Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

320/2024 DEKRETUA, urriaren 29koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 219
  • Hurrenkera-zk.: 5123
  • Xedapen-zk.: 320
  • Xedapen-data: 2024/10/29
  • Argitaratze-data: 2024/11/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatu zen, eta Administrazioko sailen artean eskumenak banatu ziren, Jaurlaritzaren eginkizun politiko-administratiboen jarraipena bermatzeko, horietan etenik eragin gabe, eta aurreko administrazio-antolakundetik dekretu honetan onartzen den antolamendura igarotzea antolatzeko. Horren guztiaren azken helburua: legegintzaldi berriko Gobernu Programa ahalik eta eraginkortasun handienarekin gauzatzea.

Lehen aipatutako dekretua onartu ondoren, zenbait aldaketa egiteko beharra ikusi zen. Aldaketa horien helburua zen, alde batetik, jardun-arlo zehatzak behar bezala izendatzea, eta, bestetik, sail jakin batzuen eskumen-banaketa zehaztasun handiagoz zehaztea. Hori guztia Lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren bidez gauzatu zen.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluak zehazten ditu Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitekoak eta jardun-arloak. Dekretu horren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sail hori osatuko dute desagertutako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzako organo eta unitateek eta Lehendakaritzako aurreko egiturako Gazteria Zuzendaritzak.

Era berean, xedapen horren bigarren paragrafoarekin bat etorriz, Zerbitzu Zuzendaritza sortu da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailean.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoarekin bat etorriz, non erregelamendu organikoak gidatu behar dituzten antolamendu-irizpideak zehazten baitira, jardun-arlo guztiak berrantolatu egin behar dira.

Azken batean, arestian aipatutako zirkunstantzia guztiek agerian uzten dute Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organiko eta funtzional berria artikulatu behar dela.

Egitura horrek bi sailburuordetza ditu: Ongizate Sailburuordetza eta Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza. Sailburuordetza horiek, aldi berean, hainbat zuzendaritzatan egituratzen dira, gai espezifiko bakoitzaren arabera.

Era berean, eta aurrekoaz gain, hierarkian sailburuaren mende dauden beste organo batzuk ere badaude: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza, Zerbitzu Zuzendaritza eta Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren Zuzendaritza.

Lehen aipatutako azken zuzendaritzaren helburua hauxe da: kulturartekotasuna eta aniztasuneko bizikidetza sustatzea (generoarena, adinarena, jatorriarena, kulturarena, sexuarena eta erlijioarena), arraza, kultura, erlijioa, jatorria edo sexu-orientazioa bezalako faktoreak kontuan hartuta, diskriminazio eta diskriminazio anizkoitzeko egoerak prebenitzeari eta jorratzeari ere arreta jarriz, bai eta gorroto-gertakariak eta -delituak prebenitzeari eta horietan jarduteari ere.

Historiako euskal gizarterik anitzena den horretan eta gero eta aniztasun handiagoko testuinguruan, funtsezko helburua da, betiere trantsizio sozial eta demografikoari lotua, lortutako gizarte-kohesioko eta bizikidetzako mailak bermatzea.

Bestalde, Ongizate Sailburuordetzaren zeregin nagusia plangintza egitea, ikuskatzea eta ebaluatzea da, gizarte-zerbitzuen eta gizarte-ongizatearen arloan, eta, bereziki, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema koordinatzea eta bizitza beterako laguntzak ematea, baita Hirugarren Sektore Soziala eta ekintza komunitarioa sustatzea ere.

Sailburuordetza horren mende daude Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritza, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza eta Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoa.

Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzari dagokionez, bere helburua da bizi-ibilbideko politikak garatzea: biztanleria-sektoreetan ardaztutako zeharkako politikak, adinaren arabera definituak, eta erronka demografikoaren kudeaketa integrala, jaiotza-tasaren sustapenean, gazteen emantzipazioan eta familia-proiektu berrien eraikuntzan eraginez.

Era berean, lehen aipatutako sailburuordetza migratzaileen harrera- eta gizarteratze-politiken garapenean zentratuko da, erronka demografikoaren estrategiari ere lotutako ardatz gisa, baina bizi-ibilbideko politikekin alderatuta desberdina.

Sailburuordetza horren mende hiru zuzendaritza daude: Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritza; Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza; eta, azkenik, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritza.

Ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko urriaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari. Dekretu hori lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren artikulu bakarraren zazpigarren apartatuak aldatu zuen.

Aurreko artikuluan aipatzen diren eskumenak baliatzeko, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak honako organo hauek ditu:

  1. Organo zentralak:

    1. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua.

    1. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

    2. Zerbitzu Zuzendaritza.

    3. Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren Zuzendaritza.

    1. Ongizate Sailburuordetza.

    1. Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritza.

    2. Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoa.

    1. Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza.

    1. Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritza.

    2. Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza.

    3. Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritza.

  2. Organo periferikoak:

    Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde-ordezkaritzak.

  3. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari atxikita edo lotuta daude, beren sortze-arauetan ezarritakoaren arabera, honako kide anitzeko organo hauek:

    Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoa, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen bidez sortua eta martxoaren 30eko 101/2010 Dekretuaren bidez arautua.

    Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen arabera sortua eta ekainaren 13ko 124/2006 Dekretuaren arabera arautua.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa, Haur eta Nerabeei buruzko otsailaren 15eko 2/2024 Legean aurreikusia eta abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuak arautua.

    Haur eta Nerabeentzako Erakundearteko eta Sektorearteko Organoa, Haur eta Nerabeei buruzko otsailaren 15eko 2/2024 Legearen bidez sortua.

    Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua, Haur eta Nerabeei buruzko otsailaren 15eko 2/2024 Legean aurreikusia.

    Haur eta Nerabeen Foroa, Haurrei eta Nerabeei buruzko otsailaren 15eko 2/2024 Legearen bidez sortua.

    Boluntariotzaren Euskal Kontseilua, Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak sortua eta otsailaren 18ko 30/2003 Dekretuak arautua.

    Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua, azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuak arautua.

