Arautegia

Inprimatu

16/2023 DEKRETUA, urtarrilaren 31koa, 2023ko ekitaldian zorpetze-eragiketak burutzeko erabakia hartu eta eragiketak baimentzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 25
  • Hurrenkera-zk.: 601
  • Xedapen-zk.: 16
  • Xedapen-data: 2023/01/31
  • Argitaratze-data: 2023/02/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ogasun; Ekonomia

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa, edo, luzapenik izanez gero, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudian aurreikusitakoa izango da.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoa ezin izango da izan ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa baino 419.158.907 euro handiagoa.

Beraz, 2022. urtearen amaieran dauden zorpetze-eragiketak eta 2023. ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatuko den zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.197.107.927 eurokoa da. Edonola ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoak bermatu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko aurrekontu-egonkortasuneko helburua betetzen dela zor publikoari dagokionez, Ekonomia Itunaren 62.b artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.

Horri dagokionez, Lege horren 30. artikuluak xedatzen du zor publikoaren jaulkipena Gobernu Kontseiluak erabakiko duela dekretu bidez, zorpetze-arloan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu gehieneko zenbateko- eta denbora-mugak, eta eragiketaren beste ezaugarri batzuk ere zehazteko modua izango du. Zorpetze-gaietan eskumena duen saileko sailburuari dagokio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako agindu baten bidez, dekretuan adierazi gabeko jaulkipenaren ezaugarriak zehaztea, bere aurreikuspenen barruan.

Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaerak eragindakoa denez, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuari gaitasuna eman zitzaion zorpetze-eragiketak egiteko baliabide eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.

Horregatik, eta Dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartze aldera, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztuko da zer baliabide eta modalitate zehatz erabiliko diren zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko eta zer finantza-baldintza ezarriko diren.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko urtarrilaren 31ko gaia eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea, eta baimena ematea mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, barruan zein kanpoan, mila ehun eta laurogeita hamazazpi milioi ehun eta zazpi mila bederatziehun eta hogeita zazpi (1.197.107.927) euroko gehienera ere (hala dio Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen 10.1 artikuluak).

Onartuko eta baimenduko diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:

  1. gehieneko zenbatekoa guztira: 1.197.107.927 euro.

  2. Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

  3. Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

  4. Epea: 50 urte, gehienez.

  5. Jaulkipen-modalitatea. Eragiketak era hauetan egin daitezke:

    1. Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.

    2. Beste edozein motatako mailegu- edo kreditu-eragiketen bidez.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, Dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.

Aplikatzekoa den araudiarekin bat, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

Jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean ezarritakoaren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokio, agindu bidez, Dekretu honen arabera adostu eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak jartzea, bai eta horien finantza-baldintzak eta bertan adierazi gabeko eragiketen gainerako ezaugarriak zehaztea ere. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

  2. Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzako eta Finantza Politikako Zuzendaritzako titularrei baimena ematen zaie adosten eta baimentzen diren zorpetze-eragiketak egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sinatzeko.

Dekretu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urtarrilaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.