Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

80/2023 DEKRETUA, ekainaren 6koa, Ingurumeneko Aholku Batzordearen osaera, kideak izendatzeko prozedura, antolaketa eta funtzionamendua arautzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 115
  • Hurrenkera-zk.: 2882
  • Xedapen-zk.: 80
  • Xedapen-data: 2023/06/06
  • Argitaratze-data: 2023/06/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 11. eta 12. artikuluek Ingurumeneko Aholku Batzordea arautzen dute, eta haren eginkizunak eta osaera ezartzen dituzte. Era horretan, Ingurumeneko Aholku Batzordeak, Euskal Autonomia Erkidegoko organo aholku emaile eta lankidetzarako organo gisa, ingurumen politiken osaeran, kontsultan eta jarraipenean administrazio publikoen eta gizarte, ekonomia eta unibertsitatearen interesak ordezkatzen dituzten sektoreen arteko harremana eta parte hartzea bultzatzea du xede. Batzordeak abenduaren 9ko 10/2021 Legea gehitzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ingurumen gaietan eskumena duen sailari atxikia dago.

Gainera, 11. artikuluak Batzordearen eginkizunak ezartzen ditu, eta adierazten du Batzordeak bere barne funtzionamendu arauak hartuko dituela eta, hala badagokio, sekzioak sortuko dituela, aztertu beharreko gaien izaerak hala eskatzen duenean. Bidenabar, xedatzen du bere txosten, gomendio eta proposamenak ez direla lotesleak izango.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 12. artikuluak Batzordearen osaera ezartzen du, nahiz eta bigarren atalean, osaera horrekin, kideak izendatzeko prozedurarekin eta antolaketa zein funtzionamenduarekin lotutako oinarrizko arauak erregelamendu bidez zehaztuko direla adierazi.

Bestalde, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 13. artikuluak lege horren xedearekin lotuta Ingurumeneko Aholku Batzordeari dagozkion eginkizunak ezartzen ditu.

Garrantzitsua da adieraztea abenduaren 9ko 10/2021 Legeak Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren bidez sortutako EAEko Ingurumen Batzordea indargabetzen duela. Horrekin lotuta, legearen zioen azalpenak dio arauak indargabetu egin duela EAEko Ingurumen Batzordea, eta haren eginkizunak Ingurumeneko Aholku Batzordearenetan txertatuko direla. Bestalde, azaroaren 25eko 9/2021 Legeak Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordea indargabetzen du. Lege hori, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez sortutakoa da. Eta hori hala da, hain justu, 2021ean onartutako bi arauek otsailaren 27ko 3/1998 Legea eta apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua indargabetu zituztelako, hurrenez hurren. Azaroaren 25eko 9/2021 Legearen seigarren xedapen iragankorrak, bestalde, hauxe dio: «Lege honek Ingurumeneko Aholku Batzordeari esleitzen dizkion funtzioak Naturzaintza-Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeak beteko ditu, non eta erregelamendu bidez lehenengo organoaren osaera eta funtzioak eguneratzen ez diren».

Azaldutakoaren arabera, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoa aplikatuz, dekretu honek Ingurumeneko Aholku Batzordearen osaera, kideak izendatzeko prozedura, antolaketa eta funtzionamendua arautzen ditu. Horren guztiaren ondorioz, indargabetuta geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Aholku Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzen duen urriaren 10eko 199/2000 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 11ko 69/2000 Dekretua.

Era berean, dekretu honek bi arau enuntziatu indargabetzen ditu, hurrenez hurren: abenduaren 13ko 152/2022 Dekretuan jasotakoa, Valderejo-Sobron-Arcenako mendilerroa, Valderejoko Parke Naturala, Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuko Baliabide Naturalak Antolatzeko II. Plana onartzen duena; eta abenduaren 13ko 153/2002 Dekretuan jasotakoa, Izki Natur Ondareko Naturagune Babestuaren, Parke Naturalaren, Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren Baliabide Naturalak Antolatzeko II. Plana onartzen duena, eta Izki Parke Naturalaren eta haren babes eremu periferikoaren mugak aldatzen dituena. Arau enuntziatu horiek indargabetzea Konstituzioan eta Autonomia Estatutuetan ezarritako eskumen banaketarako agindura behar bezala egokitzearen ondorioa da.

Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren,

Dekretu honen xedea da Ingurumeneko Aholku Batzordearen osaera, kideak izendatzeko prozedura, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera.

  1. Ingurumeneko Aholku Batzordea kide hauek osatuko dute:

    1. Ingurumen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularra, Ingurumeneko Aholku Batzordeko buru izango dena.

    2. Eusko Legebiltzarraren ordezkari bat.

    3. Ingurumen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuorde maila duen pertsona bat.

    4. Gutxienez zuzendari maila duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzako sailetako arlo hauetako bakoitzaren ordezkari: hezkuntza, industria, osasuna, lurralde antolamendua, azpiegiturak eta garraioak, merkataritza eta turismoa, eta nekazaritza eta arrantza.

    5. Lurralde Historiko bakoitzeko Foru Aldundiaren ordezkari bat.

    6. Udalerrien ordezkari diren hiru pertsona, Eudel Udalerri Euskaldunen Elkarteak proposatuta.

    7. Ingurumen sektoreak ordezkatuko dituzten herri elkarte edo mugimenduetako hiru pertsona.

    8. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen ordezkari bat.

    9. Lehen sektoreko (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza) erakundeak eta taldeak ordezkatuko dituzten hiru pertsona.