    Familiaren Euskal Kontseilua, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen bidez sortua eta apirilaren 17ko 53/2012 Dekretuaren bidez arautua.

    Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea, Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak sortua eta apirilaren 21eko 84/2009 Dekretuak arautua.

    Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroa, maiatzaren 9ko 67/2023 Dekretuaren bidez sortua.

    Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia, abenduaren 11ko 283/2012 Dekretuak arautua.

    Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren bidez sortua.

    Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren bidez sortua.

    Euskadiko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoa, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen bidez sortua.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gazteriaren Sailarteko Batzordea, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen bidez sortua.

    Erlijioen Euskal Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legearen bidez sortua.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilu bat egongo da. Kontseilu horrek titularrari lagunduko dio agintzen zaizkion jardueren eta gaien plangintza orokorra egiten eta sailaren politika gainbegiratzen eta haren jarraipena egiten. Ez da administrazio-organotzat hartuko.

Sailburuaren zuzendaritzapean, honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Kontseilua: sailburuordeek, Zerbitzuen zuzendariak eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendariak. Azken hori izango da Kontseiluko idazkaria. Era berean, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango dute Zuzendaritza Kontseiluan.

  1. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak erabiltzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera sailari esleitutako egiteko eta jardun-arloen esparruan indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak ere.

  2. Halaber, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari honako eginkizun hauek dagozkio, besteak beste:

    1. Bere eskumenen esparruko helburu estrategikoak definitzea, Gobernu Programan zehaztutako ildo estrategikoen eta konpromiso programatikoen arabera.

    2. Helburu estrategikoak garatzean lortutako gizarte-eragina aztertzea eta Sailaren jarduera-sektoreen helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapenak zehaztea.

    3. Ondare-erreklamazioak ebaztea bere sailaren arloetan.

    4. Sailaren 1.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.

    5. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera, 1.000.000 eurotik gorakoa duten kontratuetan.

      Era berean, eta baldintza berberetan, eskumena izango du sektore publikoko kontratazioaren araudian ezarritakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propio pertsonifikatu den entitateekin prestazio jakin bat hitzartzeko negozio juridikoak sinatzeko.

    6. Protokolo orokorrak eta hitzarmenak formalizatzea partikularrekin edo pertsonifikazio-modu pribatuan eratutako entitateekin.

    7. Ofizioz berrikusteko prozedurak hastea eta ebaztea, salbu eta, arauz, eginkizun horiek beste organo bati esleituta badaude.

    8. Sailaren jardun-arloetan zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea, salbu eta, arau bidez, egiteko horiek beste organo bati esleitu bazaizkio.

    9. Egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzeko espedienteak hasi eta ebaztea.

    10. Euskara saileko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza normaltasunez eta izaera orokorrez izan dadin zaintzea, herritarrek bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten entitatearekin dituzten harremanetan, eta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 17. artikuluan aurreikusitako plan estrategikoa onartzea.

    11. Eta, oro har, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion egiteko guztiak.

      BIGARREN ATALA

      SAILEKO SAILBURUORDEAK

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeei dagokie, zuzenean eta hierarkian sailburuaren mende, oro har, honako eskudantzia hauek baliatzea:

  1. Jaurlaritzaren estrategiaren arabera Sailak Sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea.

  2. Sailburuordetzaren eta haren mende dauden zuzendaritzen jarduerak programatu, zuzendu, bultzatu, gainbegiratu eta koordinatzea, bai eta mendeko zerbitzuen eta organoen antolakundeari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea ere.

  3. Eragin soziala aztertzea eta Sailburuordetzako zuzendaritzen helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapenak zehaztea.

  4. Sailburuordetzaren araudia eta jarduera-planak proposatzea sailburuari.

  5. Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen beharrak zehaztea, aurrekontuen aurreproiektua egiteko.

  6. Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  7. Saileko hizkuntza-normalizazioaren erantzukizuna bere gain hartzea eta euskararen erabilera sustatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa, bere eskumeneko eremuetan, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat etorriz.

  8. Bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.

  9. Bere jardun-arloari dagozkion laguntza-programak ebaztea, baldin eta ebazpen-proposamena sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzei esleituta badago, eta bestelako programak ebaztea, baldin eta araudiak berariaz hala ezartzen badu.

  10. Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzek edo horiei atxikitako zuzendaritzek kudeatutako behatokien jarduera koordinatzea.

  11. Estatuko, autonomia-erkidegoetako, foru-aldundietako eta toki-entitateetako organo eskudunekin harremanak izatea, gaiaren arabera.

    1. Eta, oro har, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien egiteko guztiak.

      HIRUGARREN ATALA

      SAILEKO ZUZENDARIAK

Saileko zuzendariek, oro har, honako eginkizun hauek izango dituzte:

  1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

  2. Zuzendaritzaren jarduerak bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  3. Kontratazio-organoei laguntza teknikoa eta materiala ematea eta bultzatzea.

  4. Bere zuzendaritzako gaiekin zerikusia duten zehapen-espedienteak instruitzea, baldin eta sailburuak hasi eta ebatzi behar baditu.

  5. Bere jardun-eremuko ofiziozko berrikuspeneko eta kaltegarritasun-deklarazioko prozedurak izapidetzea.

  6. Bere eskumeneko gaietan, goragoko organoei proposamenak egitea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin lankidetzan, bere Zuzendaritzarekin zerikusia duten estatistikak eta azterlan orokorrak diseinatzen eta egiten.

  7. Bere jardun-arloan, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, honako eginkizun hauek betetzea: Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea, hala nola itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta Sailak antolatutako ekitaldi publikoak, eta irizpide horien jarraipena egitea; kudeaketa-plana onartzea, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera; hizkuntza-irizpideak kontratazio publikoan eta dirulaguntzen deialdietan sartzea proposatzea, Gobernu Kontseiluaren 2023ko ekainaren 6ko Erabakian aurreikusitakoaren arabera (erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartzen dira).

