Arautegia

Inprimatu

77/2023 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 109
  • Hurrenkera-zk.: 2729
  • Xedapen-zk.: 77
  • Xedapen-data: 2023/05/30
  • Argitaratze-data: 2023/06/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak (2000) 14. artikuluan ezartzen du pertsona guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea barne dela derrigorrezko hezkuntza, prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza inklusiboa eta kalitatekoa doan jasotzeko ahalmena, gizartean bete-betean parte hartzeko gaitasunak eskuratu eta mantentzeko.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak ezartzen du haur eta nerabe guztiek dutela hezkuntza eta irakaskuntza jasotzeko eskubidea. Bestalde, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Legeak adierazten du funtsezkoa dela haien giza duintasuna eta integritate fisikoa eta psikologikoa errespetatzen direla ziurtatzea eta errespeta daitezen sustatzea, indarkeria mota ororen prebentzioaren bidez. Familia eta eskola erabakigarriak dira, eskubide horiek bermatu behar dituzten heinean.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena) curriculumaren kontzeptuari buruzko aldaketak sartu ditu, eta horrek ekarri du martxoaren 1eko 157/2022 Errege Dekretua eta martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretua argitaratzea (hurrenez hurren, Lehen Hezkuntzako gutxieneko ikasketak eta antolamendua ezartzen dituena eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko ikasketak eta antolamendua ezartzen dituena). Gainera, eskumenak banatu dira berriz Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean, eta horrek funtsean aldatzen du Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuan ezarritakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak irakaskuntzaren gaineko eskumen propioa esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari, irakaskuntzaren osotasunean, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate guztietan. Eskumen horretaz baliatuta, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Euskararen Erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legea da euskal ikasle guztiak euskaraz zein gaztelaniaz behar adinako komunikazio-konpetentziarekin moldatzeko ahaldunduko dituen konpetentzia eleaniztunean aurrera egiteko tresna. Baita Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea ere, zeinaren helburua baita derrigorrezko irakaskuntza-aldia amaitzean bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa izatea bermatzea, baldintza-berdintasunean bermatu ere, euskararen erabilera bultzatuz eta, horrela, euskararen erabilera normalizatzen lagunduz, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan ohiko adierazpide gisa erabil dadin.

Curriculumari buruzko dekretu honen zehaztasuna helburu honi zor zaio: euskal hezkuntza-sisteman lortutako hezkuntza-mailak hobetzea eta XXI. mendeko erronka handiei erantzungo dieten hezkuntza-xede berriak bultzatzea. Hori guztia, bat etorriz UNESCOren 2030erako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (zehazki, 4. helburuarekin: «Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea»), Euskadi Basque Country 2030 Agendaren testuinguruan, eta bat etorriz etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruz 2018ko maiatzaren 22an Europar Batasuneko Kontseiluak egindako gomendioarekin.

Dekretu hau idazteko, funtsezkoak izan da besteak beste alderdi hauek kontuan hartzea: Euskal Autonomia Erkidegoan egin den hezkuntza-ibilbidea, azken urteetan garatu diren proiektu inklusiboen inplementazioa, euskara sistemaren ardatz nagusi gisa duen esparru eleaniztun baten aldeko apustua eta hezkuntza-komunitateak partekatu eta bultzatu duen kultura pedagogikoa. Era berean, kontuan hartu dira gure inguruneko gizarte- eta hezkuntza-erronkak eta hezkuntza-sistemaren etengabeko hobekuntza.

Horretarako, Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, ikasleek hezkuntza-xedeak erdietsita izan behar dituzte eta bizitzako esparru eta egoeretan moldatzen jakin behar dute. Horrekin bat, dekretu berriak berriz formulatzen du ikasleen irteera-profilaren kontzeptua, Heziberri 2020aren esparruan jasotzen zena, Oinarrizko Hezkuntza amaitzean lortu behar dituzten pertsona-eredua eta funtsezko konpetentziak azaltzen dira hor. Irteera-profila deskriptore operatiboen bidez definituta dago; lorpen-estandarrak dira, eta eraginkorrak dira ikasleek etapa amaitzean profil hori iritsi duten ebaluatzeko.

  1. mendeko «ezagutzaren gizarteak» aldaketa sakonak dakartza berekin, eta, ondorioz, beste ezagutza batzuk eta beste gaitasun batzuk behar dira, ikasleek eskuratu beharrekoak. Hori dela eta, irakasteko eta elkarri eragiteko beste modu batzuk behar dira eskolan. Ikasleen aniztasuna dela eta, paradigmaz aldatu behar da, eta egitura malguagoak eta irakaskuntzan kolaboratzeko prozedurak sortu, baita irakasleen eta ikastetxeen arteko sareak sortu ere. Egin beharreko aldaketek eta hobekuntzek Oinarrizko Hezkuntza lehenetsi behar dute. Izan ere, hezkuntza-etapa horretan prestatu behar dira belaunaldi berriak helduarorako. Bertan ezartzen dira hezkuntzarako bizi guztirako oinarri sendoak, ikasleak beren bizitza zentzuz zuzentzeko gai izan daitezen, beren patua hauta dezaten, beren erabakien ardura har dezaten, oraingo eta etorkizuneko premiak beren gain har ditzaten, pertsonen zaintza susta dezaten eta gizartean integra daitezen, betiere modu aktiboan eta kritikoan eta arduraz parte hartuz.

    Ingurumen-krisiak eta krisi humanitarioak, balioenak eta sanitarioak (emozional eta fisikoak eta COVID-19aren pandemiaren ondoriozko egoerak) inoiz baino gehiago eskatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ikasleek enpatia, autonomia, erresilientzia, espiritu kooperatibo eta kritikoa, konpromiso soziala eta ingurumenarekiko konpromisoa garatzea. Gainera, funtsezko konpetentziak garatzera bultzatu beharko da, gero eta globalizatuagoa, interdependenteagoa eta zalantzazkoagoa den eta laugarren iraultza industrialean (Industry 4.0) murgilduta dagoen mundu honetan bizitzeko eta gaur egungo gizartea ezaugarritzen duten erronka sozial handietan ondo moldatzeko.

    Bestalde, garrantzizkoa da kultura bakoitzak behar horiei eskaintzen dizkien erantzunak ezagutzea, etnozentrismoaren arriskuak saihesteko eta beste kultura batzuen ekarpenak baloratzeko edo aintzat hartzeko, kulturen arteko errespetua eta elkarrizketa bultzatuko duten kulturarteko hezkuntza-planteamenduen bidez. Era berean, garrantzizkoa da aniztasun afektibo-sexuala eta kulturala onartzea, alde batera utzita sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipo eta rol guztiak.

    Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparru berria aurrerapauso bat da Heziberri 2020ren aurreko ereduaren aldean: Heziberri 2020ren zeharkako eta diziplinako konpetentziek bat egiten dute, eta konpetentzia-eredu integratu bat sortzen, funtsezko konpetentzien eta konpetentzia espezifikoen bidez definitzen dena eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioak (2018) dioenarekin bat datorrena.

    Gure hezkuntza-eredua hobetzen jarraitzeko, dekretu hau ildo estrategiko hauen barruan errenditzen da, eta berauek izango dira dekretuan jasotako elementuak garatzeko oinarrizko erreferentziak:

    Ikasleak dira euskal hezkuntza-sistemaren giltzarria; horregatik, funtsezkoak dira haien ongizate emozionala eta zaintza, arrakastaren bermea, inklusibitatea, curriculumaren unibertsaltasuna eta irteera-profila, XXI. mendeko erronkei pertsonalki, sozialki eta profesionalki aurre egiteari begira. Hori guztia, ongizate emozionaleko inguru inklusibo eta seguru batean.

    Ikastetxea da hezkuntza-eraldaketarako ardatza, erakunde ahaldundua, lidergoa banatzea sustatzen duena (antolaketa-kudeaketa, kudeaketa pedagogikoa...) eta hezkuntza-komunitate osoaren ikaskuntzan eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako berrikuntza bultzatzen duena. Horretarako, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen autonomia sustatuko du.

    Irakasleek rol aktiboa hartu behar dute ikaskuntza-prozesuan, eta, hain zuzen, beren irakaskuntza-eremu, arlo edo ikasgaietan eta trebetasun didaktiko eta metodologikoetan duten aditu mailako ezagutza da haien lidergoaren oinarri. Gainera, gidari, orientatzaile edo bultzatzaile gisa jardun behar dute ikaskuntza partekatuko edo ikaskuntza autonomoko jardueretan, bai eta talde-lanera edo kolaborazio-lanera edo proiektu bidezko lanera bideratutako jardueretan edo ikasleak guztiz garatzeko benetan balio duen beste edozein irakaskuntza edo ikaskuntza modalitatetan ere. Tutorearen rola etapa guztietan indartzen da, tutorea ikasleen bideratzaile eta gidari gisa hartuta, ikasle guztien elkarbizitza ona eta arrakasta lortzeari begira.

    Konpetentzia-curriculuma ikaskuntza sakon eta funtzional jakin baterantz bideratzen da: ikasten dena era bateko eta besteko egoeretan erabil daiteke, denboran zehar irauten du eta aukera ematen du egoera errealetan problemak konpontzeko.

    Hezkuntza linguistiko eta eleaniztunaren kalitatea funtsezkoa da: beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak ematen ditu errealitatea ulertzeko, pentsamendua adierazteko, arrazoitzeko, ezagutza transmititzeko eta mundua ikusteko eta ulertzeko eta besteekin hartu-emanak izateko era jakin bat transmititzeko. Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia hartzen du euskararekin hizkuntza propioa baita eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen dituen heinean, baita beste hizkuntzekin ere. Gainera, hizkuntza- eta eleaniztasun-konpetentzia garatzeak gainerako funtsezko konpetentziak garatzera bultzatzen du, eta, beraz, beste arlo batzuen zerbitzura dago konpetentzia hori.

    Curriculumerako sarbidearen unibertsaltasuna. Hezkuntza jasotzeko aukera guztiek izatea ekarriko du eta benetako integraziorako, aukera-berdintasunerako, erabateko parte-hartzerako eta eskola-arrakastarako bidea markatuko du. Ikaskuntzarako garapen unibertsala hartuko da aintzat irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan.

    Hezkidetza funtsezkoa da pertsonei sexuaren, sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipoetatik eta roletatik kanpo garatzen laguntzeko, eta bera izango da hezkuntza-sistemaren ildo estrategikoa eta ikastetxeen antolaketa pedagogikoarentzako irizpide orientatzailea, maila eta modalitate guztietan.

    Arreta berezia jarri behar zaie ikasleen ongizate emozionalari eta hezkuntza-komunitate osoa zaintzeari. Ondo eta harmonian sentitzearen esperientzia subjektiboa sartzen da hor, eta norberaren gogobetetasuna ere bai, zailtasunei aurre egiteko eta haiek ondo gainditzeko segurtasuna ematen duena. Ongizate emozionala funtsezkoa da inguruneko eskaerei eta egoerei aurre egiteko edo horietara egokitzeko, eta eskaera eta egoera horien artean dago ikaskuntza ere. Curriculumak ongizate emozionalean lagundu behar du.

    Hori guztia aintzat hartuta, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Eskola Kontseiluari entzunda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorrita, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Oinarrizko Hezkuntzako etapako curriculum propioa ezartzea eta hura nola ezarri, ebaluatu eta garatu arautzea. Oinarrizko Hezkuntzako etapan, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Heziketa Zikloak sartzen dira.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxe guztietan da aplikatzekoa.

Honela ulertu behar dira:

  1. Helburuak: funtsezko konpetentziak eskuratuz ikasleek etaparen amaierarako iritsi beharko lituzketen lorpenak.

  2. Irteera-profila: oinarrizko hezkuntza amaitzerako ikasle guztiek konpetentzietan iritsi behar duten maila, aukera emango diena bizitza-proiektua arrakastaz garatzeko eta bizitzan zehar funtsezko konpetentziak garatzen jarraitzeko.

  3. Funtsezko konpetentziak: ikasleek arrakastaz aurrera egin ahal izateko eta bizitzan zehar erronka eta desafio nagusiei aurre egin ahal izateko ezinbestekotzat jotzen diren jardunak. Pertsona guztiek beren errealizazio eta garapenerako behar dituztenak dira, bai eta herritartasun aktiboa, gizarte-inklusioa eta enplegua sustatzeko behar direnak ere.

  4. Konpetentzia espezifikoak: arlo eta ikasgai bakoitzeko oinarrizko jakintza beharrezkoa den jardueretan edo egoeretan ikasleek baliatzen jakin behar duten neurriak. Konpetentzia espezifikoak alde batetik funtsezko konpetentziak eta bestetik ikasgaietako oinarrizko jakintzak eta ebaluazio-irizpideak lotzeko eta zehazteko elementuak dira.

  5. Ebaluazio-irizpideak: arlo edo ikasgai bakoitzaren konpetentzia espezifikoetan aipatutako jardueretan edo egoeretan ikasleek ikaskuntza-prozesuaren une jakin batean iritsi beharko lituzketen jardun-mailak adierazten dituzten erreferenteak.

  6. Oinarrizko jakintza: arlo, ikasgai edo eremuetako berezko ezagutza, trebetasun eta jarrerak, edozein pertsonak menderatu, artikulatu eta mobilizatu behar dituenak konpetentzia espezifikoetan definitutako gaitasunekin batera, problemak konpontzeko edo egoera jakin batzuetan erronkei aurre egiteko. Curriculum-proposamen honetan, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko eta garatzeko egiten duten ekarpenarengatik hautatzen dira oinarrizko jakintza horiek, nahiz eta diziplina-logikak eduki horiek hobeto antolatzen eta aurkezten laguntzen duen.

  7. Ebaluazio hezitzailea: irakasteko eta ikasteko prozesua ebaluatzeko modalitate bat da, izaera erregulatzailea duena, eta ikasleen zailtasunak eta aurrerapenak hautematea du xede, prozesu didaktikoa ikasleen beharretara egokitzeko.

