Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

168/2023 DEKRETUA, azaroaren 7koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman itun sozialaren araubidea eta hitzarmenak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 5218
  • Xedapen-zk.: 168
  • Xedapen-data: 2023/11/07
  • Argitaratze-data: 2023/11/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Dekretu honen xedea da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuak ituntzeko araubide orokor eta komun bat arautzea. Katalogo hori Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluan ezartzen da. Bereziki, ekimen pribatuko erakundeekin plazak ituntzeko, beste zerbitzu batzuez gain prestazio teknikoak ematen dituzten zentroetan. Eta, horiez gainera, kudeaketa integralaren esparruan, katalogo horretako beste zerbitzu batzuk, zentroaren edo zentro itunduen erabiltzaile guztiei edo batzuei zuzenduta.

Dekretuak, araubide hori erregulatzean, oinarrizkotzat jotako alderdiak baino ez ditu jasotzen, aipatutako 12/2008 Legearen 61.2 artikuluarekin bat etorriz, eta aintzat hartuz administrazio bakoitzak, esparru orokor hori errespetatuz, bere ekintza itundua arautzeko dituen ahalmenak, hala aurreikusita baitago lege horren zortzigarren xedapen gehigarrian.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 60.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, itun-araubidea da administrazio publikoek duten formuletako bat, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuen prestazioa antolatzeko, beste formula hauekin batera: zuzeneko kudeaketa, zeharkako kudeaketa administrazio publikoen kontratazio-araubidearen arabera eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekiko hitzarmenak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluak ezartzen duen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak dira, honela definituta: «bizitzaren arrisku nagusiak estaltzen dituzten gizarte-segurantzako araubideak eta pertsonari zuzenean hornitutako funtsezko beste zerbitzu batzuk, zeinak prebentzioko eta gizarte-kohesio/-inklusioko rola betetzen baitute» (Europan Interes Orokorreko Zerbitzuetarako kalitate-esparrua, COM (2011) 900 azkena).

Zerbitzu pertsonalak dira, pertsonek pertsonei emandakoak, hala nola hezkuntza- edo osasun-zerbitzuak. Zerbitzu horiek, erantzukizun publikokoak badira, Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzuak dira, eta gizarte-babeseko euskal sistemaren parte dira, hezkuntza-sistemarekin, osasun-sistemarekin, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemarekin eta enpleguko eta etxebizitzaren babes sozialeko politika aktiboekin batera. Gizarte-zerbitzuak eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 4. artikuluan definitzen den esku-hartze sozialaren gainerako eremua, erantzukizun publikokoak badira, Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzuak dira, normalean izaera ekonomikokoak, artikulu horretan ezartzen den bezala.

Prestazio eta zerbitzu jakin batzuk Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzuak izateak eta haien hornidura oinarritu behar duten unibertsaltasunaren, elkartasunaren, egokitasunaren eta efizientzia ekonomikoaren printzipioek justifikatzen dute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EB Zuzentarauak, kontratazio publikoari buruzkoak, eta haren transposizioa egiten duen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoak, askatasuna ematea estatu kide bakoitzari prestazio hori kontratu publikoak egin gabe antolatzeko, baldintza jakin batzuetan.

Hala, pertsonentzako zerbitzu jakin batzuei, hala nola zenbait gizarte-, osasun- eta hezkuntza-zerbitzuri, dagokienez, 2014/24/EB Zuzentarauaren 114. kontuan hartuzkoak honako hau ezartzen du: «Estatu kideek eta botere publikoek orain ere askatasuna izango dute beren kabuz zerbitzu horiek emateko edo gizarte-zerbitzuak antolatzeko, kontratu publikoak egin beharrik gabe; esate baterako, zerbitzu horien finantzatze soilaz edo botere adjudikatzaileak aurrez finkatutako baldintzak betetzen dituzten operadore ekonomiko guztiei lizentziak edo baimenak emanez, mugarik edo kuotarik gabe, baldin eta sistema horrek behar adinako publikotasuna bermatzen badu eta gardentasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betetzen baditu». Aurreikuspen hori jasotzen du Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak, atariko IV. apartatuan, eta 11.6 artikuluan.

Gizarte-zerbitzuen ezaugarriek, batez ere autonomiaz gizarteratzeko harreman-laguntza diren aldetik; zerbitzu horiek, interes orokorreko gainerako gizarte-zerbitzuek bezala, modu unibertsal eta solidarioan, behar den kalitatearekin eta kostu egokiarekin emateko betebeharrak; eta ekimen pribatuko sare bat izateak, bereziki soziala, bitarteko propioak dituena eta eredu komunitarioarekin bat etorriz lortu nahi diren kalitate-estandarrekiko arreta koherente bat ematen duena; horrek guztiak justifikatzen du, neurri handi batean, gizarte-itunaren araubidea. Eta alderdi horiek berak eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde batzuen jardueraren berezitasunak, besteak beste, justifikatzen dituzte hitzarmenak.

Hala, 2008an, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eratzean, ezarritako zerbitzuen katalogoa eskuratzea eskubide subjektibotzat hartzen da. Hori dela eta, ekimen pribatuaren eta, bereziki, ekimen sozialaren ekarpena aitortzeko eta sustatzeko beharra ikusi zen, sistema 12/2008 Legeak 7. eta 8. artikuluetan, hurrenez hurren, definitzen dituen printzipioen eta arreta-ikuspegi edo -ereduaren arabera hedatu eta gauzatzeko. Hori hirugarren sektore sozialaren funtsezko zeregina da, Europar Batasuneko Gizarte Babeserako Batzordearen gizarte-zerbitzuetarako kalitatearen Europako borondatezko esparrua ere aitortzen duena Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzu guztientzat.

Horren ondorioz, 12/2008 Legearen 5. artikuluak honela definitzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema: arreta-sare artikulatua edo sistema, erantzukizun publikokoa, titulartasun publikoko eta pribatu itunduko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduez osatua. Eta, hori horrela izanik, 35.3 artikuluak EAEko gizarte-zerbitzuen plan estrategikoak behartzen ditu zerbitzuen horniduran sektore publikoak eta pribatu itunduak parte hartzeari buruzko helburu bat definitzera, «5. artikuluan aipatutako gizarte-zerbitzuen sare publikoa taxutze aldera, 7.a) artikuluan ezarritako moduan».

  1. artikuluko a letrak, erantzukizun-printzipioari dagokionez, lehenbizi, zehazten du zer prestazio izan behar diren zuzeneko kudeaketa publikokoak, eta, ondoren, osagarri modura, honako hau ezartzen du zerbitzuen eta erabiltzaile eta profesionalen beharrizanen eta kudeaketaren eta arretaren kalitatea bermatzeko zailtasunen errealitatea berariaz ezagutzen jarraitzeko: «esparru honetan eta modu orokorrean aurreikusiko dira kudeaketa publikoaren eta gizarte-ekimenaren bidezko kudeaketaren nagusitasuna, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen katalogoko zerbitzu eta prestazioak ematerakoan».

    Era berean, h letrak honako hau dio: «Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak koordinazio- eta lankidetza-betebeharraren arabera jardungo dira elkarren artean, bai eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimen pribatuarekin ere. Elkarlanean arituko dira, orobat, gainerako ekimen pribatuarekin, lege honetako V. tituluan ezarritako eran». Eta 60.3 artikuluak honela dio: «Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak, koordinazioko eta lankidetzako, gizarte-ekimenaren sustapeneko eta baliabideen aprobetxamendu osoko, arrazional eta eraginkorreko printzipioak aplikatuz, egoki gertatzen denetan, gizarte-ekimen pribatuak garatzen dituen gaitasunak eta baliabideak aprobetxatzen ahaleginduko dira, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen katalogoko prestazio eta zerbitzuen hornikuntza ziurtatzeko asmoz».

    Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean bildutako aurreikuspen horiek eta beste zenbait koherenteak dira unibertsaltasunaren, elkartasunaren, egokitasunaren eta efizientzia ekonomikoaren printzipioek interes orokorreko zerbitzuen eremuan duten garrantziarekin. Gainera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen hedapena, jasangarritasuna eta kalitatea bermatzeko helburuari erantzuten diote, eta bat datoz ikuspegi komunitarioarekin. Asmo horri erantzuten dio, halaber, legeak itun-araubidea ezartzeak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoko zerbitzuak hornitzeko bide arrunt gisa, bai eta hitzarmenak ere, berezitasun-, urgentzia- edo berrikuntza-kasuetan, kontratazioan klausula sozialak sartzeaz gainera, 72. artikuluan aurreikusten den bezala.

    Hala, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeekiko lankidetza-hitzarmenak urgentzia- edo berrikuntza-kasuetan formalizatuko dira, edo Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 12.3 artikuluan definitutako jarduera berezi bat duten erakundeekiko lankidetzak aukera ematen duenean aurrera egiteko arreten koherentzian, komunitate-ereduarekin eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak ezartzen dituen printzipioekin. Horrela, kasu horietan itun-araubidea ez aplikatzea komeni ez denean, eta hala arrazoitzen bada, hitzarmenak formalizatu ahal izango dira, betiere itunekin parekatuta, hitzarmen baten izaerarekin bateraezinak diren alderdietan izan ezik, eta programa-kontratuen bidez formalizatuta. Horri dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. kapituluak lehen aldiz sistematizatzen du hitzarmenetarako oinarrizko araubide oso bat, hitzarmen horien gutxieneko edukia, motak, iraupena, azkentzea eta dagokion kontuen auzitegiaren kontrola ezartzen dituena.

