Arautegia

Inprimatu

6/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 484
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2021/01/19
  • Argitaratze-data: 2021/01/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari euskarri juridikoa ematen dioten bi dekretuak honako hauek dira: alde batetik, 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta bestetik, 20/2020 Dekretua, irailaren 7koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua izendatzeko dena.

Bigarren dekretu horrek honako funtzio eta eginkizun hauek esleitzen dizkio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeari: lehendabizi, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitakoak, baita lehendakariak berariaz eskuordetzen dizkionak ere. Horien artean, honako hauek daude: lege horren 11.2 artikuluan zehaztutakoa, alegia lehendakariaren behin behineko edo aldi baterako jardun ezintasuna aurreikusten duena, eta lege bereko 14. artikuluan ezarritakoa, lehendakariaren ordezkotza hurrenkera aurreikusten duena.

Bigarrenik, irailaren 7ko 20/2020 Dekretuak, lehendakariarenak, Jaurlaritzari buruzko Legearen 8.artikuluko d), i), j) eta k) apartatuetan aurreikusitako ahalmenak eskuordetzen dizkio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeari; hain zuzen ere, honako hauek: Jaurlaritzaren legegintza-programa koordinatzea (8.i artikulua); Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatutako informazioa eta laguntza Legebiltzarrari helaraztea (8.d artikulua); Jaurlaritzaren lanak ondo antolatzeko eta hartu beharreko erabakiak egoki prestatzeko barne-arauak ezartzea (8.j artikulua); eta Jaurlaritzaren eta Jaurlaritzako Batzordeen erabakiak betearazteaz, eta, hala behar izanez gero, argitaratzeaz arduratzea (8.k artikulua).

Hirugarrenik, lehendakariaren irailaren 7ko 20/2020 Dekretuak ezartzen du, lehendakariari dagozkion zuzendaritza politikoko ahalmenei eta Autonomia Estatutuak eta legeek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten ahalmenei kalterik egin gabe, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea izango dela, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Estatuarekiko Transferentzien Batzorde Mistoko eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko Batzorde Mistoko burua, inplikatutako sailen lankidetza izanik, bakoitzaren eskumenen esparruan.

Azkenik, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua izendatzen duen Dekretuak zehazten du, eginkizunak betetzeko, lehenengo lehendakariordeak ez duela berariazko egiturarik izango; aitzitik, dagokion sailaren egituraketari eta egitekoei buruzko dekretuan ezarritako organoek beteko dituztela zeregin horiek.

Hori horrela izanik, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko dekretu honek zehaztu egiten du zeintzuk diren Segurtasun Sailaren egiturari dagozkion berezko organoak, eta organo horiei atxikitzen die bai Sailari dagozkion eskumenak egikaritzea bai Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeari esleitutako eskumenetan hari euskarri juridikoa ematea.

Bestalde, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 5. artikuluan Segurtasun Sailari egiteko eta jardun-arlo hauek ezartzeko dizkio: a) Autonomia-erkidegoko polizia; b) Herritarren segurtasuna; c) Hauteskunde-administrazioa; d) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; e) Trafikoa eta bide-segurtasuna; f) Jokoa, apustuak eta ikuskizunak; g) Segurtasun arloko transmisioak eta komunikazioak; h) Poliziaren ibilgailuak; i) Meteorologia; j) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera; eta k) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak. Sail honi atxikitzen zaio ere «Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia» administrazioko erakunde autonomoa.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ezarritakoaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzari buruzko Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, hala badagokio, lehendakariari aurkeztuko dizkiote, 2020ko abenduaren 31 baino lehen, bakoitzaren saileko erregelamendu organikoen proiektuak, onarpena eman diezaien. Sailei esleitutako jardun-arlo bakoitzarentzat Jaurlaritzaren programan jasotako helburuei eta programa hori argitu duten irizpideei egokituko zaizkie proiektuok. Erregelamendu horiek antolaketa-irizpide hauek beteko dituzte: austeritatea, egiturak soiltzea, eduki zabaleko egiteko-arloak bateratzea, egiturazkoak ez diren staff egiteko-arloak identifikatzea eta informazioaren teknologiez ahalik gehien baliatzea.

Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2021eko urtarrilaren 19an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, besteak beste: a) Autonomia-erkidegoko polizia; b) Herritarren segurtasuna; c) Hauteskunde-administrazioa; d) Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; d) Trafikoa eta bide segurtasuna; e) Jokoa, apustuak eta ikuskizunak; f) Segurtasun-arloko transmisioak eta komunikazioak; g) Poliziaren ibilgailuak; h) Meteorologia; i) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera; eta j) Legeek eta erregelamenduek eman diezazkioten gainerako ahalmenak.

  1. Aurreko artikuluan aipatutako arloen inguruko eskumenak betetzeko, honako organo hauek egituratuko dute Segurtasun Saila:

    1. Organo zentralak:

      1. Sailburua.

      1. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Kabinete Zuzendaritza.

      2. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Komunikazio Zuzendaritza.

  2. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.

  1. Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

  2. Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza.

  3. Giza Baliabideen Zuzendaritza.

  4. Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritza.

  1. Segurtasun Sailburuordetza.

  1. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

  2. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza.

  3. Trafiko Zuzendaritza.

  4. Ertzaintzaren Zuzendaritza.

  5. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza.

    1. Lurralde organoak:

      Lurralde organoak dira Trafikoko lurralde-bulegoak eta Joko eta Ikuskizunetako lurralde-bulegoak: horietako bakoitzean, funtzionario arduradun bat egongo da, betiere, dagokion zuzendaritzako zuzendariaren menpe egongo dena. Lurralde-bulego horien eremu funtzionala zuzendaritza bakoitza arautzerakoan finkatuko da.

    2. Kide anitzeko organo hauek atxiki eta/edo lotuko zaizkio Segurtasun Sailari:

      Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua.

      Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea.

      Euskadiko Babes Zibilerako Batzordea.

      Babes Zibileko Boluntariotzako Aholku Batzordea.

      Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua.

      Jokoaren Euskal Kontseilua.

      Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkularia.

      Zezenketa-gaien Euskal Batzorde Aholku-emailea.

      Ertzaintzaren Kontseilua.

      Udaltzaingoak toki mailan Koordinatzeko Batzordeak.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea.

      Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa.

      Bideozaintza eta Askatasun Batzordea.

      Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) Kontseilu Aholku emailea.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kontrol- eta gardentasun-batzordea.

      Jokoaren Euskal Behatokia.

      Su Prebentzio, Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuen erakunde arteko Batzordea.

      1. Sailburuak, dekretu hau garatzeko emandako agindu baten bidez, dekretu honetan araututako administrazio-unitateak baino maila beheragokoak ere ezarri ahal izango ditu.

      2. Sailburuak, dekretu hau garatzeko emandako agindu baten bidez, talde edo lantalde horizontalak ezarri ahal izango ditu, sailaren egitekoei lotutako prozesuen edo proiektuen plangintza, garapena, kudeaketa eta jarraipena egiteko. Prozesuan edo proiektuan parte diren saileko hainbat arlo edo organotako arduradunek osatuko dituzte talde edo lantalde horiek, eta egin beharreko lanen koordinazioaren eta jarraipenaren arduradun bat izendatuko da.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoa Segurtasun Sailari atxikiko zaio, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde moduan, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua izendatzeko irailaren 7ko 20/2020 Dekretuan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu. Hain zuzen ere, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea den aldetik, eginkizun hauek beteko ditu:

    1. Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitakoak, bai eta lehendakariak agintzen dizkion gainerakoak ere.

    2. Lehendakariak eskuordetutako eginkizun moduan, Jaurlaritzari buruzko Legearen 8. artikuluko d), i), j) eta k) apartatuetan aurreikusitako ahalmenak dagozkio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeari.

    3. Irailaren 7ko 20/2020 Dekretuaren 2. artikuluko 3. apartatuan esleitutako eginkizunari dagokionez, eta Estatuarekiko Transferentzien Batzorde Mistoko eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko Batzorde Mistoko burua den aldetik, burutzeke dauden transferentzia prozesuetan haien eskumen esparrua dela-eta inplikatuta egon litezkeen sailen eskuartzea koordinatuko du, haien arteko eta haien eta Lehenengo Lehendakariordetzaren arteko nahitaezko lankidetza bermatzeko.

    4. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde den aldetik, autonomia erkidegoaren administrazioaren eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren arteko harreman organo legez jardungo du, Bulegoaren araubidean zehaztutakoarekin bat etorriz.

  2. Segurtasuneko sailburu moduan, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan xedatutako eskumenak eta ahalmenak egikaritzea dagokio, baita sailaren berezko egitekoen eta jardun-arloen eremuan indarreko legeriak esleitzen dizkionak ere, irailaren 6ko 18/2020 Dekretua aintzat harturik.

