Arautegia

Inprimatu

313/2024 DEKRETUA, urriaren 29koa, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 219
  • Hurrenkera-zk.: 5119
  • Xedapen-zk.: 313
  • Xedapen-data: 2024/10/29
  • Argitaratze-data: 2024/11/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Ogasun eta Finantza Sailaren egitekoak eta jardun-arloak lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 8. artikuluan datoz jasota. Dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu.

Dekretu hori lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren bidez aldatu da, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua aldatzen baitu, eta 8. artikuluaren lehen apartatuko r) letra ezabatzen du.

18/2024 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan eta hirugarrenean aurreikusitakoaren arabera eta bertan adierazitako antolaketa-irizpideei eta aurreikuspenei jarraikiz, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura eta eginkizunak ezartzen ditu dekretu honek, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 11. artikulutik 16. artikulura ezarritakoaren arabera. Sailaren egitura bi sailburuordetzan dago banatuta, zeinak sailaren arlo nagusiez arduratuko baitira. Horietaz gain, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa batzen zaie sailburuordetza horiei; egitura-maila bera izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardun ekonomikoa fiskalizatzen du bulego horrek, bere sortze-legearen eta ondorengo garapenen arabera, eta ekonomia- eta finantza-informazioa emateaz arduratzen da, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari dagokienez, bai eta laguntza eta dirulaguntza publikoen jarraipenaz eta kontrolaz ere.

Ogasun Sailburuordetzan biltzen dira Kontzertu Ekonomikoaren, Estaturako Kupoaren eta Lurralde Historikoen ekarpenen arloan administrazio honi dagozkion eskumenak eta egitekoak. Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-ente batzuen artean transferitzekoak diren eskumenak edo zerbitzuak baloratzeko eskumena ere sailburuordetza honek izango du. Aldi berean, finantza-jarduera beste administrazio publiko batzuekin koordinatzeaz eta harmonizazio, koordinazio eta lankidetza fiskalaren arloko eskumenez arduratzen da, eta autonomia-erkidegoko administrazio orokorreko zerga-administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboen erregimena zuzentzeko eta ikuskatzeko ardura ere badu, horretarako jarritako organoak erabiliz. Ondarearen, kontratazioaren eta arrisku eta aseguruen kudeaketaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dituen eskumenen ondorioz sortutako araubide orokorrak zuzentzea ere organo honi dagokio.

Bestalde, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetza arlo hauekin zerikusia duten jardun-arloetatik eratorritako sailen eskumenez arduratzen da: kredituaren antolamendua, finantza-politika eta finantza-entitateekiko harremanak, finantzaketa-tresna publikoen kudeaketa, aurrezki-kutxak, banku-fundazioak eta kreditu-kooperatibak, diru-bilketaren kudeaketa, diruzaintza, zorpetzea eta bermeak ematea, aseguru- eta berraseguru-jarduera, aseguru-bitartekaritzaren jarduera baimentzea eta kontrolatzea, balore-merkatua eta gizarte-aurreikuspeneko entitateak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak zuzendu, landu, kudeatu, jarraipena egin eta kontrolatzea, Jaurlaritzaren politika ekonomikoa koordinatzea, programa eta politika publikoak ebaluatu eta aztertzea, Europako kohesio-funtsen politika egitea eta lehia defendatzea dagozkio.

Sailaren egitura organikoa Zerbitzu Zuzendaritzak eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak osatzen dute. Zerbitzu Zuzendaritza sailaren gai komunetarako eskumena duen sailaren barruko organoa da, eta Kabinete eta Komunikazioko Zuzendaritza, berriz, honako zeregin hauetaz arduratzen da: sailburuari laguntza eta aholkularitza emateaz, sailaren eskumenak eta politikak garatu eta behar bezala bete ditzan; posizionamendu- eta komunikazio-estrategia diseinatu eta koordinatzeaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta nazioarteko beste entitate, instituzio eta organismo publiko eta pribatuekin harreman instituzionalak erraztu, garatu eta mantentzeaz.

Ogasun eta Finantza Sailari atxikita daude Lehiaren Euskal Agintaritza administrazio-organismo autonomoa eta Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu eta Gobernu Kontseiluak 2024ko urriaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 8. artikuluarekin bat etorriz, egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ogasun eta Finantza Sailari:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak zuzendu, landu eta horien kudeaketa orokorra egitea, baita jarraipena eta kontrola ere. Horietaz gain, aurrekontuei buruzko programazioa.

    2. Sektore publikoaren aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna.

    3. Barne-kontrol ekonomikoa, kontabilitatea eta kontabilitate-erantzukizunak.

    4. Laguntza eta dirulaguntza publikoen araubidea arautzea eta gainbegiratzea.

    5. Kredituaren antolamendua, finantza-politika eta finantza-entitateekiko harremanak. Euskal Autonomia Erkidegoak euskal sektore ekonomikoak finantzatzeko eta haietan partaidetza publikoa izateko dituen tresna publikoak kudeatzea.

    6. Aurrezki-kutxak, banku-fundazioak eta kreditu-kooperatibak.

    7. Diru-bilketaren kudeaketa, diruzaintza, zorpetzea eta bermeak ematea.

    8. Aseguru- eta berraseguru-jarduera, bai eta aseguru eta berraseguru pribatuen banaketa baimentzea eta kontrolatzea ere.

    9. Balore-merkatua.

    10. Gizarte-aurreikuspeneko entitateak.

    11. Ekonomia Ituna, Estatuari eman beharreko kupoak eta lurralde historikoen ekarpenak. Transferitzekoak diren eskumenak edo zerbitzuak baloratzea, eta finantza-fluxuak zehaztea eta kudeatzea, Gizarte Segurantzaren finantzaketari dagokionez.

    12. Finantza-jarduera beste administrazio publiko batzuekin koordinatzea.

    1. Harmonizazio, koordinazio eta lankidetza fiskala.

    2. Zerga-administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

    1. Ondarea eta kontratazioa.

    2. Jaurlaritzaren politika ekonomikoa koordinatzea, eta programa eta politika publikoak ebaluatzea eta aztertzea.

    3. Europako kohesio-funtsen politika.

    1. Lehiaren defentsa.

    2. Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

    3. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

  2. Halaber, aurreko paragrafoan jasota dauden gaiekin zerikusia izan eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokor edo instituzionaleko beste organo edo enteren bati berariaz atxiki gabe dagoen bestelako ezein eskumen ere Ogasun eta Finantza Sailarena izango da.

  3. Beste egiteko hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari dagozkio:

    1. Hitzarmenak eta akordioak sinatzea eta harremanak izatea Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Instituzionalarekin, beste autonomia-erkidego batzuekin, lurralde historikoekin eta toki-korporazioekin, beste entitate batzuekin eta pertsona publiko zein pribatuekin, artikulu honetako orain arteko epigrafeetan zehazturiko gaietan edo, legez edo Jaurlaritzaren erabakiz, agintzen zaizkion bestelako gaietan, betiere, indarrean dauden legeetan hala ezarrita badago.

    2. Orokorrean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egiturako sailen esku uzten diren eskumen komunak.

  4. Artikulu honetan aipatzen diren gaietan, administrazio-prozeduraren fase guztiak Ogasun eta Finantza Sailaren ardurapekoak izango dira, eta, orokorrean, betearaztea izango da haren egitekoa, non eta ez den beste zer edo zer ulertzen dekretu hau irakurrita edo maila bereko beste xedapen batzuk irakurrita.

  1. Aurreko artikuluan zehazturiko gaiei buruzko eskumenak betetzeko, Ogasun eta Finantza Sailak honako organo hauek izango ditu bere egituran:

    1. Ogasun eta Finantzetako sailburua:

      1. Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

      2. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

      3. Zerbitzu Zuzendaritza.

    2. Ogasun Sailburuordetza:

      1. Zerga Administrazioko Zuzendaritza.

      2. Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza.

      3. Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza.

    3. Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetza:

      1. Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritza.

      2. Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza.

      3. Aurrekontu Zuzendaritza.

  2. Aurreko paragrafoko organo horiek baino beheragoko administrazio-unitateak Ogasun eta Finantzetako sailburuaren agindu bidez garatuko dira.

  3. Organo hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari atxikita egongo dira, sorrera-arauetan zehaztutako moduan:

    1. Bahitutako Ondasunak eta Eskubideak Itzultzeko Batzorde Instrukziogilea.

    2. Kontratazio Batzorde Nagusia.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea.

    4. Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa.