    Bestalde, kontratuek eta emakidek, oro har, erantzuna ematen dute zerbitzua emateko ardura duen administrazioak zerbitzuen zuzeneko kudeaketa ematea aukeratzen ez duen kasuetan, edo haien ezaugarriengatik edo izaera berritzaileagatik justifikatzen denean; adibidez, zentroen kudeaketak, hala nola adinekoentzako egoitza-zentroenak, inbertsio handia eskatzen duenean edo zentro baten edo zentro-modalitate baten kudeaketan edo zentro eta zerbitzuen kudeaketa integralean aldez aurreko esperientziarik ez dagoenean, prestazio-eremuan. Kasu horien irismena, logikoa denez, haien beharrak zehaztuko du; beraz, itun-araubidea arruntzat hartzeak ez du esan nahi kontratazio publikoaren bideari muga kuantitatiboak ezartzen zaizkionik.

    Era berean, baliabideen aprobetxamenduaren printzipioak irismen orokorra du, eta itun-araubideari lotutako kalitate-ezaugarriak figura juridikotik independenteak dira, eta desberdinak gizarte-ekimeneko erakundeen artean. Hori bateragarria da zerbitzu horiek hartzaileei zerbitzu bakar batean zentratuta ez dagoen arreta ematea ohikoagoa izatearekin, eta, beraz, arreta hori integralagoa, pertsonalizatuagoa eta jarraituagoa baita bizitza osokoa ere izatearekin, hurbila eta prebentiboa izateaz gainera, betiere haien parte-hartzea aintzat hartuta. Horiek guztiak eredu komunitarioaren ezaugarriak dira, eta are intentsitate handiagoarekin ageri dira Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 12.3 artikuluko jarduera berezia duten erakundeetan.

    Badirudi gizarte-ekimena, gizarte-ekimen pribatua edo irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena terminoak berdin erabiltzen direla, baina ez dira 12/2008 Legean definitzen. Hori konpondu egiten du Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko 6/2016 Legeak, 3. eta 4. artikuluetan hirugarren sektore sozialeko erakundeak gizarte-ekimeneko erakunde gisa definitzen baititu, haien irabazi-asmorik gabeko izaera eta esku-hartze soziala barne. 12/2008 Legean aurreikusitako itun-araubidea ere esku-hartze eremu horretara hedatzen du aipatutako legeak, eta bertan sartzen ditu, halaber, gizarte-zerbitzuak, enplegurako prestakuntza-zerbitzuak eta eremu edo sistemen arteko interakzio-gune guztiak, hala nola gizarte- eta osasun-arloa, gizarte- eta hezkuntza-arloa edota gizarte- eta lan-arloa.

    Lege horrek, elkarrizketa zibilaren printzipioari buruzko 7. artikuluan, honela definitzen du: erakunde horiek eta beren bitartez esku-hartze sozialaren hartzaile eta protagonista diren pertsona, familia, kolektibo eta komunitateek politika publikoetan fase guztietan parte hartzeko duten eskubidea, egikaritze-fasea barne. Eta, beraz, erantzukizun publikoko zerbitzuen horniduran «betiere lege honetan eta sistema bakoitza erregulatzen duen araudian jasotako baldintzei jarraikiz, kaltetu gabe hala ere erakunde bakoitzaren gobernu-organoei dagozkien erabaki-gaitasunak».

    Hala, elkarrizketa zibilaren printzipioak oinarritzen du hirugarren sektore sozialeko erakundeek esku-hartze sozialaren eremuan erantzukizun publikoko zerbitzuen horniduran lankidetzan aritzeko duten prerrogatiba, eta jarduera berezia duten erakundeek hitzartuak izateko duten bermea, baita hirugarren sektore sozialeko erakundeek itunduak izateko duten prerrogatiba ere, kasuan kasuko zerbitzuaren edo zerbitzuen ardura duen administrazio publikoaren erabakia, plangintza eta aurrekontu-aurreikuspenak kontuan hartuta eta araudi orokorrean eta espezifikoan bereziki Euskadiko gizarte-zerbitzuen eta hirugarren sektore sozialaren legeetan eta dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera.

    Testuinguru horretan, 6/2016 Legearen III. kapituluan jorratzen da nolako lankidetza eta elkarlana izan behar duten EAEko administrazio publikoek eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek esku-hartze sozialaren esparruko politikak egikaritzeko garaian. Ildo horretatik, sektore publikoarekiko lankidetzaren bitartez hezurmamituko da erakunde horiek izan beharreko parte-hartzea, eta elkarlana gauzatzen den arreta-arloaren edo -mailaren ardura duen administrazio publikoak zehaztuko du elkarlan horren irismena.

    Era berean, 12. artikuluak erantzukizun publikoko zerbitzuak hornitzeko, diseinatzeko, emateko, ebaluatzeko eta hobetzeko lankidetza du ardatz, eta honako hau ezartzen du: a) Esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizuna duten euskal administrazio publikoek antolatuko dute Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzan izan beharreko partaidetza, «bereziki adierazitako erakundeek zerbitzu horiek jada ematen ari direnean, are erantzukizun publikoko zerbitzu gisa finkatu baino lehenagotik ere, errekonozitze aldera erakundeon esperientzia eta erakundeok bai pertsona hartzaileentzat eta erantzukizun publikoko sistementzat, bai eta beraien antolaketa eta finkapenerako, orain arte egin duten eta orain egiten ari diren ekarpenaren balioa»; b) partizipazio hori bermatu egingo da hirugarren apartatuan definitutako izaera bereziko jarduera gauzatzen dutenean.

    Hori guztia ez da joango erakunde bakoitzaren gobernu-organoek dituzten erabakitze-ahalmenen kaltetan. Beraz, organo horiek askatasuna izango dute erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntza nahi duten moduan antolatzeko, araudi espezifikoaren aurreikuspenekin bat etorriz, eta, hortaz, kudeaketa zuzena eta kontratazio publikoa egin ahal izango dituzte, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 71.1 artikuluan eta dekretu honen 2.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

    Arau-testuinguru horretan, gizarte-arloko esku-hartzearen eremuari buruzkoa delako eta hezkuntza-itunetik bereizteko «soziala» deituriko itun-araubideak Interes Orokorreko Gizarte Zerbitzu orok bezala erantzun behar die bere buruari ezarri dizkion egokitasun edo kalitate, unibertsaltasun, elkartasun eta ekonomia-efizientziako parametroei, bai eta tratu-berdintasuneko printzipioari ere; horretarako, hautaketarik gabeko prozedura bat gaitu behar du, plazak, eta, hala badagokio, zerbitzuak, ituntzea dakarrena sarbide-betekizunak betetzen dituzten erakunde guztiekin. Hasteko, jadanik beteta edo baloratutako pertsonei esleituta dauden plazak hitzartuko dituzte, bazterketaren eremuan ezarritako salbuespenekin, eta diskriminazio positiboko irizpideak gainerako plazak esleitzeko soilik erabiliz, halakorik bada.

    Hautaketa ezaren printzipioa bat dator, era berean, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 7., 8. eta 9. artikuluetan, hurrenez hurren, ezartzen dituen printzipioekin, arreta-ereduarekin eta erabiltzaileen eskubideekin. Zehazkiago, eragiten dieten erabakietan parte hartzeko eta beren kasuari egokien doakion zerbitzu-mota eta -modalitatea libreki aukeratzeko erabiltzaileek duten eskubidearekin, beren aukeren arabera, eta izendatutako erreferentziako profesionalaren jarraibideei eta preskripzio teknikoei jarraikiz. Horrela, bada, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren erabiltzaileen eskubideen, arreta-ereduaren eta printzipioen arabera, arrazoizkoa da pertsonek erabiltzaile diren zentroan jarraitu ahal izatea, betiere administrazioak eskubidea aitortu eta plaza esleitu badie eta zentro zehatzaren esleipena aldatzen ez den bitartean edo, hala badagokio, administrazioaren eta erakundearen arteko lankidetza azkentzen ez den bitartean.

    Egokitasun-printzipioari dagokionez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako arretaren kalitateparametroak gizarte-zerbitzuetarako kalitatearen Europako borondatezko esparrua egokitu behar dira pixkanaka, eta, nolanahi ere, arretaren printzipio eta ikuspegi komunitariora, arreta integrala, jarraitua, pertsonalizatua, hurbilekoa, parte-hartzailea eta prebentiboa sustatuz. Itunek eta hitzarmenek bereziki lagundu behar dute sustapen horretan.

    Gai horri dagokionez, 2014/24/EB Zuzentarauak, gizarte-zerbitzuetarako eta beste zenbait zerbitzu espezifikotarako kontratazio-araubide sinplifikatu bat ezartzeaz gainera, hau adierazten du: «Kontuan hartuta nolako garrantzia duen testuinguru kulturalak eta zer delikatuak diren zerbitzu hauek, estatu kideei jarduteko tarte zabala eskaini behar zaie, zerbitzu-hornitzaileen hautaketa erarik egokienean antola dezaten. Zuzentarau honen arauek aintzat hartzen dute inperatibo hori, soilik ezartzen baitute gardentasunaren eta tratu-berdintasunaren printzipio nagusiak bete daitezela, eta bermatzen baitute botere esleitzaileek, zerbitzu-hornitzaileak hautatzean, kalitate-irizpide espezifikoak aplikatu ahal izango dituztela, hala nola: Gizarte Babeseko Batzordeak argitaratutako gizarte-zerbitzuetarako kalitatearen Europako borondatezko Esparruan ezarritako irizpideak».