  8. Eremua: curriculumaren antolaketa globalizatua eta diziplinartekoa, zenbait diziplina elkarren artean erlazionatzen dituena, eta ikasgaien edo arloen atalen batura baino gehiago dena. Eremuak bertan sartutako arloei edo ikasgaiei dagozkien konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintza biltzen ditu.

  9. Ikas-egoerak: ikasleei funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak garatzea eskatzen dieten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratzen eta garatzen laguntzen dutenak. Ikas-egoeretatik abiatuta egindako lanak aukera ematen du konpetentzien araberako ikaskuntzaren ikuspegiaren oinarrian dauden jakintza eta gaitasunak uztartzen dituzten egoeratan oinarrituta egituratzeko ikasturte-programazioa edozein maila, arlo, ikasgai edo eremutan.

  10. Ikaskuntzarako diseinu unibertsala (IDU): curriculuma garatzeko printzipioak dira, ikasle guztiei hezkuntzarako sarbidean aukera-berdintasuna ematen dietenak, eta haien helburua benetako inklusio eta parte-hartzea lortzea da, ikasle guztientzat ikaskuntzarako oztopoak minimizatuz eta ikasteko aukerak maximizatuz.

  1. Oinarrizko Hezkuntza berezko identitatea duen hezkuntza-aldia da; erregimen arruntean, ikasleak 6 urte betetzen dituen urte naturalean hasten da, eta, oro har, 16 urterekin amaitzen da. Honela osatuta dago: Lehen Hezkuntza (sei maila ditu), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (lau maila) eta Oinarrizko Heziketa Zikloak (bi maila). Ikasleak 18 urtera arte egon daitezke Oinarrizko Hezkuntzan; zehazki, ikasturtea amaitzen den urtean 18 urte betetzen dituzten arte. Nolanahi ere, muga hori salbuespenez luzatu daiteke, 23. eta 26. artikuluetan aipatzen diren kasuetan.

  2. Lehen Hezkuntzako etapa bi mailako hiru ziklotan antolatuta dago. Etapa horretan, hezkuntza-ekintzaren bidez ahalegina egin behar da ikasleen esperientziak eta ikaskuntzak ikuspegi globaletik bateratzen, eta hezkuntza-ekintza hori ikasleen lan-erritmoetara egokitu behar da.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza mailetan antolatuta dago. Etapa horretan, hezkuntza-ekintzaren bidez ahalegina egin behar da ikasleen esperientziak eta ikaskuntzak bateratzen. Horretarako, ikasgaiak eremutan antolatu behar dira, ahal den heinean. Etapa horretan, arreta berezia jarri behar zaio ikasleen hezkuntza- eta lanbide-orientazioari. Laugarren mailak izaera propedeutikoa eta orientatzailea izan behar du, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketetarako zein laneko bizitzarako.

  4. Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Heziketa Zikloetako ikasketak ematen dituzten ikastetxeek dekretu honetan ezartzen diren curriculum-elementuetara egokitu behar dute beren irakasle-jarduna, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak ezartzen dituen alderdietan ikastetxe bakoitzak duen autonomia pedagogikoa ezertan galarazi gabe.

  5. Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-proiektuaren arabera antolatu behar ditu etapako zikloak, banatu behar ditu arloak, ikasgaiak edo eremuak hala badagokio eta banatu behar ditu jakintzak eta haien ordutegiak ziklo bakoitzeko mailen artean, bere autonomia pedagogikoaz baliatuz eta ikasleen hezkuntza-premien arabera.

Oinarrizko Hezkuntzaren helburua da, haren bi etapen bidez, ahoz eta idatziz adierazteko eta ulertzeko trebetasunak eta trebetasun logikoak eta matematikoak garatzea eta finkatzea, eta ikasleei kulturaren oinarrizko elementuak ematea, haren eremu humanistikoan, zientifiko-teknologikoan, artistikoan eta motorrean. Ikasle guztiek bizi-ohitura osasungarriak, elkarbizitzarako ohiturak eta ikasteko eta lan egiteko ohiturak hartu eta sendotu beharko dituzte, nortasuna erabat garatzen lagunduko dien prestakuntza integrala berma dadin eta, hartara, herritar gisa dituzten eskubide eta betebeharrak erabat balia ditzaten eta ondorengo ikasketetan hasteko eta etorkizunean laneratzeko presta daitezen.

Oinarrizko Hezkuntza Euskadiko hezkuntza-sistemaren printzipioen arabera antolatuta dago.

  1. Oinarrizko Hezkuntzak unibertsala eta derrigorrezkoa izan behar du ezagutza-maila eta -azpieremu guztietako hezkuntza-jarduketei eta -jarduerei dagokienez, eta inklusioa eta ekitatea bermatu behar ditu ikasleen artean.

  2. Oinarrizko Hezkuntzan, garrantzi berezia eman behar zaie ikasleen arretari eta hezkuntza-orientazioari, nork bere burua ezagutzera, gaitasunak ahal den gehiena garatzera eta prestatzen jarraitzera bultzatzeko. Ikasleen autonomia bultzatu behar da eta lan-ohiturak indartu. Ikastetxeek gurasoekin eta legezko tutoreekin batera lan egin behar dute hezkuntza-prozesua babesteko.

  3. Oinarrizko Hezkuntza hezigarria eta orientagarria da garapen pertsonalaren, familiarraren, soziokulturalaren, akademikoaren eta profesionalaren eremuekin lotutako alderdietan. Irakasle guztiak hezitzaileak dira, eta modu bateratu eta koordinatuan lan egiten dute, dagokien hezkuntza-etapatik eta curriculum-arlotik abiatuta, hezkuntzaren ardura partekatzen dutenekin nagusiki, gurasoekin edo legezko tutoreekin lankidetzan jardunez, baita instantzia eta eragile sozializatzaileekin eta hezkuntzakoekin ere.

  4. Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma honako hauei begira zehaztu eta garatu behar da: ikasle guztien gizarte-inklusioa lortzea, garapen pertsonal orekatua izatea, herritartasun kritikoa, berdinzalea, aktiboa eta konstruktiboa eraikitzea eta geroko prestakuntza-prozesuetarako sarbidea erraztea. Helburu horiek hertsiki erlazionatuta daude I. eranskinean zehazten den irteera-profilarekin.

  5. Oinarrizko Hezkuntzak bermatu behar du koherentzia dagoela bera osatzen duten bi etapen artean. Era berean, ziurtatu behar da ikasleak behar bezala igarotzen direla Haur Hezkuntzatik Oinarrizko Hezkuntzara eta Oinarrizko Hezkuntzatik Derrigorrezko Hezkuntzaren Ondokora.

  6. Hezkuntza-ekintza inklusiboak askotariko esperientziak, erreferenteak eta ikaskuntzak eskaini behar ditu, kulturarteko ikuspegi globaletik, eta ez etnozentrikotik eta androzentrikotik, eta ikuspegi hori modu pertsonalizatuan egokitu behar da ikasleen bilakaerara eta ikasteko erritmora.

  7. Hezkuntza-praktika prestakuntza-eredu kolaboratibo batean oinarritu behar da, dinamika globalizatuak eta kooperatiboak bultzatzeko, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren barruan. Ikaskuntza-prozesuak hobetuko dituzten ingurune presentzial eta digital berrietarantz joko da. Era berean, ikaslea bere ikaskuntzaren motorra izango den kultura bat sustatu behar da.

  8. Oinarrizko Hezkuntzak ikuspegi humanista batetik prestatuko ditu ikasleak, gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta konprometituagoa eraikitzeko moduko jakintza eta balioak berenganatu ditzaten. Horretarako, alderdi kognitiboak, emozionalak eta etikoak uztartu beharko dira.

  9. Ikastetxeek, ikasleak onartzeko araudiaren arabera, aukera-berdintasuna sustatu behar dute eskolaratzean eta eskolako ibilbidean. Horretarako, ikasle guztiei hezkuntza-aukera berak eskainiko dizkiete, eta diskriminazio positiboko neurri inklusiboak hartu behar dituzte desabantaila ekonomiko, sozial, kultural edo pertsonalak dituztenen alde, hezkuntza-prozesuan laguntzeko eta eskola-porrotari aurrea hartzeko.

  10. Oinarrizko Hezkuntzako arloek eta ikasgaiek curriculumean euskal kulturaren eta hizkuntzaren dimentsio espezifikoa txertatu behar dute, eta funtsezko konpetentziak alderdi guztietatik garatzen lagundu.

  1. Ikastetxeek, inklusioaren eta ekitatearen printzipioa aplikatzen dela bermatzeko, ikasleen aniztasuna kontuan hartuta prestatu behar dituzte etapa honetako ikasle guztientzako proposamen pedagogikoak. Era berean, ikasleen ikasteko askotariko erritmoak kontuan hartuko dituzten, beren kabuz ikasteko gaitasuna bultzatuko duten eta talde-lana sustatuko duten metodoak ezarri behar dituzte.

  2. Hezkuntza-arloak lan egin behar du modu progresiboan garatzeko eta finkatzeko ikasle bakoitzari Oinarrizko Hezkuntza amaitzeko irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentziak behar bezala eskuratzeko bidea emango dioten oinarriak, betiere ikasle bakoitzaren heltze-prozesua eta etapa honetarako espero diren jardun-mailak kontuan hartuta. Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, ikasleek gai izan beharko lukete garapen jasangarrirako helburuei begira aldaketak eragiteko eta erronkei aurre egiteko.

  3. Honako hauek bermatu behar dira: hezkuntza- eta hizkuntza-inklusioa; arreta pertsonalizatua; ikasleek ikastetxeko egituretan eta elkarbizitzan parte hartzea; ikasteko zailtasun espezifikoak eta gaitasun handiko ikasleak goiz hautematea, eta laguntzeko eta malgutzeko mekanismoak, alternatiba metodologikoak eta beharrezkoak diren beste neurri batzuk abian jartzea. Hezkuntza-inklusioa bermatzeko hartzen diren antolaketa-, metodologia- eta curriculum-neurriak Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei jarraitu behar diete, pertsona guztiek hezkuntza-arrakasta lortu dezaten.

  4. Konpetentzia-curriculuma ikaskuntza sakon eta funtzional batera bideratuta dago, ikasitakoak hartara askotariko inguruneetan balio izateko eta erabiltzeko, denboran irauteko eta orotariko egoeretan baliatu eta problemak konpontzeko.

  5. Oinarrizko Hezkuntzan, arreta berezia eman behar zaio Oinarrizko Hezkuntza amaitzean ikasleek bete behar duten irteera-profilean ezarritako konpetentziak lortzeari eta garatzeari, eta ahozko eta idatzizko adierazpide zuzena sustatuko da, baita matematikaren erabilera ere. Irakurtzeko ohitura sustatze aldera, ikasgai guztien irakaskuntzan denbora hartu behar da era bateko eta besteko testu motak irakurtzea dakarten jardueretarako.

  6. Ikasitakoa barneratzen laguntzeko, beharrezkoa da eskola-ordutegian tarte bat hartzea zeharkako proiektu adierazgarriak eta garrantzitsuak egiteko eta arazoak elkarlanean konpontzeko, ikasleen autoestimua, autonomia, gogoeta eta erantzukizuna indartu daitezen.

  7. Arlo, ikasgai edo eremu guztietan, zeharka sustatu behar dira genero-ikuspegia, bakearen aldeko hezkuntza, osasunerako hezkuntza, sentsibilitate estetikoa eta sorkuntza artistikoa, jasangarritasunerako eta kontsumo arduratsurako hezkuntza, elkarrenganako errespetua eta indarkeriazko edo diskriminaziozko jarrera eta portaeren prebentzioa, eta berdinen arteko kooperazioa.

  8. Lehentasunezkotzat jotzen da haurren eta gazteen ongizate emozionalari arreta berezia jartzea. Ondo, harmonian eta lasai sentitzearen esperientzia subjektiboa eta zailtasunei aurre egin eta ondo gainditu ahal izateko gogobetetasun-esperientzia sartzen dira hor. Bereziki, arreta jarri behar zaio indarkeria motaren bat indarkeria matxista, LGBTIfobikoa edo arrazista edo dibertsitate-gaiei lotua jasaten denean sortzen diren ondoez-egoerak identifikatzeari.

  9. Hizkuntza, informaziorako eta ezagutzaren eraikuntzarako atea izanik, ikasteko prozesuaren erdigunean dago. Hizkuntzen ikaskuntzari konpetentzia-ikuspegi globalizatu batetik heltzen zaio, arreta hizkuntzen ikaskuntza integratuan eta hizkuntzen eta jakintzen ikaskuntza integratuan jartzen duten ikuspegi metodologikoen bidez.

  10. Hizkuntza ofizialak laguntza gisa bakarrik erabiliko dira atzerriko hizkuntzak ikasteko prozesuan. Prozesu horretan, ulermena, adierazmena eta ahozko interakzioa lehenetsiko dira.

  11. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren aukera metodologikoen barruan, garrantzitsua da aintzat hartzea konpetentziak osorik garatzea, egoera errealetan oinarritutako benetako jardueren bidez lan egitea, eta abar.

  12. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarriko du zer baldintza bete beharko diren kualifikazio egokia duten irakasleek ikasle talde berari derrigorrezko bigarren etapako lehen mailetan ikasgai bat baino gehiago emateko.

  13. Ebaluazioa globala, jarraitua eta hezigarria da Lehen Hezkuntzan, eta jarraitua, hezigarria eta integratzailea Bigarren Hezkuntzan. Halaber, ebaluazioa kolaboratiboa eta parte hartzekoa da. Hori dela eta, ikastetxeek eta irakasle-talde ebaluatzaileek bitarteko eta estrategia egokiak jarri behar dituzte ikasleak eta ikasle adingabeen gurasoak edo legezko tutoreak ebaluazioari lotutako prozesuetan integra daitezen eta horietan aktiboki kolaboratu eta parte har dezaten.

  14. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak behar diren neurriak sustatuko ditu ikasleen tutoretza pertsonala eta hezkuntza-orientazioa eta orientazio psikopedagogikoa eta profesionala funtsezko elementuak izan daitezen Oinarrizko Hezkuntzaren etaparen antolamenduan.

