hemezortzi hilabetez izango du balioa, ebazpen-egunetik zenbatzen hasita.

    Azkenik, IV. kapitulua kontsulta-eginkizunari buruzkoa da, eta ezartzen da kontsultak erregistroan inskribatu beharreko gaiei buruzkoak baino ez direla izango, betiere alderdien arteko gatazkarik sortzen ez badute.

    Horrenbestez, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen azken xedapenetako laugarrena garatzeko, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 13an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako erregistro-inskripzioko espedienteak une horretara arte indarrean egon diren xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Indargabetuta geratzen da martxoaren 29ko 59/2005 Dekretua, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duena, bai eta arlo horretan dekretu honen aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ordezko araubidea.

  1. Epeei, espedientean pertsonatzeari, ordezkaritzari eta berariaz abenduaren 20ko 11/2019 Legean, dekretu honetan eta garapen-arauetan espresuki erregulatuta ez dauden gainerako prozedurazko alderdiei dagokienez, administrazio-prozedura erkideari buruzko arauak aplikatuko dira.

  2. Eduki juridiko-pribatuko alderdiei dagokienez, abenduaren 20ko 11/2019 Legeak, dekretu honek eta hura garatzeko xedapenek arautzen ez dutenerako, merkataritza-erregistroan inskribatu beharra daukaten sozietateentzako xedatuta dauden erregistro-arauak aplikatuko dira, bateragarriak badira abenduaren 20ko 11/2019 Legearekin eta dekretu honen bidez onartzen den erregelamenduak arautzen dituen erregistro-eginkizunekin eta -ezaugarriekin.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Erregelamenduzko garapena.

    Lan-arloan eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak egiteko, Erregistroaren zenbait eginkizun deskontzentratzeko arauzko neurriak bultzatzeko, erregistroko zerbitzu jakin batzuengatik ordainarazpenak egin daitezela sustatzeko eta erregistro-eginkizunak teknologia berrien garapenak eskain ditzakeen bitartekoetara egokitzeko.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egunera jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 13an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

    IDOIA MENDIA CUEVA.

    EKAINAREN 13KO 84/2023 DEKRETUAREN ERANSKINA

    EUSKADIKO KOOPERATIBEN ERREGISTROAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA.

  1. Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean azaldu eta arautzen den erregistroaren gaineko eginkizuna (lege horri aurrerantzean «abenduaren 20ko 11/2019 Legea» esango diogu) Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen saileko kooperatiben zuzendaritza eskudunari atxikitzen zaio.

    Erregistroaren izaera bateratzailea ezertan eragotzi gabe, sail horretako lurralde-ordezkaritzek gaikuntzei, legeztatzeei eta kontu-gordailuei buruzko eginkizunak beteko dituzte, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

  2. Erregistroak izaera juridikoa du, eta zerbitzu publikoa da. Herritar eta entitate interesdun guztiek doan izango dute erregistrorako irispidea, aldez aurretik interes hori egiaztatzen badute.

  1. Erregistroaren eskumenekoak izango dira lehen mailako, bigarren mailako eta maila handiagoko kooperatibak, kooperatiba-taldeak eta kooperatiba mistoak, egoitza EAEren lurraldean badute eta jarduera kooperatibizatua nagusiki lurralde horretan egiten badute.

  2. Orobat, Erregistroak eskumena izango du kooperatiben batasun, federazio eta konfederazioei eta nagusiki abenduaren 20ko 11/2019 Legearen aplikazio-eremuan sartuta dauden sozietateak eta taldeak biltzen dituzten bestelako elkarteei dagokienez.

  3. Erregistroan inskribatzea hautazkoa izango da, baldin eta, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 152.1 artikuluaren arabera, entitateak pertsonifikatua izan zein ez izan xede ekonomikoa badauka, artikulu honen 1. apartatuan adierazitakoez bestelakoa bada eta aipatutako legean araututako kooperatibek osatzen badute nagusiki.

  1. Hauek izango dira Erregistroaren eginkizunak:

    1. Erregelamendu honetako 2. artikuluan zerrendatutako entitate guztien egintzak kalifikatu, inskribatu eta ziurtatzea, baldin eta, indarrean dagoen araudiaren arabera, Erregistroan jaso behar badira.

    2. Hala dagokionean, nahitaezkoak diren liburuak gaitzea eta legeztatzea.

    3. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 17. artikuluko a) letran aipatzen diren kooperatiben urteko kontuen gordailua eta erabakien ziurtagiria jasotzea.

    4. Kooperatiba-entitateen izenari buruzko ziurtagiriak egitea.

    5. Bere eskumeneko gaien inguruko kontsultei erantzutea.

    6. Kooperatiba berrien sustatzaileei eta dagoeneko eratuta dauden kooperatibetako administratzaileei eta aholkulariei aholkua ematea, kalifikatzeko, inskribatzeko, idatzoharrak egiteko edo gordailutzeko aurkeztutako dokumentuen gaineko zalantzei, gabeziei edo bestelako akatsei buruz.

    7. Abenduaren 20ko 11/2019 Legeak, erregelamendu honek edo hura garatzeko arauek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

  2. Erregistroak informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritutako sistemak erabiliko ditu erregistroko inskripzio- eta publikotasun-prozedurak kudeatzeko.

  3. Kooperatibak sustatzeko tresna aktibo gisa ere eratzen da Erregistroa, ezertan eragotzi gabe haren ebazpenen izaera juridikoa eta jardueraren ondoreak. Horrenbestez, eginkizunak betetzean, jarduteko irizpide hauek aintzat hartuko dira:

    1. Zalantzarik izanez gero, arauak kooperatibaren benetakotasun, garapen eta jarraitutasunerako modurik mesedegarrienean interpretatuko dira.

    2. Interes sozialekotzat joko da kooperatiba berriak sortzea eraketaren, bat-egitearen, zatiketaren, bereizketaren edo transformazioaren bidez, bai eta lehendik daudenak berraktibatzea ere. Beraz, lehentasuna emango zaio halako kasuen espedienteak abiarazteari.

    3. Sustatzaileek planteatutako formulazioa zuzenbidearen araberakoa ez bada, ebazpen ezesleak informazio-ohar bat jaso ahal izango du, adierazpide eta orientatzaile gisako baliozko aukera batzuekin, baldin eta espedientearen konplexutasunak hala eskatzen badu.

    4. Erregistroa lankidetzan arituko da Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin eta beste ordezkaritza-antolakunde batzuekin, Erregistroan gehien erabiltzen diren dokumentuen eredu orientagarriak eta ez-lotesleak egiteko.

    5. Interesdunek hala eskatuta, edo eremuagatik, errolda sozialaren ezaugarriengatik edo espedientetik eratorritako beste datu objektibo batzuengatik egokia dela ikusten baldin bada, erregistro-ebazpenaz gain, eranskin edo azalpen-ohar bat emango da kontzeptu edo termino juridikoei buruz, ahalik eta hizkuntza argienean, ebazpen horren irismenari eta edukiei lotuta, eta adibide argigarriak ere eman ahalko dira.

  4. Eskumena.

  1. Kalifikazio eta inskripzioei buruzko ebazpenak egitea kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularrari dagokio.

    Kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko aholkularitza juridikoaren arduradunari dagokio, aldiz, erregistroa publiko egitea, salbu eta publikotasun-eskaera ukatzen denean; hala gertatzen baldin bada, kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak ebatziko du. Halaber, aholkularitza juridikoaren arduradunak erregistro-orriak beteko ditu, eta kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak inskribatzeko agindu dituen idazpenak sinatuko ditu.

    Aurreko paragrafoan adierazitako funtzionario teknikoa ez badago, haren eginkizunak kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak hartuko ditu bere gain. Azken kasu horretan, kualifikazio teknikoa duen zuzendaritza bereko funtzionario batek proposatutako ebazpena emango da.

  2. Sozietate-izenei buruzko ebazpenak egitea kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularrari dagokio, erregelamendu honen 93.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

    Aurreko 1. apartatuko bigarren paragrafoan adierazi den funtzionario teknikoak dagozkion ziurtagiriak egingo ditu.

  3. Kooperatibaren egoitza soziala non dagoen, hango lan-arloko lurralde-ordezkaritza eskudunaren titularraren eskumena izango da gaikuntzei, legeztatzeei eta kontu-gordailuei buruzko eskaerak ebaztea eta gaikuntzen, legeztatzeen eta kontu-gordailuen fitxategi-liburuetako idazpenak sinatzea.

    Kooperatiben kontu-gordailua izapidetzeko lana esleituta duen funtzionario teknikoari dagokio erregistro-publikotasuna egitea, salbu eta publikotasun-eskaera ukatzen denean; kasu horretan, lan-arloko lurralde-ordezkaritza eskudunaren titularrak ebatziko du.

  4. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 17. artikuluaren ondorioetarako, kooperatiben arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak erantzungo die kontsultei.

Erregistroaren eraginkortasunaren printzipioak dira: publikotasun materiala eta formala, legezkotasuna, legitimazioa, lehentasuna eta segidako traktua.

  1. Erregistroan inskribatzea nahitaezkoa izango da abenduaren 20ko 11/2019 Legeak edo erregelamendu honek hala agintzen duenean.

  2. Oro har, inskripzioak deklarazio-ondorioak izango ditu. Alabaina, kooperatibak eratu, bat egin, zatitu, bereizi, desegin eta berraktibatzeko egintzen eta kooperatiba bihurtzeko egintzen inskripzioek eratze-balioa izango dute.

  3. Eratze-inskripzioei dagokienez, dokumentu bat idatzoharra egiteko aurkezten denean, aurkezpen-datatzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektronikoan jasotzen den eguna.

    Eratze-egintza bat inskribatzeko, espediente bat edo, ondoz ondo, bat baino gehiago abiarazten badira, lehenengo espedientearen data hartuko da aurkezpen-datatzat.

    Data hori berariaz jasoko da dagokion idazpenean.

Inskribatu beharreko dokumentuak kalifikatu egingo dira, eta kalifikazio horrek barnean hartuko ditu dokumentuen legezkotasun formala, dokumentuak egiletsi edo izenpetzen dituztenen legitimazioa, dokumentuen edukiaren eta ondorioen baliozkotasuna eta Erregistroko idazpenena, indarrean dauden legeen arabera.

  1. Erregistroa publikoa da. Hala ere, Erregistroko idazpenen edo bertan artxibatutako edo gordailututako dokumentuen edukira irispidea izan nahi duenak interesdun dela egiaztatu beharko du.

  2. Eskatzaileak alegatutako interesa egiaztatuta dagoenean gauzatuko da publikotasuna, eskatu den xede jakinerako; hain zuzen ere, Erregistroak emandako ziurtagiriaren bidez eta artikulu honen 6. artikuluan adierazitako gainerako bitartekoen bidez gauzatuko da.

    Ziurtagiria da Erregistroko idazpenen edo Erregistroan artxibatutako edo gordailututako dokumentuen edukia modu fede-emailean egiaztatzeko bide bakarra.

  3. Ziurtagiriak telematikoki edo idazki bidez eskatu beharko dira, argi eta garbi adierazita zer alderdi ziurtatu nahi diren; hamar egun balioduneko epean egingo dira ziurtagiriak, eskaera Erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita, salbu eta kasuaren konplexutasunak epe luzeagoaren beharra justifikatzen badu; nolanahi ere, epea ez da inoiz hogei egun baliodun baino luzeagoa izango. Inskribatuta dauden titulu edo egintzei buruzko ziurtagiriak bakarrik eman ahal izango dira; hala ere, inskribatzeke dauden titulu edo egintzei buruzko informazioa eman ahal izango zaie interesdunei izapideen egoerari buruzko informazioa barne, hala eskatzen badute.

  4. Erregistroan inskribatu gabe dauden egintza edo tituluei buruzko informazioa emango da, baldin eta datu pertsonalak babesteko arauetan eta administrazio-prozedura erkidearen arauetan ezarritakoa betetzen bada, bazkide ez diren hirugarrenek prozeduran duten interesari dagokionez.

  5. Idazpen laburren ziurtagiriak artxiboan dauden datuak jasoko ditu, hartara Erregistroaren edukia egiaztatzeko balioko du, berez.

    Ziurtagiria hitzez hitzekoa bada, fotokopiak edo beste edozein erreprodukzio-bide erabiliz egin ahal izango da.

  6. Publikotasuna informazio-ohar soil baten bidez ere gauzatu ahal izango da, edo fotokopia baten bidez, edo beste mota bateko erreprodukzio elektronikoen bidez, eta Erregistroko idazpenen eta han gordailututako dokumentuen edukia erreproduzituko da; orri kopurua eta data ere adieraziko dira, eta behar bezala zigilatuko dira, paper-euskarria erabili bada.

  7. Lan-arloko sail eskudunak horretarako onartzen eta gaitzen dituen kanal telematikoen bidez izango dute interesdunek publikotasun horretarako irispidea.

  8. Egindako erreprodukzioak paperekoak edo elektronikoak ez badaude gordailututako jatorrizko euskarrian, horren berri emango da berariaz ziurtagirian edo oharrean.

  9. Publikotasun formalaren xede diren titulu inskribatuetan jasotako datu pertsonalak mota horretako datuak babesteko indarrean dauden arauen arabera tratatuko dira; beraz, erreproduzitutako dokumentuetan ez dira jasoko erregistro-xederako behar-beharrezkoak ez diren datuak.

  1. Erregistroko liburuen edukia denek ezagutzen dutela uste izango da, eta, beraz, ezingo da haren ezjakintasuna argudiatu.

  2. Inskribatu beharrekoak izanagatik inskribatu gabe dauden egintzek ez dute ondoriorik izango bazkide ez diren fede oneko hirugarrenei dagokienez. Bazkide ez diren hirugarrenek fede ona dutela uste izango da, non eta ez den frogatzen ezagutzen zutela inskribatu beharrekoa izanagatik inskribatu gabe dagoen egintza.

    Inskribatzeko eginbeharra bete ez duenak ezin izango du inskripziorik eza bere alde inbokatu.

  1. Erregistroko idazpenak zehatzak eta baliozkoak direla joko da. Gainera, ondore guztiak sortuko dituzte, zehaztugabetasunaren edo deuseztasunaren deklarazio judiziala inskribatu ezean.

  2. Idazpenen zehaztugabetasun- edo deuseztasun-deklarazioak ez die kalterik egingo bazkide ez diren fede oneko hirugarrenek zuzenbidearen arabera eskuratu dituzten eskubideei. Zuzenbidearen arabera eskuratutako eskubidetzat hartuko dira Erregistroaren edukia aintzat hartuta baliozkoak diren egintza edo kontratuen bidez eskuratzen direnak.

