Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

48/2022 DEKRETUA, apirilaren 12koa, generoaren arloko aukera-berdintasunerako jarduketa-eremuko zenbait dekretu aldatzen dituena, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzional berrira egokitzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 83
  • Hurrenkera-zk.: 1845
  • Xedapen-zk.: 48
  • Xedapen-data: 2022/04/12
  • Argitaratze-data: 2022/05/02

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatu zen, eta Administrazioko sailen artean eskumenak banatu ziren, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren eginkizun politiko-administratiboen jarraipena inolako etenik gabe bermatzeko, eta aurreko administrazio-antolamendutik dekretu honetan onartzen den antolamendura iragatea antolatzeko, betiere azken helburua izanik legegintzaldi berriko Jaurlaritzaren Programa ahalik eta eraginkortasunik handienarekin garatzea.

Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 2. artikuluan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila sortzen da, eta 13.1 artikuluan, berriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dira; horien artean daude, besteak beste, genero arloko aukera-berdintasunerako politika, genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko politiken gidaritza eta koordinazioa, eta Gobernuak berdintasun arloan duen politika eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetan gauzatzeko eta diskriminazio mota oro desagerrarazteko politikak proposatu eta gauzatzea. 13.2 artikuluak jasotzen du sail horri atxikita dagoela Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio-erakunde autonomoa.

Ildo beretik ulertu behar dugu urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretua, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, zeinaren 3.1 artikuluan jasota baitago Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio-erakunde autonomoa.

Azken finean, aipatutako egoera horiek guztiek agerian uzten dute Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organiko eta funtzional berria zehaztu behar dela.

Dekretuetan egindako aldaketa nagusiak organigrama doitzera bideratuta daude. Lehendakariak Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluaren eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordearen buru izaten jarraitzen du; sailburua Kontseilu eta Batzorde horien lehenengo buruordea izango da, eta, Emakundeko zuzendaria, berriz, bigarren buruordea. Halaber, sailburua izango da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordearen eta Emakumearen Euskal Erakundearen Aholku Batzordearen burua, eta Emakundeko zuzendaria izango da buruordea bi kasuetan.

Beste berrikuntza handi bat da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordean sartu direla beren erakundeetan formalki berdintasun-unitateak sortu dituzten organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak. Organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak Sailarteko Talde Teknikoan ere sartzen dira, zeinak laguntza eta aholkularitza teknikoa ematen baitizkio Sailarteko Batzordearen barruan.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta, 2022ko apirilaren 12an eginiko bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretua aldatzen da, honela:

Bat. 7. artikulua honela idatzita geratuko da:

Honako hauek izango dira Zuzendaritza Kontseiluko kideak:

  1. Kontseiluburua: Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

  2. Lehenengo kontseiluburuordea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua edo, hala badagokio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea atxikita dagoen saileko sailburua.

  3. Bigarren kontseiluburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

  4. Kontseilukideak:

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sei ordezkari izango ditu, hain zuzen ere hezkuntzaren, enpleguaren, osasunaren, industriaren, kulturaren eta gizarte politiken arloetako eskumenak dituzten sailburuek izendatutako sei sailburuorde.

    Foru-administrazioek hiru ordezkari izango dituzte, foru-administrazio bakoitzeko bat: organo eskudunek izendatutako foru-diputatuak izango dira.

    Toki-administrazioek hiru ordezkari izango dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duen udal-elkarteak izendatuak.

    Eusko Legebiltzarrean emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den batzordeak ordezkari bat izango du; legegintzaldi bakoitzean, legebiltzarkideetako bat hautatuko da ordezkari.

    Eusko Legebiltzarrak sei ordezkari izendatuko ditu, legegintzaldi bakoitzean; izendapenerako, pertsona horiek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde arlo pertsonalean edo profesionalean egindako lana hartuko da kontuan.

    Emakundeko Aholku Batzordearen ordezkari bat.

  5. Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia; hitza izango du, baina botorik ez. Kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo kargua bete gabe dagoenean, batzordekiderik gazteena ariko da idazkari-lanetan.