Oinarrizko Hezkuntzak honako hauek egiteko gaitasuna garatzen lagundu behar die ikasleei:

  1. Beren betebeharrak ulertzea eta arduraz hartzea, beren eskubideak gainerakoekiko errespetuan ezagutu eta erabiltzea, pertsonen eta taldeen arteko tolerantzia, lankidetza eta elkartasuna praktikatzea, elkarrizketan aritzea eta, hala, giza eskubideak finkatzea gizarte plural baten balio komun gisa, eta herritartasun demokratikoa baliatzeko prestatzea.

  2. Nork bere burua erregulatzeko, ikasteko eta bakarka nahiz taldean lan egiteko ohiturak garatzea eta finkatzea, ikasketak eraginkortasunez egiteko beharrezkoa den baldintza gisa eta norbera garatzeko bitarteko gisa.

  3. Genero-berdintasuna baloratzea eta sexu-, genero-, etnia-, arraza-aniztasuna edo gaitasunen arloko aniztasuna errespetatzea. Gizonen eta emakumeen arteko edonolako diskriminazioa dakarten estereotipoak errefusatzea. Sexu- eta ugalketa-eskubideak ezagutzea eta pertsona oro errespetatuz eta norbera zainduz baliatzea.

  4. Nortasunaren esparru guztietan eta gainerakoekiko harremanetan gaitasun afektiboak indartzea, gatazkak modu baketsuan konpontzea eta indarkeria bereziki, indarkeria matxista eta indarkeria LGBTIfobikoa, edonolako aurreiritziak eta portaera sexistak baztertzea.

  5. Informazio-iturriak erabiltzeko oinarrizko trebetasunak garatzea, ezagutza berriak zentzu kritikoz lortze aldera. Oinarrizko konpetentzia teknologikoak garatzea eta haien funtzionamenduari eta erabilerari buruzko gogoeta etikoan aurrera egitea.

  6. Ezagutza zientifikoa zenbait diziplinatan egituratzen den jakintza integratu gisa hartzea, eta ezagutzaren eta esperientziaren arloetako arazoak identifikatu eta konpontzeko metodoak ezagutzea eta aplikatzea.

  7. Beren buruaren gaineko konfiantza, parte-hartzea, zentzu kritikoa, ekimen pertsonala eta espiritu ekintzailea garatzea, baita ikasten, planifikatzen, erabakiak hartzen eta erantzukizunak beren gain hartzen ikasteko gaitasuna ere.

  8. Euskaraz eta gaztelaniaz zuzentasunez ulertzea eta adieraztea, ahoz eta idatziz, eta testu eta mezu konplexuak sortzeko gai izatea.

  9. Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan egoki ulertzea eta adieraztea.

  10. Norberaren kulturaren eta historiaren eta euskal kulturaren eta historiaren oinarrizko alderdiak ezagutu, baloratu eta errespetatzea, baita historia orokorra/unibertsala eta ondare artistikoa eta kulturala ere.

  11. Norberaren eta gainerakoen gorputzaren funtzionamendua ezagutzea eta onartzea, desberdintasunak errespetatzea, gorputzaren zaintza- eta osasun-ohiturak finkatzea eta ikasleen ohituretan heziketa fisikoa eta kirol-praktika txertatzea, norberaren eta gizartearen garapena errazte aldera. Sexualitatearen giza dimentsioa ezagutzea eta baloratzea, eta haren aniztasuna.

  12. Modu kritikoan baloratzea osasunarekin, kontsumoarekin, zaintzarekin, enpatiarekin eta izaki bizidunenganako (animaliak barne) eta ingurumenarekiko errespetuarekin lotzen diren gizarte-ohiturak, eta horiek kontserbatzen eta hobetzen laguntzea.

  1. Arte-sorkuntza estimatzea eta arte-adierazpenen hizkuntza ulertzea, zenbait adierazpide eta irudikabide erabiliz.

  2. Gizateriak dituen eta garapen jasangarrirako helburuetan zehazten diren arazo nagusiez jabetzea.

  1. Hezkuntza-sistemaren lehen helburuetako bat da ikasle guztien komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzea, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren ikuspegitik, euskararen erabileran sakonduta. Derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, ikasle guztiek euskaraz eta gaztelaniaz zuzentasunez ulertzeko eta adierazteko gai izan behar dute ahoz zein idatziz, baita testu eta mezu konplexuak sortzeko gai izan ere. Gainera, ulermen eta adierazpide egokia izango dute atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan.

  2. Hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza antolatzeko eta horiek tratatzeko eta erabiltzeko irizpideak ikastetxeen autonomiaren esparruan zehaztuko dira, ikasleen eta haien ingurunearen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Ikastetxeak hartzen dituen erabaki guztiak Hezkuntza Proiektuaren barne dagoen hizkuntza-proiektuan zehaztu behar dira; hala, hizkuntza-proiektu horretan planifikatu behar dira ikasleek hizkuntzak ikasteko, erabiltzeko eta hizkuntzekiko jarrera positiboa garatzeko bideak, bat etorrita I. eranskinean zehazten den irteera-profilarekin. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntza-proiektuon jarraipena eta ebaluazioa egingo du.

  3. Ikastetxean bertan garatzen diren jardueretan eta kanpo-proiekzioko jardueretan adierazpidea euskara izatea sustatu eta ziurtatuko da.

  4. Komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzeko, hizkuntzen ikaskuntza curriculum-arloen barruan modu transbertsalean integratzen duten ikuspegi metodologikoak baliatuko dira.

  5. Euskal Hezkuntza Sisteman berandu sartzen diren ikasle atzerritarrak hartzeko eta haiei hizkuntza-arreta emateko, ikasle horien inklusioa ahalbidetuko duten prestakuntza-programa integralak beharko dira.

  6. Irakasleak prestatzeko eta hobetzeko plan bat egin behar da, hizkuntzen esparruan hizkuntza- eta metodologia-gaitasunak hobetzeko.

  1. Oinarrizko Hezkuntzak irteera-profila lortzeko behar dituzten konpetentziak garatzen lagunduko die ikasleei; irteera-profila I. eranskinean jasota dago.

  2. Ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako izan behar duten irteera-profila bizitzako esparru eta egoeretan moldatzeko gai den pertsonaren ereduari dagokiona da. Era berean, ikasleek, oinarrizko jakintzen bidez, oinarrizko hezkuntza amaitzerako eskuratu eta garatu behar izan dituzten funtsezko konpetentziak finkatzen ditu. Ikasleek konpetentzia horiek etengabeko ikaskuntzaren bidez garatzen jarraitu ahal izango dute, eta konpetentzia horiei esker helduen bizitzan sartu ahal izango dira.

  3. Irteera-profila curriculum-arkitekturaren ardatza da, kohesioa ematen duen matrizea, eta hor egiten dute bat euskal hezkuntza-sistemako oinarrizko prestakuntzako etapek eta modalitateek. Horrenbestez, hartan oinarritu behar dira eskola-praktikan hartzen diren gainerako curriculum-erabakiak, estrategiak eta orientabide metodologikoak, eta bera da erreferentzia-elementua ikasleen ikaskuntzen barne- eta kanpo-ebaluazioari begira. Irteera-profila etapako helburuekin eta arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoekin erlazionatuta dago.

  4. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, irteera-profila erreferentziatzat harturik bat da Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztientzat, behar diren aholkuak emango dizkie ikastetxeei, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan irteera-profil hori beren ikasleentzat egokitu dezaten.

  5. Oinarrizko Hezkuntzan, ikasleek funtsezko konpetentzia hauek garatuko dituzte:

    1. Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia,

    2. Konpetentzia eleaniztuna,

    3. Matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia,

    4. Konpetentzia digitala,

    5. Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa,

    6. Herritartasunerako konpetentzia,

    7. Ekintzailetza-konpetentzia,

    8. Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia.

  6. Dekretu honek ezartzen dituen gutxieneko ikasketen xedea da irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentziak garatzen direla bermatzea. Gure autonomia-erkidegoan ezarritako curriculumetan eta ikastetxeetako hezkuntza-proiektuek curriculumok zehazteko eran, irteera-profil hori hartuko da erreferentetzat, eta bereziki kontuan hartuko dira dekretu honetako I. eranskinean jasotako funtsezko konpetentzietako deskriptore operatiboak.

  1. Dekretu honek Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma ezartzen du, eta honako alderdi hauek zehazten ditu: helburuak, arloen edo ikasgaien konpetentziak (funtsezkoak eta espezifikoak), ebaluazio-irizpideak, oinarrizko jakintza gisa enuntziatutako edukiak, ikas-egoerak eta metodo pedagogikoak.

  2. Dekretu honek curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen ditu, Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzako ikasketak osatzen dituztenak.

  3. Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma garatu eta, hala badagokio, osatu egingo dute, beren hezkuntza-proiektuaren barruan.

  4. Eremuen araberako taldekatzeek eremua osatzen duten arlo edo ikasgaien konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak errespetatu behar dituzte.

  5. Dekretu honen II. eta III. eranskinetan, arlo eta ikasgai bakoitzerako konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintza finkatzen dira.

  6. Funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak eskuratze eta garatze aldera, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak agintzen duen eran planifikatu ahal izango ditu irakasle-taldeak ikas-egoerak. Irakasleei beren praktika errazte aldera, IV. eranskinean, hura diseinatzeko orientabideak enuntziatzen dira.

  1. Ikuspegi globaletik, etapa honetako maila guztietan arlo hauek landu behar dira:

    (Ikus .PDF)

  2. Balio Zibikoak eta Etikoak arloa Lehen Hezkuntzako seigarren mailan ematekoa da.

  3. Arte Hezkuntza bitan banatu daiteke: Musika eta Plastika.

  4. Gorputz Hezkuntzaren arloa etapa osoan zehar indartu behar da. Lehen zikloko bi mailetan, Gorputz Hezkuntzako hiru saio egingo dira astean. Hurrengo zikloetan, arlo horri denbora gehiago eskaintzea lehenetsiko da.

  5. Ikastetxeek atzerriko bigarren hizkuntza bat ere eskain dezakete ikastetxearen hizkuntza-proiektuaren barruan. Era berean, ikastetxeek proiektu transbertsal bat edo komunitateari zerbitzuak emateko proiektu bat egin dezakete beren autonomia baliatzeko astean duten denboran.

  6. Oro har, arlo guztiak Lehen Hezkuntzako arlo guztietan konpetentzia duen maisu edo maistra bakar batek eman behar ditu, taldeko tutoreak. Musika, Gorputz Hezkuntza eta Atzerriko Hizkuntza irakasteko, horiei dagokien espezializazioa edo kualifikazioa behar da. Balio Zibiko eta Etikoetan Oinarritutako Hezkuntza arloa taldeko tutoreak eman behar du, ahal dela.

Lehen Hezkuntzako maila guztietan, ikastetxeek astean ordubete utzi behar dute ikasleekin hezkuntzarako tutoretza egiteko.

  1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa ikasgaitan eta eremutan banatuta dago, eta lau maila ditu.

  2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikasgaiak eremutan multzokatuta antolatzea sustatuko du, gutxienez lehenengo bi mailetan, eta dekretu honetan ikasgai bakoitzerako ezarritako konpetentzia espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintza garatzen direla bermatuko du. Eremuan lortutako kalifikazioak konputatuko du modu bereizian eremua osatzen duen ikasgai bakoitzean; hala, kalifikazioa bera izango dute ikasgai horietan guztietan. Hezkuntza-proiektuan islatuko da eremuen araberako antolaketa, eta proiektu horretan zehaztu behar dira proiektua osatzen duten ikasgaien zerrenda eta curriculum-elementuak.

  3. Maila bakoitzeko ikasgaien tipologia eta antolaketa honako taula honetan ageri da:

    (Ikus .PDF)

  4. Biologia eta Geologia eta Fisika eta Kimikako ikasgaiak batera jorratuko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetan, Natur Zientzien ikasgaiaren barruan.

  5. Laugarren mailan, ikasleek honako ikasgai hauen curriculum-edukia ikasiko dute:

    (Ikus .PDF)

  6. Aukerako ikasgai guztiak, ikastetxeak hala erabakitzen badu, lan monografikoak izan daitezke, edo komunitatearentzako zerbitzu batekin lankidetzan aritzeko proiektuak.

  7. Ikaskuntza-egoeretatik abiatutako irakaskuntzari esker, edozein maila, arlo, ikasgai edo eremutako ikasturtea programatu daiteke.

  8. Laugarren mailak izaera orientatzailea du, prestakuntza akademikorako zein profesionalerako. Ikastetxeek laugarren apartatuan aipatzen diren ikasgaiak taldekatu ditzakete, ikasleak etorkizuneko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko aukeretara bideratzeko asmoz, hau da, batxilergoko modalitateetara edo Lanbide Heziketako askotariko eremuetara. Ziurtatu beharra dago ikasleek aukera dutela, ezartzen diren aukeretako edozeinen bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irteera-profilean konpetentzietan eskuratu behar den maila eskuratzeko. Gainera, ikasketa-adar guztietan bi sexuen presentzia orekatua izatea sustatu behar da.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila guztietan, ikastetxeek astean ordubete utzi behar dute ikasleekin hezkuntzarako tutoretza egiteko.

  1. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ikastetxeen pedagogia- eta kudeaketa-autonomia sustatuko du. Gainera, irakasleen talde-lana eta ikerketa-jarduera sustatuko du, heziketa-praktikatik abiatuta.

  2. Ikastetxeek autonomia izango dute curriculumak zehazteko, eta, horiek garatzeko, beren hezkuntza-proiektuan ezarritakoa hartuko dute erreferentziatzat. Autonomia hau, era berean, islatuta geratzen da ikastetxe bakoitzak garatzen dituen proiektuetan, zeinek Hezkuntza-proiektua ere hartuko baitute erreferentziatzat. Proiektu guztietan, beharrezkoa da curriculumaren gaineko erabakiak eta antolakuntzaren gainekoak bat etortzea.

