Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

411/2024 DEKRETUA, abenduaren 3koa, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 5819
  • Xedapen-zk.: 411
  • Xedapen-data: 2024/12/03
  • Argitaratze-data: 2024/12/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak (uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren bidez aldatua), sailen egitura berria ezarri du, eta egitekoak eta jardun-arloak esleitu dizkie sail berriei.

Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak ezartzen duenez, sailburuek, Jaurlaritzari buruzko Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lehendakariari aurkeztuko dizkiote, 2024ko urriaren 31 baino lehen, beren sailei dagozkien erregelamendu organikoen proiektuak, onarpena eman diezaien. Proiektu horiek gobernu-programan sailei izendatutako jardun-arlo bakoitzerako aurreikusitako helburuetara eta printzipio gidarietara egokitu beharko dira.

Erregelamendu horiek antolamendu-irizpide hauek bete behar dituzte: austeritatea, egiturak lautzea, eduki zabaleko arlo funtzionalak elkartzea, egiturazkoak ez diren staff arlo funtzionalak identifikatzea eta informazioaren teknologiak ahalik eta gehien aprobetxatzea.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legea betez, prozedura hasi ondoren, arau-testuaren proiektua egin da, hasteko aginduan jasotako irizpideari jarraikiz, eta bat etorriz 18/2024 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoarekin eta zazpigarren xedapen gehigarrian iraungitako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egiturari eusteko egindako aurreikuspenarekin (Zerbitzu Zuzendaritzako eta Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzako organoak eta unitateak izan ezik). Era berean, Zerbitzu Zuzendaritza ere sortu da.

Hala ere, arrazoi operatiboak direla medio, hiri-agendaren gaiak hartu duen garrantzia dela-eta, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza bi zuzendaritzatan banatu da orain: Lurralde Plangintzaren Zuzendaritza eta Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritza.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak 13. artikuluan ezartzen ditu Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari dagozkion egitekoak eta jardun-arloak, eta zazpigarren xedapen gehigarrian, berriz, sail berria osatzen duten organoak eta unitateak.

Dekretu hau, beraz, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren erregelamendu organikoa da, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan aurreikusitakoa.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bere gain hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenen kudeaketa, arlo hauei dagokienez: lurralde-antolamendua; hiri agenda; lurzorua eta hirigintza; etxebizitza, etxebizitzari lotutako lurzorua eta hirigintza; arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna eta kalitatea eraikuntzan; irisgarritasuna sustatzea; kartografia eta informazio geografikoa antolatzea; sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, eta legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

Era berean, bereziki garrantzitsua da euskararen erabilera eraginkorra eta normalizazioa sustatzeko ekimenak bultzatzea eta berdintasun-politikak sailaren berezko jardueretan txertatzea.

Sailari esleitutako gaiak eta egitekoak eraginkortasunez kudeatzeko helburuak lortzen laguntzeko, sailburuaren mende, honela dago antolatuta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa: sail bat, bi sailburuordetza (Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetza eta Etxebizitza Sailburuordetza), Zerbitzu Zuzendaritza bat, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza bat eta Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzak.

Sailaren egiteko hauen ardura dauka Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzak: hiri-agenda, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan; lurraldearen eta paisaiaren antolamendua; hiri-berroneratzearen plangintza; hirigintza-antolamendua; hiria berroneratzeko proiektuetan sartutako eraikinen birgaitzea sustatzea; lurralde-informazioa, eta lurzorua eta hirigintza. Sailburuordetza horren mende daude, organikoki, Lurralde Plangintzaren Zuzendaritza eta Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritza.

Sailaren egiteko hauen ardura dauka Etxebizitza Sailburuordetzak: etxebizitza; etxebizitzari lotutako lurzorua eta urbanizazioa; babes publikoko etxebizitzetarako bizitegi-eremuei lotutako plangintza; arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan; hiri-birgaitzea sustatzea, eta irisgarritasuna sustatzea.

Etxebizitza Sailburuordetzaren mende daude, organikoki, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritza eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza.

Iraungitako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Kabinete Zuzendaritza Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren parte izango da orain, eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza izendatuko da; bada, laguntza zuzena emango dio sailburuari, duen karguaren ondorioz dagozkion egitekoak burutzeko. Berari dagokio, halaber, gobernu-programaren esparruan sailak dituen jarduerak bultzatu, planifikatu, jarraitu eta ebaluatzea, bai eta gizarte-komunikabideekin dituen harremanak ere, sailari lotutako jarduerak, erabakiak eta politikak hedatzen eta zabaltzen laguntzeko.

Bestalde, 18/2024 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren bidez 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, Zerbitzu Zuzendaritza sortu zen; bada, sailak parte hartzen duen zeharkako prozesuen organo horizontal eta ardatz egituratzaile gisa eratzen da, administrazio-zerbitzu orokorrak errazteko.

18/2024 Dekretuaren hamahirugarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuak aurreikusten duenez, iraungitako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren unitateak, baliabide materialak eta giza baliabideak, zer funtzio betetzen duten edo zeini atxikita egon daitezkeen ikusita, sail hauetako zerbitzu-zuzendaritzei atxiki beharko zaizkie: Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila eta Mugikortasun Jasangarriaren Saila.

Ondorioz, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 13. artikuluaren arabera, arlo hauetan beteko ditu bere egitekoak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen barruan:

  1. Lurralde-antolamendua.

  2. Hiri agenda.

  3. Lurzorua eta hirigintza.

  4. Etxebizitza; etxebizitzari lotutako lurzorua eta hirigintza.

  5. Arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna eta kalitatea eraikuntzan.

  6. Irisgarritasuna sustatzea.

  7. Kartografia eta informazio geografikoa antolatzea.

  8. Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

  9. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

  1. Aurreko artikuluan aipatutako gaiei buruzko eskumenak baliatzeko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak egitura orokor hau hartuko du:

    1. Organo zentralak.

    2. Organo periferikoak.

    3. Kide anitzeko organoak.

    1. Sailari atxikitako sektore publikoko entitateak.

  2. Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren mende daude, organo gorena den aldetik, organo zentral hauek:

    1. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetza.

      1. Lurralde Plangintzaren Zuzendaritza.

      2. Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritza.

    2. Etxebizitza Sailburuordetza.

      1. Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritza.

      2. Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza.

    3. Zerbitzu Zuzendaritza.

    4. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

  3. Lurralde historiko bakoitzean, Etxebizitzako lurralde-ordezkaritza bat egongo da. Organo periferiko horren buru lurralde-ordezkari bat egongo da, organikoki Etxebizitzako sailburuordearen mende eta funtzionalki sailburuordetza horretako zuzendarien mende.

  4. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari atxikita daude, sorrera-arauetan aurreikusitakoaren arabera, kide anitzeko organo hauek, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan beharko dutenak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea, maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusia eta irailaren 9ko 157/2008 Dekretuak arautua.

    2. Lurralde Politikarako Aholku Batzordea, maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusia eta urtarrilaren 15eko 7/2008 Dekretuak arautua.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordea, maiatzaren 26ko 69/2020 Dekretuak arautua.

    4. Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua, abenduaren 4ko 20/1997 Legearen bidez sortua.

    5. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Nahitaezko Desjabetzeko lurralde-epaimahaiak, azaroaren 20ko 8/1987 Legearen bidez sortuak, eta Euskadiko Balorazio Batzorde Teknikoa.

