Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

323/2024 DEKRETUA, azaroaren 5ekoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 5335
  • Xedapen-zk.: 323
  • Xedapen-data: 2024/11/05
  • Argitaratze-data: 2024/11/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera (18/2024 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sail-egitura berrantolatu da, eta Administrazioko sailei eskumenak berresleitu zaizkie, legegintzaldi honetan gobernu-programa osatzen duten konpromiso guztiak ahalik eta eraginkortasunik handienarekin burutzeko.

Dekretu horren 2. artikuluan, Administrazioaren egitura definitzen da, eta, b) apartatuan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila aipatzen da, zeinaren egitekoak eta jardun-arloak 7. artikuluan bilduta baitaude. Horiek horrela, beharrezkoa da Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura antolatzea.

Sailak hiru sailburuordetza izango ditu: Ekonomia Sailburuordetza, Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetza eta Enplegu eta Inklusio Sailburuordetza. Sailburuordetza bakoitzean, bestalde, zuzendaritzak egongo dira, bakoitzak kudeatu behar dituen arlo espezifikoen arabera.

Ekonomia Sailburuordetza Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren plangintzaz arduratzen da, hazkunde ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzea xede. Halaber, ikerketa, koiuntura eta aurreikuspen ekonomikoaz eta Euskal Autonomia Erkidegoko egoera sozioekonomikoari buruzko azterlanak eta ikerketak egiteaz eta zabaltzeaz ere arduratzen da; horrez gain, Europako Suspertze eta Erresilientzia Funtsen (SEM) koordinazioa, jarraipena eta informazio-sorkuntza ere hartzen ditu bere gain, baita egiturazkoak ez diren aldi baterako Europako beste finantzaketa-tresna eta -funts batzuena ere.

Sailburuordetza horren mende daude Ekonomia Zuzendaritza eta Plangintzaren eta Egiturazkoak Ez diren Funtsen Zuzendaritza.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzak honako hauek hartuko ditu bere gain: lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea; gizarte-ekonomia kooperatibak, lan-sozietate anonimoak eta ekonomia solidarioa; enpresen gizarte-erantzukizuna, eta Gizarte Segurantza, Autonomia Estatutuan aurreikusitako moduan.

Sailburuordetza horren mende egongo dira Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

Enplegu eta Inklusio Sailburuordetzari dagokio, batetik, enplegu-politikaren eta lanerako prestakuntzaren gaineko eskumenak egikaritzea hargatik eragotzi gabe Hezkuntza Sailak lanbide-heziketaren arloan esleituta dituen zuzendaritza-, antolamendu- eta plangintza-egitekoak eta, bestetik, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren eskumenak egikaritzea.

Sailburuordetza horren mende egongo dira Enplegu Zuzendaritza eta Inklusio Zuzendaritza.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egiturak, aldi berean, Jaurlaritzako bigarren lehendakariordearen egitekoak garatzen ditu, hala ezarrita baitago Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua izendatzeko den ekainaren 24ko 21/2024 Dekretuaren 3. artikuluan.

Aipatutako dekretuaren 2. artikuluak aurreikusten du Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitako eginkizunak beteko dituela, bai eta lehendakariak agintzen edo eskuordetzen dizkion gainerakoak ere. Inguruabar horren ondorioz dauka sailak zeregin horri aurre egiteko egitura horizontala, beharrezko laguntza emateko gainerako arloei, bai eta Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta beste administrazio publiko batzuekin jarduerak planifikatzeko eta koordinatzeko ere.

Organo horiek zuzenean daude sailburuaren mende. Zerbitzu Zuzendaritza saileko gainerako organoei laguntzeko organoa da, arlo guztietan komunak diren gaietan laguntzen baitie. Kabinete Zuzendaritza karguaren arabera esleituta dauden egitekoak betetzeko zuzeneko laguntza-organoa da, eta sailburuaren lan-programaren plangintza, jarraipen, koordinazio eta laguntzaz arduratzen da bereziki. Azkenik, Komunikazio Zuzendaritza dago, eta hari dagokio informazio-harremanak zuzentzea eta sailaren ekintzei buruzko informazioa zabaltzea.

Ondorioz, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitekoak eta jardun-arloak lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluan daude zehaztuta (18/2024 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Horretaz gainera, hurrengo artikuluetan bildutako eskumenak ere izango ditu.

  2. Halaber, aurreko apartatuan jasota dauden gai horiekin zerikusia duen bestelako ezein eskumen ere Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarena da, ez bazaio espresuki esleitu Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo edo ente instituzional bati.

  1. Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak egikaritzeko, organo zentralak eta periferikoak izango ditu Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak.

  2. Hauek dira Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren organo zentralak:

    1. Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua, eta sailburuaren mendeko zuzendaritzak:

      1. Zerbitzu Zuzendaritza.

      2. Kabinete Zuzendaritza.

      3. -Komunikazio Zuzendaritza.

    2. Ekonomia Sailburuordetza, eta haren mendeko zuzendaritzak:

      1. Ekonomia Zuzendaritza.

      2. Plangintzaren eta Egiturazkoak Ez diren Funtsen Zuzendaritza.

    3. Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetza, eta haren mendeko zuzendaritzak:

      1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza eta Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetza, hierarkikoki zuzendaritza horren mende.

      2. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

    4. Enplegu eta Inklusio Sailburuordetza, eta haren mendeko zuzendaritzak:

      1. Enplegu Zuzendaritza.

      2. Inklusio Zuzendaritza.

      3. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren organo periferikoak dira Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritzak, lurralde historiko bakoitzekoak.

      4. Sailari atxikita edo lotuta daude, beren sortze-arauetan ezartzen den moduan, honako organo hauek:

        1. Euskal Estatistika Batzordea.

        2. Euskal Estatistika Kontseilua.

        3. Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa eta haren lurralde-bulegoak.

        4. Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua.

        5. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarrizketa Sozialaren Mahaia.

        6. Enpleguaren Euskal Foroa.

        7. Inklusiorako Euskal Kontseilua.

        8. Inklusiorako Erakundearteko Batzordea.

        9. Enplegu- eta inklusio-politiken ebaluazio-organoa.

        10. Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea.

      5. Halaber, sailari atxikita daude honako ente instituzional hauek:

        1. Euskal Estatistika Erakundea, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren bidez.

        2. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuaren bidez.

        3. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren bidez.

      6. Zuzendaritza Kontseilua ere egongo da, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua buru duela, hari laguntzeko sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen.

        Kontseiluaren parte izango dira sailburuordetzen titularrak; Zerbitzu Zuzendaritzaren, Kabinete Zuzendaritzaren eta Komunikazio Zuzendaritzaren titularrak, eta sailburuak egoki iritzitako goi-kargudunak zein konfiantzazko edo behin-behineko langileak.