  3. Ikastetxe bakoitzak, bere curriculuma garatzeko, dekretu honen VI. eranskinean ezarritako asteko ordutegiaren ehuneko bat erabil dezake modu autonomoan kudeatzeko. Taldeak eta ikasgaiak malgutasunez antola ditzakete; ikasleen ezaugarrien araberako antolaketa-neurri egokienak eta ezaugarri haien arabera aniztasunari arreta emateko neurri egokienak har ditzakete, eta eremu bereko ikasgaiak batera ematea dakarten antolaketa didaktikoak ezar ditzakete.

  4. Sail eskudunak ezarritako curriculumak zehaztu edo egokituko dituzte ikastetxeek, eta beren hezkuntza-proiektuan txertatuko dituzte, lehentasuna emanez herritartasun aktibora bideratutako ikaskuntza konpetentzialaren berezko printzipioak, helburuak eta metodologia sustatzeari eta garatzeari.

  5. Zuzendaritza-taldeek, beren autonomia eremuaren barruan, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatuko dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan ezarritako konpromisoak betetzeko zeregina bultzatze aldera.

  6. Oinarrizko Hezkuntzako helburuak erdiesteko, zuzendaritza-taldeek lankidetza- eta kooperazio-harremanak hasiko dituzte hurbileko beste erakunde batzuekin; bereziki, udalekin.

  7. Ikastetxeek laguntza emango diete beren inguruneko erakundeei hizkuntza-normalizazioko planak sustatzeko.

  8. Ikasleek Ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren prestaketan parte har dezaten sustatuko da.

  9. Ikastetxeek familien parte-hartzea eta inplikazioa sustatuko dute. Horretarako, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-ekintzak garatu ditzakete guraso eta legezko tutoreentzat, eta, horietan, curriculumean ezarritako inklusio- eta hezkidetza-printzipioak hartuko dituzte kontuan.

  10. Ikastetxea hezkuntza-sistema baten barruan txertatuta dago eta haren arabera dihardu; ikastetxearen autonomiak, bada, behar bezala egokitu behar du testuinguru horretara. Hezkuntza-esparru hau gai da egokiro bateratzeko helburu eta arau komunak eta ikastetxeek hain beharrezkoa duten pedagogia- eta kudeaketa-autonomia; hori horrela izan dadin, baina, nahitaezkoa da ebaluazioa egiteko eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea. Hezkuntza-sistemak erronka handiak ditu aurrez aurre, eta egoera horrek ezinbestean eskatzen du ikastetxeen esku uzten diren bitarteko eta baliabideen erabilerari buruzko informazioa publikoa eta gardena izatea, eta, horrekin batera, lortzen diren emaitzen gaineko balorazioa egitea.

  1. Ikastetxearen hezkuntza-proiektuan, ikastetxeak bere autonomia baliatuz egindako hezkuntza-aukera eta jarraibide nagusiak biltzen dituen proposamen integrala jaso behar da; jarraibide nagusiok erreferentzia gisa balio dute hezkuntza-komunitateak ikastetxean esku hartzeko prozesua koherentziaz zuzentzeko.

  2. Ikastetxearen hezkuntza-proiektuak berariaz jasoko ditu balioak, helburuak eta jarduketa-lehentasunak, eta eskumeneko sailean ezarritako curriculumak ikastetxean nola zehaztuko diren adieraziko du Klaustroak finkatu eta onartuko du curriculuma zehazteko modua; orobat, herritar aktiboak hezteko ikaskuntza konpetentzialak berezko dituen printzipioak, helburuak eta metodologia sustatu eta garatuko ditu. Horiez gain, modu transbertsalean landuko ditu balioetan oinarritutako hezkuntza, garapen jasangarria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta diskriminaziorik eza, nesken eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa, eskolako jazarpena eta ziberjazarpena, eta bake-kultura eta giza eskubideak. Ikastetxearen estrategia digitala ere jasoko du. Ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektua eratzeko, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren barruko osagaia izanik, hezkuntza-proiektu osoa eratzeko orduan bezala, arretaz hausnartu eta aztertuko da ikastetxearen ingurunea.

  3. Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenari edo itunpeko ikastetxe pribatuetako titularrari dagokio ikastetxearen hezkuntza-proiektua onartzea. Batean zein bestean, argitara eman behar da.

1. VI. eranskinean zehazten da ikastetxeek arloetan eta ikasgai bakoitzean zenbat ordu eman behar dituen gutxienez, baita Oinarrizko Hezkuntzako etapa bakoitzean zenbat ordu kudeatu ditzaketen ere beren autonomia baliatuz.

  1. Ikastetxe bakoitzak arloen eta ikasgaien artean banatuko ditu etapa bakoitzeko orduak, betiere VI. eranskinean gutxienekotzat jotzen den ordu kopurua betez. Aukera hori baliatzen ez duten ikastetxeek eranskin berean adierazten den erreferentziazko ordutegi bat beteko dute.

  2. Lehen Hezkuntzako maila bakoitzak gutxienez 875 ordu ditu urtean. Ikasleen eskola-jarduerak astelehenetik ostiralera egingo dira, goizez eta arratsaldez. Maila bakoitzean, astean 25 ordu izango dira gutxienez, egunero 30 minutuko jolasgaraia barnean dela (lehen zikloan eguneko 45 minutukoa izan ahalko da). Arlo bakoitzari emandako ordutegia arlo horietako bakoitzean lan egiteko behar den denbora izango da, alde batera utzi gabe etaparen izaera orokorra eta integratzailea.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bakoitza gutxienez 1.050 ordukoa da urtean. Oro har, ikasleen eskola-jarduerak astelehenetik ostiralera egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta maila bakoitzean astean 30 ordu gutxienez izango dira, egunero 30 minutuko jolasgaraia barnean dela.

  4. Goizeko eta arratsaldeko jardunaldien arteko tartea ez da ordu eta erditik beherakoa izango Lehen Hezkuntzan, ezta ordubetetik beherakoa ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

  5. Ikastetxeek irakastorduetan tarte bat hartuko dute ikasleentzat adierazgarriak diren proiektuak egiteko, zeharkako ikuspegi globalizatzaile batetik besteak beste garapen jasangarrirako hezkuntza eta tokiko eta munduko herritartasuna bultzatuko dituztenak, eta hori formulatu diren arloetan, ikasgaietan eta eremuetan egingo dute, edo modu autonomoan kudeatzen duten ordutegiko tartean.

  6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek, indarrean dagoen araudiaren arabera, ordutegia malgutzeko aukera aurreikusi behar dute, ikasleek dituzten egoera bereziei erantzuteko. Besteak beste, osasuna, eskolatze partekatua edo ikasketen aldiberekotasuna direla-eta sortzen diren egoerak sartzen dira hor.

  1. Gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dute ikasle adingabeen eskola-hezkuntzaren jarraipena egiteko eta haien eskola-hezkuntzan parte hartzeko.

  2. Ikasle adingabeen gurasoek eta legezko tutoreek hezkuntza-prozesuan babesa eman eta parte hartu beharko dute, laguntza emanez ikastetxeek ikasleen aurrerabidea errazteko hartzen dituzten laguntza-neurri indargarrietan.

  3. Era berean, ikastetxeek eta ikasle adingabeen guraso edo legezko tutoreek, banaka, hasieran hartutako konpromisoak berrikus ditzakete eta haiek aldatzeko akordioak egin, ikaslearen hezkuntza- edo elkarbizitza-prozesua hobetzeko edo banaka atzemandako arazoak konpontzeko.

  1. Ikasle-talde berean esku hartzen duten irakasleak dira talde horren irakasle-taldea.

  2. Antolaketa-neurrien bidez, ikastetxeek Oinarrizko Hezkuntza osoan talde bakoitzean parte hartzen duten irakasleen kopurua murrizteko baldintzak ezarriko dituzte, batik bat Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailetan eta curriculuma dibertsifikatzeko eta ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan. Helburu horrekin, kualifikazio egokia duten irakasleek ikasgai bat baino gehiago emango dituzte.

  3. Zuzendaritza-taldeak talde-lana, gogoeta eta hezkuntza-ikerketa sustatuko ditu irakaskuntzan, koordinazio-bileren bidez. Esparru horretan, ordutegi espezifikoak aurreikusi behar dira irakasle-taldeen koordinazio-bilerak irakasleek ikastetxean egon behar duten aldian egiteko.

  4. Behar bezala justifikatzen ez bada behintzat, Lehen Hezkuntzako tutore bakoitzak gutxienez bi ikasturte eman behar ditu ikasle talde berarekin.

  5. Eremuen arabera lan egiten denean, eta ahal den guztietan, tutorea arduratuko da eremuetako batez.

  6. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeari dagokio ikasle-taldeei, zikloei, arloei, ikasgaiei edo eremuei irakasleak esleitzea. Ikastetxean gerora sortutako beharrei erantzute aldera, ikastetxeko zuzendariak aldi baterako eta behar bezala justifikatuta alda dezake esleipen hori, baita irakastorduen banaketa ere.

  1. Irakasleek konpetentzia-profil egokia izan behar dute egoera ezin hobean beren gain hartzeko beren funtzioen berezko erantzukizunak eta, bereziki, ikasleen irteera-profilari lotutako konpetentziak lortzen laguntzearekin lotuta dauden erantzukizunak.

  2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak arauzko xedapenen bidez zehaztuko du irakasleen konpetentzia-profila.

  3. Irakasleen prestakuntzaren helburua da ikasleei garapen pertsonal eta afektiboan eta konpetentzien garapenean laguntzeko behar den konpetentzia-profila lortzea. Prestakuntza-prozesuetan arreta berezia jarri behar zaie hezkuntza inklusiboari, hezkidetzari, aniztasun afektibo-sexualari eta hezkuntzan laguntza berezia eta berariazkoa behar duten kolektiboentzako arreta egokiari. Era berean, ikastetxeen testuinguruan berdintasunaren, jazarpenaren eta tratu txarren arloak lantzeko prestakuntza espezifikoa ere jasoko da, bai, orobat, haurren aurkako indarkeriari aurre hartzeko, antzemateko eta aurre egiteko prestakuntza ere. Hezkuntza arloko eskumena duen sailak irakasleak prestatzeko jarduerak planifikatuko ditu; jarduera horien eskaintza dibertsifikatua eta doakoa bermatuko du, eta behar diren neurriak ezarriko ditu irakasleek jarduerotan parte har dezaten. Ikastetxe bakoitzaren premien arabera hautatuko da prestakuntza espezifikoa, hausnarketa-prozesuetatik ateratako ondorioak aintzat hartuta.

  4. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak sustatutako prestakuntza-ekintzen planteamenduak ezaugarri hauek ditu:

    1. Ikastetxea prestakuntzarako plangintzaren ardatz gisa ikus dadin sustatzen du.

    2. Hezkuntza-ekintzan jartzen du arreta, eta berrikuntza sustatzen du, irakasteko jardunari buruzko azterketaren eta hausnarketaren bidez.

    3. Irakasteko eta ikasteko prozesuak ikertzeko, berritzeko, garatzeko eta ebaluatzeko prozesuak sartzen ditu, praktikari buruzko hausnarketatik abiatzen direnak, eta prestakuntza-sareetan parte hartzeko zeregina ere hor txertatzen du.

  5. Hezkuntza-komunitateko kide guztien koordinazioa eta kooperazioa sustatu behar da ikastetxeko hezkuntza- eta antolaketa-esparru guztietan. Era berean, inguruneko beste ikastetxe eta hezkuntza-eragile batzuekin koordinatzeko eta kooperatzeko ekintzak sustatuko dira. Irakasleek prozesu horretan lagundu eta parte hartu behar dute.

  6. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ebaluatuko ditu irakasleen konpetentziak. Ebaluazio horretan, irakasleek ere parte hartuko dute, beren garapen profesionala hobetzen eta ebaluazio horretatik eratortzen diren prestakuntza-ekintzak planifikatzen laguntzeko.

  1. Hezkuntza-orientazioa etengabeko laguntza-prozesua da, sistematikoa, irakasteko jardueran sartzen dena, eta haren helburua ikasleei funtsezko konpetentziak garatzen eta eskuratzen laguntzea da, beren proiektu pertsonalaren eta profesionalaren jabe izan daitezen eta herritartasuna gauzatu dezaten.

  2. Hezkuntza-komunitate osoaren ardura da; berariaz, irakasle-taldeari dagokio, eta, bereziki, tutoreari; izan ere, tutorea da bere taldeko ikasleen orientazio akademiko eta profesionalaren arduradun nagusia, eta hark du ikasle horiei eskolak ematen dizkieten irakasleak koordinatzeko eta ikasleen gurasoekin edo legezko arduradunekin komunikazio arina ezartzeko ardura nagusia. Hori guztia irakasle orientatzaileen edo aholkularien laguntzarekin egingo da.

  3. Ikastetxearen hezkuntza-proiektuak hezkuntza-orientazioa arautzen duten printzipioak ezarriko ditu, eta tutoretzaren eredua zehaztuko, printzipio horien arabera.

  4. Ikastetxeko zuzendaritzak adi egon behar du hezkuntzarako tutoretzako eta hezkuntza-orientazioko ekintzak ikastetxeko profesional guztien eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideen artean banatuta eta koordinatuta gauzatu daitezen, hezkuntza-etapa bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.

  5. Eskubideen eta aukeren berdintasuna sustatzeko, hezkuntza-zentroek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria garatzeko neurriak txertatuko dituzte tutoretzako planetan eta elkarbizitza planetan.

  6. Hezkuntza-orientazioak, ikastetxearen Urteko Planean eta Hezkuntzarako Tutoretzan txertatuta, ikasleen garapen integrala bermatzen duten jarduera programatuak, sistematizatuak eta ebaluagarriak jaso behar ditu, baita eskolaldiko laguntza pertsonalizatua ere, eta nork bere burua ezagutzera eta autonomia garatzera bultzatu, erabakiak hartzeko orduan gida ditzan ikasleak. Irakasle-taldeek, gainera, ikasleen ikaskuntzaren eta autonomiaren aldeko estrategia didaktikoak eta pedagogikoak sartu behar dituzte.