  3. Inskripzioak ez ditu baliozkotzen legeen aginduz deusezak diren egintza eta kontratuak.

  1. Edozein tituluren erregistro-inskripzioa edo prebentziozko idatzoharra egin eta gero, ezin izango da inskribatu edo idatzoharrean jaso beste titulurik, data berekoa edo lehenagokoa bada, edo haren aurkakoa edo harekiko bateraezina bada.

  2. Dokumentuak aurkezten diren hurrenkeraren arabera egingo dira erregistro-eragiketak, eta Erregistroan lehendabizi sartzen direnek izango dute lehentasuna, geroago aurkezten direnen aldean. Hori hala izango da, erregelamendu honen 3.3.b) artikuluan aipatzen diren lehentasun-kasuetan izan ezik.

  1. Subjektu inskribagarri bati buruzko egintzak edo kontratuak inskribatu ahal izateko, subjektuak berak inskribatuta egon beharko du aurretik.

  2. Lehendik egiletsita dauden egintzen edo kontratuen aldaketak edo azkentzeak inskribatu ahal izateko, egintza edo kontratu horiek inskribatuta egon beharko dute aurretik.

  3. Ahaldunek edo administratzaileek egiletsitako egintzak edo kontratuak inskribatu ahal izateko, ahaldunek edo administratzaileek inskribatuta egin beharko dute aurretik.

  4. Administratzaileen, batzorde betearazleko kideen, kontseilari delegatuen, zuzendari kudeatzaileen eta zaintza-batzordeko kideen izendapenak eta kargu-uzteak inskribatzeko, nahitaezkoa izango da lehendik hartu diren erabakiak inskribatuta egotea. Arau bera aplikatuko da kooperatiba-taldeetako organoetako kideak inskribatzeari dagokionez.

  5. Balio osoz hautatuak izan arren, agintaldia indarrean egon diren bitartean inskribatu ez diren sozietate-organoen erabakiak Erregistroan inskriba daitezke, baldin eta eraginkorrak izaten jarraitzen badute.

    Horretarako, indarrean dagoen artezkaritza-kontseiluak ziurtagiri bat egin beharko du, sozietate-organoaren izendapenari eta hark erabakia hartzeko duen legitimazioari buruz, eskatzen diren legezko eta arauzko betekizun guztiak beteta.

1. ATALA

LIBURUAK

  1. Liburu hauetaz arduratuko da Erregistroa:

    1. Sozietate kooperatiboen eta bestelako enpresa-talde batzuen inskripzio-liburua.

    2. Sozietate kooperatibo txikien inskripzio-liburua.

    3. Kooperatiben elkarteen inskripzio-liburua.

    4. Gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburua.

    5. Kontu-gordailuaren fitxategi-liburua.

  2. Erregistroa behar bezala kudeatzeko egokitzat jotzen diren liburu eta fitxategi osagarriez ere arduratu ahal izango da.

  3. Liburu guztiak behar bezala izapidetuta egongo dira, eta folio guztietan Erregistroaren zigilua agertuko da.

  1. Inskripzio-liburuetako orriak mugigarriak izango dira. Goiko eskuineko ertzean, orriaren zenbakia jarriko da, bai eta sozietate kooperatiboaren, bestelako enpresa-taldearen eta sozietate kooperatibo txikiaren inskripzio-zenbakia ere. Kooperatiba-entitate baten orria agortutakoan, zenbaki bereko beste orri bat irekiko da, alfabetoaren lehenengo letrarekin, eta gainerako letrak hurrengo orrietan erabiliko dira.

  2. Erregistro-orria lau zutabe bertikaletan banatuko da. Lehenengo zutabean marjina bat egongo da, orri-bazterreko oharrak han sartzeko. Beste hiru zutabeetan, data, idazpen-zenbakia eta idazpena bera jasoko dira, eta goialdean, «Orri-bazterreko oharrak», «Data», «Idazpen-zenbakia» eta «Idazpenak» epigrafeak agertuko dira.

Sozietate kooperatiboak identifikatzeko, datu hauek jaso beharko dira: kooperatibaren izen soziala, egoitza soziala, lurralde historikoa, kooperatiba mota, helburu soziala, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko zenbakia, IFZ eta gutxieneko kapital soziala, guztiak ere eratzeko uneari dagozkionak.

Kooperatiben batasun, federazio eta konfederazioak eta nagusiki kooperatibak biltzen dituzten bestelako elkarteak identifikatzeko, datu hauek jaso beharko dira: izena, egoitza soziala, lurralde historikoa, mota eta IFZ.

Orriaren goiko eskuineko ertzean entitatearen inskripzio-zenbakia adieraziko da.

Gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburua kooperatiba edo elkarte bakoitzerako fitxa indibidualizatuek osatuko dute, eta datu hauek jasoko dira han: entitatearen izena eta inskripzio-zenbakia, gaitutako edo legeztatutako liburu mota edo aktaren kopia ziurtatua, gaikuntzaren edo legeztatzearen data eta, hala badagokio, dagokion hatz-marka digitala identifikatzen duen ebazpenerako igorpena.

Kontu-gordailuaren fitxategi-liburua kooperatiba edo elkarte bakoitzerako fitxa indibidualizatuen bidez beteko da, eta honako datu hauek jasoko dira fitxa horietan: entitatearen izen soziala eta inskripzio-zenbakia; gordailututako dokumentu mota; gordailutze-data; gordailuari dagokion ekitaldi ekonomikoa, eta hatz-marka digitala identifikatzen duen ebazpenerako igorpena.

2. ATALA

IDAZPENAK

  1. Erregistroko liburuetan idazpen mota hauek egingo dira:

    1. Inskripzioak.

    2. Prebentziozko idatzoharrak.

    3. Ezerezteak.

    4. Orri-bazterreko oharrak.

  2. Hirugarren artikuluaren 4.a) apartatuaren bigarren paragrafoan aipatu den aholkularitza juridikoaren arduradunak idazpenen data jarriko du, eta beraren sinadurarekin idazpenak baimenduko ditu. Idazpen horiek kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren ebazpenean adostutako baldintzetan egingo dira, ebazpen horri erreferentzia eginez.

  1. Idazpenak labur-labur egingo dira, eta inskribatu den dokumentua jasota dagoen artxibora igorriko dute.

  2. Inskribatu beharreko dokumentuak EAEko zein hizkuntza ofizialetan idatzita dauden, hizkuntza horretan jasoko dira Erregistroko idazpenak.

    Dokumentuak erakutsi edo egiaztatzeko, EAEko edozein hizkuntza ofizialetarako itzulpena bermatuko da, interesdunak hala eskatuz gero.

  3. Idazpenak bata bestearen jarraian egingo dira.

    Lehendik inskribatuta dauden datuak edo bestelako inguruabarrak ez errepikatzeko, haien erreferentzia soilak jaso ahal izango dira.

  4. Idazpenean pertsona fisikoaren nortasun-datuak jaso behar badira, haren izen-abizenak adieraziko dira. Pertsona juridikoak identifikatzeko, entitatearen izen soziala adieraziko da.

  5. Kapital sozialari dagozkion kopuruak, datak eta zifrak letraz adieraziko dira. Gainerako kasuetan, zifrak erabili ahal izango dira.

  1. Inskripzio-liburuetan egindako inskripzioak eta horien ezerezteak idazpenen eskuineko zutabean egingo dira, bata bestearen jarraian, eta zenbakien bidez zerrendatuko dira modu korrelatiboan.

  2. Prebentziozko idatzoharrak egin eta ezerezteko, inskripzioak egin eta ezerezteko adierazi den modu bera erabiliko da.

  3. Orri-bazterreko oharrak erregistro-orriaren ezkerreko ertzean egingo dira, eta argi eta labur adieraziko da, hala badagokio, zer lotura duten erregistro-inskripzioarekin.

Gutxienez inguruabar hauek jaso behar dira inskripzio- eta ezerezte-idazpenetan eta prebentziozko idatzoharren idazpenetan:

  1. Dokumentuaren izaera eta mota.

  2. Dokumentua non eta noiz egin den.

  3. Dokumentua baimentzeari edo egiteari buruzko datuak; notario eskueslearen izena edo epailearena, auzitegiarena edo funtzionarioarena, dokumentua publikoa bada; dokumentua pribatua bada, hura sinatu duten pertsonen izenak.

  4. Idazpenaren data eta erregelamendu honen 3.4.a) artikuluaren bigarren paragrafoan aipatu den aholkularitza juridikoaren arduradunaren sinadura.

  1. Inskripzio, ezerezte, prebentziozko idatzohar edo orri-bazterreko ohar batean egindako hutsak zuzentzeko, beste idazpen bat egingo da idazpen horri beste zenbaki bat esleituko zaio, eta bertan garbi adierazi beharko da zein den zuzendu den hutsa, eta idazpenak hasiera-hasieratik nolakoa izan behar zuen.

  2. Idazpeneko hutsen arrazoia idazpena eragin zuen ebazpenean egindako huts materialak badira, huts materialak, aritmetikoak edo egitezkoak zuzentzeko administrazio-prozedura erkidearen arauetan aurreikusitako prozedura aplikatuz zuzenduko dira. Horretarako, beste idazpen bat egingo da idazpen horri beste zenbaki bat esleituko zaio, eta bertan garbi adierazi beharko da zein den zuzendu den hutsa, eta ebazpenak eta, ondorioz, idazpenak hasiera-hasieratik nolakoa izan behar zuen.

  3. Behin idazpena zuzenduta, huts hori duten gainerakoak ere zuzendu egingo dira, nahiz eta beste liburu batzuetakoak izan, aurreko apartatuetan adierazitako modu berean.

Prozedura informatikoen erabilera edo beste edozein arrazoi dela-eta erregistroko liburuak osatzen dituzten erregistro-folioak kontsultatzea zaila baldin bada, bertan jasotako idazpenak erreproduzitu egingo dira, idazpenen edukiaren eta idazpenen tituluen arabera (tituluak ere Erregistroan gordailututa egongo dira), bai eta horiei buruz hartutako ebazpenen arabera ere.

Erreprodukzio hori kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez egingo da, eta beste folio batean inskribatuko da, narriatutako folioari dagokion zenbaki berberarekin. Ebazpen horrek idazpen guztiak bilduko ditu, eta jasota utzi beharko du erreprodukzioak direla.

3. ATALA

ERREGISTRO-PROZEDURA

  1. Inskripzio-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dauden formulario normalizatuak erabiliz aurkeztuko dira, telematikoki.

  2. Dokumentu pribatuak badira, elektronikoki sinatuta egon beharko dute, erregelamendu honen 33. artikuluan adierazitako moduan.

  3. Erregistroan inskriba daitezkeen egintzak jasotzen dituzten notario-dokumentuak baldin badira, horiek ere telematikoki aurkeztuko dira, notario eskueslearen, esku-hartzailearen edo protokoloaren arduradunaren sinadura elektroniko aitortua duen kopia elektroniko eskuetsiaren bidez. Horretarako, Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren Informazio Sistema Zentrala erabiliko da, eta horrek Erregistroaren informazio-sistemarekin behar bezala konektatuta egon beharko du, «Notarioekiko elkarreragingarritasun-pasabidea»ren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Platea «e-Administraziorako plataforma teknologiko»aren bidez edo horiek ordezteko Eusko Jaurlaritzak jartzen dituen e-Administraziorako beste tresna teknologiko batzuen bidez.

    Kopia elektroniko eskuetsiak egitean, berariaz adieraziko da zertarako egin diren eta horretarako bakarrik balioko dute eta hartzailea nor den.

  4. Erregistro-espediente elektronikoa agiri-multzo ordenatu bat da, zeinak biltzen baititu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak abenduaren 20ko 11/2019 Legea aplikatu behar zaien sozietate kooperatiboen Erregistroaren eginkizunak betez sortu, jaso edo txertatzen dituen eskabideak eta gainerako dokumentu elektronikoak; horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren artxibo elektronikoan erregistratuta geratuko dira.

  1. Erregistroko kalifikazioa erregelamendu honen 6. artikuluan adierazitako alderdietara zabalduko da.

  2. Legezkotasun-falta formaltzat hartuko dira dokumentu inskribagarrien baliozkotasunari eragiten diotenak, haien forma zehazten duten arauen arabera, baldin eta aurkeztutako dokumentuetatik ondorioztatzen badira falta horiek.

    Orobat aintzat hartuko dira honako hauek: ez jasotzea, edo behar bezain argi ez aipatzea, inskripzioan nahitaez jaso behar den zernahi inguruabar, inskribatu beharreko dokumentuen egilesleen legitimazioa alde batera utzita erregelamendu hau onartzen duen dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren lehenengo apartatuan aurreikusitako kasua eta dokumentu horien edukiaren baliozkotasuna.

  1. Legezko edo erregelamenduzko xedapen batek kontrakoa adierazi ezean, idazpenak egiteko epea, oro har, hiru hilabete izango da, eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan aurkezten den egunetik aurrera.

  2. Sozietate kooperatibo txikien eratze-eskritura eta estatutu sozialak kalifikatu eta inskribatzeko epea hamar egun izango da gehienez ere, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita. Epe hori bost egunez laburtuko da, baldin eta estatutuak abenduaren 20ko 11/2019 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan aurreikusita dagoen eredua erabilita prestatu badira.

  1. Kooperatiben arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak egingo du erregistro-kalifikazioa ebazpen baten bidez, eta kalifikazio horrek inskripzio-ondoreak soilik izango ditu. Kalifikazioaren ondorioz, erregelamendu honen 3.4.a) artikuluaren bigarren paragrafoan aipatutako aholkularitza juridikoaren arduradunak eskatu den idazpena egingo du, hala badagokio.

  2. Kalifikazioa globala eta bateratua izango da.

  3. Kalifikazio-ebazpenak arrazoitua izan beharko du.

    Idazpena egitea ukatzen den kasuetan, kalifikazio-ebazpenean azalduko dira egitateak eta urratu diren xedapenak, eta argi eta garbi adieraziko dira ukatzeko erabakia eragin duten akats guztiak.

  4. Administrazio-prozedura erkideari buruzko arauetan ezarritako moduan jakinarazi beharko zaie kalifikazio-ebazpena interesdunei.

  1. Tituluak akatsik ez badu, eskatu diren idazpenak egingo dira, aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera.

  2. Tituluak akatsak baditu, inskripzioa ukatu egingo da, horretarako arrazoiak emanda, aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera.

  1. Titulu inskribagarrian egitate, egintza edo negozio independente bat baino gehiago jaso badira, horietako batean atzemandako akatsek ez dute eragotziko gainerakoak inskribatzea; horrenbestez, akatsik gabekoen idazpenak egin egingo dira.

  2. Atzemandako akatsek tituluaren zati bati eragiten badiote eta ez badute eragozten tituluaren gainerako zatiak inskribatzea, inskripzio partziala egingo da. Inskripzioa egin ahal izango da soilik klausula nahiz estipulazio akastunak aukerakoak badira, edo haien ordez beharrezkoak diren lege-arauak ezartzen badira.

