Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

147/2018 DEKRETUA, urriaren 16koa, Jokoaren Euskal Behatokia sortu eta arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 204
  • Hurrenkera-zk.: 5179
  • Xedapen-zk.: 147
  • Xedapen-data: 2018/10/16
  • Argitaratze-data: 2018/10/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.35 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kasinoei, jokoei eta apustuei dagokienez, kirol eta ongintzako elkarrekiko apustuen kasuan izan ezik. Hori dela bide eman zen 4/1991 Legea, azaroaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzen duena, bai eta hori garatzen duen erregelamendua ere, zeina dekretu honen bidez onartu baitzen: 120/2016 Dekretua, uztailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duena.

Jokoa arautzen duen legeak jasotzen duenez, Jokoaren Euskal Kontseilua izango da arlo horretako azterlan-, koordinazio- eta kontsulta-organoa, eta, haren egitekoen artean, honako hau dago: Euskadin jokoa arautzen duen organoak euskal esparruko jokoaren garapenari buruz egingo duen urteko memoria onartzea. Bestalde, jokoaren erregelamendu orokorrean jasota dagoenez, Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkularia parte hartze organo bat da, eta organo horren ardura izango da joko-sektorearen iradokizunak eta proposamenak bideratzea eta joko-sektorearen egoera zein den aztertzea, Jokoaren Euskal Kontseiluari horren berri emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen agintaritzak dituen eskudantzien artean, hauek daude: jokoari buruzko politika publikoak egitea; joko arduratsu eta bermedun baten aldeko sentsibilizazioa sustatzea, eta jokoak gizartean duen eragina aztertzea, batik bat herritarren jokabideetan, adingabeengan eta menpekotasun-jarrerak kontrolatzeko garaian; horrez gain, baita jokoen antolaketa baimendu eta kontrolatzea ere.

Jokoaren arloko politika publikoak definitzeko eta ebaluatzeko, horien xede den errealitatea ezagutu behar da, etengabe, modu sistematiko eta berritu batean. Horrela, kontuan izan behar dira jokoaren eskaintza eta gizartearen eskaria, bai eta horrekin lotuta dauden joera prospektiboak ere, Euskal Autonomia Erkidegoan zein beste eremu geografiko batzuetan.

Horretarako, arlo hauei buruzko datuak eta informazioak biltzeko sistematika bat izan behar da: Euskadiko eta nazioarteko jokoaren sektore ekonomikoa, hori osatzen duten enpresak, joko-motak, enpresen bolumen ekonomikoari buruzko aldagai ekonomikoak, horien osaera, salmenta-bolumena, inbertsioak eta abar bai globalak bai azpisektoreen araberakoak. Gauza bera honako hauei dagokienez: jokoen ezaugarriak eta horien antolaketa; prezioak partidako; sarrera fiskalak eta biztanleko gastua modu globalean eta azpisektoreen eta lurraldeen arabera. Baita hauei buruz ere: jokalarien profilaren ezagutza (sexua, adina, ikasketa-maila, maiztasuna, gastua, jokoaren pertzepzioa eta arauketaren benetako eta antzemandako babes-mailarena, gogobetetasun-maila, kexak eta erreklamazioak neurtzea...), herritarrek jokoari buruz oro har duten pertzepzioa, publizitatearen pertzepzioa edo joko patologikoaren prebalentzia neurtzea, eta abar.

Xede horretarako, beharrezkotzat jotzen da Behatoki bat sortzea. Behatoki horrek, besteak beste, jarduera hauek egingo ditu: datuak kodifikatzeko, sailkatzeko eta kategorizatzeko lan-metodologia bat sistematizatzea; dauden joko-politikak ebaluatzeko datuak aztertzea; eta sektorearen etorkizuneko joerak modu prospektiboan ikertzea. Hori guztia, helburu hauekin: batetik, jokoa arautzeko agintaritzak zein parte hartzerako eta kontsultarako beste organo batzuek jardun eta erabaki ahal izatea, kontrasta daitezkeen datu objektiboak oinarri hartuta; eta, bestetik, datu horien arabera, jokoaren arloko politika publikoak egokitzea errealitateak eskatzen duen hartara.

Behatoki hau sortzeko dinamika zeharkakotasunari lotuta dago. Horrela, sinergiak bilatu nahi dira arlo partekatu edo osagarrietan adituak dituzten zerbitzu eta sailen artean, jokoaren ikuspegi holistiko bat finkatzeko orduan, modu itunduan eta gizarteari begira, Administrazioari berari baino gehiago. Hori guztia sarean eta interes komuneko jarduera duten beste behatoki batzuekin koordinatuta hori gertatzen da, adibidez, adikzioen behatokiarekin; horrela, esperientziak partekatu ahalko dira, emaitzak konparatu eta gehitu daitezke, eta abar.

Horri jarraikiz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 16an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da Jokoaren Euskal Behatokia sortzea eta horren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko jokoaren errealitatea ikertzeko, aztertzeko eta horri buruzko informazioa izateko zerbitzu zentralizatu gisa.

  1. Jokoaren Euskal Behatokia kide anitzeko organoa da, zeinaren helburua baita Euskadiko jokoaren azterketa eta analisi iraunkorra egitea, Euskadiko Jokoa Arautzeko Agintaritzari jokoaren ikuspegi orokorra emateko, agintaritza horrek bere politika publikoak ezar ditzan.

  2. Jokoaren Euskal Behatokia Eusko Jaurlaritzan jokoaren arloan eskumena duen sailari atxikitzen zaio, arlo horretan eskumena duen zuzendaritzaren bidez.

Jokoaren Euskal Behatokiak egiteko hauek ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren sektoreak duen egoera orokorra zein den ezagutzea, aztertzea eta horri buruzko informazioa zabaltzea.

