Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

32/2015 DEKRETUA, martxoaren 17koa, familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistema erregulatzen duen dekretua aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 60
  • Hurrenkera-zk.: 1450
  • Xedapen-zk.: 32
  • Xedapen-data: 2015/03/17
  • Argitaratze-data: 2015/03/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak, abiapuntu harturik familia-errealitate oso ezberdinak daudela, aurreikusten du familia-errenta estandarizatzeko sistemak ezartzeko beharrizana, hain zuzen familia-mota eta -egoera ezberdinei tratu bidezkoagoa ematea ahalbidetzen duten sistemak, eta aplikagarriak zaizkienak familiei laguntzeko laguntza ekonomikoei edo laguntza-zerbitzuei; familia-unitatearen errenta-maila ekonomikoa izango da bai laguntza horietara irispidea izateko baldintza bai prestazioaren zenbatekoa edo parte-hartze ekonomikoaren zenbatekoa zehazteko irizpidea zerbitzua ordaintzean.

Testuinguru horretan, eta haren I. tituluak arautzen dituen xedapen orokorren artean, 6. artikuluak zehazten du, errenta-mailak baldintzatzen duenean zenbait laguntza edo zerbitzutara irispidea edo prestazioaren zenbatekoaren edo zerbitzuaren ordainketa, familia-errenta estandarizatzeko sistema bat ezarri beharra, familia-unitatearen neurriaren eta osaeraren arabera, eta familia-mota eta -egoera ezberdinei tratu bidezkoago bat ematea ahalbidetuko duena.

Halaber, artikulu horren arabera, dena delako laguntza edo zerbitzua kudeatzen duen administrazioak edo sailak zehaztuko du arauz estandarizatzeko sistema konkretua, laguntza edo zerbitzu horren tasunen arabera. Eta, ondoren, familia-politiken arloari dagokionez, aurreikusten du familia-errenta estandarizatzeko sistema berdina eta irispide-atalase berdinak ezartzea homologoak diren laguntzetarako.

Seigarren artikuluan ezarritakoaren eremuan onartu zen uztailaren 24ko 154/2012 Dekretua, familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzkoa; dekretu horren bidez, arautu nahi da familia-politiken esparruan eratutako laguntzei aplikagarri zaien familia-errenta estandarizatzeko sistema. Laguntzok Familiei laguntzeko Legearen II. tituluaren I. kapituluan eta 12. artikuluaren a), b) eta d) idatzi-zatietan zehazten dira.

Aipatutako dekretuaren hirugarren artikuluan zehazten dira familia-errenta estandarra kalkulatzeko aintzat hartuko diren elementuak. Laburbilduz, honako hiru hauek dira: familia-unitatearen osaera; familia-errentaren maila, eta familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefizientea. Horiek horrela, laugarren artikuluan zehaztuta dago familia-unitatearen kontzeptua, familia-errenta kalkulatzeko erabiliko dena. Bosgarrenean, familia-errenta zehazteko modua azaltzen da, eta, azkenik, seigarrenean, familia-unitatearen baliokidetasun-koefizientea kalkulatzeko modua zehazten.

Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretua onartu ondoren, adierazi da haren 4. eta 6. artikuluak aldatzeko beharrizana, familia-unitatearen osaera gehiago zehazteko eta familia-unitateko kide bakoitzari dagokion koefizientea esleitzean aintzat hartzeko bereziki zaurgarriak diren familiak diren baina arauak aitortzen ez dituenak; honako hauek dira, besteak beste: emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren familiak; familia-unitatea osatzen duten pertsonen artean, mendekotasun-egoeran dagoen pertsona bat edo gehiago duten familiak, Mendekotasun-egoeran dauden Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Laguntza Sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen eta haren garapen-xedapenen babesean aitortuak; azkenik, aitak edo amak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duela aitortua duten eta dekretuak ahantziak zituen familiak; izan ere, dekretu horrek aintzat hartzen zituen bakarrik desgaitasun aitortua zuen familia-unitateko kidearen seme-alabak. Azken egoera hau ez da ulertzen familia-errentaren maila familiaren neurriaren arabera bakarrik estandarizatzeko betebeharrarekin bat etorriz, baita familia-unitatearen osaeraren eta berau osatzen duten kideen berezitasunen arabera ere, tratu bidezkoagoa emateko familia-mota eta -egoera ezberdinei.

Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan sartutako aldaketekin, familia-errenta estandarizatuaren araubidea hobeto egokitu nahi da familia-politika inspiratu behar duten honako funtsezko balio hauei: errespetua familia-aniztasunari, tratu berdina familia-mota ezberdinei eta elkartasuna bereziki zaurgarriak diren edo gizarte-bazterketaren arriskuan dauden familiei. Balio horiek Familiei Laguntzeko Legearen 3.1 artikuluan aitortuak daude.

Eta, bestalde, aurrera egiten da familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemaren erregulazioan, familiei laguntzeko lege horren helburuak hobeto barne hartzen baitira; besteak beste, nabarmentzen da egoera bereziki zaurgarrian dauden familien gizarte-bazterketaren prebentzioa (4. artikulua, h idatzi-zatia). Eta, halaber, zehatzago betetzen da 6. artikulua, familia-errenta estandarizatuari buruzkoa, izan ere, horren helburua da «familia-mota eta -egoera ezberdinei tratu bidezkoagoa ematea».

Bestalde, aintzat hartu behar da, familia-unitatea zein familia-unitatearen parekidetasun-koefizientea zehazteko, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren pertsonek osatzen dutena bezalako berariazko kolektibo bat barne hartzea bat datorrela emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean dagoen edukiarekin.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege horren 3.5 artikuluaren arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean euskal botere publikoen jarduna zuzentzeko eta bideratzeko printzipio orokorretako bat da jardun positiboa; horri jarraikiz, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta zinezkoa erdiestea sustatzeko, bizitzaren alor ezberdinetan sexuagatiko ezberdintasunak desagerrarazi edo gutxitzera bideratutako berariazko eta aldi baterako neurriak hartu behar dituzte botere publikoek.

Printzipio hori aplikatzeko, baldin eta laguntzaren eskatzaileak egiaztatzen badu, dekretuan aurreikusitako eran, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima dela, ulertuko da haren ezkontidea nahiz eta baliogabetasun, banaketa edo dibortziorik egon ez edo izatezko bikotea ez dela bere familia-unitatearen parte. Eta, halaber, laguntza eskatzen duen pertsonarentzako zehaztutako koefizientea (0,3) erantsiko zaio.

Dekretu honek, ondorioz, hiru artikulu ditu:

Lehenengo artikuluaren bidez, aldatzen da familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 1. artikulua, aurreko idazkera zuzentzeko: Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen II. tituluko I. kapitulua eta 12. artikuluaren a), b) eta d) idatzi-zatiak berariaz aipatu beharrean, lege horren aipamena egiteko «aipatu legea» zioen, nahiz eta lehen aldia izan arau horren artikuluak aipatzen zirela bertan. Hori ikusirik, beharrezko jo da zehaztea zein lege zehatzez ari garen.

Bigarren artikuluan idazkera berria ematen zaio uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 4. artikuluari, familia-unitatearen osaeran egoera berriak aurreikusten dituena, eta elkarbizitza-presuntzio bat sartzen du ezkonduak ez dauden eta etxebizitza ezberdinetan erroldatuta dauden aiten edo amen kasurako.

Idazkera berria proposatuta, pertsona eskatzailearen familia-unitatea hauek osatzen dutela ulertzen da: eskatzaileak berak; ezkontideak, baldin eta ezkontza baliogabetutasunik, banaketarik edo dibortziorik ez badago, edo etxe berean bizi den izatezko bikotekideak, betiere eskatzailea ez bada genero indarkeriaren biktima eta 4. artikuluan ezarritako moduren batean egoera hori egiaztatzen badu, eta etxe berean bizi diren seme-alabek, zeinen gaineko zaintza eta jagoletza baitagokie.

Hala ere, askotan, eta arrazoi ezberdinengatik, bikotea osatzen duten pertsonak, haien artean ezkontza-loturarik ez izanagatik ere, etxebizitza ezberdinetan erroldaturik egon daitezke, erabakitzeko unean dena delako laguntzaren eskatzaile ez den aita edo ama eskatzailearen familia-unitate beraren parte den, dekretuak berak elkarrekin bizi direla usteko du. Hori hola, presuntzio hori itxuraldatzeko aukera ere onartzen du; horretarako, baina, aurkakoa frogatuko da, elkarbizitzarik eza egiaztatzen duen eta seme-alaban zaintza eta jagoletzari buruz iritzia ematen duen ebazpen judizial baten bidez.