    6. Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitzarako Topagunea, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak sortua eta ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuak arautua.

  5. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari atxikita daude Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate hauek:

    1. «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (Visesa).

    2. «Alokabide SA».

  1. Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari eskumen hauek dagozkio: batetik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkaturiko eskumenak baliatzea, eta, bestetik, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan indarrean dauden legeek esleitzen dizkiotenak, betiere saileko beste organoren bati esleitu ez bazaizkio 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

  2. Saileko organo gorena denez, bera arduratuko da saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien zuzendaritzaz, koordinazioaz eta kontrolaz.

  3. Era berean, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari dagozkio, besteak beste, egiteko hauek:

    1. Sailaren politiken helburu estrategikoak definitzea, gobernu-programan definitutako estrategia-lerroen eta programa-konpromisoen esparruan, eta lortutako gizarte-inpaktuaren analisia egitea.

    2. Saileko organoen artean eskudantziei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea, eta beste sail eta organismo batzuekiko eskumen-arazoak planteatzea.

    3. Saileko organismo edo agintarien ebazpenen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebaztea, non eta beste organo baten eskumena ez diren.

    4. Gobernu Kontseiluaren aurretiazko baimenetik kanpo dauden hitzarmen eta protokolo orokorrak baimentzea, sailari dagozkion gaietan, eta horiek sinatzea.

    5. Sailaren milioi bat eurotik gorako gastuak baimentzea, gastu horiek ez badira Zerbitzuen zuzendariak kontratazio-organo gisa jarduten duen kontratazio-espedienteen ondorio, ez eta nahitaezko desjabetze-prozeduren ondorio ere. Hori guztia, Gobernu Kontseiluaren eskumenei kalterik eragin gabe.

    6. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua bost milioi eurotik gorakoa duten kontratuetan. Era berean, eta baldintza beretan, sailaren eskumena izango da bitarteko propioei enkarguak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusitakoari jarraituz.

    7. Ondare-erreklamazioko prozedurak hasi eta ebaztea, eta ofizioz berrikusteko eta kaltegarritzat jotzeko prozedurak hasi eta ebaztea, bere sailaren arloetan.

    8. Bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuen deklarazioa hasi eta ebaztea, Etxebizitza Eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    9. Hirigintza-plangintza garatzeko hirigintza-antolamenduko planak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari badagozkio.

    10. Planak, programak eta jarduera esanguratsuak onartzea, Gobernu Kontseiluak onartu behar dituenak izan ezik.

Sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilu bat dago, hari laguntzeko sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen. Kontseilu horretako partaide izango dira sailburuodeak, Zerbitzuen zuzendaria eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria, bai eta, aztertu beharreko gaien arabera, sailburuak izendatzen dituen beste pertsona batzuk ere.

Sailburuordeei dagokie, beren eskumenen esparruan eta sailburuaren mende zuzenean eta hierarkian, eskudantzia orokor hauek baliatzea:

  1. Sailburuordetzaren jardunak planifikatu, zuzendu, koordinatu, bultzatu eta gainbegiratzea, bai eta zuzendaritzenak eta sailburuordetzaren mendeko gainerako organo eta administrazio-unitateenak ere, horretarako behar diren jarraibideak eta zerbitzu-aginduak emanez.

  2. Beren arlo funtzionaletako jarduera-politikak definitu, landu eta sailburuari proposatzea, Jaurlaritzaren estrategiaren arabera sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea eta lortutako gizarte-inpaktua neurtzea.

  3. Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen beharrak definitzea, aurrekontuen aurreproiektua egiteko.

  4. Xedapen orokorren proiektuak, planak, programak eta jarduera esanguratsuak sustatzea.

  5. Oso astuntzat tipifikatutako zehapenak ezartzea dagokien zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea.

  6. Sailburuordetzaren mendeko zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  7. Beren jardun-eremuan izapidetutako nahitaezko desjabetzeen gastuak baimentzea, zenbatekoa edozein dela ere.

  8. Sailburuordetzak eta haren zuzendaritzek ordezkaritza eraginkor eta koordinatua izan dezatela zaintzea, Europako eta nazioarteko proiektu, sare, elkarte, organismo eta erakundeetan.

  9. Beren eskumeneko arloetan zerbitzu- eta lan-hizkuntza euskara izan dadila bultzatzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat.

  10. Beren gain hartzea, beren eskumeneko esparruetan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin.

  11. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailburuordeei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

  1. Saileko zuzendaritza bakoitzerako berariaz jasotako egitekoez gain, zuzendaritza bakoitzari egiteko hauek dagozkio, bere eskumen-esparruaren barruan eta dagokion sailburuordearen mende:

    1. Bere jardun-arloei esleitutako kudeaketa publikoko politikak garatzea eta zuzendaritzaren arlo funtzionaletako politika-tresnak garatu eta aplikatzea.

    2. Xedapen orokorren proiektuak, planak, programak eta jarduera esanguratsuak prestatu eta izapidetzea bere eskumeneko gaietan.

    3. Zuzendaritzari dagozkion gaietan, hitzarmenak, protokolo orokorrak eta beste administrazio batzuekin eta gainerako pertsona publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzeko bestelako tresnak negoziatu, landu eta izapidetzea, eta horiek gauzatu, jarraitu eta ebaluatzeaz arduratzea.

    4. Dirulaguntzak emateko antolaketa proposatzea, haiek arautzen dituzten dokumentu eta tresna juridiko eta ekonomikoak lantzea, eta horretarako izapideez, kudeaketaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratzea.

    5. Zuzendaritzaren tasen eta prezio publikoen zenbatekoa proposatzea eta, hala badagokio, likidazioa egitea.

    6. Kontratazioaren arloan, kontratazio-espedienteetan memoriak eta oinarri teknikoen orriak idaztea, kontratuak behar bezala egiten direla kontrolatzea eta obra-ziurtagiriak onartzea dagokie.

    7. Publizitate aktiboa bultzatzea eta informazio publikoa eskuratzeko eta berrerabiltzeko eskaerak ebaztea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta, arlo hauetan: gardentasuna, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, datu publikoak irekitzea eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzea.

    8. Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen araudian aurreikusitako kasuetan.

    9. Zehatzeko ahala baliatzea bere eskumeneko eremuan, aplikatu beharreko legeriari jarraituz arintzat eta astuntzat jotzen diren falten kasuan.

    10. Oro har, zuzendaritzaren arlo funtzionaletako irizpen, txosten eta azterlanak egitea.

  2. Zuzendariei dagokie:

    1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, jarduerak eta ardurak esleituz, lorpenak kontrolatuz eta kudeaketan beharrezkoak diren zuzenketak ezarriz, organo eskudunek ezarritako arauen arabera.

    2. Zuzendaritzaren jarduerak programatu, zuzendu, bultzatu, koordinatu eta gainbegiratzea, goragoko organoak emandako jarraibideen arabera.

    3. Datu pertsonalak babestearen arloan, zuzendaritzako tratamenduen arduradun gisa dagozkien betebeharrak betetzen direla bermatzea.

