Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

245/2017 DEKRETUA, azaroaren 7koa, Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5400
  • Xedapen-zk.: 245
  • Xedapen-data: 2017/11/07
  • Argitaratze-data: 2017/11/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak, beste batzuekin batera, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren barruko funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako bat dira, ekainaren 28ko 15/2012 Legean, Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoan, aitortzen den bezala.

Euskadin dauden zerbitzuen titulartasuna eta kudeaketa lurralde historikoei eta haietako hiriburuei dagokie, bakoitzari bere eremuan.

Apirilaren 27ko 1/2017 Legegintza Dekretuak, zeinak Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen baitu, ahalmen hauek esleitzen dizkie erakunde erkideei: zerbitzuetarako sarbide-erregimenaren zehaztasun komunak arautzea; langileen prestakuntzan eta hobekuntzan lagunduz parte hartzea; haien lurralde-eremutik kanpo jarduteko lankidetza eskatzea, beharrezkoa denean; ekipoen eta materialen normalizazioa eta homologazioa lortzea; eta suteen prebentzio eta itzalketarako udalaraudia sustatzea.

Lan egiteko metodoen homogeneizazioa, ekipo eta materialen normalizazioa nahiz homologazioa eta suteetan izandako esku-hartzeei buruzko eredu estatistiko komun baten homologazioa sustatzea egokia da, zerbitzu desberdinen lankidetza ziurtatzeko larrialdi-egoerak hala eskatzen duenean; izan ere, koordinazioa eta lankidetza larrialdiegoeretako jarduketen oinarrizko printzipioak dira, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzen duen ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 61. artikuluarekin eta, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 2. artikuluarekin bat etorriz.

Asmo horiek errazte aldera, eta erakunde erkideei esleitutako ahalmenak betez, egoki dirudi gaian zerikusia duten administrazioak elkartzeko organo bat sortzeak, non bilduko baitira erakunde komunak zein zerbitzuen titularrak diren gainerako maila instituzionalak. Aipatutako organoa aholkularitzakoa eta partaidetzakoa izango da, eta hark hartuko dituen erabakiak bere egingo dituzte bere partaide guzti guztiek, beren borondatez.

Azaldutako guztiarengatik, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 7an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea sortzen dugu, kide anitzeko organo gisa, gai horren gainean aholkua emateko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko.

  2. Kide anitzeko organo hori segurtasun publikoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen zaio.

  1. Hona Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordearen eginkizunak:

    1. Zerbitzuak hobetzeko proposamenak egitea, batez ere erantzuteko denboraren eta zerbitzua baldintza homogeneoetan eskaintzearen inguruan, hiriburu eta/edo lurralde historiko bakoitzaren berezitasunak eta ezaugarriak kontuan hartuz.

    2. Zerbitzuen baliabide teknikoak eta behar dituzten bestelako baliabideak homogeneizatzea proposatzea, egin beharreko lanak eraginkorragoak izan daitezen.

    3. Zerbitzuen jarduteko metodoak eta protokoloak homogeneizatzea sustatzea (gai horretan diharduten administrazio guztiek adostuak izan beharko dute).

    4. Zerbitzuei zuzentzen zaizkien ikastaroen eta gainerako prestakuntza-ekintzen programazioaren berri izatea.

    5. Zerbitzuen arteko lankidetzarako akordioak bultzatzea.

    6. Zerbitzu guztientzako estatistika-eredu komun bat ezar dadila sustatzea.

  2. Batzordearen proposamen eta irizpenak ez dira lotesleak izango.

  1. Honela osatuko da Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea:

    1. Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen saileko zuzendari bat.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen titular diren administrazioen bina ordezkari.

    3. Eusko Jaurlaritzako bi ordezkari, segurtasun publikoaren arloko eskumenak dituen saileko sailburuak aukeratuak, hain zuzen ere, Batzordeak dituen eginkizunen eremuan erantzukizunen bat dutenen artetik.

    4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ordezkari bat.

    5. Euskadiko udalen ordezkaritza zabalena duen elkarteko ordezkari bat.

    6. Euskadiko suhiltzaileen ordezkaritza zabalena duen elkarte profesionaleko ordezkari bi.

    7. Idazkaria: Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren eskumena duen saileko funtzionario bat.

  2. Segurtasun publikoaren arloan eskuduna den saileko titularrak izendatuko ditu batzordeko kideak, haien erakundeek izendatutako pertsonen artean. Kargutik kentzeko ere izendatzeko erabili den prozedura bera erabiliko da.

