Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

475/2024 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 1
  • Hurrenkera-zk.: 1
  • Xedapen-zk.: 475
  • Xedapen-data: 2024/12/17
  • Argitaratze-data: 2025/01/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Herritarren eta gizartearen parte-hartzea ezinbesteko tresna da gobernantza aurreratu batean, eta funtsezko elementua da politika publikoak diseinatu, inplementatu eta kudeatzeko.

Euskadiko Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen printzipio gidarien artean dago botere publiko guztiek lankidetzan eta koordinaturik aritu behar dutela etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat izateko eskubidea bermatzeko.

Parte hartzea, beraz, eskubide bat da, aukera ematen duena gizarteko sektore desberdinetako pertsonek eta erakundeek beren aldarriak eta proposamenak instituzioei helarazteko; izan ere, horrela, ekintza politikoa eta administratiboa efikazagoa izan dadin laguntzen da, herritarren eta eragile adituen ezagutza, irizpide eta esperientziek dakarten aberastasun guztia politika publikoetan txertatzen baita. Gainera, gobernu erlazional, hots, hurbilago batean aurrera egiteko aukera ematen du, eta adostasuna eta elkarlana bultzatzen dira.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea sortzen du, eta adierazten, topagunearen eginkizunak, osaera eta araubide juridikoa erregelamenduz garatuko direla.

Horrela, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunearen oinarrizko lehenengo erregelamendu garapen bat egiten du seigarren xedapen gehigarrian, eta adierazten da, gutxienez, erakunde hauek hartu beharko dutela parte: Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren alorreko eskumena duen saileko ordezkariak, Udaletako ordezkariek, eta etxebizitzaren sektorearekin lotutako gazteen, kontsumitzaileen, lanbide-elkargoen, gizarte-taldeen, enpresa-elkarteen eta sindikatuen ordezkariek. Osaeran bi sexuen partaidetza orekatua izatea zainduko da.

Berrikiago, 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planak, 3. ardatzeko (Gobernantzako eta Koordinazio Instituzionaleko Sistemak) 3.1.1 ildo estrategikoaren barruan (Etxebizitza-politikaren gobernantza- eta ebaluazio-sistemak), 3.1.1.4 ekintza jasotzen du (Etxebizitzarako Topagunea eta sektoreko lan-mahaiak); lan-prozesu bat egitea defendatzen du, partaidetza-foro aholku-emaile egonkor bat egituratzeko, etxebizitzaren sektoreko eragile publiko eta pribatu guztien arteko lankidetzaren bidez, etxebizitza-politikak hobeto diseinatzen eta gainerako politikekin (lurralde-antolamendukoa, gizartekoa, ekonomiakoa eta abar) koordinatzen laguntzeko.

Alde horretatik, 2022-2036 aldirako Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialean, eragile sinatzaileek adierazten dute itun horretan ezarritako helburuak lortzeko ezinbestekoa izango dela eragile guztien inplikazioa eta lankidetza, bai esparru publikokoena, bai pribatu eta sozialekoena, eta, orobat, konpromisoa hartzen dute Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea abian jartzeko eta dinamizatzeko, itunak lotzen dituen eragileen parte-hartze eta elkarlanerako gune egonkorra izan dadin.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

Dekretu honen xedea da Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunearen (aurrerantzean, Topagunea) osaera, eskumenak eta funtzionamendu-araubidea erregulatzea. Topagunea Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriaren bidez sortu zen.

  1. Topagunea Eusko Jaurlaritza, udal eta herritarrentzat etxebizitzaren arloko kontsulta- eta aholkularitza-organismo izateko eratzen da, Euskadin etxebizitzaren arloan adituen partaidetza eta lankidetza izango duen espazio egonkor bat izan dadin.

  2. Topagunea kide anitzeko organoa izango da, erakunde artekoa, maila anitzekoa eta eragile askoz osatua eta nortasun juridikorik gabea; kudeaketa-organo ere ez da izango, eta etxebizitzaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita geratzen da.

Eginkizun hauek izango ditu Topaguneak:

  1. Eusko Jaurlaritzaren eta 3.000 biztanletik gorako udalerrietako udalen etxebizitza-planei buruzko informazioa jasotzea.

  2. Eusko Jaurlaritzari nolanahi ere eta udalei administrazio horiek hala eskatzen badute etxebizitzaren arloko egoki iritzitako proposamen guztiak egitea.