  1. Honako eskumen hauek dagozkio Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari: Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan aipatzen diren eskumenak eta indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera sail honi dagozkion egiteko eta jardun-arloen esparruan (18/2024 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

  2. Halaber, honako egiteko hauek ere badagozkio:

    1. Bere eskumenen esparruko helburu estrategikoak definitzea, gobernu-programan zehaztutako ildo estrategikoen eta programa-konpromisoen arabera.

    2. Helburu estrategikoak garatzean lortutako eragin soziala eta ekonomikoa aztertzea, eta saileko jarduera-sektoreen helburuetan beharrezkoak diren aldaketak edo garapenak zehaztea.

    3. Sailaren organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

    4. Izendapen askeko lanpostuak betetzea aurretik deialdi publikoa eginez, eta behin-behineko langileak izendatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako dirulaguntza izendunak ematea, sailaren jardun-arloan.

    6. Saileko organoen arteko eskudantzia-gatazkak ebaztea, eta beste sailekikoak planteatzea.

    7. Ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

    8. Ofizioz berrikusteko prozedurak hasi eta ebaztea, non eta egiteko horiek ez dauden, arau bidez, beste organo bati esleituta.

    9. Zuzenean eta hierarkiaz sailburuaren mende dauden sailburuordetzen eta zuzendaritzen titularrek emandako administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    10. Ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuak xedatzen duen eskumen delegatua egikaritzea (139/1996 Dekretua, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan greba-eskubideaz baliatzen direnean, Autonomia Erkidegoko funtsezko zerbitzuei jardunean eutsiko zaiela ziurtatzeko behar diren neurriak hartzeko eskumena Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari eskuordetzan ematen diona).

    11. Kooperatiben deskalifikazioa eta aldi baterako esku-hartzea erabakitzea, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161. eta 162. artikuluekin.

    12. Sozietate kooperatiboen onura publikoaren deklarazioa egitea eta baliogabetzea, bat etorriz otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuarekin (dekretu horren bidez, onura publikoko sozietate kooperatiboei dagozkien prozedura eta betekizunen Erregelamendua onartu zen).

    1. Protokolo orokorrak eta hitzarmenak formalizatzea partikularrekin edo pertsonifikazio pribatuaren bidez eratutako entitateekin.

    2. Indarrean dagoen araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak baliatzea, honako arlo hauetan: enplegu publikoa, ondarea, ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa, eta, oro har, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako egiteko eta jardun-arloekin lotuta daudenak, baldin eta sailaren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egotzita ez badaude.

    3. Euskal Estatistika Erakundearen eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendaritza estrategikoa egitea, emaitzak ebaluatzeko prozeduren aplikazioa gainbegiratzea eta haien efikazia eta efizientzia kontrolatzea, baita Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 58.2 artikuluan aipatzen diren gainerako egitekoak ere.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko sailburuordeei, zuzenean eta hierarkiaz sailburuaren mende jardunez, honako egiteko hauek dagozkie, oro har:

  1. Sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea eta horien eragina aztertzea.

  2. Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

  3. Sailburuordetzako eta haren mende dauden zuzendaritzetako organo eta jarduera guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zirkularrak, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

  4. Jardun-politikak eta xedapen-proiektuak prestatzea eta sailburuari proposatzea, eta, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, hari laguntza teknikoa ematea.

  5. Gaiaren arabera, eskumenak dituzten estatuko, autonomia-erkidegoetako, foru-aldundietako eta toki-entitateetako organoekin harremanak izatea.

  6. Sailburuordetzaren mende dauden zerbitzuetako proiektuak proposatzea, behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak definituz, aurrekontuen aurreproiektua prestatu ahal izateko.

  7. Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza-zentroen eta organismoen funtzionamendua ikuskatu eta kontrolatzea.

  8. Sailburuordetzaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  9. Bere gain hartzea sailburuordetzako hizkuntza-normalizazioaren ardura, eta bere eskumeneko eremuetan euskararen erabilera sustatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin eta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan aurreikusitakoarekin.

  10. Zehatzeko ahala baliatzea bere eskumeneko eremuan, indarrean dagoen legeriari jarraituz oso astuntzat jotzen diren falten kasuan, betiere egiteko hori beste organo bati espresuki esleitzen ez bazaio.

  11. Bere gain hartzea bere sailean eta bere eskumeneko eremuetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ardura, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian ezarritakoarekin.

  12. Lehiaketa bidezko dirulaguntzen deialdiak ebaztea, bai eta norgehiagokarako beste prozedura batzuen lehiaketaz bestelakoak eta segidako lehiaketaren prozeduren deialdiak ere.

  1. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkien eskumenak, eta, eskumen komunak direlako, oro har sailburuordeei dagozkienak.

Zuzendariek, dagokien sailburuordearen zuzeneko eta hierarkiazko mendetasunez Zerbitzuen zuzendaria, Kabineteko zuzendaria eta Komunikazioko zuzendaria izan ezik, zeinak sailburuaren mende baitaude, egiteko hauek izango dituzte, oro har:

  1. Sailburuaren eta sailburuordeen ebazpenak betearaztea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak baliatzea.

  2. Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

  3. Zuzendaritzaren jarduerak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

  4. Espedienteen erregistroak eta artxiboak eta dagokion zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat eginik, eta hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

  5. Goragoko organoei proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan.

  6. Azterketak eta, hala behar bada, txosten tekniko-juridikoak egitea xedapen arauemaileen proiektuei buruz, Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamenei buruz edo sailaren ekimenez sinatzekoak diren hitzarmenei buruz.

  7. Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen legerian agindutako kasuetan.

  8. Ekonomia Zuzendaritzari helaraztea zuzendaritza bakoitzaren berezko arloetako estatistika-datuei buruz beharrezkoa den informazioa.

  9. Sailari dagozkion egitekoak betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak eta haren Administrazio Instituzionalak Interneten izan beharreko presentzia-modeloari dagokionez, betiere bere zuzendaritzari esleitutako arloetan.

  10. Arreta-maila partikularrari dagozkion betebeharrak betetzen direla ziurtatzea, ebatzi behar dituzten prozedurei eta izapidetzen dituzten espedienteei dagokienez, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera (91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

  11. Zehatzeko ahala baliatzea bere eskumeneko eremuan, indarrean dagoen legeriari jarraituz arintzat eta astuntzat jotzen diren arau-hausteen kasuan, betiere egiteko hori beste organo bati espresuki esleitzen ez bazaio.

  12. Kudeaketa-organo gisa jardutea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako ondorioetarako.

  1. Indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, bere zuzendaritzako zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez; hori guztia, Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiako helburuak zehaztea berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatu eta ebaluatzea, bere zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez; hori guztia, Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean.

  3. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkienak, eta, komunak direlako, oro har Jaurlaritzako zuzendariei dagozkienak.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gainera:

    1. Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak gai horri buruz esleitzen dizkion eskumenak baliatuz.