  7. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan, orientazio-prozesuak barnean hartuko ditu ikasleei beren burua ezagutzen laguntzen dieten eta prestakuntza-ibilbidea eta bizitza-proiektua egiteko orduan erabakiak hartzen laguntzen dieten orientazio pertsonal, sozial, akademiko eta profesionaleko jarduerak, eta lan-orientazio guztien berri jakitea bultzatuko da, estereotipo sexistarik gabeko interes eta bokazioak pizten laguntzeko.

  8. Behar bezala garatutako hezkuntzarako tutoretzak bermatzen du taldeko ikasle bakoitza banaka eta bere berezitasunekin hartzen dela aintzat. Talde bakoitzeko tutorea da laguntzeko, desberdintasunak hautemateko eta inklusioa eta aniztasuna indartzeko aukera gehien duen pertsona hezkuntza-komunitatean.

  9. Tutoretza hezkuntza-ekintzen multzo bat da, zeinek funtsezko konpetentziak lortzen laguntzen baitute eta, aldi berean, beharrezkoak baitira ikasleen ibilbide pertsonala, akademikoa eta profesionala bilakaera-unearen eta hezkuntza-etaparen arabera modu progresiboan garatzeko.

  10. Hezkuntzarako tutoretzak jarraipen indibiduala eta irakasle guztien jarraipen pertsonalizatua eta taldeko jarraipena konbinatzen ditu, ikasleen gizarte-kohesioan laguntzen duten proposamen pedagogikoak aplikatuz. Halaber, ikasleek beren ikasteko prozesuan eta beren garapen pertsonalean eta sozialean inplikazio aktiboa izan dezaten sustatzen du.

  11. Hezkuntzarako taldeko tutoretza-saioen edukiak lau gai multzoren inguruan antolatu behar dira: garapen pertsonala, pertsonen arteko harremanak, ikasteko prozesuak eta ikasketa-orientazio profesionala. Multzo bakoitzeko edukia aldatu egingo da Oinarrizko Hezkuntzako etapetan zehar, ikasleen beharretara eta interesetara egokitu dadin.

  12. Ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-araudiak, eskura dauden baliabideen bidez, tutoretzaren koherentzia eta jarraitutasuna bermatu behar ditu ikasleak eskolatzen diren bitartean.

  13. Ikasleen tutoretza irakaskuntza-funtzioaren parte da. Ikasle guztiek izan behar dute tutore bat, eta tutore hori arduratuko da dagozkion ikasleen hezkuntza-prozesua orientatzeaz, banaka zein taldean. Tutoreak ikasleen garapen pertsonalaz, haien ongizateaz eta funtsezko konpetentzien lorpen progresiboaz arduratu behar du bereziki.

  14. Tutoreari dagokio ikasleen eskola-jarduerei buruzko guztiaren berri ematea ikasleei eta haien guraso edo legezko tutoreei ikasleak adingabeak izanez gero; haiek, nolanahi ere, haiek eskubidea dute irakasleengana edo ikastetxeko gobernu-organoetara jotzeko. Adin nagusiko ikasleen kasuan, guraso eta legezko tutoreek eskubide hori baliatu ahal izango dute, interes legitimoa justifikatuz gero.

  15. Tutoreari dagokio beharrezkoa den dokumentazio akademikoa formalizatu eta betetzea eta irakasle-taldea koordinatzea ikasleen kudeaketa pedagogikoari dagokionez.

  16. Ikasleen tutorearen ardura da irakasle-taldeak jarduketa-plan pertsonalizatua beharrezkoa denean prestatzeko lana koordinatzea, ikastetxeko aholkulariekin edo orientatzaileekin eta, hala badagokio, kanpoko hezkuntza-zerbitzuen aholkularitzarekin lankidetzan arituz. Gainera, plan horren jarraipena egin behar du, eta gurasoen, legezko tutoreen eta ikaslearen solaskide nagusia izango da.

  17. Oinarrizko Hezkuntza osoan zehar, irakasle-taldeek beharrezkoak diren hezkuntza-sistemako informazioak jaso behar dituzte ikasle bakoitzari buruz, eta hurrengo mailara eta hurrengo etapara bidali. Ikastetxeak behar diren hezkuntza-sistemako informazioak jasotzeko eta bidaltzeko erregistro bat izan behar du. Tutoreak du erregistro horretako informazioa eguneratzeko eta kudeatzeko erantzukizuna. Erregistro horretan, besteak beste, konpetentzietan erdietsi den mailari buruzko datuak eta jaso diren errefortzu-neurriak eta laguntzak sartu behar dira.

  18. Ikasleek eta haien gurasoek edo tutoreek ikasleak adingabeak izanez gero ebaluazio-txosten bat jaso behar dute ikasturte bakoitza amaitutakoan. Txosten hori tutoreak eratzen du, irakasle-taldearen laguntzarekin, eta ikaslearen ikaskuntzei buruzko informazioa eta funtsezko konpetentzietan eskuratutako mailari buruzkoa biltzen du hor, eta, hala badagokio, hurrengo ikasturterako gomendioak eta hezkuntza-arloko errefortzu-neurrien proposamenak. Txosten hori ikasleen espedientearekin batera gorde behar da, eta ezarritako koordinazio-mekanismoen bidez eman behar da ikaslea ikastetxez aldatzen denean.

  19. Ikastetxeko irakasle aholkulariek edo orientatzaileek laguntza eman behar diete tutoreari eta irakasle-taldeei orientazio- eta tutoretza-ekintzen plangintzan eta jarraipenean, eta ikasteko zailtasun espezifikoak hautematen eta aztertzen, eta aholkuak eman behar dituzte ikasle guztiek eskola-arrakasta izateko erantzun inklusiboen gainean. Halaber, ikastetxez kanpoko gizarte- eta hezkuntza-arloko eta komunitate-arloko eragile eta babesleekiko elkarlana koordinatuko dute, eta ikasleei eta, ikasle adingabeen kasuan, guraso eta legezko tutoreei lagunduko diete eskola-ibilbidean zehar, eta orientabidea emango diete erabakiak hartzeko orduan, beren gaitasunak eta interesak ahalik eta hobekien gara ditzaten.

  20. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak orientabideak emango dizkie ikastetxeei Oinarrizko Hezkuntzako Tutoretza Plana egiteko eta garatzeko.

  1. Mailaz igarotzen denerako, etapa bat bukatu eta beste bat hasten denerako eta ikastetxez aldatzen denerako, ikastetxeek koordinazio-mekanismoak eta beharrezkoak diren hezkuntza-sistemako informazioak eskualdatzeko mekanismoak izan behar dituzte, hezkuntza-koherentzia eta prestakuntzaren jarraitutasuna errazteko eta ziurtatzeko.

  2. Ikastetxeek koordinatzeko eta informazioa eskualdatzeko mekanismoak izan behar dituzte etapa batetik bestera igarotzean ikasleen hezkuntza-prozesuan etenik egon ez dadin, ikaslea ikastetxez aldatu zein ez. Mekanismo horiek ezinbestekoak dira berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleentzat, eta jatorrizko eta helmugako ikastetxeetako profesionalen arteko kolaborazioak ezartzea ekar dezakete.

  3. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara igarotzean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxean matrikula egindakoan, ikastetxe horrek ikaslearen Lehen Hezkuntzako historia akademikoa eta etaparen amaierako banakako txostena izan behar ditu eskura. Banakako txostenean, funtsezko konpetentzietan lortutako garapen-mailari buruzko informazioa egongo da. Atxikitako ikastetxeek, gainera, ikasleen Lehen Hezkuntzako azken mailako tutorearen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako tutorearen edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxeko ordezkari baten arteko elkarrizketak jaso behar dituzte, ikasleen ikaskuntza-ibilbideari buruzko informazioa osa dadin. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, aholkularitzako eta orientazio psikopedagogikoko taldeek ere parte hartu behar dute.

  4. Beren funtzioak betetzeko ikasleen edo haien familien ohorea eta intimitatea ukitzen dituzten datu pertsonaletara eta familiarretara irispidea duten irakasleek eta gainerako langileek isilpean gorde beharko dituzte datuok.

  1. Eskola inklusiboaren esparruan, ikasle guztiei dagokie hezkuntza-arreta, eta, egoera arruntean, hezkuntzan ekitatez eta aukera berberekin sartzeko eta hezkuntza-arrakasta izateko behar diren neurri eta laguntzen onuradun izan behar dute.

  2. Aniztasunari erantzuteko neurriek ikasleen hezkuntza-premiei erantzun behar diete ingurune normalizatu eta inklusibo batean. Horretarako, ikasleen interesak, motibazioak eta ikasteko gaitasunak kontuan hartuko dira, eta neurriok, betiere, Oinarrizko Hezkuntzako helburuak eta dagokion titulazioa lortzeko bidea eman behar diete.

  3. Ikasteko eta parte hartzeko oztopoak gainditzeko hezkuntza-jarduketa guztiak dira aniztasunari erantzuteko neurriak. Eskolak ikasleen aniztasunari erantzun diezaion profesionalek erabiltzen duten testuinguruko edozein elementu jotzen da laguntzatzat (elementu pertsonala, antolaketakoa, materiala edo metodologikoa).

  4. Hezkuntza-premiak goiz atzematea oinarrizko jarduketa-printzipio bat da, eskolaldiaren hasieratik eta Oinarrizko Hezkuntzan zehar. Irakasle eta hezkuntza-langile guztiek aktiboki parte hartu behar dute inklusiorako oztopoak goiz atzematen. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programak eta protokoloak aginduzkoak izango dira, eta funts publikoekin babestutako ikastetxe guztietan aplikatu behar dira.

  5. Ikastetxeei dagokie ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren ikuspegian oinarritutako elkarbizitza- eta ikaskuntza-ingurune seguruak sortzea eta eraginkortasunez ziurtatzea etapa batetik besterako urratsak eta prestakuntzako ibilbidea.

  1. Jarduera Plan Pertsonalizatua dokumentu bat da, ikasle jakin batek hezkuntza-proiektua garatzen den edozein testuingurutan dituen premiei erantzuteko aurreikusitako jarduketak biltzen dituena. Plana ikasgelako programaziotik abiatuta gauzatuko da, edo curriculum-proiektutik abiatuta, laguntza-premia orokortuak dituzten ikasleentzako Laguntza Intentsiboko Programaren kasuan.

  2. Ikasleek eta guraso edo legezko tutoreek ikasleak adingabeak izanez gero Jarduera Plan Pertsonalizatuaren prestaketaren berri izan behar dute, haren edukiaren berri, ikaslearen ebaluazioan eta kalifikazioan eragina duten erabakien berri eta, hala badagokio, planaren amaieraren berri.

  3. Jarduera Plan Pertsonalizatua prestatzeko eta planifikatzeko prozesuan, tartean diren pertsona guztien arteko kolaborazioa sustatuko da: ikaslea, irakasleak, familia eta, hala badagokio, beste eragile batzuk.

  4. Irakasle aholkulariek edo orientatzaileek, irakasle tutoreekin batera, ziurtatuko dute irakasle-taldearekiko eta irakasle tutoreekiko koordinazioa badagoela Jarduera Plan Pertsonalizatua duten ikasleak zikloz aldatzean edo hezkuntza-etapaz aldatzean.

  5. Ikastetxeko zuzendaritzak zainduko du Jarduera Plan Pertsonalizatua aurreikusitako moduan garatzen dela, eta tartean diren eragileen koordinazioa ziurtatuko du.

  6. Jarduera Plan Pertsonalizatuak Hezkuntza Ikuskaritzaren esku izango dira.

  1. Curriculuma dibertsifikatzeko programak aniztasunari erantzuteko neurri bat dira, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren edo laugarren mailetan eskolatuta egonik ikasteko zailtasun bereziak dituzten, ikasteko beste erritmo bat duten edo eskola-ingurunera egokitzen ez diren ikasleentzat dira (hor ez dira sartzen ikasteko ahalegin faltaren ondoriozko arazoak dituztenak). Programak ikasle horiei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzen laguntzeko dira.

  2. Ikasleei berei eta gurasoei edo legezko tutoreei entzun ondoren, ikasleak programa hauetan sartu ahal izango dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hirugarren mailatik aurrera, irakasle-taldeak hala proposatuta. Proposamen horretan jaso beharko dira batetik, ikaslearen ebaluazio akademikoa eta ebaluazio psikopedagogikoa, eta, bestetik, Orientazio Departamentuak ikaslea programan sartzeko proposamena egiteko ikasturte-bukaeran egin beharreko txostena ere. Txosten horretan, gainera, helburuak eta ezarritako konpetentziak zenbateraino lortu diren adierazi behar da.

  3. Curriculuma dibertsifikatzeko programak, oro har, bi ikasturte dira, hirugarren mailatik aurrera eta etapa amaitu arte. Salbuespen gisa, laugarren maila amaitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatutitulua lortzeko moduan ez dauden ikasleak proposatu ahal izango dira programan sartzeko, baldin eta irakasle-taldeak uste badu neurri horri esker titulu hori lortuko dutela etaparako aurreikusitako iraupen-mugak gainditu gabe.

  4. Programa horiek curriculum-antolaketa jakin bat behar dute, oro har ezarritakoaz bestelakoa. Diziplinarteko eremu edo proiektuen bidez garatuko dira. Bi kasuetan, programan parte hartzen duten ikasleen taldeko eta banakako tutoretza indartuko da, eta programari dagokion Tutoretza Planean jasoko da.

  5. Diziplinarteko proiektuen bidez antolatuz gero, programako ikasleek talde arruntetan izango dituzte hirugarren eta laugarren mailetako ikasgai guztiak.

  6. Eremuen arabera antolatutako programa bat aukeratuz gero, ikasleek bi eremu espezifiko eta etaparako ezartzen diren eta eremuetan jasotzen ez diren gutxienez hiru ikasgai izango dituzte (azken horiek talde arruntean egingo dituzte oro har). Gainera, izaera praktikoko eremu bat jarri ahal izango da. Bi eremu espezifiko horiek honela osatuko dira:

    1. Hizkuntza- eta gizarte-eremua: Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Atzerriko Hizkuntza eta Geografia eta Historia ikasgaien oinarrizko alderdiak biltzen ditu.