  3. Etxebizitzaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak, alkateek, toki korporazioen osoko bilkurek (3.000 biztanletik gorako udalerrietan) eta Topaguneko gainerako kideek eskatuta, txostenak eta irizpenak lantzea.

  4. Etxebizitzaren arloan indarrean dagoen legeriak esleitutako beste edozein eginkizun.

  1. Topaguneak berrogeita hamalau kide izango ditu: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria eta berrogeita hamaika kide.

  2. Euskadiko etxebizitza-politikarako garrantzitsuak diren erakundeetako ordezkariek osatuko dute Topagunea, eta lehentasuna emango zaie etxebizitza-gaietan esanguratsuak diren edo etxebizitzaren arloko lurralde- edo sektore-dinamizazioa helburu duten erakundeei.

  3. Behar diren neurriak hartuko dira Topagunearen eremu guztietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lortzeko, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezartzen duen bezala.

  1. Etxebizitzaren arloko eskumena hartzen duen saileko sailburua izango da lehendakaria.

  2. Eskumen hauek izango ditu Topagunearen lehendakariak:

    1. Topagunearen ordezkari izatea; bertako bozeramaile izango da.

    2. Topagunean parte hartzeko eskabideak onestea.

    3. Ohiko eta ezohiko bileren deialdiak adostea, eta gai-ordena zehaztea.

    4. Bileren buru izatea eta horiei amaiera ematea, eztabaiden moderatzaile izatea, eta eztabaidok bertan behera uztea arrazoi justifikaturik badago.

    5. Bozketa erabakitzea, berdinketarik badago.

    6. Topagunearen erabakiak egokitzat jotzen diren organizazio eta instituzioetara eramatea.

    7. Topagunearen idazkaria izendatzea.

    8. Horrelako ezaugarridun espazio bateko lehendakari bat berez dagozkion gainontzeko eginkizun guztiak betetzea.

  1. Etxebizitzaren arloko eskumena hartzen duen saileko sailburuordea izango da lehendakariordea.

  2. Lehendakariordeak ordeztuko du lehendakaria, kargua hutsik badago, lehendakaria ez badago edo gaixo badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada.

  1. Etxebizitzaren arloko eskumena duen saileko funtzionario bat izango da Topaguneko idazkaria; zuzenbideko titulua eta gaian gutxienez bost urteko lanbide-esperientzia izango ditu. Lehendakariak izendatuko du eginkizun horretarako.

  2. Idazkariak, bileretan, hitza izango du baina botorik ez, eta eginkizun hauek izango ditu:

    1. Bilkuren aktak idaztea.

    2. Kontsulten, irizpenen eta hartutako erabakien ziurtagiriak egitea.

    3. Lehendakariak aginduta, Topaguneko alor desberdinetako saioen deialdiak egitea, bai eta Topaguneko kideei eta Topagunean unean-unean parte har dezaketen beste pertsona batzuei dei egitea ere.

    4. Topaguneko kideen izendapenak eta ezeztatzeak, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak eta ezagutu behar duen beste edozein idazki jasotzea.

    5. Topaguneko idazkari-karguari berez dagokion beste edozein eginkizun.

  1. Topaguneko kideek eginkizun hauek dituzte:

    1. Topagunearen bileretako eztabaidetan parte hartzea.

    2. Boto-eskubidea egikaritzea eta boto partikularra ematea, bai eta haren esanahia eta arrazoiak azaltzea ere.

    3. Galderak eta eskariak egitea.

    4. Kide izaerari dagozkion gainerako eginkizun guztiak.

  2. Topagunearen kide izateko epeak ez du mugarik. Izendapena egin duen erakundeak berariaz errebokatzen duenean ordeztuko da kidea.

  3. Idazkariari emango zaio kideen izendapenaren berri.

  4. Kide hauek izango ditu Topaguneak:

    1. Etxebizitza-arloko eskumena duen saileko lau kide:

      Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria.

      Etxebizitzaren zuzendaria.

      Visesaren zuzendaria.

      Alokabideren zuzendaria.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, foru-administrazioen, toki-administrazioaren eta haien administrazio instituzionalen hamabost ordezkari, honela banatuta:

      Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren ordezkari bat.

      Energiaren Euskal Erakundearen ordezkari bat.

      Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ordezkari bat.

      Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.

      Bilboko Udalaren ordezkari bat.

      Gasteizko Udalaren ordezkari bat.

      Donostiako Udalaren ordezkari bat.

      Beruala Bermeoko Urigintza Barriztatzeko Alkartearen ordezkari bat.

