Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

152/2022 DEKRETU, abenduaren 13koa, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko, Valderejoko Parke Naturaleko, Kontserbazio Bereziko Eremuko eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako II. Plana onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 89
  • Hurrenkera-zk.: 2219
  • Xedapen-zk.: 152
  • Xedapen-data: 2022/12/13
  • Argitaratze-data: 2023/05/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da ingurumenaren eta ekologiaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta bere lurraldean betearaztea.

Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 3. artikuluak xedatzen duenez, EAEko administrazio publikoek zainduko dute natura-ondarea babesteko politikak, besteak beste, printzipio hauen arabera gauzatuko direla:

Natura-ondarearen kontserbazioa gailentzea lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren eta kultura-ondarearen gainetik.

Natura-ondareko naturagune babestuen kontserbazio-egoera mantentzea eta hobetzea.

Politika publiko sektorialetan, bereziki politika-, ekonomia- eta gizarte-arloko erabakiak hartzean, natura-ondarea babesteko, kontserbatzeko, kudeatzeko, modu jasangarrian erabiltzeko, hobetzeko eta lehengoratzeko betekizunak txertatzea.

Natura-ondareari eragin diezaioketen esku-hartzeetan zuhurtasun-printzipioa aplikatzea.

Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 21.1 artikuluak xedatzen duenez, natura-baliabideak antolatzeko planak espazio-eremu jakin bateko naturagune babestuak osatzen dituzten elementuak planifikatzeko berariazko tresna dira, eta lurraldearen gainerakoarekin duten harremana mugatu, tipifikatu, sarean integratu eta zehaztuko dute.

Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa, Arabako Lurralde Historikoaren mendebaldean dagoen eskualde menditsua, Parke Natural izendatu zuten urtarrilaren 14ko 4/1992 Dekretuaren bidez (4/1992 Dekretua, Valderejo Parke Natural izendatzekoa). Halaber, urtarrilaren 14ko 3/1992 Dekretuaren bidez, Valderejoko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana onartu zen.

Bestalde, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu zen martxoaren 15eko 47/2016 Dekretuaren bidez.

Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa Natura 2000 Sarean sartzeak Natura Ondarearen Naturagune Babestua kontserbatzeko irizpideak eta helburuak aldatzea dakar.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 18. artikuluaren arabera une horretan indarrean zegoen araudia, natura-ondareko naturagune babestuen hainbat kategoria toki berean gainjartzen direnean, babesaren koherentzia eta kategoria bakoitzari aplika dakizkiokeen araubideen arteko koordinazioa bermatzeko, eremu bakoitza arautzen duten arau espezifikoak eta plangintza-tresnak dokumentu integratu bakar batean bateratu beharko dira. Era berean, lurralde beraren gainean gainjartzen diren kategorien artean eremu horretarako Natura Baliabideen Antolamendurako Plan espezifikoa duen kategoriaren bat dagoenean, plangintza-tresna Natura Baliabideen Antolamendurako Planean txertatu beharko da. Aurreikuspen hori mantendu egiten da gaur egun indarrean dagoen Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 38. artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Baliabideak Antolatzeko Plan berri bat lantzeari ekin zitzaion, eta kontutan hartu zen, halaber, lehen plana indarrean jarri zenetik igarotako denbora.

Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Baliabideak Antolatzeko Plan berria Natura Baliabideak Antolatzeko Planak egiteko eta onartzeko prozeduraren arabera izapidetu da, zeina arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan. Hala, 2017ko maiatzean, Planaren aurretiazko dokumentuarekin entzunaldi-izapidea egin zen interesdun, inguruko interes sozialen titular, udal, toki-erakunde txiki eta hainbat elkarterekin. Era berean, hasieran onetsitako dokumentua jendaurrean jarri zen hirurogei egunez.

Halaber, Naturzaintza Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenak eskatu dira, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoak eskatzen dituen gainerako txostenak ere bildu dira.

Baliabide Naturalak Antolatzeko II. Plana egiteko, landa-lanetik, Organo Kudeatzailearen urteko memorietatik eta Baliabide Naturalak Antolatzeko I Planeko arau-xedapenetatik ateratako datuak erabili dira, bai eta gunea Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatzeko arauditik eta kontserbazio-neurrietatik ateratako datuak ere.

Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, lege hau indarrean sartzean hasierako onarpena jaso duten plan eta programek Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginean ezarritako prozedura bete beharko dute (apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

Hala eta guztiz ere, Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planak Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 47.2 artikuluan adierazitako helburuak lortzen laguntzen du. Hala, aipatutako helburuak betetzeko, natura-ondareko naturagune babestu batzuetarako diseinatutako egitura eta eduki komunak ezarri dira. Espazio horiek natura-parkea dira, eta Natura 2000 Sarean sartuta daude. Horrela, dokumentuen koherentzia hobetuko da: bereziki, espazioen zonifikazioari, erregulazioen ezarpenari eta Administrazioak esku hartzeko araubideari dagokienez (Natura Ondareko Naturagune Babestuen artean antzekoak eta alderagarriak izango dira) eta plangintzaren eta kudeaketaren arteko oreka hobetzeari dagokionez.

Testu arauemailea Europako direktibetara egokitzearen ondorioz, Natura 2000 Sarearen eskakizun hau gehitu da: jarraipen-sistemak ezartzea eta Europar Batasunaren intereseko espezie eta habitaten kontserbazio-egoerari buruzko ebaluazioak eta txostenak egitea aldizka, Europar Batasunean ezarritako metodologia eta parametro zehatzen arabera.

Azkenik, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legearen 24.4 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek, natura-ondareko gune babestuak eta Natura 2000 Sareko guneak kudeatzeko plan edo tresnen eguneratze eta berrikuspenean, eremu horiek klima-aldaketara egokitzeari buruzko atal bat sartuko dute, gutxienez, bereziki kalteberak diren espezie eta habitaten zerrenda, helburuak, ekintzak eta aurrerapen- eta betetze-adierazleak jasotzen dituen diagnostiko batekin, bai eta beste gune babestu batzuekiko konektibitate-plan bat ere. Natura Ondareko Naturagune Babestuaren eremuari dagokionez, Parke Naturalaren mugak aldatu dira, Kontserbazio Bereziko Eremuarekin eta Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziarekin bat etor daitezen.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau:

  1. Dekretu honen xedea da Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko (Arabako Lurralde Historikoa) Natura Ondareko Naturagune Babestuaren Natura Baliabideen Antolamendurako II. Plana onartzea, Valderejoko Parke Naturalari, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuari (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuari (HBBE) dagokiena.

    Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Ondareko Naturagune Babestuaren Natura Baliabideen Antolamendurako II. Plana dekretu honen eranskinek osatzen dute: I. eranskina Kartografia, II. eranskina Memoria eta III. eranskina Arau-zatia.

  2. Dekretu honen helburua da Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko eremua babesteko, kontserbatzeko, hobetzeko eta zentzuz erabiltzeko neurriak ezartzea, eremu hori Valderejoko Parke Naturala, eta Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE) den aldetik.

Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Ondarearen Naturagune Babestuak I. eranskinean (kartografia) mugatutako eremu geografikoa hartzen du. 6.815,71 ha-ko azalera hartzen du Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroak, eta Arabako Lurralde Historikoko Gaubea eta Lantarón udal-mugarteetan dago eremu hori.

Natura Ondarearen Naturagune Babestuaren balioak babesten laguntzeko eta kanpotik etor daitezkeen inpaktu ekologikoak eta paisaia-inpaktuak saihesteko, babes-eremu periferiko bat ezarri da. Dekretu honen I. eranskinean (kartografia) dago grafiatuta babes-eremu periferikoa.

Arabako Lurralde Historikoko Gaubea eta Lantarón udal-mugarteek osatzen dute Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Ondarearen Naturagune Babestuaren eta haren babes-eremu periferikoaren eragin sozioekonomikoko eremua.

  1. Dekretu honen I., II. eta III. eranskin gisa argitaratzen dira kartografia, memoria eta arau-zatia, zeinak osatzen baitituzte bai Valderejoko Parke Naturalerako zehaztapenak, bai Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) kontserbazio-helburuak eta -neurriak, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Arau-izaera dute I. eranskineko (kartografia) Natura Ondarearen Naturgune Babestuaren mugaketaren kartografiak, zonakatzeak eta babes-eremu periferikoak, bai eta III. eranskineko (araudia) arau-xedapenek ere.