  3. Sailburuari dagozkio, baita ere, egiteko edo eskudantzia hauek:

    1. Sailaren jardun-arloetan politika publikoak zuzentzea, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zuzentarauen arabera.

    2. Bere eskumen esparruaren helburu estrategikoak zehaztea, Jaurlaritzaren Programan jasotako ildo estrategikoetan eta konpromiso programatikoetan zehaztutakoaren arabera.

    3. Helburu estrategikoen garapenaren eragin soziala aztertzea eta Sailaren jardun arlo ezberdinen helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapenak zehaztea.

    4. Honako hauek onartzea proposatzea: EAEko Segurtasun Publikoko Plan Orokorra, babes zibileko planak eta EAEko Bide Segurtasuneko Plana.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan segurtasun publikoaren jardueretara bideratutako komunikazio-sistemak eta informatizazio-planak eta -programak ezartzea; horrez gain, euskal administrazioetako segurtasun publikoko zerbitzuek hartu beharreko informatika- eta telekomunikazio-arloko estandarrak ezartzea, datuak transmititzeko eta gorabeherak eta baliabideak kudeatu eta bideratzeko.

    6. Ondare-arloan ordenamendu juridikoak sailari atxikitako eskudantziak egikaritzea.

    7. Behin-behineko langileak izendatzea.

    8. Ertzaintzako langile funtzionarioen lanpostu-zerrendak onartzea.

    9. Saileko ordezkariak izendatzea Ertzaintzako langileen ordezkariekiko eta Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratudun langileen ordezkariekiko negoziazioetan aritzeko.

    10. Ertzaintzako langileen estatutu-araubidea aplikatzearekin lotuta, honako hauek dagozkio: zerbitzu-egintza deklaratzea, polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun eta urdindun dominak ematea, eta zerbitzutik kentzeko zehapena jartzea.

    11. Zehatzeko ahala erabiltzea herritarren segurtasunaren arloan; larrialdietan eta babes zibilean; joko eta ikuskizunetan eta jolas-jardueretan, ordenamendu juridiko sektorialak horretarako ahala ematen dionean.

    12. Arau-hauste oso astunengatiko zehapenak jartzea, zeinak jasota baitaude kirol ikuskizunetan egon daitekeen indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako estatu-legerian, 360.000 eurotik gorako isunarekin, eta kirol-ikuskizunak antolatzeko desgaikuntza-zehapenak edo kirol-esparrua urtebetetik gora aldi baterako ixteko zehapenak jartzea, eta kirol-esparrura sartzea debekatzea hiru urtetik gorako aldirako.

    1. Segurtasun pribatuaren arloan, zaintza- eta babes-zerbitzuen prestazioa erabakitzea Segurtasun Pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen 41.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan; segurtasun pribatuko zerbitzuetan hirugarrenei kalteak sor diezazkieketen edo herritarren segurtasuna arriskuan jar dezaketen bitarteko material edo teknikoak erabiltzea, lege horren 8.5 artikuluan ezarritakoaren arabera; segurtasun-neurriak har daitezen agintzea, lege horren 51. artikuluaren arabera, eta, halaber, baimenen, gaikuntzen eta erantzukizunpeko adierazpenen azkentze-zigorrak ezartzea Segurtasun Pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legearen arau-hausteengatik.

    2. Segurtasun Sailari edo bere zerbitzura dauden agintaritzei edo langileei egotz dakizkiekeen ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

    1. Sailak emandako egintzak eta xedapenak ofizioz berrikusi eta kaltegarriak deklaratzeko prozedurak hastea eta ebaztea.

    2. Informazio Polizialeko Sistemaren datuak babesteko ordezkaria izendatzea Ertzaintzan.

    3. Indarreko legeriak espresuki ematen dizkion gainerakoak.

Sailburuordetza bakoitzaren arduraduna sailburuordea izango da, zeina hierarkian zuzenean sailburuaren menpe egongo baita. Titularrei hauek dagozkie:

  1. Sailburuordetzak zuzendaritza bakoitzarentzat dituen kudeaketa publikoko politikak definitzea.

  2. Jaurlaritzaren estrategiaren arabera, sailak sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea.

  3. Eragin soziala aztertzea eta sailburuordetzaren zuzendaritzen helburuen beharrezko aldaketak edo garapenak zehaztea.

  4. Sailburuordetzaren jarduerak nahiz zuzendaritzenak eta sailburuordetzaren menpeko gainerako administrazio-organo eta -unitateenak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta ikuskatzea.

  5. Saileko sailburuari jardun-politika eta laguntza teknikoko proposamenak prestatzea, esleituak dituen egitekoen esparruan.

  6. Gaiaren arabera estatuaren, autonomia erkidegoen, foru aldundien eta toki erakunde eskudunen organoekin harremanak izatea.

  7. Sailaren eskumeneko arloetan eta sailaren izenean bera izango da harremanetarako organoa, baita arlo material horren inguruan sortutako sailen arteko koordinazio-organoen arteko harremanetarako organoa ere.

  8. Sailburuordetzaren antolamendu operatiboa proposatzea, zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatuta, ezarrita dauden antolamendu-irizpideekin bat.

  9. Gainerako sailburuordetzekin lankidetzan jardutea, proiektu edo prozedura batean batek baino gehiagok esku hartu behar duenean, Jaurlaritzaren jardun politikoaren eta administratiboaren koherentziari eusteko, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren koordinazio-jardun orokorra.

  10. Azterlanak eta txostenak egitea, eta azterlan-txosten horiek aztertzea bere eskumenen esparruan.

  11. Indarrean dagoen legerian aurreikusten diren kasuetan, errekurtsoak ebaztea.

  12. Bere jardun arloan, hizkuntza normalkuntzaren erantzukizuna bere gain hartzea eta euskararen erabilera bultzatzea zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza moduan bere eskumeneko esparruetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsitako Euskararen Agenda Estrategikoan ezarritakoarekin bat.

  1. Bere Sailean eta bere eskumeneko esparruetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dien beste edozein egiteko eta, orokorrean, sailburuordeei esleitzen zaizkien ohiko egitekoak.

Saileko zuzendaritza bakoitzaren arduraduna zuzendari bat izango da eta, oro har, hauxe dagokio:

  1. Nork bere jardun-arloan, kudeaketa publikoko politikak garatzea, eta egin beharreko planak eta programak gauzatzea.

  2. Nork bere jardun-arloan, dagozkion helburuak zabaltzea, horretarako jarduerak eta erantzukizunak esleitzea, eta kudeaketan behar diren zuzenketak egitea.

  3. Nork bere jardun-arloaren antolamendu operatiboa proposatzea, eta barruko lan sistemak zehaztea.

  4. Bere jardun-arloko jarduerak programatu, sustatu, zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.

  5. Prozedura batean, bere jardun-arloa eta beste batzuena artikulatzeko behar diren harremanak izatea.

  6. Indarrean dagoen legerian aurreikusten diren kasuetan, errekurtsoak ebatziko dituzte.

  7. Bere jardun arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Planaren helburuak zehaztea, baita helburuok lortzeko ekintzak eta ekimenak betearaztea eta ebaluatzea ere. Horretarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken kudeaketa integrala garatuko dute zuzendaritza bakoitzeko zerbitzuburuekin lankidetzan. Hori guztiori, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Kabinete Zuzendaritzari esleitutako koordinazio eginkizunen babespean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan.

  8. Bere jardun arloan, indarreko Hizkuntza Normalkuntzako Planaren helburuak zehaztea, baita helburuok lortzeko ekintzak eta ekimenak betearaztea eta ebaluatzea ere. Horretarako, euskararen erabilera bultzatzeko politiken kudeaketa integrala garatuko dute Zuzendaritza bakoitzeko zerbitzuburuekin lankidetzan. Hori guztiori, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari esleitutako koordinazio eginkizunen babespean eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin lankidetzan.

  9. Hizkuntza-irizpideak aztertzea eta proposatzea dirulaguntzen deialdietan, sailari dagozkion euskararen erabilera sustatzeko neurrien esparruan, eta horien betetze mailaren jarraipena egitea zuzendaritzaren jardun-eremuetan; besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako ekitaldi publikoak.

    Kontratazio publikoak Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko apirilaren 26ko Erabakian onetsitako jarraibideekin eta printzipioekin bat etorri behar du. Erabaki horren bidez, EAEko administrazio publikoak sektore publikoaren kontratu legediaren bidez egiten duen kontratazio publikoan euskararen erabilera eta ezagutza txertatzeko printzipio nagusiak ezartzen dituzten jarraibideak onesten dira.

  10. Gastu- eta kontratazio-arloan Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendariei dagozkien eskumenez gain, zuzendariei dagokie, baita ere, indarrean dagoen funts aurrerakinen araubidean ezarritakoarekin bat, haien jardun-eremuan beharrezkoak diren gastuak baimentzea eta onestea.