    4. Indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planaren helburuak definitzea berari dagokion eremuan, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, euskararen kudeaketa integratua eginez bere zuzendaritzako zerbitzuburuekin batera. Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea zuzendaritzaren jardun-esparruetan. Hori guztia Zerbitzu Zuzendaritzak koordinatuta eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planeko helburuak definitzea nork bere jardun-alorrean, eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatu eta ebaluatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez. Hori guztia Zerbitzu Zuzendaritzak koordinatuta eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan.

    6. Bere eskumeneko eremuetan dagozkion ebazpenak ematea, eta goragoko organoei ebazpen-proposamenak aurkeztea, hala dagokionean.

    7. Goragoko organoei proposamenak egitea, bere eskumeneko gaietan.

    8. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Administrazioko zuzendariei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

  3. Zuzendaritzetako aholkularitza juridikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan jasotako eginkizunak beteko dituzte, d), e) eta f) apartatuetakoak izan ezik, horiek Zerbitzu Zuzendaritzaren Zerbitzu Juridikoari baitagozkio.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari esleitutako eskudantzia-eremuaren barruan eta zuzenean eta hierarkian Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren mende, jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzea:

    1. Ekonomia eta aurrekontua.

    2. Pertsonak, euskara eta berdintasuna.

    3. Juridiko-administratiboa.

    4. Kontratazioa.

    5. Herritarrak eta berrikuntza.

    6. Informazio- eta estatistika-sistemak.

    7. Baliabide orokorrak, antolamendua eta informatika.

  2. Horretarako, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dizkion beste egiteko batzuez gain, edo, orokorrean, saileko zuzendaritzei esleitzen zaizkien egiteko komunez gain, eskumen hauek dagozkio:

    1. Sailaren jarduera ekonomikoa planifikatu eta kudeatzea, aurrekontua gauzatzeko faseak izapidetuz. Sailaren aurrekontu-aurreproiektua egitea eta haren jarraipena eta aldaketak egitea, eta sailari atxikitako administrazio instituzionaleko eta sektore publikoko entitateen aurrekontu-proiektuak koordinatzea eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratzea.

      Arlo horretan, Zerbitzuen zuzendariari dagokio sailaren milioi bat eurotik beherako gastuak baimentzea, nahitaezko desjabetzeei dagozkienak izan ezik, sailburuordeei baitagozkie. Horrek ez du eragotziko kontratazioari lotutako gastuei aplikatu beharreko araudia betetzea, artikulu honen 4. apartatuan jasotakoa.

      Era berean, Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio sailean sortzen diren gaiei buruzko azterlanak eta txostenak egitea, bereziki gai ekonomikoei buruzkoak, bai eta sailaren jarduera ekonomikorako ildoak planifikatu eta programatzea ere, beste sail edo administrazio batzuek egiten dituzten eta eragin ekonomikoa duten planen prestakuntza-prozesuetan, baldin eta beste zuzendaritza batzuei esleitu ez bazaizkie.

    2. Hiri-errentamenduen itundutako gordailutze-araubide bereziaren eskabideak izapidetu eta kudeatzea, itundutako araubide berezi horretan sartutako errentamendu-kontratuen erregistroa barne.

    3. Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluan eta indarrean dagoen gainerako araudian aurreikusitako egitekoak betetzea, eta sailari atxikitako giza baliabideak administratzea.

    4. Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea eta, gainerako zuzendaritzekin eta sailari atxikitako organoekin eta administrazio instituzionaleko entitateekin batera, sustapen- eta koordinazio-lana egitea eta lankidetzan jardutea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean aurreikusitako neurriak gauzatzea bultzatzeko.

    5. Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, betiere eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuak bere eskudantziak betetzea.

    6. Jaurlaritzako gainerako sailekiko administrazio-harremanak.

    7. Zerbitzu Zuzendaritzaren aholkularitza juridikoak honako hauek garatzea: 6.3 artikuluak saileko aholkularitza juridikoei aitortzen dizkien egitekoez gainera, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluaren d), e) eta f) apartatuetan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikuluan jasotakoak. Txosten juridikoak egiteaz arduratuko da, sailaren arau-xedapenak, hitzarmen eta protokolo orokorrak eta planak, programak eta jarduera esanguratsuak egiteko prozeduran. Era berean, ondare-erreklamazioko, ofiziozko berrikuspeneko eta kaltegarritasun-deklarazioko prozedurak izapidetuko ditu, sailaren arloetan.

    8. Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion sailaren gaiak izapidetzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.

    9. Jurisdikzio-prozeduren eta, hala badagokio, horietan emandako ebazpenen jarraipena eta kontrola egitea, eta sailak parte hartzen duen gaietan Auzibide Zuzendaritzarekin harremanetan jartzea.

    10. Sailaren eskumenekoak diren kontratazio-espedienteak zuzendu, koordinatu eta izapidetzea, bai eta sailaren eremuan kontratazio elektronikoaren prozedurak eta zerbitzuak kudeatu eta hedatzea ere.

    11. Proposamenak lantzea saileko zerbitzuen eta sailean erabiltzen diren lan-sistemen eta -metodoen barne-antolaketaz, arrazionalizazioaz, informazio-sistemez, administrazio digitalaz eta informatizazioaz, saileko gainerako organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunekin batera koordinatuta.

    12. Datu pertsonalen pribatutasun-neurrien arduradun gisa dagozkion egitekoak betetzea.

    1. Sailaren jarduketak bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzaren esparru orokorreko proiektuak koordinatzea sailean, gai hauetan: kalitatea eta etengabeko hobekuntza, herritarrentzako arreta, administrazio elektronikoa eta zerbitzu digitalak, datuen eta informazioaren gobernantza, berrikuntza, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta gobernu ona.

    2. Erregistro Orokorra, Artxiboa eta saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.

    3. Saileko egoitzetako barne-erregimena zaindu eta babestea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua administratu eta kontserbatzea.

    4. Herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak) eta Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekiko harremanak antolatzea, sailaren jardun-eremuetan dituzten eskubide eta betebeharrei buruz herritarrek egindako iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketaren jarraipena eginez eta koordinatuz.

    5. Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeko eta sailaren datu publikoak modu irekian eskaintzeko lana koordinatu eta horien guztien jarraipena egitea, betiere gardentasunaren eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen politikarekiko koherentziaz.

    6. Sailaren Estatistika Plana lantzea, eta Euskal Estatistika Erakundearekin batera lan egitea Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak eratzeko lanetan. Era berean, sailaren berariazko estatistika-organoari esleitutako eskumenak eta ahalmenak baliatuko ditu Zerbitzu Zuzendaritzak, eta laguntza teknikoa emango dio saileko edozein organori saileko estatistikekin lotutako gaietan.

    7. Euskara Unitatearen bidez eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidalerroei jarraituz, saileko zuzendaritzek politika publikoen garapenean eta sailaren ohiko jardunean euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten lana koordinatu eta dinamizatzea.

    8. Saileko zerbitzu orokorrak antolatu eta administratzea, sailburuordetza eta zuzendaritzen lan-sistema eta -metodoak koordinatzea, eta saileko administrazio-unitateen banaketa espaziala eta ekipamendu materiala antolatzea, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskumenak.

      Halaber, Sailaren eskumenekoak diren gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatu ahal izateko, indarrean dauden arauak betez. Horren haritik, saileko organoen eta Europar Batasuneko erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzako Lehendakaritzaren organo eskudunaren bitartez.