    Esparru horrek nabarmentzen duenez, gizarte-zerbitzuak, pertsonari zuzendutako zerbitzuak diren aldetik, eta gizakien bizi-premiei eta, batik bat, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen premiei erantzuteko diseinatutako zerbitzuak diren aldetik, haien helburu eta ezaugarriak aintzat hartuko dituen antolamendu-, hornikuntza- eta finantzaketa-era jakin bat behar da, honako ezaugarri hauek dituena: a) arretaren integritatea; b) erabiltzaileentzako arreta pertsonalizatua eta dibertsitatera egokitua; c) harreman pertsonala zerbitzuaren hartzailearen eta hura ematen duenaren artean; d) kontuan hartzea harreman asimetrikoa dagoela hornitzaile eta onuradunaren artean, hornitzaile/kontsumitzaile merkataritza-harremanaz bestelakoa; e) hornitzailearen eta erabiltzailearen arteko hurbiltasuna eta, aldi berean, lurralde guztietan ziurtatzea zerbitzuak eskuratzeko berdintasuna; f) zerbitzuen hornitzaileak autonomia izatea gizarte-premien izaera askotarikoa eta ebolutiboa asetzeko; g) elkartasunaren eta finantzaketa publikoaren printzipioak aplikatzea, zerbitzuak eskuratzeko ekitatea ziurtatzeko, alde batera utzita osasun-egoera eta diru-sarrerak; h) irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta boluntarioek gizarte-zerbitzuak emateko garaian betetzen duten eginkizunaren garrantzia, zeinak erakusten baitu herritarrek nolako gaitasuna duten eta zer ekarpen egiten dioten gizarte-inklusioari, tokiko komunitateen gizarte-kohesioari eta belaunaldi arteko elkartasunari.

    Antolatzeko, hornitzeko eta finantzatzeko modu horiek bat datoz, neurri handi batean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arautu behar duten arreta-eredu komunitarioarekin eta printzipioekin, zeinetara egokitu behar baitira itun-araubideari lotutako sarbide-betekizunak eta exekuzio-baldintzak, eta, are gehiago, jarduera berezia duten erakundeen ezaugarriak.

    Hori horrela izanik, zonaren, zentro motaren edo kontingentziaren (desgaitasuna, mendetasuna, bazterkeria, babesgabetasuna) edo eremuaren (haurrak, emakumeak, adinekoak...) arabera dauden aldeak kontuan hartuta, administrazioek sustatuko dute ahalik eta koherentzia handiena izatea hitzartutako erakunde bakoitzaren kudeaketan eta esku-hartzean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ezaugarri izan behar duten arreta-arloko printzipioekin eta ikuspegi komunitarioarekin, baita itundutako zentro guztiak ikuspegi horrekin pixkanaka lerrokatzea ere. Horretarako, sarbide-baldintzak, diskriminazio positiboko neurriak eta gauzatze-baldintzak erabiliko dira. Are gehiago, hitzartutakoen kasuan. Eta, beharrezkoak diren ñabardurekin, hori bera sustatuko da klausula sozialak txertatuz egiten den kontratazioaren esparruan, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 72. artikuluak aurreikusten duen bezala, zenbait klausula sozial kontratazio publikoan sartzeko apirilaren 7ko 3/2016 Legea kontuan hartuta.

    Arreta-printzipio eta -ikuspegi horiez gain, eta eredu horretan sakontzeko, gizarte zerbitzuetarako kalitatearen Europako borondatezko esparruaren ezaugarriak kontuan hartu eta pixkanaka bereganatuko dituzte, bereziki hitzarmen eta itunetan.

    Azken batean, Dekretu honek Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen aginduari erantzuten dio, bai eta adierazitako arau-erreferentzia eta printzipio guztiei ere. Hala, itun sozialeko araubide bat arautzen du, gardentasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera, eta, beraz, hautaketarik egin gabe; horrez gain, kalitate-parametroak ezartzen ditu. Kalitate-parametro horiek sarrerako betekizunak eta egikaritzeko baldintzak edo diskriminazio positiboko irizpideak dira, eta komunak dira kontratazioan, itunetan eta hitzarmenetan, tresna, kontingentzia edo prestazio-eremu bakoitzera egokituta ere. Hori guztia, gizarte-zerbitzuak erantzun unibertsala, solidarioa, eraginkorra, efizientea, arina, hurbila, parte-hartzailea, prebentiboa, pertsonalizatua, integrala eta gizarte eta ekonomia aldetik jasangarria eskaintzeko moduan antolatu, hornitu eta finantzatzeko.

    Azkenik, Konstituzioak Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean ezarritako eskumen-banaketaren arabera, Estatuak eskumen esklusiboa du administrazio-kontratu eta -emakiden oinarriak ezartzeko (149.1.18 artikulua). Hau da, kontratu publikoak arautzeko lege-erreserba badago ere (besteak beste, pertsonentzako zerbitzu-kontratuak), mota horretako zerbitzuak antolatzeko formula zehatza hautatzea autonomia-erkidegoen eskumena da, haien kudeaketa beren gain hartu baitute (148. artikulua).

    Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, beraz, erkidegoaren eskumenekoak dira gizarte-zerbitzuak emateko itun-araubide berezia eta hitzarmenak aukeratzea eta konfiguratzea, kontratu publikoez bestelako tresna gisa, hala ezarrita baitago Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.12 eta 10.39 artikuluetan, eta, horren barruan, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduren 5eko 12/2008 Legearen 40.1.a) eta 31.2 artikuluei eta zortzigarren xedapen gehigarriari jarraikiz. Ildo horretatik, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak ere honela dio berrogeita bederatzigarren xedapen gehigarrian: «Lege honetan ezarritakoa ez da oztopoa izango autonomia-erkidegoek, esleituta dauzkaten eskumenak baliatuz, legeak eman ditzaten; izan ere, kontratuez bestekoak diren tresnak artikulatu ahalko dituzte arlo sozialeko beharrizanak betetzera bideratutako zerbitzu publikoak emateko».

    Eskumen-esparru horretan kokatu behar da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen agindua, zeinak, zortzigarren xedapen gehigarrian, Eusko Jaurlaritzari agintzen baitio dekretu hau egin eta onar dezala, hargatik eragotzi gabe, esparru orokor hori errespetatuta, administrazio bakoitzak bere ekintza itundua berariaz arautzea.

    Agindu hori betez, eta lege horren 61.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, dekretu honen xedea da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integratzen diren zentro pribatu itunduen araubide juridikoa eta jarduteko baldintzak ezartzea; gainera, legean aurreikusitako itun-araubidearen oinarrizko alderdiak arautuko ditu, eta, bereziki: sarbide-betekizunak, itunaren gehieneko iraupena, ituna azkentzeko kausak eta aldeen betebeharrak.

    Hala, I. kapituluan, dekretuaren xedea, aplikazio-eremua, eremu subjektiboa eta hitzartzearen xedea zehazten dira. Eta definizio garrantzitsu batzuk ezartzen ditu, baita ekintza itunduaren eta ituntze-prozeduraren printzipio informatzaileak eta itun-araubidearen helburuak ere.

    1. kapituluak arautzen du zer betekizun konplitu behar diren itunaren araubidera sartzeko, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatuz eta aplikatuz, eta kontuan hartuz ikuspegi komunitarioa eta gizarte-zerbitzuetarako kalitatearen Europako borondatezko esparrua. Horrez gain, zenbait xedapen ezartzen ditu, itunen plangintzari eta finantzaketari buruz.

    2. kapituluak ituntze-prozeduraren oinarrizko zenbait alderdi definitzen ditu, hasieratik bukaerara, bai eta itunak nola harpidetu eta formalizatu ere.

    3. kapituluak itunen araubide juridikoa ezarri eta aldeen betebeharrak zehazten ditu. V. kapituluak itunen iraupena, berritzea, aldaketa eta azkentzea arautzen ditu, bai eta azkentze-kasuetan erabiltzaileei arreta eskaintzen jarraitzeko zenbait alderdi ere.

    1. kapituluan zehazten da itun-araubidearen zer ezaugarri eta betekizun aplikatuko zaizkien hitzarmenei, eta, besteak beste, aipatzen du EAEko administrazio publikoek zer kasutan formalizatu ditzaketen hitzarmenak irabazi-asmorik gabeko erakundeekin. Argitzen du, gainera, noiz diren bereziak erakundearen jarduerak, eta, zerbitzuen kasuan, noiz diren bereziak, berritzaileak eta esperimental edo urgentziazkoak. Kasu bakoitzean zehazten du zenbat irauten duen hitzarmenak.

      Azkenik, xedapen iragankorrak hitzarmenen eta kontratuen indarraldia jasotzen du. Xedapen gehigarriek kontuan hartu beharreko alderdi batzuk ezartzen dituzte, hainbat gaitan: aldez aurreko baloraziorik gabeko pertsonei arreta emateko zerbitzuak ituntzea; bazterketaren eremuan itundu beharreko plaza-kopurua zehaztea; Administrazio Publikoek itun-araubidea garatzea; eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman itun sozialaren araubidea eta hitzarmenak aplikatzea erantzukizun publikoko zerbitzuen horniduran, lankidetza publiko-sozialean esku-hartze sozialaren eremu osoan. Azken xedapenak dekretua indarrean noiz jarriko den zehazten du.

      Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, bat etorriz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin, eta, Gobernu Kontseiluak, 2023ko azaroaren 7an eginiko bileran, proposamena aztertuta eta onartuta, hau

      HAU XEDATZEN DUT:

Dekretu honen xedea da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 61.1 eta 69. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako itun-araubidea eta hitzarmenak arautzea, bai eta itunpeko zentro pribatuen jarduera-baldintzak ere, itun sozialaren araubidearen oinarrizko alderdiak ezarriz, eta, bereziki, itunetan sartzeko baldintzak, itunen gehieneko iraupena eta ituna azkentzeko kausak, bai eta alderdien betebeharrak ere.

