Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

57/2015 DEKRETUA, maiatzaren 5ekoa, tokiko polizia-koordinaziorako Batzordeen osaerari eta funtzionamendu-erregimenari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 85
  • Hurrenkera-zk.: 2023
  • Xedapen-zk.: 57
  • Xedapen-data: 2015/05/05
  • Argitaratze-data: 2015/05/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa; Instituzional

Testu legala

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 43. artikuluaren arabera (2012-07-06ko 132. EHAA), tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak polizia-zerbitzuen esku-hartzeak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen artean koordinatzeko organoak dira, Autonomia Estatutuaren 17. artikuluko 4. paragrafoan Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinazioari buruz xedatutakoa alde batera utzi gabe.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoek atribuzio desberdinak dituzte, baina zenbait arlotan aldi berean jarduten dute, eta, hori dela eta, beharrezkoa da mekanismo formalak aurreikustea, polizia-kidegoen artean lankidetza koordinatua ahalbidetzeko, polizia-jardueraren eraginkortasuna handitze aldera.

Lege-erregulazio berriak batzorde horien erregulazioa aldatu du. Ordura arte, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak arautzen zuen, eta lege hori urriaren 4ko 382/1994 Dekretuak garatu zuen (Ertzaintzaren eta udaltzaingoen toki-mailako koordinaketa batzordeak arautzen dituena). Apirilaren 29ko 94/1997 Dekretuak dekretu hori aldatu zuen.

Hori dela eta, beharrezkoa da tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen erregulazioa eguneratzea.

Hori dela bide, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak aldeko txostena eman duenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko maiatzaren 5eko batzarrean eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa

Dekretu honen xedea da Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 43. artikuluan aurreikusitako tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen osaera eta funtzionamendu-erregimena arautzea. Artikulu horrek batzorde horien izaera, helburua, lurralde-eremua eta funtzioak arautzen ditu.

Tokiko polizia-koordinaziorako batzorde hauek ezartzen dira:

  1. Polizia-koordinaziorako batzordeak Lurralde Historikoetako hiriburuetan; hurrenez hurren, Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteak hartuko dituzte.

  2. Eskualdeko polizia-koordinaziorako batzordeak. Haietako bakoitzak Ertzaintzaren egitura onartzen duen aginduak ezarritako lurralde-mugape bakoitzeko udal-mugarte guztiak hartuko ditu.

  1. Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko polizia-koordinaziorako batzordeek kide hauek izango dituzte:

    1. Alkatea; batzordeko lehendakaria izango da.

    2. Herritarren segurtasunaren arloko zinegotzi delegatua edo udalean antzeko kargua duen pertsona.

    3. Udaltzaingoko burua.

    4. Ertzaintzako burua; batzordeko lehendakariordea izango da.

    5. Ertzaintzako lurraldeburua.

    6. Ertzain-etxeko burua.

  2. Batzordeetako lehendakaria gaixorik edo kanpoan badago, bere lanpostua hutsik badago edo justifikaturiko beste edozein kausarengatik, lehendakariordeak ordezkatuko du atribuzio guztietan. Halaber, gainerako kideek horien ordezkoak izendatu ahal izango dituzte, egongo ez balira euren zereginak betetzeko.

  3. Hiriburuetako polizia-koordinaziorako batzordeetako idazkaritzari dagozkion funtzioak Ertzaintzako langileek beteko dituzte, hitzarekin baina botorik gabe.

  4. Batzordeetako bileretan parte hartu ahal izango dute lehendakariak deitutako aholkulariek eta adituek, hitzarekin baina botorik gabe.

  5. Hiriburuetako polizia-koordinaziorako batzordeen egoitza ertzain-etxea edo udaletxea izan daiteke, polizia-koordinaziorako batzorde bakoitzak erabakitzen duenaren arabera.

  1. Eskualdeko polizia-koordinaziorako batzordeek kide hauek izango dituzte:

    1. Udaltzaingoa duten eta dagokien Ertzaintzaren lurralde-mugapean dauden udalerrietako alkateak. Antolatzeko eta funtzionatzeko barne-arauetan ezarritako moduan, pertsona horiek batzordeko lehendakaria aukeratuko dute beraien artetik.

    2. Dagokien Ertzaintzaren lurralde-mugapean dauden udalerrietako Udaltzaingoetako buruak.

    3. Ertzaintzako lurraldeburua; batzordeko lehendakariordea izango da.

    4. Ertzain-etxeko burua.

    5. Ertzain-etxeko Herritarren Babeserako burua. Ordezkoa: Ertzainetxeko Ikerketako burua.

    6. Titularra: Ertzainetxeko Ikerketako burua.

  2. Udaltzaingoa ez duten eta dagokien Ertzaintzaren lurralde-mugapean dauden udalerrietako alkateek Eskualdeko Polizia Koordinaziorako Batzordean parte hartu ahal izango dute, baina, aldez aurretik, Batzordeko idazkariari formalki adierazi beharko diote parte hartzeko borondatea. Kasu horretan, Eskualdeko Polizia Koordinaziorako Batzordean parte hartuko dute, hitzarekin eta botoarekin, gai-zerrendan beren lurralde-esparruko herritarren segurtasunaren egoerari buruzko gaiak daudenean, eta Ertzaintzak toki-erakundeetan esku hartzeko eskaerak ezagutzeari, berri emateari eta bideratzeari buruzko gaiak daudenean. Udalerri horietako alkateek beren ordezkoak izendatu ahal izango dituzte, batzordera deituta joaterik ez daukatenerako.