    9. Irailaren 25eko 135/2018 Dekretuaren 9. artikuluan sailari esleitutako argitaratze-egitekoak betetzea 135/2018 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen argitaratze-jarduerari buruzkoa.

  3. Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak hamahirugarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuan ezartzen duena aplikatuz 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzan integratzen da iraungitako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren berariazko estatistika-organoa, eta, aurrerantzean, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren berariazko estatistika-organoa izango da.

    Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren berariazko estatistika-organoa kide bakarreko organoa da, eta sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren mende dago zuzenean. Bere eskumenen ondorioetarako, I. motakoa izango da. Ondorioz, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen 180/1993 Dekretuak eta, zehazki, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren berariazko estatistika-organoa sortu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituen irailaren 14ko 207/2021 Dekretuaren 3. artikuluak mota horretako estatistika-organoei ematen dizkien eskumenak eta ahalmenak izango ditu eta horiek baliatuko ditu.

  4. Zerbitzuen zuzendaria sailaren kontratazio-organoa izango da, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua bost milioi eurotik gorakoa ez duten kontratuetan; halaber, eskuduna izango da, baldintza beretan, bitarteko propioei enkarguak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusitakoaren arabera. Egiteko horien barruan, hari dagokio, muga berarekin, behar diren gastuak baimentzea.

    Sailaren kontratazio-organoak sailaren Kontratazio Mahaiaren laguntza izango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu.

  5. Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 129.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, Zerbitzuen zuzendaria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordeko kidea, eta haren ordezkoa Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailari proposatuko zaio, sailburuaren agindu baten bidez.

Egiteko hauek dagozkio Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honek oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Sailburuari laguntzea bere egitekoak betetzen, bai eta bere agendaren plangintza eta jarraipena egitea ere.

  2. Sailaren jardun-eremuei lotutako gobernu-programaren helburuak, legegintza-egutegia eta plan eta programen egutegia bultzatu, zuzendu eta koordinatzea, bai eta horien betetze-mailaren ebaluazioa koordinatzea ere.

  3. Eusko Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste erakunde batzuekiko harremanak bideratzea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkion eskumenak.

  4. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea.

  5. Sailaren jardun-arloei buruzko informazio orokorra herritarrei emateko lanak koordinatzea, eta sailaren jardun-arloen inguruko kexak eta iradokizunak jasotzea.

  6. Sailaren argitalpenak kudeatu eta banatzea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiari dagozkion eskudantziak.

  7. Sailak gizarte-komunikabideekin dituen harremanak zuzentzea, sailari lotutako jarduerak, erabakiak eta politikak hedatzen eta zabaltzen laguntzeko.

  8. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren komunikazio-politika diseinatu eta gauzatzea. Jardun-arloko informazio- eta publizitate-irizpideak eta -politikak ezartzea.

  9. Sailaren ekintzen informazio-estaldura egokia ziurtatzea.

  10. Sailaren ordezkari gisa parte hartzea Eusko Jaurlaritzaren informazio- edo publizitate-ekintza koordinatzen duten sailarteko eta erakundearteko organoetan.

  11. Sailaren publizitate-kanpainak eta gizartea sentsibilizatzeko neurriak koordinatzea.

  12. Komunikatuak, erreferentziak eta prentsa-oharrak egitea, bai eta azterlanak eta txostenak ere, eskumen-arloko gaurkotasunak komunikabideetan duen islari buruz.

1. ATALA

LURRALDE PLANGINTZAREN ETA HIRI AGENDAREN SAILBURUORDETZA

  1. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzak jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:

    1. Hiri-agenda, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan.

    2. Lurraldearen eta paisaiaren antolamendua, lurralde-plangintza estrategiko baten esparruan.

    3. Lurralde-plangintzaren zehaztapenak garatzen dituen hirigintza-antolamendua, hura onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari badagokio.

    4. Hiri-berroneratzearen plangintza, antolamendua eta kudeaketa.

    5. Hiria berroneratzeko proiektuetan sartutako eraikinen birgaitzea sustatzea, Etxebizitza Sailburuordetzarekin koordinatuta.

    6. Lurralde-informazioa.

    7. Lurzorua eta hirigintza.

  2. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzak eskudantzia hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Hiri-agendaren ezarpena, ebaluazioa, monitorizazioa eta jarraipena sustatu eta bultzatzea.

    2. Lurralde-antolamenduko tresnen prestaketa eta izapidetzea sustatu eta bultzatzea.

    3. Sailburuari helaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartu behar dituen hirigintza-antolamenduko tresnak, behin betiko onar ditzan, bai eta lurralde-plangintzako zehaztapenak garatzen dituztenak ere.

    4. Hiri-berroneratzea sustatu eta bultzatzea.

    5. Lurralde-informazioa sustatzea tresna estrategikoen bidez, hala nola Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren bidez eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko oinarrizko kartografia ofizialaren bidez.

  3. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzaren mende daude, hierarkikoki, Lurralde Plangintzaren Zuzendaritza eta Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritza.

  1. Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arloetan garatzen ditu bere egitekoak.

  2. Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agenda ezartzeko, monitorizatzeko, ebaluatzeko eta haren jarraipena egiteko beharrezkoak diren tresnak sustatu, landu eta izapidetzea.

    2. Zuzendaritzaren eskumenekin zerikusia duten autonomia-, estatu- edo nazioarte-mailako foro, sare, erakunde eta lantaldeetan parte hartzea.

  3. Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio, halaber, lurralde-plangintzaren esparruan, hauek egitea:

    1. Lurralde-antolamenduko tresnak sustatu, landu eta izapidetzea, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) esparruan, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuei esleitutako eskumenak.

    2. Paisaiaren antolamendua eta babesa sustatzea, lurralde-antolamenduko tresnen eremuan.

    3. Hirigintza-antolamenduko tresnak izapidetzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak badu horiek onartzeko eskumena, bai eta lurralde-plangintzako zehaztapenak garatzen dituztenak ere.

    4. Lurralde-antolamenduko eta hirigintza-antolamenduko tresnei buruzko txosten teknikoak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen funtzionamendu-eremuan, eta lurralde-antolamenduaren eta lurzoruaren eta hirigintzaren arloetako legeriak organo horiei esleitzen dizkien gainerako egitekoak betetzea.

    5. Idazkaritza eta laguntza teknikoa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari eta Lurralde Politikarako Aholku Batzordeari.

    6. Gobernu Kontseiluak hartu behar dituen proposamenak egitea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean Eusko Jaurlaritzari esleitutako egitekoei dagokienez.

    7. Udalplan Informazio Geografikoko Sistema, Lurralde eta Hirigintza Jasangarritasunaren Adierazleak eta Plangintza Orokorraren Inbentarioa sustatu, landu eta zabaltzea.

    8. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako zeharkako gaiak eta, bereziki, genero-ikuspegia sartzea lurralde-antolamenduko, paisaiako eta hirigintzako tresnetan.

    9. Plangintzaren Euskal Erregistroa kudeatzea.

  4. Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio, lurralde-informazioaren esparruan, hauek egitea:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko oinarrizko kartografia ofiziala egitea eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturari bidaltzea, Euskadiko azpiegitura kartografiko eta geodesikoa mantentzen dela kontrolatuz.