  3. Batzordeko kideren bat edo batzuk presente egon ezean, edo karguak betetzeke edo gaixorik egonez gero, batzordeko kide horiei dagokien organoetako, elkarteetako edo erakundeetako beste pertsona batzuek ordezkatu ahalko dituzte; idazkaritzari jakinarazi beharko zaio horren berri aldez aurretik.

  4. Landu beharreko gaiak direla-eta horrela egitea komeni denean, batzordeko kideak ez diren adituak deitu ahal izango dira bilkuretan parte hartzera; ahotsa izango dute, baina boto ematerik ez.

Hona batzordeburuaren betebeharrak:

  1. Batzordearen ordezkaria izatea.

  2. Ohiko bilkuretarako eta bilkura berezietarako deialdia eta gai-zerrendaren zehaztapena erabakitzea; horretarako, gainerako kideen eskaerak hartuko ditu kontuan, betiere behar besteko aurrerapenaz aurkeztuz gero.

  3. Bileretan buru izatea, eztabaidak bideratzea, eta eztabaida horiek etetea, hori egiteko bidezko arrazoirik egonez gero.

  4. Legeak betetzen direla ziurtatzea.

  5. Organoren erabakien aktak eta ziurtagiriak ontzat ematea.

  6. Presidentetzak berezkoak dituen gainerako eginkizunak betetzea.

Batzordeko bokaleek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Gutxienez zazpi egun lehenago jasotzea bilkuretarako deia, gai-zerrenda eta guzti. Epe berean izango dute eskuragarri aztergaiei buruzko informazioa.

  2. Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

  3. Botoa emateko eskubideaz baliatzea, beren boto partikularra ematea eta beren botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea. Administrazio publikoetako agintari edo langile diren aldetik batzordeko berezko kideak direnek ez dute bozketetan abstentzioa egiterik izango, betetzen duten kargua dela-eta.

  4. Galderak eta eskaerak egitea.

  5. Esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren argibideak eskuratzea.

  6. Batzordeko kide izateari datxekion beste edozein eginkizun.

Idazkaritzari dagokio:

  1. Bilkuretara joatea; ahotsa izango dute, baina boto ematerik ez.

  2. Batzordeburuaren aginduz organoaren bilkuretarako deia egitea, bai eta Batzordeko kideentzako zitazioak ere.

  3. Kideek egindako komunikazioak jasotzea, direla jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo ezagutu beharrekoak dituzten bestelako idazkiak ere.

  4. Gaiak bideratuak izan ahal izateko prestatzea, bilkuretako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

  5. Batzordearen jarduerak formalki zein materialki legalak direla zaintzea, eta akordioak eratzeko eta hartzeko prozedurak eta arauak betetzen direla bermatzea.

  6. Kontsulten eta onartutako irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

  7. Idazkaritzak berezko dituen beste eginkizun guztiak.

  1. Aurrez zein urrutitik eratu ahalko da Batzordea; eta aurrez zein urrutitik ere deialdiak eta bilkurak egin ahalko ditu, erabakiak hartu eta aktak bidali ere bai.

  2. Urrutitik egindako bilkuretan, batzordeko kideak toki desberdinetan egon ahal izango dira, betiere, elementu hauek guztiak bermatzen badira bide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak): kideen edo haien ordezkarien identitatea; haien adierazpenen edukia; adierazpenak egiten diren unea; bai eta kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean behar diren baliabideak izatea ere. Besteak beste, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak joko dira baliozko baliabide elektronikotzat.

  3. Batzordeak urtean behin egingo du ohiko bilkura egingo du, gutxienez.

  4. Batzordearen bilkuren deialdia batzordeburuari dagokio, bere ekimenez edo kideen heren batek eskatuta.

  5. Idazkariak eta kide anitzeko organoko kide guztiak edo horiek ordezten dituzten pertsonak bilkuran daudenean, aurrez aurre edo urrutitik, kide anitzeko organo gisa eratu ahal izango dira, baliotasunez, aldez aurretik deialdirik egin gabe, baldin eta kide guztiek hori egitea erabakitzen badute; horrela, bilerak eta deliberazioak egin ahal izango dituzte, bai eta erabakiak hartu ere.