Bi. 12. artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. artikuluan azaldutakoez gainera, kontseiluburuak eskumen hauek ditu:

    1. Organoaren ordezkari nagusia izatea.

    2. Ohiko eta ohiz kanpoko bilkurak noiz egingo diren adostea, eta bilkura horietarako gai-zerrenda finkatzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak proposatuta; gainerako kideek egiten dituzten eskaerak ere kontuan hartuko ditu, baldin eta behar hainbesteko aurrerapenez egiten badituzte.

    3. Kontseiluaren bilkuretan buru aritzea, deliberamenduak zuzentzea, eztabaidak moderatzea, bilkurak bertan behera uztea horretarako arrazoirik egonez gero, eta, oro har, behar diren ahalmenak erabiltzea bilkurak ondo burutzeko.

    4. Berdinketak bere kalitatezko botoarekin ebaztea.

    5. Legeak betetzen direla ziurtatzea.

    6. Organoaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikusi eta onestea.

    7. Kontseiluburu izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak betetzea.

Hiru. 13. artikulua honela idatzita geratuko da:

Kontseiluburua ez dagoenean, lehenengo kontseiluburuordea ariko da haren eginkizun guztietan.

Kontseiluburua eta lehenengo kontseiluburuordea ez daudenean, bigarren kontseiluburuordea ariko da haien eginkizun guztietan.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea arautzen duen abenduaren 26ko 261/2006 Dekretua aldatzean da, honela:

Bat. 3. artikulua honela idatzita geratuko da:

Hauexek dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordeko kideak:

  1. Batzordeburua: Lehendakaria. Lehendakaria kanpoan izanez gero, edo kargua bete gabe egonez gero, edo betetzen duena gaixotuz gero, haren ordezkoa lehenengo batzordeburuordea izango da, eta hura izan ezean, bigarren batzordeburuordea.

  2. Lehenengo batzordeburuordea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua edo, hala badagokio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea atxikita dagoen saileko sailburua.

  3. Bigarren batzordeburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

  4. Batzordekideak:

    Lehendakaritzako idazkari nagusia.

    Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak ordezkari bat edukiko du Batzordean, hain zuzen ere, sailburuak izendatutako sailburuorde bat.

    Azaroaren 27ko 213/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan aipatutako zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta organismo autonomo bakoitzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu eta koordinatzeko administrazio-unitateak formalki sortu dituzten gainerako organismo autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako bakoitzeko zuzendari bat.

  5. Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia; hitza izango du, baina botorik ez. Kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo kargua bete gabe dagoenean, batzordekiderik gazteena ariko da idazkari-lanetan.

Bi. 4. artikulua honela idatzita geratuko da:

Batzordeburuak egiteko hauek ditu:

  1. Organoaren ordezkari izatea.

  2. Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak proposatuta, eta kontuan hartuta, hala badagokio, batzordea osatzen duten gainerako kideek behar besteko aurrerapenaz egindako eskaerak.

  3. Batzordearen bilkuren buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, kausa justifikaturik izanez gero, bilkurak bertan behera uztea.

  4. Eztabaidak zuzentzea eta, oro har, bilkurak behar bezala egiteko behar diren ahalmenak erabiltzea.

  5. Bere botoaren bidez hartzea erabakiak, botoen artean berdinketa gertatuz gero.

  6. Legeak betetzen direla ziurtatzea.

  7. Organoaren buru izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak betetzea.

Hiru. 5. artikulua honela idatzita geratuko da:

Lehenengo batzordeburuordeak egiteko hauek ditu:

  1. Batzordeburua kanpoan edo gaixorik dagoenean edota kargua bete gabe dagoenean, hura ordezkatzea.

  2. Batzordeburuak eskuordetzan emandako gainerako egiteko guztiak.

    Bigarren batzordeburuordeak egiteko hauek ditu:

  1. Batzordearen bilkuretarako deia egitea.

  2. Batzordeko bileren aktei eta erabakien ziurtagiriei buruzko oniritzia ematea.

  3. Batzordeburua ordezkatzea hura ez dagoenean, kargua bete gabe dagoenean edo gaixorik dagoenean, eta, betiere, lehenengo batzordeburuordea ez badago.