    2. Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren eta www.geo.euskadi.eus geoatariaren zuzendaritza teknikoa eta koordinazioa gauzatzea, Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografikoaren eta kalitatezko geozerbitzuen irispidea, eskuragarritasuna eta ustiapena erraztu eta bultzatzeko.

    3. Arau kartografikoak eta Plan Kartografikoa egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikorako kartografia eta informazio geografikoa planifikatzeko eta antolatzeko tresnak diren aldetik.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Erregistro Kartografikoa kudeatzea.

    5. Idazkaritza eta laguntza teknikoa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordeari.

    6. Eskura dauden informazio, teknologia, zehaztapen eta zerbitzu geografikoak zabaldu eta sustatzea, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren zerbitzuak eta informazio geografikoa erabili eta ustiatzea bultzatzeko.

  1. Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arloetan garatzen ditu bere egitekoak.

  2. Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzari bezala, Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari ere badagokio Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agenda ezartzeko, monitorizatzeko, ebaluatzeko eta haren jarraipena egiteko beharrezkoak diren tresnak sustatu, landu eta izapidetzea.

    2. Zuzendaritzaren eskumenekin zerikusia duten autonomia-, estatu- edo nazioarte-mailako foro, sare, erakunde eta lantaldeetan parte hartzea.

  3. Auzo Berroneratzearen eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari dagokio, hiri-berroneratzearen esparruan, hauek egitea:

    1. Hiri-berroneratzea bultzatzeko beharrezkoak diren tresnak eta xedapenak sustatu, landu eta izapidetzea.

    2. Hiria berroneratzeko plan espezifikoak sustatzea, arreta berezia jarriz aurri industrialen arazoak eragindako eremuetan eta 1980 baino lehenagoko hiri-eremuetan.

    3. Birgaitze integratuko, degradatutako, hiri-berroneratzeko edo birgaitzeko premia-egoerako eremuen deklarazioa arautu, formulatu eta izapidetzea, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean eta Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean adierazitako ondorioetarako.

    4. Estrategiak lantzea Europar Batasuneko, Estatuko eta autonomia-erkidegoko xedapen eta zuzentarauetan jasota dauden hiria berroneratzeko eta ondare eraikian esku hartzeko eskakizunak epe labur, ertain eta luzera aplikatzeko lurralde-eremuan.

    5. Hiri-kalteberatasuneko eremuak planifikatu eta identifikatzea, eta sailak bultzatzen edo garatzen dituen hiria berroneratzeko planen garapena eta jarraipena egitea, lankidetza publiko-publikoko edo publiko-pribatuko ekimenetan, bertako edo Europako programen esparruan.

    6. Laguntza eta aholkularitza ematea eta jarraipena egitea hiria berroneratzeko Opengela programan sartuta dauden bulego teknikoei eta hurbileko kudeaketako bulegoei.

    7. I+G+b proiektuak bultzatzea eta sailburuordetzaren eskudantzietara egokitutako Europako programetan parte hartzea.

    8. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planeko (ZTBP) Hiri Habitataren (hiri jasangarriak) pilotaje-taldea zuzendu eta koordinatzea.

      2. ATALA

      ETXEBIZITZA SAILBURUORDETZA

  1. Etxebizitza Sailburuordetzak jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:

    1. Etxebizitza.

    2. Etxebizitzari lotutako lurzorua eta urbanizazioa.

    3. Babes publikoko etxebizitzetarako bizitegi-eremuei lotutako plangintza.

    4. Arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan.

    5. Hiri-birgaitzea sustatzea, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzarekin koordinatuta.

    6. Irisgarritasuna sustatzea.

  2. Etxebizitza Sailburuordetzak egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Etxebizitzaren arloko politika publikoen plangintza estrategikoa, herritarren parte-hartzearen sustapena, koordinazioa, kudeaketa operatiboa, gauzatzea eta ebaluazioa egitea.

    2. Jasangarritasuna sustatzea, eraikingintzaren eta urbanizazioaren garapena bideratzeko elementu gisa.

    3. Irisgarritasuna bultzatu eta sustatzea.

    4. Hiria birgaitzeko politiken sustapen eta kudeaketa operatiboko programak, araudiak eta jarduerak bultzatzea, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzarekin koordinatuta.

    5. Babes publikoko etxebizitzen kalifikazioa aldatzea; Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 11. artikuluaren 5. apartatuan dago aipatuta.

    6. Adjudikazio-prozedura orokorretatik kanpo uztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sustatutako alokairu-programetan sartuta dauden babes publikoko etxebizitzak, zuzkidura-bizitokiak eta etxebizitza libreak, norbanakoak salbuestea halako etxebizitza edo bizitokiak eskuratzeko ezarrita dauden baldintzak betetzetik, eta etxebizitza horiek zuzenean adjudikatzea, araudian ezarritako moduan.

    7. Etxebizitza bat ordezko etxebizitzatzat jotzea, gerora sortutako arrazoiengatik eta aldi baterako kalifikazioarekin, eta ordezko etxebizitzaren erabilera duten babes publikoko etxebizitzen adjudikazio-prozedura baztertu eta norbanakoak salbuestea halako etxebizitzak eskuratzeko ezarrita dauden baldintzak betetzetik.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erosiko dituen babes publikoko etxebizitzak saltzeko eskaintzak onartzea eta etxebizitza libreak erostea babes publikoko etxebizitza gisa kalifikatzeko, ondarearen arloan indarrean dagoen legediaren arabera.

    9. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80. artikuluan eta Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 18. artikuluan aurreikusitako baimen-prozedurak ebaztea.

    10. Dirulaguntzak emateko espedienteak ebaztea, izapideak eta kudeaketa hierarkikoki mendekoa den organo edo entitate batek egiten dituenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    11. Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzak koordinatu, antolatu eta zuzentzea, Etxebizitza Sailburuordetzaren mende badaude organikoki, kalterik egin gabe zuzendarien mendekotasun funtzionalari.

    12. Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen erregelamendu bidezko garapen osoa bultzatzea.

  3. Etxebizitza Sailburuordetzak bere gain hartuko ditu «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (Visesa) eta «Alokabide SA» Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietateak eta «Sestao Berri 2010 SA» partaidetzazko sozietatea sailari atxikitzearen ondoriozko eskumenak.

  4. Etxebizitza Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritza, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza eta Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzak.

  1. Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan garatzen ditu bere egitekoak:

    1. Etxebizitzari lotutako lurzorua eta urbanizazioa.

    2. Babes publikoko etxebizitzetarako bizitegi-eremuei lotutako plangintza.

    3. Babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak eraikitzea.

    4. Arkitektura, eraikingintza, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan.

    5. Batez ere etxebizitza-erabilera duten eraikinen birgaitzea sustatzea.

    6. Irisgarritasuna sustatzea eraikingintzan eta hiri-ingurunean.

  2. Arlo horietan, egiteko hauek izango ditu Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Hiri-antolamenduko eta lurzoruko tresnen izapidetzea, eta, hala badagokio, lanketa koordinatu eta kontrolatzea, eta horien gauzatzea kudeatzea, Etxebizitza Sailburuordetzaren eskumenen esparruan.

    2. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80. artikuluan eta Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 18. artikuluan aurreikusitako baimen-prozedurak izapidetzea.

