Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

20/2023 DEKRETUA, otsailaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko Dekretua aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 39
  • Hurrenkera-zk.: 1025
  • Xedapen-zk.: 20
  • Xedapen-data: 2023/02/14
  • Argitaratze-data: 2023/02/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoak, aldatu egin zuen Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 46. artikulua, eta 4. apartatu berria gehitu zuen, non ezartzen baitzen enpresen berdintasun-planen erregistro bat sortzea, Ministerioaren Laneko Zuzendaritza Nagusiaren eta autonomia-erkidegoetako lan-agintaritzen mendeko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroetako parte gisa. Era berean, berdintasun-planen diagnostikoa, edukiak, gaiak, soldata-auditoretzak eta jarraipen- eta ebaluazio-sistemak erregelamendu bidez garatu ziren, eta gauza bera egin zen Berdintasun Planen Erregistroarekin ere, horren eraketari, ezaugarriei eta inskribatzeko eta sartzeko baldintzei dagokienez.

Agindu hori betez, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua eman da, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena. Hain zuzen ere, errege-dekretu horren helburua da berdintasun-planak erregelamendu bidez garatzea, bai eta haien diagnostikoa egitea ere, erregistroari, gordailuari eta sarbideari buruzko betebeharrak barne hartuta, betiere kontuan hartuta emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 17.5 eta 85.2 artikuluetan jasotako aurreikuspenak.

Ondorioz, lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuak, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak aldatuak, berdintasun-planen erregistroa eta gordailua ere arautuko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 12.2 artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena duela lan-harremanei buruzko lan-legeria betearazteko. Era berean, arau horren 20.4 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio bere eskumenak betetzeko behar dituen zerbitzuak antolatzeko eta arautzeko autoantolaketa-ahalmena.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak, esparru horretan, arautu egiten ditu lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistrorako eta gordailurako lege-betekizunak tramitatzeko eta betetzeko faseak.

Bestalde, kontuan hartuta aldatu beharreko araua 2011ko urtarrilekoa dela, eta erreferentzia ugari dituela dagoeneko aplikatu behar ez den araudiari buruz, osorik eguneratu eta egokitu behar da. Zehazki, honako hauek hartu behar dira zuzeneko aplikazioko arautzat: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, bereziki prozeduren izapidetze elektronikoari dagokionez; 6/2020 Legea, azaroaren 11koa, konfiantzazko zerbitzu elektronikoen zenbait alderdi arautzen dituena; eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

Ondorioz, Enpresen Berdintasun Planen Erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko lan-agintaritzaren mendeko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroan sartzeko, eta zaharkituta geratu diren arau-erreferentziak eguneratzeko, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua aldatzea dekretu honen bidez.

Horrenbestez, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta 2023ko otsailaren 14an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Bat. Hau izango da 9/2011 Dekretuaren izenburua:

9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroari eta gordailuari buruzkoa.

Bi. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 1. artikulua:

  1. Dekretu honen xedea da lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroa eta gordailua sortzea eta arautzea Euskal Autonomia Erkidegoan, bitarteko elektronikoen bidez.

  2. Erregistroaren izena hauxe da: "Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa / Registro de Convenios y Acuerdos Colectivos de Trabajo y de Planes de Igualdad del País Vasco".

  3. Erregistroaren helburua da Langileen Estatutuaren III. tituluaren eta 901/2020 EDaren arabera sinatu diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremukoak diren lan-hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak inskribatu, erregistratu eta gordailutzea, bai eta dagokien lurralde-eremuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea ere.

Hiru. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 2. artikuluko 1. apartatua:

  1. Erregistroak administrazio-izaera du, zerbitzu publiko gisa eratzen da, eta baliabide elektronikoen bidez funtzionatzen du.

Lau. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 3. artikuluko 2. apartatua:

  1. Erregistroaren Organo Zentralean inskribatuko dira lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten lan-hitzarmen edo akordio kolektiboak edo berdintasun-planak. Lurralde historiko batera mugatutako lurralde-eremua dutenak, berriz, dagokien lurralde-bulegoan inskribatuko dira.

Bost. Hau izango da 9/2011 Dekretuaren II. kapituluaren izenburua:

Sei. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 5. artikulua:

Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroan inskribatuko dira lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluan jasotako egintzak.

Zazpi. Honela idatzita geratuko dira 9/2011 Dekretuaren 6. artikuluko 1., 2. eta 4. apartatuak:

  1. Inskripzio-eskabidea bide telematikoz bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistrora, REGCON aplikazio informatikoaren edo haren ordezkoaren bidez.

  2. Eskabidea hamabost eguneko epean egingo da, hitzarmen edo akordio kolektiboa edo berdintasun-plana sinatzen denetik aurrera, edo negoziazio-ekimena jakinarazten denetik aurrera, edo negoziazio-batzordeak edo behar bezala egiaztatutako pertsonak salatzen duenetik aurrera, betiere lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera. Ondorio horietarako, negoziazio-batzordeak edo batzorde paritarioak sinatutako agiria aurkeztu beharko da, non egiaztatuko baita eskabidea telematikoki aurkezteko eta administrazio-jakinarazpenak baliozko eran jasotzeko legitimazioa duen pertsonaren izendapena.