  4. Batzordeburuak eskuordetzan emandako gainerako egiteko guztiak.

Lau. 10.2.a) artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Eusko Jaurlaritzako sail, organismo autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko bakoitzak maila teknikoko ordezkari bat edukiko du, batzordean euren sailak, organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak ordezkatzen dituzten bokalek izendatuta; ahal dela, dagokion erakundean emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen eta hartaz aholkuak ematen lan egiten duten teknikarietako bat izango da. Batzordeak baimena eman dezake adituak eta gizarte interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak izan daitezen Sailarteko Talde Teknikoaren bilkuretan.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea arautzeko urtarrilaren 16ko 5/2007 Dekretua aldatzen da, honela:

Bat. 3. artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Hauexek dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeko kideak:

    1. Batzordeburua: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua edo, hala badagokio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea atxikita dagoen saileko sailburua. Batzordeburua kanpoan izanez gero, edo kargua bete gabe egonez gero, edo betetzen duena gaixotuz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ordeztuko du, eta Erakundearteko Batzordearen buruaren egitekoak bere gain hartuko ditu.

    2. Batzordeburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

    3. Batzordekideak:

      Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa lau pertsona, sailburuorde maila dutenak, dagozkien sailburuek izendatuta, honako alor hauen ardura dutenak: administrazio publikoa, enplegua, gizarte-politikak eta hezkuntza.

      Foru-aldundien ordezkari gisa, batetik, diputatu maila duen pertsona bat, foru-aldundi bakoitzeko organo eskudunak izendatua, eta, bestetik, maila berarekin, foru-aldundi bakoitzean berdintasun-politikak bultzatzeko ardura duen administrazio-organo edo -unitateko arduraduna, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 10. artikuluan aipatutakoaren arabera.

      6 pertsona, gutxienez zinegotzi maila dutenak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak ordezkatzen dituen elkarteak izendatutakoak. Horietako hiru, gutxienez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 10. artikuluak aipatzen duen eta dagokion toki-administrazioan berdintasun-politikak bultzatzeko ardura duen administrazio-organo edo -unitateko arduradunak izango dira.

    4. Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia izango da; hitza izango du, baina botorik ez. Kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo kargua bete gabe dagoenean, batzordekiderik gazteena ariko da idazkari-lanetan.

  2. Erakundearteko Batzordeak, aztertu beharreko gaiak kontuan hartuta, adituak eta gizarte-interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak gonbida ditzake bere bileretara, haien iritziaren berri jakin nahi duenean.

Bi. 4. artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. artikuluan adierazitakoez gain, batzordeburuak honako egiteko hauek ditu:

    1. Organoaren ordezkari nagusia izatea.

    2. Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak proposatuta, eta kontuan hartuta, hala badagokio, batzordea osatzen duten gainerako kideek behar besteko aurrerapenaz egindako eskaerak.

    3. Batzordearen bilkuretako buru izatea, eztabaidak zuzentzea, eta, oro har, bilkurak behar bezala egiteko behar diren ahalmenak erabiltzea.

    4. Berdinketa egonez gero, kalitateko botoa erabiltzea berdinketa desegiteko.

Hiru. 4.bis artikulua gehitzen da:

  1. bis artikulua. Batzordeburuordearen egitekoak.

    Batzordeburuordeak bilkuretarako deia egingo du, eta batzordeburua ordezkatuko du hura kanpoan edo gaixorik dagoenean edo kargua bete gabe dagoenean.

Instituto Vasco de la Mujer / Emakumearen Euskal Erakundearen Aholku Batzordea sortzen duen ekainaren 9ko 103/1998 Dekretuaren 4.2 artikulua aldatzen da, honela:

  1. Honako hauek osatuko dute osoko bilkura:

    1. Batzordeburua: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua edo, hala badagokio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea atxikita dagoen saileko sailburua.

    2. Batzordeburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, zeinak, hala behar bada, batzordeburua ordezkatuko baitu.

    3. Batzordekideak: 12 bokal, Aholku Batzordean parte hartzen duten elkarte eta fundazioen ordezkotza eginez, hau da, 3.2 artikuluan aipatzen diren jardute-arlo bakoitzeko bat lurralde historiko bakoitzean. Azpibatzorde sektorial bakoitzeko buruak izango dira kide.

    4. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

    5. Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko emakumeen elkarteen arloko berdintasun-teknikaria; hitza eta botoa izango ditu.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko apirilaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.