  11. Esandakoez gain, indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak eta Jaurlaritzako zuzendariei oro har dagozkienak ere bete behar dituzte.

Kabinete Zuzendaritzak lagunduko dio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari bere egitekoetan. Hona hemen Kabinete Zuzendaritzak bere gain hartuko dituen egitekoak:

  1. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari esleitu zaizkion eskumenak betearazteko eta eskumen horiei dagozkien irizpide eta jarduera planak ezartzeko aholkularitza eta laguntza ematea; batik bat, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua izendatzeko irailaren 7ko 20/2020 Dekretuaren bigarren artikuluko 2.i) eta 3 idatz zatietan adierazitakoak.

  2. Gauzatzeke dauden eskumen transferentziak bideratzeko negoziazioen jarraipena egitea. Horretarako, negoziazioetan esku hartzen duten sail guztiei lankidetza eskatuko die.

  3. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren lan programaren jarraipena egitea.

  4. Jaurlaritzaren legegintza programaren koordinazioarekin lotutako administrazio lanak egin eta horien jarraipena egitea.

  5. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, bere eskumenak betearazteko interesgarri direlakoan, agintzen dizkion azterlanak egitea.

  6. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Unitatearen jarduna zuzentzea eta bultzatzea, eta Saileko gainerako zuzendaritzen, administrazio-erakundeen eta Sailari atxikitako organoen lana koordinatu eta horiekin guztiekin batera lan egitea Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako berdintasun planean aurreikusitako neurriak betearazteko.

  7. Saileko Sailburuordetzen arteko koordinazio egokiaz arduratzea.

  8. Sailaren jardun-arlo ezberdinak planifikatzea, programatzea eta ebaluatzea ahalbidetzen duten tekniken eta metodoen aplikazioa proposatzea, Sailaren programa eta jarduna garatzera eta betearaztera bideratuak. Horretarako, Sailari dagozkion jarraipen eta koordinazio funtzioak aurrera eramateko beharrezkoa zaion laguntza eta dokumentazioa eskatu ahal izango dio jardun arlo bakoitzari.

  9. Sailaren eginbeharrekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia biltzea, aztertzea eta aurkeztea. Horretarako, gaiarekin zerikusia duten beste organo eskudunekin batera lan egingo du.

  10. Sailaren Plan Estrategikoen prestaketan esku hartzea gainerako sailburuordetzekin batera, baita horiei dagozkien jarraipen txostenetan ere.

  11. Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, baita herritarrei informazioa emateko eta harrera egiteko sailaren zerbitzuak eta Zuzenean-Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzua artikulatzen direla ziurtatzea ere.

  12. Ertzaintzaren musika-bandaren parte hartzea planifikatzea eta zehaztea, ekintza ofizial eta protokolozkoetan.

  1. Sailak sustatutako kongresuak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kontrol- eta gardentasun-batzordeari laguntza ematea.

  1. Sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, organo eskudunen bitartez.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Komunikazio Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren komunikazio politika diseinatzea eta gauzatzea.

  2. Komunikabide sozialekiko harremanak mantentzea, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun sailburuaren jardunari buruzko informazioaren eta publizitatearen zabalkundea egiteko:

    1. Komunikatuak, erreferentziak eta prentsa oharrak egitea, baita haiei loturiko ikus entzunezko edukiak ere.

    2. Komunikabide sozialekin eginiko elkarrizketak eta agerraldi publikoak planifikatzea.

    3. Publizitate kanpainak diseinatzea eta gauzatzea.

    4. Web-orrialdeen eta sare sozial ofizialen informazio eta publizitate edukiak koordinatzea.

  3. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak esku hartzen duen ekitaldi ofizialak eta protokolarioak antolatzea.

  4. Eusko Jaurlaritzaren ekintza informatiboa edo publizitarioa koordinatzen duten sail arteko edo erakunde arteko organoetan esku hartzea Sailaren ordezkari gisa.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentzia-eredua arautzeari buruzko ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuak Sailari esleitzen dizkion eginkizunak.

  6. Prentsa, irrati, telebista, agentzia eta Interneteko informazio automatizatuaren hornidura kudeatzea.

I. ATALA

ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUEN SAILBURUORDETZA

  1. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari dagokio, Segurtasun Sailari esleitutako egitekoen eremuan, Saileko zerbitzu erkideak zuzendu eta koordinatzea, eta, bereziki, honako hauek:

    Ekonomia, ondarea, aurrekontuak eta kontratazioa kudeatzea; zerbitzu orokorrak, saileko estatistika arloa, baita sailaren eta hauteskunde prozesuen araugintza-politika kudeatu, garatu eta koordinatzea; negoziazio kolektiboan eta lan harremanetan esku hartzea; saileko giza baliabideak, eta, azkenik, segurtasun-egiturari laguntzeko baliabide teknikoak eta azpiegiturak zuzendu eta koordinatzea.

  2. Horretarako, 5. artikuluan ikusitako egiteko orokorrez gain, hauek betetzea ere badagokio:

    1. Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratudun langile finkoak izateko hautatutako pertsonak kontratatzea, bai eta saileko Administrazio Orokorreko langile funtzionarioen izendapen askeko lanpostuen eta Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratudun langileen lanpostuen hornidura ebaztea ere. Salbuetsita geratzen dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari atxikitako lanpostuak.

    2. Ertzaintzan, merezimendu-lehiaketaren bidez lanpostuak betetzeko prozeduren deialdiak egin eta horiek ebaztea. Horrez gain, Ertzaintzako langileen estatutu araubidea aplikatzeko gainerako egintzak, berariaz beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie.

    3. Sailetako zerbitzuen eta horien lan-sistemen eta -metodoen barneko antolaketa proposatzea, Segurtasun Sailburuordetzakoena izan ezik, arrazionalizatzeko eta hobetzeko, eta polizia-zerbitzuen mendekoekin koordinatzeko.

    4. Kontratazio organo gisa jardutea eta Sailaren gastuak baimentzea, eginkizun horiek Jaurlaritzaren Kontseiluari edo Saileko beste organo batzuei esleitzen ez zaizkienean, baita bitarteko propioei enkarguak egitea ere 300.000 eurotik gorako kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio araubidearen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

    5. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari dagokio 300.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, baita saileko kontratazio organoari dagozkion eskumenak ere lizitazioaren oinarrizko aurrekontuan kopuru hori gainditzen duten espedienteetan.

      Era berean, eta baldintza berdinetan, 300.000 eurotik gorako bitarteko propio pertsonifikatuei enkarguak egiteko eskumena dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio araubidean aurreikusitako baldintzetan.

  3. Halaber, sailaren Euskara Unitatea koordinatzea dagokio, betiere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, zuzendaritzek hizkuntza normalkuntzaren alorrean eginiko lana bultzatu eta dinamizatzeko, baita politika publikoetan eta kudeatzen duten edozein administrazio-gaitan euskara sustatzeko xedez.

  4. Honako zuzendaritza hauek Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren mende egongo dira:

    1. Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

    2. Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza.

    3. Giza Baliabideen Zuzendaritza.

    4. Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritza.

  1. Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzak sailaren administrazio ekonomikoaren, aurrekontuaren, kontratazioaren eta ondarearen gaineko ardura osoa du, eta, horretarako, beharrezko informazio, etengabeko ebaluaketa eta jarraipen sistemak ezarri eta mantenduko ditu.

    Horrenbestez, honako egiteko hauek izango ditu:

  2. Ekonomiaren eta aurrekontuaren arloan:

    1. Sailaren aurrekontu-aurreproiektua egin eta zuzentzea eta horren jarraipena egitea, aurrekontu-aldaketak izapidetzea eta gastu-programen ebaluazioa egitea. Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aurrekontu-proiektua egiteko lana koordinatzea, eta sailaren aurrekontuarekin bateratzea.

    2. Gainbegiratzea, kontrol ekonomikoko organoei bidali baino lehen, barneko kontrol ekonomikoa eskatzen duten espediente guztiak, indarreko arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarenak diren gaiekin lotutako egiteko komunak kudeatzea, sailaren eskumenekoak badira, eta beste organo bati atxikita ez badaude.

  3. Kontratazioaren arloan:

    1. Kontratazio-espedienteak izapidetzea.

    2. Bitarteko propio pertsonifikatuei enkarguak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio araudian ezarritako baldintzetan.

    3. Nahitaez txosten juridikoa behar duten kontratazio publikoko gaiei buruzko irizpenak ematea.

  4. Ondare kudeaketaren eta baliabide orokorren arloan:

    1. Sailari esleitutako ondare-espedienteak kudeatzea. Halaber, sailaren jardun-arloekin zerikusia izanagatik beste sail batzuetako organoek izapidetu behar dituzten kontratazio- edo ondare-arloko bestelako espedienteen izapidetzea sustatzea, sailburuari dagokionean izan ezik.

    2. Polizia-arloko materialak eta azpiegiturak beharrezkoak eta egokiak diren aztertu eta ebaluatzea, eta baita horien estandarizazioa eta homologazioa proposatzea ere.