  1. Kalifikazio-ebazpenean tituluari akatsa leporatzen bazaio, eta, hortaz, Erregistroan inskribatzea ukatu bazaio, kalifikazio-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, erregelamendu hau aplikatuta. Ebazpena zer organok eman zuen, hierarkian haren goragokoa den organoan aurkeztu beharko da errekurtsoa, eta administrazio-prozedura erkideari buruzko arauen arabera bideratuko da.

  2. Nolanahi ere, zuzenbide substantibo kooperatiboa aplikatuz emandako egintzen aurka, demanda judiziala jarriko da merkataritza-arloko epaitegi eta auzitegietan, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoarekin eta aplikatu behar den prozedura-araudiarekin.

  3. Inskripzioa noren alde egin behar den, pertsona hori egongo da legitimatuta gora jotzeko errekurtsoa jartzeko; orobat legitimatuta egongo dira inskripzioaren ondoreak ziurtatzeko interes ezaguna dutenak, horretarako batzuen eta besteen legezko zein borondatezko ordezkaritza dutenak ageri-agerian, edo ordezkaritza hori modu autentikoan egiaztatzen dutenak.

  4. Kalifikazioaren kontrako errekurtsoek ez dute inola ere kontraesan-izaera edukiko alderdientzat.

1. ATALA

EGINTZA ETA TITULU INSKRIBAGARRIAK

  1. Egintza hauek nahitaez inskribatu behar dira sozietate bakoitzari irekiko zaion orrian:

    1. Kooperatibaren eraketa (lehenengo inskripzioa izango da, nahitaez).

    2. Estatutuen aldaketak.

    3. Administratzaile titularren izendapena eta kargu-uztea.

    4. Batzorde betearazleko kideak eta kontseilari delegatuak izendatzea eta kargutik kentzea, eta zuzendari kudeatzaile bat edo batzuk izendatzea eta kargutik kentzea.

    5. Ahalordetze orokorra, zuzendari kudeatzaileena barne, eta artezkaritza-kontseiluaren ahalmenak batzorde betearazleari edo kontseilari delegatuei modu iraunkorrean eskualdatzekoak.

    6. Zaintza-batzordeko kide titularrak izendatzea eta kargutik kentzea.

    7. Kooperatibaren transformazioa, bat-egitea edo zatiketa.

    8. Kooperatibaren desegitea eta likidazioa.

    9. Konkurtso-deklarazioa, bai eta konkurtso-prozeduran erregistro-publikotasunaren mende dauden gainerako ebazpenak eta egintzak ere.

    10. Aldi batean esku hartzeko neurriak.

    11. Ebazpen judizialak eta administratiboak, legeetan aurreikusitako baldintzetan.

    12. Orokorrean, eginiko idazpenen edukia aldarazten duten egintza edo kontratuak edota legeen zein erregelamendu honen arabera inskribatu behar direnak.

  2. Egintza hauek aukeran inskribatzekoak dira:

    1. Gizarte-kontseiluko eta errekurtso-batzordeko kideen izendapena eta kargu-uztea inskribatzea, bai eta egintza zehatzak egiteko emandako ahalorde bereziak ere.

    2. Ordezkoak inskribatzea, hutsik dauden postuak bete arte.

    3. Auzietarako ahalorde orokorra.

    4. Korporazioaren webgunea sortzea.

  1. Erregelamendu honen 31.1 artikuluko a), b), d), e), g) eta h) letretan jasotako egintzak eskritura publikoan inskribatzeko aurkeztuko dira.

  2. Erregelamendu honen 31.1 artikuluko c) eta f) letretan jasotako egintzak eta 31.2 artikulukoak inskribatzeko ahalordetzeak salbu, horiei artikulu honen 1. apartatua aplikatuko baitzaie, hurrengo artikuluan adierazitako baldintzetan egindako ziurtagiria aurkeztuko da, izenpetzaileen sinadura elektroniko eta guzti.

  3. Erregelamendu honen 31.1 artikuluko i), j) eta k) letretan jasotako egintzak kasuan kasuko ebazpen judizial edo administratiboa betez inskribatuko dira.

  4. Erregelamendu honen 31.1.l) artikuluan adierazitako idazpenen edukia aldarazteko egintzak inskribatzeko, nahitaezkoa izango da aldatu nahi den egintza inskribatzeko eskatu zenaren mota bereko dokumentua aurkeztea.

    2. ATALA

    SOZIETATEAREN ERABAKIEI BURUZKO DOKUMENTAZIOA

  1. Erregistroan inskribatu behar diren batzar orokorraren eta kide anitzeko organoen erabakiak ziurtagiri bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori dagokion artezkaritza-kontseiluko edo kide anitzeko organoko idazkariak eta lehendakariak sinatu beharko dute elektronikoki.

  2. Kide anitzekoak ez diren organoen erabakiak jarduketa-araubidean adierazten den bezala egiaztatuko dira.

  3. Ez da erabakirik inskribatuko, baldin eta erabakiaren ziurtagiria egin duenaren kargua ez badago indarrean eta Erregistroan inskribatuta ziurtagiriaren emate-datan, salbu eta erabakiak indarrean jarraitzen badu eta modu fede-emailean egiaztatzen bada erabakia hartu zuenak horretarako gaitasuna zuela.

    Hala ere, ziurtagiriak egiteko ahalmena duen karguaren titularra izendatzeko erabakiaren ziurtagiria izendatuak berak egindakoa denean, lehengo titularrak ere sinatu beharko du ziurtagiri hori, edo, bestela, lehengo titularrari izendapena modu fede-emailean jakinarazi zaiola frogatzen duen agiria erantsiko du, eta ezin izango da titulua inskribatu, harik eta erregistroan sartu zenetik hamabost egun igaro eta lehengo titularrak inskripzioaren aurka egin ez duela ikusi arte.

    Aurka egin nahi izanez gero, izendapena benetakoa ez dela egiaztatzeko edozein bide erabili beharko da.

  4. Aurreko apartatuetan aipatzen den ziurtagirian adierazi beharko da noiz egin den, bai eta hartutako erabakiaren baliozkotasuna eta erregulartasuna kalifikatzeko behar diren aktako inguruabar guztiak ere. Hain zuzen ere, batzar orokorraren eta administrazio-organoaren erabakiei buruzko ziurtagiriei dagokienez, honako hauek aplikatu behar dira:

    1. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 39.1 artikuluko a), b) eta c) letretan jasotako datuak, kasuan kasuko erabakiari dagozkionak soilik, eta lege horren 39.1 artikuluko d), f) eta g) letretan jasotako datuak, barnean hartuta abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 35.5 eta 36.1 artikuluetan bilera-deia egiteko eta parte hartzeko ezarrita dauden aukerak aplikatzetik eratortzen direnak.

    2. Akta egin zen eguna eta akta hori onartzeko erabili zen sistema.

    3. Artikulu honetan adierazitako gainerako inguruabarrak.

  5. Sozietatearen erabakiak edo estatutu sozialak publiko egiteko eskritura aldatzen bada, akordio horren hitzez hitzeko transkripzioa egin beharko da, non aldatutako artikuluen edo onartutako estatutu berrien testu osoaren hitzez hitzeko transkripzioa jaso beharko baita.

  6. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 77.1 artikuluaren arabera sozietate kooperatiboa behartuta badago legelari aholkularia izendatzera, batzar orokorraren erabakien ziurtagiriek eta administrazioa gauzatzen duen organoak hartutako erabakien ziurtagiriek, inskripzio edo idatzohar bidez Erregistroan idazpena eragin behar dutenek, jasota utzi beharko dute aipatutako erabakiak legelari aholkulariak emandako akta-liburuan agertzen direla, edo, hala badagokio, ziurtatu beharko da sozietatea ez dagoela behartuta legelari aholkularia izendatzera.

Sozietatearen erabakia publiko egiteko eskritura inskribatzeko, nahitaezkoa izango da tituluan jasota geratzea erabakiaren baliozkotasuna kalifikatzeko beharrezkoak diren aktako inguruabar guztiak, erregelamendu honen 33.4 artikuluak xedatutakoaren arabera; nahitaezkoa izango da, halaber, eskrituraren egileslea erabakien ziurtagiriak egiteko ahalmena duen pertsona izatea edo, bestela, erabakia hartu zuen organoak horretarako izendatu duen pertsona.

  1. Eratzen ari den kooperatiba baten kudeatzaileek estatutu sozialen proiektua aurretiaz kalifika dadila eskatu ahal izango dute; horretarako, batzar eratzailearen aktaren kopia bat aurkeztu beharko dute, sustatzaile guztien sinadura elektronikoarekin, aurretiaz kalifikatzeko eskatu den estatutu sozialen proiektua bilduko duena.

    Kalifikazioa, oro har, hogeita hamar eguneko epean egingo da, eskabidea Erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita; epea hamar egunekoa izango da, sozietate kooperatibo txiki baten estatutu sozialen proiektuaren kalifikazioa eskatzen bada.

  2. Erregistroak zuzendu daitezkeen faltak atzematen baditu estatutu-proiektuan, ebazpen arrazoitua egingo du, eta kudeatzaileei zuzendu beharreko alderdiak daudela jakinaraziko die, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 9.2 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

  3. Artikulu honen aurreko apartatuetan aipatzen diren kudeatzaileen ahalmenak baliatu ahal izango dira, baldin eta ez badago batzar eratzailearen aurkako erabakirik.

  1. Eratze-eskritura publikoan, batzar eratzailearen akta jaso behar da salbu eta sustatzaile guztiek eraketa hori notario aurrean egiten dutenean, eta akta horretan bilduko da erabakiak publiko egiteko ahalmena duten pertsonen izendapena.

  2. Bi hilabeteko epea egongo da eskritura egilesteko, batzar eratzailearen egunetik edo estatutu sozialen proiektuaren aurretiazko eta aldeko kalifikazioa egin denetik zenbatzen hasita, baldin eta batzar eratzailea ez bada notario aurrean egin.

  3. Eratze-egintzari dagozkion zergen likidazioa eskatu edo egin dela justifikatu beharko da, aurretiaz, kasu guztietan.

  1. Eratze-eskritura Erregistroan inskribatzeko, batzar eratzailearen akta hala badagokio eta abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 12.2 artikuluan aipatutako alderdiak jaso beharko dira gutxienez. Etxebizitza-kooperatiben kasuan, sustatu den proiektua ere txertatu beharko da, edo notario eskuesleak proiektuaren edukiaz edo aurreikusitako etxebizitza edo lokal kopuruari buruz egindako adierazpena.

  2. Ezingo da kooperatibarik eratu, baldin eta bazkideen kopurua kooperatiba motaren arabera txikiagoa bada legeak ezarritako gutxieneko kopurua baino. Horrenbestez, ez dira zenbatuko abenduaren 20ko 11/2019 Legean aurreikusita dauden beste mota batzuetako bazkideak.

    Kooperatiba eratzean beste mota batzuetako bazkideak biltzen badira, haien izaera zehaztu beharko da.

  3. Berariaz adierazi beharko da sustatzaileek zer kooperatiba mota eratu nahi duten.

  4. Nahitaezko gutxieneko diru-ekarpena egin dela ziurtatzeko, kreditu-erakundean gordailututako zenbatekoen frogagiriak edo ziurtagiriak erabiliko dira, eta notarioari emango zaizkio, eskriturari eransteko.

  5. Egin gabeko ordainketak halakorik badago eskudirutan egin behar badira, ordaintzeko modua eta gehieneko epea zein diren adierazi beharko da, salbu eta azken datu hori batzarrak zehaztu behar duenean.

  6. Ekarpenak diruz ordaintzen ez badira, ekarpenen balioa adierazi beharko da, aditu independenteek egindako txosten bat oinarri hartuta; orobat azaldu beharko da zer ondasun eta eskubide jartzen duen sustatzaile bakoitzak, eta zehaztu beharko dira horien erregistro-datuak, halakorik badago, eta ekarpenaren titulua edo kontzeptua. Inbentarioa eginda dagoenean, eskriturari erantsiko zaio.

    Diruzkoak ez diren ekarpenetan egin gabe dauden ordainketei dagokienez, haien izaera, balioa, edukia eta ordainketak egiteko modua eta epea zehaztu beharko dira. Ordainketak ez badira dagokionean egiten, dirutan ordainduko da haien balioa.

  1. Estatutu sozialen gutxieneko aipamenek, Erregistroan inskribatuak izateko, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 13. artikuluan adierazita daudenekin bat etorri behar dute, eta erregelamendu honen hurrengo manuetan araututako zehaztapenak jasoko dituzte.

  2. Estatutuek, orobat, bazkideek egoki iritzitako itunak eta baldintzak arautu ahal izango dituzte, sozietate kooperatiboa eratzeko printzipioen edo legeen aurkakoak ez badira. Horiek horrela, ez da baliozkoa izango mota bereko bazkideen artean desberdintasun arbitrarioak ezartzea, bazkide horiek fundatzaileak izan zein ez izan.

Aukeratutako izenarekin batera, «kooperatiba-sozietatea» edo «Koop. S.» adieraziko da soilik; sozietate kooperatibo txikien kasuan, berriz, «kooperatiba sozietate txikia» edo «koop. elk. txikia» laburdura.

Profesionalen kooperatibak izanez gero, adierazi berri diren izendapenei «profesionalen» edo «P.» laburdura erantsi beharko zaie.

Horrez gainera, izena baliozkoa izateko, erregelamendu honen 91. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa bete beharko da.

EAEren lurraldearen barruan egongo da kooperatibaren egoitza soziala, bazkideen jarduera gehienak egiten dituen lekuan edo administrazio-kudeaketa eta enpresa-zuzendaritza zentralizatzen dituen lekuan. Jarduera gehienak egiten dituen lekutzat hartuko da establezimendu edo ustiategi nagusia kokatuta dagoen lekua; administrazio-kudeaketaren eta enpresa-zuzendaritzaren zentralizazio-lekuak, berriz, bat etorri beharko du benetako administrazio- eta zuzendaritza-lekuarekin.

  1. Helburu soziala osatzen duten jarduera guzti-guztiak adierazi beharko dira, zehatz eta labur. Helburu hori betetzeko beharrezkoak diren egintza material edo juridikoak aipatzea komeni bada, egintza horiek behar bezala bereizita arautuko dira.

    Kooperatibak berak eta bazkideek garatu beharko dituzte kooperatibaren helburu soziala osatzen duten jarduerak, kooperatiba-konpromisoaren oinarrizko alderdiei dagokienez behintzat. Hala ere, jarduera horiek erraztu, osatu, koordinatu edo integratu ahal izango dituzte kooperatibarekin lankidetzan diharduten beste entitate batzuek, edo kooperatibaren kapital-partaidetza duten beste entitate batzuek, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen esparruan. Helburu soziala etxebizitza-kooperatibak kontratatutako bazkide ez diren hirugarrenek ematen edo osatzen dutenean, kontratu horien aldeko irizpena eman beharko du kooperatiba horretako legelari aholkulariak.