    2. Sailaren Segurtasun eta Lan Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuari dagozkion eskudantziak.

    3. Langileen prestakuntza-planak eta -programak koordinatu eta kudeatzea.

    4. Sailaren aurrekontuei buruzko aurreproiektua koordinatu eta lantzea, eta haren jarraipena egitea; sailari atxikitako sektore publikoko entitateen aurrekontuei buruzko aurreproiektuak koordinatu eta sailarenarekin bateratzea; aurrekontuko aldaketak izapidetzea, eta gastu-programak ebaluatzea.

    5. Sailaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa egitea, dagozkion informazio-sistemak, ebaluazio jarraitukoak eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.

    6. Sailaren gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak eta 18.2.v) artikuluan Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkariei funtzionamendu-gastuak onartzeko esleitzen zaizkien eskumenak, funts aurreratuen araubidearen barruan; halaber, kreditu-transferentziak izapidetzea dagokio.

    7. Zerbitzuen eta lan-metodoen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, eta, halaber, zerbitzu publikoetako kalitate-hobekuntzaren eta berrikuntzaren arloan organo eskudunek emandako ekimenak eta jarraibideak sailetako organoek nola betetzen dituzten gainbegiratzea.

    8. Irizpen teknikoak eta, oro har, aholkularitza juridikoa ematea sailaren berezko arloei dagokienez, saileko organoek proposatuta. Bereziki, honako hauetan aipatzen diren egitekoak garatu behar ditu: Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikulua eta 5.3 artikulua, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikulua.

    9. Sailburuak ebatziko dituen ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea.

    10. Kontratuen arloko aholkuak eta informazioa eman eta espedienteak eta gorabeherak izapidetzea, bai eta kontratazioaren arloko errekurtso arrunten eta apartekoen txostenak egitea ere, kontratazio-organoarentzat, organo sustatzaileentzat eta kontratazio-mahaiarentzat.

    11. Izapideak egitea sailaren gaiak Gobernu Kontseilura eta, hala badagokio, Jaurlaritzako batzorde delegatuetara bidaltzeko, baldin eta haiek landu beharrekoak badira. Era berean, gaiak eta dokumentazioa Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko izapideak egitea, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    12. Aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko gaiak izapidetzea.

    1. Sailaren informatika-zerbitzu propioen jarraipena egitea eta, hala badagokio, zerbitzu horiek kudeatzea, bai eta datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzen dela bermatzea ere, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko datuak babesteko ordezkariari dagozkion egitekoak.

    2. Irailaren 25eko 135/2018 Dekretuaren 9. artikuluan sailari esleitutako argitaratze-egitekoak betetzea (135/2018 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen argitaratze-jarduerari buruzkoa).

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko ereduaren antolamenduari dagokionez sailari dagozkion egitekoak garatzea eta, bereziki, martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuaren 7. eta 14. artikuluetan ezarrita dauden egitekoak (36/2020 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua).

    4. Eusko Jaurlaritzaren ekimen eta jarraibide orokorrak garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoa den sostengua bermatzea, arlo hauetan: kudeaketa aurreratua, modernizazioa, administrazio elektronikoa, gobernantza eta berrikuntza. Halaber, ekimen eta jarraibide horiek sustatzea sailaren barruan.

    5. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatzea eta dinamizatzea, eta euskara sustatzea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen arloan.

    6. Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, eta gainerako zuzendaritzekin eta sailari atxikitako organoekin eta administrazio instituzionaleko entitateekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzea bultzatzeko.

  2. Zerbitzuen zuzendaria izango da sailaren kontratazio-organoa. Organo eskuduna da, era berean, entitate bati prestazio jakin baten mandatua egiteko xedea duten negozio juridikoak sinatzeko. Horretarako, baina, entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propio pertsonifikatuaren izaera izan behar dute, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Kabinete Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gainera:

  1. Sailburuaren lan-programa planifikatzea, haren jarraipena egitea eta hari babesa ematea.

  2. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak programatu eta antolatzea.

  3. Saileko sailburuordetzen arteko koordinazio egokia zaintzea, eta sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, organo eskudunen bidez.

  4. Sailak beste administrazio publiko batzuekin egin beharreko jarduketak koordinatu eta bideratzea, ezertan eragotzi gabe Jaurlaritzaren beste organo batzuek esleituak dituztenak.

  5. Sailaren eta Jaurlaritzako beste sailen arteko harremana zaintzea, bere eskumeneko arloetan.

  6. Teknikak eta metodoak proposatzea, sailaren programa eta jarduna garatzera eta betetzera bideratutako arloetan burutu beharreko jarduerak planifikatzeko, programatzeko eta ebaluatzeko. Horretarako, sailburuari dagozkion jarraipen- eta koordinazio-egitekoak errazteko beharrezkoak diren laguntza eta agiriak eskatu ahal izango dizkie arlo horiei.

  7. Sailaren plan estrategikoak eta haien jarraipen-txostenak prestatzen laguntzea, sailburuordetzekin koordinatuta.

  8. Sailaren eginbeharretan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea, gaiarekin zerikusia duten saileko beste organo eskudunekin elkarlanean.

  9. Europar Batasuneko instituzioen inguruan sailari dagozkion jardueren jarraipena egitea.

  1. Komunikazio Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gainera:

    1. Informazio-harremanak zuzendu eta izatea komunikabide sozialekin, eta sailari buruzko informazio orokorra zabaltzea, gainerako organoen organo laguntzaile gisa jardunez.

    2. Sailaren akzio publikoen informazio- eta publizitate-estaldura egokia ziurtatzea.

    3. Sailaren eginbeharrarekin zerikusia duten gaietan herritarren lankidetza sustatzeko publizitate instituzionaleko kanpainak eta gizartea sentsibilizatzeko beste kanpaina edo neurri batzuk diseinatzea eta gauzatzea, gainerako organo interesdunekin koordinatuta, bat etorriz Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearekin eta Publizitate eta Komunikazio Instituzionalaren Urteko Planarekin.

    4. Sailaren komunikazio-politika zehaztu, zuzendu eta koordinatzea, sailaren jarduerak, erabakiak eta politikak behar bezala zabaltzen direla bermatzeko, bai informazio- eta prentsa-kanalen bidez, bai publizitate-kanalen bidez.

    5. Sailaren urteko argitalpen-programa prestatzea, Argitalpen Zerbitzu Zentralarekin batera.

    6. Sailari dagokion jardun-arloan herritarrei arreta emateko maila espezializatuari dagozkion betebeharrak betetzen direla ziurtatzea, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera (91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), eta harremanak antolatzea Zuzenean Herritarrentzako arreta-zerbitzuarekin, bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela ziurtatuz.

    7. Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa irispidean izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak, sektore publikoko informazioaren berrerabilera eta sailaren datu publikoen zabalkundea koordinatu eta horien guztien jarraipena egitea, betiere gardentasunaren eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen politikarekiko koherentziaz.