Hirugarren eta azken artikuluak aldatzen du uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 6. artikulua, koefiziente gehigarri bat emateko emakumeen aurkako indarkeriaren biktima den laguntza eskatzaileari, eta barne hartzeko dagokion koefizientea (0,3) gehitzearen aurreikuspena familia-unitatea osatzen duten pertsona batek aintzat hartu gabe aita ala ama edo horien seme-alabak diren % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-portzentaje aitortua duenean. Era berean, aurreikusten da familia-unitatea osatzen duen kide bakoitzari dagokion koefizienteari 0,3 gehitzea, baldin eta mendekotasun-egoera aitortua badute, Mendekotasun-egoeran dauden Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Laguntza Sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeari eta haren garapen-xedapenei jarraikiz.

Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2015eko martxoaren 17an egindako bilkuran, aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Aldatzen da familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 1. artikulua, «Xedea» atalari dagokiona. Honela idatzita geratzen da:

Dekretu honen xedea da arautzea familia-errenta estandarizatzeko sistema, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen II. tituluko I. kapituluan eta 12. artikuluaren a), b) eta d) idatzi-zatietan aurreikusten diren familia-politiken esparruko laguntzei aplikatzekoa.

Aldatzen da familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 4. artikulua, «Familia-unitatea» atalari dagokiona. Honela idatzita geratzen da:

  1. Familia-unitate diogunean, hauek osatu unitateaz ari gara:

    1. eskatzaileak;

    2. haren ezkontideak, baldin eta deuseztasunik, banaketarik edo dibortziorik ez bada, edo izatezko bikote gisa bizi ohi den bikotea, betiere eskatzailea ez bada emakumeen aurkako indarkeriaren biktima eta egoera hori hirugarren paragrafoan ezarritako moduren batean egiaztatzen badu; eta

    3. seme-alabek, zeinen gaineko zaintza eta jagoletza baitute eta etxebizitza berean bizi baitira.

  2. Dekretu honen ondorioetarako, baldin eta aita eta ama ez badaude etxebizitza berean erroldaturik eta ezkontzarik ez badago, aita eta ama izatezko bikote gisa elkarrekin bizi direla uste izango da, non eta ez direla elkarrekin bizi egiaztatzen duten ebazpen judizial baten bidez, zeinak seme edo alabaren zaintza eta jagoletzaren gaineko iritzia ere adieraziko baitu.

  3. Emakumeen aurkako indarkeria-egoera egiaztatzeko, bide hauetakoren bat erabiliko da:

    1. Indarkeriaren biktima babesteko agindua indarrean egotea eskabidea egiten den egunean.

    2. Genero-indarkeriatzat hartzen diren ekintzengatiko zigor-epaia, non biktimaren aldeko babes-neurriak hartzea erabaki baita; babes-neurriok indarrean egon beharko dute laguntza-eskaria egiten den egunean.

    3. Baldin eta babes-agindurik edo zigortzeko epairik ez badago, Fiskaltzaren txostenak balioko du egoera hori egiaztatzeko, babes-agindua ematen den arte; txosten horretan adieraziko da zantzuak daudela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izateko.

  4. Seme-alabei zein aita edo amari buruzko erreferentzien irismena zehazteko dekretu honetan barne hartutako erreferentziak, diru-laguntzen programa bakoitzaren araudi erregulatzailean xedatutakoa hartuko da kontuan.

    Halaber, dekretu honen ondorioetarako, bikoteko bi kideei erreferentzia egitean, ulertuko da bai sexu bereko pertsonek zein sexu ezberdinetakoek osatutako bikotea izan daitekeela.

Aldatzen da familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuaren 6. artikulua, «Familia-unitatearen baliokidetasun-koefizientea» atalari dagokiona. Honela idatzita geratzen da:

«6. artikulua. Familia-unitatearen baliokidetasun-koefizientea.

  1. Familia-unitatearen baliokidetasun-koefizientea kalkulatzeko, familia-unitatea osatzen duen kide bakoitzari dagokion koefizienteen batura egingo da; jarraian adierazten dira:

    1. Bi gurasoko familia-unitatea osatzen duen eskatzailea: 1,00.

    2. Ezkontidea edo izatezko bikotekidea: 0,5.

    3. Familia-unitatea osatzen duen seme edo alaba bakoitza: 0,3.

  2. Baldin eta eskatzaileak ezkontiderik edo bikoterik ez badu edo emakumeen aurkako indarkeriaren biktima bada, adierazitako koefizienteari 0,3 gehituko zaio.

  3. Dagokion koefizienteari 0,3 gehituko zaio baldin eta eskumena duen agintaritzak aitortzen badio familia-unitatea osatzen duen kideren bati mendekotasun-egoera edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna, Mendekotasun-egoeran dauden Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Laguntza Sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeari eta haren garapen-xedapenei jarraikiz.

Dekretu hau 2015eko apirilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ÁNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.