    2. Eremu zientifikoteknologikoa: Matematika; Biologia eta Geologia; Fisika eta Kimika, eta Teknologia eta Digitalizazioa ikasgaien oinarrizko alderdiak biltzen ditu.

  7. Curriculuma dibertsifikatzeko programa bat egiten duen ikasle orok Jarduera Plan Pertsonalizatu bat izan behar du.

  8. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarriko ditu, berariazko deialdien bidez, programa horiek aurrera eramateko baldintzak.

  1. Eskolatze osagarriko programak aniztasunari erantzuteko neurri eta laguntza osagarriak dira, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatuta dauden eta gehienez 15 urte dituzten ikasleentzat dira (programa hasten den urteko abenduaren 31rako beteta eduki behar dituzte 15 urteak).

  2. Programa horiek egiturazkoak izango dira, eta egoera pertsonalen edo eskola-historiaren ondorioz ikasteko eta parte hartzeko oztopoak dituzten ikasleak bilduko dituzte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aniztasunari erantzuteko aurreikusitako neurri guztiak hartu ondoren betiere.

  3. Ikasleek hezkuntza-prozesuarekiko, ikaskideekiko, irakasleekiko eta gizarte-ingurunearekiko jarrera positiboak izatea da helburua, hasteko arlo pertsonalean eta sozialean aurrera egin dezaten, eta gero, programa amaitu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortzeko prozesuari berrekin diezaioten.

  4. Eskolatze osagarriko programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten eta funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxeetan egingo dira, edo hezkuntzaren arloko eskumena duen sailarekin arlo horretako hitzarmenak edo akordioak dituzten gizarte- eta hezkuntza-arloko erakunde eta entitateetan, sailak egiten dituen deialdien arabera.

  1. Programa hau egiturazkoa da, eta ezohiko baliabide espezifikoa da hezkuntza-premia berezi iraunkorrak, larritasun handia eta muga funtzional nabarmenak dituzten eta eskolatzeko erantzun espezializatua, intentsiboa eta pertsonalizatua behar duten ikasleentzat.

  2. Laguntza Intentsiboko Programa 16 urtera arteko ikasleentzat da. Ikasle bakoitzak Jarduera Plan Pertsonalizatua izango du. Plan horren erreferentzia garapen pertsonalerako eta ikaskuntza funtzionalak eskuratzeko beharrezkoak diren konpetentzia eta trebetasun moldakorrak izango dira. Ikasle bakoitzaren planean definitzen diren neurriek hezkuntza-espazio komunetan ahalik eta parte-hartze handiena izatea erraztuko dute, eta haietan ikastetxearen eta komunitatearen baliabideak kontuan hartuko dira, ikasleen aurrerapen pertsonalerako eta ikaskuntzetarako laguntza nagusia diren aldetik.

  1. Helduarora Igarotzeko Programak desgaitasun larri bati lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat dira, derrigorrezko eskolaldia amaitu ondoren Oinarrizko Lanbide Heziketan sartzen ez direnentzat. Gehienez ere lau ikasturtetarako hartuko dira ikasleak orokorrean, 20 urte bete arte. Salbuespen gisa, eskolatzea 21 urtera arte luzatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta irakasle-taldeak uste badu Helduarora Igarotzeko Plan Pertsonalizatuan ezarritako oinarrizko konpetentziak lortu ditzaketela.

  2. Programa horiek Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan emango dira; berariazko programazioa izango dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuan integratua, eta ikasle bakoitzak Jarduera Plan Pertsonalizatua izango du. Plan horretan bilduko dira bizitzan hobeto moldatzeko, ingurune komunitarioan modu aktiboan sartzeko, laneratzeko eta ongizate pertsonalerako beharrezkoak diren konpetentzia espezifikoak eta zeharkakoak bermatuko dituzten helburuak. Programak ikasgela ireki gisa garatuko dira, hezkuntza-komunitatean adin bereko ikasleekin sartzeko.

  3. Helduarora Igarotzeko Programek, hezkuntza-erantzuna diseinatu eta gauzatzeko, kontuan hartuko dituzte ingurunean dauden eta helduen bizitzarako garrantzitsuak izango diren gizarte- eta osasun-arloko zerbitzuak.

  4. Helduarora Igarotzeko Programak bi motatakoak izango dira:

    1. Zereginen Ikaskuntzarako Programak. Desgaitasun intelektual larria edo moderatua duten eta konpetentzia espezifikoak eta zeharkakoak lortu ditzaketen ikasleentzako programa espezifikoak dira, eta, horiei esker, ikasle horiek enplegu babestu batean edo, laguntzarekin, ohiko lanpostu batean lan egin dezakete eta, neurrizko laguntza-mailarekin, bizimodu independentea izan dezakete komunitatean.

    2. Autonomia Pertsonal eta Sozialerako Programak. Desgaitasun larria duten eta laguntza orokorrak behar dituzten ikasleentzako berariazko programak dira. Laguntza orokor horien artean hauek daude: lanerako zerbitzuak, bizitegi-unitateak, eguneko zentroak eta helduaroan autonomia eta ongizatea garatzeko laguntza pertsonalak.

  1. Oinarrizko Heziketa Zikloak Oinarrizko Hezkuntzaren parte dira, Lehen Hezkuntzarekin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin batera. Lanbide Heziketaren prestakuntza-eskaintza osatzen dute, Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloekin batera.

  2. Ziklo horiek, lehentasunez, lanbide-ikaskuntzekin bereziki motibatuta daudenentzat dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak ikasteko eta lortzeko aukera gehien lanbide-munduarekin lotutako ingurune batean duten ikasle horientzat.

  3. Oinarrizko Heziketa Ziklora sartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira batera:

    1. 15 urte beteta eduki behar dira, edo ziklora sartzen den urte naturalean bete behar dira.

    2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila egina izan behar da. Salbuespenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila egin ondoren ere sartu ahal izango da.

    3. Orientazio Kontseiluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle-taldearen gomendioa jaso izana.

  4. Oinarrizko Heziketa Ziklo bateko modulu guztiak gaindituz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lor daiteke, bai eta espezialitateko oinarrizko teknikariaren titulua ere, eskuratutako lanbide-konpetentziak egiaztatzen dituena.

  5. Oinarrizko Heziketa Zikloek honako eremu hauetako ikasketak antolatuz erraztuko dute irteerako konpetentzia-profilean ezarritako konpetentziak eskuratzea:

    1. Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien eremua. Barnean hartzen ditu Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Gizarte Zientziak eta Lanbide Hastapeneko Atzerriko Hizkuntza ikasgaien oinarrizko alderdiak.

    2. Zientzia Aplikatuen eremua. Barnean hartzen ditu Matematika Aplikatuak eta Zientzia Aplikatuak ikasgaien oinarrizko alderdiak.

    3. Lanbide-eremua. Barnean hartu behar du, gutxienez, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako kalifikazio bat lortzeko beharrezkoa den prestakuntza (katalogo hori Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 7. artikuluan ageri da).

      IV. eranskinean zehazten dira ikasleek Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien eta Zientzia Aplikatuen eremuetan lortu behar dituzten ikaskuntzak.

  1. Erabilitako material eta baliabide didaktikoek bat etorri behar dute dekretu honetan proposatzen den hezkuntza-eredu pedagogikoarekin. Ekitatearen, inklusioaren eta gizarte-kohesioaren printzipioei erantzun behar diete, eskola inklusiborako oinarria baitira.

  2. Diseinatutako eta sortutako baliabide eta material pedagogiko eta didaktikoek aurrera egiten utzi behar diete ikasle guzti-guztiei, eta proposamen dibertsifikatuak eskaini behar dizkiete irudikapenean, adierazpidean eta konpromisoan. Irizpide hauei jarraitu behar diete:

    1. genero-ikuspegia,

    2. aniztasun guztiekiko errespetua: genero-aniztasuna, afektibo-sexuala, kulturala, etnikoa...

    3. materialen eskuragarritasuna hobetzea eta areagotzea eta ikaskuntzarako eta komunikaziorako oztopoak minimizatzea eta ezabatzea,

    4. zorroztasun zientifikoa,

    5. hizkuntza-egokitasuna,

    6. ikaskuntzen pertsonalizazioa,

    7. euskarrien aniztasuna.

  3. Ikastetxeek autonomia izango dute Oinarrizko Hezkuntzan erabili beharreko material eta baliabide didaktikoak sortzeko eta aukeratzeko, indarrean dagoen araudian eta aurretik zehaztutako irizpideetan ezarritakoaren arabera.

  4. Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak ikastetxeen hezkuntza-prozesuak aztertuko ditu eta ikastetxeek erabiltzen dituzten material eta baliabide didaktikoak dekretu honetan proposatzen den hezkuntza-ereduarekin bat datozen ebaluatuko, irakatsi eta ikasteko prozesua osatzen duten elementu guztiak gainbegiratzeko ohiko prozesuaren barruan.

  1. Ikasleen ikaskuntza-prozesua ebaluatzea funtsezko osagaia da Oinarrizko Hezkuntzan, eta arretaz planifikatu eta garatu behar da irakasteko eta ikasteko prozesuaren barruan.

  2. Ikasleen ebaluazioak globala, jarraitua eta hezigarria izan behar du.

  3. Derrigorrezko Hezkuntzak hartzen duen denboraldiko ebaluazioa egiteko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierako irteera-profila hartuko da erreferentziatzat. Horretarako, funtsezko konpetentzien garapen-maila hartuko da kontuan. Arlo, ikasgai, eremu edo proiektu globalizatuen ebaluazioa egiteko, berriz, konpetentzia espezifikoak hartuko dira erreferentziatzat, zeinak funtsezko konpetentzien zehaztapenak baitira. Bada, haien ebaluazio-irizpideek ikasleak lortu beharreko jardun-maila adierazten dute. Arlo, ikasgai, eremu edo proiektu globalizatuetan ikasleen ikaskuntza-prozesuak ebaluatzeko, ikaskuntza-prozesuetako konpetentzia espezifikoen ebaluazio-irizpideak hartu behar dira erreferentziatzat.

  4. Beren autonomiaren esparruan eta indarrean dagoen araudiaren arabera, ikastetxeek ebaluazio-irizpideak eta ezinbesteko ikaskuntzak garatu eta zehaztu behar dituzte beren curriculum-garapenean, eta ikasle guztien hezkuntza-premiei erantzuteko beharrezkoak diren neurriak ezarri.

  5. Askotariko ebaluazio-tresnak erabili behar dira, ikasle guztien ikaskuntzen bilakaera behar bezala baloratzeko aukera ematen dutenak. Ikasleen ezaugarri eta premia indibidualetara eta espezifikoetara egokitu behar dira, baita ikas-egoeretara ere.

  6. Ikastetxeek hezkuntza-prozesua hasten denetik jakinarazi behar diete ikasleei eta, ikasleak adingabeak badira, haien guraso edo legezko tutoreei zer ebaluazio-irizpide, ezinbesteko ikaskuntza, ikaskuntza-prozesua ebaluatzeko prozedura eta kalifikazio-irizpide hartuko diren aintzat ikasleak mailaz igarotzeari edo haien titulazioari buruzko erabakietan. Adin nagusiko ikasleen kasuan, guraso eta legezko tutoreek eskubide hori baliatu ahal izango dute, interes legitimoa justifikatuz gero.

  7. Ebaluazioak, nagusiki, ikasleen aurrerapenak identifikatu behar ditu, baita hezkuntza-prozesuan ikasleek dituzten zailtasunak ere, zailtasun horiek zuzentzen lagunduko duten erabakiak hartu daitezen irakasteko eta ikasteko prozesuaren plangintzan.

  8. Ikaslearen aurrerapena espero bezalakoa ez denean, hezkuntza-arretako neurriak eta laguntzak ezarri behar dira. Horiek ikasturteko edozein unetan hartuko dira, eta ikasleak hezkuntza-prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren ikasketak eskuratzeko izango dira. Ikasleak orduan ere zailtasunak baditu, intentsitate bateko eta besteko neurriak eta laguntzak planifikatu beharko dira, Lehen Hezkuntzako hezkuntza bereziko irakasleen edo Bigarren Hezkuntzako hezkuntza-orientatzailearen laguntza eta aholkularitzarekin, laguntzarako hezkuntza-zerbitzuen laguntza eta aholkularitzarekin edo hezkuntza-arretako beste profesional batzuenarekin.

  9. Irakasle-taldeak koordinazio-espazioak eta prozedura sistematikoak ezarriko ditu ikasleen ikasteko prozesuari buruzko eta funtsezko konpetentzien garapenean duten bilakaerari buruzko informazioa biltzeko, ikasle bakoitzaren ikasteko prozesua ondoen orientatuko duten erabakiak har daitezen.

  10. Irakasle-taldeak, taldeko tutoreak koordinatuta, etengabeko ebaluazioa egingo du ikasturtean zehar, eta, ikasturtea amaitzean, azken ebaluazio-saioa egingo du, eta taldeko kide guztien artean, ikasleek lortutako konpetentzia-garapena aztertu ondoren, kalifikazioari, mailaz igarotzeari edo, hala badagokio, titulazioari buruzko erabakiak hartuko dituzte. Era berean, behar diren erabakiak hartuko dira laguntza-neurriak planteatu beharrari buruz edo lehendik daudenak berrikusteari buruz.

  11. Irakasleek, ikasleen ikaskuntzak ez ezik, irakasteko prozesuak eta irakasle-jarduna bera ere ebaluatuko dituzte, horiek guztiak hobetzen laguntzeko. Ikasleek lortutako emaitzen analisiari buruzko ondorioetatik abiatuta, neurriak ezarri behar dituzte curriculumaren, antolamenduaren eta, bereziki, irakasle-jardunaren esparruan. Neurri horiek plangintza-dokumentuetan jasotako hobekuntza-helburuetan islatuko dira.

  1. Arlo, ikasgai, eremu edo proiektu globalizatuetako ikaskuntzak kasuan kasuko konpetentzia espezifikoen ebaluazio-irizpideen arabera kalifikatu behar dira.

  2. Ebaluazioaren emaitzak honela adierazi behar dira: «Gutxiegi (GU)», kalifikazio negatiboetarako; «Nahikoa (NA)», «Ongi (O)», «Oso Ongi (OO)» eta «Bikaina (BI)», kalifikazio positiboetarako.