    8. Sailaren interes orokorreko dokumentu-informazioko zerbitzua kudeatzea, informazio automatizatua emateko, bai bibliografikoa, bai prentsa, irrati eta telebistakoa, bai Internetekoa.

    9. Behar diren dokumentazio bibliografiko eta tekniko guztiak katalogatzeko organo gisa aritzea, sailaren politika behar bezala gauzatzeko eta administrazio-zerbitzuak optimizatzeko.

  2. Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 129.3 artikuluan jasotakoaren arabera, Komunikazio Zuzendaritzaren titularra izango da Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordeko bokal.

  1. Ekonomia Sailburuordetzak, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren zuzendaritzapean, honako arlo hauetan sailari esleitutako egitekoak beteko ditu: Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren plangintza; ikerketa, azterlanak, metodo ekonomikoak; koiuntura eta aurreikuspen ekonomikoa; estatistika; Europako Suspertze eta Erresilientzia Funtsen (SEM) koordinazioa eta jarraipena, baita egiturazkoak ez diren aldi baterako Europako beste finantzaketa-tresna eta -funts batzuena ere, baldin eta horien kudeaketan Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartzen badu edo laguntza edo aholkularitza ematen badie pertsona edo entitate onuradunei. Sailburuordeak honako egiteko hauek izango ditu, 4. artikuluan esleitzen zaizkionez gainera:

    1. Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren plangintza zuzentzea, hazkunde ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzea xede.

    2. Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoa eta estrategikoa koordinatzea, eta politika publikoen eraginkortasuna eta politika ekonomikoaren helburuak betetzean duten eragina aztertzea.

    3. Ikerketa ekonomikoa, koiuntura eta aurreikuspen ekonomikoa zuzentzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko egoera sozioekonomikoari buruzko azterlan eta ikerketak zuzentzea ere, euskarri badira a) letran aurreikusitako plangintzarako eta sailak kudeatzen dituen gainerako arloetarako.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Europako Suspertze eta Erresilientzia Funtsekin (SEM) lotuta egiten dituen jarduerak eta egiturazkoak ez diren aldi baterako Europako beste finantzaketa-tresna eta -funts batzuk zuzentzea, koordinatzea, programatzea, jarraipena egitea eta aztertzea zer nolako eragina duten sare sozioekonomikoan, baldin eta horien kudeaketan Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartzen badu edo laguntza edo aholkularitza ematen badie pertsona edo entitate onuradunei.

    5. Euskal Estatistika Erakundearen zuzendaritza estrategikoan laguntzea sailburuari.

    6. Orokorrean, ekonomiari buruzko legeak bete daitezela zaintzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz edo proposatuz, eta indarrean dagoen araudiak agintzen dizkion bestelako egiteko guztiak betetzea.

  2. Ekonomia Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Ekonomia Zuzendaritza eta Plangintzaren eta Egiturazkoak Ez diren Funtsen Zuzendaritza.

  1. Ekonomia Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, 5. artikuluan esleitzen zaizkionez gainera:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko eta haren sektore edo segmentuetako errealitate sozioekonomikoari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea, sustatzea eta zabaltzea.

    2. Euskal ekonomiari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak egitea, bai orokorrak, bai sektorialak.

    3. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiten dituen eta jardun ekonomikoan eragina duten azterlanak koordinatzea, eta ekonomiaren arloan diharduen edozein organori laguntza teknikoa ematea, Gobernu Kontseiluak, hala badagokio, ezarritako baldintzetan.

    4. Ikerketa ekonomikorako metodoak garatzea; bereziki, euskal ekonomiarako ereduak eta ekonomia horren sektore edota segmentuetarako ereduak.

    5. Euskadiko aurrekontu-araubidearen araudian eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearenean aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoari buruzko urteko eta seihileko txostenak egitea, bai eta Euskal Sektore Publiko osoaren ekonomia-jardueraren jarraipena eta analisia egitea ere, bai administrazio publikoena, bai haiei atxikitako sektore publikoarena.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta politika ekonomikoko plangintzaren egoeraren eta bilakaera orokor eta sektorialaren jarraipena egitea erkidegoarena zein erkidegoan eragina duenarena, baita nazioko eta nazioarteko koiuntura ekonomikoarena ere, aurreikuspen-teknikak sortuz eta erabiliz eta koiuntura ekonomikoari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak eginez.

    7. Eskualde, nazio eta nazioarte mailako adierazle ekonomikoen datu-baseak mantendu eta ustiatzea.

    8. Estatuko eta nazioarteko organismo eta foroekin elkarrizketak izatea aurreikuspen ekonomikoen arloari buruz.

    9. Lankidetzan aritzea saileko sailburuordetzekin, bere eskumeneko arloetan jarduera esanguratsuak planifikatzeko edo egiteko laguntza teknikoa izan daitezkeen azterlanak egiten.

    10. Euskal Estatistika Planak esleitutako estatistika-eragiketak egitea.

    11. Oro har, proposamenak bultzatzea eta garatzea euskal ekonomian eta enpleguan eragin onuragarria izan dezakeen erregulazioa hobetzeko.

  2. Ekonomia Zuzendaritzari atxikitzen zaio sailaren berariazko estatistika-organoa.

Plangintzaren eta Egiturazkoak Ez diren Funtsen Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, 5. artikuluan esleitzen zaizkionez gainera:

  1. Politika sektorialak politika ekonomiko orokorrarekin koherenteak direla bermatzeko neurriak proposatzea, gobernuaren plangintza estrategikoaren ikuspegi ekonomiko batetik.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoa parte den gainerako erakunde publikoen jarduna planifikatzen parte hartzea, Jaurlaritzak erabakitzen duen moduan; eta gizarteko eta ekonomiako eragileek parte hartu ahal izateko moduak dinamizatu eta sustatzea, ekonomiaren plangintza hitzartua lortzeko.

  3. Jaurlaritzaren inbertsio estrategikoen jarraipena egitea.

  4. Lurraldea antolatzeko tresnak sortzeko prozesuetan parte hartzea, indarrean dauden arauen arabera, eskualdearen plangintzan eragina duten alderdi ekonomikoei dagokienean.

  5. Inbertsio-mailagatik eta enpleguaren kalitateagatik euskal ekonomiarentzat interes estrategikoa duten proiektuak aztertu eta horiei buruzko txostenak egitea, eta, horretarako, ekonomian eta enpleguan izango duten eragina ex ante eta ex post ebaluatu ahal izateko metodologia definitzea.

  6. Europako Suspertze eta Erresilientzia Funtsen (SEM) kontura edo egiturazkoak ez diren aldi baterako Europako beste finantzaketa-tresna eta -funts batzuen kargura finantzatutako programak programatu, gauzatu, horien jarraipena egin eta ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzak egin behar dituen jarduerak zuzentzea. Zehazki, hauek egin beharko ditu:

    1. Gaiaren arabera eskudunak diren sailak koordinatu, aholkatu eta lagundu, baldin eta suspertze- eta erresilientzia-mekanismoaren funtsekin finantzatutako azpiproiektuak gauzatzen dituzten entitateak badira.