  2. Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatiben estatutu sozialetan, zehaztu egin beharko da zer ahalmen transferitu diren lehen mailako kooperatibatik bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibara, eta, gainera, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 146. artikuluan adierazitako gainerako alderdiak adierazi beharko dira.

  1. Estatutuek kooperatibaren iraupena zehaztu beharko dute.

  2. Epe jakin bat ezarriz gero, epe hori zein den eta noiz hasiko den zehaztuko da. Hala egin ezean, eratze-eskrituraren eguna hartuko da hasiera-datatzat.

Sozietatearen eragiketak hasteko uneari buruz besterik ezartzen ez bada, ulertuko da kooperatiba eratze-eskrituraren egunean hasiko dela eragiketak egiten.

Estatutuetan ezarri ahal izango da sozietate-ekitaldia noiz itxiko den; ekitaldiak ezingo du inoiz urtebete baino luzeagoa izan. Estatutuetan ez bada itxiera-datarik ezartzen, sozietate-ekitaldia urte bakoitzeko abenduaren 31n amaituko da.

Kooperatibaren estatutuetan berariaz jasoko da helburu soziala xedatzen duen jarduera kooperatibizatua EAEren lurraldearen barruan egiten dela nagusiki.

Horrek ez dio ezertan eragotziko kooperatibari bazkide ez diren hirugarrenekin harreman juridikoak askatasunez ezartzea edo helburu sozialarekiko osagarriak diren jarduera instrumentalak edo pertsonalak egitea, EAEren lurraldetik kanpora.

Kooperatibaren lehentasunezko helburua da bazkideen jarduera ekonomiko eta sozialak sustatzea eta haien beharrak asetzea parte-hartze aktiboaren bidez.

Parte hartzeko betebehar hori betetzeko, estatutuetan argi eta garbi ezarriko dira bazkideen partaidetzarako gutxieneko moduluak edo arauak, halako eran, non ahalbidetuko baita haien irismena, betetze-maila eta helburu sozialarekiko koherentzia ezagutzea eta, hala badagokio, ebaluatzea, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 22.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Bazkideek kooperatibaren jardueretan izango duten konpromisoa edo gutxieneko partaidetza honela gauzatu ahal izango da: kooperatibaren jardueretan zuzenean parte hartuz edo, estatutuetan jasota badator, beste entitate batzuetan parte hartuz, betiere kooperatibak entitate horiekiko lankidetzan edo elkarlanean jarduten badu edo haietan parte hartzen badu edo helburu sozialari lotutako interes berezia badu. Jatorrizko kooperatibako bazkide minoritarioek hartuko dute parte beste entitate horietan, salbu eta enpresa premia-egoeran dagoenean, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak eta ekoizpenekoak edo ezinbesteko arrazoiak direla eta.

  1. Kooperatibaren administrazioa administratzaile bakar baten esku utzi ahal izango da, kooperatibako bazkideak hamar baino gehiago ez direnean, edo, bestela, artezkaritza-kontseilu baten esku. Sozietate kooperatibo txikiak administratzeko, gainera, modu solidarioan edo mankomunatuan jarduten duten hainbat administratzaile jar daitezke.

    Edonola ere, administrazio-modu alternatiboak zehaztu ahal izango dira estatutuetan, aurreko paragrafoan aipatutako moduak aintzat hartuta.

  2. Administrazioa artezkaritza-kontseilu baten esku utziz gero, administratzaileen kopuru zehatza adieraziko da gutxienez hiru, edo behintzat kopuru maximoa eta minimoa, eta hori dagokion batzar orokorrak finkatuko du, berritze bakoitzean. Administratzaile bakoitzaren kargualdiak zenbat iraungo duen ere adieraziko da.

  3. Halaber, estatutuetan jasoko da administratzaileei esleitutako ordezkaritza nola gauzatu behar den, arau hauen arabera:

    1. Administratzaile bakarra badago, pertsona horrek izango du, nahitaez, ordezkaritza-ahalordea.

    2. Hainbat administratzaile solidario badaude, horietako edonork izango du ordezkaritza-ahalordea.

    3. Hainbat administratzaile mankomunatu badaude, ordezkaritza-ahalordea batera baliatuko dute.

    4. Artezkaritza-kontseilua badago, hari dagokio ordezkaritza-ahalordea, eta kide anitzeko organo moduan jardungo du. Hala ere, estatutuek kontseiluko kide bati edo gehiagori eslei diezaiokete ordezkaritza-ahalordea, banan-banan edo denei batera.

      Artezkaritza-kontseiluko lehendakariak eta, hala badagokio, lehendakariordeak (kooperatibakoa ere izango da) kooperatibaren legezko ordezkaritza izango dute, ahalorde espezifikoaren beharrik gabe, estatutuek esleitzen dizkieten ahalmenen esparruan, eta, ahalordea eman ondoren, batzar orokorraren edo artezkaritza-kontseiluaren erabakietatik ondorioztatzen diren ahalmen zehatzen esparruan.

  4. Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibei dagokienez, adieraziko da abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 149.2 artikuluaren lehenengo paragrafoan aurreikusitako taldekatze-arauak barne-erregelamenduaren esku uzten diren; bestela, estatutu bidezko erregulazioa ezarri beharko da.

  1. Zaintza-batzordea nahitaez edo borondatez eratzen denean, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 53. artikuluaren arabera, estatutuetan zehaztuko da zenbat kide titular izango diren batzorde horretan gutxienez hiru izan behar dute eta, hala badagokio, zenbat ordezko izango diren. Karguen banaketa ere zehaztuko da, lehendakaria eta idazkaria izendatuko dira, eta haien agintaldiaren iraupena finkatuko da ez da bat etorriko administratzaileen agintaldiaren iraupenarekin.

  2. Kooperatibak beste organo batzuk eratzen dituenean, abenduaren 20ko 11/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera, estatutuetan arautu beharko dira lege-arau horretan eskatzen diren alderdiak.

  3. Zaintza-batzordeko eta manu honetan aipatutako gainerako organoetako idazkariei dagokie hartzen diren erabakiak ziurtatzea, lehendakariaren oniritziarekin.

    49 artikulua. Kooperatiba-taldeak.

    Kooperatiba-taldeen kasuan, inskripzio hauek egin beharko dira:

    1. Taldeburu den entitatea sozietate kooperatibo bat denean, sozietate hori inskribatuko da. Sozietate horrek sustatu beharko du erregelamendu honen arabera Erregistroan sartu behar diren egintza guztiak inskribatzea, eta, gainera, hurrengo apartatuan xedatutakoa ere hartuko da kontuan.

    2. Nolanahi ere, talde batean integratzeko erabakia, taldetik bereiztekoa eta taldea eratzekoa sozietate kooperatibo bakoitzari dagokion erregistro-orrian idatzi beharko dira. Horretarako, taldeek integrazio- eta bereizte-erabakien berri emango diote Erregistroari, edo, bestela, taldea inskribatzeko eskabidearekin batera, eskaera-egunean zeuden taldekideak adieraziko dituzte.

    3. Kooperatiba-talde batean sartzeko eta taldetik bereizteko erregistro-inskripzioak ez dira eratzaileak; beraz, egintza horiek eta taldeak berak eraginkortasuna izango dute abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 154. artikuluan eta erregelamendu honetan aurreikusitako funtsezko baldintzak betetzen diren unetik aurrera.

  1. Administratzaile titular edo ordezkoen izendapenak inskribatzeko, batzar orokorrak egindako aktaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, erregelamendu honen 33. artikuluan ezarritako baldintzak beteta.

  2. Aski izango da artezkaritza-kontseiluaren aktaren ziurtagiria aurkeztea aurreko apartatuan adierazitako baldintzak beteta, betiere, egintza hauek egiteko:

    1. Artezkaritza-kontseiluko kideen kargu-banaketa inskribatzeko, ahalmen hori estatutuz edo legez organo horri badagokio.

    2. Inskribatutako ordezkoak kide titular gisa inskribatzeko.

    3. Kide titular gisa aldi baterako inskribatzeko, izendapena abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 43.7 artikuluan aipatzen diren lanpostu hutsak betetzeko egin bada.

      Aurreko hiru letretan adierazitako kasuetan, ordezkoak karguan arituko dira batzar orokorra egiten den egunera arte edo, bestela, ordeztuei kargualdia amaitzeko falta zitzaien denbora-tartea igaro arte.

      Era berean, aurreko zenbakietan aipatutako izendapenak inskriba daitezke batzarraren edota administrazio-organoaren aktaren notario-lekukotzaren bidez edo notario-aktaren kopia eskuetsiaren bidez, edo eskritura publikoaren bidez.

      Bazkide ez den norbait hautatuz gero, horren berri eman beharko da. Kontseilari ez den norbait idazkari izenda daiteke, baina, hala bada, berariaz adierazi beharko da.

  3. Administratzaileen izendapena ez da inskribatuko, haien onarpena berariaz jasota ez badago.

  4. Ziurtagiriak egiteko ahalmena administrazio-organoaren osaeraren arabera esleituko da.

  5. Pertsona fisiko bat izendatzen bada pertsona juridikoa den administratzaile bati dagozkion eginkizunak bete ditzan, pertsona juridikoak emandako ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da pertsona fisikoaren izendapena. Ziurtagiri horretan, izendatuaren nortasuna eta izendapena baliozkoa den ala ez erakusten duten zer-nolakoak adierazi beharko dira. Ziurtagiri horretan, gainera, pertsona fisikoaren onarpena jasoko da.

  6. Pertsona juridikoa den administratzailea berriz hautatuz gero, lehendik izendatutako ordezkariak karguaren eginkizunak betetzen jarraituko du, espresuki ordezten ez duten bitartean.

  7. Onartzen den une beretik izango ditu ondorioak administratzaile-izendapenak, eta Erregistroan inskribatu beharko da, hogeita hamar eguneko epean, kargua onartzen denetik aurrera kontaturik.

  1. Administratzaileen dimisioa modu hauetako batean inskribatuko da:

    1. Elektronikoki sinatutako dokumentua aurkeztuz; dokumentu horretan, administratzaileak karguari uko egin diola adieraziko du, horretarako arrazoiak azalduko ditu, eta sozietate kooperatiboari jakinarazpen fede-emailea bidali diola ere egiaztatuko du.

    2. Batzar orokorraren edo, hala badagokio, administrazio-organoaren aktaren ziurtagiria aurkeztuz, erregelamendu honen 33. artikuluan ezarritako baldintzak beteta.

  2. Administratzailearen dimisioa inskribatzeko baliatu den dokumentuan, dimisioaren data jaso beharko da.

  3. Administratzailea hiltzen bada edo haren heriotza-deklarazio judiziala ematen bada, sozietateak edo interesdunetatik edozeinek eskatuta inskribatuko da kargu-uztea, Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria erabiliz.

  1. Administratzailea kargutik kentzen bada abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 44.2, 46.2 eta 51.2 artikuluetan adierazitako arrazoiengatik, inskripzioa batzar orokorraren aktaren ziurtagiriaren bidez egingo da. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 44.2 artikuluak xedatutako aldi baterako kargugabetzea, berriz, zaintza-batzordearen edo, hala badagokio, artezkaritza-kontseiluaren aktaren ziurtagiriaren bidez inskribatuko da.

  2. Administratzailea kargutik apartatzen bada ebazpen judizial irmoa eman delako, ebazpen horren edukia eta irmotasuna egiaztatzen dituen lekukotza judiziala aurkeztuz egingo da inskripzioa.

  1. Artezkaritza-kontseiluak ahalmenak eskuordetzeari eta batzorde betearazleko kideen edo kontseilari delegatuen izendapenari buruz hartutako erabakia eskritura publiko bidez inskribatuko da. Eskritura horretan, artezkaritza-kontseiluaren erabaki hori jasoko da, eta eskuordetutako ahalmenak zehatz-mehatz deskribatuko dira.

    Halako erabakiak inskribatzeko, berariaz jaso beharko da izendatutako pertsonek kargua betetzea onartu dutela.

  2. Eskuordetzaren aldaketak edo errebokazioak eskritura publiko bidez inskribatuko dira.

  3. Uko-egitea inskribatzeko, uko-egileak elektronikoki sinatutako dokumentua baliatuko da; dokumentu hori modu fede-emailean jakinaraziko zaio sozietate kooperatiboari.

  4. Kontseilari delegatuen inskripzioak ofizioz ezereztuko dira pertsona horien kargu-uztea inskribatzen denean.

  1. Kasuan kasuko eskritura publikoaren bidez inskribatuko dira honako hauek, eta eskritura horretan jasoko dira, kasuan-kasuan, emandako, aldatutako edo errebokatutako ahalordeak:

    1. Zuzendari kudeatzaile baten edo gehiagoren izendapena eta kargu-uztea.

    2. Beste pertsona batzuen ahalorde orokorrak, horien aldaketak eta ezerezteak.

      Etxebizitza-kooperatiben kasuan, ez da inoiz ahalorderik emango helburu soziala osorik betetzeko egintzak edo kontratuak egiteko, ezta eraikuntzari eta finantzaketari buruz eta bazkide ez diren hirugarrenekin egin beharreko kontratuei buruz oinarrizko erabakiak hartzeko ere.

    3. Edonori emandako ahalorde bereziak, ahalorde horiek inskribatzea aukeratzen bada erregelamendu honen 31.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, eta halako ahalordeen aldaketak eta errebokatzeak.

  2. Eskrituran jasoko da dagokion sozietate-organoak zer ahalmen eman dituen, kasuan kasuko bileraren aktan jasota dagoen erabakiaren ziurtagiriaren babesean, egilesleak hala adierazita.

  1. Batzar orokorrak edo administratzaileek hartutako erabaki inskribagarriak aurkaratzeko demandari buruzko edota sozietatearen erabaki aurkaratuak eteteari buruzko prebentziozko idatzoharra egiteko, hala egitea agintzen duen ebazpen judiziala erabiliko da, Prozedura Zibilaren Legearen 727. artikuluaren eta harekin bat datozenen babesean.

  2. Prebentziozko idatzoharrak ebazpen judizialaren lekukotza bidez aldatuko dira, Prozedura Zibilaren Legean aipatzen diren kautelazko neurriak aldatzen edo kentzen direnean.

  3. Prebentziozko idatzoharrak ebazpen judizialaren lekukotza bidez ezereztuko dira, aurkaratze-demanda epai irmo bidez ezesten denean. Halaber, ezereztu egin beharko dira, ebazpenaren lekukotza baliatuz, akzioari uko egiten zaionean edo instantzian atzera egiten denean.