  1. Dekretu honi lotutako itun sozialak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen eta ekimen pribatuko erakundeen artean zentro bat edo batzuk hornitzeko egiten dira, eta, hala badagokio, baita zentro horien modalitateak ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluaren 1.7-1.9, 2.2-2.5 eta 2.7 epigrafeetan jasotakoak.

  2. Hornidura hori egiteko, administrazio publikoek hitzarmenak egin ahal izango dituzte irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeekin, baldin eta 12/2008 Legearen 69. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada eta horietan itun-araubidea ez aplikatzea gomendatzen bada eta hala arrazoitzen bada programa-kontratuen bidez. Horiei guztiei itun-araubidearen ezaugarri eta betekizun guztiak aplikatu beharko zaizkie, baldin eta hitzarmenen izaerarekin bateraezinak ez badira.

  3. Zentro horien kudeaketa hitzartzeko edo adosteko ahalmenak ez du eragozten zentro horietaz arduratzen diren administrazio publikoek zuzenean edo zeharka kudeatzea, kontratuen bidez, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 71.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Bereziki, zentroen izaerak justifikatzen badu, eta halaxe gertatzen da inbertsio handia behar izanez gero, hala nola adinekoentzako egoitza-zentroen kasuan, edo izaera berritzailea badute, adibidez esperientzia nahikorik ez badago haien zerbitzu-eremuan zentro bat edo haren modalitateak nahitaezkoak edo askotarikoak edo zentro bati lotutako zerbitzu bat hornitzen, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan zentro horietaz egiten den definizioaren arabera.

  1. Hitzarmenaren xedea beti izango da zerbitzuak ematea eskubide aitortua eta balorazio-prozesu baten ondoren esleitutako plaza edo zerbitzua duten pertsonei, prozesu hori hasieran eskatzen ez den kasuetan izan ezik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan eta dekretu honen lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera.

  2. Erakunde batekin sinatutako itun sozialaren xedea zentro bateko edo batzuetako plaza batzuk edo guztiak erreserbatzea eta betetzea izan daiteke, baita zentro eta zerbitzuen kudeaketa integrala egitea ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 61.1 eta 62. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Horretarako, itun bakarra sinatu ahal izango da erakunde titular berarekin.

Dekretu hau aplikatuko zaie ekimen pribatuko erakundeen eta euskal administrazio publikoetako organo eskudunen artean formalizatzen diren itun sozialei eta hitzarmenei, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40., 41. eta 42. artikuluetan eta autonomia-erkidegoaren, foru-aldundiaren edo toki-administrazioaren eskumen-araubideari buruzko gainerako araudian zerbitzu horiek emateko aurreikusitako eskumen-banaketaren arabera.

  1. Artikulu honetan jasotako definizioak dekretu honen ondorioetarako egiten dira, eta, beraz, 2. artikuluaren lehen apartatuan aipatutako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoko zerbitzuen esparruan.

  2. Itun soziala: Administrazio publikoek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoko zerbitzuak kudeatzeko duten tresna, zerbitzu horiek ematen dituzten ekimen pribatuko erakundeek sisteman parte har dezaten antolatzeko, baldin eta, horretarako, beren titulartasuneko zentroak badituzte edo zerbitzu horiek erabiltzeko eta gozatzeko eskubide erreala badute, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 64.3 artikuluan eta dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

  3. Kudeaketa integrala: zentro baten edo batzuen kudeaketa artikulatua eta, hala badagokio, zentroko edo zentroetako erabiltzaile batzuek edo guztiek jasotzen duten beste zerbitzu baten edo batzuen kudeaketa artikulatua.

  4. Zerbitzu itundua: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoaren zerbitzua, ekimen pribatuko erakunde batek hornitzen duena, bere titulartasuneko zentro batean edo erabiltzeko eta gozatzeko eskubide erreala duen zentro batean, administrazio eskudunarekin dagokion itun soziala formalizatu ondoren. Kudeaketa integralaren kasuan, «zerbitzu itunduak» terminoaren barruan, zentro bat edo batzuk ez ezik, horiekin artikulatutako beste zerbitzu-mota batzuk ere sar daitezke.

  5. Zentroa: higiezin bat edo higiezin baten zati bat, unitate organiko eta funtzional gisa eratua, kokapen autonomoa eta identifikagarria duena; han, gizarte-zerbitzuetako prestazioak eskaintzen edo antolatzen dira.

  6. Zentro itundua: zentro bat, zeinaren titulartasuna, edo erabiltze- eta gozamen-eskubide erreala ituntzen den ekimen pribatuko erakundeari baitagokio. Haren instalazioetan ematen da zerbitzu itundua.

  7. Plaza itundua: eman beharreko zerbitzuaren ardura duen administrazioak itundutako zentro bateko plaza; han, zenbait prestazio tekniko edo teknologiko ematen zaizkio zerbitzu horretako erabiltzaile bati.

  8. Plaza okupatua: horretarako eskubide aitortua duen pertsona bati esleitutako plaza; han egongo da zentroan sartzen den unetik baja ematen zaion egunera arte.

  9. Plaza erreserbatua: plaza itundu bat, okupatu gabe dagoena administrazio esleitzaileak zehaztutako arrazoiak eta baldintzak direla eta.

  10. Prestazio-eremua: deialdiaren xede den zerbitzuari edo zerbitzuei esleitutako mugaketa geografikoa.

  1. Itunaren administrazio publiko esleitzaileek eta itunpeko erakundeek printzipio hauen arabera gauzatuko dute beren ekintza itundua:

    1. Erantzukizun publikoa: izan ere, zerbitzuen ardura duen administrazioaren eskumen izango dira plaza eta zerbitzu itunduen finantzaketa, sarbidea, jarraipena eta kontrola.

    2. Berdintasuna eta ekitatea: pertsona orori bermatuko zaio haren premien araberako arreta; hartara, zerbitzuak jasotzeko eskubidearen titular diren pertsonek jarraituko dute beren eskubidea baliatzen, haren irismena eta edukia aldatu gabe, zeinahi dela ere hornitutako zerbitzuak kudeatzeko era.

    3. Aurrekontu-oreka, -egonkortasuna eta -efizientzia, zerbitzuak sendotzeko eta hedatzeko; izan ere, zerbitzu horiek jasotzea herritarren eskubide subjektiboa da.

    4. Arreta pertsonalizatua, jarraitua, integrala, hurbila, prebentziozkoa eta parte-hartzailea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 7. eta 8. artikuluetan definitutako printzipio eta eredu komunitarioarekin bat etorriz, hurrenez hurren, bai eta administrazio arduradunak ezarritako kalitate-estandarrekin eta Europar Batasuneko Gizarte Babeserako Batzordearen gizarte-zerbitzuetarako kalitatearen Europako borondatezko esparrua edo hori ordezkatzen duen tresna bezalako erreferentzietan ere.

    5. Hala nahi duten erabiltzaileek zerbitzuan jarraitzea, horretarako eskubidea aitortuta dutela, dekretu honek definitzen dituen kasuetan, eta erabiltzaileek zerbitzuaren hautaketan parte hartzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 7. artikuluan eta 9. artikuluko j eta k letretan aurreikusitakoaren arabera.

  2. Era berean, administrazio publikoek bermatuko dute ituntze-prozedurak printzipio hauek betetzen dituela:

    1. Erakunde eskatzaileentzako tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza; sarbide-betekizunak konplitzen dituzten eskabide guztien aldeko ebazpena emango da, dekretu honetan aurreikusitako egoeretan.

    2. Publikotasuna eta gardentasuna: aldizkari ofizialetan eta dagokien atarietan iragarriko dira deialdiak eta itunen funtsezko elementuak.

Helburu hauek ditu itun sozialaren araubideak:

  1. Itundutako zerbitzuetan erabiltzaileek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Katalogoko eta Prestazio eta Zerbitzuen Zorroko prestazio eta zerbitzuetarako duten eskubidea, 2. artikuluko lehenengo apartatuan aipatutakoa, gauzatzea.

  2. Eskubide aitortua eta plaza esleitua duten erabiltzaileek, hala nahi badute, jarraitzea eta zerbitzuaren aukeraketan parte hartzeko duten eskubidea bermatzea, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren erabiltzaileek haiei eragiten dieten erabakietan parte hartzeko eta, hala badagokio, zerbitzu edo zerbitzu mota egokiena aukeratzeko duten eskubidea gauzatzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema hedatzen laguntzea, erantzukizun publikoko sare gisa. Titulartasun publiko eta pribatu itunduko zerbitzu eta ekipamenduek osatuko dute sarea, eta, oro har, kudeaketa publikoa gailenduko da, gizarte-ekimenarekin lankidetzan. Horrela, aurrekontuaren unibertsaltasunaren, elkartasunaren, egokitzapenaren eta eraginkortasunaren printzipioei erantzungo zaie, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 5. artikuluan definitutako gizarte-zerbitzuen sare publikoa 7 a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera artikulatzeko azken helburuarekin.

  4. Ekimen pribatuarekiko lankidetza artikulatzea erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuen horniduran, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 5., 7. eta 35.3 artikuluetan, V. tituluan eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 12. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  5. Elkarrizketa zibilaren printzipioaren arabera eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 7.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hirugarren sektore sozialeko antolakundeek eta pertsona, familia, kolektibo eta komunitateek, haien bitartez, ukitzen dituzten politika publikoetan parte hartzeko duten eskubidea gauzatzea, baita betearazpenean ere, lege horretan eta sistema publiko bakoitza arautzen duen araudian jasotako baldintzetan, parte-hartze horrek erakunde bakoitzeko gobernu-organoei dagozkien erabaki-ahalmenei kalterik egin gabe.

  6. Gizarte-ekimenaren (irabazi-asmorik gabekoa) gaitasunak eta baliabideak aprobetxatzea, egoki den guztietan, koordinazio- eta lankidetza-printzipioak aplikatuz, gizarte-ekimena sustatuz eta baliabideak modu integral, arrazional eta eraginkorrean aprobetxatuz.