    3. Polizia-arloko azpiegiturak eta baliabide materialak ezarri, lortu, mantendu eta berritzeko planak eta programak proposatzea, horien jasangarritasuna eta eragingarritasuna bermatze aldera.

    4. Baliabideen hornikuntzaren eta dotazioaren erantzukizuna, eta baita horien kudeaketaren kontrola ere.

    5. Saileko zerbitzuen eta ibilgailuen antolaketa eta kudeaketa.

    6. Segurtasun Sailaren mendeko eraikinei dagokienez, zuzendaritza honek berariazko gainbegiratze-zerbitzua emango du: obra-proiektuak, ikuskaritza teknikoa, kalitate-kontrola eta egiaztagirien jarraipena.

  5. Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendariari dagokio sailaren 300.000 euroko edo hortik beherako gastuak baimentzea, eta sailaren kontratazio organoari dagozkion ahalmenak erabiltzea kopuru horretako edo hortik beherako lizitazio-oinarria duten aurrekontu-espedienteetan.

    Era berean, eta baldintza berdinetan, 300.000 eurotik beherako bitarteko propio pertsonifikatuei enkarguak egiteko eskumena dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio araubidean aurreikusitako baldintzetan.

  1. Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak izaera juridikoko jarduerak koordinatu behar ditu Segurtasun Sailaren kudeaketaren eremuan; sailaren gainontzeko organoen laguntza-organoa da, zerbitzu erkideetako langileak eta zerbitzu erkideak kudeatzen ditu eta sailaren eskumeneko hauteskunde prozesuen garapena kudeatzeko ardura du.

  2. Segurtasun Sailaren izaera juridikoko jardueren eremuan, egiteko hauek dagozkio:

    1. Saileko arauen programa ezartzea, eta izaera orokorreko xedapenen proiektuak eta aurreproiektuak egin eta izapidetzea, saileko gainerako organoen lankidetzarekin.

    2. Sailaren gaiak Jaurlaritzaren Kontseilura eta eskuordetutako batzordeetara bidaltzeko prozesua izapidetzea; horrez gain, aldizkari ofizialetara bidaltzea haietan argitaratu behar diren xedapenak eta administrazio-egintzak.

    3. Sailburuak edo sailburuordeek ebatzi beharreko administrazio-prozedurak izapidetzea, bestelako organoei esleitzen ez bazaizkie.

    4. Izaera orokorreko xedapenei eta sailak sinatu beharreko hitzarmen eta akordioei buruzko txostenak egitea; aholkularitza juridikoa ematea (eskatzen bazaio), eta saileko aholkularitza juridikoaren gainerako eskudantziak betetzea.

    5. Saileko organoek emandako administrazio egintzak kaltegarri deklaratzea auzibidean aurkaratuak izan baino lehen; egintza deusezen ofiziozko berrikuspena izapidetzea, eta ondare erantzukizunagatiko administrazio prozedurak izapidetzea.

    6. Sailak epaitegietan eta auzitegietan dituen prozesuetan, dagozkion jarduera juridikoak koordinatzea auzibide-arloan eskumena duen zuzendaritzarekin, eta baita, sailaren kudeaketa eremuan, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoa antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak aholkularitza juridikoei esleitzen dizkien eskumenak koordinatzea ere.

    7. Ertzaintzako langileen legelari-laguntza, eta jurisdikzio zibil eta penalaren aurrean ertzainak defendatu eta ordezkatzeko legelariak gaitzeari buruzko apirilaren 25eko 250/1995 Dekretuan aurreikusitako gainerako egitekoak.

  3. Segurtasun Saileko langileen eta zerbitzuen kudeaketaren eremuan, egiteko hauek dagozkio:

    1. Sailari atxikitako giza baliabideak zuzendu eta administratzea, bere eskumenen eremuan, Ertzaintzako eta Segurtasun Administrazioaren laguntza-zerbitzuetako langileak izan ezik.

    2. Lanpostuen zerrendak proposatzea bere eskumenen eremuan, eta baita egitura, langile eta organigramei buruzko sailaren informazio bateratua aurkeztea ere.

    3. Sailari atxikitako giza baliabideen esparruan, jarduera bateragarritasunari buruzko espedienteak ebaztea, Ertzaintzako eta Segurtasun Administrazioaren laguntza zerbitzuetako langileena izan ezik.

    4. Funtzionarioen prestakuntza eta hobekuntza planak eta programak kudeatzea, IVAPen eskumenak alde batera utzi gabe, eta funtzionario horien hizkuntza normalizazioaren prozesua aztertu, planifikatu eta horren jarraipena egitea, saileko Euskara Unitateak zehaztutako esparruan.

    5. Sailari atxikitako giza baliabideen esparruan, saileko segurtasun eta osasun unitatearen jarduerak zuzentzea, prebentzio zerbitzuari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe. Funtzio horretatik salbuetsita geratzen dira Ertzaintzako eta Segurtasun Administrazioaren laguntza zerbitzuetako langileak, Giza Baliabideen Zuzendaritzari atxikita baitaude.

    6. Sail guztienak diren egitekoak kudeatzea, honako hauekin lotuta: antolaketaren inguruko gaiak; baliabide bibliografikoak erregistratu, artxibatu eta antolatzeko sistemak; saileko bulegoen barne-araubidea, eta atxikitako ondarearen eta haren ekipamenduaren administrazioa eta kontserbazioa. Horrez gain, sailaren barruan koordinatzea Europar Batasunaren arau eta politikak egin eta aplikatzeko lanetan esku hartzearekin lotuta dagoen guztia.

    7. Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren, kalitatearen, etengabeko hobekuntzaren, modernizazioaren, administrazio elektronikoaren, administrazioak Interneten izan behar duen presentziaren, eta I+G eta Berrikuntzaren arloetan garatutako proiektu orokorretan parte hartzea, eta proiektu horiek sailean sustatzea.

    8. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko eskaerak ebaztea, eta baita izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko aholkularitza juridikoari dagozkion guztiak ere.

    9. Herritarrei informazio orokorra helarazteko eginkizunak koordinatzea eta herritarrei arreta eta informazioa emateko saileko zerbitzuen eta Zuzenean zerbitzuaren arteko artikulazioa ziurtatzea.

    10. Informazioaren argitarapen aktiboaren, informazio publikoa jasotzeko eskaerei emandako erantzunen eta sailaren datu publikoen zabalkundearen koordinazioa eta jarraipena egitea, gardentasun politikarekin bat etorriz.

    11. Sailaren jardun arloaren eremuan, herritarren eskubideekin eta betebeharrekin zerikusia duten iradokizunen, kexen eta erreklamazioen koordinazioa eta jarraipena egitea.

    12. Segurtasun Saileko interes orokorreko informazio dokumentaleko zerbitzua kudeatzea.

    1. Jaurlaritzako Lehenengo lehendakariordeari laguntza eta aholkularitza tekniko juridikoa ematea lehendakariaren irailaren 7ko 20/2020 Dekretuaren 1.3 artikuluak esleitzen dizkion eskumenak egikaritzeko.

  4. Hauteskunde-prozesuen kudeaketaren eremuan, egiteko hauek dagozkio:

    1. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-prozesuaren garapena planifikatu, kudeatu eta koordinatzea, hauteskunde-legeak Segurtasun Sailari emandako eskudantzien barruan, sailburuari dagozkionak izan ezik.

    2. Hauteskunde-prozesu horien modernizazioa bultzatzea, eta euskal herritarren ordezkaritza politikoan eragina duten beste batzuen jarraipena egitea.

    3. Alderdi politikoen jardunerako urteko dirulaguntzen zenbatekoen banaketa eta kudeaketa proposatzea, hala badagokio, indarrean dagoen legeriaren arabera.

    4. Erreferendumak eta kontsultak egiteko behar diren jarduerak planifikatu eta kudeatzea.

  5. Saileko zuzendaritza guztiek igorri beharko diote Organo horri eskatzen dien informazioa, estatistika prestatzeko.

  1. Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ardura da Ertzaintzako langileen estatutu araubidea kudeatzea, eta Ertzaintzako giza baliabideen politikak garatzea, eta baita Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratudun langileak kudeatzea ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langileak izan ezik.

  2. Ertzaintzako langileekin lotuta, honako hauek dagozkio: giza baliabideen politikak zuzendu eta administratzea, eta horien estatutu-araubidearen ohiko kudeaketa egitea, beste batzuei esleituta ez badago; eta, bereziki:

    1. Ertzaintzako langileen ordezkari diren erakunde sindikalekin harremana izatea, eta horiekin negoziazio kolektiboa lantzea.

    2. Lanpostu-zerrendak egitea eta lanpostuak betetzeko prozedurak kudeatzea; horrez gain, zerbitzu-eginkizunak ematea eta errebokatzea ebaztea, ahal horiek beste organo batzuei ez dagozkienean.