  1. Izena emateko eskabidearekin batera, maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan zerrendatutako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, bitarteko elektronikoen bidez, bai eta inskribatu beharreko hitzarmen, akordio, berdintasun-plan edo komunikazioaren testua ere, formatu editagarrian. Testu horrek guztiz bat etorri beharko du negoziazio-batzordeko kideek edo eskabidea egiten duen alderdiak sinatutako testuarekin.

Zortzi. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 7. artikuluko 2. apartatua:

  1. Eskabidea aurkeztuta, egiaztatuko balitz ez dituela baldintza horiek betetzen, bitarteko elektroniko bidez eskatuko zaio eskatzaileari hamar egun balioduneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola. Horretarako, aldez aurretik, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bederatzi. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 8. artikuluko 1. apartatua:

  1. Erregistroaren ardura duen organoak ikusten badu aurkeztutako lan-hitzarmen edo akordio kolektiboan edo berdintasun-planean indarreko legeria urratzen dela edo hirugarrenen interesei kalte larria eragiten zaiela, hala ohartaraziko dio negoziazio-batzordeari, eta hamabost egun balioduneko epea emango dio akatsa zuzentzeko. Epe horretan, urratutzat jotzen diren arauak edo ustez urratutako hirugarrenen interesak jasoko ditu.

Hamar. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 9. artikulua:

Egiaztatu ondoren eskabideek eta erantsitako dokumentazioek behar bezala jasotzen dituztela eskatutako datu, dokumentu eta gainerako legezko betekizunak, eta egiaztatu ondoren lan-hitzarmen edo akordio kolektiboak edo berdintasun-planak ez duela urratzen indarrean dagoen legeria eta ez diela kalte larririk eragiten hirugarrenen interesei, lan-agintaritza eskudunak ebazpena emango du, eta modu horretan emango da erregistratzeko, gordailatzeko eta dagokion Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua.

Hamaika. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 10. artikulua:

Lan-agintaritza eskudunak hitzarmen edo akordio kolektiboa edo berdintasun-plana inskribatzeko eta argitaratzeko agindua eman ondoren, kode bat esleituko dio, lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 3. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Kode hori lan-hitzarmen edo akordio kolektiboaren identifikagarri gisa agertuko da, lan-hitzarmen edo akordio kolektiboa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion Lurralde Historikoko aldizkarian argitaratzen denean.

Hamabi. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 11. artikulua:

  1. Behin eskabidea aurkeztuta, interesdunak espedientea kontsultatu eta haren jarraipena egin dezake, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.a) artikuluan ezartzen denari jarraituz. Nolanahi ere, honako hauei buruzko informazioa emango da:

    1. Eskabidearen data.

    2. Eskabideari lotutako administrazio-espedientearen egoera.

    3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.4 artikuluak ezarritakoa.

  2. Interesduntzat hartuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak.

Hamahiru. 9/2011 Dekretuaren 12. artikuluak izenburu hau izango du aurrerantzean:

Hamalau. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 12. artikulua:

  1. Negoziazio-batzordeak edo batzorde paritarioak izendatutako pertsonak edo, hala badagokio, idazkia behar bezala egiaztatuta aurkezten duenak, dekretu honen 6. artikuluan aipatutako dokumentazioa bidaliko du, sinadura elektronikoarekin batera, Konfiantzazko zerbitzu elektronikoen zenbait alderdi arautzen dituen azaroaren 11ko 6/2020 Legean eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  2. Aipatutako sinadura elektronikoa kautotzen duten ziurtagiriek UIT X. 509 3 bertsioaren edo beste bertsio aurreratuagoren baten gomendioarekin bat etorri beharko dute, bai eta azaroaren 11ko 6/2020 Legean aipatzen diren arau gehigarriekin ere.

Hamabost. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren 14. artikulua:

Bermatu egingo da pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania ahoz zein idatziz erabiltzeko duten eskubidea, bai eta Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa /Registro de Convenios y Acuerdos Colectivos de Trabajo y de Planes de Igualdad del País Vasco delakoarekin dituzten harremanetan hizkuntza berean artatuak izateko duten eskubidea ere. Halaber, erregistroaren funtzionamenduari dagokionez, estatistika-orrien ereduak barne, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 7. artikuluan xedatutakoa beteko da.

Hamasei. Honela idatzita geratuko da 9/2011 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoa:

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ordezko zuzenbidea.

Modu osagarrian aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta berau garatzen duen araudia.

Era berean, dekretu honetan berariaz aurreikusi ez den guztian, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, administrazio-prozeduretako administrazio elektroniko, informatiko eta telematikoari buruzkoa; 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, lan-hitzarmen eta akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroari eta gordailuari buruzkoa; eta 203/2021 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bitartez onartu egiten baita sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko otsailaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.