    2. Azpiproiektuen gauzatze-maila zehatz jakiteko eta horren gaineko jarraipena egiteko eskuragarri dagoen informazioa sistematizatu.

    3. Sailen arteko elkarrizketan lagundu eta, hala badagokio, suspertze- eta erresilientzia-mekanismoaren funtsekin finantzatutako proiektuak gauzatzen dituzten entitateek kontrol-erakundeei eman behar dizkieten informazio-fluxuak zehazten lagundu.

    4. Jasotako esleipenen eta sailei esleitutako azpiproiektuen gauzatze-mailaren jarraipena egin, horiek ebaluatu eta Jaurlaritzari helarazi.

    5. Iruzurraren aurkako planak berrikusteko gainbegiratu eta, hala badagokio, lagundu, bai eta plan horien gauzatze- eta betetze-mailen jarraipena koordinatu ere.

  7. Europako Suspertze eta Erresilientzia Funtsek (SEM) edo egiturazkoak ez diren aldi baterako Europako beste finantzaketa-tresna eta -funts batzuek autonomia-erkidegoan duten eragin sozioekonomikoaren azterketa egitea, eta, horretarako, eragin- eta emaitza-adierazleak proposatzea, Ekonomia Zuzendaritzarekin lankidetzan.

  8. Lankidetzan aritzea Ogasun eta Finantza Saileko zuzendaritzarekin, hura baita eskuduna Europako Suspertze eta Erresilientzia Funtsetatik (SEM) eta autonomia-erkidegoak kudeatzen dituen egiturazkoak ez diren aldi baterako Europako beste finantzaketa-tresna eta -funts batzuetatik eratorritako Europar Batasunarekiko finantza-fluxuak aztertu, jarraitu eta ebaluatzeko.

  9. Ordezkaritza izatea Europako Suspertze eta Erresilientzia Funtsak (SEM) eta Euskal Autonomia Erkidegoak kudeatzen dituen egiturazkoak ez diren aldi baterako Europako beste finantzaketa-tresna eta -funts batzuk koordinatzeko organo, batzorde eta lantaldeetan, eta elkarrizketa teknikoa izatea, Estatuko Administrazio Orokorrarekin, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

  1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzak, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren zuzendaritzapean, honako arlo hauetan sailari esleitutako egitekoak beteko ditu: lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea; gizarte-ekonomia; enpresen gizarte-erantzukizuna, eta Gizarte Segurantza, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aurreikusitako moduan. Sailburuordeak honako egiteko hauek izango ditu, 4. artikuluan esleitzen zaizkionez gainera:

    1. Eragile sozialek lanaren arloko topaguneetan egiten dituzten akordioak sustatzea, eta horiek garatzen laguntzea.

    2. Lan-harremanen eta laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan eragile sozialek egindako akordioak bultzatu eta babestea.

    3. Enpresa-kultura jakin bat bultzatzea, oinarri izango dituena itunak eta langileen enpresako parte-hartzea.

    4. Lanaren antolamenduaren hobekuntza eta modernizazioa bultzatzea, enpresetan produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko.

    5. Lankidetzan aritzea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarekin, lankidetzarako formulak garatuz, helburu hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren gizarte- eta industria-arloko sarea osatzen duten sektoreen produkzio-prozesuak bultzatzea.

    6. Lan Harremanen Euskal Eredua defendatzea.

    7. Elkarrizketa sozialeko foroetan jardutearen eta parte hartzearen alde egitea, bereziki Elkarrizketa Sozialaren Mahaian.

    8. Zehapenak ezartzea kooperatiben arloko arau-hauste oso astunengatik, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 160.6.b) artikuluarekin eta otsailaren 13ko 12/2024 Dekretuaren bidez onartu zen Kooperatiben arloko ikuskapenari eta zehapen-prozedurari buruzko Erregelamenduaren 3. artikuluarekin.

    9. Sailburuordetzako zuzendariek hartutako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    10. Gizarte-ekonomiaren, ekonomia solidarioaren eta kooperatibismoaren arloko jarduerak sustatu eta koordinatzea.

    11. Enpresen gizarte-erantzukizunaren arloko jarduerak sustatu eta koordinatzea.

    12. Bere gain hartzea Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren goi-mailako koordinazioa eta zuzendaritza, eta haren funtzionamendua zaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.

  2. Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

  1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, lan-arloko agintaritza den aldetik dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gainera:

    1. Indarrean dagoen legeriak lan-arloko legeria betearazteko esleitzen dizkion eskumenak baliatzea.

    2. Lurralde-ordezkaritzak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea. Lurralde-ordezkariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea ere egokituko zaio, bere eskumeneko arloetan.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eta funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, eta jarduera ikuskatzailearen planak eta programak ezartzea.

    4. Lan-harremanei buruzko espedienteez arduratzea, haiek izapidetzea eta lehen auzialdian ebaztea, ordenamendu juridikoak gai horretan ematen dizkion ahalmen guztiak baliatuz.

    5. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren ekimenez, zehapenak ezartzea lar-arloko arau-hauste administratibo oso astunengatik, alde batera utzita Gizarte Segurantzako arau-hausteengatik ezarri behar direnak.

    6. Kaleratze kolektiboaren, kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen prozedurak aztertu, izapidetu eta, hala badagokio, ebaztea, baldin eta ukitutako enpresak lantegiak baditu lurralde historiko batean baino gehiagotan; halaber, Konkurtso Legearen testu bateginaren 179. artikuluan adierazitako txostena idatziko du testu bategin hori maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

    7. Ohiko erretiroaren aurreko laguntzak ematea honelako prozesuek ukitutako langileei: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko kaleratze kolektiboko espedienteen prozeduretatik eratorritako eta ekonomia, teknika, antolaketa eta ekoizpeneko arrazoietan oinarritutako lan-harremanak amaitzeko prozesuak.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko laneko jaiegunen egutegi ofiziala egin eta izapidetzea.

    9. Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea, barnean hartuta kooperatibetako berdintasun-planen inskripzioa, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako moduan.

    10. Lan-hitzarmen kolektiboen hedapen- eta atxikipen-espedienteak ebatzi eta izapidetzea.

    11. Greba-eskubidea baliatzen denean, komunitatearentzako funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko neurrien proposamena izapidetzea.

    12. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak lan-agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza-, arbitraje-, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, hargatik eragotzi gabe Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoa zuzentzea, eta lurralde-ordezkaritzen bulego publikoak zuzendu eta koordinatzea.

    2. Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa zuzentzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

    1. Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan lan-agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, hargatik eragotzi gabe Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak.