    3. Ertzaintzako langileen gastuen aurreikuspena eta kontrola egitea, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzarekin batera.

    4. Langileen Erregistroa kudeatzea, eta ziurtagiriak ematea Ertzaintzako langileen lan-gorabeherei, egoerei eta aitorturiko eskubideei buruz.

    5. Presentzia kontrolatzea, eta berariazko ebazpena behar duten lizentziak eta baimenak ematea.

    6. Bateragarritasun-espedienteak ebaztea.

    7. Administrazio egoera ezberdinak deklaratzea: zerbitzu aktibora itzultzea, nahitaezko erretiroa, eta ezgaitasuna deklaratzea.

    8. Ertzaintzako langileen enplegu-baldintzen araubide juridikoa eta lansariena kudeatzea eta aplikatzea, honako hauek barnean direla: maileguak eta gizarte onurak ematea, hirurtekoak eta emandako zerbitzuak aitortzea, eta Ertzaintzaren lan-egutegiak aztertu, irizpena eman, negoziatu eta jarraipena egitea.

    9. Ertzaintzaren antolaketa lantzean eta ondorengo ebaluazioan parte hartzea, eta baita Ertzaintzako langileak prestatzeko politikaren diseinuan, plangintzan eta ebaluazioan parte hartzea ere.

    10. Ertzaintzako hizkuntza-normalizazioaren prozesua aztertu, planifikatu eta ebaluatzea, saileko Euskara Unitateak zehaztutako esparruan.

    11. Lan-arriskuen prebentzioa antolatzea, eta Ertzaintzako langileei arreta emateko prebentzio-zerbitzu propioa zuzendu eta kudeatzea.

    12. Giza baliabideak egoki kudeatzeko gidalerroak eta jarraibideak ematea.

  3. Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako langileei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 6. artikuluarekin bat, langile horiek zuzentzea eta administratzea dagokio, eta, bereziki:

    1. Langile horien giza baliabideen politika planifikatu eta aplikatzea.

    2. Langile horien ordezkari diren erakunde sindikalekin harremana izatea, eta horiekin negoziazio kolektiboa lantzea.

    3. Lanpostu-zerrendak proposatzea.

    4. Aldi baterako lan-kontratudun langileak kontratatzea, eta horretarako lan-poltsak eratu eta kudeatzea.

    5. Lan-kontratudun langile finkoa izateko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukia prestatzea, epaimahaiak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea.

    6. Lanpostuak betetzeko prozeduren oinarriak prestatzea, horien deialdia egitea, garapena kudeatzea eta horiek ebaztea. Jardunean hasteko, lekuz aldatzeko edo dituzten lan-baldintzak aldatzeko izapideak egitea eta baimena ematea.

    7. Lan-arriskuak prebenitzeko funtzioa antolatzea, eta prebentzio-zerbitzua zuzendu eta kudeatzea.

    8. Langile horien hizkuntza-normalizazioaren prozesua aztertu, planifikatu eta ebaluatzea, saileko Euskara Unitateak zehaztutako esparruan.

    9. Langileen prestakuntza eta hobekuntza plan eta programak bultzatu eta prestatzea, IVAPen eskumenak alde batera utzi gabe.

    10. Langileen Erregistroa kudeatzea, eta ziurtagiriak ematea horien lan-gorabeherei, egoerei eta aitorturiko eskubideei buruz.

    11. Langile horien ohiko kudeaketa egitea, eta, gainera, bateragarritasun-espedienteak ebaztea, nahitaezko eta ezintasun fisikoagatiko erretiroak deklaratzea, diziplina ahalak erabiltzea kaleratzea salbu, eta lizentziak eta baimenak ematea.

  4. Era berean, langileak kudeatzeari buruzko Eusko Jaurlaritzako aplikazio horizontalei dagokienez, zuzendaritzari dagokio saila eta bere erakunde autonomoa zuzendu, ordezkatu eta koordinatzea, eta bere eskumenaren eremuko langileei dagozkien aplikazioen bidez kudeatutako datu pertsonalen gaineko ardura ere bai.

  1. Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzari dagozkio, eraldaketa digitalaren esparruan, segurtasun publikoko jardueretarako baliabideak planifikatu, garatu eta gauzatzea, baita horiek kudeatzea eta mantentzea ere. Horretarako, egiteko hauek ditu:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari dagokionez, eta Sailean administrazio elektronikoa ezarri aldera, segurtasunaren esparruko informazio- eta komunikazio-sistemen programa eta plan estrategiko zein operatiboak proposatzea, Segurtasuneko sailburuak onar ditzan.

    2. Segurtasun Sailaren segurtasun publikoko jardueretarako informazio- eta komunikazio-sistemetan egin beharreko inbertsioak planifikatzea, eta horiek koordinatu, gainbegiratu, ebaluatu eta kostuak aztertzea.

    3. Segurtasun Komunikazioen Sare Ofiziala, bai eta segurtasun-jardueretarako gisa horretako gainerako tresnak eta sistemak ere, planifikatu, diseinatu, kudeatu eta mantentzea.

    4. Segurtasun Sailburuordetzaren jarraibideak kontuan hartuta, proposatzea euskal administrazioen segurtasun publikoko zerbitzu guztiek hartu behar dituzten informatika- eta komunikazio-arloko estandarrak eta homologazioak, horien bidez datuak transmititzeko eta gorabeherak eta baliabideak kudeatu eta bideratzeko.

    5. Datu-prozesuen teknikak eta datu-kodetze eta -egituren teknikak aztertu eta garatzea, Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentrotik ezarritako jarraibideak eta protokoloak aintzat hartuta.

    6. Segurtasun publikoaren euskal sistemarekin lotutako egitekoak betetzeko eta elkarreragingarritasuna bermatzeko behar diren informazio- eta komunikazio sistemak eskuratu eta mantentzea, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bere funtzioak egiteko eskatzen dituenak ere, akademiak berak finantzatu ostean.

    7. Komunikazioetan segurtasun-zerbitzuak ematea, bai teknikoak bai administratiboak, teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez.

    8. Segurtasun Administrazioaren zerbitzuen informatizazio- eta digitalizazio proiektuak egikaritzea, zeinak interes estrategikokoak izango baitira.

    9. Barneko informazio- eta komunikazio-sistemak diseinatu, ezarri eta kudeatzea, eta giza baliabideak egoki kudeatzeko egin diren ekimenetatik eta kalitate proiektuetatik ateratako arrazionalizazio-neurriak ezartzea.

    10. Segurtasun Sailarenak diren eta segurtasun-jarduerekin loturik dauden informatika- eta telekomunikazio-instalazioen mantentze-lana egitea.

    11. Eusko Jaurlaritzatik bultzatutako konbergentzia-prozesu teknologiko eta digitaletan parte hartzea, informatika- eta telekomunikazio-sistemei dagokienez.

    12. Beste administrazio batzuekin hartutako konpromisoen ondorioz sortu diren programak eta proiektuak egikaritzeko prozesua kontrolatu eta koordinatzea, bere eskumenekoak diren gaietan.

      II. ATALA

      SEGURTASUN SAILBURUORDETZA

  1. Segurtasun Sailburuordetzari dagokio Segurtasun Sailari esleitzen zaizkion egitekoak betetzea honako arlo hauetan: pertsona eta ondasunen segurtasuna eta herritarren segurtasuna; udaltzaingoen koordinazioa; segurtasun pribatua; babes zibila eta larrialdiak; meteorologia; trafikoa eta bide-segurtasuna. Halaber, Segurtasun Sailburuordetzari dagokio ausazko jokoen eta ikuskizun zein jolas-jardueren erregimena.

  2. Ertzaintzari dagokionez, honako hauek dagozkio Segurtasuneko sailburuordeari, betiere sailburuaren zuzendaritzapean:

    1. Ertzaintzaren zuzeneko agintaritza, eta haren unitateen eta polizia-zerbitzuen zuzendaritza, ikuskaritza eta koordinazioa.

    2. Ertzaintzaren antolaketa orokorra planifikatu eta ebaluatzea, haren plantilla egitea eta langile-beharrak zehaztea, hautaketa- eta prestakuntza-prozesuak bideratzeko.

    3. Ertzaintzako kideek bete beharreko polizia-zerbitzu publikoari buruzko jarraibideak ematea.

    4. Ertzaintzako langileen izendapen askeko lanpostuak betetzeko deialdia egitea eta espedienteak ebaztea, dela sistema horren bidez egiten bada dela zerbitzu eginkizunaren bidez egiten bada. Era berean, izendapen horiek errebokatzea.

    5. Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun edo zuridun dominak ematea.

    6. Diziplina-ahala erabiltzea Ertzaintzako langileei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen diziplina-araubidean aurreikusitakoaren arabera.