  4. Aurkaratutako erabaki guztiak edo batzuk deusezak direla deklaratzen duen epai irmoa nahikoa izango da prebentziozko idatzoharrak ezerezteko eta halako erabakiak jasotzen dituzten edo ebazpen judizialarekin kontraesanean dauden erregistro-idazpen guztiak ezerezteko.

  5. Inskribatuta dauden edo inskribatzeko modukoak diren erabakiak etetea dakarten ebazpen judizial irmoen prebentziozko idatzoharra egin ahal izango da, Erregistroak egiaztatzen duenean halakoak daudela. Artikulu honen 3. apartatuan adierazitako kasu eta modu beretan ezereztuko dira idatzohar horiek.

  6. Aurreko apartatuetan ebazpen judizialei buruz aurreikusi ez den guztirako, Prozedura Zibilaren Legeari jarraituko zaio, eta, subsidiarioki, merkataritza-erregistroko araudiak kapital-sozietateentzat antzeko kasuetarako ezartzen duenari.

  7. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Erregelamenduari lotuta dauden euskal kooperatibetako gatazkak ebazteko prozeduren kasuan, arbitroak ebazten badu Erregistroan inskribatu egin behar dela sozietatearen erabakiak aurkaratzea edo erabaki horiek etetea eragin duen arbitraje-demanda, haren idatzoharra egingo da, baldin eta erabakiak inskribagarriak badira, laguntza judizialaren bidez Erregistroari jakinarazitako arbitraje-ebazpenaren babesean.

    Laudoak aurkaratutako erabakien deuseztasuna deklaratzen badu, artikulu honen 4. apartatuan epai irmoetarako araututakoa aplikatuko da.

  1. Estatutuetan egindako aldaketa oro eskritura publikoaren bidez inskribatuko da, eta han datu hauek jasoko dira.

    1. Batzar orokorraren akordioa.

    2. Aldatutako artikuluen edo erabakiari erantsitako artikuluen idazkuntza berriaren hitzez hitzeko transkripzioa.

    3. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 78.1 artikuluan agindutakoa bete dela egiaztatzeko agiriak; hain zuzen ere, batzarraren deialdi-iragarkia eta aldaketa justifikatzen duen txostena aurkeztu beharko dira.

  2. Aldaketak izenari, egoitzari edo helburu sozialari eragiten badio, eskritura publikoan jasoko da erabakiari buruzko iragarkia; iragarki horrek kooperatibak egoitza soziala duen lurralde historikoko zabalkunde handiko egunkari digital edo paperezko egunkari batekoa izan behar du.

    Inskribatu nahi dena sozietatearen helburua arautzen duen estatutu-manuaren idazkuntzaren aldaketa soila bada, ez da beharrezkoa izango egiaztatzea egunkarian argitaratu dela, baldin eta aldaketak ez badie eragiten helburua osatzen duten jarduerei.

Aurreko artikuluan ezarritako moduan inskribatuko dira udal-mugarte beraren barruan egiten diren egoitza sozialaren aldaketak; administratzaileek hartu ahal izango dute halako aldaketen gaineko erabakiak, estatutuetan kontrakorik xedatu ezean.

  1. Kooperatiba bat edozein motatako sozietate zibil, merkataritza-sozietate edo pertsona juridiko bihurtzeak berekin dakar kooperatibaren erregistro-idazpenak ezereztea.

  2. Transformatutako kooperatibaren idazpenak erregistrotik ezerezteko, transformazioaren eskritura publikoa aurkeztuko da Erregistroan, eta, hala badagokio, sozietatearen forma berriari dagokion erregistroan hura inskribatu izana egiaztatzeko agiriak ere bai.

  3. Kooperatibaren transformazio-eskrituran, sozietate berria eratzeko behar diren legezko eta arauzko aipamenez gain, honako hauek jaso beharko dira:

    1. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 89.1.a) artikuluan ezarritako txostena.

    2. Kooperatibaren batzar orokorraren berariazko eta aldeko erabakia, zeina gehiengoz onartua izango baita; hain zuzen, gehiengo hori ez da izango abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 38. artikuluan ezarrita dauden gehiengoetatik kasuari dagokiona baino txikiagoa, bertaratutako eta ordezkatutako bazkideen quorumaren arabera.

    3. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 89.1.b) artikuluan ezarritako betekizunak bete direla ziurtatzeko egiaztagiria.

    4. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kooperatibak egoitza soziala duen lurralde historikoko zabalkunde handiko bi egunkari digitaletan edo paperezko egunkaritan transformazio-erabakia argitaratu izana ziurtatzeko egiaztagiria.

    5. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 89.1.e) artikuluan eta 89.1 artikuluaren azken paragrafoan aipatzen diren balantzeak.

    6. Kooperatiba uzteko eskubidea erabili duten bazkideen zerrenda, ordezkatzen duten kapitala adierazita.

    7. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 89.1.a) artikuluan aipatzen den administratzaileen txostena Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari jakinarazi izana ziurtatzeko egiaztagiria; txosten hori kooperatibak transformazio-erabakia hartu baino lehen jakinarazi behar zaio Goren Kontseiluari.

    8. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostena, nahitaezko erreserba-funtsa eta banatu ezin diren beste funts batzuk (abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 89.4 artikuluan aipatzen direnak) eskura jartzeari buruzkoa, edo, hala badagokio, funts horiek ez daudela jasotzen duena.

  1. Sozietate zibilak, merkataritza-sozietateak, elkarteak, taldeak edo kooperatiba ez diren beste entitate batzuk kooperatiba bihurtzen badira, erregelamendu honen bidez arautzen den Erregistroan inskribatzeko, transformazioaren eskritura publikoak abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 90.2 artikuluan jasotako aipamenak izan beharko ditu. Eskriturarekin batera, artikulu bereko 3. apartatuan aurreikusitako balantzea aurkeztuko da, eta, hala badagokio, han aipatutako txostena ere bai.

    Halaber, jatorriko erregistroak emandako ziurtagiria sartuko da. Bertan adieraziko da ez dagoela oztoporik transformazioa inskribatzeko, eta, hala denean, indarrean jarraituko duten idazpenak hitzez hitz transkribatuko dira.

  2. Kooperatiba bihurtu izanari buruzko inskripzioa erregistratu eta gero, horren berri emango zaio, hala badagokio, transformatu den sozietatea lehendik inskribatuta zegoen erregistroari, dagozkion erregistro-ondorioak izan ditzan.

  1. Bat-egitean parte hartzen duten sozietate guztien administratzaileek bat egiteko proiektuaren ale bat aurkeztuko dute Erregistroan, denen sinadura elektronikoa izango duena eta abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 81. artikuluan ezarritako baldintzak eta edukia izango dituena.

  2. Erregistroak kalifikatuko du, soil-soilik, ea aurkeztu den dokumentua lehen aipatutako legezko manuak eskatutakoa den eta behar bezala sinatuta dagoen, eta, gehienez ere hamabost eguneko epean, orri-bazterreko oharrak egingo ditu, bat-egitean parte hartu duen kooperatiba bakoitzarentzat ireki den orrian, baldin eta legezko betekizunak bete badira.

  3. Bat-egiteari buruz ebatzi behar duen batzar orokorraren deialdia ezin izango da argitaratu bat egiteko proiektuaren orri-bazterreko oharrak idatzi arte, eta esku hartzen duten sozietate guztiei eman beharko zaie horren berri.

  1. Bat-egitearen inskripzioa kooperatiba berri bat sortzeagatik, edo xurgapenagatik kooperatiba parte-hartzaile guztiek egiletsitako eskritura publiko bakarraren bidez egingo da, non, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 86.2 artikuluko aipamenez gain, honako hauek ere jasoko baitira:

    1. Bat-egitean esku hartu duten batzar orokorrek hartutako bat-egite erabakiei buruzko ziurtagiriak, abenduaren 20ko 11/2019 Legeak 83. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    2. Egilesleen adierazpena, beren erantzukizunpean egina, zeinaren bidez jakinaraziko baitute bazkideek eskura izan dutela abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 82. artikuluan aipatutako informazioa, han ezarritako baldintzetan.

    3. Egilesleek adierazi beharko dute bat-egitean parte hartu duten kooperatibetako hartzekodunek ez diotela bat-egiteari aurka egin, hilabeteko epean, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 83.6 artikuluan aipatutako azken iragarkitik zenbatuta.

    4. Bestela, aurka egin duten hartzekodunak zerrenda batean jarriko dira, eta orobat adieraziko dira pertsona horien egoitzak eta kredituen zenbatekoak eta sozietate zordunak edo bat-egitearen ondorioz sortu den kooperatibak kreditu horiek ordaintzeko eman dituen bermeak.

    5. Kooperatiba uzteko eskubidea erabili duten bazkideen identifikazioa eta haien ekarpenak itzultzeko baldintzak, egilesleen deklarazioaren bidez.

  2. Bat-egitearen eskritura publikoari dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

    1. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 83.6 artikuluan aipatzen diren argitalpenen ale bana.

      Bat egiteko erabakiaren iragarkian, berariaz aipatu behar da hartzekodunek aurka egiteko eskubidea dutela.

    2. Prozesu horretan parte hartzen duten kooperatiben bat-egitearen balantzea; hala badagokio, ikuskatuta egongo da. Bat-egitearen balantzetzat jo ahal izango da azkenekoz onartu den urteko balantzea, baldin eta bat egiteko proiektua onartu baino sei hilabete lehenago itxi bada.

    3. Bat-egitean parte hartzen duten kooperatiba guztietako administratzaileek aurreikusi den bat-egitearen egokitasunari eta ondorioei buruz idatzitako txostenak. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 82.g) artikuluan ezarritako aipamenak jaso beharko dira txosten horietan, bai bat-egitean parte hartzen duten kooperatibetako administratzaileei dagokienez, bai, hala badagokio, bat-egitearen ondorioz administratzaile aritzeko proposatuko diren pertsonei dagokienez.

    4. Administratzaileek adierazi beharko dute abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 85.1 artikuluak aipatzen duen erabakia aurkaratzeko epea igaro dela eta hartzekodunek erreklamaziorik aurkeztu ez dutela edo horiek ebatzi dituen epaia irmoa dela.

  1. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 86.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, bat-egitea eraginkorra izan dadin, Erregistroan inskribatu beharko da.

  2. Behin bat-egitearen eskritura Erregistroan inskribatuta, azkenduriko kooperatiben idazpenak ofizioz ezereztuko dira.

  1. Eskritura publikoaren bidez inskribatuko da zatiketa. Eskritura horrek erregelamendu honen 61. artikuluan adierazitako aipamenak jasoko ditu, aplikatzekoak diren neurrian, eta honako hauek zehaztuko ditu:

    1. Nolako zatiketa den erabatekoa, partziala edo ondare-bereizketa, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 88.1 artikuluak zatitzen diren kooperatibei buruz xedatutakoari jarraikiz, eta zatiketaren onuradun diren kooperatibak edo kooperatiba ez diren bestelako entitateak sortu berriak diren edo lehendik zeuden.

    2. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 88.2 artikuluan jasota dagoen proposamen xehatua.

  2. Erabateko zatiketa zein zatiketa partziala denean, nahitaezkoa izango da administratzaile berriak hautatzea, baldin eta onuradunak kooperatiba sortu berri bat edo gehiago badira, edo dauden kooperatibetara igarotzen diren bazkideen kopurua handiagoa bada kooperatiba horiek zatitu aurretik zeukatena baino.

  3. Administratzaileak estatutu-arauak betez hautatuko dira, eta, halakorik ezean, zatitzeko batzarrerako deialdiari jarraikiz. Deialdi horrek arau hauek jaso ahal izango ditu:

    1. Sozietate onuraduna kooperatiba sortu berri bat edo gehiago direnean, zatiketa erabakitzen den batzarrean bertan administratzaileak hautatu ahal izango dira behin-behinean, kooperatiba horiek eratuko dituzten bazkideek bozketa bereizia eginda. Hala ere, hautaketa hori behin betikoa izango da, baldin eta deialdian iragarri bada bilkura bereizi hori batzar eratzaile izan daitekeela.

    2. Sozietate onuraduna lehendik dagoen kooperatiba bat edo gehiago direnean, kooperatiba horietara pasatzen diren bazkideen bozketa bereizia sozietate horien batzar orokorra prestatzeko biltzarrean emandakotzat jo ahal izango da, biltzar horretan zatitutako ondarea nola jasoko den onartu bada.

  4. Zatitzen den kooperatiba azkentzen bada, ezereztu egingo dira hari buruz dauden erregistro-idazpenak; aurrez, lehendik zeuden kooperatibak xurgatuz edo zatituz sortu diren kooperatiba berriak kooperatiba xurgatzaileei dagozkien orrietan inskribatu behar dira. Zatitzen den kooperatiba azkentzeko arrazoia kooperatiba ez diren beste entitate batzuk sortzea edo xurgatzea izan bada, kooperatiba horren erregistro-idazpenak ezereztuko dira entitate horiei dagokien erregistroak jakinarazpena egin eta gero.

  5. Zatiketa partziala bada, kooperatiba bereizleari irekitako orrian inskribatuko da bereizketa, eta zatiketaren onuradun diren sozietateen orrietan, kooperatiba-entitateak direnean sortu berriak zein xurgatzaileak.

  6. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 88.5 artikuluan aurreikusita dagoen ondare- edo bazkide-bereizketak inskribatzeko, sozietate kooperatiboak transformatzeko araututa dauden erregistro-betekizunak aplikatuko dira, erregelamendu honen 58.3 artikuluaren b) letran ezarritakoa salbu. Halakoetan, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen kasuan kasuko erabakia protokolizatzen duen eskritura publikoa aplikatuko da, edo, bestela, funtsen loturarik ezari buruzko erabakia, lege horren 89.4 artikuluan aipatzen dena.

  1. Kooperatibek sozietate zibilekin, merkataritza-sozietateekin edo beste edozein entitate motarekin bat egiten badute kooperatiba berri bat sortuta edo kooperatibek halako sozietateak xurgatuta, hori Erregistroan inskribatzeko, egiaztatu beharko da betetzen direla halako sozietateei aplikatu behar zaizkien legeek eskatzen dituzten alderdiak, eta, hala badagokio, dagozkion erregistro-ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

  2. Bat-egitearen ondorioz sortzen den entitatea sozietate ez-kooperatiboa bada, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostena jasoko da eskrituran, eta txosten horretan adieraziko da abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 89.4 artikuluak xedatutakoa bete den.

  3. Bat-egitean esku hartzen duten sozietate kooperatiboei edota bat-egitearen ondorioz sortzen direnei eta, hala badagokio, kooperatiba xurgatzaileari erregelamendu honetan bat-egite arruntak inskribatzeko jasota dauden arauak aplikatuko zaizkie.