    5. Euskadiko Ekonomia Arduralaritzaren Epaitegia.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

    7. Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua.

  4. Ogasun eta Finantza Sailari atxikita daude:

    1. Lehiaren Euskal Agintaritza administrazio-organismo autonomoa, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzaren bidez, hargatik eragotzi gabe haren autonomia organikoa eta funtzionala, otsailaren 2ko 1/2012 Legean ezarritako baldintzetan.

    2. Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko ente publikoa, Saileko sailburuaren bidez, Finantzen Euskal Institutua arautzen duen abenduaren 21eko 19/2023 Legearen arabera.

  1. Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak erabiltzea, bai eta indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak ere, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera sail honi esleitutako egiteko eta jardun-arloen esparruan.

  2. Ogasun eta Finantzetako sailburuak egiteko hauek ere izango ditu:

    1. Sailaren politiken helburu estrategikoak definitzea, gobernu-programan definitutako estrategia-lerroen eta programa-konpromisoen esparruan, eta lortutako gizarte-inpaktuaren analisia egitea.

    2. Autonomia-erkidegoen eta Estatuko Ogasunaren finantza-jardunak ondo koordinatzeko organorik sortzen baldin bada, dena delako organo horretan parte hartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak koordinatzea, bai zerga- eta finantza-gaietan beste administrazio publiko batzuen aurrean azalpenak eskatu edo eman behar direnean, bai Ekonomia Itunetik datozen baliabideak banatzeko sistemaren puntu erkideetan, hargatik eragotzi gabe Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren berezko egitekoak.

    4. Saileko organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

    5. Sailaren 1.000.000 euroko edo hortik gorako gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.

    6. Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aurretik deialdi publikoa eginda, baita behin-behineko langileak izendatzea ere.

    7. Ogasun eta Finantza Saileko kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak erabiltzea, baldin eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia, BEZa barne, 1.000.000 eurokoa edo hortik gorakoa duten kontratuak eta hitzarmenak badira.

      Halaber, prestazioen zenbatekoa aurreko paragrafoan zehaztutakoaren berdina bada edo kopuru hori gainditzen badu, sailburuak eskumena izango du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen bitarteko propio pertsonifikatuaren izaera duten entitateei mandatuak egiteko, sektore publikoaren kontratazioa erregulatzen duen araudiaren arabera.

    8. Saileko organoen arteko eskudantzia-gatazkak ebaztea eta beste sail batzuekin daudenak planteatzea.

    9. Zuzenean eta hierarkian sailburuaren mende dauden zuzendaritzetako eta sailburuordetzetako titularrek emandako administrazio-egintzen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

    10. Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea.

    11. Saileko organoek emandako xedapen eta egintza deusezak eta egintza deuseztagarrien kaltegarritasuna berrikusteko prozedurak hastea eta ebaztea, hurrengo letran aipatzen diren espedienteez bestelakoak.

    12. Zerga-araudian araututako administrazio-bideko berrikuspen-prozedura bereziak hastea eta ebaztea, araudi horretan ezarritako kasuetan eta baldintzetan.

    1. Indarrean dagoen araudiak Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako egitekoak izanik, saileko beste ezein organori edo sailaren mendeko beste ezein enteri eman ez zaizkion egitekoak, eta, dekretu honen 1. artikuluko gaiekin zerikusia duten eskumenen artetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko beste organo batzuei berariaz eman ez zaizkienak.

  3. Ogasun eta Finantzetako sailburuaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza eta Zerbitzu Zuzendaritza.

Zuzendaritza-kontseilu bat ere badago, saileko politika gauzatzen laguntzeko. Ogasun eta Finantzetako sailburua izango da kontseilu horretako burua, eta gainerako kideak, berriz, hauek: Ogasun eta Finantza Saileko sailburuordeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendaria eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria. Zuzendaritza Kontseiluan parte hartu ahal izango dute, izan iraunkorki zein puntualki, sailaren titular den sailburuak egoki iritzitako Ogasun eta Finantza Saileko goi-kargudunek zein konfiantzazko edo behin-behineko langileek.

Orokorrean, egiteko hauek izango dituzte Ogasun eta Finantzetako sailburuordeek:

  1. Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

  2. Sailburuordetzako eta sailburuordetzaren mende dauden zuzendaritzetako organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzu eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

  3. Jardun-politikak prestatzea eta sailburuari horiek proposatzea eta laguntza teknikoa ematea, agintzen zaizkion egitekoen alorrean.

  4. Xedapen-proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikarekin bat.

  5. Sailburuordetzaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

  6. Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza-zentroen eta organismoen funtzionamendua ikuskatzea eta kontrolatzea.

  7. Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta bere eskumeneko esparruetan euskararen erabilera bultzatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin.

  8. Bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategian ezarritakoarekin bat etorriz.

  9. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien eskumen eta egitekoak eta, komunak direlako, sailburuordeei oro har dagozkienak.

Orokorrean, egiteko hauek izango dituzte Ogasun eta Finantza Saileko zuzendariek:

  1. Sailburuaren eta sailburuordeen ebazpenak betearaztea eta eskuordetzen zaizkien eskudantziak baliatzea.

  2. Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

  3. Zuzendaritzaren jarduera guztiak programatu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  4. Zuzendaritza barruko zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea organo eskudunek ezarritako arauak aintzat harturik, eta, batez ere, espediente-erregistroak eta -artxiboak antolatzea, Zerbitzu Zuzendaritzari dagozkion eskudantziak ezertan eragotzi gabe.

  5. Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen araudian aurreikusten diren kasuetan.

  6. Dagokien eskumen-eremu materialean emandako egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-espedienteak izapidetzea.

  7. Dagokien eskumen-eremu materialean emandako xedapen eta egintza deusezak berrikusteko espedienteak izapidetzea.

  8. Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta hizkuntza-politikaren arloko eskumena duen organoarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea beren esparruan eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, beren zuzendaritzako zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez.

  9. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ezarri eta inplementatzea, eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzaren jardun-esparruetan, besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako ekitaldi publikoak. Halaber, hala dagokionean, kontratazio publikoan Kontratazio organoari eta dirulaguntzak emateko deialdietan organo eskudunari hizkuntza-irizpideak sartzea proposatzea.

  10. Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiako helburuak definitzea beren esparruan eta horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatu eta ebaluatzea, beren zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez.

  11. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkien eskumen eta egiteko guztiak eta, komunak direlako, oro har zuzendariei dagozkienak.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoa organikoki sailburuordetza baten parekoa izango da, eta, dekretu honen 5. artikuluan adierazitako egitekoez gain, hauek ere izango ditu:

  1. Kontabilitatearen eta barne-kontrol ekonomikoaren arloko egiteko guztiak betetzea, betiere, gai horiek erregulatzen dituen araudiaren arabera.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen eta partaidetza duten entitateen ekonomia- eta finantza-jarduerari buruzko dokumentuak, kontuak eta txostenak etengabe gainbegiratzea, informazioa emateko jarraibideak ezartzea eta adierazitako agiriak landu eta banatzea.

  3. Diru-sarreren, gastuen eta defizit edo superabitaren exekuzio-aurreikuspenak egitea, kontabilitate nazionalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ekonomia- eta finantza-informazioaren terminoetan, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arloko araudian aurreikusitakoa betez, eta Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzekoak zaizkion aurrekontu-egonkortasuneko eta finantza-iraunkortasuneko arauak eta helburuak betetzen direla kontrolatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan eta, Kontuen Europako Sistemaren definizioaren eta mugaketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publiko gisa sailkatuta dauden entitateen eremuan, merkataritza-zorra eta zor ez-finantzarioa kuantifikatzeko eta haren jarraipena egiteko, ordaintzeko batez besteko epea kalkulatzeko eta berankortasuna kontrolatzeko beharrezkoa den informazioa gainbegiratzea eta jarraibideak ezartzea.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen eta partaidetza duten entitateen inbentarioa egin, mantendu eta kudeatzea.

  6. Europako funtsak eta auditoretza-agintaritzaren funtzioak kontrolatzeko jarduerak egitea, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak izaera hori duen funtsetan.