  3. Lehendakaria gaixorik edo kanpoan badago, bere lanpostua hutsik badago edo justifikaturiko beste edozein kausarengatik, lehendakariordeak ordezkatuko du, eta horrelakoetan, lehendakariaren funtzio berak beteko ditu. Halaber, gainerako kideek horien ordezkoak izendatu ahal izango dituzte, egongo ez balira euren zereginak betetzeko.

  4. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetako idazkaritzari dagozkion funtzioak Ertzaintzako langileek beteko dituzte, hitzarekin baina botorik gabe.

  5. Batzordeetako bileretan parte hartu ahal izango dute lehendakariak deitutako aholkulariek eta adituek, hitzarekin baina botorik gabe.

  6. Tokiko polizia-koordinaziorako batzorde bakoitzaren egoitza ertzain-etxea edo lehendakaria den alkatearen udalerriko udaletxea izan daiteke, polizia-koordinaziorako batzordeak erabakitzen duenaren arabera.

  7. Ertzaintzako zuzendaritzak, udaltzaingoa duten bi udalerritako alkateek edo udaltzaingorik ez duten udalerrien erdia gehi bateko alkateek egin dezakete bilera baterako deialdia, gai-zerrenda zehatza dutela. Lehendakariaren funtzioetan oinarritutako beste edozein bilerari kalte egin gabe garatu beharko da bilera hori.

  1. Tokiko polizia-koordinaziorako batzorde bakoitzak bere barne-funtzionamenduko arauak onartuko ditu. Derrigorrez, honako hauek hartu beharko ditu aintzat:

    1. Batzordea balio osoz eratzeko quoruma Ertzaintza ordezkatzen duten eta hitza eta botoa dituzten pertsonen erdia gehi bat izango da, eta tokiko administrazioak ordezkatzen dituzten eta hitza eta botoa dituzten pertsonen erdia gehi bat.

    2. Polizia-koordinaziorako batzordeak osatzen dituzten pertsonak gaixorik edo kanpoan badaude, beren lanpostua hutsik badago edo justifikaturiko beste edozein kausarengatik, ordezkotzat izendatutako pertsonek ordezkatuko dituzte.

    3. Hartzen diren erabakiek balioa izan dezaten, hitza eta botoa dituzten toki-administrazioko ordezkarien, batetik, eta Ertzaintzaren ordezkarien, bestetik, erdia gehi baten baiezko botoa beharko da.

    4. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak urtean behin bilduko dira gutxienez.

  2. Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeek lan-mahaiak edo lan-taldeak eratu ahal izango dituzte, laguntza- eta, dagokionean, aholkularitza-organo gisa; bai Ertzaintzak eta udaltzaingoek erregistratutako delitu-jardueraren jarraipena aldian behin egiteko, bai zenbait gai aztertzeko, betiere, haien izaera, espezifikotasuna edo konplexutasuna direla eta komenigarria bada.

  3. Batzorde bakoitzaren funtzionamendu-arau partikularretan, hartutako akordioak betetzen direla bermatzeko eta ikuskatzeko mekanismoak ezarriko dira.

    LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Vitoria-Gasteizko lurralde-mugapean, tokiko polizia-koordinaziorako bi batzorde egongo dira, 2. artikuluan aurrez ikusitako mota bakoitzetik bat.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Ertzain-etxeen lurralde-mugapeak arautzen eta ezartzen dituen araua aldatuz gero, eskualdeko polizia-koordinaziorako batzordeen osaera ere aldatuko da; horretarako, hiru hilabeteko epea izango dute, arauaren aldaketa onartzen denetik hasita.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Ertzain-etxe baten lurralde-mugapean zentro bat baino gehiago badaude, batzordeak, Ertzaintzak proposatuta, polizia-koordinaziorako zenbait batzorde eratzea erabaki dezake, bakoitza bere funtzionamendu-erregimenarekin, lurralde-mugape horretako batzordearen funtzionamendua errazte eta hobetze aldera.

Dekretu honek indarrik gabe uzten ditu urriaren 4ko 382/1994 Dekretua (Ertzaintzaren eta udaltzaingoen tokiko koordinazio-batzordeak arautzen dituena) eta hura aldatu zuen apirilaren 29ko 94/1997 Dekretua.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.