  4. Erregistroa behar bezala koordinatzeko, Erregistroak informazio-, lankidetza- eta kontsulta-harreman egokiak ezarriko ditu bat-egite berezietan parte hartzen duten sozietate zibilak, merkataritza-sozietateak edo bestelako entitateak inskribatuta dauden erregistroen titularrekin, betiere Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 5.2 artikuluan ezarritako printzipioen esparruan.

  1. Kooperatiba desegiten bada sozietatearen iraupen-aldia igarotze hutsa ez den beste arrazoi batengatik, desegite hori Erregistroan inskribatuko da, batzar orokorrak horri buruz hartutako erabakia biltzen duen eskritura publikoaren bidez edo desegitea deklaratzen duen ebazpen judizialaren bidez. Desegitearen inskripzioak eratze-izaera du.

    Eskritura publikoan jaso beharko da bai Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bai sozietateak egoitza duen lurralde historikoko zabalkunde handiko egunkari digital edo paperezko egunkari batean desegiteko erabakia argitaratu izanaren justifikazioa.

  2. Kooperatiba epe jakin baterako eratu bada, epe hori igarotzeak erabateko ondorioak izango ditu, eta Erregistroak kooperatibaren desegitea inskribatu beharko du, ofizioz edo edozein interesdunek eskatuta.

    Kooperatibak epea luzatzea erabakitzen badu, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 38.2 artikuluan ezarritako gehiengoen bidez onartu beharko du erabakia, eta inskribatzeko aurkeztu beharko du eskritura publiko bidez, epea amaitu aurretik. Erregistroan inskribatzen denetik aurrera izango ditu ondorioak luzapenak.

  3. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 118.2 artikuluan jasotako kasuan, kooperatiba desegin beharko da, baldin eta berme-epea eta ezkutuko akatsak direla-eta entitate sustatzaile modura erantzuteko aurreikusitako legezko epea igaro badira, zeina adjudikazioa egiten den egunetik zenbatzen baita, salbu eta estatutuek edo entitate publikoekin sinatutako lankidetza-hitzarmenek epe luzeagoa ezartzen dutenean, edo, bestela, Erregistroan egiaztatzen bada, egilesleak eskritura publikoaren bidez adieraziz, bazkide ez den hirugarren batek ezkutuko akatsen ordainketa bermatu duela, eta aseguratutako zenbatekoak eta ordainketa bermatzen duen entitatea zehazten badira.

  4. Kooperatiba nahitaez desegiten bada deskalifikatua izan delako, erregelamendu honen 73. artikuluan ezartzen dena beteko da desegitea inskribatzeko.

  1. Desegindako kooperatibaren berraktibatzea eskritura publiko bidez inskribatuko da. Eskritura horren bidez dokumentatu beharko da berraktibatzeko erabakia, eta, gutxienez, honako aipamen hauek jaso beharko dira:

    1. Egiaztatu beharko da desegitea eragin zuen arrazoia ezabatu dela.

    2. Administratzaileek edo likidatzaileek beren erantzukizunpean egindako adierazpena, non jasoko baitute ez dela hasi bazkideei ekarpenak itzultzeko jarduerarik.

    3. Bazkideen izen-abizenen zerrenda.

    4. Berriz aktibatzeko erabakia, batzar orokorrak hartua, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 38.2 artikuluan ezarritako gehiengoarekin. Erabaki horretan zehaztu beharko da kooperatiba eraginkortasunez aktibatzeko proiektatutako jarduera.

    5. Hartzekodunekin adostutako hitzarmenaren kopia, konkurtsoa deklaratzen bada.

  2. Berraktibatzea inskribatu aurretik, Erregistroak txostena eskatuko dio Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari, berraktibazioa zuzenbidearekin bat datorren ala ez adieraz dezan.

  3. Kooperatibaren berraktibatzeak ondorioak izango ditu hura jasotzen duen eskritura publikoa Erregistroan inskribatzen den egunetik aurrera.

Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 92.3 artikuluan aipatutakoaren arabera kooperatiba bat judizialki desegiteko demandaren prebentziozko idatzoharra erregelamendu honen 55. artikuluan araututakoaren arabera egingo da.

  1. Likidatzaileen izendapenaren inskripzioa zeinean izendatuek edo, pertsona juridikoen kasuan, haien ordezkariek izendapena berariaz onartzen dutela jasoko baita agiri hauen bidez egingo da:

    1. Desegitearen eskritura publikoa; hor jasoko da batzar orokorrak likidatzaileak izendatzeko hartu duen erabakia.

    2. Erabaki horren ziurtagiria, likidatzaile bakarrak egina edo, hiru likidatzaile edo gehiago badaude, likidatzaileen idazkariak egina, lehendakariaren oniritziarekin eta beharrezkoak diren sinadura elektroniko guztiekin.

    3. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 94.2 artikuluan aipatzen den ebazpen judizialaren lekukotza.

  2. Salbuespen gisa, kooperatibako bazkide ez diren pertsona fisiko edo juridikoak izendatu ahal izango dira likidatzaile, bazkide guztiek kargua ez onartzeko arrazoi zuzena dutela egiaztatu ondoren.

  3. Likidatzaile bat baino gehiago izendatzen badira, kide anitzeko organoa izanagatik ere, lehendakaria eta idazkaria izendatu beharko dira, eta pertsona horiek identifikatzeko inguruabar pertsonalak adieraziko.

  4. Batzar orokorrak izendapena errebokatzen baldin badu, bilkura berean beste likidatzaile batzuk hautatuko dira, eta Erregistroan inskribatzeko eskatuko da.

  5. Likidatzaileen izendapenak ondorioak izango ditu bazkide ez diren hirugarrenen aurrean, Erregistroan inskribatzen denetik aurrera.

Kooperatibaren likidazioaren kontu-hartzaileak (bat edo gehiago izanik ere) abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 97. artikuluari jarraituz izendatuko dira, legeak eta estatutu sozialak betearazita, eta Erregistroan inskribatuko dira, ebazpen judizialaren lekukotza edo dagokion administrazio-egintzaren kopia baliatuz.

  1. Likidatzaileek kooperatibari buruzko erregistro-idazpenak ezerezteko eskatuko dute. Horretarako, Erregistroan eskritura bat aurkeztu beharko dute, eta honako hauek jaso: batzar orokorraren onespen-erabakiaren ziurtagiria, azken balantzearen ziurtagiria eta likidazio-eragiketen ziurtagiria, sozietatearen ondasunak banatzeko proiektuaren arabera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta sozietateak egoitza duen lurralde historikoko zabalkunde handiko egunkari digital edo paperezko egunkari batean argitaratutako iragarkiak. Iragarkiotan, batzarrak azken balantzea eta sozietatearen ondasunak banatzeko proiektua onartu dituela adieraziko da, eta abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 99.2 artikuluan aipatutako informazioa jasoko da.

    Halaber, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostena txertatuko da eskrituran, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 98.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetzeari buruzkoa.

  2. Eskriturak, gainera, likidatzaileek beren erantzukizunpean egindako adierazpen hauek jasoko ditu:

    1. Azken balantzea eta sozietatearen ondasunak banatzeko proiektua onartzeko erabakiak aurkaratzeko berrogei egun balioduneko epea igaro dela, eta bazkideek edo hartzekodunek ez dutela erreklamaziorik aurkeztu; edo, bestela, erreklamazioak ebatzi dituen epaia irmoa dela.

    2. Kooperatibaren hartzekodunei kredituak osorik ordaindu zaizkiela, kreditu guztiak kontsignatu direla edo, hala badagokio, mugaeguneratu gabeko kredituen ordainketa ziurtatu dela.

    3. Sozietatearen ondasunak adjudikatzeko arauak bete direla, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 98. artikuluan edo, hala badagokio, 150. eta 155. artikuluetan araututakoaren arabera.

    4. Beren gain hartzen dutela abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 100. artikuluan aipatzen diren liburuak eta dokumentuak kontserbatzeko eginbeharra; edo, bestela, halakorik ez dagoela.

      Bestelako kasuetan, eskriturarekin batera, Erregistroan gordailutuko dira sozietatearen trafikoari lotutako merkataritza-liburuak, korrespondentzia, dokumentazioa eta ziurtagiriak, jatorrizko euskarrian, behar bezala zerrendatuta eta zenbakituta.

  3. Ezerezte-idazpen bakarra egingo da azkenduko den kooperatibari buruzko idazpen guztietarako, eta idazpen horretan jasoko da aurreko d) letran aipatutako liburu eta dokumentuen zaintzari dagokion guztia.

  4. Liburuak eta dokumentuak erregistroan kontserbatzeko eginbeharrak sei urtez iraungo du, kooperatibaren ezerezte-idazpenaren egunetik zenbatzen hasita.

  1. Ezereztutako kooperatiba baten ondasunak edo eskubideak agertuz gero, ondare horren likidazio osagarri bat egingo da, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 98. artikuluko arauei eta estatutuei jarraikiz, eta dagokion eskritura publikoa egiletsiko da; Erregistroan inskribatzeko aurkeztuko da eskritura hori, erregelamendu honen 70.1 eta 70.3 artikuluetan aipatzen den edukiarekin.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako eragiketak egiteko legitimatuta daude:

    1. Erregistroan inskribatutako azken likidatzaileak.

    2. Beharrezkoa izanez gero, azken administrazio-organoko edo azken zaintza-batzordeko kideak, Erregistroan inskribatuta baldin badaude.

    3. Aurreko bi letretan aipatutako pertsona legitimatuetatik bakar bat ere ez badago, Euskadiko Kooperatiben Federazioa, motaren arabera egokia dena, edo, halakorik ezean, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Erregistroko kolaboratzaileak direlako eta bazkideei zerbitzu egokiak ematen dizkietelako, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164. artikuluarekin bat etorrita.

  1. Erregistroan inskribatu beharko dira konkurtso-deklarazioa eskatutzat ematen duen ebazpen judiziala, bai eta dagokion prozeduraren bidez ematen diren ebazpenak ere, merkataritza-sozietateentzat xedatuta dagoenaren analogiaz inskribagarriak badira.

  2. Erregistroan inskribatzeko eskatzen diren gainerako ebazpen judizialak ere inskribatu egingo dira, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

  3. Ebazpen judizialak, irmoak ez diren bitartean, prebentziozko idatzohar gisa inskribatuko dira.

  1. Lan-arloko sailburu eskudunak abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161.3.a) artikuluaren arabera dagokion neurria ezartzeko ematen dituen ebazpenak kooperatibari irekitako erregistro-orrian inskribatuko dira. Ebazpen horietan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren nahitaezko txostenari dagozkion alderdiak aipatu beharko dira.

  2. Administrazio-ebazpena, administrazio-bidean irmoa ez den bitartean, prebentziozko idatzohar gisa inskribatuko da.

  3. Deskalifikazioaren administrazio-ebazpena ofizioz inskribatuko da, ebazpena irmoa denean.

Erregistroan inskribatu behar dira erregelamendu honen arabera kooperatiben elkarteen inskripzio-liburuan jaso behar diren egintzak, batasun, federazio, konfederazio edo nagusiki abenduaren 20ko 11/2019 Legean araututako kooperatibak biltzen dituzten bestelako elkarteei buruzkoak, publikotasun formalaren ondorioetarako soilik.

  1. Kooperatiben elkarte bakoitzari irekitako erregistro-orrian, egintza hauek inskribatuko dira:

    1. Batasuna, federazioa, konfederazioa edo kooperatiben arteko beste elkarte mota baten eraketa.

    2. Elkartearen estatutuen aldaketa.

    3. Ordezkaritza- eta administrazio-organoetako kideen izendapena eta kargu-uztea, bai eta izendatu daitezkeen beste organo batzuetako kideenak ere.

    4. Desegiteko erabakia eta likidatzaileen izendapena.

    5. Likidazio-prozesua amaituta dagoela eta azken balantzea onartuta dagoela dioen adierazpena.

    6. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen arabera inskribatzekoak diren gainerako egintzak.

  2. Egintza horiek inskribatzeko, nahikoa izango da dagokion erabakiaren ziurtagiria aurkeztea, idazkariak emana lehendakariaren oniritziarekin, elektronikoki sinatua eta erregelamendu honen 33.4 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituena.

  3. Egindako inskripzioek deklarazio-izaera izango dute.

  4. Inskripzioa ukatu ahal izango da, abenduaren 20ko 11/2019 Legeak edo erregelamendu honek eskatutako betekizun formalak konplitzen ez badira soilik.

  5. Aurkeztutako tituluak kalifikatzeko, erregelamendu honetan sozietate kooperatiboentzat erregulatzen diren arau orokorrak beteko dira.

  1. Kooperatiben elkarteak eratzeko, jarduera kooperatibizatua nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten bi kooperatiba edo gehiagoren edo halakoez osatuta dauden elkarteen erabakia behar da.

  2. Elkarte horiek eratze-akta gordailutu beharko dute Erregistroan, eta entitate sustatzaile guztiek sinatu beharko dute.

  3. Eratze-aktak honako hauek jaso behar ditu:

    1. Entitate sustatzaileen zerrenda, erregistro-identifikazioarekin batera.

    2. Elkartzeko erabakia sustatu duen elkartutako entitate bakoitzaren ziurtagiria; idazkariak egingo du ziurtagiria, elkarteko lehendakariaren oniritziarekin.

    3. Gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaera; kooperatiben edo elkartutako entitateen ordezkari gisa dagozkien karguak betetzen dituzten pertsona fisikoak identifikatu behar dira, eta berariaz adierazi behar da haiek karguak onartu dituztela.

    4. Izen berdinik ezaren ziurtagiria, lan-arloan eskumena duen ministerioko kooperatiben erregistroak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroak emana.

    5. Elkartearen estatutuak.

Elkartearen estatutuek aipamen hauek jaso behar dituzte, gutxienez:

  1. Jardueraren lurralde-eremua.

  2. Elkartearen izena, hurrengo artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

  3. Elkartearen egoitza, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar baitu.

  4. Ordezkaritza- eta administrazio-organoak: osaera, berritzea eta funtzionamendua, kideen kargualdia eta kargu-uztea, eta kideak hautatzeko araubidea.

  5. Elkarteko kidearen izaera lortzeko eta galtzeko baldintzak eta prozedura.

  6. Elkartearen estatutuak aldatzeko prozedura.

  7. Elkartearen araubide ekonomikoa, baliabide ekonomikoen izaera, jatorria eta xedea zehaztuta, bai eta elkartutako entitateei elkartearen egoera ekonomikoa ezagutzeko aukera emango dieten bitartekoak ere.