  8. Bere jardun-arloari dagozkion laguntza-programak ebaztea, baldin eta ebazpen-proposamena sailaren lurralde-ordezkaritzei esleituta badago, bai eta araudiak berariaz hala ezartzen duen beste programa batzuk ere.

  9. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Jaurlaritzako zuzendariei atxikitzen zaizkienak.

    LAUGARREN ATALA

    SAILEKO ORGANO HORIZONTALAK

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende, dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Sailaren lan-programaren plangintza eta jarraipena egitea.

  2. Sailaren solaskidetza egitea Eusko Legebiltzarrarekin, Arartekoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gainerako organismo eta instituzioekin, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako beste organo eta sail batzuek dituzten eskumenak.

  3. Sailaren jardun-arloei dagokienez, herritarrei informazio orokorra emateko eta kexak eta iradokizunak jasotzeko eginkizunak koordinatzea.

  4. Protokoloa lantzea eta Sailaren ekitaldi publikoak eta kanpo-jarduerak antolatzea, bai eta Sailak sustatutako kongresu, mintegi, jardunaldi eta konferentziak ere.

  5. Saileko argitalpenak kudeatu eta banatzea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiari dagozkion eskudantziak.

  6. Sailak gizarte-komunikabideekin dituen harremanak zuzentzea, eta sailaren ekintzen berri behar bezala ematen dela bermatzea.

  7. Sailaren jardun-arloetako informazio- eta publizitate-irizpideak eta -politikak ezartzea, eta Sailari lotutako jarduketa instituzionalak eta jarduerak, erabakiak, gizartea sentsibilizatzeko neurriak eta politikak hedatzeko eta hedatzeko ekintzak koordinatzea.

  8. Azterlanak eta txostenak egitea eskumen-arloko Euskadiko eta nazioarteko gaurkotasunaren isla informatiboari buruz, eta politikaren, ekonomiaren eta gizartearen egoera aztertzea, ikuspuntu informatibotik.

  9. Sailaren babesleak kudeatzea.

  10. Saileko Zuzendaritza Kontseiluko idazkaria izatea.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende, dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio, dekretu honetan beste organo batzuei esleitzen ez bazaizkie:

    1. Sailburuari laguntza tekniko-juridikoa eta administratiboa ematea.

    2. Sailaren aurrekontuen aurreproiektua egitea eta horren jarraipena eta aldaketak egitea.

    3. Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea eta aurrekontua betearazteko faseak izapidetzea. Zerbitzuen zuzendariak sailaren 1.000.000 eurotik beherako gastuak baimenduko ditu.

    4. Sailaren eskumeneko gaietako aurrekontuetan ondorio ekonomikoak dituzten xedapen-proiektuak izapidetzea, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion Sailaren ekonomia eta aurrekontu arloko gaiak prestatzea.

    5. Langileak prestatzeko eta hobetzeko planak egitea, hargatik eragotzi gabe Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagozkien eskumenak, eta sailari atxikitako giza baliabideak planifikatzea eta kudeatzea. Zerbitzuen zuzendariak gauzatuko ditu Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak eta indarrean dagoen gainerako araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak.

    6. Sailak langile-beharrei buruz egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari proposatzea saileko plantilla eta lanpostu-zerrendak egiteko.

    7. Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea eta gainerako zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko entitateekin eta sailari atxikitako organoekin bultzatzea, koordinatzea eta lankidetzan aritzea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bateginean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak betearaztea sustatzeko.

    8. Saileko Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe prebentzio-zerbitzuari dagozkion eskudantziak.

    9. Sailaren aholkularitza juridikoa eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. eta 5.3 artikuluetan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikuluan eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 3. eta 15. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

    10. Gobernu Kontseilura eta batzordeetara bidali beharreko sailaren gaiak izapidetzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak izapidetzea ere.

    11. Saileko gainerako organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunekin koordinatuta, saileko zerbitzuen eta sailean erabiltzen diren lan-sistemen eta -metodoen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea.

    12. Sailaren jarduerak bultzatzea eta sailean Eusko Jaurlaritzaren esparru orokorreko proiektuak koordinatzea arlo hauetan: kalitatea eta etengabeko hobekuntza, herritarrentzako arreta, administrazio elektronikoa eta zerbitzu digitalak, datuen eta informazioaren gobernantza, berrikuntza, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta gobernu ona.

    1. Erregistro Orokorra, Artxiboa eta Saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.

    2. Saileko bulegoen barne-araubidea zaindu eta zaintzea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua administratu eta kontserbatzea.

    3. Herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak), eta Zuzenean-Herritarren Arreta Zerbitzuarekiko harremanak antolatzea, bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela ziurtatuz.

    4. Sailaren jardun-eremuetan, beren eskubide eta betebeharrei buruz herritarrek egindako erreklamazioen kudeaketaren koordinazioa eta jarraipena egitea.

    5. Informazioaren argitalpen aktiboa, informazio publikoa eskuratzeko eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzeko eskubideen eskaerei emandako erantzuna eta Sailaren datu publikoen irekiera koordinatzea eta horien jarraipena egitea, sektore publikoko informazioaren gardentasunari eta berrerabilerari buruzko politikarekin bat etorriz.

    6. Sailak herritarrekiko interakzioaren zerbitzura jarritako kanal elektronikoen erabileraren koordinazioa eta jarraipena egitea, eta plangintza-prozesuetan, arauak egiteko prozesuetan eta politikak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko prozesuetan parte hartzeko bide presentzialak edo birtualak irekitzea sustatzea.

    7. Sailaren Estatistika Plana egitea, Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak lantzen Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan. Era berean, Zerbitzu Zuzendaritzak sailaren Berariazko Estatistika Organoari esleitutako eskumenak eta ahalmenak baliatuko ditu, eta laguntza teknikoa emango dio saileko edozein organori saileko estatistikekin lotutako gaietan. Saileko Berariazko Estatistika Organoa Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo da.

    8. Ebazpen-proposamenak egitea, organo horien ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoei buruz izapidetutako espedientea eta saileko organo interesdunek emandako txostena ikusita.