  3. Laguntza-plan indibidualizatua duten ikasleen kalifikazioaren erreferentziak plan horretan ezarritako ebaluazio-irizpideak dira.

  4. Zenbait arlo edo ikasgai biltzen dituzten eremuen bidez antolatu badira curriculum-elementuak, kalifikazioa modu integratuan egingo da eta bakarra izango da. Kalifikazio hori eremua osatzen duten arloetara edo ikasgaietara eramango da, alde batera utzi gabe ikasleari eta haren gurasoei edo legezko tutoreei bilakaeraren berri emateko ezartzen diren prozedurak.

  5. Aurreko bi puntuetan adierazitako kasuetan, eremu edo proiektu horietan biltzen diren konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio-irizpideak definitu behar dira, eta horiek izango dira ebaluazio eta kalifikaziorako erreferentzia. Ikasleei edo haien guraso edo legezko tutoreei ikasleak adingabeak badira ebaluazioaren emaitzari buruz helarazten zaien informazioan, zeharkako eremu edo proiektu globalizatzaileetan lortutako emaitzekin batera, erreferentzia hau jaso behar da: haien parte diren arlo eta ikasgaien erreferentzia edo curriculum-elementuak hartu zaizkien horien parte diren arlo eta ikasgaien erreferentzia.

  6. Irakasle-taldeak, taldeko tutoreak koordinatuta, eta ikasturteko ebaluazio partzialen bidez ikaskuntza-prozesuan ikusitako bilakaera kontuan hartuta, azken ebaluazioa egingo du. Ebaluazio horretan, ikasleek zenbat ikasi duten eta haien konpetentziak zenbat garatu diren ikusiko da, eta haien kalifikazioak ezarriko ditu irakasle-taldeak, kide guztien artean eta ikasturtearen amaierako ebaluazioaren ondorioen arabera. Kalifikazio horiek dagokion ikasturteko ebaluazio-aktetan jasoko dira.

  7. Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailak amaitzean eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitza amaitzean, irakasle-taldeak ikasleen kalifikazioak zehaztuko ditu, kide guztien artean, eta ikasturte-bukaerako ebaluazioaren ondorioekin bat. Horretarako, azken ebaluazioko saioa egin behar da, eta saio hori ebaluazio partzialeko azken saioarekin bat etor daiteke.

  1. Irakasle-taldearen ardura da dekretu honen 24. artikuluan aipatzen den Jarduera Plan Pertsonalizatua prestatzea, aplikatzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea, irakasle tutoreak gidatuta eta ikastetxeko irakasle aholkularien edo orientatzaileen aholkularitzarekin.

  2. Jarduera Plan Pertsonalizatua duten ikasleak plan horretan formulatzen diren ebaluazio-irizpideen arabera ebaluatu eta kalifikatu behar dira.

  3. Salbuespen gisa, Jarduera Plan Pertsonalizatuak arlo edo ikasgai batzuk aldi baterako ez kalifikatzea ekar dezake, baldin eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programa baten barnean ikasleak ez badu izan arlo edo ikasgai horren ikasketarik. Hala bada, plan horretan neurri berezi horren iraupena zehaztu beharko da, eta erabaki hori behar bezala justifikatu.

  4. Ikaslearen espediente pertsonalean jasoarazi beharko da Jarduera Plan Pertsonalizatua.

  1. Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzaren amaieran eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitzaren amaieran, irakasle-taldeak, kide guztien artean eta tutoreak emandako informazioa eta irizpidea kontuan hartuta, ikasleak mailaz igarotzeari buruzko erabakia hartuko du.

  2. Mailaz igarotzeari buruzko erabakiak hartzerakoan, kontuan hartu behar da dena delako maila, ziklo edo etapako helburuak bete diren, ikasleak funtsezko konpetentziak zenbateraino garatu dituen, ikasleak aurrera egiteko neurriak nola baloratzen diren eta dena delako mailarako edo ziklorako hezkuntza-proiektuan ezarritako ezinbesteko ikaskuntzak zer neurritan eskuratu dituen.

  3. Ikasleak mailaz igaroko dira irakasle-taldearen iritziz funtsezko konpetentzietan behar besteko maila lortu dutenean edo, behar besteko maila horretara iritsi ez arren, horrek hurrengo ikasturtean probetxuz aritzea eragozten ez dionean, errekuperatzea espero denean eta promozio hori maila akademikorako nahiz pertsonalerako onuragarria izango zaiola uste denean.

  4. Nolanahi ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleak, mailaz igarotzeko, eremu edo ikasgai guztiak gainditu behar ditu, edo ikasgai batean edo bitan izan behar du ebaluazio negatiboa, edo, curriculuma eremu edo proiektu globaletan antolatzea aukeratuz gero, bi ikasgairi dagozkien curriculum-elementuetan izan dezake ebaluazio negatiboa. Era berean, mailaz igaroko da, baldin eta irakasle-taldeak uste badu gainditu gabeko ikasgaiek edo eremuek ez dutela eragozten hurrengo mailan arrakastaz jarraitzea, eta uste bada errekuperatuko dutela eta promozio horrek haien bilakaera akademikoa hobetuko duela.

  5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila batean eta beste batean izen bera duten ikasgaiak ikasgai desberdintzat joko dira.

  6. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen jarduera-planak curriculuma egokitzen badu arlo edo ikasgai jakin batzuetarako, plan horietarako onartutakoak izango dira ikasle horiek mailaz igarotzeko irizpideak.

  7. Errepikatzea salbuespenezko neurritzat joko da, eta neurri hori hartuko da, baldin eta, ikasteko berariazko zailtasunei aurre egiteko ohikoak diren errefortzu- eta laguntza-neurriak erabili diren arren, ikasleak ez badu barneratu behar den bezala ikasten jarraitzeko ezinbestekoa eta beharrezkoa den edukia.

  8. Maila berean beste urtebete emateko neurria behin soilik aplika daiteke maila bakoitzean, eta bi aldiz gehienez Oinarrizko Hezkuntza osoan. Lehen Hezkuntzan beste urtebete emateko neurria behin bakarrik erabil daiteke. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, bitan erabili ahalko da, baldin eta Lehen Hezkuntzan aplikatu ez bada.

  9. Salbuespen gisa, ikasleak beste urtebete eman dezake Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan, nahiz eta Oinarrizko Hezkuntzan egoteko gehieneko aldia bete den, baldin eta irakasle-taldeak uste badu etaparako ezarritako helburuak eta konpetentzien garapen-maila eskuratzen lagunduko duela neurri horrek. Kasu horretan, urtebetez luza daiteke dekretu honen 3.1. puntuan adierazten den adin-muga.

  10. Beste urtebete emateko erabakian, ikasteko prozesuari eta heldutasun-mailari buruzko alderdiak baloratu behar dira, baita berdinen taldearekiko loturari buruzko alderdiak ere, haien ongizate emozionala zaintze aldera. Horrez gain, gurasoen edo legezko tutoreen iritzia kontuan hartu behar da. Maila berean beste urtebete emateko neurria, nolanahi ere, hauteman diren zailtasunak gainditu daitezen hartu behar da, eta plan espezifiko pertsonalizatu bat izan behar du berekin, aldian behin berrikusi beharko dena neurria eraginkorra dela ziurta dadin. Plan espezifiko horretan, gurasoen edo legezko tutoreen kolaborazioa sustatuko da, beharrezkoak diren hezkuntza-laguntzako baliabideak erabiliko dira eta ikasleen motibazioa eta ahalegina sustatuko dira hautemandako zailtasunak gainditzeko.

  11. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan, ikasgai edo eremu guztiak gainditu gabe mailaz igarotzen diren ikasleek gainditu gabeko ikasgaietan edo eremuetan matrikulatu beharko dute, irakasle-taldeak ezartzen dituen errefortzu-programak beteko dituzte eta dagozkien ebaluazioak gainditu beharko dituzte.

  12. Errepikatu ondoren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak hurrengo mailara igarotzeko baldintzak betetzen ez baditu, irakasle-taldeak orientazio-taldearen aholkua jaso, eta ikasleari eta, ikaslea adingabea izanez gero, haren guraso edo legezko tutoreei informazioa eman ondoren, orientazio-aholku bat emango du ikasleek ikasten jarraitzeko dauden aukerei buruz, betiere ikasleen beharren eta interesen arabera.

  1. Etapa amaitzean, honako ikasle hauek lortuko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua: irakasle-taldearen irizpidearen arabera konpetentzia espezifikoak behar beste garatzea lortu duten eta Oinarrizko Hezkuntzako irteera-profilaren deskriptore operatiboetan adierazitakoa lortu duten ikasleek. Dekretu honetan ezarritako ebaluazio-irizpideek ezarritakoa betez egiaztatzen da lorpen hori.

  2. Laguntza-plan indibidualizatua duten ikasleen kasuan, haien planean ezarritako konpetentziak eta ebaluazio-irizpideak hartuko dira erreferentziatzat.

  3. Etapa amaitzean dekretuko konpetentzietako batzuk behar beste garatzea lortu ez duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lor dezakete, baldin eta irakasle-taldeak kide guztien artean eta kideen bi herenen adostasunarekin uste badu egoera horrek ez diela eragotziko ikasleei prestatzen jarraitzea. Egoera hori ikaslearen dokumentazio akademikoan islatu behar da.

  4. Salbuespenez, irakasle-taldearen irizpidearen arabera, 4. maila amaitzean titulua lortzeko moduan ez dagoen ikasleak beste urtebete eman dezake maila horretan. Kasu horretan, irakasle-talde osoaren kolaborazioarekin laguntza-plan indibidualizatu bat prestatuko da ikasle horrentzat, barnean hartuko dituena orientazio pertsonalizatuak eta, beharrezkoa bada, neurrien edo laguntzen proposamena.

  5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek ziurtagiri ofizial bat jasoko dute, egindako urte kopurua eta konpetentzietan lortu duten garapenmaila adieraziko dituena.

  6. Horrez gain, Oinarrizko Heziketa Ziklo bat egin ondoren ziklo horretako modulu guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eskuratuko dute.

  1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzen ez duten ikasleek prestakuntza akademikoan edo profesionalean jarraitzeko proposamenak jaso behar dituzte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua edo oinarrizko titulu profesionala lortzeari begira.

  2. Ikastetxeek, urtero, probak antolatuko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila amaitu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortu ez duten ikasleentzat, gainditu gabeko ikasgaietan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako prozeduraren arabera. Eskaintza hori ikasketak amaitu eta hurrengo bi ikasturteetan egingo da.

  1. Lehen Hezkuntzako ebaluazio-dokumentu ofizialak hauek dira: ikasturte-bukaerako ebaluazio-aktak, ikasketa-espedientea, historia akademikoa, etapa-amaierako banakako txostena eta, hala badagokio, lekualdaketei buruzko txosten pertsonala (ikaslea etapa amaitu gabe lekualdatzen denean egitekoa). Azken horrek datu hauek jasoko ditu: egindako ebaluazioen emaitzak, laguntza-neurrien edo egokitzapenen aplikazioa halakorik egin bada eta ikaslearen garapen orokorrari buruz egoki irizten diren ohar guztiak.

  2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazio-dokumentu ofizialak hauek dira: ikasturte-bukaerako ebaluazio-aktak, ikasketa-espedientea, historia akademikoa eta lekualdaketei buruzko txosten pertsonala. Ebaluazio-dokumentu ofizial horiekin batera, beste hauek ere eratuko dira: ikasturte-bukaerako banakako txostena eta etapa-bukaerako banakako txostena orientazio-aholkua jasoko du bigarren eta laugarren mailetan, eta funtsezko konpetentzien eskuratze-maila adieraziko da horietan.

  3. Historia akademikoa eta, hala badagokio, lekualdaketei buruzko txosten pertsonala oinarrizko dokumentutzat hartzen dira Estatuko lurralde osoan ikasleen mugikortasuna berma dadin.

  4. Ikasleen mugikortasuna bermatze aldera, arlo bat baino gehiagoren ikasketak eremu batean integratuta egin direnean, horietako bakoitzean lortutako kalifikazioa jaso behar da historia akademikoan. Kalifikazio hori dagokion eremurako espedientean agertzen den kalifikazio bera izango da.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan, ebaluazio-dokumentu ofizialak modu digitalizatuan bete eta jasoko dira, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehazten dituen aplikazio informatikoen bidez, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta administrazio elektronikoari buruz Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araudiarekin.

  6. Halakorik dagoen bitartean, paper-formatuan betetzen eta jasotzen diren ebaluazio-dokumentu ofizialak ikastetxeetan gorde behar dira. Ikastetxe publikoren bat ixten bada edo itunpeko ikastetxe pribatu bateko jarduerak bertan behera geratzen badira, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek emango dituzte ikastetxe iraungiak sortutako dokumentazioa artxibatu eta zaintzeko gidalerroak.

  7. Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio ebaluazio-prozesuak eta ebaluazio-dokumentuak betetzeko eta zaintzeko prozedura gainbegiratzea.

  1. Eremuen arabera Curriculuma Dibertsifikatzeko Programa batean dabiltzan ikasleen ebaluazioan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako oro har ezarritako konpetentziak espezifikoak eta ebaluazio-irizpideak dira funtsezko erreferentzia, eta, zehazki, eremu bakoitzeko ikasgaiei dagozkien konpetentzia espezifikoak, bai eta programa horren programazioan ezarritako programaren ebaluazio-irizpide espezifikoak ere.

  2. Oro har, ikasleak automatikoki igaroko dira curriculuma dibertsifikatzeko lehen mailatik bigarrenera.

  3. Curriculuma Dibertsifikatzeko Programa bateko ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortuko du, baldin eta programa horretarako ezarritako ebaluazio-irizpideak betetzen baditu.

  1. Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio, bere zereginen barruan, irakatsi eta ikasteko prozesuarekin zerikusia duten elementuak gainbegiratzea; horretarako, planifikazioa, aplikazioa eta ebaluazioa ondo egiten direla gainbegiratu behar du, hala ikasleei dagokienez nola irakatsi eta ikasteko prozesuari dagokionez.