  8. Desegitearen arrazoiak eta elkartearen ondarea likidatzeko eta adjudikatzeko araubidea.

  9. Entitatearen bat-egite eta zatiketa-araubidea.

  1. Kooperatiben elkarteen izena osatzeko, erregelamendu honen IV. tituluko III. kapituluan ezarritakoa beteko da, aplikatzekoa den neurrian, berezitasun hauek kontuan izanik:

    1. Batasun deituko zaie, elkartutako kooperatibak jarduera ekonomikoaren sektore berekoak direnean; eta federazio esango zaie, elkartutako entitateak mota berekoak direnean. Elkartutako entitateak sektore eta mota berekoak badira, jarduera ekonomikoaren sektoreari dagokion irizpidea nagusituko da izena jartzeko, salbu eta elkartea mistoa bada, kooperatibak eta batasunak biltzen dituelako; halakoetan, federazio izena jarriko zaie. Konfederazio esango zaie, federazioak biltzen dituztenean.

    2. Federazioen izenari «Euskadiko» hitza gehitzeko hala badagokio, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164.2 artikuluaren bigarren paragrafoan eta bederatzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuko da.

  2. Federatutako entitateen bazkide-kopurua zenbatzeko, aurreko ekitaldi ekonomikoa ixtean emandako ziurtagiria erantsiko da, non kooperatiba bakoitzaren edo federatutako batasun bakoitzaren kide-kopurua zehaztuko baita, bazkideen edo elkartutako entitateen erregistro-liburuen arabera.

    Erregistroak, eratze-akta aurkezten denetik bost eguneko epean, akta horretan sartuta ez dauden mota bereko kooperatibei eskatuko die ziurtagiria aurkez dezatela; hamar eguneko epea izango dute horretarako, errekerimendua jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Eskaerari epe barruan erantzuten ez dioten kooperatibetako bazkideak ez dira zenbatuko.

    Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 164.3 artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarrian aipatzen denez, inskribatuta eta aktibo dauden kooperatiben eta bazkideen ehunekoak hirurogei edo handiagoa izan behar du; beraz, kasu guztietan, ehuneko hori lortu beharko da federazioa eratzean, eta urteko batezbesteko gisa eutsi beharko zaio elkarteak dirauen bitartean. Horretarako, Erregistroak federazioari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilean behin, aldi horretan eratu diren mota bereko kooperatiben zerrenda.

  3. Aipatutako ehunekoa txikiagotuz gero, federazioak berriro lortu beharko du gutxieneko ehunekoaren maila, gehienez ere urtebeteko epean, Erregistroak ehunekoa txikiegia dela jakinarazten dionetik zenbatzen hasita. Bestela, federazioak «Euskadiko» hitza ezabatu beharko du estatutuetatik eta dokumentu guztietatik, lehen aipatutako epea amaitu eta hurrengo sei hilabeteko epean. Federazioak berak egiaztatzen badu ehunekoa txikiegia dela, horren berri eman beharko dio Erregistroari, berehala.

    Hitz hori kentzeko erabakia ez da atzeraezina; beraz, legez eskatzen den ordezkaritza-ehunekoa berreskuratuz gero, federazioaren izenari «Euskadiko» hitza gehitu ahal izango zaio berriro.

  1. Kooperatibek edo kooperatiben elkarteek legeen edo estatutuen aginduz eduki behar dituzten liburuak Erregistroak gaitu edo legeztatu beharko ditu. Kapitulu honetan ezarritakoa beteko da liburuak gaitzeko lehen aldiz erabili aurretik eta legeztatzeko behin idazpenak eta idatzoharrak eginik.

  2. Kooperatiba-entitateek Erregistroari eskatu ahal izango diote abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 74.1 artikuluko a), b) eta c) letretan zerrendatutako liburuak gaitzeko, dagokion eratze-titulua Erregistroan inskribatu ondoren.

  3. Gero, kooperatiba-entitateek erabakiko dute zer egin: aurreko apartatuan adierazitako liburuak gaitzeko aurkeztu ala legeztatzeko aurkeztu.

  4. Kooperatiba-entitateek Erregistroan aurkeztu beharko dituzte abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 74.1 artikuluko d) eta e) letretan zerrendatutako liburuak, legeztatzeko.

  1. Gaitzeko eskabidea elektronikoki egin behar da, lan-arloko sail eskudunak ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Datu hauek jaso behar dira eskabidean:

    1. Eskatzailearen identifikazioa.

    2. Kooperatiba-entitatearen izena eta, hala badagokio, erregistroko identifikazio-datuak.

    3. Aurkezten diren liburuen zerrenda, eta liburu bakoitzaren orri-kopurua.

    4. Mota bereko beste liburu bat gaitzeko arrazoia; hots, artikulu honen 3. apartatuan aipatutako arrazoietako bat.

    5. Gailu elektronikoaren datuak edo posta elektronikoko helbide bat, hara bidali ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jakinarazpenak eskura jarri direla abisatzeko mezuak.

  2. Gaitzeko eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun balioduneko epean, kooperatiba-entitateek liburuak paperezko euskarrian bidali beharko dituzte Erregistrora, gaitzeko eskabidea aurkeztu dutela egiaztatzeko ziurtagiriaren kopia batekin batera.

    Liburuek orri mugigarri zuriak izango dituzte, zeinak modu korrelatiboan zenbatuta egongo baitira. Lehenengo orriari ez zaio zenbakirik jarriko, gaikuntzaren eginbidea han jasotzeko.

  3. Mota bereko beste liburu batzuk gaitu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen bada aurreko liburua osorik erabili eta, beraz, itxi egin dela, edo galdu edo suntsitu egin dela, edo liburua lapurtu dutela salatzen bada.

  4. Liburuak osorik erabili aurretik ere itxi ahal izango dira, gaikuntza-sistematik legeztatze-sistemara aldatzea erabakitzen denean. Horretarako, liburuak eramateko ardura duenak eginbidea egin beharko du, idatzoharrak jasotzen diren azken orrian.

  1. Eskabidea behar bezala egin bada eta liburuek eskatutako baldintzak betetzen badituzte, lan-arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzaren titularrak gaitu egingo ditu, aldeko ebazpena eman eta liburu bakoitzaren lehenengo orrian eginbidea egin eta gero.

  2. Liburuak zigilatzeko, gaikuntza benetakoa dela bermatzen duen edozein prozedura erabiliko da, liburuak artekatuz edo kodetuz edo antzeko metodoak erabiliz.

  3. Ebazpenean eta eginbidean, datu hauek jasoko dira:

    1. Kooperatiba-entitatearen identifikazioa.

    2. Zer motatako liburua den eta mota horretakoak direnen artean zer zenbaki dagokion.

    3. Liburua zenbat orriz osatuta dagoen.

    4. Zergatik gaitu den mota bereko beste liburu bat; hots, erregelamendu honen 80.3 artikuluan aipatutako arrazoietako bat justifikatu beharko da.

    5. Zer sistema erabili den liburua zigilatzeko.

      Aurreko datuez gain, kooperatiba-entitatearen erregistro-datuak jaso behar dira ebazpenean. Halaber, bertan aipatuko da gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburuko idatzoharra, eta jakinaraziko da liburu gaituak kooperatiba-entitatearen esku daudela eta, beraz, har ditzakeela.

  4. Gaikuntza egina dagoenean, gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburuan jasoko da inguruabar hori, eta, hala badagokio, aurreko puntuko d) letran xedatutakoa idatziko da.

  5. Eskabidea behar bezala egin ez bada eta liburuek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, lan-arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzaren titularrak ebazpen ezesle arrazoitua emango du, eta kooperatiba-entitateari jakinaraziko dio liburuak eskura dituela eta, beraz, har ditzakeela. Inguruabar hori ez da agertuko gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburuan.

  6. Ebazpena jakinarazten denetik lau hilabete igaro badira, eta kooperatiba-entitateak ez baditu liburuak hartu, Erregistroak hori egiteko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, artxibatu egingo dituela, eta hamabi hilabete igaro ondoren suntsitu egingo dituela. Suntsipena kooperatibari jakinarazi beharko zaio, eta, hala badagokio, gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburuan idatziko da.

  1. Ekitaldi ekonomikoa itxi ondorengo lehen lau hilabeteak igaro baino lehen, kooperatiba-entitateek Erregistroan aurkeztu beharko dituzte abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 74.1 artikuluko d) eta e) letretan adierazitako liburuak, gehienez ere sei hilabeteko epean legeztatuak izan daitezen, dagokion ekitaldi ekonomikoa ixten den egunetik zenbatzen hasita. Liburuak elektronikoki aurkeztu behar dira, lan-arloko sail eskudunak ezarritako bitarteko telematikoen bidez.

    Betebehar hori aplikatuko zaie, orobat, aurrez aipatutako manuaren a), b) eta c) letretan zerrendatutako liburuei, baldin eta kooperatiba-entitateak horiek legeztatzea erabakitzen badu.

    Kooperatiba-entitateek akten kopia ziurtatua bidali ahal izango dute Erregistrora, aktak onartu eta bi hilabeteko epean, legezta ditzaten.

  2. Liburuak edo akten kopia ziurtatuak fitxategi enkriptatuetan aurkeztu ahal izango dira, legeztatzeko; hala egiten denean, desenkriptatzeko gakoa gorde beharko du kooperatiba-entitateak.

  3. Liburuak legeztatzeko eskabidean, datu hauek jasoko dira:

    1. Eskatzailearen identifikazioa.

    2. Kooperatiba-entitatearen izena.

    3. Aurkeztu diren liburu motak, eta haiei dagokien ekitaldi ekonomikoa noiz ireki eta itxi den.

    4. Hala badagokio, legeztatzeko eskabidea erregelamendu honen 80.4 artikuluan deskribatutako kasuetan oinarritzen dela.

    5. Gailu elektronikoaren datuak edo posta elektronikoko helbide bat, hara bidali ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jakinarazpenak eskura jarri direla abisatzeko mezuak.

  4. Akten kopia ziurtatuak legeztatzeko eskabidean, aurreko puntuko a), b) eta e) letretan zerrendatutako datuez gain, bilera-datak eta aktak onartu zireneko datak ere jaso beharko dira.

  5. Eskabidearekin batera aurkezten den liburu edo akten kopia ziurtatu bakoitza fitxategi bereizi eta behar bezala identifikatuetan erantsi beharko da.

  6. Kooperatiba-entitateak hutsen bat atzematen badu, edo dagoeneko legeztatuta dagoen liburu bat edo akten kopia ziurtatu bat osatu nahi badu, beste eskabide bat aurkeztu beharko du, kooperatibaren legezko ordezkariak egoera hori egiaztatzeko eman duen ziurtagiriarekin batera.

  1. Eskabidea behar bezala egin bada, lan-arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzaren titularrak legeztatu egingo du, aldeko ebazpena eman eta gero.

  2. Legeztatzeko ebazpenean, datu hauek jasoko dira:

    1. Kooperatiba-entitatearen identifikazioa, erregistro-datuak barne.

    2. Liburuen kasuan, zer motatakoak eta zer ekitaldi ekonomikokoak diren. Akten kopia ziurtatuen kasuan, bilera-datak eta aktak onartu zireneko datak. Legeztatutako liburu edo akten kopia ziurtatu guztien hatz-marka digitala.

    3. Hala badagokio, erregelamendu honen 82.3.d) artikuluan deskribatutako inguruabarra.

  3. Behin legeztatuta, horren berri emango da gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburuan.

  4. Eskabidea behar bezala egin ez bada, ebazpen ezesle arrazoitua emango da.

Prozedura Zibilaren Legeak 327. artikuluan frogari dagokionez ezartzen duena betetzeko, lan-arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzaren titularrak, alderdi interesdunak eskatuta edo agintaritza judizial eskudunak aginduta, dagokion euskarri informatikoa eskuratu ondoren, egiaztatuko du hura bat datorren legeztatutako liburuekin edo akten kopia ziurtatuekin; hau da, gaikuntzen eta legeztatzeen fitxategi-liburuan egindako idazpenean adierazitako hatz-marka digital bera duen.

  1. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 75. artikuluaren arabera, administratzaileek urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte, Erregistroan gordailutzeko, kontuak onartu eta hilabete igaro baino lehen.

  2. Sozietate-ekitaldia itxi denetik urtebete igaro bada, eta urteko kontu onartuak ez badira gordailutzeko aurkeztu, ez da inskribatuko data horren ondoren aurkeztutako dokumenturik, harik eta kontuak aurkeztu arte. Erregistro-orria berriro irekitzeko eta aurkezten diren dokumentuak inskribatu ahal izateko, azken hiru ekitaldiak gordailutu beharko dira, puntu honetan adierazitakoaren arabera zenbatuak.

    Salbuetsita daude administratzaileen, kudeatzaileen, zuzendari nagusien, zuzendari kudeatzaileen edo likidatzaileen kargu-uzte edo dimisioei buruzko tituluak; ahalordeak errebokatzeari edo horiei uko egiteari buruzkoak; sozietatearen desegiteari eta likidatzaileen izendapenei buruzkoak, eta agintaritza judizialak edo administratiboak agindutako idazpenei buruzkoak.

  3. Urteko kontuak gordailutu ez badira batzar orokorrak onartu ez dituelako, onartzeko aurkeztu diren arren, ez da bidezkoa izango erregistroa ixtea, inguruabar hori egiaztatzen denean administrazio-organoaren ziurtagiria aurkeztuta non adieraziko baita zergatik ez diren urteko kontuak onartu edo batzar orokorraren notario-aktaren kopia eskuetsia aurkeztuta non jasoko baita urteko kontuak ez direla onartu. Erregistroa ez ixteko, artikulu honen lehenengo apartatuan ezarritako epea amaitu baino lehen aurkeztu behar da ziurtagiria edo aktaren kopia Erregistroan, eta sei hilean behin, egoera horrek bere horretan jarraitzen duela egiaztatu beharko da, baliabide horietatik edozein erabilita.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, urteko kontuak gordailutzeko betebeharra betetzeko:

  1. Ziurtagiria, urteko kontuak onartu direla eta kooperatiba-entitatearen batzar orokorrak emaitza aplikatu duela egiaztatzen duena; sinadura elektronikoen bidez bermatuta egongo da ziurtagiri hori. Orobat, erregelamendu honen 33.4 eta 33.6 artikuluek eskatutako betekizunak bete beharko ditu ziurtagiriak, eta behar bezala identifikatuko ditu aurkeztu diren urteko kontuak, alderdi hauei berariazko erreferentzia eginda:

    1. Kontuen ekitaldia.

    2. Guztizko aktiboa, balantzearen arabera.

    3. Ekitaldiko emaitza eta soberakinen aplikazioa edo galeren egozpena, batzar orokorrak onartua.

    4. Urteko kontuak ikuskatu behar diren ala ez, 11/2019 Legearen arabera.

      Ziurtagirian adieraziko da, halaber, administrazio-organoko kide guztiek sinatu dituztela, eskuz edo elektronikoki, urteko kontuak eta, hala badagokio, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 75.2 artikuluan eskatzen diren dokumentuak; sinatzaile guztiak identifikatuta egongo dira, izena, bi abizen eta identifikazio fiskaleko zenbakia adierazita. Norbaiten sinadura falta bada, horren berri eman beharko da ziurtagirian, eta zergatia azaldu.