    3. Pertsona fisiko eta juridikoekin eta administrazio publikoekin protokolo orokorrak eta hitzarmenak negoziatzea, eta horiek idatzi, izapidetu eta jarraitzea, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko eta ondare arkitektonikoa berreskuratzeko lurzorua lortzeko, hirigintza-antolamendua eta -kudeaketa egiteko.

    4. Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean araututako lurzoru-ondare publikoan integratutako lurzorua administratzea, lege horretan aurreikusitakoaren esparruan, eta lurzoruaren inbentario espezifikoa egin, antolatu eta kontrolatzea.

    5. Informazio geografikoko sistemak garatu, eguneratu eta mantentzea, non babes publikoko etxebizitzen hirigintza-esparru eta -sustapenak identifikatuko diren, Euskadiko DEAren esparruan, Zerbitzu Zuzendaritzarekin eta Lurralde Plangintzaren Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    6. Sailak garatutako jardueren ondoriozko desjabetze-espedienteak izapidetzea, beste sail batzuek agindutakoak izan ezik, eta ordezko bizitokiak esleitzea, Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzekin koordinatuta.

    7. Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzen egitekoak koordinatzea, Nahitaezko Desjabetzeko lurralde-epaimahaiei eta Lurzorua Balioesteko Batzorde Teknikoari dagokienez.

    8. Sailak, bere egitekoak betez eta Ogasun eta Finantza Sailarekin lankidetzan, parte hartzen duen ondare-eragiketei lotutako higiezinen balorazio teknikoak egitea, baita higiezinen beste balorazio batzuk egitea edo horiek egiten laguntzea ere, sail horrek eskatuta.

    9. Sustapen publikoko eremuak urbanizatzeko obrak eta sailaren zuzeneko sustapeneko babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko obrak planifikatu, programatu, kudeatu eta kontrolatzea.

      Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan aurreikusitako gutxieneko bizigarritasun-baldintzen printzipioak betez, etxebizitza, espazio eta lurralde irisgarriak, inklusiboak, jasangarriak, seguruak eta indarkeria matxistarik gabekoak sustatuko dira, sozialki integratzaileak, zaintzak erraztuko dituztenak eta zerbitzuak, baliabideak eta azpiegiturak berdintasun-baldintzetan eskuratzeko aukera erraztuko dutenak, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian xedatutakoarekin bat etorriz.

    10. Sailak sustatutako babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko eta konpontzeko udal-lizentziak eta baimenak lortzeko urratsak kudeatzea.

    11. Babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien zuzeneko sustapenean eta sustapen publikoko eremuen urbanizazioan proiektuak idaztea eta obrak gainbegiratu, zuzendu eta ikuskatzea, barne hartuta, bi kasuetan, obra-proiektuen onespen teknikoa eta obra horien harrera egin arteko egikaritzaren jarraipen eta kontrola.

    12. Sailak sustatutako babes publikoko etxebizitzen sustapen itunduei buruzko proiektuak aztertzea eta horiei buruzko aholkularitza teknikoa ematea, bai eta, hala badagokio, sustapen horietako obren kudeaketa, kontrola eta jarraipen teknikoa egitea ere.

    1. Sailaren zuzeneko sustapeneko babes publikoko etxebizitzen kalifikazioak ematea, haiek deskalifikatzea, baita eskubideak indargabetzea eta espedientea birgaitzea ere, hala dagokionean, eta etxebizitza horiek aldatzeko, hobetzeko eta eraberritzeko obrak baimentzea, kalifikazioa emandakoan.

    2. Eraikingintzaren eta urbanizazioaren azterketa, ebaluazioa eta kontrola egitea, bai eta eraikuntza-kalitatea antolatu, sustatu eta egiaztatzea ere, etxebizitzak eraikitzean eta lotutako urbanizazio-obretan.

    3. Kalitatearen, jasangarritasunaren eta lan-arriskuen prebentzioaren sistema integratuak sustatzea eraikuntzaren sektorean, hargatik eragotzi gabe, azken kasu horretan, arlo horretan eskumena duten organoen eskumenak.

    4. Eraikingintzaren kalitatea kontrolatzeko entsegu-entitate eta -laborategien erantzukizunpeko adierazpenak erregistratu eta kontrolatzea, horiei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta arlo horretako lanak, entseguak eta ikuskapenak egitea.

    5. Proiektuak Gainbegiratzeko Bulego gisa jardutea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailei eragiten dieten eraikingintza-obren harreren kontrol teknikoa egitea, baldin eta sail horiek ez badute proiektuak gainbegiratzeko berariazko zerbitzurik.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoen Erregistroa kudeatzea.

    7. Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluari laguntzea.

    8. Etxebizitzaren eta eraikingintzaren arloko araudi teknikoa lantzea.

    9. Batetik arkitektura, eraikingintza, urbanizazioa eta birgaitze jasangarriak eta bestetik efizientzia energetikoa eta eraikuntzaren kalitatea sustatu, ikertu, bultzatu, hedatu eta zabaltzea, lankidetzan arituz administrazio publikoetako beste sail eta organo batzuekin, profesionalekin, erakundeekin eta elkarteekin, publikoak zein pribatuak izan.

  1. Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak sailburuordetzaren jardun-arlo hauetan garatzen ditu bere egitekoak:

    1. Etxebizitza-politikaren plangintza, jarraipena eta ebaluazioa.

    2. Etxebizitza-politikaren finantza-kudeaketa.

    3. Etxebizitzaren, lurzoruaren eta etxebizitzak birgaitzearen arloko finantza- eta dirulaguntza-neurriak.

    4. Etxebizitzaren arloko prozesu operatiboen zuzendaritza funtzionala.

  2. Arlo horietan, egiteko hauek izango ditu Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Etxebizitzaren arloko politika publikoen plangintza estrategikoa, koordinazioa, kudeaketa operatiboa, gauzatzea eta ebaluazioa egitea, herritarren parte-hartzea sustatuz. Horrek guztiak ez ditu eragotziko Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion eskumenak.

    2. Etxebizitza-programaren aurrekontu-aurreproiektuaren proposamena egitea, eta etxebizitza-programaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioa eta administratiboa egitea, Zerbitzu Zuzendaritzaren koordinazio-eskumenak errespetatuz.

    3. Sailari atxikitako etxebizitza-arloko sozietate publikoen eta partaidetzazko sozietateen kudeaketa-informazioa integratu eta finkatzea, eta estrategia eta jardueren jarraipena eta kontrola egitea.

    4. Etxebizitza-arloko politiken eta eremu babesgarrien inguruko plan, finantzaketa-programa eta araubide juridikoaren proposamenak egitea.

    5. Babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioa proposatzea.

    6. Dirulaguntzak emateko espedienteak ebaztea, izapideak eta kudeaketa hierarkikoki mendekoa den organo edo entitate batek egiten dituenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    7. Politika publikoek etxebizitza-politikaren helburuak lortzean duten eragina aztertzea, eta, bereziki, etxebizitzak arrazoizko prezioan eskaintzea bultzatzeko programek duten eragina.

    8. Zaurgarritasun ekonomikoari eta bitartekotzari buruzko txostena egitea, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean jasotako lurzoru-ondare publikoan sartutako etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei dagokienez, eta Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 439.6, 655 bis eta 685.2 artikuluetan aurreikusitako izapideak egitea.

    9. Sailburuordetzaren jardun-eremuan izango duen eragin ekonomiko eta sektorialari buruzko azterlan, txosten eta argitalpenak egitea, etxebizitzaren arloko politika eraginkor eta koherentea ahalbidetzeko.