      Debegesa Debabarreneko Garapen agentziaren ordezkari bat.

      Irunvi Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoaren ordezkari bat.

      Sestao Berriren ordezkari bat.

      Sociedad de Gestión Urbanística Eretzaren ordezkari bat.

      Surposa Portugaleteko Berregokitzapenerako Hirigintza Sozietatearen ordezkari bat.

      Urduñederra Urduña Ederraren ordezkari bat.

      Zarautz Lur SAren ordezkari bat.

    3. Gizarte-eragileen, herritarren erakundeen, hirugarren sektorearen, fundazio eta federazioen hamabost ordezkari, honela banatuta:

      Autismo-elkarteen ordezkari bat (Apnabi Autismo Bizkaia eta Gautena Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonen senideen Gipuzkoako elkartea).

      EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkari bat.

      EAPN Euskadiren ordezkari bat (Euskadiko pobrezia eta gizarte-bazterketaren aurkako europar sarea).

      EHKB Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren ordezkari bat.

      Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroko Gizarte Baliabideen eta Etxebizitza Batzordearen ordezkari bat (hemen sartzen dira ASVE Asociación Solidaridad Vasco Ecuatoriana eta Fevas Plena inclusión Euskadi).

      Desgaitasun fisikoa edo organikoa duten pertsonen Euskadiko elkarte koordinatzaileen bi ordezkari (Elkartean - Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzailea; Elkartu - Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea; Fekoor Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa edota Organikoa duten Bizkaiko Pertsonak eta Futubide Fundazioa).

      Fundazio eta gizarte-elkarteen bi ordezkari (Ede Fundazioa, Aubixa Fundazioa, Bizitegi elkartea, Egunsentia elkartea, Kale Dor Kayiko elkartea, Ametsak Sortzen elkartea - Cohousing Erkidegoa eta Elkarbidean Etxebizitza Kolaboratiborako Elkartea)

      Bizkaiko Caritasen eta Eguzkilore Fundazioaren ordezkari bat.

      Euskadiko UGT eta EAEko Fundación Laboral de la Construcción fundazioaren ordezkari bat.

      Euskofederpen Euskadiko Adinekoen Federazioaren ordezkari bat.

      Hirukide Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkartearen ordezkari bat.

      Emakumeen kolektibo edo elkarteen bi ordezkari.

    4. Etxebizitzaren, enpresen, unibertsitateen, kooperatiben, finantza-entitateen, eskola tekniko eta profesionalen lanbide-eremuetako hamazazpi ordezkari, honela banatuta:

      AVS Euskadiren ordezkari bat.

      Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkari bat (Bizikoop Etxebizitza Kooperatiben Federazioa).

      Finka- eta higiezin-administratzaileen ordezkari bat (CAF Bizkaia - Bizkaiko Soro Administratzaileen Lurralde Kolegio Ofiziala eta Cafguial Gipuzkoa eta Arabako Finken Administratzaileen Lurralde Elkargoa, Ica Home eta Casa Gestió SCCL).

      Euskadiko Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen eta Arkitektoen elkargo ofizialen ordezkari bat (Coaatbi Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala, Coaatg Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala, Coataraba Arabako Arkitektura Teknikoaren Elkargo Ofiziala eta Coavn Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Am Arkitektura).

      Bizkaiko eta Gipuzkoako Higiezinen Jabetza Agenteen elkargo ofizialen ordezkari bat (Bizkaiko Higiezinen Jabetza Agenteen Elkargo Ofiziala eta Gipuzkoako Higiezinen Jabetza Agenteen Elkargo Ofiziala).

      Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren ordezkari bat.

      Abokatuen eta notarioen ordezkari bat (Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua eta Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestua).

      Eraikuntza-enpresen eta higiezinen sustatzaileen elkarteen hiru ordezkari (Ascobi-Bieba Bizkaiko Etxegileen eta Higiezin Sustatzaileen Elkartea eta ASCONGI Gipuzkoako Eraikitzaile eta Sustatzaileen Elkartea, Sea - Uneca Arabako eraikuntza-enpresak, Eibar taldea eta Amicyf Euskadi Euskadiko Bero eta Hotz Instalazioen Mantenedoreen Asoziazioa).

      Jabetzaren, Merkataritzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoaren ordezkari bat.

      Etxebizitzako teknologia- eta berrikuntza-sektorearen bi ordezkari (Eraikune Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra, Ingeteam, Tecnalia Research & Innovation Fundazioa eta Euskadiko Arkitektura Institutua).