    9. Sailean sortzen diren gaiei buruzko azterlanak eta txostenak egitea, bereziki gai ekonomiko eta sozialei buruzkoak, bai eta sailaren jarduera ekonomikorako ildoak planifikatu eta programatzea ere, beste sail edo administrazio batzuek egiten dituzten eta eragin ekonomikoa duten planen prestakuntza-prozesuetan, baldin eta beren jardun-arloetan eragiten badute eta beste zuzendaritza batzuei esleitu ez bazaizkie.

    10. Saileko zerbitzu orokorrak antolatu eta administratzea, sailburuordetza eta zuzendaritzen lanerako sistema eta metodoak koordinatzea, eta saileko administrazio-unitateen banaketa espaziala eta ekipamendu materiala antolatzea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako beste sail batzuei esleitutako eskumenak.

    11. Sailaren eskumenekoak diren gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudia eta politikak egiten eta aplikatzen izan beharreko esku-hartzea garatzeko, indarrean dauden arauekin bat etorriz, eta saileko organoen eta Europar Batasuneko erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bitartez.

    12. Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozeduretan ebazpen-proposamenak hasi, instruitu eta prestatzea.

    13. Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak onartzea eta, hala badagokio, horiek eguneratzea, egokitzea eta aldatzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin; kudeaketa-planak eta gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioaren arloan egindako gainerako lana koordinatzea eta dinamizatzea; eta, oro har, euskara sustatzea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein arlotan; horretarako, Euskara Unitate Administratiboa atxikiko zaio.

  2. Zerbitzuen zuzendaria izango da honako hauetarako eskumena duen organoa:

    1. Kontratazio-espedienteak eta bitarteko propioei eta zerbitzu teknikoei egindako enkarguak izapidetzea.

    2. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera, 1.000.000 eurotik gorakoa ez duten kontratuetan.

      Era berean, eta baldintza berberetan, eskumena izango du sektore publikoko kontratazioaren araudian ezarritakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propio pertsonifikatu den entitateekin prestazio jakin bat hitzartzeko negozio juridikoak sinatzeko.

Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren Zuzendaritzari:

  1. Adin, jatorri, kultura, erlijio edo sexu-orientazio desberdineko pertsonen arteko bizikidetza eta elkartasuna sustatzea, eta bizikidetzaren eta aniztasunaren kudeaketa positiboaren arloan azaleratzen ari diren erronkei erantzuteko jarduera-programak diseinatu, ezarri eta koordinatzea.

  2. Neurriak eta estrategiak bultzatzea gizarte-loturak garatzeko eta nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko, bizitzan zehar.

  3. Sexuagatik, arraza- edo etnia-jatorriagatik, erlijioagatik edo ideologiagatik, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, adinagatik, desgaitasunagatik edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik egindako diskriminazio ororen aurkako borroka indartzea, diskriminazio anitzeko egoerei arreta berezia eskainiz, eta diskriminazio-egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta horiei aurre egiteko ekimenak eta neurriak sustatuz, bai eta gorroto-gertakariak eta -delituak prebenitzeko eta horiei erantzuteko ere; hori guztia, bizikidetza bultzatzeko.

  4. Erlijioen eta kulturen arteko bizikidetza sustatzea, erlijio-aniztasunarekiko eta erlijio-adierazpen guztien eskubide eta betebeharrekiko errespetuan oinarrituta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden elizen, erlijio-konfesioen eta erlijio-komunitateen euskal gizartean integratutako bizikidetza sendotzea.

  5. Araudi-proposamenak egitea zuzendaritzaren eskumeneko gaietan, eta, bereziki, erregelamendu bidez garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legea eta Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legea.

  6. Euskal gizartean belaunaldien arteko elkartasuna eta kohesioa indartzeko lan- eta jarduera-ildoak bultzatzea, eta, zeharka, politiken belaunaldien arteko ikuspegia sustatzea, belaunaldien arteko ikuspegia sustatzen eta adin guztietarako politikak diseinatzen adituak diren eragileekin lankidetzan.

  7. Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseiluari eta Erlijioen Euskal Kontseiluari laguntzea. Kontseilu hori Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legearen 15. artikuluaren bidez sortu zen.

  8. Aniztasuna kudeatzea eta pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzea askatasun afektibo-sexualaren eremuan. Eremu horretan, eta LGTBI pertsonen elkarteekin eta, hala badagokio, LGTBIen eta genero-identitatearen esparruan lan egiten duten antolakundeekin lankidetzan, honako hauek dagozkio:

  9. LGTBI pertsonek behar dituzten laguntzei buruzko politika proaktibo bat sistematikoki diseinatzea, inplementatzea eta ebaluatzea.

    1. Trebakuntza- eta sentsibilizazio-programak edo genero-identitateagatik nagusi diren jarrera diskriminatzaileei, aurreiritziei eta estereotipoei aurre egiteko beste programa batzuk garatzea eta ezartzea; hartara, pertsonei beren burua aurkitzen, erlazionatzen eta positiboki baloratzen lagunduko zaie, eta autoestimua eta duintasuna sustatuko dira.

    1. Sentsibilizazio-kanpainak egitea, herritar guztientzat, genero-identitatearekin lotutako indarkeriaren azpian dauden aurreiritziei aurre egiteko eta LGTBI pertsonen genero-identitatearekiko errespetua sustatzeko.

    1. Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legearen 9.3 artikuluan aurreikusitako administrazio-dokumentazioa izapidetzea eta ematea.

  1. Dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion eskumenez gain, honako hauek dagozkio Ongizate Sailburuordetzari:

    1. Politika publikoa planifikatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea honako jardun-arlo hauetan: gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ongizatea oro har; bizitza beterako laguntzak, boluntariotza, hirugarren sektore sozialaren sustapena eta ekintza komunitarioa.