  7. Gardentasuna sustatzea eta ekonomiari, finantzei eta aurrekontuei buruzko informazioa zabaltzea, herritarrek informazio hori eskura izan dezaten bereziki zainduz.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen kontabilitatearen eta barne-kontrol ekonomikoaren arloan bitartekoak nahiz baliabide elektroniko eta informatikoak nola aplikatzen eta ezartzen diren gainbegiratu eta kontrolatzea, kontabilitatearen informatizazioa planifikatu eta diseinatuz, tratamendu informatikoa nahitaezkoa duten kontabilitate-lanak zein izango diren erabakiz, kontabilitate publikoaren arloan egin beharreko garapen informatikoei onespena emanez, eta informatizatutako kontabilitate-informazioa irispidean izan eta erabiltzeko baimenak emanez.

  9. Arlo ekonomikoan gobernu arduratsua eta arriskuen kudeaketa eta barruko kontrola egiteko politikak jartzearen alde egin, eta politikok koordinatu eta gainbegiratzea, helburu hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kudeaketa hobetzea eta xedeak erdiesten laguntzea.

  10. Laguntza eta dirulaguntza publikoen jarraipena eta kontrola.

  11. Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin, Estatuko Kontuen Epaitegiarekin eta kanpo-kontroleko beste organo batzuekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, bai eta beste administrazio publiko batzuetako kontu-hartzailetzako eta barne-kontrol ekonomikoko organoekin koordinatzea ere.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorra administratzea, kudeatzea, zaintzea eta mantentzea, eta erregistro horretan jasotako informazioaren konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

  1. Dirulaguntza publikoen publikotasun eta gardentasunerako informazio-sistemaren definizio funtzionala, 15. artikuluak ematen diona. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3. artikulua.

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak, dekretu honen 6. artikuluan ematen zaizkion egiteko orokorrez gain, honako hauek ere izango ditu:

  1. Sailburuaren lan-programa eta -jarduna antolatzea eta horri jarraipena egitea.

  2. Sailburuari sailaren eskumen eta politikak ongi garatu eta burutzeko behar dituen laguntza eta aholkuak ematea, sailaren eskudantzien jardun-irizpideak eta -planak identifikatuz.

  3. Sailburuak eskatuta, sailaren politika garatzeko interesgarriak diren ikerlan eta azterketak identifikatzea eta, hala behar bada, lantzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta nazioarteko entitate, instituzio eta organismo publiko eta pribatuekiko harreman instituzionalak bultzatu, garatu eta mantentzea, sailak eragin-ahalmen handiagoa izan dezan ingurune estrategikoetan eta ingurune horietako funtsezko eragileengan (interes-taldeak stakeholder, komunikabideak, eta abar).

  5. Sailari atxikitako sektore publikoko entitateen komunikazioa gainbegiratu eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe Lehiaren Euskal Agintaritzaren autonomia organikoa eta funtzionala.

  6. Saileko ekitaldi ofizialak eta protokolokoak antolatzea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkionak, eta sailaren biltzarrak, jardunaldiak edo mintegiak koordinatzea.

  7. Sailaren eskumenekoak diren politika publikoei dagokienez, haren jardunei buruzko informazioa eta publizitatea behar bezala ematen dela bermatu eta koordinatzea, sailetako organoei laguntzeko unitate gisa jardunez.

  8. Sailaren zereginean eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea, gaiarekin zerikusia duten saileko beste organo eskudunekin elkarlanean.

  9. Komunikabideekiko harremanak planifikatu, ezarri eta artatzea.

  10. Sailaren informazio orokorraren komunikazio- eta hedapen-ekintzak egitea, sailetako organoei laguntzeko unitate gisa jardunez.

  11. Interneten eta sailaren sare sozialetan edukiak kudeatu, definitu eta mantentzea, bai eta sailari dagokion informazioa ere Administrazioaren webgune horizontaletan, saileko gainerako organoen laguntzarekin.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzak, 6. artikuluan adierazitako egitekoez gain, beste hauek ere izango ditu:

    1. Sailari atxikita dauden langileen burua izango da eta sailarekin zerikusia duten administrazio-egintzak eta ohiko kudeaketa-lanak beteko ditu, baita indarrean dagoen araudiak agintzen dion beste edozein egiteko ere. Bereziki, egiteko hauek izango ditu:

      1. Langile-gaietan Euskal Funtzio Publikoaren arauek sail bakoitzari ematen dizkioten eskumenak erabiltzea.

      2. Saileko langileen prestakuntzarako eta hobekuntzarako planak eta programak prestatzea, hargatik eragotzi gabe funtzio publikoaren ardura duen zuzendaritzaren eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren eskudantziak.

      3. Langileen arloan jartzen diren errekurtsoak ebazteko izapideak eta proposamenak egitea, hargatik eragotzi gabe funtzio publikoaren arloan ardura duten organoen eskudantziak.

    2. Sailaren aurrekontuei buruzko aurreproiektua koordinatu eta lantzea, eta haren jarraipena egitea; sailari atxikitako sektore publikoko entitateen aurrekontu-proiektuak koordinatu eta sailarenarekin bateratzea; aurrekontuan egin beharreko aldaketak izapidetzea, eta saileko gastu-programak ebaluatzea.

    3. Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, behar den informazio-, etengabeko ebaluazio- eta jarraipen-sistemak ezarri eta mantenduz.

    4. Sailaren 1.000.000 eurotik beherako gastuak baimentzea.

    5. Saileko atalek lanpostuak fisikoki kokatzeko eta ekipamendua banatzeko egiten duten lana eta lekua eraberritzeko eta hobetzeko egiten dituzten obrak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe hainbat sailetarako diren zerbitzuen ardura duten organo eskudunen eskumenak.

    6. Sailaren egoitzetako barne-araubidea bete eta zaintzea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua kudeatu eta zaintzea.

    7. Sailaren Erregistro Orokorra, Artxiboa, Liburutegia eta gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe hainbat sailetarako zerbitzuen ardura duten organo eskudunen eskudantziak.

    8. Sailaren zerbitzu eta lan-moldeen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, saileko gainerako organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunekin koordinaturik.

    9. Saileko Segurtasun eta Osasun Atalaren lanak zuzendu eta antolatzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuaren eskudantziak.

    10. Sailaren gaien artetik Gobernu Kontseiluak eta, hala badagokio, gobernu-batzordeek onartu beharrekoak direnak hara bidaltzeko izapideak egitea, berariaz bestelakorik adierazi ezean.

    11. Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 56. artikuluaren arabera, Eusko Legebiltzarrera igorri behar diren gaiak hara bidaltzeko izapideak egitea eta sailak Arartekoarekin izan behar dituen harremanak kudeatzea, organo eskudunen bitartez.

    12. Aldizkari ofizialetan argitaratu behar diren dokumentuen bidalketa izapidetzea eta gardentasunari buruzko arau aplikagarrietatik sortutako publikotasun aktiboaren betebeharrak betetzea.

    1. Sailean dauden informazio publikoa eskuratzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea, gardentasunari buruzko arau aplikagarriei jarraituz.

    2. Komunikazio-organo gisa jardutea gainerako sailekin eta sailarekin harremanetan dauden organismo edo entitateekin, eta sailarteko batzorde eta kontseiluetan parte hartzea, baldin eta aztergaien artean zuzendaritza honen ardurapeko egitekoren bat badago.

    1. Sailaren jardunarekin lotuta sortzen diren ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea, ondoren sailburuari emateko, ebatz ditzan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berariazko gaien, antolaketaren eta informatikaren inguruan sailari dagozkion eskumenak kudeatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen argitaratze-jarduerari buruzko irailaren 25eko 135/2018 Dekretuan xedatutakoaren arabera, sailari dagozkion egitekoak betetzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak kudeatzeko eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera sailari dagozkion egitekoak.

    5. Sailak egindako datu pertsonalen tratamenduei aplikatu beharreko segurtasun- eta pribatutasun-neurriak ezartzeko behar den laguntza teknikoa eta antolakuntzakoa koordinatu eta ematea.

    6. Euskal Estatistika Planak esleitutako estatistika-eragiketak egitea, bai eta Euskal Estatistika Erakundearekin (Eustat) harremana izatea ere, plan hori garatzeko eta eragiketa berriak proposatzeko edo daudenak hobetzeko.

  2. Zerbitzuen zuzendariak izango ditu Ogasun eta Finantza Saileko kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia, BEZa barne, 1.000.000,00 eurotik beherakoa duten kontratu eta hitzarmenetan.

