Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

35/2015 DEKRETUA, martxoaren 17koa, Arabako Lurralde Historikoko bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 81
  • Hurrenkera-zk.: 1942
  • Xedapen-zk.: 35
  • Xedapen-data: 2015/03/17
  • Argitaratze-data: 2015/05/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (HBBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean daude ibai hauek: Baia (ES2110006), Zadorra (ES2110010), Ihuda/Ayuda (ES2110012), Omecillo-Tumecillo (ES2110005) eta Ebro (ES2110008).

Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EE Zuzentarauak habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak nola kontserbatu arautzen du, eta, zehazki, 4. artikuluaren bitartez, eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluen bitartez, xedatuta geratu da autonomia-erkidegoek BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu behar dituztela eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri guztiak ezarri behar dituztela, lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen arabera. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, alde batetik, kudeaketako planak eta tresnak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, neurri administratiboak edo kontratuzkoak.

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen 42.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Mediterraneoko eskualde biogeografikoan lehenetsi da ibaietako KBEak izendatzea, eta, ildo horretatik, toki horietako habitatak eta espezieak kontserbatzeko neurriak finkatu dira, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietan Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak daude Habitati buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eta II. eranskinetan daude jasota, bai eta hegazti-espeziak ere Basa-hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean daude jasota. Ibai horiek, halaber, gure erkidegora aldian-aldian heltzen diren hegazti migratzaileen atseden- eta elikagai-guneak dira.

  2. Bestalde, ibaiek berebiziko garrantzia dute Natura 2000 Sarearen koherentzian, ibai-korridoreak lotura-funtzioa betetzen baitu. Funtzio hori luzetara gauzatzen dute ibai-sarean zehar bai eta zeharkako noranzkoan ere, hau da, ibaiertzeko basoek malda-basoekin eta sare ekologikoko beste mendi-inguru batzuekin duten loturetan.

  3. Halako tokietako berezko habitatak hala nola, lehentasunezko zenbait habitat, esaterako: 91E0 habitata (haltzadiak eta lizardiak), zatikatuta daude oso, EAEko toki jakin eta murritz batzuetan baino ez daude, kontserbazio-egoera kaskarrean eta atzera egiteko bidean.

  4. Badira Batasunaren intereseko zenbait espezie, habitat horiei lotuta daudenak, eta haien populazioa mehatxatuta dago eta, kasu gehienetan, atzera-bidean, hala nola Mustrela Lutreola (bisoi europarra), Galemys pyrenaicus (Pirinioetako desmana), Lutra lutra (igaraba), Austropotamobius italicus (ibai-karramarroa); horien artean, flora-espezieak ere badira, esaterako: Woodwardia radicans, Soldanella villosa eta Trichomanes speciosum.

  5. Halako habitatak eta espezieak oso kalteberak dira, eta etengabeko presioen eraginpean daude (erabilera urbanistikoek eta nekazal eta baso-erabilerek ibai-ertzak okupatzea, batez ere, bai eta ibaietako emarien erregimenean gorabeherak izatea ere).

    92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakon aztertu dira Mediterraneoko eskualde biogeografikoko ibaiak, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten kokalekua. Horretaz gain, ibai horietako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera ere aztertu dira.

    Eremu horien mugapena lan-eskala hobetuz lortu da, eta ez ditu modu esanguratsuan aldatzen ez eremuaren mugak, ez eta Batasunaren intereseko diren flora- eta fauna-espezieen populazioak ere. Europako Batzordeari bidaliko zaio mugapen hori, eguneratze aldera. Ildo beretik, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera igorri eta jakinarazitako datuekin. Alde horiek habitatak identifikatzeko metodologiaren ondorio dira, baita hasierako proposamena egiteko unean erabili zen lan-eskalaren ondorio ere. Xehetasun-azterketari esker, habitat jakin batzuen interpretazioa zuzendu da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, formularioan adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk izan bazirela.