    2. Sailburuordetzaren ardurapeko politika sektorialak eta zeharkako politikak koordinatzea.

    3. Erakundeen arteko eta sailen arteko lankidetza sustatzea sailburuordetzaren ardurapekoak diren jardun-arloetan.

    4. Erakundeen arteko adostasuna, elkarrizketa sozial eta zibila, lankidetza profesionala, elkartasun zibikoa, sareko lana, ezagutzaren kudeaketa eta herritarren parte-hartzea sustatzea esku-hartzearen eta gizarte-politiken eremuan.

    5. Sailburuordetzaren eskumeneko gaietan legeriaren garapena, aplikazioa eta, hala badagokio, aldaketa bultzatzea.

    6. Gizarte-bazterketaren eta pobreziaren forma guztien azterketa eta jarraipena egitea.

    7. Gizarteratzeko Euskal Planarekin eta Euskal Osasun Planarekin lotutako jarduerak eta zeharkako beste guztiak bultzatzea, arlo bakoitzean eskumena duten sailekin koordinatuta, ongizatea sustatze aldera.

    8. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Osasun Sistemaren arteko koordinazioan eta lankidetzan esku hartzea, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren esparruan, eta, bere eskumenen esparruan, Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioari buruzko abenduaren 7ko 150/2022 Dekretuaren 15. artikuluan organo horri esleitutako eginkizunetan parte hartzea.

  2. Honako organo hauek daude Ongizate Sailburuordetzaren mende:

    1. Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritza.

    2. Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoa.

Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzari:

  1. Gizarte-zerbitzuen arloko analisiak eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen eta, oro har, gizarte-zerbitzuei buruzko araudiaren erregelamendu bidezko garapenerako araudi-proposamenak egitea.

  2. Gizarte-zerbitzuen arloko prestazioak eta zerbitzuak kudeatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legeak ezarritako baldintzetan, eta, bereziki, honako hauek: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzua, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta ematen dieten profesionalei aholkularitza eta arreta emateko kudeaketa integratua, eta genero-indarkeriaren biktimentzako ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoen kudeaketa, ebazpena eta ordainketa; telelaguntza-zerbitzua; familia-bitartekaritzako zerbitzu integrala; Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen 19. artikuluaren esparruan aurreikusitako orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzu telefonikoa edo telematikoa.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa garatzea.

  4. Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra eta Bitartekarien Erregistroa kudeatzea eta mantentzea.

  5. Gizarte-zerbitzuen plangintza eta ebaluazio orokorra egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritakoaren arabera.

  6. Zeharkako politikak garatzen laguntzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen eta gizarte-ongizatearen eremuko jarduerak garatzen laguntzea ere.

  7. Gizarte-zerbitzuetako profesionalen prestakuntza eta kualifikazioa sustatu eta bultzatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritako baldintzetan.

  8. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eta trantsizio sozial eta demografikoari laguntzeko politikak egokitzera bideratutako gizarte-berrikuntza bultzatzea, eta gizarte-berrikuntzako euskal ekosistema hedatzea gizarte-zerbitzuen eta -politiken eremuan, egungo gizarte-erronkei erantzuteko, administrazioek eta gizarte zibileko eragileek elkarrekin lan eginez.

  9. Gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko entitateak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzko prozeduren instrukzioa eta ebazpen-proposamena egitea.

  10. Organo hauei babesa eta laguntza ematea: Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua; Gizarte Zerbitzuen Erakundearteko Organoa; Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea; Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua, osasun-arloan eskumena duen sailarekin koordinatuta.

  11. Fundazioak gobernatzea, ordezkatzea eta administratzea, baldin eta fundazio horien patronatuko kidea Eusko Jaurlaritza bada, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailaren bitartez.

  12. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren funtzionamendua zuzendu eta antolatzea.

  1. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimen seme-alaba umezurtzentzako dirulaguntzak eta sexu-indarkeriaren biktimentzako dirulaguntzak kudeatu, ebatzi eta ordaintzea, salbu eta berariazko araudiak eginkizun horietakoren bat beste organo bati esleitzen badio.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko eskumenak baliatzea, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 136. artikuluan xedatutakoaren esparruan, eta lehen aipatutako laguntzei aplikatu beharreko gainerako lege- eta erregelamendu-xedapenen esparruan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan «gizarte-bonu termikoa» kudeatzea, ebaztea eta ordaintzea, salbu eta araudi espezifikoak eginkizun horietakoren bat beste organo bati esleitzen badio.

  4. Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duen martxoaren 22ko 50/2016 Dekretuan gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailari esleitzen zaizkion eginkizunak betetzea.

  5. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemako zentro eta zerbitzuetako profesionalen salbuespenezko gaikuntzaren kasuak egiaztatzen dituzten ziurtagiri indibidualak ematea, lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko.

  6. Familia zaintzaileei eta adinekoei laguntzeko tresna estrategikoak bultzatzea, baita bizitegi-bazterketa larria saihesteko neurriak ezartzea eta garatzea helburu dutenak eta bizimodu independentearen eredua eta desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea bultzatzea helburu dutenak ere.

Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzari:

  1. Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategia ebaluatzea, eguneratzea eta hedatzea.

  2. Hirugarren Sektore Soziala eta lankidetza publiko-soziala indartzea.

  3. Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari babesa eta laguntza ematea.

  4. Boluntariotzaren Euskal Kontseiluari babesa eta laguntza ematea.

  5. Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren funtzionamendua zuzendu eta antolatzea.

  6. Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena sustatzea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartuta ez dauden prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta jarduerak egiteko laguntzak kudeatzea, gainerako zuzendaritzekin koordinatuta.

  7. Ekintza Komunitarioa bultzatzeko sare bat diseinatu, abiarazi, komunikatu, sustatu, koordinatu eta dinamizatzea.

  8. 2025-2028ko Boluntariotzaren Euskal Estrategia ebaluatzea, eguneratzea eta hedatzea.

  9. Ekintza boluntarioa eta boluntarioen antolakundeak eta agentziak bultzatzea.

  10. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Errolda eta Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra kudeatzea eta mantentzea.