    Halaber, prestazioen zenbatekoa 1.000.000,00 eurotik beherakoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen bitarteko propio pertsonifikatuaren izaera duten entitateei mandatuak egiteko eskumena izango du, sektore publikoaren kontratazioa erregulatzen duen araudiaren arabera.

  3. Gainera, Ogasun eta Finantza Sailaren eremuan, Zerbitzu Zuzendaritzak ardura hauek izango ditu:

    1. Sailaren aholkularitza juridikoa, sailaren araugintza egituratu eta lantzea baitagokio saileko gainerako zuzendaritzekin koordinatuz; sailaren gainerako organoek beren gain hartu ez dituzten aholkularitza eta laguntza juridikoko jarduerak egingo ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen bidez saileko aholkularitza juridikoei esleitu zaizkien gainerako egitekoak ere bai.

    2. Administrazioa eraberritu eta modernizatzearen eta administrazio elektronikoaren, kudeaketa aurreratuaren, gobernantzaren eta berrikuntzaren inguruan eskumena duten organoek mahai gainean jarritako ekimenak eta gidalerroak garatu eta gauzatzeko behar diren euskarriak bermatzea, gobernu-programan gai horien inguruan ezarri diren aurreikuspenak sailaren jarduketa-arloan garatzeko.

    3. Sailaren barne-koordinazioa Europar Batasuneko arauak eta politikak landu eta aplikatzerakoan, gaien izapidetzea eta saileko organoek Europar Batasuneko instituzioekin izan behar dituzten harremanak bideratuz, Lehendakaritzako organo eskudunaren bidez.

    4. Sailari atxikitako zuzendaritza, organismo autonomo, entitate eta organo guztiak sustatzea, bultzatzea, koordinatzea eta haiekin lankidetzan aritzea, saileko berdintasun-unitatearen bidez, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako neurriak betearazteko (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).

    5. Euskararen erabilera sustatzea, saileko euskara-unitatearen laguntzarekin. Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta Saileko Euskararen Erabileraren Urteko Kudeaketa Plana garatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta jardun-eremuan aplikatu beharreko hizkuntza irizpideak definitzea, betiere hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren gidalerroei jarraituz.

    6. Otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan ezarritako euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa egin, onartu eta plan horretan ezarritako adierazleen horien jarraipen sistematikoa egin, eta plan estrategikoa garatuko duten kudeaketa-planak egin eta onartu.

    7. Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak onartzea, berrikustea eta, hala badagokio, eguneratzea, hizkuntza-politikaren eskumena duen sailarekin lankidetzan, baita Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideen jarraipen sistematikoa eta ebaluazioa ere.

    8. Saileko gainerako organoek hizkuntza-normalizazioaren arloan egindako lana koordinatu eta dinamizatzea, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren laguntzarekin, eta euskara sustatzea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein alorretan.

    9. Herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko sailaren zerbitzuen funtzionamendu onena ziurtatzea (harrerako 2. eta 3. mailak), baita herritarrei harrera egiteko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuarekin harremanak behar bezala artikulatzea ere, bere eskumenen eremuko arloetan solaskide operatiboak badaudela ziurtatuz.

    10. Sailak herritarrekiko interakzioaren zerbitzura jarritako kanal elektronikoen erabileraren koordinazioa eta jarraipena egitea, eta plangintzarako, araugintzarako eta politiken eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluaziorako kanal presentzialak edo birtualak irekitzea suspertzea.

  4. Sailaren berariazko estatistika-organoa Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitzen zaio, betiere Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta haren antolakuntza eta jarduera ezartzen dituen martxoaren 8ko 48/2005 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

1. ATALA

OGASUN SAILBURUORDETZA

  1. Ogasun Sailburuordetzak beteko ditu, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren zuzendaritzapean, Ekonomia Itunaren, Estatuari eman beharreko kupoaren eta lurralde historikoen ekarpenen arloan Sailari eman zaizkion eskumenak; transferitzekoak diren eskumen eta zerbitzuen balorazioa; finantza-fluxuak zehaztu eta kudeatzea, Gizarte Segurantzaren finantzaketari dagokionez; finantza-jarduera beste administrazio publiko batzuekin koordinatzea; harmonizazio, koordinazio eta lankidetza fiskala; autonomia-erkidegoaren berezko zergak; zerga-administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak, eta ondarea eta kontratazioa. Sailburuordetzaren titularrari dagozkio, halaber, 5. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek:

    1. Ordenamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitzen dizkion eskumen guztiak, Ekonomia Itunaren kudeaketatik eratorritako baliabideen banaketa-sistemaren ingurukoak zein Itunetik eratorritako finantza-gaien ingurukoak, non eta ez dauden Eusko Jaurlaritzari edo bestelako organoren bati emanda.

    2. Euskal Gizarte Segurantzaren finantzaketaren inguruan Estatuko Administrazioarekin ezar daitezkeen finantza-fluxuak zein izango diren zehaztea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-ente batzuen artean transferitzekoak diren eskumenak edo zerbitzuak baloratzea.

    4. Lurralde historikoen arteko koordinazio, harmonizazio fiskal eta lankidetzari dagokienez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion zerga-arloko eskumenak egikaritzea, ordenamendu juridikoak xedatutakoaren arabera.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion zerga-arloko eta berezko zerga-araubideko eskumenak, Eusko Jaurlaritzari esleitutakoak izan ezik, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko zerga propioei buruzko lege-aurreproiektuak edo dekretu-proiektuak egiteko eskumenak ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 34.1.a) artikuluan aipatzen direnak.

    6. Zerga-araudian araututako administrazio-bideko berrikuspen-prozedura bereziak hastea eta ebaztea, araudi horretan ezarritako kasuetan eta baldintzetan.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotuta dauden finantza-fluxu europarren jarraipena egitea.

    8. Ekonomia Itunaren araubidea eta kupoa zehazteko metodologia erregulatzen dituzten arauak aztertzea, horiei buruzko txostenak idaztea eta proposamenak lantzea, eta beste horrenbeste egitea kupoa aplikatzearekin lotutako neurriekin, betiere lurralde historikoetako organo eskudunekin lankidetzan arituz.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, Estatuarekiko eta lurralde historikoekiko finantza-harremanen ondorio diren diru-sarreren gaineko jarduketa ekonomiko eta finantzarioak programatu, jarraitu, ebaluatu eta koordinatzea.

  2. Bere jurisdikzio bereziaren barruan egindako erreklamazioak ebazteko duen independentzia funtzionala ezertan eragotzi gabe, Euskadiko Ekonomia Arduralaritzaren Epaitegia Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dago, Ogasun Sailburuordetzaren bitartez.

  3. Ogasun Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, honako zuzendaritza hauek: Zerga Administrazioko Zuzendaritza, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza, eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza.

Zerga Administrazioko Zuzendaritzak, 6. artikuluan adierazitako eskudantziez gain, honako hauek izango ditu:

  1. Ordenamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta Instituzionalari zerga-administrazioaren arloan ematen dizkion eskumen guztiak, tasa eta kontribuzio berezien kudeaketarekin lotutako administrazio-egintzen gainekoak izan ezik, baldin eta horien zerga-egitatea ez bada Ogasun eta Finantza Sailaren eskumenekoa, diru-bilketa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa kanpo utzita. Atal honetan xedatutakoak ez du ezertan eragozten organismo autonomoek beren eskubide ekonomiko propioak administratu, kudeatu eta eraginkor egiteko duten eskumena, indarrean dauden xedapenek adierazten duten moduan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bateginaren 33. artikuluan aipatzen diren prezio publikoak finkatzeko edo aldatzeko proposamenei buruzko txosten loteslea ematea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko zuzenbide publikoko erregimenean zerbitzuak emateagatik ezartzen diren zergaz besteko ondare-prestazio publikoei buruzko nahitaezko txostena egitea, prestazio horiek tasa eta prezio publikoekin mugatzeko.

  4. Zergadun edo ordezko gisa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion zerga-betebehar guztiak betetzea, Administrazioko organo guztien laguntza bilduta, sailak berak, orokorrean eta kasu bakoitzerako, ezarritako baldintzen arabera.

  5. Zergadun edo ordezko gisa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako entitateei dagozkien zerga-betebeharrak betetzen direla kontrolatzea eta betebehar horiei buruzko aholkuak ematea.

