Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

21/2022 DEKRETUA, otsailaren 8koa, 2022ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 33
  • Hurrenkera-zk.: 767
  • Xedapen-zk.: 21
  • Xedapen-data: 2022/02/08
  • Argitaratze-data: 2022/02/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ogasun; Ekonomia

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta organismo autonomoetan ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoa izango da, edo, luzapenik izanez gero, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudian aurreikusitakoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 1/2021 Legearen 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, muga honekin gehitu ahal izango da: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 1.784.314.641 eurotik gora.

Beraz, 2021. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2022ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez gero, 2.552.045.817 euro da. Edonola ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoak bermatu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko aurrekontu-egonkortasuneko helburua betetzen dela zor publikoari dagokionez, Ekonomia Itunaren 62.b artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.

Horri dagokionez, lege horren 30. artikuluak xedatzen du ezen zor publikoa jaulkitzea Gobernu Kontseiluak erabakiko duela, dekretu baten bidez, zorpetze-arloan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehieneko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenetan aipatzen ez dituen jaulkipen-ezaugarriak, aldiz, zorpetze-arloan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaerak eragindakoa denez, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-arloan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko baliabide eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.

Horregatik, eta dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartze aldera, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztuko da zer baliabide eta modalitate zehatz erabiliko diren zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko eta zer finantza-baldintza ezarriko diren.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 8an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 1/2021 Legearen 10.1 artikuluaren arabera, erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea, eta baimena ematea mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, bi mila bostehun eta berrogeita hamabi milioi berrogeita bost mila zortziehun eta hamazazpi (2.552.045.817) euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Dekretu honen babesean onartu eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:

  1. Gehieneko zenbatekoa, guztira: 2.552.045.817 euro.

  2. Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

  3. Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

  4. Epea: 50 urte, gehienez.

  5. Jaulkipen-modalitateak. Eragiketak honela egin ahal izango dira:

    1. Zor publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen baloreak zirkulazioan jarrita, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.

    2. Beste edozein motatako mailegu- edo kreditu-eragiketen bidez.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.

Indarrean dagoen araudiarekin bat, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

Dekretu honen arabera jaulkitako baloreak gaitzat joko dira, erakunde hauen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako: elkar bermatzeko sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki eta baimendu diren zorpetze-eragiketak egiteko baliabideak eta modalitateak zehaztea, bai eta finantza-baldintzak eta dekretu honetan aipatu ez diren eragiketen gainerako ezaugarriak zehaztea ere, betiere dekretuaren aurreikuspenen barruan. Zor publikoaren jaulkipena baloreen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

  2. Baimena ematen zaie Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuko sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko otsailaren 8an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.