    10. Enpresa erakunde eta elkarteak ordezkatuko dituzten hiru pertsona.

    11. Erakunde sindikalak ordezkatuko dituzten hiru pertsona (nekazaritzako sindikatuak barne).

    12. Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko zentroak ordezkatuko dituen pertsona bat.

    1. Euren egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateak ordezkatuko dituzten hiru pertsona.

    2. Ingurumen gaietan ospe handia duen aditu bat.

    3. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkari bat.

  2. Ingurumeneko Aholku Batzordeko kide bakoitzerako ordezko bat izendatuko da, titularra ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo justifikatutako beste arrazoiren bat izanez gero, hura ordezkatzeko. Lehendakariaren ordezko gisa ingurumenaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak jardungo du.

  3. Artikulu honetako 1 c) atalean aurreikusitako kasuan, ordezko hautatutako pertsonak soilik ingurumen arloan eskumena duen sailburuordeari, Aholku Batzordeko kide gisa, dagozkion eginkizunak beteko ditu, lehendakaria ordezkatu gabe.

  1. Ingurumeneko Aholku Batzordeko kideak eta horien ordezkoak Eusko Jaurlaritzan ingurumen arloan eskumena duen saileko titularrak izendatuko ditu, artikulu honetako lehen atalean aipatutako entitate eta erakundeek proposatuta. Kideak izendatzean, kontuan hartuko da ingurumenaren ezagutzari, azterketari, babesari eta kudeaketari lotuta duten gaitasun aitortua.

    Ingurumeneko Aholku Batzordeko kideen hautaketak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko du, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 3.10 artikuluan ezartzen duenaren arabera. Era berean, hautatzean kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetan kideok duten gaikuntza.

  2. Batzordeko kideak edo kideek entitate talde bat ordezkatu behar du(t)enean, Ingurumeneko Aholku Batzordeko idazkariak jardun eremutzat Euskal Autonomia Erkidego osoa duten entitate guztiak deituko ditu, dagokien kidea(k) edo batzordekidea(k) proposa ditzaten, horretarako ordezkagarritasun handienaren irizpidea kontuan hartuta.

  3. Artikulu honetako lehen ataleko n) letran aipatzen den pertsonaren izendapena Eusko Jaurlaritzan ingurumen arloan eskumena duen saileko titularrak egingo du zuzenean.

  4. Ingurumeneko Aholku Batzordeko kideek kargua utziko dute, izendapena proposatu zuten entitate eta erakundeek proposatuta, eta Aholku Batzordean ordezkatutako administrazioen ordezkari izateko kargu publikoak izendatu direnean kargua uzten badute. Era berean, kideak uko egiten duenean ere kargua utziko dute.

  1. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak beteko ditu Ingurumeneko Aholku Batzordeko idazkariaren eginkizunak (hitzarekin baina botorik gabe), edo, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzaren barnean sortzen diren administrazio berrantolaketen ondorioz hura ordezkatuko duen pertsonak.

  2. Aurreko atalean aipatutako zuzendaritzari egokituko zaio Ingurumeneko Aholku Batzordeari laguntza teknikoa ematea, gaiak eta dokumentazioa prestatzeari dagokionez.

  3. Ingurumeneko Aholku Batzordeak iraupen jakineko edo iraunkorreko atalak eratzea erabaki ahal izango du, landu beharreko gaiek hala eskatzen dutenean.

  1. Ingurumeneko Aholku Batzordea gutxienez urtean hiru aldiz bilduko da, lehendakariak deialdia egin ondoren, eta baita bere eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean ere.

  2. Ingurumeneko Aholku Batzordeak, bere lehendakariaren bitartez, aztertu beharreko gaiei buruzko funtzionario espezialistak agertzeko eskatu ahal izango du, aholkularitza emateko. Era berean, eztabaidatu beharreko gaiak hala eskatzen duenean, bigarren artikuluaren lehen atalean ez dauden Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak agertzeko ere eskatu dezake, bai eta aipatutako atalean aipatzen diren eta Batzordean ordezkaritza zuzenik ez duten administrazio publiko, entitate eta kolektiboetakoak azaltzeko ere.

  3. Ingurumeneko Aholku Batzordeak, lehendakariak proposatuta, bere barne funtzionamendurako arauak onartuko ditu.

  4. Ingurumeneko Aholku Batzordeko kideek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute beren eginkizunak betetzeko.

    LEHEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA. Araudia indargabetzea.

    Indargabetuta geratzen da 199/2000 Dekretua, urriaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Aholku Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.

    BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA. Araudia indargabetzea.

    Indargabetuta geratzen da 69/2000 Dekretua, apirilaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.

    HIRUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA. Arau enuntziatua indargabetzea.

    Indargabetuta geratzen da Valderejo-Sobron-Arcenako mendilerroa, Valderejoko Parke Naturala, Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuko Baliabide Naturalak Antolatzeko II. Plana onartzen duen abenduaren 13ko 152/2022 Dekretuaren III. eranskineko 5. artikuluaren hirugarren atala.

    LAUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA. Arau enuntziatua indargabetzea.

    Indargabetuta geratzen da abenduaren 13ko 153/2022 Dekretuaren III. eranskineko 6. artikuluaren laugarren atala. Dekretu horren bidez, Izki Natur Ondareko Naturagune Babestuaren, Parke Naturalaren, Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren Baliabide Naturalak Antolatzeko II. Plana onartu zen, eta Izki Parke Naturalaren eta haren babes eremu periferikoaren mugak aldatu ziren.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapenerako eskumena.

    Gaian eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio Dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 6an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.