  6. Zerga-araudiak araututako administrazio-bideko berrikuspen-prozedura bereziei buruzko espedienteak izapidetzea, araudi horretan ezarritako baldintzetan.

  7. Zerga Koordinaziorako Organoari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

  8. Zerga-arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion harmonizazio, koordinazio eta lankidetza fiskalari buruzko ikerketa, azterlan eta txostenak egitea, ordenamendu juridikoak xedatutakoaren arabera.

  9. Zerga-araudiak zerga-bilketan duen eraginari buruzko azterketak eta ikerlanak egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako zerga-baliabideei buruzkoak ere.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari izatea edozein ente publikoren aurrean, bien artean zerga-harremanak badaude eta Administrazioa, zergadun edo ordezko gisa, harreman horietako partaide bada.

  11. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoari laguntza eta babes tekniko eta administratiboa ematea, esleituta dituen egitekoak bete ditzan, Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  12. Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeari laguntza eta babes tekniko eta administratiboa ematea, esleituta dituen egitekoak bete ditzan.

  1. Foru-aldundiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zerga-informazioa trukatzeko adosten dituzten tresnen kudeaketa-organoetan parte hartzea, bai eta organo horietan erabakitzen den informazio-trukea kudeatzea ere.

Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak, 6. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek izango ditu:

  1. Ondare-kontuetan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak izanik Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen gaineko jabari-ahalmenak erabiltzea; ondasun eta eskubide horiek kudeatu, administratu, ustiatu, ordezkatu eta auzitegietatik kanpora defendatzea; betearaztea Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean arauturiko sailaren eskumeneko gaiei buruz Gobernu Kontseiluak hartzen dituen erabakiak, eta ondasunak eta eskubideak defendatu eta babesteko ekintzak egikaritzea, berariaz beste organo edo entitateren bati agindu zaionean salbu, eta hargatik eragotzi gabe atxikitze-egintzak berekin dakartzan ahalmenak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak izanik Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak kudeatu, administratu eta ustiatzea, baldin eta beste organo edo entitate batzuei atxikita ez badaude.

    3. Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen afektazioa, desafektazioa, atxikipena, desatxikipena eta erabilera-aldaketa, bai eta higiezinen errentamendua ere, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatzen den bezala.

    4. Edozein motatako enpresa eta sozietatetan partaide izateagatik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskubideak erabiltzea, berariaz beste organo bati esleitu ez bazaizkio.

    5. Ustez Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideei buruz ikertzea; edozein tituluren bidez horiek erabiltzeko baimena duten pertsonek edo enteek nola erabiltzen dituzten ikertzea; ondareak mugatzea eta mugarriztatzea; horiek babestu, defendatu eta erreibindikatzea, eta erantzukizunak eskatzeko eta zehapenak ezartzeko prozedurak instruitu eta ebazpen-proposamenak egitea, ondare-arloko legeriaren arabera.

    6. Euskal zuzenbide zibilari buruzko araudiarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren abintestato jaraunslearen administrazio-adierazpena egiteko behar diren jarduketa guztiak izapidetzea, bai eta jaraunspeneko ondasunak kudeatzea eta likidatzea ere, ondareari buruzko indarreko araudiari jarraikiz.

    7. Euskadiko ondareari buruz jakiten dituen eta delitu edo falta izan daitezkeen gertakari guztien berri ematea instantzia eskudunei.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra landu eta eguneratzea, eta, halaber, ondasun horiek zaintzea bai fisikoki, bai juridikoki eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatzea.

    9. Ondarearen arloan Ogasun eta Finantza Sailaren eskumenekoak diren prozedura guztiak izapidetu eta dagozkien agiriak formalizatzea; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ondareko ondasunak edo eskubideak ordezkatzen edo gauzatzen dituzten agiri, eskritura, titulu eta balore guztiak eduki eta zaintzea.

    10. Eskubide gorpuzgabeak eskuratzeari, aldatzeari edo besterentzeari buruzko espedienteak izapidetzea, Interneteko domeinu-izenak erreserbatzeari eta aldatzeari buruzkoak barne.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabari publiko edo pribatuko ondasun eta eskubideen arloan indarrean dagoen araudiak ematen dion beste edozein eskumen.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kontratazio-araubidea garatu eta koordinatzen duen zuzendaritza-zentroa denez, Ogasun eta Finantza Sailari egiteko horretan dagozkion eskumenak izango ditu, oro har. Horretarako, funtzionamendurako eta barne-antolaketarako arauak ezar ditzake, kontratazio-espedienteak izapidetu eta kontratuak eta kontratistak erregistratze aldera. Hauek ere badagozkio:

    1. Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumeneko kontratazio-espedienteak izapidetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio-araubidea erregulatzen duen araudiarekin bat etorriz.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaileen kontratu-jarduera dela-eta kontratazio-araubideari buruz indarrean dagoen legedian xedatzen diren txostenak egitea.

    3. Sektore publikoan integratutako entitateei bultzada, laguntza eta aholkuak ematea kontratazioaren arloan. Eskumen hori egikaritzeari dagokionez, zera dagokio:

      1. Kontratazioaren arloan beharrezkotzat jotzen diren arau-proiektuak sustatzea, kontratazio publikoan orokorrean aplika daitezen.

      2. Kontratazioaren arloan zirkularrak egiteko eta gomendioak emateko ahalmena.

      3. Kontratazio publikoaren arloan bitarteko elektronikoak eta informatikoak ezar daitezen sustatzea eta bitarteko horiek garatzea.

      4. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari jakinaraztea, titularraren bidez, botere adjudikatzaileentzako garrantzi bereziko gaiei edo interes orokorrekoak diren gaiei buruz zer iritzi duen aholku-organoak berak, hala egitea komenigarria dela irizten dionean. Horretarako, txostenak egingo ditu, edo orokorrean aplikatu beharreko gomendioak edo irizpideak emango ditu. Bereziki, nahitaez eta txertatu aurretik, aholku-organo horren iritzia jaso beharko du helburu hauek bermatzeko proposatzen diren neurriei buruz: helburu sozialak, ingurumenekoak, linguistikoak, aukera-berdintasunari dagozkionak, digitalak, berrikuntzakoak, ETEak sustatzekoak eta gizarte-erantzukizunekoak.

      5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateei laguntza eta aholkuak ematea, hargatik eragotzi gabe entitate horietako organoek arlo horretan dituzten eskumenak.

      6. Laguntza teknikoa eta administratiboa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari.

      7. Sektore publikoko kontratuen araudian aurreikusitako lankidetza publiko-pribatuko formulen bitartez proiektuak eta jarduerak gauzatzeko jarraibideak eta aholkularitza bultzatu eta ezartzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren hornidura, obra eta zerbitzuen kontratazioa kontratazio zentralizatu izendatzeko administrazio-espedientea osatu eta izapidetzea, eta halakotzat jotako prestazioak eskuratzeko hasita dauden kontratazio-espedienteak kudeatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen eta lizitatzaile eta enpresa sailkatuen erregistroak ikuskatu eta kudeatzea.

    6. Enpresen sailkapenari buruzko espedienteak izapidetzea.

    7. Kontratazio elektronikoaren definizio funtzionala ematea eta haren ezarpena garatu, hobetu eta koordinatzea.

    8. Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma kudeatu eta mantentzea.

  3. Arrisku eta aseguruen kudeaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile, ondare eta jardunean eragina duten arriskuen azterketa, balorazio, kudeaketa eta bermeari buruzko araudian ezarrita dauden eskumenak izango ditu, oro har.

  4. Ondarearen, kontratazioaren eta arrisku- eta aseguru-kudeaketaren alorrean indarrean dagoen legeriak ematen dion beste edozein eskumen.

Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak, 6. artikuluan adierazitako eskudantziez gain, honako hauek izango ditu:

  1. Ekonomia Itunaren edo finantzaketako beste tresna juridiko batzuen arabera Estatuko Administrazioarekin edo foru-aldundiekin dituen harremanetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskubideak edo betebeharrak kudeatu eta izapidetzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-enteen artean transferitzekoak diren eskumen edo zerbitzuen balorazioari buruzko txostena prestatzea, eta erkidegoaren barruan balorazioak onesteko ardura duten organoei laguntza ematea.