      Unibertsitateen eta prestakuntza-zentroen ordezkari bat (Mondragon Unibertsitatea, EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa, Ekonomistak Euskal Elkargoa).

      Banku- eta finantza-entitateen hiru ordezkari (Kutxabank, Laboral Kutxa, Triseis Bank, Muga Capital Market, Arenhos Advisors, Banco Sabadell, Bankoa ABANCA, Banco Santander, Caixa Bank, Caja Rural de Navarra, IberCaja Banco eta Q-Living Property Investments).

  5. Topagunean ordezkatuta dagoen erakunde edo organo bakoitzak ordezko bat proposatu beharko du kide izendatutako titular bakoitzeko.

  6. Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatuko ditu kideak, bai eta horien ordezkoak ere, baldin eta kargua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, dagokion kidea atxikita dagoen sailak edo ordezkatzen duen erakunde edo entitateak izendapen-proposamena egin ondoren.

  7. Topaguneko kideek, baita horien ordezkoek ere, agintaldia amaitzean utziko dute kargua, baita uko egiten diotenean, duten ordezkaritza errebokatzen dutenean edo izendapenari dagokion kargua uzten dutenean ere.

  1. Topaguneak Osoko Bilkura eta lantaldeak izango ditu jarduteko.

  2. Bi hizkuntza ofizialak erabiliko direla bermatuko da Topagunearen lan- eta hedapen-eremu guztietan.

  3. Genero-ikuspegia txertatzen ahaleginduko da, Topagunearen gomendioetan emakumeen eta gizonen behar, interes, jomuga eta aukera guztiak txertatzeko.

  1. Osoko Bilkura, gutxienez, ekitaldi bakoitzean behin bilduko da. Era berean, ezohiko bilkurak deitu daitezke, aztertu beharreko gaiak hala eskatzen badu. Deialdia presaz egingo da, lehendakariaren ekimenez edo, gutxienez, kideen herenak proposatuta.

  2. Osoko Bilkura balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egin, eztabaidak izan eta erabakiak har daitezen, ezinbestekoa izango da lehendakaria, idazkaria eta kideen erdiak gutxienez bertan egotea. Idazkaria ez badago, lehendakariak horretarako izendatutako beste pertsona batek egingo du haren lana. Kideek ere beste norbaiten esku utzi dezakete beren ordezkaritza saio jakin baterako, Topaguneko idazkariari telematikoki jakinarazita.

  3. Bileren deialdia idazkariak egingo du, lehendakariaren aginduz, elektronikoki, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago. Deialdiarekin batera gai-zerrenda eta eztabaidatuko diren gaietarako beharrezkoa den dokumentazioa bidaliko dira. Hala bada, deialdia egin aurretik, Osoko Bilkurako kideek hurrengo bilerako gai-zerrendan sartzeko gai-proposamenak bidal diezazkiokete idazkariari, proposamenak jaso izana egiaztatzen duen edozein bitartekoren bidez, gehienez hamar eguneko epean.

  4. Osoko Bilkurak, halaber, bertako kideak urrutiko komunikazio-sareak erabiltzen ari direla ere egin ditzake bilerak; horretarako, neurri egokiak hartuko dira komunikatzaileak nor diren eta haien artean helarazitako informazioa egiazkoa dela bermatzeko.

  5. Topagunea parte hartzeko gune egonkorra denez, Osoko Bilkuraren bilerak funtzionamendu bizkorrekoak izan daitezen saiatuko da. Horretarako, zenbait bide daude: hala nola aurretik kontsulta telematikoak egitea, kideen iritziak eta proposamenak aldez aurretik jakiteko, eta, horrela, adostasun-elementuak nahiz azterketa sakonagoa behar dutenak identifikatzeko.

  6. Bilera bakoitzerako ezarritako gai-zerrendaren arabera, aztertuko diren gaietan aditu direnek ere har dezakete parte bileretan. Pertsona horiek Topagunearen lehendakariak gonbidatuko ditu, idazkariak eskatuta, eta hitza bai, baina botorik ez dute izango, aditu diren gaiak eztabaidatzen direnean.

  7. Topagunearen erabakiak gomendio izango dira beti. Topagunearen erabakitzat joko dira emandako botoen hi herenen gehiengo kualifikatua lortzen dutenak, gutxienez. Nolanahi ere, parte hartzeko eta lankidetzarako gunea denez, Topaguneak beharrezkoak zaizkion dinamikak garatuko ditu erabakiek ahalik eta adostasun eta atxikimendu handiena izan dezaten.