  1. Ekimen pribatuko erakundeek ituntzeko ahalmena izango dute, baldin eta erregistroan inskribatuta egoteko eta baimena eta homologazioa izateko betekizunak betetzen badituzte Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 59. artikuluan aurreikusitako eta araudian garatutako moduan.

  2. Itun-araubidera sartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte erakunde eskatzaileek, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 64. artikuluarekin bat etorriz:

    1. Itundu nahi diren zerbitzuen hartzaileen antzeko premiak dituzten pertsona, familia edo taldeei etengabeko arreta eskaini izana egiaztatzea.

    2. Esperientzia egiaztatzea lan komunitarioan, deialdikoen antzeko zerbitzuei lotuta, lurralde bateko sistema publiko, erakunde, baliabide eta ekimenekin lankidetzan, hartzaileen arretaren edo prebentzioaren osotasuna, jarraitutasuna, pertsonalizazioa eta hurbiltasuna hobetzeko, eredu komunitarioaren arabera.

    3. Egiaztatu behar dute, halaber, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroan finkatutako baldintzak betetzen direla bermatzeko nahikoa bitarteko eta baliabide daukatela.

    4. Oro har edo berariaz aplikatzekoa zaien araudia betetzen dutela egiaztatzea, kontuan hartuta zein den erakundearen izaera juridikoa eta zer zerbitzu-mota itundu den.

    5. Zentroaren titulartasuna egiaztatu beharko dute, edo erabilera- eta gozamen-eskubide erreala izan zentroaren gainean; eskubide hori, betiere, ezin da izan itunaren indarraldia baino laburragoa. Jabearen baimena ere erantsi beharko dute, zentroa itunaren xedera bideratzeko.

    6. Egiaztatu beharko dute beren antolamenduan, funtzionamenduan eta esku-hartzean berdintasun-printzipioa erabat errespetatuz jarduten dutela genero-ikuspegia egiazki integratuz eta helburu horretara bideratutako berdintasun-neurri edo -planak egituratuz, bereziki familia eta lana uztartzeko neurriak.

  3. Itunaren administrazio esleitzaileak, aurreko ataleko baldintzez gain, eredu komunitarioarekin bat datozen baldintza hauetako bi edo gehiago ezarri eta zehaztuko ditu deialdietan sartzeko:

    1. Zentroko pertsonei, eta, hala badagokio, familiei, hartzaileei eta zentro itunduari dagozkion beste zerbitzu edo jarduera batzuk konektatzea (arretaren integraltasuna).

    2. Zentroaren hartzaile edo erabiltzaile diren pertsonei eta, hala badagokio, familiei arreta ematea bizitzako etapa bakoitzean edo gizarteratze-prozesuan (arretaren jarraitutasuna).

    3. Zentroaren hartzaile edo erabiltzaile diren pertsonei eta, hala badagokio, familiei arreta pertsonalizatua eskaintzea, laguntzak kasu bakoitzera egokituz, zerbitzu hori eta erakundearen beste zerbitzu eta jarduera batzuk konbinatuta eta hirugarrenekin koordinatuta edo lankidetzan (arreta pertsonalizatzea).

    4. Zentroko pertsonek eta, hala badagokio, familia hartzaileek edo erabiltzaileek erakundean, zentroan eta jardueretan parte har dezaten sustatzea, baita esku hartzeko banakako/familiako prozesuan ere (hartzaileen parte-hartzea).

    5. Itundu beharreko zerbitzu zehatzari aplikatu beharreko beste betekizun egoki batzuen konbinazio jakin bat, koherenteak printzipio eta ikuspegi komunitarioarekin (Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 7. eta 8. artikuluak) eta gizarte-zerbitzuetarako kalitatearen Europako borondatezko esparruarekin edo Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 12. artikuluak ezartzen dituen arretaren eta kudeaketaren ezaugarriekin.

  4. Aurreko ataleko betekizun guztiak itundutako zerbitzuaren edo zerbitzuen hartzaile edo erabiltzaile diren pertsonei eta, hala badagokio, familiei buruzkoak izango dira, eta haiek jasotzen duten arreta hobetzen lagundu beharko dute, modu integralean ez ezik, itundutako zerbitzuetan bertan ere, salbu eta eskubide aitortua duten baina oraindik zentro esleiturik ez duten pertsonek beteko badituzte plaza itundu guztiak (plaza sortu berriak).

  5. Desgaitasuna duten, buruko gaixotasuna duten edo bazterkeria-egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendutako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoko zerbitzuei dagokienez, deialdiak sartzeko baldintza gehigarri guztiak jasoko ditu, baldin eta, itunaren administrazio esleitzaileen iritziz, horiek guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileak egon badaitezke, eta, modu bateratuan, deialdian eskatutako zentroetako plaza guztiak kudeatzeko gaitasuna badute, eta, hala badagokio, beste zerbitzu batzuen kudeaketa integrala badute.

  6. Egiaztatutako baliabide material, tekniko eta profesionalek egokiak eta behar bestekoak izan behar dute, aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizun materialak, funtzionalak eta langile-arlokoak betetzeko.

  7. Itunaren administrazio esleitzaileak zehaztuko du etengabeko arretaren denbora, zerbitzuaren izaera kontuan hartuta, besteak beste.

  8. Deialdietan, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko moduak ezarri beharko dira. Baldintza horien artean erantzukizunpeko adierazpenak izan ahalko dira, eta pertsona juridiko eskatzaileari buruzkoak direla ulertuko da kasu guztietan. Eskaera berari lotutako pertsona juridiko bat baino gehiago badago, gutxienez erakunde batek ziurtatu beharko du guztiak betetzen direla.

  1. Itunaren administrazio esleitzaileak, bere plangintza- eta antolaketa-eskumenak baliatuz, itundu nahi dituen zerbitzuen eta, hala badagokio, plazen aurreikuspena egingo du.

  2. Itunaren administrazio esleitzaileak bere urteko aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa esleituko du urte anitzeko oinarriaren arabera planifikatutako itunak egiteko, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 67. artikuluaren arabera.

  3. Itundu beharreko zerbitzuaren edo zerbitzuen modulu ekonomikoak itunaren organo esleitzaileak kalkulatuko ditu, zerbitzua hitzarmen-espedientean eskatutako kalitate-baldintzetan emateko beharrezkoak diren kostu finko, aldakor eta iraunkorrak kontuan hartuta, etekin industrialik sartu gabe, zerbitzu hori edo horiek emateak zuzenean eragindako erakunde itunduaren ondarearen kaltegabetasuna bermatuz eta deialdiaren oinarrietan ezarritako finantzaketaren gainerako ezaugarrien arabera.

  1. Itunaren organo esleitzaileak ofizioz hasiko du ituntze-prozedura, deialdi bakoitzeko espediente bat izapidetuz. Espediente hori katalogoko zerbitzu-mota bati edo gehiagori buruzkoa izan daiteke, eta deialdi horretara jotzea eskatzen duten inguruabarrak adieraziko ditu.

  2. Deialdiek publizitate- eta gardentasun-printzipioak bete beharko dituzte, arlo honetan aplikatzekoa den indarreko araudiaren arabera, eta deialdi-iragarki baten bidez edo etenik gabe argitaratutako aurretiazko informazio-iragarki baten bidez ezagutarazi beharko dira. Nolanahi ere, itunaren administrazio esleitzailearen lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratu beharko dira, eta gardentasun-araudia betetzeko gaituta dituen bitartekoen bidez iragarri.

  3. Itunaren organo esleitzaileak deialdi bakoitzaren oinarriak onartuko ditu, eta, han, alderdi hauek zehaztuko ditu, besteak beste:

    1. Itunaren xedea eta administrazioak prestazio-eremuan itundu nahi duen gehieneko plaza-kopurua. Hala badagokio, bereizi egingo dira zentro baten baino gehiagoren plaza-erreserba osoa edo partziala eta kudeaketa integrala.

    2. Sartzeko eta plazak esleitzeko betekizunak, bai eta horiek betetzen direla egiaztatzeko bitartekoak ere.

    3. Betekizunak betetzen direla egiaztatzeko eta ebazpena emateko prozedura eta organo eskudunak, egiaztapen-organoaren osaera, bai eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko bitartekoak eta ebazteko epea ere.

    4. Zerbitzua emateko baldintzak, eta, bereziki, gutxieneko bitarteko materialak, funtzionalak eta langileenak, eta eska daitezkeen kalitate-estandarrak eta -parametroak, zeinetan asistentzia-kalitatearen adierazleak jaso beharko baitira, bai eta kudeaketa-sistemak eta kalitate-ziurtagiriak izatea eta pertsona eta familia erabiltzaileen gogobetetasun-ebaluazioak egitea ere, besteak beste. Asistentzia-kalitatearen adierazleen artean eredu komunitarioari dagozkionak egongo dira, baita komunitatearekin hitzartutako zerbitzuaren edo zerbitzuen lotura eta komunitatearekin (familiak eta bizilagunak eta ekimen eta baliabide publiko edo pribatuak) sarean egindako lana ere, arreta integral, pertsonalizatu, jarraitu, hurbileko, prebentibo eta parte-hartzailea garatzeko bitarteko gisa.

    5. Baldintza administratibo eta ekonomikoak, moduluaren edo modulu ekonomikoen zenbatekoa barne, itunaren administrazio esleitzaileak urtero ezarritako kostu finko eta objektiboan oinarrituta, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 66. artikuluan eta dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera, bai eta ituna gauzatzean sortzen diren kostuak ordaintzeko aurkeztu behar den dokumentazioa ere.