  3. Estatuko Administrazioarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio eta beste administrazio publiko batzuekin dituen harremanetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskubide eta betebehar ekonomiko guztiak izapidetzea, indarrean dagoen araudiaren arabera eta han agintzen dena betetzeko, alde batera utzita zerga- edo finantza-arloko eskubide eta betebeharrak.

  4. Tarteko diren instituzioekin batera, kupoaren osagaien eta metodologiaren eta urteko zenbatekoaren kalkuluari eta balorazioari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea, eta horretan arituko diren organoetan lotu beharreko arau eta akordioen metodologia eta artikulazioa zehaztea.

  5. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoari laguntza eta babes tekniko eta administratiboa ematea, esleituta dituen egitekoak bete ditzan, Zerga Administrazioko Zuzendaritzarekin koordinazioan jardunez.

  6. Ekonomia Itunaren baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen artean banatzeko sistemari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea; zehazki, aztertuko du sistemaren arauak nola egituratuko diren eta horretarako jarritako organoek arauok etengabe nola interpretatuko dituzten. Halaber, baliabideak banatzeko sistemei jarraipena egin eta txostenak prestatuko ditu, bereziki foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusira egin beharreko ekarpenei buruzkoak, hala agintzen baitute organo eskudunen akordioek eta indarrean dagoen araudiak.

  7. Laguntza eta babes tekniko eta administratiboa ematea Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, esleituta dituen egitekoak bete ditzan.

  8. Ekonomia Itunean eta bestelako finantzaketa-sistema orokorretan bildutako zerga-araudiak finantzaketa-arloan duen eraginari buruzko ikerketa eta azterlanak egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako zerga-baliabideei dagozkienak ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzaketa-sistemari jarraipena egin ahal izateko eta gainerako administrazio publikoekin alderatzeko.

  9. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erakundeetatik jasotzen dituen eskubide ekonomikoei buruzko ikerlan, azterketa eta txostenak egitea, bai eta erkidegotik kanpoko edozein iturritatik nahiz beste organo batzuek, eskumenak egikaritzean, ezartzen dituzten determinazioetatik autonomia-erkidegoak eskura dezakeen finantzaketa optimizatzeari buruzko ikerlan, azterketa eta txostenak lantzea ere.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen eskumen-mailaren kalkulua eta balorazioa egiteko beharrezkoak diren azterketa eta ikerlanak egitea, udal-finantzaketaren arloa ere barnean dela, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen barruan, finantzaketa instituzionalari eragiten dioten beste edozein egite ekonomikori buruzko azterketak eta ikerlanak egitea.

  11. Gaiaren arabera eskumena duten sailekin eta Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzarekin elkarlanean jardunez, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura daukaten finantza-fluxu europarrei aplikatu beharreko gidalerro eta irizpideak ezartzea.

    2. ATALA

    FINANTZA POLITIKA ETA AURREKONTU SAILBURUORDETZA

  1. Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzak beteko ditu, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren zuzendaritzapean, Sailari eman zaizkion eskumenak honako arlo hauetan: kredituaren antolamendua, finantza-politika eta finantza-entitateekiko harremanak; finantzaketa-tresna publikoen kudeaketa; aurrezki-kutxak, banku-fundazioak eta kreditu-kooperatibak; diru-bilketaren kudeaketa, diruzaintza, zorpetzea eta bermeak ematea; aseguru- eta berraseguru-jarduera; aseguru eta berraseguru pribatuen banaketa baimentzea eta kontrolatzea; balore-merkatua; gizarte-aurreikuspeneko entitateak; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak zuzentzea, egitea, kudeaketa orokorra, jarraipena eta kontrola; aurrekontu-programazioa; Jaurlaritzaren politika ekonomikoa koordinatzea; programa eta politika publikoak ebaluatzea eta aztertzea; Europako kohesio-funtsen politika, eta lehiaren defentsa. Sailburuordetzaren titularrari dagozkio, 5. artikuluan adierazitakoez gain, honako eginkizun hauek:

    1. Urteko aurrekontuetan errespetatu behar diren gidalerro ekonomikoak eta teknikoak lantzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren aurreproiektua eta aurrekontuak onartzeko lege-aurreproiektua egitea, gai horri buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

    2. Aurrekonturako kargaren bat dakarten lege-proiektu guztiek berekin eraman behar duten finantzaketa-eranskina prestatzea eta aurrekontu-kredituak gehitzeko edo kentzeko landu behar diren proiektuak egitea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoari eskumenak edo zerbitzuak transferitzearen ondoriozkoak edo Euskal Autonomia Erkidegoak beste administrazio publiko batzuei transferitzearen ondoriozkoak badira.

    3. Urte anitzeko aurrekontu-plangintza zuzendu, taxutu eta ezartzea, eta, horretarako, sailak eta gainerako instituzio eta ente publikoak koordinatzea.

    4. Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko araudian aurreikusitako kasuetan ekonomia- eta finantza-planak, doikuntza-planak edo berrorekatze-planak egiteko lanak koordinatzea, eta, oro har, egonkortasuneko aurrekontu-dokumentuak egin eta garatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidego guztiaren interesekoak diren gastu publikoko ekimenak ekitaldi bakoitzeko programa eta aurrekontuetan nola zehaztu behar diren koordinatzea, eta Sailak gastu publikoaren arloan egiten duen lana koordinatzea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxa, banku-fundazio eta kreditu-kooperatiben antolaketari, mendekotasun-araubideari eta araubide juridikoari lotutako berariazko baimen, onespen eta kontzesioak ematea, baldin eta indarrean dagoen legediaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egitekoak badira.

      Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Kontrol Batzordean ordezkaria izendatzea dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko ekainaren 14ko 11/2012 Legearen 66. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    7. Arauak hausteagatik aurrezki-kutxek, banku-fundazioek eta kreditu-kooperatibek eragindako zehapenak proposatzea eskumena duen organoari, indarrean dagoen legediaren arabera betiere, eta zehapen-espedienteak izapidetzea.

    8. Baimen- eta errebokatze-egintzak dakartzaten eginkizun guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari aseguru- eta berraseguru-jarduera gainbegiratzearen arloan dagozkion eskumenak egikaritzeari dagokionez, bai eta aseguru eta berraseguru pribatuak banatzeko jarduerei buruzko inskripzioak egitea dagozkien erregistroetan, eta arau-hauste oso astunengatiko zehapen-prozedurak ebaztea eta hastea ere.

    9. Zehapen-prozedurak ebaztea, higiezinen kredituko bitartekariak eta higiezinen mailegu-emaileak gainbegiratzearen arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenak baliatuz.

    10. Aurrerakinak eskatzea eta, hala badagokio, geroratzeak onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 25.2 artikuluari jarraituz.

    11. Diruzaintza-arloan eskumena daukan sailari zorrak atzeratzeko edo zatikatzeko esleitu zaizkion eskabideak izapidetu eta ebaztea, borondatezko epean zein epe exekutiboan, bermea jartzea eskatzen denean, betiere aplikatu beharreko araudiaren arabera.

    12. Euskal Autonomia Erkidegoan finantzen arloari dagokionez indarrean dagoen araudiak Sailari agindutako egitekoak betetzea, bermeak formalizatu, aldatu eta berresteari buruzkoak.

    1. Finantzen arloan Euskal Autonomia Erkidegoaren gain utzitako harremanak koordinatzea, eta gai horretan eskumena duten organoetan erkidegoaren ordezkari izatea, bereziki Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean eta edozein arlotako finantza-instituzioetan.

    2. Espainiako Bankuarekiko, Europako Inbertsio Bankuarekiko, kreditu-entitateekiko eta beste finantza-instituzio batzuekiko harremanak, bai eta kreditu-arriskuak kalifikatzeko nazioarteko agentziekiko harremanak ere.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoak euskal sektore ekonomikoak finantzatzeko eta haietan partaidetza publikoa izateko dituen tresna publikoak antolatu, koordinatu eta kudeatzea.

    2. Gobernuaren politika ekonomikoa koordinatzea.

    3. Plangintza estrategikoa hobetzeko eta politika publikoak ebaluatzeko ekimenak bultzatzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Europako kohesio-politikaren arloan egiten dituen jarduketak zuzendu eta koordinatzea.

    5. Egitura-funtsei, Kohesio Funtsari eta Europar Batasunak ezarri edo ezartzen dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen eta egiturazkoak diren beste edozein finantza-tresnari buruzko jardueren bultzada estrategikoa, nekazaritza, arrantza eta elikaduraren arloan eskumena duten sailei dagozkien programak eta ekimenak eta Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsak (SEM) izan ezik.