  1. Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoari:

    1. Gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatzen duten oinarrizko baldintzak betetzen direla zaintzea.

    2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak eskaintzen dituen zerbitzu eta prestazioen mailak Prestazio eta Zerbitzuen Zorroan ezarritako baldintzen araberakoak diren egiaztatzea.

    3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrak ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea, gizarte-zerbitzuen plangintza eta programazioari, zerbitzuak ematen dituzten entitateen baimen eta ikuskaritzari eta balorazio- eta diagnostiko-eginkizunei dagokienez.

    4. Gizarte-zerbitzuak kudeatzeko itunak eta kontratuak lege honetan eta lege hau garatzeko xedapenetan ezarritako irizpideekin bat datozela egiaztatzea.

  1. Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzari, dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion eskumenez gain, honako hauek dagozkio:

    1. Bizitzako politika publikoen plangintza, ikuskapena eta ebaluazioa egitea: zeharkako politikak, biztanleria-sektoreetan zentratuak, adinaren arabera definituak, honako jardun-arlo hauetan: gazteria, erronka demografikoa, familia-politika eta haur eta nerabeen politika.

    2. Erronka demografikoaren kudeaketa integrala bultzatzea, gainerako sailburuordetzekin batera, jaiotza-tasa, gazteen emantzipazioa eta familien proiektu berrien eraikuntza sustatuz.

    3. Adingabeen eskubideen sustapena, babesa eta defentsa eta haiek gizartean parte hartzea bermatzeko neurriak sustatzea, bai eta pertsona horien edozein indarkeria eta babesgabetasun mota saihesteko neurriak ere.

    4. Erronka demografikoaren 2030erako Euskal Estrategia osorik hedatzea eta haren jarraipena, ebaluazioa eta eguneratzea egitea, foru-aldundiekin, udalekin eta gizarte zibileko beste eragile batzuekin lankidetza-esparru bat garatuz.

    5. Sailburuordetzaren ardurapeko politika sektorialak eta zeharkako politikak koordinatzea.

    6. Erakundeen arteko eta sailen arteko lankidetza sustatzea sailburuordetzaren ardurapekoak diren jardun-arloetan.

    7. Erakundeen arteko adostasuna, elkarrizketa sozial eta zibila, lankidetza profesionala, elkartasun zibikoa, sareko lana, ezagutzaren kudeaketa eta herritarren parte-hartzea sustatzea sailburuordetzaren esku-hartzearen esparruan.

    8. Migratzaileak hartzeko eta gizarteratzeko politikak garatzea, erronka demografikoaren estrategiari ere lotutako ardatz gisa, baina bizi-ibilbideko politikekin alderatuta desberdina.

    9. Sailburuordetzaren eskumeneko gaietan legeriaren garapena, aplikazioa eta, hala badagokio, aldaketa bultzatzea.

    10. Berariaz gazteei zuzendutako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen arloko goi-ikuskaritzari dagozkion eginkizunak betetzea, Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 53. artikuluan aurreikusitako moduan.

  2. Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzaren mende honako zuzendaritza hauek daude:

    1. Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritza.

    2. Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza.

    3. Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritza.

  1. Dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzari:

    1. Politika publikoetan familia- eta komunitate-ikuspegiak sustatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan familia, haur eta nerabeei buruzko politiken plangintza, koordinazioa eta ebaluazio orokorra egitea. Bereziki, eta Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean ezarritakoaren arabera, Familiei Laguntzeko Erakundearteko Plana egin, garatu eta ebaluatzea dagokio.

    2. Araudia garatzeko araudi-proposamenak eta analisiak egitea honako gai hauetan, sailaren eskumenen esparruan, eta gai horiei buruzko estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriarekin bat etorriz: familientzako laguntza; haurrak eta nerabeak.

    3. Familia ugariaren txartela ematea kudeatzea; familia ugarientzako baliabideen gida eguneratzea eta banatzea, eta familia ugarien arloko erakundeen arteko koordinazioa.

    4. Behar denean, administrazioek familia-eredu desberdinetara bideratutako baliabideak, zerbitzuak, ekimenak eta laguntzak biltzen dituen gida eguneratzea.

    5. Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzea eta mantentzea, eta Izatezko Bikoteen Erregistroan izapidetu daitezkeen prozedurei buruzko jarraibide komunak koordinatzea eta onartzea.

    6. Familien Euskal Behatokiaren funtzionamendua zuzendu eta antolatzea.

    7. Honako organo hauei babesa eta laguntza ematea: Familiaren Euskal Kontseilua eta bertan integratutako batzordeak; Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua; Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa; Haur eta Nerabeentzako Erakundearteko eta Sektorearteko Organoa; Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua; Haur eta Nerabeen Foroa; Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa.

    8. Nazioarteko adopzioan bitartekaritza-eginkizuna betetzeko organismoak egiaztatzea; egiten duten jarduera kontrolatzea, ikuskatzea eta jarraipena egitea, Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legean eta arlo horretan aplikatzekoak diren gainerako xedapen bateragarrietan aurreikusitako baldintzetan, eta, hala badagokio, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituen abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuan ezarritakoaren arabera; eta organismo akreditatu horiei dagokien erregistroa kudeatzea.

    9. Haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako estrategia integrala, otsailaren 15eko 2/2024 Legeak, Haur eta Nerabeei buruzkoak, 128. artikuluan aurreikusitakoa, egin dadin bultzatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan sexu-indarkeriaren biktima izan diren haur eta nerabeentzako arreta-zerbitzu integral eta espezializatua sortzeko eta abian jartzeko lanak koordinatzea, Haur eta Nerabeei buruzko otsailaren 15eko 2/2024 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

    10. Haur eta nerabeek haurren eta nerabeen eskubideetan eragina duten politika publikoetan parte har dezaten sustatzea, Haur eta Nerabeen Foroaren bitartez.

    11. Bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko neurriak indartzea, eta kontziliazio erantzunkiderako politikak sustatzea enpresetan.

  2. Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzari atxikitzen zaio Haurren eta Nerabeen Behatokia, eta Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen 316. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu.