    6. Hitzarmena sinatzen duen administrazioak egokitzat jotzen badu, berrikuspen-klausula bat, deialdian aldez aurretik zehaztutako irizpide objektiboen arabera, automatikoki aplikatu ahal izateko.

    7. Erakundeek aurkeztu beharreko dokumentazioa, epea eta era, bai eta deialdiko gainerako izapideak egiteko aurreikusitako beste edozein epe ere.

    8. Erakundeak aurkeztu beharreko proiektu teknikoari buruzko betekizunak, dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan aipatzen diren esku hartzeko eta kudeatzeko irizpideei eta d letran aipatzen diren egikaritze-baldintzei buruzko informazioa barne.

    9. Eska daitezkeen betebeharrak eta horiek egiaztatzeko aurreikusitako sistema eta organoa.

    10. Ebaluatzeko modua eta aldizkakotasuna.

    11. Itunaren indarraldia.

    12. Ituna aldatzeko eta azkentzeko arrazoiak.

    1. Ituna aurrera eramateko beharrezkoa den zehaztasun oro.

  4. Aurreikusitako gehieneko gastua oinarriak onartu baino lehen edo haiekin batera onartuko da.

  1. Itunaren administrazio esleitzaileak prozeduraren instrukzio-unitate administratiboa eta aurrerago aipatzen den egiaztapen-organoa izendatuko ditu.

  2. Erakunde interesdunek garaiz eta forman aurkeztu beharko dituzte eskaerak eta dokumentazioa, deialdiaren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Zentro bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko da, kudeaketa integrala barne, beste zerbitzu batzuekin artikulatuta.

  3. Egiaztapen-organo batek aztertuko ditu erakundeen eskabideak, eta itunaren administrazio esleitzailearen teknikariek parte hartuko dute organo horretan. Era berean, beste pertsona batzuk ere sartu ahal izango dira, baldin eta itunaren organo esleitzaileak ebazpen arrazoitua ematen badu, ekintza itunduaren arloan ezagutza espezifikoak eskatu beharra oinarri hartuta.

  4. Egiaztapen-organoak zehaztuko du erakunde eskatzaileek sartzeko baldintzak betetzen dituzten edo ez, eta, hala badagokio, zuzenketak egiteko eskatuko dio erakunde eskatzaileari. Errekerimendu horiei erantzuten ez badiete, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da.

  5. Erakundeei behar beste argibide eta informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango zaie, eta, oro har, ebazpen-proposamena egiteko oinarri izango diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduerak egin ahal izango dira.

  6. Eskabideak, behar izanez gero, zuzendu ondoren, eta baldintzak betetzen direla egiaztatuta, eskaera guztien aldeko ebazpena emango da.

  1. Itunaren administrazio esleitzaileak plazak esleituko dizkie aldeko ebazpena jaso duten eskabideei, deialdian ezarritako itundu beharreko gehieneko plaza-kopurua gainditu gabe eta, besteak beste, irizpide hauek kontuan hartuta:

    1. Lehenik eta behin, plazak esleituko zaizkie jadanik zentroan plazak betetzen dituzten edo esleituta dituzten eta zerbitzurako eskubide aitortua duten pertsona guztiei, haien borondatez jarraitzea bermatuz, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 7., 8. eta 9. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako printzipioei, arreta-ereduari eta erabiltzaileen eskubideei jarraikiz, salbu eta, 9. artikuluan aurreikusitakoaren esparruan, zentro zehatzaren esleipena aldatu bada.

    2. Era berean, eskaera egin aurreko 30 egunetan plaza esleitua duten pertsonek beteta egon arren hitzarmen-eskaera formalizatzeko unean heriotza, uko egitea, lekualdatzea edo erabiltzaileen egoerarekin lotutako beste arrazoi batzuk direla eta beteta ez dauden plazak esleituko dira.

    3. Deialdian aurreikusitako guztizko kopurutik esleitu gabeko plazak geratzen badira, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 65. artikuluan jasotako diskriminazio positiboko irizpideak kontuan hartuta esleituko dira, eta lehentasuna emango zaie irabazi-asmorik gabeko gizarte-zerbitzuak ematen dituzten erakundeei, eraginkortasunari, kalitateari eta kostuei dagokienez antzeko baldintzak daudenean.

      Nolanahi ere, plaza-esleipena gutxieneko kopuru bat bermatzeko moduan egiteko ahalegina egingo da, ezarritako kalitate-estandarrei eta langile-ratioei lotutako kostuak itunetik eratorritako diru-sarrerekin konpentsa daitezen. Hala ez bada, ituna eskatu duen erakundeak uko egin ahal izango dio edo erreserban geratuko da.

  2. Aurreko prozeduraren ondorioz plazarik esleitzen ez zaien edo itundu nahi dutena baino kopuru txikiagoa esleitzen zaien erakundeetako plaza itundu gabeak erreserban geratuko dira, eta deialdi berean formalizatutako itunetako bat azkentzen bada itundu ahal izango dira, betiere sartzeko baldintzak betetzen jarraitzen badute. Hori guztia aldez aurretik formalizatutako itunen indarraldirako eta plaza horietarako, eta aukera horrek ez die erakunde eskatzaileei inolako eskubiderik emango dagokion programa-kontratua sinatu arte, hala badagokio.

  1. Egiaztapen-organoak ebazpen-proposamena egingo du, eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio. Organo horrek ebazpena jakinarazi beharko du, prozedura hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

  2. Ebazpena dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko da, bai eta administrazio bakoitzak gardentasun-printzipioa betetzeko dituen hedabideetan ere.

  1. Itun sozialak programa-kontratuen bidez formalizatuko dira, ebazpenean adierazitako epean, eta une horretatik aurrera sortuko dira aldeen betebehar eta eskubideak. Erakundeak itunari uko egin diola ulertuko da, baldin eta epe horretan ituna harpidetzen ez bada hari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.

  2. Programa-kontratuetan, honako zehaztapen eta alderdi hauek jasoko dira, funtsezkotzat jotzen baitira eta barnean hartzen baitituzte Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoak:

    1. Itun sozialaren xedea (plazen erreserba eta okupazioa, edo itundutako zentroaren edo zentroen kudeaketa integrala) eta jarduera-bolumen osoaren estimazioa, zenbat zerbitzu eta nolakoak emango diren eta itundutako plaza-kopurua zehaztuta, eta erreserbatutakoak zenbat diren adierazita.

    2. Iraupena, azkentzeko kausak, eta ituna aldatzeko eta berritzeko prozedura.

    3. Administrazioak zentro itundua mantentzeko kontsignatutako zenbateko osoa, kasuan kasuko modulu ekonomikoen araberakoa, eta, hala badagokio, modulu ekonomikoak berrikusteko klausularen araberakoa. Funts publikoak esleitzerakoan eta ordaintzerakoan, kasu bakoitzean aplikatu beharreko zerga-araudia hartuko da kontuan.

    4. Ordainketak egiteko eta gastuak justifikatzeko aldizkakotasuna eta prozedura.

    5. Jarraipen, kontrol eta auditoriako prozedura eta mekanismoak, bai eta erakundeak eta administrazioak partekatutako ebaluaziokoak ere.

    6. Alderdiek beren gain hartzen dituzten betebeharrak eta, bereziki, gizarte-zerbitzuen, berdintasunaren, gardentasunaren, datuen babesaren eta konfidentzialtasunaren arloko araudiak ezarritakoak, gainerako araudi aplikagarriarekin batera, bai eta zerbitzu bakoitzaren dokumentazioan eta publizitatean itundua dela adierazteko betebeharra ere.

    7. Zerbitzuaren ardura duen administrazioak aurreikusitako betekizun material, funtzional eta pertsonalekoak, pertsonal-ratioak zehaztuta.

    8. Hala badagokio, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prezio publikoak edo doakoak ez diren prestazioen tasak, zeinak kobratzea administrazio publikoek erakunde itunduen esku utz baitezakete, eta prestazio osagarrien tarifak.

  3. Programa-kontratuan jasotako alderdi orok itunaren xedearekin lotuta egon behar du, eta harekin proportzionala izan.

Erakunde itunduek betebehar hauek izango dituzte, alde batera utzi gabe zerbitzuaren ardura duen administrazioak ezar ditzakeen beste batzuk:

  1. Finantzaketa publiko osoa, eta ordaintzera behartuta dauden pertsonek emandakoa, halakorik balego, itundutako zerbitzurako edo zerbitzuetarako erabiltzea, edo, oinarrietan hala aurreikusita badago, administrazio berarekin egindako beste itun batzuetan jasotako zerbitzuetarako, betiere 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera itundutako zerbitzuaren edo zerbitzuen modulu ekonomikoak zehaztean administrazio horrek kasu bakoitzean finkatutako kostuen arabera.

  2. Zerbitzuaren ardura duen administrazioak bideratutako pertsonei zerbitzua edo zerbitzuak ematea, itundutako gaitasunaren barruan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan, zerbitzu bakoitza arautzen duen araudian eta programa-kontratuan aurreikusitakoari jarraikiz, eta etengabe bermatzea betetzen direla araudi autonomikoak edo, handiagoak izanez gero, itunaren administrazio esleitzaileak ezartzen dituen eskakizun materialak, funtzionalak eta langileei dagozkienak, bai eta sarbide-betekizunak eta aplikatutako diskriminazio positiboko neurriak ere.