      Gordailutzeko aurkeztu diren urteko kontuak ikuskatuta badaude, ziurtagirian berariaz adierazi beharko da kontu horiek bat datozela ikuskatutako kontuekin.

  2. Urteko kontuak eta, hala badagokio, kudeaketa-txostena, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 75.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  3. Urteko kontuen auditoretza-txostena, nahitaezkoa denean, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 76. artikuluan eta, hala badagokio, 121.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Aurkeztutako dokumentuak eskatzen direnak badira, behar bezala onartuta badaude eta nahitaezkoak diren sinadurak badituzte, 86. artikuluan aipatzen diren alderdiak betetzen direla egiaztatu ondoren, lan-arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzaren titularrak aldeko ebazpena emango du, gordailua egindakotzat joko du, eta idazpena egingo du urteko kontuak gordailutzeko fitxategi-liburuan.

    Ebazpenean, gordailututako dokumentu guztien hatz-marka digitalak jasoko dira.

  2. Geroagoko dokumentuak kalifikatzeko, lan-arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzaren titularrak ez ditu kontuan hartuko gordailututako kontabilitate-agirietan agertzen diren datuak.

Gordailututako urteko kontuen publikotasuna erregelamendu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

Gordailututako dokumentuak eta onarpen-erabakien ziurtagiriak gordailua formalizatu eta hurrengo sei urteetan kontserbatu beharko dira.

  1. Kooperatiben izenek bi zati izango dituzte: bata, kooperatiba identifikatzeko zatia; bestea, kooperatibaren forma eta izaera adierazteko «kooperatiba-sozietatea» edo «Koop. S.» laburdura.

    Sozietate kooperatibo txikien kasuan, kooperatibaren forma eta izaera adierazteko zatian ezinbestean agertuko da «kooperatiba sozietate txikia» edo «koop. elk. txikia» laburdura.

  2. Izen objektiboak helburu soziala aipa dezake, edo fantasiazkoa izan daiteke. Helburu soziala aipatzen badu, hura aldatuz gero, izen objektiboa ere aldatu egin beharko da. Ez zaio inoiz erreferentziarik egingo helburu sozialaren barruan ez dauden jarduerei.

  3. Ezingo da erantzukizun motari buruzko terminorik edo siglarik erabili.

  1. Ezin izango da lehendik dagoen kooperatiba baten izen bera aukeratu. Izenak erabat berdinak direla joko da oso-osorik bat datozenean, bai eta artikulu honetako 2. apartatuan araututako kasuetan ere.

  2. Sozietatearen formari buruzko aipamena alde batera utzita, bi izen erabat berdinak direla joko da kasu hauetan:

    1. Hitz berberak erabiltzen direnean, ordena, generoa edo numeroa aldatuta.

    2. Hitz berberak erabiltzen direnean, esamolde generikoak nahiz osagarriak gehituta edo kenduta, edo artikulu, adberbio, preposizio, juntagailu, azentu, marratxo, puntuazio-zeinu edo balio txikia duten antzeko partikulak gehituta edo kenduta.

    3. Adierazpen fonetikoa berdina denean, edo proposatutako izena lehendik zegoen beste izen batekin nahasteko aukera dagoenean.

  3. Dena den, nahiz eta 2. apartatuko irizpideen arabera izen jakin bat beste baten berdina dela ohartu, izen berdinaren ziurtagiri negatiboa eman daiteke erregelamendu honetan araututako baldintzetan, baldin eta erabili nahi den izen berriak ukitutako sozietatearen administratzaileek aurkeztu badute eskaera edo haien baimena eskuratu bada.

  1. Kooperatiba baten izenean ezin izango da txertatu erakunde edo organismo publikoen identifikazio-termino ofizialik edo antzekorik, horrek kooperatibaren izaera pribatuari buruzko nahasteak sor baititzake; hala ere, halako terminoak erabili ahal izango dira, erakunde edo organismo publikoek bazkide sustatzaile gisa parte hartzen badute kooperatibaren eraketan, edo geroagoko uneren batean, eta horretarako baimena ematen badute. Era berean, ezin izango da erabili legearen edo ordena publikoaren aurkako terminorik edo esamolderik, ezta kooperatibaren motari, mailari edo izaerari buruzko nahasteak eragin ditzakeenik ere.

  2. Ezingo da «talde» terminoa erabili, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 154. artikuluan araututakoaren arabera hainbat sozietate kooperatibok osatutako multzoa ez denean.

  1. Izen berdinik ezaren ziurtagiria elektronikoki eskatuko dute interesdunek Erregistroan, gehienez ere hiru izenetarako, administrazio-prozedura erkideari buruzko arauen arabera.

  2. Erregistroak izena kalifikatuko du erregelamendu honen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta eskatutako izena erreserbatzeko ziurtagiria eta ebazpena emango ditu, hamar egun balioduneko epean. Izen bat baino gehiago eskatu bada, eskabidean agertzen den lehentasun-hurrenkeraren arabera ebatziko da, eta ziurtagiri negatiboa eman zaion lehenengo izena erreserbatuko da.

  3. Kalifikazio-ebazpena ezeslea bada, proposatutako izena ez datorrelako bat aurreko hiru artikuluetan jasotako arauekin, errekurtsoa jarri ahal izango da, erregelamendu honen 30. artikuluaren arabera.

  1. Izen berdinik ezaren ziurtagiria indarrean egon behar du, eta kudeatzaileen, sustatzaileen edo, hala badagokio, kooperatibaren beraren izenean egina eraketaren edo estatutu-aldaketaren eskritura matrizean protokolizatu beharko da.

    Ziurtagiria noren izenean egin den, pertsona horrek eratze-unean ez badu betetzen ziurtagiria ematea eragin zuen baldintza, inguruabar hori egiaztatu beharko du, bai eta eratzaileei izendapena laga izana ere, eratze-eskrituran notarioaren aurrean adierazita.

  2. Ez da ziurtagiri negatiborik beharko entitate berriaren izena inskribatzeko, baldin eta bat-egitea xurgapen bidez edo beste kooperatiba bat sortuz gertatu bada eta, erabateko zatiketen kasuan, bat-egitearen edo zatiketaren ondorioz sortutako kooperatibak edo kooperatiba xurgatzaileak entitate xurgatu edo azkenduaren izena hartzen badu.

  3. Ez da beharrezkoa izango izen berdinik ezaren ziurtagiria aurkeztea, baldin eta «txikia» terminoa gehitzen edo ezabatzen bada kooperatibaren forma-aldaketari egokitzeko.

Eskatutako izena lehendik erregistratuta ez dagoela ziurtatzen duen ebazpenak hemezortzi hilabeteko balioa izango du, ebazpena eman den egunetik zenbatzen hasita.

  1. Izenari uko egiten bazaio edo aurreko puntuan adierazitako epea igaro eta kooperatiba edo, hala badagokio, estatutuen aldaketa inskribatu ez bada, erregistratutako izena iraungi egingo da.

  2. Erregelamendu honen 30. artikuluan aipatzen den errekurtsoa edo auzibideko demanda aurkezteak berekin dakar epea etetea; berriro hasiko da zenbatzen epe hori administrazio-ebazpena edo, hala badagokio, ebazpen judiziala irmoa den egunetik aurrera.

  1. Ziurtagiri negatiboa sei hilabetez egongo da indarrean, Erregistroak egiten duen egunetik zenbatzen hasita; epe horren barruan Erregistroan inskribatzeko aurkezten ez bada, indarra galduko du. Epea igarotakoan, izen berdinik ezaren ziurtagiria emateko eskaera berritu ahal izango du interesdunak, erregelamendu honen 95. artikuluan aurreikusitako erreserba-epearen barruan. Ziurtagiri berriak sei hilabeteko indarraldia izango du, ematen denetik zenbatzen hasita, non eta erreserba-epea ez den lehenago amaitzen; kasu horretan, erreserba-epea amaitzen den egunera arte egon daiteke indarrean, gehienez, ziurtagiria.

  2. Ezin izango da inskribatu iraungitako ziurtagiriren bat daraman dokumenturik.

  1. Honako hauek Erregistroan inskribatu beharreko gaiei buruzko kontsultak egin ahal izango dizkiote Erregistroari, alderdien arteko gatazkarik eragiten ez badute: sozietate kooperatiboek eta haien elkarteek beren legezko edo borondatezko ordezkarien bidez, horien sustatzaileek, agintari eta botere publikoek, eta funtzionarioek tarifen bidez aritzen direnek ere bai, eta kooperatibentzat Erregistroan sartzeko eginkizunak, prestazioak edo zerbitzuak bete behar dituzten profesionalek, eta administrazio-organoek.

    Kontsultak egiteko, dokumentu bat aurkeztuko da, elektronikoki sinatuta eta Erregistroari zuzenduta; eskabide horrek prozedura hasteko eskabideen baldintzak beteko ditu, administrazio-prozedura erkideari buruzko arauetan xedatutakoaren arabera.

  2. Erregistroaren erantzunak informaziorako soilik izango dira. Hau da, ez dute sortuko eskatzaileen edo bazkide ez diren hirugarrenen aldeko eskubiderik edo eskubide-igurikimenik, eta ez dute inolako loturarik sortuko etorkizuneko erregistro-prozedurekin. Gainera, Erregistroaren erantzunak behin betikoak izango dira, eta ezin izango da haien aurkako errekurtsorik jarri; hala ere, erregistroko kalifikazioaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, dagokion unean.

  3. Erantzuna emateko epea hamabost egun izango da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, salbu eta, kontsulta egin duten pertsonek eskatuta edo Erregistroak berak hala erabakita, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari txostena eskatzen badio; hala denean, epe hori beste hamabost egunez luzatuko da.

  4. Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 102.1 artikuluan aurreikusitakoaren babesean, kontsultaren muina bada zer motatako kooperatiba eratu behar den eta zein lege-arau aplikatu behar diren analogiaz, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostena nahitaezkoa izango da Erregistroarentzat.

  5. Artikulu honen 3. eta 4. apartatuetan aipatzen diren txostenak egiteko epea hogei egun izango da; beste hamar egunez luzatu ahal izango da epe hori.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Elkarreragingarritasuna.

  1. Erregistro-espedienteak kudeatzeko erabiltzen diren informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritutako sistemek erregistroaren eta administrazio publikoen eta organo judizialen arteko elkarreragingarritasuna ahalbidetu beharko dute, baldin eta Erregistroko datuetara irispidea izateko arrazoia indarrean dauden legeek erakunde horietako bakoitzari esleitutako eginkizunak zorrotz betetzeko premia bada.

  2. Kasu guztietan, elkarreragingarritasun-sistemak ezarriko dira Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin, Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa-Empresa de Certificación y Servicios Izenpe SA enpresarekin eta notario-bulegoarekin.

    Notario-bulegoak, indarreko legerian jasotako sozietate kooperatiboei buruzko egintza juridikoak jasotzen dituen eskritura bat egilesteko baimena eman aurretik, eta eskritura hori prestatzeko bitarteko gisa, sozietate horiei buruzko egintza inskribatuak egiaztatu ahal izango ditu, Erregistroko idazpenen edukira bitarteko telematikoen bidez sartuz, eta sinadura elektroniko aitortuaren bidez edo etorkizunean hura ordezten duen beste edozein bitarteko teknologikoren bidez identifikatuta. Erregistroko liburuak agerian jarriko dira, soil-soilik, kontsulta egiten duena bere ogibidea eta kargua dela-eta diharduen notarioa bada, uste izatekoa baita interesa notario-jardunetik datorkiola. Ez da bitartekaritzarik beharko, liburuetara irispidea izateko.

  3. Prozedura elektronikoak erabiliko dira edukietara irispidea izateko, eta indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatu behar zaizkion baldintza eta preskripzio teknikoak beteko dira.

  4. Bereziki babestutako datuei buruzko salbuespenak errespetatu beharko dira beti, bai eta datu pertsonalak babesteko araudian ezarritako beste edozein muga ere.

  5. Jasota geratuko da erregistroko informazioa eskuratu dela.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Sinadura elektronikoko sistema.

    Erregelamendu honetan aipatutako dokumentu elektronikoen erregistro-idazpena egiteko eskatzen bada, dokumentu horiek sinadura elektroniko aitortuko edo aurreratuko sistemekin sinatuta egon beharko dute zeinak oinarritzen baitira «Ziurtapen-zerbitzu emaileen konfiantzazko zerrendan» dauden emaileek ematen dituzten sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko kalifikatuetan, hala ezarrita baitago sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko arauetan.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Estatuko Kooperatiben Erregistroarekin lankidetzan aritzea.

    Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 12.2.f) artikuluaren ondorioetarako, eta sozietatearen izena estatutu bidez aldatzen bada, Erregistroak beharrezkoak diren mekanismoak ezarriko ditu, bitarteko elektronikoen bidez, kooperatiben erregistro-eskumena esleituta duen ministerioko kooperatiben-erregistroarekin lankidetzan aritzeko, Erregistroari eskaera bakar bat aurkeztea nahikoa izan dadin. Izan ere, Euskadiko erregistroa arduratuko da Estatuko erregistroari dagokion ziurtagiria eskatzeaz, eta, gero, ziurtagiri hori eta ziurtagiri propioa eskatzaileei bidaltzeaz.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Finantza-kooperatiben erregistroa.

    Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen II. tituluko I. kapituluko 8. atalean araututa dauden finantza-kooperatiben erregistro-araubidea gainerako sektore-arauetara ere egokituko da, baldin eta arau horiek aplikatu beharrekoak badira.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kooperatiba-legeak interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko mintegia.

    Erregistroak abenduaren 20ko 11/2019 Legea nola interpretatzen eta aplikatzen duen azaltzeko mintegiak egingo dira, behar bestetan, eta aipamen berezia egingo zaie inskripzio berritzaileenei. Mintegi horiek lan-arloko sail eskudunak finantzatuko ditu, eta kooperatiben arloko zuzendaritza eskudunak sustatu ahal izango ditu, ofizioz edo Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoak eskatuta.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erregistroari buruzko memoria.

    Gutxienez bi urtean behin, erregistroari buruzko memoria egingo da, non azalduko baita zer arazo sortu diren erregelamendu hau aplikatzean eta zer aldatu behar den giza baliabideak eta baliabide materialak hobetzeko eta erregistro-bulegoaren funtzionamendua fintzeko.

    ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu estatistikoak.

    Erregistroarekin eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin koordinatu eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunek arauak eman ahal izango dituzte kooperatibei estatistika-ondorioetarako datuak eskatzeari buruz, betiere estatistika-arloko legerian ezarritakoaren arabera.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.