  2. Hezkuntzako Ikuskaritza, gainbegiratze-prozesuen barruan, aldian-aldian bilduko da ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza-taldearekin eta koordinazio pedagogikoko taldeekin. Bilera horietan, barneko eta kanpoko ikasleen emaitzak aztertu eta baloratuko dira, emaitzei buruzko gogoeta eta analisia sustatu eta bultzatuko da eta irakasteko eta ikasteko prozesuetan ikastetxeak jarritako helburuak hobetzeko prozesuak bultzatuko dira, eta Hezkuntzako Ikuskaritza prozesu horien jarraipena egingo du.

  3. Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio ikastetxe publikoetan irakasle-lana nola egiten den ebaluatzea, betiere oinarrizko hezkuntza-arauan eta urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena). Ebaluazio horren helburu nagusia da irakasle-jardunaren kalitatea bermatzea eta aholku ematea jardun profesional hori hobetzen eta ikasleen hezkuntza-emaitzak hobetzen laguntzen duten neurriak hartzeko orduan.

  1. Ikasle adingabeen guraso edo legezko tutoreek seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesuaren bilakaeran parte hartu eta lagundu behar dute, eta haien ebaluazioari, mailaz igarotzeari eta titulazioari buruzko erabakiak ezagutu behar dituzte; gainera, kolaboratu behar dute seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-aurrerapena errazteko ikastetxeek hartzen dituzten laguntza- edo indartze-neurriekin.

  2. Ikasle adingabeen gurasoei eta legezko tutoreei beren seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartzeko duten eskubidea eta betebeharra betetzen laguntzeko, ikastetxeak informazioa bidaliko die aldian-aldian beren seme-alaben ikaskuntza-prozesuari buruz, baita orientazioa eman ere prozesu horretan lagun ahal izan dezaten. Ikastetxeak, horretarako, eraginkortzat jotzen dituen bitartekoak baliatuko ditu, hala nola txosten kualitatiboak, banakako elkarrizketak, talde-bilerak eta abar. Gutxienez, banakako bilera bat egin behar da ikasturtearen hasieran, eta beste bat bukaeran, eta, beharrezkotzat joz gero, talde-bilerak.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikastetxeko aholkularitza- eta orientazio-taldeak tutorearekin kolaboratuko du, ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei ikasle adingabeen kasuan eta ikasleari berari behar den informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza emateko eta ikaslearen hezkuntza-prozesuari buruz eta eskolatze-aukerarik egokienei buruz orientatzeko.

  4. Arlo, ikasgai edo eremuen kalifikazioari dagokionez, eta ikasleei dagokien ebaluazio objektiborako eskubidea bermatze aldera, irakasleek emandako kalifikazioaren justifikazioaren eta arrazoien berri eman behar diete ikasleei eta haien gurasoei edo legezko tutoreei (ikasleak adingabeak direnean), ebaluazio-irizpideetan ezarritakoa aipatuz eta ikasleak irizpide horietan adierazten dena lortu duen ala ez argudiatuz.

  5. Adin nagusiko ikasleen kasuan, guraso eta legezko tutoreek aurreko artikuluan adierazitako eskubideak baliatu ahal izango dituzte, interes legitimoa justifikatuta.

  1. Diagnostiko-ebaluazioak hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren eta ikastetxeen ardura da, biena, eta ikastetxeentzat eta euskal hezkuntza-sistema osoarentzat hobetzeko aukera gisa eta erronka gisa hartu behar dira.

  2. Diagnostiko-ebaluazioko prozesuen helburua da ikasleek funtsezko konpetentzietan eta konpetentzia espezifikoetan lortutako maila egiaztatzea, eta irakasle-taldeei, ikasleei, guraso edo legezko tutoreei eta hezkuntza-komunitate osoari laguntzea irakasle-jarduna aztertzen, baloratzen eta, beharrezkoa bada, birbideratzen, ikasleek curriculumeko konpetentziak eta ikaskuntzak lor ditzaten.

  3. Diagnostiko-ebaluazioko probak etapen erdian egin behar dira (LHko 4. mailan eta DBHko 2. mailan), zentsu-izaerarekin, eta etapen amaieran (LHko 6. mailan eta DBHko 4. mailan), lagin-izaerarekin.

  4. Diagnostiko-ebaluazioetan lortutako informazioa erabiltzean, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legedian xedatutakoa hartuko da kontuan. Lortzen den informazioa talde, arlo eta ikastetxeen tratamendu estatistikorako erabiliko da. Ebaluazio horiek ezin dira erabili ikastetxeen sailkapenak egiteko.

  5. Bakarkako, taldeko eta ikastetxeko txosten batean zehaztuko dira proba diagnostikoen emaitzak, beste adierazle batzuetatik lortuta informazioarekin batera. Txostena egiteko, gainera, faktore indibidualak eta testuingurukoak hartuko dira kontuan (sozioekonomikoak, kulturalak eta hizkuntzakoak). Proba diagnostikoen emaitzak ez dira sartuko ikasleen ikasketa-espedientean.

  6. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeari (ISEIIVEI) dagokio probak prestatzea eta aplikazio-, zuzenketa- eta aplikazio-irizpideak definitzea, institutu horrek formulatutako kontzeptu-esparruetatik abiatuta. Gainera, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak behar diren ereduak eta laguntzak emango dizkie ikastetxeei, ikastetxe guztiek behar bezala egin ahal izan ditzaten ebaluazio horiek.

  7. Neurririk egokienak ezarriko dira ebaluazio horiek berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen beharretara egokitu daitezen.

  1. Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, ikastetxe batzuek datu horiek beste batzuei lagatzeari eta datu horien segurtasunari eta konfidentzialtasunari dagokienez, indarrean dagoen datu pertsonalak babesteari buruzko legedian xedatutakoari jarraituko zaio, eta, betiere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari.

  2. Ikaslearen espediente elektronikoak, gutxienez, ebaluazio-dokumentu ofizialetan jasotako datuak bildu behar ditu, eta urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa bete (4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren arloko Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionala arautzen duena).

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Irakaskuntza-espezialitateak.

    Ikastetxeak ikasgaiak eremutan taldekatzea erabakitzen duenean, eremu horien irakaskuntzaz eremu horietako edozein ikasgai emateko irakaskuntza-atribuzioa duten espezialitateetako katedradunen kidegoetako funtzionarioak eta bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoetako funtzionarioak arduratuko dira.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak eta beste irakaskuntza batzuk bateragarri egitea.

  1. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak aukera emango du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak eta musikako eta dantzako arte-ikasketa profesionalak aldi berean egiteko.

  2. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak salbuespenezko eskolatze-neurriak baimendu ditzake errendimendu handiko kirol-jarduerak eta antzekoak egiten dituztenentzat.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erlijioaren irakaskuntza.

  1. Ikasturtea hasi baino lehen, adin nagusiko ikasleek eta adingabeen gurasoek edo legezko tutoreek erlijioko eskolak jaso nahi dituzten ala ez adierazi behar dute.

  2. Ikastetxeak etapa bakoitzeko maila guztietan eskainiko du Erlijioa. Astean gehienez ordubete emango da. Gurasoek edo legezko tutoreek aukeratuta egingo da ikasketa hori. Ikasturte bakoitzaren hasieran egin behar da aukeraketa hori. Ikastetxeek antolaketa-neurriak hartu behar dituzte erlijio-ikasketak egiten ez dituzten ikasleek behar den hezkuntza-arreta jaso dezaten. Hor, funtsezko konpetentziak garatu beharko dira, komunitatearen zerbitzurako proiektuen bidez, eta autoestimua, autonomia, gogoeta eta erantzukizuna indartu, baita balio zibiko eta etikoak ere. Erlijioa ikasten ez duten ikasleen hezkuntza-arreta taldeko tutorearen esku egongo da, ahal izanez gero.

  3. Erlijio katolikoaren irakaskuntza Egoitza Santuaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako Irakaskuntza eta Kultura Gaiei buruzko Akordioan ezarritakoari lotu behar zaio. Horretarako, erlijio katolikoa arlo gisa sartuko da Lehen Hezkuntzan, eta ikasgaia izango da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikastetxeek nahitaez eskaini beharrekoa, eta ikasleentzat hautazkoa izango da.

  4. Beste erlijio batzuen irakaskuntzak bat etorri behar du Espainiako Estatuaren eta Espainiako Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioaren, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioaren eta Espainiako Batzorde Islamikoaren artean sinatutako kooperazio-akordioetan xedatutakoarekin, eta, hala badagokio, etorkizunean beste erlijio batzuekin izenpetzen diren akordioetan xedatutakoarekin.

  5. Erlijioa ikasgaiaren curriculuma zehaztea kasuan kasuko erlijio-agintaritzen eskumena da. Eskola-liburuak eta material didaktikoak erabiltzeari buruzko erabakiak eta, hala badagokio, horiek gainbegiratu eta onartzeari buruzkoak kasuan kasuko erlijio-agintaritzei dagozkie, Espainiako Estatuarekin sinatutako akordioetan ezarritakoaren arabera.

  6. Erlijio katolikoaren irakaskuntza etapako beste ikasgaien baldintza eta ondorio berekin ebaluatu behar da. Estatuarekin kooperazio-akordioak sinatu dituzten erlijioen irakaskuntzaren ebaluazioa akordio horietan ezarritakoari lotu behar zaio.

  7. Berdintasun-printzipioa eta lehia askea bermatzeko, erlijioko ikasketen ebaluazioan jasotako kalifikazioak ez dira kontuan hartuko ikasketa-espedienteen arteko lehia dakarten deialdietan, ez eta ikasleak onartzeko prozesuetan lehiara jo behar denean eskatzaileen arteko hautaketa egiteko.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakastea.

    Curriculumeko ikasgai batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko baimena eska diezaiokete ikastetxeek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari. Baimena izanez gero, irakaskuntza horrek bere hartan eutsi behar die dekretu honetan araututako curriculumaren oinarrizko alderdiei, eta ahaleginak egin behar dira ikasleek bi mailetan ikasgaien berezko terminologia atzerriko hizkuntzan eta erkidegoko hizkuntza ofizialean edo ofizialetan jakin dezaten.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Helduen Hezkuntza.

  1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak eta jakintzak eskuratu nahi dituzten helduek beren baldintzetara eta beharretara egokitutako eskaintza izango dute. Irakaskuntza hori presentziala, erdi-presentziala eta urrutiko hezkuntzaren bidezkoa izan daiteke.

  2. Ikasleek jakintzaren ikuspegi integratua eskuratze aldera eta horren bidez konpetentziak garatu eta XXI. mendeko erronka eta desafio global nagusiei arrakastaz aurre egite aldera, etapa honetako irakaskuntzak modu modularrean antolatuko dira, hiru eremutan, eta, horietako bakoitzean, bi mailatan:

    1. Komunikazio-eremua. Dekretu honen III. eranskinean Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Atzerriko Hizkuntza ikasgaiei buruz jasotako gutxieneko ikasketak bilduko ditu.

    2. Eremu soziala. Dekretu honen III. eranskinean Gizarte Zientzietako ikasgaiei buruz (Geografia eta Historia eta Balio Zibiko eta Etikoetan Oinarritutako Hezkuntza) jasotako gutxieneko ikasketak bilduko ditu.

    3. Eremu zientifiko-teknologikoa. Dekretu honen III. eranskinean Fisika eta Kimika, Biologia eta Geologia, Matematika, eta Teknologia eta Digitalizazioa ikasgaiei buruz jasotako gutxieneko ikasketak bilduko ditu.

  3. Ikasketa horiek bi ikasturtetan egiteko moduan antolatu behar dira.

  4. Bigarren paragrafoan aipatutako hiru eremuetako bakoitzari dagozkion mailetako bat gainditzeak Estatu osorako balio izango du.

  5. Eremu guztiak gainditzeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eskuratzeko eskubidea dakar berekin. Era berean, irakasle-taldeak proposa dezake Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua ematea eremuren bat gainditu ez duten baina beren ustez helduen oinarrizko prestakuntzaren helburu orokorrak modu globalean lortu dituzten pertsonei. Erabaki horretan kontuan hartu behar dira ikasle bakoitzaren prestakuntza-aukerak eta jarduera akademiko eta laboralean integratzeko aukerak.

  6. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, aldian-aldian, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua zuzenean lortu ahal izateko probak antolatuko ditu, baldin eta funtsezko konpetentziak eta etapako helburuak lortu badituzte. Proba horiek irisgarritasun unibertsaleko neurriak bete behar dituzte, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasle guztientzat egokitu behar dira eta hiru ezagutza-eremuetan oinarriturik antolatuko dira.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Atzerriko ikastetxeetako ikasketak.

    Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak erabakiko ditu, bere eskumenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan baimendutako atzerriko ikastetxeek eman beharreko Espainiako hizkuntza eta kulturaren eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturaren irakaskuntzaren ingurukoak, eta ikastetxe horiek, betiere, dekretu honetan arlo eta ikasgai horietarako ezarritako gutxieneko orduak bete behar dituzte.

Indargabetuta geratzen da 236/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Era berean, indargabetuta geratzen dira dekretu honetan ezarritakoaren aurka doazen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuaren artikuluak (86/2015 Dekretua, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko Dekretua).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ezarpen-egutegia.

2023-2024ko ikasturtean amaituko dira ezartzen dekretu honetako ikasketa arautuen curriculumak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Eremuen araberako irakaskuntza.

  1. Eremuen arabera antolatutako irakaskuntza modu progresiboan ezarriko da, ikastetxeek irakaskuntza planifikatu ahal izan dezaten eta irakasle-taldea prestatu ahal izan dezaten; 2022-2023ko ikasturtean ezartzen hasi, eta 2025-2026ko ikasturtean iritsiko da ikastetxe guztietara.

  2. Halaber, ikastetxeek modu progresiboan eguneratu behar dituzte programazio didaktikoak, eta bi ikasturtean erabat berritu.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 30ean.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Hezkuntzako sailburua,

    JOKIN BILDARRATZ SORRON.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)