  3. Emandako zerbitzuetan edozein aldaketa gertatzen denean edo aplikatuko dela aurreikusten denean, jakinaraztea, baldin eta aldaketa horrek eragina badu ituntzeko ahalmenean, zentroaren titulartasunean edo zerbitzua eskuratzeko betekizunen bat edo diskriminazio positiboko neurriren bat betetzean, bai eta zerbitzuaren edo zerbitzuen ohiko plantillaren kopuruan edo kualifikazioan eta horniduraren alderdi garrantzitsuetan eragina izan dezakeen beste edozein faktoretan ere, hala nola eskainitako prestazioetan, arreta jaso dezaketen pertsonen kopuruan eta profilean edo arretaren intentsitatean.

  4. Profesionalen eta erabiltzaileen eskubideak bermatzea eta betebeharrak konplitzen direla zaintzea, dagokien erantzukizun-eremuan aplikatzekoak diren neurrian, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 9. artikulutik 12.era bitartean aurreikusitakoari jarraikiz. Bereziki, eta erabiltzaileen konfidentzialtasun-eskubideari dagokionez, lege horren 9.b) artikuluan ulertzen den moduan, erakunde itunduak arduratuko dira datu-tratamenduaz, eta datu-babesari buruzko araudian aurreikusitako eta erabiltzaile-izaeratik eratorritako neurri guztiak hartuko dituzte.

  5. Itunaren administrazio esleitzaileari jakinaraztea erabiltzaileek aurkeztutako kexa edo erreklamazioen edukia eta erakundeak emandako erantzunak.

  6. Kontrol-, ikuskapen-, fiskalizazio- eta auditoria-lanetan parte hartzea, administrazio arduradunak zehaztutako moduan, eta itunen betearazpena baloratzeko eskatzen duen informazio ekonomikoa, fiskala, lanekoa, teknikoa, asistentziala eta beste edozein motatakoa ematea, datuen babesaren arloko legeria eta aplikatu beharreko gainerako araudia betez.

  7. Erabiltzaileei jakinaraztea, itunaren administrazio esleitzailearekin batera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioei (berezkoak izanda, doakoak ez direnak) aplikatutako prezio publikoak edo tasak eta prestazio osagarrien tarifak, kontratu-programan aurreikusitakora egokituz.

  8. Aseguru-poliza bat harpidetuta eta indarrean edukitzea, zerbitzuko langile eta erabiltzaileen ekintzen ondoriozko erantzukizun zibila estaltzeko.

  9. Zerbitzuaren dokumentazioan eta publizitatean Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren parte dela eta itundua dela adieraztea, zerbitzua emateko eskumena duen administrazioak emandako ereduaren arabera, salbu eta, zerbitzuaren ezaugarriak direla-eta, betebehar horretatik salbuetsita geratzen bada, indarrean dagoen legeriaren arabera.

  10. Oinarrietan ezartzen diren betebeharrak betetzea, bai eta erakundearen izaera juridikoagatik edo ituntzen den zerbitzu-motagatik oro har edo berariaz aplikatu behar zaien edozein arauditatik eratortzen direnak ere. Bereziki, bete beharrekoak izango dira berdintasunaren, gardentasunaren eta datu-babesaren arloan aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizunak, bai eta, gai espezifikoetan, erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuei eta zerbitzu horiek artatzen dituzten egoerei eragiten dien araudian ezarritakoak ere (desgaitasuna eta mendekotasun-, bazterketa-, babesgabetasun-, edo arrisku-egoerak, barnean direla adingabeen babesa eta genero-indarkeriaren aurkako babes integrala).

Honako betebehar hauek izango ditu itunaren administrazio esleitzaileak:

  1. Itunpeko zentroari eusteko funts publikoak esleitzea eta itunpeko erakunde pribatuari behar den zenbatekoa ordaintzea mantentze hori bermatzeko, merkataritza-jardueretako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeen barruan. Hitzartutako erakundeak fakturatu ondoren egingo da ordainketa, indarreko fakturazio-araudiaren eta zerga-araudiaren arabera.

  2. Kontratu-programan jasotako okupazio-konpromisoak errespetatzea, hala badagokio, edo zerbitzuaren kostua bertan ezarritako baldintzen arabera ordaintzea.

  3. Hitzartutako erakundearen betebeharrak betetzen direla zaintzea, deialdian ezarritako egiaztapen-sistemaren eta -organoaren bidez, eta, hala badagokio, betebeharrak ez betetzearen ondoriozko zehapenak ezartzea.

  4. Erakundeari modu frogagarrian jakinaraztea programa-kontratuari eragiten dion eta ituna aldatzea edo suntsiaraztea ekar dezakeen edozein gorabehera, betiere inguruabar hori gehienez 10 egun balioduneko epean aurreratu ahal bada, administrazio sinatzaileak horren berri izan ondoren.

  5. Itunpeko erakundeari entzunaldia ematea, erabiltzaileek zerbitzuari buruzko kexak aurkezten dituztenean.

  6. Doakoak ez diren Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioen eta prestazio osagarrien prezio publikoak edo tasak zehaztea, hala badagokio.

  1. Itun sozialak urte anitzeko oinarri baten gainean ezarriko dira, zerbitzuen horniduraren egonkortasuna bermatzeko. Hala ere, indarraldia amaitu aurretik berrikusi eta, hala badagokio, aldatu behar diren alderdiak zehaztu ahal izango dira.

  2. Itunak berritu daitezke hasierako iraupen-epearen berdina den aldi baterako, baldin eta hala aurreikusita badago, bi aldeen adostasunez, eta finantzatzeko aurrekontu egokia eta nahikoa badago.

  3. Itunaren hasierako iraunaldia ezingo da izan 2 urtetik beherakoa, ez eta 4 urtetik gorakoa ere. Beraz, iraupena ezin izango da 8 urte baino gehiagokoa izan.

  1. Itun sozialak ofizioz edo erakunde itunduak eskatuta aldatu ahal izango dira, betiere xedapen batetik eratorritako eta nahitaez bete beharreko alderdiak aldatzen ez badira, eta interes publikoko arrazoiak badaude. Itunaren administrazio esleitzaileak izango du horien aldaketa onartzeko eskumena, eta erakunde itunduak berariaz onartu beharko du.

  2. Besteak beste, plazak murriztu edo handitzeagatik zerbitzuetan eragindako aldaketek ituna aldatzea eragin dezakete. Kasu horietan, baldin eta itunaren administrazio esleitzaileak hala xedatzen badu, eta erakundeari dagokion entzunaldi-izapidea egin ondoren, nahikoa izango da baimendutako kreditua handitzea edo murriztea, kasuan kasuko modulu ekonomikoen zenbatekoaren arabera, itunaren aldaketa izapidetu beharrik gabe; hala ere, plazen aldaketa programa-kontratuaren eranskin batean islatu beharko da, eta ez du ekarriko kontratuaren kostua % 15 handitzea edo murriztea.

  3. Ituna aldatu ahal izango da krisi-egoeretan, baldin eta plaza batzuk presaz gaitu behar badira, eta sinatzen den unean aurreikusi ezin diren beste egoera batzuetan, itunpeko erakundearekin hitz eginez, betiere aldaketa horrek ez badu aldatzen itunaren izaera orokorra, eta hasierako zenbatekotik % 50 baino gehiago desbideratzen ez bada, arrazoi horregatik edo beste batzuengatik.

Honako hauek dira itun sozialak azkentzeko kausak:

  1. Ituna bete eta haren indarraldia eta izan ditzakeen berritzeak amaitu izana.

  2. Zentroaren titularra den pertsona juridikoa azkentzea, salbu eta erakundea eta ondarea dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eta itunari dagozkion betebehar guztiak bere gain hartzen dituen beste pertsona juridiko baten titulartasunekoak izatera igarotzen badira.

  3. Itundutako erakundearen konkurtso-deklarazioa edo zentro edo zerbitzuaren titularraren porrota edo ordainketa-etendura deklaratzen duen ebazpen judiziala. Halako egoeretan, eta ituna azkentzea dakarren ebazpen judiziala eman bitartean, administrazioak, kasuan kasuko kontu-hartzaile judizialekin bat etorriz, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, itunetik eratorritako betebeharrak konplitzen direla bermatzeko.

  4. Hitzartutako erakundearen jarduera etetea hitzartutako zerbitzuari dagokionez, bi aldeek adostuta eta behar bezala baimenduta.

  5. Hitzartutako erakundearen jarduera, oro har edo itundutako zerbitzuari dagokiona, borondatez etetea, behar bezala baimenduta, salbu eta interes publikoko arrazoi batek eragozten badu. Hori guztia programa-kontratuan zehazten den aurrerapenarekin adierazi beharko da, eta, nolanahi ere, ituna amaitu baino sei hilabete lehenago.

  6. Aurreikusitako ordainketa-araubidea ez betetzea, betiere erakundeek itunean aurreikusitako ordainketaren aurreko baldintzak bete badituzte.

  7. Administrazio eskudunak bideratutako erabiltzaileei arreta emateari uko egitea, baldin eta, elkarrizketa baten ondoren, programa-kontratuan aurreikusitako itunaren jarraipen-mekanismoen bidez, administrazioaren eskaerari eusten bazaio eta erakundeak ezezkoa ematen badio.

  8. Aurreikusitako betekizun materialak, funtzionalak eta langile-arlokoak ez betetzea.

  9. Itunaren administrazio esleitzaileak baldintza teknikoak eta/edo ekonomikoak aldatzea, itunaren erakunde esleipendunaren adostasunik gabe.

  10. Zerbitzu baten eskari falta nabarmen eta etengabea, edo ituna justifikatu zuten beharrak desagertzea, ituna amaitzeko data bete baino lehen.

  11. Erakundeari gizarte-zerbitzuak emateko baimena kentzea, edo Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzuak emateko homologazioa kentzea.

  12. Erakundeari egotz dakiokeen arau-hauste oso astuna egitea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen VII. tituluko II. kapituluan aurreikusitakoetatik, eta hartatik zehapen bat eratortzea, erakundeari eragozten diona itundutako zerbitzua egiten jarraitzea.