    2. Laneko Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Tramitazio Telematikorako Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    3. Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    4. Entitate espezializatuak akreditatzea, enpresaz kanpoko prebentzio-zerbitzu gisa jardun dezaten, eta, halaber, pertsona eta entitate espezializatuak akreditatzea, prebentzio-sistemaren gaineko auditoria-jarduerak burutu ditzaten. Horretaz gainera, akreditazio horiei buruzko aldaketa- eta etete-espedienteak ebaztea.

    5. Salbuespenezko baimenak ematea hamasei urtetik beherakoek jendaurreko ikuskizunetan parte har dezaten, jarduera-eremua lurralde bat baino gehiago denean.

    6. Kanpoko Prebentzio Zerbitzuen eta Auditorien Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    7. Lan-arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste oso astunak egiteagatik zehatutako enpresen erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntza Sektoreko Enpresa Bermatuen Erregistroa zuzentzea.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean baino gehiagotan lantokiak dituzten aldi baterako laneko enpresen erregistroa zuzendu eta kudeatzea, halako enpresei administrazio-baimena ematea eta haien gainean lan-agintaritzari esleitutako eskumenak baliatzea.

    10. Laguntza teknikoa ematea enpresei, langileei, entitateei eta organismoei, lan-agintaritzaren egitekoak betetzeko zereginaren barruan.

    11. Eragile sozialek dituzten giza baliabideen kualifikazioa sustatzea, zenbait prestakuntza-planen bitartez, zehazki giza baliabide horiek gizartearen garapen ekonomikoaren eta ongizatearen alde egin dezaten sustatuko duten prestakuntza-planen bitartez.

    12. Lan-arloko arauen aplikazioari buruzko edo laguntza eta dirulaguntza publikoen zaintza eta kontrolari buruzko Informazioa, laguntza eta lankidetza ematea administrazio publikoetako beste organo batzuei.

      Aa) Laguntza teknikoa eta administratiboa ematea Elkarrizketa Sozialaren Mahaiari.

      Ab) Soldata-arrakala murrizteko estrategia prestatzea.

  2. Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzaren mende dago, hierarkikoki, Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetza, eta honako eginkizun hauek dagozkio:

    1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren lurralde-ikuskaritzak koordinatzea.

    2. Ikuskaritza-jardunaren plangintza eta programazioa proposatzea, baita Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduteko irizpide eta jarraibide orokorrak ere, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuta dituen eskumenen esparruan, hargatik eragotzi gabe Estatuko Administrazioarekin koordinatu eta lankidetzan aritzea.

    3. Laneko Ikuskaritzaren jardunari buruzko memoria eta txostenak lantzea.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gainera:

  1. Gizarte-ekonomia sustatu eta bultzatzea.

  2. Zehapenak ezartzea kooperatiben arloko arau-hauste arinengatik eta astunengatik, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 160.6.a) artikuluarekin eta otsailaren 13ko 12/2024 Dekretuaren bidez onartu zen Kooperatiben arloko ikuskapenari eta zehapen-prozedurari buruzko Erregelamenduaren 3. artikuluarekin.

  3. Euskadiko Kooperatiben Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

  4. Berdintasun-plan kooperatiboen erregistroa zuzendu eta kudeatzea, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 32 bis) artikulua betez emango den arauan aurreikusitako moduan.

  5. Lan Sozietateen eta Partaidetzako Sozietateen urriaren 14ko 44/2015 Legean ezarritako betekizunak betetzen direla kontrolatzea, eta halako sozietateen kalifikazioari eta deskalifikazioari buruz ebaztea. Halaber, lege horren garapena bultzatuko du.

  6. Baimena ematea lan-sozietateei, kontratu mugagabeak dituzten langileek bazkide ez direnek urtean lan egin behar duten ordu-kopuruaren gainean legez ezarritako mugak gainditzeko.

  7. Zenbait baimen-espedientez arduratzea zehazki, hirugarren batzuekin jarduerak eta zerbitzuak hasteko edo gehitzeko baimen-espedienteez eta inoren konturako langileen lanaldien urteko ordu-kopurua gainditzeko baimen-espedienteez, haiek izapidetzea eta haien gaineko ebazpenak sailburuari proposatzea.

  8. Kooperatiba-sozietateak onura publikokotzat deklaratzeko espedienteez arduratzea, horiek izapidetzea eta ebazpena sailburuari proposatzea.

  9. Kooperatibak «gizarte-ekimeneko» kooperatiba gisa kalifikatzea eta gizarteratzea sustatzea.

  10. Lurralde-ordezkaritzek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, bere eskumeneko arloetan.

  11. Langileek enpresetan parte har dezaten bultzatzea.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko Langile Autonomoen Elkarteen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

  1. Enpresen gizarte-erantzukizuna sustatu eta bultzatzea.

  2. Gizarte Ekonomiaren martxoaren 29ko 5/2011 Legea garatu eta betearaztea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan.

  1. Enplegu eta Inklusio Sailburuordetzak, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren zuzendaritzapean, honako arlo hauetan sailari esleitutako egitekoak beteko ditu: enplegu-politika, enplegurako prestakuntza eta Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema. Sailburuordeak honako egiteko hauek izango ditu, 4. artikuluan esleitzen zaizkionez gainera:

    1. Erakundeen arteko elkarrizketa sustatzea, Euskadiko enplegu-politika publikoak koordinatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen plangintza sektorial eta estrategikoak enpleguan duen eragina aztertzeko.

    2. Enplegu-politikaren eta ekonomia-, hezkuntza- eta inklusio-politiken koordinazioa indartzea.

    3. Enplegu-politika publikoen tokiko dimentsioa babestea.

    4. Euskadiko enplegu-politika publikoen, Enpleguaren Euskal Estrategiaren eta Euskadiko hiru urteko enplegu-planaren gidalerro estrategikoak lantzeko lanak bultzatu eta koordinatzea.

    5. Enplegu-politika publikoen gobernantzaren alorreko elkarrizketa, negoziazioa eta kontzertazioa bultzatzea gizarte-eragileekin, eta eragile ezberdinen parte-hartzea sustatzea politika horietan.

    6. Erakundeen arteko lankidetza sustatu eta garatzea enplegu-zerbitzuak emateko, eta Euskal Enplegu Sarea indartzea.

      Halaber, Euskal Enplegu Sarean integratzeko eta, hala badagokio, hura uzteko prozedurak ebaztea dagokio.

    7. Euskal Enplegu Sarearen ikuskapenaren eta enplegu-zerbitzuen kalitate-kontrolaren goi-zuzendaritza, eta sare horren zerbitzu-zorroa proposatzea, onar dadin.

    8. Enpleguaren aldeko Itun Soziala hedatzea, eta itun horren garapenean parte hartzen duten entitate publikoak eta pribatuak sustatzea eta koordinatzea.