    7. Segurtasun-arloan arduradun diren beste agintaritza eta erakunde batzuekiko lankidetza sustatzea, eta autonomia-erkidegoaren aldetik koordinazio-irizpide orokorrak ezartzea nazioarteko lankidetzako organismo ofizialekin eta polizia kidegoekin.

  3. Segurtasun publikoaren arloko agintaritza den aldetik, honako hauek dagozkio:

    1. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra egitea.

    2. Honako hauek baimentzea: udalerrien arteko lankidetza-hitzarmenak (Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 48. artikulua), eta udalerriak polizia-zerbitzuak emateko elkartzea.

    3. Pertsonen, eraikinen, instalazioen, jardueren eta interes bereziko objektuen segurtasuna planifikatzea eta koordinatzea, neurriak hartzea proposatuz.

    4. Autonomia-erkidegoko erakunde komunen eraikin eta instalazio publikoetan babes- eta segurtasun-neurrien ezarpena ebaztea eta organo edo erakunde publikoetan segurtasun-neurrien ezarpena proposatzea eta adostea, horiek menpekoak dituzten erakundeekin aldez aurretik adostuta.

    5. Interes publikokoa denean, mehatxua edo jazarpena jasaten duten pertsona edo erakundeak babesteko zerbitzua planifikatzea eta koordinatzea, bai polizia-zerbitzu publikoaren bitartez, bai berariaz horretarako kontratatutako segurtasun-zerbitzu pribatuak erabiliz, horretarako beharrezkoak diren jarraibideak emanez.

    6. Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko Lege Organikoak autonomia erkidegoari aitortzen dizkion eskumenak erabiltzea, baldin eta eskumenok berariaz beste organo batzuei eman ez bazaizkie.

    7. EAEko poliziak bideokamerak instalatzeko baimena ematea, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuan aurreikusitako kasuetan.

    8. Segurtasun pribatuaren arloan, lankidetza-mekanismoak eta -prozedurak ezartzea Ertzaintzaren eta segurtasun pribatuaren sektorearen artean; jarduketa nabarmenak ohorezko aipamenekin saritzea, eta, era berean, segurtasun pribatuari buruzko legeriaren arau-hauste oso astunengatik zehapenak ezartzea, beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie.

    9. Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren (EPDPZ) zuzendaritza eta erantzukizun gorena; halaber, zentro horrek gordetzen dituen fitxategien eta datuen tratamendu jardueren arduraduna izango da.

  4. Babes zibilaren eta larrialdien esparruan, sektoreko ordenamendu juridikoak ematen dizkion egitekoak burutu behar ditu, horien kudeaketari eta zehatzeko ahala erabiltzeari dagokienez.

  5. Ausazko jokoekin, ikuskizunekin eta jolas-jarduerekin lotutako arauak aplikatzearen esparruan, zehapen-ahala erabiltzea dagokio, sektoreko ordenamendu juridikoak horretarako ahalmena ematen badio. Halaber, kirol-ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziarekin lotuta estatuko legeriari eginiko arau-hauste oso astunengatik zehazpenak jartzea dagokio, 360.000 eurora arteko isunak direnean; kirol ikuskizunak antolatzeko desgaitzeko edo kirol-esparrua gehienez urtebetez ixteko zehapenak ematea ere badagokio, bai eta gehienez hiru urtez kirol esparrura sartzeko debekua ezartzea ere.

  6. Zuzendaritza hauek Segurtasun Sailburuordetzaren mende daude:

    1. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

    2. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza.

    3. Trafiko Zuzendaritza.

    4. Ertzaintzaren Zuzendaritza.

    5. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza.

  1. Babes zibilaren eta larrialdien esparruan, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari dagokio Segurtasun Sailaren misioak eta eskumenak egikaritu eta betetzea arlo horietan. Zehazki, hauxe dagokio:

    1. Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren babes zibileko planak egin, ezarri, berrikusi eta eguneratzea, eta beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, ordenamendu juridikoan jasotako tresnen bitartez, Euskadiko lurraldeari eragiten dioten bestelako larrialdi-planak bultzatu eta idazteko.

    2. Euskadin dauden arriskuen mapa eta inbentarioa egin eta mantentzea.

    3. Babes zibileko informazio- eta alerta-sarea koordinatzea.

    4. Euskadiko autobabes-planen erregistroa kudeatzea; autobabesa sustatzea eta zabaltzea, eta, beste erakunde batzuekin lankidetzan, programak egitea, herritarrei informazioa emateko, zer arriskuren menpe dauden eta larrialdiei nola erantzun behar dieten jakin dezaten.

    5. Eusko Jaurlaritzaren eskumenen eremuan, larrialdietarako praktikak eta simulakroak egitea.

    6. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa eta larrialdietarako 1-1-2 telefono zerbitzua kudeatzea.

    7. Taktika operatiboak egitea eta horiek tratatzeko jarduerak zuzentzea, bai eta baliabide operatiboen koordinazioa ere.

    8. Larrialdi-egoerei erantzuteko baliabide eta bitartekoen eskuragarritasuna sustatzea.

    9. Larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuei laguntzeko sareak sortzea sustatzea, herritarrek boluntariotza-erakundeetan emandako lankidetzaren bitartez.

    10. Larrialdi-kudeaketako maila profesional ezberdinen prestakuntza-curriculumen garapena bultzatzea, eta horien kualifikazio profesionala sustatzea, baliabide didaktikoak sortuz eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren lankidetzarekin.

    11. Behar diren neurriak garatzea, itsasertzeko jurisdikziopeko uretako gertakariei aurre egitea bermatzeko, eta itsasoko laguntzaren arloko legeria betearazteko.

    12. Zehatzeko ahala erabiltzea babes zibilaren eta larrialdien arloan, araudi horretan aurreikusitako baldintzetan.

  2. Meteorologia-esparruan, honako hauek dagozkio, zuzendaritza honi atxikitako Meteorologiako Euskal Agentziaren bitartez:

    1. Titulartasun propioko meteorologia-zerbitzuak eta horien azpiegiturak planifikatu eta koordinatzea, bai eta sare ozeano-hidro-meteorologikoa eta sarearen informazioaren kalitatearena ere.

    2. Eguraldia behatzea, eta meteorologiaren azterketa eta iragarpena egitea.

    3. Meteorologia-informazio ofiziala prestatu eta kudeatzea, eta zerbitzu publikoei babes zibilari edo bide-segurtasunari zuzendutako meteorologia-informazioko produktuak garatzea, edota berariazko sektore eta ekonomia-jardueretarako bestelako produktu espezifikoak, zeinetan meteorologiak garrantzi berezia izango baitu.

  1. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari ahalmen eta egiteko hauek dagozkio:

    1. Ausazko jokoei buruzko politika publikoak egitea, eta jokoaren erregelamendu orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen agintaritzari ematen dizkion ahalmenak eta egitekoak gauzatzea, honako hauekin lotuta, beste organo batzuen eskumenekoak ez badira: baimenak, txostenak, homologazioak, kontrolak, ikuskapenak edo zehapenak.

    2. Jokoaren behatoki gisa jardutea Euskadin. Horretarako, jokoaren bilakaerari buruzko azterketak egingo ditu, eta jokoari buruzko urteko memoria bat egingo du.

    3. Jokoaren sektoreko enpresen gizarte-erantzukizuna sustatzea, eta, joko arduratsua eta bermatua lortzeko asmoz, herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina publikoak egitea.

    4. Ikuskizun publikoei eta jolas-jarduerei buruzko legeriaren ondoriozko politika publikoak egitea, ostalaritzako jarduerak eta establezimenduak barnean direla. Horrez gain, legeria horrek Segurtasun Sailari ematen dizkion ahalmenak eta egitekoak gauzatzea, honako hauekin lotuta, beste organo batzuen eskumenekoak ez badira: baimenak, txostenak, homologazioak, kontrolak, ikuskapenak edo zehapenak.

    5. Jolas-jardueren eta ikuskizunen sektorearen egoerari eta bilakaerari buruzko urteko memoria egitea.

    6. Kirolean egon daitekeen indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako estatu-legeriari eginiko arau-hauste arin eta astunengatik zehapenak jartzea.

  2. Zuzendaritza honen menpe dauden lurralde-bulegoek honako ahalmen eta eskumen hauek izango dituzte dagokien lurralde-eremuan, betiere zuzendariak emandako irizpideen arabera:

    1. Baimenak ematea, jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak egiteko. Nolanahi ere, salbuespen izango dira 10.000 lagunetik gorako edukiera dutenak eta zezen ikuskizun nagusiak.

    2. «B» motako makinei eta joko-makina laguntzaileei dagozkien izapideak egitea eta baimenak ematea, ustiapen-baimenak eta horien eskualdatzeak izan ezik.

    3. Lokal eta establezimendu publikoak kudeatzea, baldin eta horien kontrola Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari badagokio; horrez gain, horien dokumentazioa eta datu baseak eguneratzea.