    10. Zerbitzu Zuzendaritzari proposatzea Estatistika Planean sar ditzala Etxebizitza Sailburuordetzari dagozkion gaietako eragiketak, eta gai horiei buruzko txosten, azterlan eta analisi estatistikoak egitea, hargatik eragotzi gabe sailaren berariazko estatistika-organoaren eskumenak.

    11. Informazio-sistemen plan estrategiko eta operatiboak diseinatu eta ezartzea etxebizitza-programaren arloan, eta administrazio-informazioko sistemak mantendu eta kudeatzea, sektorearen errealitatea eta haren bilakaera behar bezala ezagutzen dela bermatzeko, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    12. Etxebizitza-alokairuaren merkatuaren erreferentzia-indizeen sistema garatzeko koordinazio teknikoa, bai eta etxebizitzaren eta lurzoruaren merkatuaren errealitatearen jarraipena eta behaketa egiteko beste tresna batzuk garatzeko ere.

    1. Etxebizitza-arloko zerbitzuak hobetzeko eta modernizatzeko planak eta programak diseinatu eta ezartzea, teknologia telematiko berriak bultzatuz, etengabe hobetzeko tresnak bultzatuz eta parte-hartzea sustatuz, alde batera utzita Jaurlaritzaren organo zentralek gai horietan dituzten eskumenak.

    2. Etxebizitzen sustapen itunduei dagozkien onuren deialdia, kudeaketa eta adjudikazioa egitea.

    3. Alokairuko etxebizitzak sustatzeko pizgarriak adjudikatzea eta hitzarmenak prestatzea entitate publiko eta pribatuekin, baita alokairu-programak kudeatzea ere.

    4. Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean araututako lurzoru-ondare publikoan sartzen diren etxebizitzak, eranskinak, merkataritza-lokalak, zuzkidura-bizitokiak eta baliabide ekonomikoak eskuratu, administratu eta kudeatzea, lege horretan aurreikusitakoaren esparruan.

    5. Honako prozesu deszentralizatu hauen zuzendaritza funtzionala: etxebizitza-eskariaren eta -adjudikazioaren kudeaketa eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren kudeaketa; bitartekaritza, informazioa eta adiskidetzea jabeen eta maizterren eskubideen arloan jabetza horizontalaren eta hiri-errentamenduen gaietan; eta laguntzak izapidetzeko sistemaren kudeaketa, bereziki etxebizitzak birgaitzeari dagokionez.

    6. Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien adjudikazioei dagokienez, planifikatu, aginduak argitaratu, barematu, koordinatu eta kontrolatzea.

    7. Kanpoko entitateekin koordinatzea, hala nola udalekin, sustatzaile pribatuekin eta kooperatibekin, etxebizitzak adjudikatzeko prozesuetan, eta haien beharretara egokitutako datu-baseak hornitzea.

    8. Fidantzen itundutako gordailutze-araubide bereziari buruzko eskabideak ebaztea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroaren zuzendaritza funtzionala egitea, Fidantzak jartzeari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroari buruzko martxoaren 15eko 42/2016 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

    9. Babes Publikoko Etxebizitzen eta Zuzkidura Bizitokien Erregistroaren, Jenderik gabeko Etxebizitzen Erregistroaren eta Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroaren zuzendaritza funtzionala.

  1. Lurralde historiko bakoitzean, Etxebizitzako lurralde-ordezkaritza bat egongo da, eta horren buru lurralde-ordezkari bat egongo da, organikoki Etxebizitzako sailburuordearen mende eta funtzionalki sailburuordetza horretako zuzendarien mende. Egiteko hauek izango ditu:

    1. Legeak eta xedapenak betetzen direla zaintzea gai hauetan sailari esleitutako eskumenei dagokienez: etxebizitzari lotutako lurzorua eta urbanizazioa; etxebizitza; arkitektura, eraikingintza, birgaitzea, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa eta kalitatea eraikuntzan, eta irisgarritasuna sustatzea.

    2. Lurralde-ordezkaritzaren zerbitzu orokorrak administratzea, eta hura osatzen duten administrazio-bulego eta -unitateen jarduerak koordinatzea.

    3. Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa eta ordezko etxebizitza izateko eskubidea aitortzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea.

    4. Etxebizitzako prestazio ekonomikoa kudeatzea. Hala ere, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren 33. eta 34. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, Alokabide SAk etxebizitzarako prestazio ekonomikoa kudeatzen lagunduko du, dekretuaren 34. artikuluan aurreikusitako jarduketak eginez, eta inola ere ez du izango agintaritza publikoaz baliatzeko ahalmenik.

    5. Beharrezkoak diren eskritura guztiak egilestea, batetik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondorioz eta, bestetik, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Etxebizitzako sailburuordeak, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariek eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariek etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan hartutako ebazpenak aplikatzearen ondorioz sortutako egoera juridikoak formalizatzeko.

    6. Babes publikoko etxebizitzen kalifikazioak ematea eta deskalifikatzea, eskubideak indargabetzea eta espedientea birgaitzea, behin-behineko kalifikazioan onartutako proiektuaren aldaketei buruz ebaztea, eta etxebizitza horiek aldatzeko, hobetzeko eta eraberritzeko obrak baimentzea, kalifikazioa eman ondoren; hala ere, salbuespena izango da sailaren zuzeneko sustapena duten etxebizitzei dagokienez dekretu honen 13.2.m) artikuluan Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzari aitortutako eskumena.

    7. Premia nabarmeneko arrazoiak direla-eta, etxebizitza-erregimenaren aldaketa ebaztea, baita etxebizitza eta lokal babestuen erabilera-aldaketa ere.

    8. Sustatzaileei behin-behineko kalifikazioan, erosleei edo errentatzaileei etxebizitzak entregatzeko epean eta salerosketako eskritura publikoa egilesteko epean obrak egiteko finkatutako epea luzatzeari buruz ebaztea, hori guztia sailak sustatzen ez dituen babes publikoko etxebizitzei dagokienez.

    9. Bizitegi-parke babestua ikuskatzea, hargatik eragotzi gabe udal-eskumenak.

    10. Bizigarritasun- eta ekipamendu-baldintzei buruzko txostena egitea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren babesean, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuei immigrazio-arloan dagozkien eskumenak.

    11. Zaurgarritasun ekonomikoari eta etxebizitza libreen edukitzaile handien eta hiri-etxebizitzen okupatzaileen arteko bitartekotzari buruzko txostena egitea, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 439.6, 655 bis eta 685.2 artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

    12. Babes publikoko etxebizitzen lege-araubidearen arau-hausteengatiko eta etxebizitzen gabezia higieniko-sanitarioengatiko zehapen-prozedurak instruitzea, prebentziozko edo kautelazko neurriak hartuta. Horretarako, administrazio-unitate berezi bat egongo da lurralde-ordezkaritzetan, zehapen-prozedura guztien instrukzioaz arduratzeko.

    1. Behin-behineko kalifikazioa indarrean dagoen bitartean, baimena ematea sailak sustatzen ez dituen babes publikoko etxebizitzen guztizko prezioaren konturako zenbatekoak jasotzeko.