    6. Lehiaren defentsaren arloko arau-proposamenak egitea.

    7. Oro har, aurrekontuei, finantza-politikari eta finantza-entitateekiko harremanei, gizarte-aurreikuspeneko entitateei, diruzaintzari, zorpetzeari, bermeak emateari, politika ekonomikoari, politika publikoen ebaluazioari eta azterketari, eskualde-politikari eta Europako kohesioari eta lehiaren defentsari buruzko legeria betetzen dela zaintzea, horretarako behar diren neurriak hartuz edo, hala badagokio, proposatuz, eta indarreko araudiak esleitzen dion beste edozein eginkizun betetzea.

  2. Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritza, Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza eta Aurrekontu Zuzendaritza.

Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspen Zuzendaritzak, dekretu honen 6. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek beteko ditu:

  1. Aurrezki-kutxen, banku-fundazioen eta kreditu-kooperatiben antolaketa, mendekotasun-araubide eta araubide juridikoari dagokienez, indarrean dagoen legeriaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku dauden egitekoak, dekretu honen 14. artikuluko 1.f) atalean daudenak izan ezik. Bereziki, entitate horiek Ogasun eta Finantza Sailari bidali behar dizkioten agirien jarraipena eta gainbegiratzea.

    Nolanahi ere, zuzendaritza horri dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen eta kreditu-kooperatiben erregistroak eta entitate horien zuzendaritza-organoetako goi-kargudunen erregistroa kudeatu, zaindu eta bideratzea.

  2. Autonomia-erkidegoko araudiak finantza-politikaren eta finantza-entitateekiko harremanen arloko eskumenak dituen sailari esleitutako egitekoak, elkar bermatzeko sozietateei dagokienez, autonomia-erkidegoaz kanpoko administrazioekin erlazionatutakoak izan ezik, horiek sailburuari baitagozkio.

  3. Autonomia-erkidegoko araudiak diruzaintza-arloko eskumenak dituen sailari emandako egitekoak, ordainketa-aginduak bereziki, eta Euskal Autonomia Erkidegoko finantzen arloan indarrean dagoen araudiaren babespean burututako diruzaintzako eragiketen kudeaketa.

  4. Zergaz besteko zuzenbide publikoko sarreren bilketaren kudeaketa zuzentzea, borondatezko epean, salbu eta prezio publikoena eta zergaz besteko ondare-prestazio publikoena. Diru-bilketa kudeatzea epe exekutiboan, edozein kontzeptugatik, eta zorra erantzule subsidiarioei bideratzea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketari buruzko Erregelamenduan diruzaintza-arloko eskumena duen sailari esleitutako eskumenak dagozkio, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari esleitutakoak izan ezik.

  5. Epai judizial irmoak betearaztearen eta administrazio-errekurtsoak baiestearen ondorioz epe exekutiboan bildutako diru-sarrerak itzultzeko prozedura kudeatzea.

  6. Euskadiko Zor Publikoaren eta kreditu- edo mailegu-eragiketen kudeaketa osoa; sailburuak baimendutako zorpetze-eragiketek zein ezaugarri izango duten zehaztea; eta zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate publikoen zorpetze-eragiketak baimentzea.

  7. Emandako Bermeen Erregistroaren kudeaketa. Hala ere, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek bermeak eman ahal izateko baimena sailburuak eman behar du.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko baloreak kontratatzeko zentroen araubide juridikoa erregulatzen duen araudiaren arabera Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion egitekoak, arau-hauste oso astunengatik zehapenak ezartzeko ahalmena izan ezik, ahalmen hori sailburuarena baita.

  9. Ogasun eta Finantza Sailaren eskumeneko diren finantzen, finantza-entitateekiko harremanen eta diruzaintzaren inguruko prozedurak izapidetzea, horiek ebaztea berari ez dagokionean, eta indarrean dagoen araudiak esleitzen dizkion bestelako egitekoak betetzea.

  10. Erregistroak bideratzea, jardueraren jarraipena egitea, ikuskapen-lanak egitea, zehapen-espedienteak izapidetzea, eta aseguru eta berraseguru pribatuak banatzeko jarduerak gainbegiratzeko gainerako eskumen guztiak, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari esleitutakoak izan ezik.

  11. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateei buruzko araudia betetzen den kontrolatu, gainbegiratu eta ikuskatzea, gobernu-organoen antolaketa eta funtzionamenduari eta, batez ere, gizarte-aurreikuspeneko entitateen kaudimenari eta jarduera ekonomiko eta finantzarioari dagokienez.

  12. Gizarte-aurreikuspeneko entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari igorri behar dioten ekonomia- eta finantza-dokumentazioa arautu, garatu, horren jarraipena egin eta gainbegiratzea, baita borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateen sustapen- eta garapen-programak landu eta kudeatzea ere.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloan politika publiko orokorrak ikertu, aztertu, diseinatu eta proposatzea, baita Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Erregistroa zuzendu, antolatu eta kudeatzea ere.

  2. Erregistroak kudeatzea, jardueraren jarraipena egitea, ikuskatzea, zehapen-espedienteak izapidetzea, eta higiezinen kredituko bitartekariak eta higiezinen mailegu-emaileak gainbegiratzeko gainerako eskumen guztiak, Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari esleitutakoak izan ezik.

  1. Konkurtso-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak sinatzea; dena dela, zenbait kasutan, baliteke Ogasun eta Finantzetako sailburuak edo Gobernu Kontseiluak aurretik baimena eman behar izatea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoak euskal sektore ekonomikoak finantzatzeko eta haietan partaidetza publikoa izateko dituen tresna publikoak antolatu, koordinatu eta kudeatzeko neurriak aztertu, analizatu, diseinatu eta proposatzea.

  1. Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzak, 6. artikuluan adierazitakoez gain, honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Jaurlaritzak garatutako programa eta politika publikoak ebaluatu eta analizatzea, hargatik eragotzi gabe barne-kontrol ekonomikoaren arloan Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion eskumenak, eta Enplegu eta Inklusio Politikak Ebaluatzeko Organoari dagozkionak. Egiteko horiek betetzean, honako hauek dagozkio:

      1. Plangintza estrategikoa hobetzeko ekimenak proposatzea.

      2. Ebaluatu beharreko politika publikoak identifikatu, aztertu eta hautatzea, eta ebaluazio horien ondorioen jarraipena egitea, eragindako sail sektorialekin koordinatuta.

      3. Egiturazko azterketara eta politika publikoen inpaktuaren ex-ante simulaziora eta ex-post ebaluaziora bideratutako tresna kuantitatiboak eta ereduak garatu eta egokitzea.

      4. Politika publikoak ebaluatzeko kultura sustatzea.

      5. Ebaluazio-metodologiak formulatu eta hedatzea.

        Egiteko horiek guztiak Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailarekin koordinatuta beteko dira, politika publikoak definitu eta gauzatzean Euskal Gobernantza Publikoa aplikatzeko eredua diseinatzeari dagokionez dituen eskumenak baliatuz.

    2. Jaurlaritzaren politika ekonomikoa koordinatzeko beharrezkoak diren eskualde, nazio eta nazioarte mailako adierazle ekonomikoen datu-baseak mantendu eta ustiatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoak Batasuneko Kohesio Politika aplikatzeko izan behar duen esparru estrategikorako proposamena egitea, eta Euskal Autonomia Erkidegorako Estatu Laguntzen Maparako proposamena egitea, aplikatu behar den Batasuneko araudiarekin bat etorriz.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren esku-hartze programak eta ekimenak lantzea, horien jarraipena egitea eta kontrolatzea, Europako kohesioaren eta eskualde-politikaren arloan, alde batera utzita nekazaritza, arrantza eta elikaduraren arloetan eskumena duten sailek lantzen dituzten programak eta ekimenak.

    5. Jaurlaritzari informazioa ematea Europar Batasuneko politika ekonomikoaren eta, batez ere, eskualde-politikaren eta Batasuneko kohesioaren bilakaera eta garapenari buruz.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko barneko eskualde-politikari buruzko programak egin, proposatu eta kudeatzea.