    9. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, langabezia-tasak murrizteko eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sustatzeko politikak bultzatzea eta koordinatzea, enplegu inklusiboa sustatuz eta arreta berezia eskainiz luzaroko langabeei.

    10. Enpleguaren arloan aplikatutako ikerketa eta berrikuntza planifikatzea.

    11. Baztertzeko arriskuan dauden talde eta pertsona guztien inklusioa lortzearekin lotura duen ekintza oro bultzatzea.

    12. Lankidetzan aritzea gizarte-zerbitzuen, etxebizitzaren, osasunaren eta hezkuntzaren arloetan eskumena duten sailekin, pertsonen benetako inklusioa lortzeko, batez ere kalteberatasun bereziko egoeran daudenena.

    1. Baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektibo eta pertsonen inklusioa lortzeko ekintzak sustatzen dituzten eta inklusioaren eremuan jarduten duten organismo publiko eta pribatuen jardunak sustatu eta koordinatzea.

    2. Inklusiorako Euskal Plana egiteko lanak bultzatu eta koordinatzea.

    3. Elkarrizketa eta lankidetza sustatzea Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateekin, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren esparruan.

    4. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendaritza estrategikoan laguntzea sailburuari.

  2. Enplegu eta Inklusio Sailburuordetzaren mende daude Enplegu Zuzendaritza eta Inklusio Zuzendaritza.

Enplegu Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gainera:

  1. Euskadiko enplegu-politika publikoen, Enpleguaren Euskal Estrategiaren eta Euskadiko hiru urteko enplegu-planaren gidalerro estrategikoak prestatzeko lanak garatzea, bai eta beharrezkoak diren azterlanak, analisiak eta txostenak ere.

    Era berean, koordinazio- eta plangintza-tresna horien jarraipena eta ebaluazioa egitea dagokio.

  2. Enplegu eta Inklusio Sailburuordetzaren zuzendaritzapean, enplegu-politika publikoen tokiko dimentsioa eta Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren hedapena bultzatzeko balio duten ekimenak garatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen plangintza sektorial eta estrategikoak enpleguan duen eragina aztertzeko aukera emango duen tresna bat egitea.

  4. Enpleguaren eta prestakuntzaren arloko ikerketa eta berrikuntza aplikatuko proiektuak ezarri eta ebaluatzea, eta, horretarako, lankidetzan aritzea beste sail, administrazio, unibertsitate, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitate eta enplegu-politika publikoetako gainerako eragileekin.

  5. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, enpresekin lankidetzan aritzeko espazioak garatzea, haien premiak ezagutu eta talentua sartu ahal izateko.

  6. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, politikak planifikatzea langabezia-tasak murrizteko, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sustatzeko, enplegu inklusiboa sustatzeko, eta luzaroko langabeei eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituztenei arreta emateko, berrikuntza eta jardunbide egokien aplikazioa sustatuz.

  7. Adinaren kudeaketa sustatzea enpresetan, eta belaunaldi-erreleboaren plangintza erraztuko duten eta okupazioetan talentua galtzea saihestuko duten proiektuak eta ekintzak garatzea, adinari lotutako joera guztiak ezabatuko duen belaunaldien arteko bizikidetza-planaren esparruan.

  8. Iraupen luzeko zainketen eta bizitza luzeraren arloko profesionalei duintasuna emateko estrategia prestatzea.

  9. Lan-merkatuaren joerak aztertzea.

  10. Enpleguaren eta prestakuntzaren alorretan administrazio publikoek jarraitzen dituzten politikak aztertzea, arreta berezia jarriz Europako estrategian eta nazioarte-mailako joeretan.

  11. Euskal Enplegu Sarean integratzeko eta, hala badagokio, hura uzteko prozedurak izapidetzea, sare hori ikuskatzea eta enplegu-zerbitzuen kalitatea kontrolatzea.

  12. Araudi-proposamenak egitea Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legea garatzeko.

  1. Politika Publikoen Euskal Kontseiluari eta haren batzorde teknikoari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea dagozkion egitekoak bete ditzan.

  2. Aipatu den 15/2023 Legean aurreikusitako beste edozein egiteko, baldin eta haren eskumena Eusko Jaurlaritzari badagokio eta ez bazaio beste organo bati esleitu.

Inklusio Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkionez gainera:

  1. Inklusiorako Euskal Planaren proposamena egitea, hura gauzatzeko baliabide eta bitarteko nahikoak oro har bideratzea, bai eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea ere.

  2. Inklusio-ibilbideen urteko plana egitea, Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmenean ezarritako baldintzetan.

  3. Diagnostikorako eta esku-hartze planifikatu eta pertsonalizaturako tresna tekniko komunak berrikustea eta, hala badagokio, eguneratzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan eta gainerako euskal administrazioekin lankidetzan.

  4. Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoei eta zerbitzuei buruzko estatistikak planifikatu eta diseinatzea, eta estatistika horiek landu eta mantentzea, gainerako euskal administrazioekin lankidetzan, estatistika-araudiari eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko araudiari jarraikiz.

  5. Inklusiorako esku-hartze eta jarduketa komunitarioak sustatu, landu eta garatzea, elkarlanean arituz udalekin, mankomunitateekin eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateekin, Inklusiorako Euskal Planaren esparruan.

  6. Laguntza teknikoa ematea Inklusiorako Erakundearteko Batzordeari eta Inklusiorako Euskal Kontseiluari.

  7. Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko sistemen eta gizarte-zerbitzuen sistemen elkarreragingarritasuna eta elkarren arteko konexioa sustatzea.

  8. Araudi-proposamenak egitea Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legea garatzeko.

  9. Bazterketa- eta pobrezia-motak aztertzea eta horien jarraipena egitea, eta horiek desagerrarazteko proposamenak egitea, Gizarte Zerbitzuetako, Etxebizitzako eta Osasuneko sistemekin lankidetzan.

  10. Lankidetzan aritzea Euskadiko hirugarren sektore sozialarekin, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren esparruan.

  11. Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren prestazioak beste sistema batzuekin integratzeko eta inklusioa lortzeko ekimen berritzaileak sustatzea.

  12. Aipatu den 14/2022 Legean aurreikusitako beste edozein egiteko, baldin eta haren eskumena Eusko Jaurlaritzari badagokio eta ez bazaio beste organo bati esleitu.

  1. Lurralde historiko bakoitzean, Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritza bat dago. Lurralde-ordezkaritzako buru lurralde-ordezkaria da, zeina, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarekiko mendekotasun organikoa duela, bere lurraldeko lan-arloko agintaria izango baita.

  2. Hauek dira lurralde-ordezkariaren egitekoak:

    1. Lan-legeria eta laneko segurtasunaren eta osasunaren legeria betearaztearen arloko arauek esleitzen dizkioten eskumenak baliatzea, dagokion lurraldean.