  1. Euskadiko gazteen emantzipazio- eta garapen-politikak sustatzeko, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari, dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio:

    1. Gazteriaren, aisialdiaren eta denbora librearen arloko araudi-proposamenak egitea, eta, bereziki, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legea erregelamendu bidez garatzeko arau-proposamenak; besteak beste, gazteriaren arloko zerbitzuak ematen dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuen aitorpenari aplikatu beharreko gutxieneko betekizunak eta baldintzak ezartzeari buruzkoak, bai eta gazteentzako zerbitzu eta ekipamendu espezifikoak antolatzeari buruzkoak ere; horretarako, zerbitzu eta ekipamenduak irekitzeko, aldatzeko, funtzionatzeko eta ixteko baldintzak, langileen gaikuntza eta aintzatespen-, ituntze- eta ikuskatze-arauak (goi-ikuskaritza barne) arautuko dira.

    2. Beste erakunde publiko eta gizarte-eragile batzuekin lankidetzan, gazteak behar bezala gizarteratzeko politikak bultzatzea, bai eta emantzipazio-politika espezifikoak ere, gazteen emantzipaziorako laguntza-programak kudeatzea, eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea bultzatzea eta koordinatzea.

    3. Gazte-politika integralak garatzea eta Gazteriaren arloko Euskal Estrategiaren lanketa bultzatzea, gainerako euskal erakunde publikoekin lankidetzan.

    4. Gazteen egoeraren berri eman dezakeen informazioa eta dokumentazioa biltzea eta zabaltzea, eta horri buruz egokitzat jotzen diren ikerketak eta azterlanak egitea.

    5. Aisiaren gizarte-, kultura- eta hezkuntza-erabilera sustatzeko planak egitea.

    6. Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 9. artikuluaren lehen puntuaren i) letran jasotako ekintza zuzeneko jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen hornidura bermatzea, lege horren 8. artikuluaren 4. zenbakian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

    7. Haur eta gazteen aisialdiko hezkuntzan, dinamizazio soziokulturalean eta haur eta gazteei zerbitzuak emateko zentroetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta profilaren definizioa bultzatzea.

    8. Gazteen asoziazionismoa eta boluntariotza sustatzea, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    9. Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Koordinazio Zentroari eta Gazteriaren Euskal Behatokiari esleitutako egitekoak garatzea, gazte-politika integralak hedatzeko, haien jarraipena egiteko eta ebaluatzeko.

    10. Lankidetzan aritzea Estatuko, Europako eta Europaz gaindiko beste entitate eta organismo batzuekin, gazteriaren arloan interes komunekoak diren jardueretan, Gazteriaren Euskal Sistema ordezkatuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan zein kanpoan.

    11. Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorra kudeatzea, bai eta Gazte Elkarteen eta Gazteentzako Zerbitzuak Ematen dituzten Erakundeen Errolda ere.

    12. Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoari eta Gazteriaren Sailarteko Batzordeari babesa eta laguntza ematea.

    1. Gazteen emantzipaziorako eta mugikortasunerako informazio, orientazio, bitartekaritza, aholkularitza eta laguntza integral, jarraitu eta pertsonalizatuko online zerbitzua sustatzea, itzulera barne, eta aurrez aurreko arreta eskainiko duten gazteen emantzipaziorako zentroen sarea sustatzea eta koordinatzea, Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentazio Sarearekin, Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Koordinazio Zentroarekin eta lurralde-zentroekin artikulatuta.

    2. Ikuskatzeko administrazio-ahala baliatzea, Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 52. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

    3. Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legean aurreikusitako arau-hauste arin eta astunengatiko zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea.

    4. Gazteriaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitutako gainerako egitekoak betetzea, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legean aurreikusitakoaren arabera.

  2. Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak antolatu behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arteko elkarrizketa.

Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari:

  1. Immigrazioaren arloan, politika integrala eta zeharkakoa planifikatu, koordinatu eta ebaluatzea, etorkinen harrerari, erabateko gizarteratzeari eta gizarte-partaidetzari dagokienez, euskal harrera-eredua kulturarteko ikuspegitik garatuz; migrazio-fenomenoak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaeraren jarraipena eta azterketa egitea; eta beste administrazio publiko batzuekin koordinatzeko mekanismoak eta tresnak proposatzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruan.

  2. Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroari babesa eta laguntza ematea.

  3. Etorkinen harrera-sareari eta etorkinen asoziazionismoa indartzeari laguntza ematea.

  4. Etorkinak erakartzeko eta atxikitzeko prozesuak bultzatzea.

  5. Herritartasunaren, immigrazioaren eta asiloaren Kulturarteko VI. Plana (2022-2025) hedatzea.

  6. Gizarteratzeko eta bizikidetzarako prozesuetan laguntza espezializatuko neurriak bultzatzea.

  7. Integratzeko ahaleginaren txostena egitea, aldi baterako bizileku-baimenak berritzeko prozedurei lotuta, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 31.7 artikuluan arautua; eta errotze-txostena egitea, integrazioa egiaztatzeko, urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 68.3 artikuluan eta lege organiko horren erregelamendua onartzen duen 557/2011 Errege Dekretuaren 124.2.c) artikuluan arautua.

  8. Euskadin familia-laguntzako sarerik ez duten gazte migratzaileei laguntza pertsonalizatua emateko neurriak bultzatzea, gizarteratzeko eta laneratzeko.

  9. Harrera eta laguntza instituzional eta komunitarioko ekimenen sarea bultzatzea, besteak beste, orientazioko eta komunitateko akonpainamendu sozialeko baliabideen bidez, hala nola babesletza komunitariokoak edo mentoretzakoak.

  10. Nazioarteko babes-sistemaren autonomia-fasea kudeatzea, apirilaren 16ko 42/2024 Dekretuan aurreikusitako moduan. Dekretu horren bidez, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak irailaren 26ko 2768/1980 Errege Dekretuaren bidez osasunaren, gizarte-zerbitzuen eta gizarte-laguntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuaren zerbitzuak gehitzeko akordioa onartu zen.