    4. Erreklamazio-orriak kudeatzea, Kontsumobideren eskumenak alde batera utzi gabe.

    5. Dagokion lurralde-eremuko ikuskaritzarekin koordinatzea.

    6. Ikuskaritzarekin koordinatzea, berari dagokion lurralde-eremuan.

    7. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren titulartasuna duenak beraren eskumenen barruan ematen dizkion gainerako egiteko eta ataza guztiak.

  3. Lurralde bulegoetako langileek, lurralde bulegoari dagozkion berezko eginbeharrak egiteaz gain, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako titularrak zuzendaritzari dagozkion eskumenen egikaritzan agintzen dizkien eginbeharrak beteko dituzte.

  4. Jokoaren, ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren arloko zehapen-espedienteak eta kirol-ikuskizunetan egon daitekeen indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako estatu-legeriari buruzkoak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako funtzionarioek izapidetuko dituzte, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak horiek izendatzeko ezarritako sistema objektiboaren bidez.

  1. Trafiko Zuzendaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko bide-segurtasuneko politikak egiteko eta kudeatzeko ardura duen organoa.

  2. Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko araudian aurreikusi diren baimentzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko ahalmenak baliatuz, egiteko hauek dagozkio:

    1. Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko araudian aurreikusitako baimenak ematea, hala nola: garraio bereziek eta ibilgailu historikoek zirkulatzeko behar dituzten baimenak, eta hiriarteko bideetan egiten diren kirol-probetarako baimenak.

    2. Gidarientzako eskola partikularrak baimendu, kontrolatu eta ikuskatzea.

    3. Trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan zehatzeko ahala erabiltzea.

      Trafikoko Lurralde Bulegoetako organoei dagokie a) eta b) letretan jasotako egitekoak burutzea.

      Eskumena ematen zaie c) letran jasotako zehatzeko ahala erabiltzeko Trafikoko Lurralde Bulegoetako organo eskudunei arau-haustea non egin den aintzat hartuta eta «Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuaren» arduradunari, bakoitzari dagokion eskumen-eremuan. Espediente horien instrukzioa egitea dagokie, hurrenez hurren, Trafikoko Lurralde Bulego bakoitzeko instruktoreari edo «Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko» instruktoreari.

  3. Trafikoa eta bide-segurtasuna kudeatu eta kontrolatzeko esparruan, hauek dagozkio:

    1. Euskadiko hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa kudeatzea.

    2. Hiriarteko bideetako segurtasuna eta arintasuna hobetzeko jarduerak planifikatzea, zuzentzea eta koordinatzea, batez ere hiri barruko bideetarako eta hiri handietarako sarreretan, baita trafiko handikoak eta arriskutsuak diren zati edo guneetan eta zeharbideetan ere.

    3. Bide publikoetako trafikoaren egoeraren berri ematea herritarrei.

    4. Trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzea.

    5. Lankidetzan jardutea errepideen arloan eskumena duten Administrazioekin, baita Europa Barneko Errepideen Sarearekin loturiko beste Administrazio batzuekin ere, izan eskualdekoak izan nazioartekoak.

  4. Bide-segurtasunerako prestakuntza, sentsibilizazio eta ikerketaren alorrean, egiteko hauek dagozkio:

    1. Gidari Eskola Partikularrak arautzen dituen erregelamenduan jasota dauden titulu profesionalak lortzeko proben eta ikastaroen deialdiak egitea, eta horiek kudeatzea; tituluak ematea; eta eskola horietako irakasleentzako birziklatze ikastaroen deialdiak egitea.

    2. Bide-berreziketarako eta -sentsibilizaziorako ikastaroak kudeatzea eta nola eman behar diren zehaztea.

    3. Herritarrei zuzenduta, bide-segurtasunaren arloko zabalkunde-, prestakuntza- eta hezkuntza-kanpainak eta -ekintzak egitea, eta hezkuntza-administrazioarekin lankidetzan aritzea, ikastetxeetan bide-segurtasuneko hezkuntza-ekintzak programatzeko.

    4. Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea, edari alkoholdunek, droga toxikoek, estupefazienteek eta substantzia psikotropikoek istripuetan duten eragina aztertzeko eta egoera hori prebenitzeko.

    5. Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko ikerketa-azterlanak eta -lanak egitea, hala nola Trafiko eta Bide Segurtasuneko Behatokia.

    6. Euskadiko trafiko-istripuen biktimen erregistroa antolatzea eta kudeatzea.

  5. Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzaren laguntza izango du, aurreko paragrafoetan adierazitako eskuduntzak garatzeko. Horretarako, Trafiko Zuzendaritzak dagozkion jarraibideak emango dizkio Ertzaintzari.

    Kirol-proben ondorioz edo bidean egiten diren bestelako ekitaldiak direla-eta jendetza handia bilduko dela aurreikusten denean, eta, beraz, horrek segurtasun-mailako arazoak ekar ditzakeela ikusten denean, Ertzaintzaren Zuzendaritzarekin eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin koordinatuko da.

Ertzaintzaren Zuzendaritzak egiteko hauek ditu:

  1. Euskadiko herritarren segurtasuna hobetzeko neurriak eta gailuak prestatzea eta Segurtasun Sailburuordetzari proposatzea.

  2. Zuzendaritza honen menpe dauden Ertzaintzaren alorren, lurralde-unitateen, unitateen eta atalen zuzeneko agintaritza, Ertzaintzaren egitura arautzen duen aginduari jarraikiz.

  3. Segurtasun Sailari Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioen polizia-zerbitzu publikoaren arloan dagozkion eskumenez baliatzea, betiere bat eginik Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 110. artikuluan eta horrekin bat egiten dutenetan xedatutakoarekin.

  4. Trafiko Zuzendaritzak bere eskumenekoak diren alorretan finkatzen dituen jarraibideak, zirkularrak, irizpideak eta helburuak betetzeko polizia-baliabideak erabiltzea. Bi zuzendaritzen artean ezartzen diren helburuak Ertzaintzak izendatuta dituen helburuen multzoan txertatuko dira.

  5. Ertzaintzaren polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzea.

  6. Polizia judizialaren arduradun den aldetik, Fiskaltzarekiko eta agintaritza judizialekiko harremanak zaintzea.

  7. Herritarrek biltzeko eta manifestatzeko dituzten eskubideak baliatzen dituztenean, gobernu-agintariei dagozkien egitekoak betetzea, eta, oro har, segurtasuna bermatzeari begira garrantzizkoak diren gertakizun eta jardueren aurrean herritarren segurtasuna babesteko beharrezko neurriak hartzea.

  8. Herritarren segurtasunaren arloan, zehatzeko ahala erabiltzea; horrela, 30.000 eurorainoko isun-zehapenak jarriko ditu, bai eta faltak egiteagatik aurreikusitako gainerako zehazpenak ere.

  9. Ukitutako zuzendaritzekin batera, Ertzaintzaren zentroetan eta Segurtasun Sailaren komunikazio-azpiegituretan ezarri beharreko segurtasun-neurriak zehaztea, eta, era berean, eraikin eta instalazio instituzionaletako segurtasun-neurriei buruzko aholkuak ematea.

  10. Ertzaintzak bideo-kamerak toki publikoetan erabili eta baimentzeari buruz uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuak ematen dizkion egitekoak.

  11. Segurtasun pribatuaren arloan autonomia-erkidegoak dituen berezko eskudantziak gauzatzea, Segurtasun Sailaren beste organo batzuei agindu gabekoak badira, eta izendatu ahal izan zaizkion beste zeinahi, bai berariazkotasunagatik, bai Ertzaintzari esleitutako egitekoen edo zerbitzuen atxikipenagatik edo osagarritasunagatik. Halaber, Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Erregistroa eramatea dagokio.

  12. Zehatzeko ahala erabiltzea; horrela, segurtasun pribatuaren arloan, arau-hauste astun eta arinengatiko zehapenak ezarriko ditu.

  1. Saileko beste organo batzuei laguntzea egiaztatze- eta ikuskatze-jarduerak egiten, horrela eskatzen badute.

  2. Ertzaintzako polizia-unitateen plantilla organikoak proposatzea.

  1. Urrutiko kontrol bidez pilotaturiko aireontzien (dronak) hegaldi operazioen komunikazioarekin lotutako funtzioak. Honako hauei buruzko azterlanak eta proiektuak sustatzea: polizia-antolamendua, horren lanbide-modernizazioa, jarduera-plan orokorrak eta kudeaketa- eta kontrol sistemak.

  1. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak Segurtasuneko sailburuordeari laguntza emango dio esleituta dituen egitekoetan eta eskumenetan.

  2. Polizia-antolamenduaren arloan, honako hauek dagozkio:

    1. Segurtasun arloko jarduera-plan orokorren eta informazio-sistemen gaineko aholkuak ematea, baita antolaketa-proiektuen gainekoak ere.