    7. Arloko sail eskudunekin koordinatuta, Egitura Funtsek, Kohesio Funtsak eta Europar Batasunak ezarri edo ezartzen dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen egiturazkoak diren beste edozein finantza-tresnek batera finantzatutako jarduerak programatzea, jarraitzea eta ebaluatzea, nekazaritza, arrantza eta elikaduraren arloko sail eskudunei dagozkien programak eta ekimenak eta suspertze eta erresilientzia arloko Europako funtsak (SEM) izan ezik.

    8. Europako Gizarte Funtsetik eta Europar Batasunak enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotuta ezartzen duen beste edozein funts europarretatik datozen laguntzak planifikatzea, kudeatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparruan, Europako funtsen kudeaketa koordinatzea, baldin eta mailegu eta dirulaguntza gisa transferitu badira Batasuneko urte anitzeko finantza-esparruetatik eratorritako programen bitartez, bai eta organo kudeatzaileek bideratutako administrazio- eta finantza-prozeduraren jarraipena eta ikuskapena egitea ere.

    10. Sailarteko elkarrizketa-mekanismoak proposatzea, koordinatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzak egin behar dituen jarduerak egiturazko Europako funtsen kargura finantzatzen diren programak egin, gauzatu, jarraitu eta ebaluatzeko, bai eta Euskadiko beste administrazio publiko batzuekin, gizarte-solaskideekin eta maila anitzeko sektore eta kolektiboekin hitz egiteko eta proposamenak integratzeko tresnak proposatzea, ekimenek koherentzia izan dezaten, onartuak izan daitezen eta programa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan arrakastaz ezartzeko aukera eman dezaten; Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsak (SEM) izan ezik.

    11. Europako funtsen kargura finantzatutako programen gauzatzearen jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresnak proposatzea.

    12. Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura daukaten Europar Batasunarekiko finantza-fluxuak analizatzeko, jarraitzeko eta ebaluatzeko.

    1. Europako funtsak koordinatzeko organo, batzorde eta lantaldeetan ordezkaritza izatea.

    2. Jaurlaritzako sailen parte-hartzea sustatzea Europar Batasunak finantza ditzakeen proiektuetan.

  1. Aurrekontu Zuzendaritzak, 6. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek izango ditu:

    1. Aurrekontu-politikako helburuak eta irizpideak antolatzea, sektore publikoko gastu eta sarreren urte anitzeko programazioa egitea, Euskadiko Aurrekontu Orokorrak urtero egitea eta haien exekuzioaren jarraipena egitea, Jaurlaritzak ezarritako politika ekonomikoko jarraibideekin bat etorriz. Zeregin horiek betetzean, honako egiteko hauek dagozkio:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta entitateen aurrekontu-egitura prestatu eta dagokion organo eskudunari proposatzea, onets dezan.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoari aplikatu behar zaizkion aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko araudiaren printzipio gidariak antolatzea, urterik urte eta hainbat urtetarako.

      3. Sektore publiko osoaren aurrekontu-egonkortasuneko, zor publikoko eta gastu-arauko helburuak proposatzea, helburu horien betetze-mailaren jarraipena egitea eta gerta daitezkeen desbideratzeak zuzentzeko neurriak proposatzea.

      4. Urteko aurrekontu-agertokiak prestatzea, nola diru-sarrerenak hala gastuenak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako baliabideen esleipen organiko, ekonomiko eta funtzionala proposatzeko behar diren azterlan eta txostenak egitea ere.

      5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateen aurrekontu orokorren aurreproiektuak lantzeko oinarri izango diren gidalerro ekonomiko eta teknikoak prestatzea, dagokion organo eskudunak onets ditzan, bai eta horiek egiteko prozesua koordinatzea ere.

      6. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa koordinatu eta lantzea.

    2. Aurrekontuak prestatzeko teknika modernoak jartzeko beharrezkoak diren azterlanak egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren organoetan ezartzea, lortu beharreko helburuak behar bezala identifikatzeko, helburuak zenbateraino bete diren jakiteko adierazle operatiboak formulatzeko eta gastu-programen emaitzak programaz programako aurrekontuaren arabera ebaluatzeko, aukerak nahiz jarri beharreko baliabide globalak aztertuz eta zehaztuz.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotako helburuak lortze aldera ekintzen betearazpenari jarraipena egin eta bultzada ematea, aurreikusitako xedeak betetzeko bidea emango duten neurriak proposatuz, eta, hala badagokio, baliabideak berresleitzea aurrekontuetako diru-sarrerak eta gastu publikoa optimizatu ahal izateko.

    4. Eduki ekonomiko esanguratsua duten arau-proposamenei, planei, hitzarmenei eta erabakiei buruzko txostenak egitea, aurrekontu-eragina ebaluatzeko eta dagozkion doitze-neurriak proposatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginaren 27.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (testu bategin hori urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

    5. Urte anitzeko gastuen inguruan eta aurrekontuen aldaketa ororen inguruan ordenamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitzen dizkion egitekoak, Jaurlaritzari edo beste organo batzuei esleitutakoak izan ezik. Bereziki, sailek proposatutako aurrekontu-aldaketen bidezkotasuna eta egokitasuna aztertzea dagokio, haien ondorioei, finantzaketari eta izapideei dagokienez.

    6. Laguntza teknikoa ematea Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak aurrekontuen inguruan izaten duten harremanean.

    7. Aurrekontuen arloko prozedurak izapidetzea eta, hala badagokio, proposatzea, baldin eta prozedurak ebaztea ez badagokio berari baina haien gaineko eskumena Ogasun eta Finantza Sailarena bada. Nolanahi ere, eskumena izango du Administrazio Orokorraren Aurrekontuak osatzen dituzten eta sail jakinenak ez diren aurrekontu-atalen hasierako baimena eman eta kudeaketa orokorra egiteko.

    8. Funtzio publikoaren arloko araudiak Ogasun eta Finantza Sailari esleitzen dizkion eskumenak egikaritzea. Zehazki, honako hauek dagozkio:

      1. Ekonomia- eta aurrekontu-politika orokorraren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langile-gastuek bete behar dituzten jarraibideak proposatzea.

      2. Langileen arloan gastua aldaraz dezaketen neurriei buruzko nahitaezko txostena eta, hala badagokio, loteslea prestatzea.

      3. Funtzio publikoaren arloan eskumena duen sailarekin batera, aurrekontu-plantillak egitea.

      4. Aurrekontu-plantillaren jarraipena eta kontrola, barnean hartuta, hala badagokio, aurrekontu-plantilla aldatzeko espedienteen txostena, ekitaldi bakoitzeko Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legeak ezartzen duenaren esparruan.

      5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariak aztertzea eta haien gaineko balorazio ekonomikoa egitea.

        1. Genero-dimentsioa garatzea eta ezartzea Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legean, bere eskumenen esparruan, eta, zehazki, Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legearen genero-eraginari buruzko txostena egitea.

          1. Estatu-, foru- eta toki-administrazioetako aurrekontu-organoekin koordinatzea eta, hala badagokio, elkarlanean aritzea.

          2. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak prestatu, kudeatu, ebaluatu eta horien jarraipena egiteari buruzko beste edozein egiteko betetzea, baldin eta arloa erregulatzen duen araudian edo indarrean dagoen ordenamendu juridikoan jasota badaude eta beste organo bati esleitu ez bazaizkio.

            LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapenen araubidea.

            Ogasun eta Finantza Saileko organoetako titularren karguak hutsik badaude edo titularrak absente edo gaixorik badaude, honako hauek beteko dituzte haien eskumenak, baldin eta egoera hori gertatu baino lehen eskumenak eskuordetu ez baziren: hierarkian goragoko kargua duten agintariek, eta, era berean, kargu hori hutsik badago edo titular hori absente edo gaixorik badago, hurrengo nagusi hierarkikoak, eta horrela ondoz ondo, xedapen edo ebazpen espresu batek aurkakoa agindu ezean.

            BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateak.

            Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudian Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari egiten zaizkion aipamenak Ogasun eta Finantza Sailari egindakotzat joko dira, dekretu honetan eta aplikatu behar den araudian sail honi esleitutako eskumenei dagokienez.

Partez indargabetuta geratzen da otsailaren 23ko 69/2021 Dekretua, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena, bai eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere, Ogasun eta Finantza Sailaren arlo eta eginkizunei dagokien zatian, eta indarrean geratzen dira Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari dagozkion arloak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapena eta aplikazioa.

Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantzetako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko, baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 29an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL DANJOU OLAIZOLA.