  11. Iragaitzazko migrazio-fenomenoari erantzuteko kontingentzia-planak diseinatu, planifikatu eta kudeatzea, bai eta fenomeno horri erantzuten dion erakundearteko mahai soziala koordinatzea ere.

  12. Jarduera-proposamenak egitea, Migraziorako Euskal Itun Sozialean jasotako aurreikuspenen eta konpromisoen garapenari dagokionez, eta itun horren ezarpena dinamizatzea, itun hori sinatu duten erakundeekin lankidetzan.

  1. Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzaren mende eta sailburuordetza horri atxikitako zuzendaritza bakoitzaren mende, lurralde historiko bakoitzean Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren lurralde-ordezkaritza bat egongo da, eta lurralde-ordezkari bat izango da haren buru. Eginkizun hauek izango ditu:

    1. Saila dagokion lurralde historikoaren eremuan ordezkatzea.

    2. Sailak lurralde historikoan dituen administrazio-zerbitzu eta -unitateak zuzentzea.

    3. Sailak emandako arauak eta jarraibideak bideratzea, bere lurralde-eremuan bete eta bete behar direnak.

    4. Sailaren eskumenei buruzko xedapenak, programak eta aurrekontu-aurreikuspenak dagokion lurralde historikoaren eremuan betetzen direla kontrolatzea.

    5. Saileko organo zentralek eskatzen dizkioten espediente eta gaiei buruzko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea.

    6. Erregistro hori arautzen duen Erregelamenduaren 3. artikuluan aurreikusitako Izatezko Bikoteen Erregistroari buruzko eginkizunak betetzea (maiatzaren 16ko 155/2017 Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Lurralde-ordezkariari dagokio izatezko bikotea eratzeko edo ezerezteko deklarazioa edo bikotearen ekonomia- eta ondare-araubidea arautzen duten itunak inskribatzeko eskabideak ebaztea, bai eta eskaera artxibatzea ere, eskaeran atzera eginez gero.

    7. Beren lurralde historikoan seme-alabak dituzten familiei informazioa ematea, eskabideak jasotzea eta laguntzak kudeatzea.

    8. Informazioa ematea, eskabideak jasotzea eta familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak kudeatzea, dagokion lurralde historikoan.

    9. Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legean aurreikusitako arau-hauste arin eta astunengatiko zehapen-espedienteak izapidetzea.

    10. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien gainerako egitekoak, eta berariaz eskuordetzen zaizkienak.

  2. Lurralde-ordezkariaren kargua hutsik badago, edo hura kanpoan edo gaixorik badago, hierarkian haren gainetik dagoenak ordezkatuko du.

Sailburuordetza eta zuzendaritzetako titularren postuak hutsik badaude, edo titularrak kanpoan edo gaixorik badaude, honako arau hauei jarraituko zaie ordezkapenak egiteko:

  1. Sailburuordetzei esleitutako eskumenak eta egitekoak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, dekretu honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.

  2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak eta eginkizunak hierarkian gorago dagoen organoak beteko ditu, hurrengo paragrafoan xedatutakoa salbu.

  3. Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzako titularrak beteko ditu, eta Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutakoak, berriz, Zerbitzu Zuzendaritzak.

  4. Aurreko arauak nahikoa ez direnean, gainetik dagoen administrazio-organoak izendatzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren espedienteak.

    Dekretu hau indarrean jartzen denean abian diren espedienteak gaiaren arabera eskudun diren organoek izapidetu eta ebatziko dituzte.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Berariazko Estatistika Organoa.

    Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzeko dekretua onartzen ez den bitartean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak eta Euskal Estatistika Erakundeak estaldura emango diote Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren estatistika-jarduerari, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua indarrean jarri arte egiten zuten moduan.

Indargabetuta geratzen dira Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuaren xedapen guztiak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitutako organo, funtzio eta jardun-arloei buruzkoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera, bai eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzen duen Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 16ko 155/2017 Dekretua aldatzea.

  1. Aldatu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzen duen Erregelamenduaren 33. artikuluaren 1. eta 6. apartatuak, eta honela idatzita geratzen dira:

    1. Dagokion lurralde historikoko lurralde-ordezkariak ebatziko ditu izatezko bikotea eratzeko edo ezerezteko deklarazioaren edo bikotearen ekonomia- eta ondare-araubidea arautzen duten itunen inskripzioa egitea edo ukatzea erabakitzen duten eskabideak, bai eta, eskaeran atzera eginez gero, eskabidea artxibatzea ere.

      ... 6. Lurralde-ordezkariaren ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organikoki gainetik duen organoari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa arautzen duen Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 16ko 155/2017 Dekretuak administrazio-unitateei egiten dizkien aipamenak lurralde historiko bakoitzeko lurralde-ordezkaritzei egiten zaizkiela ulertuko da.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretua aldatzea.

    Aldatu egiten dira Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 18. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

    1. Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde-ordezkaritzei dagokie dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzea.

    2. Eskatutako laguntzak emateko edo, hala badagokio, ukatzeko, familia-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzako zuzendariak banakako ebazpena emango du.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua aldatzea.

    Aldatu egiten dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 59. artikuluaren 1. apartatua eta 5. apartatuaren lehenengo paragrafoa, eta honela geratzen dira idatzita:

    1. Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde-ordezkaritzak izango dira dekretu honen II., III. eta V. kapituluetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

      ... 5. Dekretu honen II., III. eta V. kapituluetan aurreikusitako laguntzen kasuan, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzan familia-politikaren eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen irailaren 7ko 102/2022 Dekretua aldatzea.

    Aldatu egiten dira 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren 11. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

    1. Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde-ordezkaritzei dagokie dekretu honetan araututako laguntza kudeatzea.

    2. Eskatutako laguntzak emateko edo, hala badagokio, ukatzeko, familia-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzako zuzendariak banakako ebazpena emango du.

    AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 29an.

    Lehendakaria,

    IMANOL PRADALES GIL.

    Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

    NEREA MELGOSA VEGA.