  6. Bilkura bakoitzeko gai-zerrenda dagokion dokumentuan jasoko da, zeina kideei bidali beharko baitzaie, deialdiaren idazkiarekin batera eta, hala badagokio, aztergaien arabera egoki iritzitako dokumentazioarekin batera.

  7. Bokalek bilkura izan baino gutxienez zazpi egun lehenago jasoko dute hartarako deialdia, salbu eta presidentearen iritziz bilera urgentziaz egin behar bada. Kasu horretan, gorabehera horren berri adierazi beharko da deialdian bertan, eta lehenengo eta bigarren deialdirako eguna, ordua eta tokia zehaztu beharko dira.

  8. Bide elektronikoen bidez bidaliko zaizkie deialdiak batzordeko kideei, horrela egiterik ez dagoenean izan ezik. Hala, mezu elektronikoetan, gai-zerrendarekin batera, gogoeta egiteko behar den dokumentazioa jasoko da, eta, halaber, azalduko zaie zein baldintzatan egingo den bilkura, zer konexio-sistema erabiliko den, eta, halakorik balitz, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren bide teknikoak zein tokitan dauden ere.

  9. Batzordea eratzeko behar besteko quoruma egoteko, lehenengo deialdian, Batzordeko kideen gehiengo osoa behar da, betiere horien artean Batzordeburua eta idazkaria, edo haien ordekoak, badaude.

  10. Bigarren deialdian, berriz, Batzordeko kideen heren bat nahikoa da quoruma lortzeko, betiere horien artean Batzordeburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, badaude.

  11. Ezin izango da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendatik kanpo dagoen inolako konturik, salbu eta Batzordeko kide guztiak bertaratzen badira bilkuran eta gai bat premiazkotzat jotzen badute gehiengoaren aldeko botoz.

  12. Bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa behar du Batzordeak bere erabakiak onartzeko. Bilkura urrutitik egiten bada, erabakiok segurtasun publikoaren gainean eskumena duen sailak egoitza duen lekuan hartu direla ulertuko da.

  13. Batzordeko kideek kontrako botoa ematen dutenean edo abstenitu egiten direnean, ez dute erantzukizunik izango hartutako erabakien eraginez izan daitezkeen ondorioen gainean.

  1. Batzordeak egiten dituen bilkura guztietako akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, datu hauek guztiak jaso behar dira: bildutakoak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako argudio nagusiak eta erabakien edukiak.

  2. Kide anitzeko organoak egiten dituen bilkura guztiak grabatu ahal izango dira. Bilkura-aktarekin batera jarri ahal izango dira grabaziotik lortzen den fitxategia, idazkariak egindako ziurtagiria grabazioaren benetakotasuna eta osotasunari buruz eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak, gogoeten puntu nagusiak aktan jasotzeko beharrik izan gabe.

  3. Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan onartu ahal izango da, edo, bestela, hurrengo bilkuran. Idazkariak, Batzordeburuaren oniritziz, akta egingo du, eta kide anitzeko organoko kideei bidaliko die bide elektronikoen bidez. Kide horiek bide horiexen bidez testuarekiko adostasuna edo desadostasuna adierazi ahal izango dute, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bilkuran bertan onartutzat joko da.

  4. Egindako bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoan dauden dokumentuak erabiltzea erabakitzen bada, dagozkion fitxategi elektronikoen osotasuna eta benetakotasuna bermatzeko moduan gorde beharko dira, bai eta kide anitzeko organoko kideek fitxategiok atzitzeko moduan ere.

  5. Zuzenbidearen araberako interesen baten titulartasuna egiaztatzen dutenek idazkariarengana jo dezakete, erabakien ziurtagiria eskuratzeko. Ziurtagiria bide elektronikoen bidez igorriko da, salbu eta interesdunak kontrakoa adierazten badu eta administrazioekiko harremanak bitarteko horien bidez bideratzeko betebeharrik ez badu.

Batzordeburuak, Batzordeak adostuta, lantaldeak sor ditzake gaien arabera; egokitzat jotzen den kide-kopurua izango dute.

Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea bere barneko funtzionamenduari buruzko arautegia landu ahalko du dekretu honen barruan. Hala eta guztiz ere, dekretu honetan, eta, hala badagokio, aipaturiko erregelamenduan aurreikusita ez dagoen guztirako, administrazio-prozedurari buruzko legedi orokorrean aurreikusitakoak arautuko du Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakundeen arteko Batzordea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 7a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRAN DE HEREDIA ARRONIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.