    2. Dagokion lurralde-eremuan, lan-harremanei buruzko espedienteez arduratzea eta haiek lehen auzialdian ebaztea, ordenamendu juridikoak gai horretan ematen dizkion ahalmen guztiak baliatuz.

    3. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren ekimenez, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako egitekoen eta zerbitzuen esparruan, zehapenak ezartzea lan-arloko arau-hauste administratibo arin edo astunengatik.

    4. Dagokion lurralde-eremuko kaleratze kolektiboen, kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizketen prozedurak aztertu, izapidetu eta ebaztea halako prozeduren erregelamendua onartzen duen urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan eta harekin bat datozen arauetan ezarritakoaren arabera, eta, Konkurtso Legearen testu bateginaren 179. artikuluan adierazitako kasuetan, prozedurei buruzko txostena idaztea testu bategin hori maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

    5. Banakako gatazketan nahitaezko adiskidetze-lanak egitea, azaroaren 23ko 2756/1979 Errege Dekretuan ezarritako moduan (2756/1979 Errege Dekretua, zeinaren bidez Bitartekaritza, Arbitraje eta Adiskidetze Institutuak bere gain hartzen baititu esleituta dituen egiteko batzuk).

    6. Dagokion lurralde historikoko tokiko jaiegunen egutegia ezartzea.

    7. Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro telematikoaren lurralde-sekzioa kudeatzea, haren funtzionamendu-arauetan aurreikusitako baldintzetan.

    8. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak lan-agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza-, arbitraje-, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, dagokion lurralde-eremuan, hargatik eragotzi gabe Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak.

    9. Dagokion lurralde-eremuan, Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoa kudeatzea.

    10. Sindikatu Hauteskundeen lurralde-bulegoei dagozkien egitekoak garatzea.

    11. Laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean lan-agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, dagokion lurralde historikoan, hargatik eragotzi gabe Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak.

    12. Laneko istripuei eta gaixotasun profesionalei buruzko parteen jakinarazpenak jaso eta erregistratzea.

    1. Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroaren lurralde-sekzioa kudeatzea.

    2. Instalazio nagusiak bere lurralde-eremuan dituzten enpresen artean amianto-arriskua dutenen erregistroa kudeatzea, haiei administrazio-baimena ematea eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntza Sektoreko Enpresa Bermatuen Erregistroa kudeatzea bere lurralde-eremuan, egoitza soziala bere lurralde historikoan duten enpresen espedienteak ebaztea inskripzio-espedienteak, datu-aldaketen jakinarazpenenak eta inskripzioak berritu eta ezeztatzearenak, behar diren ziurtagiriak egitea, eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    2. Lantokiak irekitzeko jakinarazpenak jaso eta izapidetzea.

    3. Lantokia bere lurralde-eremuan duten aldi baterako laneko enpresen erregistroa kudeatzea, haiei administrazio-baimena ematea eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    4. Salbuespeneko baimenak ematea, dagokion lurralde-eremuan, hamasei urtetik beherakoek jendaurreko ikuskizunetan parte har dezaten.

    5. Nazioz gaindiko zerbitzuak emateko esparruan, joan-etorrien jakinarazpenez arduratzea eta horiek tramitatzea, baita, hala badagokio, horiek jasotzea ere.

    6. Gaikuntzei, legeztatzeei, kontu-gordailuei eta sinaduren autentifikazioari buruzko egitekoak betetzea, ekainaren 13ko 84/2023 Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamenduan aurreikusitako baldintzetan.

    7. Lurralde-ordezkaritzaren zerbitzuak zuzentzea, eta hura osatzen duten administrazio-bulego eta -unitateen jarduerak koordinatzea.

    8. Funtzionamendu-gastuak onartzea, funts aurreratuen araubidearen barruan, hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzak kontratazioaren arloan duen eskumena.

    9. Oro har, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien egiteko guztiak, eta espresuki eskuordetzen zaizkienak.

      LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezpenen araubidea.

      Sailburuordeen edo zuzendarien postuak hutsik daudenean edo titular horiek kanpoan edo gaixorik daudenean, haien eskumenak, egoera hori gertatu baino lehen eskuordetu ez badira, honela beteko dira:

    1. Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horien mendeko zuzendariek beteko dituzte, dekretu honetan jasotzen den hurrenkeraren arabera.

    2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera, baina lehenengoarena sailburuordeak beteko du.

    3. Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Kabinete Zuzendaritzako titularrak beteko ditu; Kabinete Zuzendaritzari eta Komunikazio Zuzendaritzari esleitutakoak, berriz, dekretu honetako hurrenkeran aurretik ageri den zuzendaritzak beteko ditu.

    4. Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, sailburuak izendatzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Arau-erreferentziak.

      1. Enplegu-arloan indarrean dagoen araudiak lehengo Lan eta Enpleguko Sailari egiten dizkion aipamenak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari egiten zaizkiola ulertuko da, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak sail horri esleitutako egitekoei eta jardun-arloei dagokienez (18/2024 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

      2. Dekretu honetan Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari buruz egiten diren aipamenak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoari buruzkoak direla ulertuko da, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako eraldaketa egiten denetik aurrera.

        HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Enplegu- eta inklusio-politiken ebaluazio-organoa.

        Zerbitzu Zuzendaritzak behar diren laguntza eta administrazio-euskarria emango dizkio enplegu- eta inklusio-politiken ebaluazio-organoari, behar bezala funtzionatzeko behar dituen baliabide pertsonalen eta materialen eskuragarritasuna bermatzeko, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 151. artikuluaren arabera.

        LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jaurlaritzako bigarren Lehendakariordetzaren egitekoak garatzea.

        Dekretu honetan definitu den egitura organikoak Jaurlaritzako bigarren Lehendakariordetzaren egitekoak garatzeko balioko du.

        LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren berariazko estatistika-organoa sortu arte aplikatu beharreko araubidea.

        Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren berariazko estatistika-organoa sortzeko dekretua onesten ez den bitartean, indarrean jarraituko dute bi dekretu hauek: 136/2021 Dekretua, maiatzaren 18koa, zeinaren bidez Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzen baita eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen, eta 48/2005 Dekretua, martxoaren 8koa, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta bere antolakuntza eta jarduera ezartzen dituena. Hartara, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren jardun-arloei dagozkien estatistika-lanak bete ahal izango dira.

        BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetze-fasean dauden prozedurak.

        Dekretu hau indarrean jartzean izapidetze-fasean dauden prozedurek aurrera jarraituko dute, eta dekretu honek zehazten dituen organoek ebatziko dituzte, gaiaren arabera.

Indargabetuta geratzen dira honako hauek: 7/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa, eta 69/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluan Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari esleitutako egiteko eta jardun-arloei dagozkien organo eta aurreikuspenei dagokienez (18/2024 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), bai eta dekretu honetan ezarritakoaren kontra doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen ere.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 5ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.