    2. Sustatzaileari banku-abala edo aseguru-kontratua itzultzeari buruz ebaztea, behin betiko kalifikazioa emandakoan edo obrak legezko epearen barruan amaitutakoan.

    3. Sailaren zuzeneko sustapeneko etxebizitzetan, etxebizitza horiek erosteko maileguen amortizazio aurreratua baimentzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurzoru Ondare Publikoan sartuta dauden etxebizitzen, merkataritza-lokalen eta eraikin osagarrien okupatzaileen aurkako utzarazpen administratiborako espedienteak ebaztea, hala badagokio botatzeak eta beharrezko diren neurri guztiak gauzatuz. Era berean, ondare horretan sartutako etxebizitzak eta lokalak bidegabe okupatzeagatik dagozkion salaketak jartzea.

    4. Azaroaren 20ko 8/1987 Legearen bidez sortutako Euskadiko Balorazio Batzorde Teknikoari eta Nahitaezko Desjabetzeko lurralde-epaimahaiei laguntzea, bitarteko eta baliabide materialak eta giza baliabideak ematea eta administrazio-euskarria ematea, eta azken horien idazkari-lanak egitea, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

    5. Hiri-etxebizitzen jabeen eta errentarien eskubideei eta betebeharrei buruzko informazioa ematea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroa kudeatzea ere. Halaber, bitartekaritza- eta adiskidetze-egitekoak betetzea higiezinen jabeen artean eta horien eta maizterren artean sortzen diren auzietan, betiere aldez aurretik alderdi interesdunekin adostuta eta haien araudi erregulatzailearekin bat etorrita.

    6. Hiri-finken errentamendu-kontratuen ondoriozko araubide orokorreko fidantzak jaso eta itzultzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroa kudeatzea, Fidantzak jartzeari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroari buruzko martxoaren 15eko 42/2016 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

    7. Babes Publikoko Etxebizitzen eta Zuzkidura Bizitokien Erregistroa eta Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroa kudeatzea.

    8. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ematen dizkien gainerako ahalmen, prerrogatiba eta egiteko guztiak.

  2. Lurralde-ordezkariei dagokie funts aurreratuen araubidearen barruan beharrezkoak diren funtzionamendu-gastuak onartzeko eskumena. Araubide hori Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren II. kapituluko bigarren atalean dago araututa.

  3. Horrez gain, lurralde-ordezkariei dagokie indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planaren helburuak definitzea haiei dagokien eremuan, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, euskararen kudeaketa integratua eginez beren zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan; Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea zuzendaritzaren jardun-esparruetan. Hori guztia Zerbitzu Zuzendaritzak koordinatuta eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan.

Sailburuordeen eta zuzendarien postuak hutsik badaude, edo horiek kanpoan edo gaixorik badaude, honako ordezpen-arau hauei jarraituko zaie, sailburuaren berariazko ebazpenik ez badago eta egoera hori gertatu aurretik eskuordetu ez badira:

  1. Sailburuordeei esleitutako eskumen eta egitekoak haien mendeko zuzendariek beteko dituzte, dekretu honetan agertzen diren hurrenkera berean.

  2. Zuzendariei esleitutako eskumen eta egitekoak goragoko hurrengo kargudunak beteko ditu.

  3. Etxebizitzako lurralde-ordezkariei esleitutako eskumen eta egitekoak goragoko hurrengo kargudunak beteko ditu, egoera horrek irauten duen bitartean.

Dekretu hau indarrean jartzen den unean izapidetzen ari diren espedienteak, dekretu honetan esleitutako eskumen eta egitekoei buruzkoak badira, dekretuan egiten diren eskumen eta egitekoen esleipenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Indargabetuta geratzen da 11/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa, Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetza eta Zerbitzu Zuzendaritza aipatzen dituen zatia izan ezik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Araudia aldatzea.

  1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, honako arau hauek aldatzen dira, eta horien ordez Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariaren ebazpena eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria aipatzen dira, Etxebizitzako sailburuordearen ebazpena aipatuta:

    1. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko abenduaren 7ko Aginduaren 32. artikulua, etxebizitzen eta bizitegi-eraikinen alokairua eta bestelako erabilera-moduak sustatzeko jarduerei buruzkoa.

    2. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko urriaren 26ko Aginduaren 8. artikulua, utzarazpen-prozedura eteteak eta bizitoki-alternatibarik gabeko etxe kalteberetarako botatzeak eragindako jabeei konpentsazioa aitortzeari buruzkoa. Honela idatzita geratuko da artikulua:

      Eskaera izapidetzeko organo eskuduna Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza da, eta Etxebizitzako sailburuordeak du ebazteko eskumena.

    3. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko uztailaren 21eko Aginduaren 40. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak, etxebizitza eta eraikinen birgaitzearen, irisgarritasunaren eta energia-eraginkortasunaren arloan jarduketa babesgarrietarako finantza-neurriei buruzkoak. Honela idatzita geratuko dira apartatuok:

      1. Birgaitze integraleko eta efizienteko obra komunitarioetarako laguntzak kudeatzeko lanak (3. lerroa) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako titularrari dagozkio, eta Etxebizitzako sailburuordeak du ebazteko eskumena.

      2. Nolanahi ere, etxebizitzaren arloan eskumena duen saileko Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzako titularrak honako eginkizun hauek izango ditu:

        Birgaitze integral eta efizienteko obra komunitarioetan irisgarritasuna sustatzeko dirulaguntzen lerro bereziko laguntzak kudeatzea (3. lerroa); Etxebizitzako sailburuordeak du ebazteko eskumena.

        Birgaitze integral eta efizienteko obra komunitarioetarako mailegu kualifikatu guztiak kudeatzea eta aldez aurretik eta banan-banan onartu edo baimentzea (3. lerroa); Etxebizitzako sailburuordeak du ebazteko eskumena.

        Obra partikularretako (1. lerroa) eta komunitateko obretako (2. lerroa) mailegu kualifikatuak aldez aurretik eta banan-banan onartu edo baimentzea, interes-tasen subsidiazio-kasuetan.

  2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, honako arau hauek aldatzen dira, eta Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren ebazpenaren aipamenen ordez Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariaren ebazpena aipatzen da:

    1. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko uztailaren 21eko Aginduaren 40.1 artikulua, etxebizitza eta eraikinak birgaitzeko jarduketa babesgarrietarako finantza-neurriei, irisgarritasunari eta energia-eraginkortasunari buruzkoa. Honela idatzita geratuko da apartatua:

      Agindu honetan araututako obra partikularretarako finantza-neurriak (1. lerroa) eta obra komunitarioetarako finantza-neurriak (2. lerroa) kudeatzeko lanak dagokion lurralde historikoko Etxebizitzako lurralde-ordezkariari dagozkio, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak du ebazteko eskumena.

    2. Etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2010eko urriaren 6ko Aginduaren 24.3 artikulua.

      AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Erregelamendu-xedapenen mailaren babesa.

      Azken xedapenetako lehenengoan aipatzen eta aldatzen diren artikuluen ordena-mailari eusten zaio. Ondorioz, maila hori bera duen arau batek aldatu ahal izango ditu.

      AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Erregelamendu bidezko garapena.

      Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko.

      AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

      Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

      Vitoria-Gasteizen, 2024ko abenduaren 3an.

      Lehendakaria,

      IMANOL PRADALES GIL.

      Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

      DENIS ITXASO GONZÁLEZ.