    2. Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroari dagozkion egitekoak gauzatzea, zeina zuzendaritza honi atxikita geratzen baita. Honako hauei buruzko protokoloak ezartzea: haren ekipamendua, datuen egitura, sarbide-mailak, datuen konfidentzialtasunari buruzko segurtasun-neurriak, izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudia betetzea, datu-transferentzia, eta hirugarrenei legez lagatzeko baldintzak. Informazio Polizialeko Sistemaren datuak babesteko ordezkaria Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan txertatuko da.

    3. Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin batera, proposatzea Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan jasota dauden datu-baseen eta polizia-kudeaketarako aplikazioen estandar informatikoak.

    4. Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren informazio-sistemekin eta fitxategiekin lotutako proiektuen garapenaren definizioa eta jarraipena koordinatzea.

    5. Polizia-artxiboen eta -erregistroen ezaugarriak, segurtasun-betekizunak eta antolamendu-protokoloak zehaztea, eta hori dena behar bezala aplikatuko dela zaintzea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordearen eta hortik sortutako batzordeen agiriak eta erabakiak artxibatzea eta horien jarraipena egitea. Polizia gaietako erreferentziazko funts bibliografikoak kudeatzea, bai eta itzulpen eta interpretazioko laguntza zentralizatua emateko zerbitzuak kudeatzea ere.

    7. Polizia-zerbitzu publikoaren araubide juridikoari buruzko arloetan aholkuak ematea Ertzaintzako zuzendaritza-organoei.

  3. Segurtasun publikoaren arloan, honako hauek dagozkio:

    1. Segurtasun Sailburuordetzako organoen eta Euskadiko segurtasun publikoaren sistemako beste administrazio batzuen arteko lankidetza-bideak sustatzea.

    2. Euskadiko segurtasun publikoaren sistema definitzeko lankidetza- eta koordinazio mekanismoak bultzatzea.

    3. Herritarren segurtasunaren eta segurtasun pribatuaren arloetan aurrez ikusitako zehapen-araubideei buruzko espedienteak hasi eta izapidetzea.

    4. Segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritarren ekimenen bulegoa kudeatzea.

    5. Segurtasuneko sailburuordeari laguntzea uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuak ematen dizkion eskumenak erabiltzen (168/1998 Dekretua, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duena).

    6. Segurtasun publikoaren arloan, beste instituzio edo erakunde publiko zein pribatuekiko harremanak sustatzea, koordinatzea eta bideratzea, hargatik eragotzi gabe saileko beste organo batzuen eskumenak.

    7. Udaltzaingoen koordinazioari dagozkion egitekoak, ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 38.b) artikuluan eta 37. artikuluan xedatutakoak (15/2012 Legea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa).

    8. EAEko poliziako kideen akreditazio profesionaleko agiriak egitea, eta Euskadiko udaltzaingoen erregistroa kudeatzea.

    9. Udaltzaingoaren kidegoak sortzeko baimen-eskaerak izapidetzea, baimen hori legez beharrezkoa denean. Horrez gain, honako baimen-eskaera hauek ere izapidetzea: udaltzaingoaren kidegoen arteko lankidetza-hitzarmenak egitea, eta udalerriak polizia-zerbitzuak emateko elkartzea.

    10. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan aritzea, EAEko udaltzainak hautatzeko oinarrizko irizpideak zehazten eta hainbat ikastaro antolatzen: sartzeko ikastaroak, etengabeko prestakuntzako ikastaroak, espezialitate-ikastaroak eta gora egiteko ikastaroak.

      LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapen-araubidea.

      1. Sailburuordeen edo zuzendarien lanpostuak hutsik daudenean edo titular horiek kanpoan edo gaixorik daudenean, arau hauei jarraituko zaie ordezkapenak egiteko:

        1. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eta Segurtasun Sailburuordetzaren eskumenak eta egitekoak Segurtasuneko sailburuak beteko ditu, edo, kasuan kasu, berak izendatzen duen sailburuorde edo zuzendariak.

        2. Zuzendariei esleitutako egiteko eta eskumenak haietako bakoitzari dagokion sailburuordeak beteko ditu, edo sailburuorde horiek berariaz izendaturiko zuzendariak.

        3. Zuzenean sailburuaren menpe dauden zuzendarien ordezkapena sailburuak kasu bakoitzerako erabakitzen duenaren arabera egingo da.

      2. Lurralde-bulegoetan lanpostuak hutsik daudenean, edo horiek betetzen dituztenak kanpoan edo gaixorik badaude, bulegook zuzentzen dituzten Zuzendaritzetako titularren esku geldituko da kasuan kasuko ordezkapen-araubide egokia ematea.

        BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Segurtasun-administrazioaren zerbitzu laguntzaileak.

      1. Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileek laguntza emango dute, egiteko burokratikoak burutuko dituzte, eta Ertzaintzari, Segurtasun Administrazioari eta Polizia eta Larrialdien Euskal Akademiari babesa eta laguntza emango diete, egiteko horiek Ertzaintzako funtzionarioei legez esleiturik ez badaude bederen.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 5. artikuluan eta Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aintzat harturik, Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lanpostutzat hartuko dira Segurtasun Sailaren zerbitzuan diharduten langileen hitzarmen kolektiboaren esparruan sartzen diren lan-kontratudun langileak.

      3. Saileko zuzendaritza organoen egoitza Vitoria-Gasteizen egongo da. Nolanahi ere, Segurtasun Sailaren menpeko administrazio unitateak eta zerbitzuak Vitoria-Gasteizko udal mugartetik kanpo kokatu ahal izango dute haien lantokia edo zerbitzu zentroa. Halakoetan, lanpostu zerrendan zehaztutakoaren arabera finkatuko da lantokia edo zerbitzu-zentroa.

        HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Atxikipenak.

      1. Hemen aipatzen diren sailetako organoek, euren egitekoak burutzeko, Ertzaintzaren polizia-zerbitzuen laguntza izango dute, Ertzaintzaren egitura onesteko aginduan jasotako baldintzetan:

        1. Ertzaintzaren egitura onesteko aginduan zehazten diren polizia-langileen zuzeneko laguntza izango du Segurtasuneko sailburuordeak.

        2. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak, bere egitekoak gauzatzeko, egitura aginduan zehaztuko diren Ertzaintzaren unitateen laguntza izango du, bertan ezarriko den mendekotasunarekin.

        3. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren Kabinete Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, funtzionalki, Ertzaintzako kideen omenaldi eta aitortza-ekitaldi ofizialetan eta protokolozkoetan laguntzen duten Ertzaintzako funtzionarioak, funtzionario-estatutuan jasotako gaiak izan ezik.

        4. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari esleitzen zaio, funtzionalki, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ), funtzionario-estatutuan jasotako gaiak izan ezik.

        5. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari esleitzen zaio, funtzionalki, Joko eta Ikuskizun Unitatea funtzionario-estatutuan jasotako gaiak izan ezik. Hori gorabehera, joko- eta ikuskizun-politikak ezartzeko, Ertzaintzaren Zuzendaritzari eskatu ahal izango dio horretarako behar duen informazioa.

        6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, funtzionalki, barnetegi eremuko langileak. Era berean, erakunde autonomoaren Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, funtzionalki, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 32.3 artikuluan ezarritako baldintzetan, zerbitzu eginkizunetan egonik Akademian aldi baterako irakaskuntza jardueretan, hautaketa prozesuetan edo ikerketa jardueretan diharduten Ertzaintzako funtzionarioak.

        7. Dekretu honen 11.2.g) artikuluak ezarritakoaren ondorioetarako, Lege Aholkularitzaren Arloa, funtzionalki, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzara atxikia egongo da, eta organikoki, Giza Baliabideen Zuzendaritzara.

      2. Halaber, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari esleituko zaio, funtzionalki, Segurtasun Sailean komunikazio funtzioak atxikita dituen prentsa zerbitzu oro eta/edo funtzionario zein lan-kontratupeko langile oro. Era berean, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari esleituko zaio, funtzionalki, Ertzaintzaren prentsa zerbitzua, baita Ertzaintzaren bozeramale ofizialaren funtzioak betetzen dituzten langileak, Ertzaintzako langile horien funtzionario-estatutuarekin zerikusia duten kontuak izan ezik.

Dekretu hau indarrean jarritakoan, dekretu honen arabera eskudun diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte hasitako espedienteak.

Honako xedapen hauek indargabetuta geratzen dira:

  1. 83/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

  2. 60/2019 Dekretua, apirilaren 2koa, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzen duena.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Estatistika Organo Bereziaren atxikipena.

    Segurtasun Saileko Estatistika Organo Berezia sortzen duen abenduaren 23ko 467/2013 Dekretuaren 2. artikulua aldatzen da. Honela idatzita geratzen da:

    Segurtasun Saileko Estatistika Organo Berezia pertsona bakarreko organoa da eta Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen menpe dago.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 19an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

    JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.