  3. Izaera informatiboa dute I. eranskineko (Kartografia) EUNIS (European Nature Information System) eta Europar Batasunaren intereseko habitaten kartografiek eta II. eranskineko (Memoria) kartografiek. Memoria horrek Natura Ondarearen Naturagune Babestuaren egungo egoeraren diagnostikoaren sintesia islatzen du.

    Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Ondarearen Naturagune Babestuari dagokion fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-ondarea kontserbatzeko eskumena duen sailaren webgunean eguneratuko da.

  1. Dekretu honen arau-xedapenak nahitaezkoak eta betearazleak izango dira Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legean araututa dauden gaietan. Dekretu honen xedapenek muga bat ezartzen dute lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnetarako, bai eta antolamendu fisikoko edo natura-baliabideetako tresnetarako ere, eta aipatutako tresnen zehaztapenek ezin izango dituzte aldatu dekretu honen xedapen arautzaileak.

  2. Dagoeneko indarrean dauden eta Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Baliabide Naturalak Antolatzeko II. Planarekin kontraesanean dauden lurraldearen, hirigintzaren, natura-baliabideen edo baliabide fisikoen antolamenduko tresnek Dekretu honen zehaztapenetara egokitzeko izapide egokia hasi beharko dute, Dekretua behin betiko onartzen denetik gehienez urtebeteko epean.

    Egokitzapen hori egiten ez den bitartean, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Baliabideen Antolamendurako II. Planaren zehaztapenak aplikatuko dira, betiere, aurreko paragrafoan aipatutako tresnen gainetik.

    Era berean, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planaren zehaztapenak erabakigarriak izango dira beste edozein jarduera, plan edo programa sektorialetan. Plan edo programa sektorialek Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Baliabide Naturalak Antolatzeko II. Planaren edukiaren aurka egin dezakete edo ez, interes publikoko premiazko arrazoiak direla medio; kasu horretan, erabakia arrazoitu eta publiko egin behar da. Erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hartuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren informazio telematikorako tresnan argitaratu beharko da.

Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroko Natura Ondareko Naturagune Babestuaren Natura Baliabideak Antolatzeko II. Plana indarrean egongo da hura onartzeko jarraitutako prozeduraren bidez berrikusi, aldatu edo eguneratzen ez den bitartean, haren idazketan nagusitu diren irizpideak eta helburuak aldatzen direnean edo antolatu beharreko lurralde-eremuen baldintza ekologiko, sozial edo naturalen aldaketak beharrezko egiten duenean, bai eta jarraipenaren eta ebaluazioaren emaitzek hala gomendatzen dutenean ere.

Xedapen hauek indargabetuta geratzen dira:

  1. 3/1992 Dekretua, urtarrilaren 14koa, Valderejo aldeko Natur Baliabideak Antolatzeko Plana onartzen duena.

  2. Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa (ES2110024) Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua izendatzen duen eta eremu horretako kontserbazio-neurriak hartzen dituen martxoaren 15eko 47/2016 Dekretuaren honako xedapenak: 1. artikuluko 5. paragrafoa, azken xedapenetatik lehena eta II. eranskineko (Valderejo-Sobrón-Árcena mendilerroa (ES2110024) KBE/HBBEA kontserbatzeko informazio ekologikoa, helburuak eta arauak zein jarraipen-programa jasotzeko dokumentua) 6. apartatua (6. kontserbatzeko xedeak eta arauak) eta 7. apartatua (7. jarraipen programa).

  3. Valderejo Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia onartzen duen eta Natura 2000 sareko Valderejo-Sobrón-Árcena Mendilerroa (ES2110024) KEBA/HBBE natura gunearen kudeaketa gidalerro eta neurrien agiria eta Valderejoko Natura Parkearen Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko III. Planaren Dokumentua osorik argitaratzea agintzen duen maiatzaren 15eko 72/2018 Dekretuko eranskinaren erabilera publikoaren kudeaketari buruzko III.2.5 ataleko A.1.j.6 epigrafea, aireko nabigazioari buruzkoa.

  4. Dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Arauzko kartografia (EHAA bisorerako estekak):

Mugaketa

Zonifikazioa

Babes Eremu Periferikoa

https://www.geo.euskadi.eus/geobisorea/?webmap=174cb8de3bad4131d92e489411e5b99

Informazio-kartografia (GeoEuskadi bisorerako estekak): Habitaten kartografia, EUNIS sailkapen-sisteman

Batasunaren Intereseko Habitaten kartografia

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)