  1. Zergen, lanaren, gizarte segurantzaren eta laneko arriskuen prebentzioaren arloetako arau-hauste astun batengatik ezarritako zehapen irmoa, bai eta sexuagatiko diskriminazioarena ere.

  2. Finantzaketa publiko osoa zerbitzu itunduetara ez bideratzea edo 14. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak ez betetzea, baldin eta zerbitzua ematean nahasmendu nabarmena sortzen bada edo berriro gertatzen bada, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 92. artikuluaren arabera.

  3. Ituntzeko eskatzen den beste edozein betekizun erakunde itunduak betiko galtzea.

  4. Legedian ezarritakoarekin bat etorriz eta itunaren aldeen adostasunez, programa-kontratuan ezarritako gainerako kausak.

  1. Ituna azkentzeko prozedura alderdi batek eskatuta edo ofizioz hasi ahal izango da, eta erakunde itundua entzungo da ofizioz hasten denean.

  2. Ebazpenean honako hauek adierazi beharko dira: ituna zein arrazoirengatik azkendu edo hutsaldu den, zein errekurtso jar daitezkeen, eta bi alderdien arteko betebehar ekonomikoen likidazioa.

  3. Erakundeak nahitaez eman beharko ditu zerbitzuak, ebazpenean ezarritako jarduera amaitzen den egunera arte. Ebazpen horretan, itunaren administrazio esleitzaileak klausula bat ezarri ahal izango du plazak esleituta dituzten pertsonei plaza ziurtatzeko, baldin eta administrazioak bideratu baditu ituna azkentzeko eskaera egin aurretik, eta beharrezkoak diren aukerak gaitzen dituen bitartean, 19. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eta denbora-muga batekin.

  4. Azkentzearen edo hutsaltzearen ondorioak jarduera bertan behera uztea erabakitzen den egunetik aurrera izango dira, erakundeari entzun ondoren, eta betiere erabiltzaileei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko asmoz, zerbitzuak jasotzeko eskubidea bermatzeko asmoz eta, hala badagokio, zerbitzu horien lekualdaketa errazteko asmoz.

  1. Tresna bat beste batekin ordezteak, dela ituna, hitzarmena, kontratua edo zuzeneko kudeaketa publikoa, ez du inoiz arriskuan jarriko plaza esleituta duten erabiltzaileei arreta ematen jarraitzea, eta administrazio arduradunak beharrezkoa den estaldura juridikoa eta finantzarioa bermatuko du.

  2. Itun bat azkentzen den guztietan, bermatu behar da zerbitzua jasotzen jarraituko dutela horretarako eskubide aitortua duten erabiltzaileek; alde horretatik, beharrezkoak diren alternatibak ahalbidetuko dira, eta, horretarako, epe nahikoa ezarriko da, jarduera bertan behera uzteko eguna zehaztean.

  1. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 69. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, euskal administrazio publikoek hitzarmenak egin ahal izango dituzte irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeekin, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoan sartutako prestazioak eta zerbitzuak emateko, baldin eta erakundearen edo prestazioaren edo zerbitzuaren jarduera berezia dela eta, premiazkoa bada edo itun hori modu berritzaile eta esperimentalean aplikatzea komeni bada.

  2. Nolanahi ere, itun-araubidearen ezaugarri eta betekizun guztiak aplikatuko zaizkie hitzarmenei, betiere horien izaerarekin bateragarriak badira. Bereziki, honako hauek:

    1. Aplikatzekoak izango dira modulu ekonomikoak arautzeko arau-xedapenak, sarbide-betekizunak eta diskriminazio positiboko neurriak. Gainera, hitzarmenak programa-kontratu bidez formalizatuko dira, lege horretako 68. artikuluan eta dekretu honetako 13. artikuluan itun sozialetarako zehaztutako baldintzetan.

    2. Ez da aplikatuko dekretu honetako III. kapitulua, ituntze-prozedurari buruzkoa, aipatutako 13. artikulua izan ezik.

    3. Dekretu honetako 15. artikuluaren lehen apartatuko a) letra nahiz hitzarmenaren beste edozein eduki aldeen arteko adostasunaren emaitza izango dira.

  3. Espedientean jaso beharko da zergatik jotzen den hitzarmenera, jasota gera dadin betetzen dela dekretu honetan aurreikusitakoa, bereziki, itunaren ordez hitzarmenak erabiltzea gomendatzen duten kasuak egiaztatzeari dagokionez, tresna bakoitzaren berezko izaera kontuan hartuta, bai eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. artikuluan jasotakoa ere, horren bidez egiten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa Espainiako ordenamendu juridikora.

  4. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 12. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, euskal administrazio publikoek bermatuko dute Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek parte hartuko dutela esku-hartze sozialaren eremuko erantzukizun publikoko zerbitzuak ematen diseinua, prestazioa, ebaluazioa eta hobekuntza, baldin eta haien jarduera berezia bada hirugarren apartatuan definitutako kasuen arabera.

  5. Berezitasuna du zerbitzuak edo bere baitan hartzen dituen prestazioek, prestazio edo ezaugarri batzuk edo, hala badagokio, horien modalitateak aldatzen direnean, artatutako pertsonen premia berezietara egokitzeko eta, besteak beste, arreta pertsonalizatuagoa, integralagoa, jarraituagoa, hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta prebentziozkoagoa eskaintzeko, arreta komunitarioaren printzipioekin eta ikuspegiarekin edo ereduarekin bat etorriz. Hitzarmena formalizatuko bada, hura formalizatuko duen administrazioak jo behar du berezitzat. Hitzarmenak, bestalde, 2 urte iraungo du gehienez.

  6. Zerbitzuak izaera berritzaile eta esperimentala du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroan sartuta ez dauden prestazio edo zerbitzu-modalitateak barne hartzen baditu, kasu horietan hitzarmenak gehienez 2 urteko iraupena izan dezake.

  7. Zerbitzu bat presakoa izango da, baldin eta ezohiko premiei berehala erantzuteko beharrezkoa bada, haren nolakotasunagatik edo kopuruagatik. Hitzarmenak, gehienez, 2 urteko iraupena izan dezake.

  8. Erakundearen jarduera berezia bada, hitzarmena urte anitzekoa izango da, gehienez ere 4 urtekoa, eta hasieran ezarritako aldi bererako berritu ahal izango da. Horretarako, beharrezkoa da zerbitzuaren ebaluazio positiboa egotea, dekretu honetan aurreikusitako azkentze-kasuren batean ez egotea, erakundeak sarbide-baldintzak betetzen direla bermatzen jarraitzea eta aurrekontu-kontsignazioa egotea.

  9. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 70. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Euskal administrazio publikoek lankidetzako esparru-akordioak ezarri ahal izango dituzte irabazi-asmorik gabeko erakundeekin, hainbat tresna gehitzeko. Horien artean, lankidetza-hitzarmenak egon daitezke, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluko katalogotik kanpoko zerbitzuak emateko edo interes orokorreko beste jarduera batzuk egiteko. Nolanahi ere, kontratu, hitzarmen edo itun bakoitza modu bereizian formalizatu beharko da, berezkoa duen prozedura espezifikoaren eta irizpideen arabera.

  10. Irabazi-asmorik gabeko erakundearen izaera galtzea dakarren forma edo nortasun juridikoa aldatuz gero, hitzarmena iraungi egingo da.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Aurretiazko baloraziorik gabeko pertsonei arreta emateko zerbitzuak ituntzea eta bazterketaren eremuan itundu beharreko plaza kopurua zehaztea.

    Bazterketaren eremuan, administrazio publikoek zentroak edo haiekin antolatutako beste zerbitzu batzuk itundu ahal izango dituzte, oraindik balorazioa behar duten pertsonei arreta emateko (urgentzia izan edo ez), baldin eta haiek esleitzen badiete zerbitzua. Era berean, eremu horren ezaugarriei erantzuteko, bete nahi dituzten plazak baino gehiago ituntzea eskatu ahal izango dute, eta, horien kopurua zehazterakoan, txandakatzeak eta asistentziaren gorabeherak sartuko dituzte.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Administrazio publikoek itun-araubidea garatzea.

    Administrazio bakoitzak ekintza itunduaren erregulazio espezifikoa gauzatu ahal izango du, dekretu honetan ezarritako esparru orokorrarekiko errespetuz, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraikiz.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman itun sozialaren araubidea eta hitzarmenak aplikatzea lankidetza publiko-sozialari, erantzukizun publikoko zerbitzuak hornitzeko, esku-hartze sozialaren eremu osoan.

    Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, itun-araubideak eta, hala badagokio, hitzarmenek hemen arautzen direnek Euskadiko hirugarren sektore sozialarekiko lankidetza formalizatzeko tresnak osatuko dituzte, esku-hartze sozialaren eremuan erantzukizun publikoko zerbitzuak emateko, lege horren 4. artikuluan definitzen den moduan, eta, beraz, dekretu honetan aurreikusitako kasuetan, salbuespenekin eta baldintzetan.

Zerbitzu bat edo batzuk emateko formalizatutako kontratu eta hitzarmenek indarrean jarraituko dute aurreikusitako aldi osoan, luzapenak eta berritzeak barne, salbu eta aldi hori amaitu baino lehen erakunde berak zerbitzu bera emateko itun-deialdi bat ebazten bada eta horrek aldez aurretik azkentzea badakar. Kasu horretan, alderdiek adostu ahal izango dute kontratu edo hitzarmen horiek indarrean mantentzea, 6 hilabetez gehienez, itun-eskaeraren aldeko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita, aurretik zeuden hitzarmen edo kontratuetatik itunetara igarotzea errazteko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.