  1. Osoko Bilkuraren bilera guztietako akta egingo du idazkariak, eta hauek jaso behar ditu: bertaratutakoak, gai-zerrenda, bilera egindako tokia, bileraren iraupena, eztabaidetako argudio nagusiak eta hartutako erabakien edukiak. Era berean, hartutako erabakiaren aurkako botoak, abstentzioa eta hori justifikatzen duten arrazoiak edo aldeko botoaren norakoa ere jasoko ditu.

  2. Bilkura bakoitzaren akta bilkuran bertan edo hurrengoan onartu daiteke. Idazkariak akta egin eta Topaguneko lehendakariaren oniritzia jaso ostean, kideei helaraziko die, baliabide elektronikoen bidez, zeinek, baliabide horiek berak erabilita, testuarekin ados dauden edo eragozpen bat duten adieraz baitezakete, akta onartu dadin. Astebeteko epean eragozpenik adierazten ez bada, akta onartutzat jo eta elektronikoki artxibatuta geratuko da hartutako erabakiekin batera, haren benetakotasuna eta kontserbazioa ziurtatzeko beharrezkoak diren berme guztiekin.

  1. Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez, eta Topagunearen helburuak betetzen eraginkorrak izateko, lantaldeak sortu daitezke interesekoak diren azterketa-, eztabaida- edo elkarrizketa-eremuetan. Topaguneko lantaldeen egitekoa izango da Euskadin etxebizitzarako garrantzitsuak diren gaiak sakon eta teknikoki aztertzea eta proposamenak egitea, Osoko Bilkurak azter ditzan.

  2. Lantaldeak aldi baterakoak izango dira, eta helburua bete ondoren desegingo dira.

  3. Hauek dira lantaldeen eginkizunak:

    1. Euskadin, etxebizitzarako garrantzitsuak diren gaiak teknikoki aztertzea.

    2. Euskadira ekar daitezkeen etxebizitzaren arloko Estatuko edo nazioarteko esperientziak aztertzea.

    3. Eslei dakiekeen antzeko beste edozein eginkizun.

  4. Osoko Bilkurak lantalde bat sortzea erabakitzen duenean, zer helbururekin sortuko den eta nork osatuko duen ere erabakiko du, bai eta lanak egiteko zenbat denbora beharko den ere.

  5. Lantaldeak Topagunekoak ez diren pertsonekin ere osa daitezke. Nolanahi ere, kideen erdiek, gutxienez, Topagunea osatzen duten erakundeetakoak izan beharko dute.

  6. Lantalde bakoitzak bozeramaile bat izendatuko du, eta bozeramaile horren eginkizun nagusia izango da aldizka lantaldearen jardueren eta emaitzen berri ematea Osoko Bilkurari.

  7. Osoko Bilkurak kontuan hartzeko lantalde batek aurkezten dizkion txostenek edo proposamenek lantalde horretako kideen bi herenen gehiengoa eduki beharko du, gutxienez. Txosten edo proposamen horietan, adostasun-maila hori lortu ez duten ekarpen indibidualak jaso daitezke, eranskin gisa.

  1. Irispide publikoa duen gune espezifiko bat jarriko da etxebizitzaren arloko eskumena duen sailaren webgunean, Topagunean ordezkatuta dauden erakundeei, gobernantza-ereduari eta egiten diren memoria, proposamen eta azterlanei buruzko informazioa emateko.

  2. Urteko kudeaketa-memoria bat idatziko da, eta haren berri emango da publikoki, Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun Atariaren bidez.

Topaguneak lankidetza-ildoak zabal ditzake toki, autonomia, estatu edo nazioarteko beste topagune edo organo aholku-emaile batzuekin, Topaguneak dituen zereginekin bat datozen edo osagarriak diren lanak egiten badituzte.

  1. Topagunearen funtzionamendu-gastuak etxebizitzaren alorreko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aurrekontu-kredituen kontura izango dira.

  2. Topaguneko kideek ez dute ordainsaririk jasoko.

  3. Topagunearen jardueretan parte hartzen duten topaguneaz kanpoko pertsonek jarduera horietan parte hartzeak sortzen dizkien gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, indarrean dauden arauek ezarritakoari jarraituz.

Xedapen hau indarrean jarri eta sei hilabete baino lehenago eratu beharko da lehen aldiz Osoko Bilkura.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ordeztailetasuna.

Dekretu honetan jaso gabeko prozedurazko gaiei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko abenduaren 17a.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZALEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.