    Kontserbazio Bereziko Eremu izendapenerako prozeduran, ondo bete da, egoki denez, parte-hartze sozialaren prozesua, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozesu horretan, gizarte- eta ekonomia-interesen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak irekita egon dira tramitazioan zehar, bai interesdunei jakinarazpenak bidalita, bai horretarako sortutako web gunearen bidez: http://www.euskadi.eus/natura2000. Izendapen-prozesu honi buruzko informazioa eguneratuko da etengabe web gune horretan.

    Bost ibai horiek kontserbatzeko tresnak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraituz prestatu dira, hain zuzen ere 92/43/EEE Zuzentarauan jasota daudenetatik ibai horien inguruan ageri diren habitaten eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko.

    Horretaz, gainera, ingurune hidrikoari lotutako eremuak direla kontuan hartuta, Natura 2000 Sareko arau orokorrak aplikatuko zaizkie eremu horretako inguru guztiei. Arau horiek martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuaren bidez onartu ziren (34/2015 Dekretua, Ingurune hidrikoari lotutako Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) Arau Orokorrak onartzen dituena). Bestalde, halako eremuetarako jarraibide eta arau espezifikoak arroko erakundeekin eta administrazio sektorial eskudunekin lankidetzan prestatu dira.

    Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen Testu Bateginaren 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko martxoaren 17an egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Arabako Lurralde Historikoko Natura 2000 Sareko honako ibai hauek izendatzen dira Kontserbazio Bereziko Eremu (aurrerantzean, KBE):

    ES2110006 Baia ibaia.

    ES2110010 Zadorra ibaia.

    ES2110012 Ihuda ibaia (Ayuda).

    ES2110005 Omecillo-Tumecillo ibaia.

    ES2110008 Ebro ibaia.

  2. KBE horien mugapena dekretu honetako kartografian dago jasota, eta bat dator Europako Batzordearen 2006ko uztailaren 19ko Erabakian bildutako BGL Batasunaren Garrantzizko Lekuen mugapenarekin. Erabaki horren bidez, Mediterraneoko eskualde biogeografikoko Batasunaren garrantzizko lekuen zerrenda onartzen da, Batzordearen 92/43/EEE Zuzentarauarekin bat etorriz.

  3. Onartzen dira aipatutako Kontserbazio Eremu Bereziak kontserbatzeko neurriak (I. eranskinetik V.era bitartean daude jasota) dekretu honetako 3. artikuluan adierazitako edukia dutela.

  1. Arau honen xedea honako hau da: Kontserbazio Bereziko Eremuetan (KBE) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan, Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazten ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremuetan araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoa eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

  1. KBEak arautzen dituzten arau orokorrak martxoaren 17ko 34/2015 Dekrektuan daude bilduta. Dekretu horren bidez, onartzen dira ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak.

  2. Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin (lege hori apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaz onetsi zen), honako hauek jasotzen dituzte I, II, III, IV eta V. eranskinek, eremu bakoitzerako: tokiko kartografia, mugapena eta guzti; deklarazioa justifikatzen duten Batasunaren intereseko habitat-motak eta animalia- eta landare-espezieak; haien kontserbazio-egoerari buruzko balorazioa; tokiaren kontserbazio-helburuak, eta jarraipen-programa.

  3. VI, VII, VIII, IX eta X. eranskinetan, argitara ematen dira eremu horietarako kudeaketa-jarraibideak eta -neurriak, Arabako Foru Aldundiak onartuak apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaz onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.5 artikuluarekin bat etorriz.

Eranskin horietan funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua baita kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz joatea. Prozedura horretan, gainera, bermatu beharko da herritarrek benetan parte-hartzeko aukera dutela betiere uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoari jarraikiz (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozeduran, halaber, kontsulta egingo zaie eragindako administrazio eta erakundeei, eta Naturzaintza-ri txostena emateko eskatuko zaio.

Plan honen aplikazio-eremuaren eraginpeko gune babestuetan honako zehapen-erregimen hau aplikatu behar da: Euskal Herriko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa (apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege hori) eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

Baimena ematen zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Eusko Jaurlaritzaren izenean bete ditzan legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean, eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatu dezan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)