  2. Aldizka inkestak eta azterlan ekonomiko eta sozialak egitea honako hauen berri izateko: jokoaren sektorearen egoera eta jokoaren arloko politika publikoen aplikazioa; enpresa-sektorearen osaera; jokalarien profila eta horien pertzepzio subjektiboa; jokoaren pertzepzio soziala eta horri buruzko politika publikoak, eta abar.

  3. Ezagutza eta informazio-trukea sustatzea jokoaren sektorearekin lotutako beste erakunde batzuekin, estatuan zein nazioartean.

  4. Jokoarekin eta jokoak gizartean duen pertzepzioarekin lotuta agertzen hasi diren fenomeno edo alderdiak antzematea.

  5. Aztertzea jokoaren arloko politika publikoek zer nolako eragina duten enpresa-sektorean, jokalariengan eta, oro har, gizartean.

  6. Jokoaren arloko politika publikoen konparazio-koadroak ezartzea, Euskadiko, inguruko beste lurralde-esparru batzuetako edota Europar Batasuneko herrialdeetako politikak konparatzeko.

  7. Jokoarekin lotutako ikerketa-, azterlan- eta prestakuntza-lerroak bultzatzea.

  8. Adikzioen Euskal Behatokiarekin lankidetzan aritzea azterlana eta ikerketa sustatzeko, jokoarekiko adikzioen eragina, prebalentzia eta arazoak zeintzuk diren jakiteko osasunari eragiten dioten ezaugarri sozialen esparruan eta osasunaren arloan izan ohi diren ezberdintasunen baitan, eta, bereziki, emakumeek jokoarekiko izan ditzaketen adikzioen eragina aztertzeko ikerketa-lerroak sustatzea.

  9. Gazteriaren Behatokiarekin lankidetzan aritzea azterlana eta ikerketa sustatzeko, jokoak gazteengan zer eragin duen jakiteko.

  10. Azterlan eta ikerketa prospektiboak egitea gizarte-errealitate horrek izan dezakeen bilakaerari buruz.

  11. Aldizka, adikzioen esparruan dagoen dokumentazioa eguneratzea, uneko ebidentzia zientifikoak aintzat hartuta. Edozein erakunde publiko zein pribatuk, profesionalek eta interesa duten guztiek dokumentu horiek aztertzeko aukera izango dutela bermatuko du.

  12. Jokoaren arloko politika publiko eta pribatuen esparruan, jardunbide egokiak eta ekimen gomendagarriak antzeman, bildu eta zabaltzea.

  1. Jokoaren Euskal Behatokia honela osatuta dago:

    1. Lehendakaria: Jokoaren arloan eskuduna den saileko zuzendaritzako titularra, Jokoa Arautzeko Agintaritza den aldetik.

    2. Bokalak:

      Jokoaren arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikitako pertsona bat Eusko Jaurlaritzako dagokion sailekoa, jokoaren arloko politika publikoetan aditua.

      Adikzioen arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikitako pertsona bat Eusko Jaurlaritzako dagokion sailekoa, adikzioen arloan aditua.

      Gazteriaren arloko eskumena duen sailari atxikitako pertsona bat, gazteek jokoarekiko duten jarreran aditua.

      Jokoaren arloko eskumena duen saileko estatistika-organoari atxikitako pertsona bat, estatistikan eta azterketa soziologikoan aditua.

      Segurtasunaren arloko eskumena duen saileko aholkularitza juridikoari atxikitako pertsona bat, araugintza-ebaluazioan aditua.

      Ekonomiaren eta ogasunaren arloko eskumena duen sailari atxikitako pertsona bat, merkatu ekonomikoaren azterketan aditua.

    3. Idazkaria: Behatokiko idazkaritzaren arduraduna jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren arloan eskuduna den saileko funtzionario bat izango da.

  2. Behatokian ordezkatuta dagoen organo bakoitzak ordezko bat izendatu beharko du izendaturiko kide titular bakoitzeko, titularraren absentzia, gaixotasun edo lanpostu hutsen kasuetan hura ordezkatzeko.

  3. Behatokiko kideek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute euren egitekoak burutzerakoan.

  4. Behatokiak, dagozkion egitekoak burutzeko, arlo horri buruz duten informazioa eskatuko die parte diren eragileei.

Jokoaren Euskal Behatokiaren lehendakariak izendatuko eta kargutik kenduko ditu Behatokiko bokalak, Eusko Jaurlaritzako sailetako titularrek proposatuta.

Bokalak izendatzerakoan, gizonen eta emakumeen arteko oreka zainduko da.

  1. Behatokiko lehendakariaren egitekoak hauek izango dira:

    1. Behatokiaren ordezkaria izatea.

    2. Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdiak erabakitzea eta gai-zerrendak zehaztea; horretarako, gainerako kideen eskaerak kontuan hartuko ditu, betiere behar besteko aurrerapenaz aurkeztu badira.

    3. Bileretan buru izatea, eztabaidak bideratzea, eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu.

    4. Legeak betetzen direla ziurtatzea.

    5. Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

    6. Lehendakaritzari atxikiak dauden bestelako egitekoak betetzea.

  2. Behatokiko bokalen egitekoak hauek izango dira:

    1. Gutxienez zazpi egun lehenago jasotzea bilkuretarako deia, gai-zerrenda eta guzti. Epe berean izango dute eskuragarri aztergaiei buruzko informazioa.

    2. Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

    3. Botoa emateko eskubideaz baliatzea, boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea. Administrazio publikoetako agintari edo langile diren aldetik Behatokiko berezko kide direnak ezingo dira abstenitu bozketetan, betetzen duten kargua dela-eta.

    4. Galderak eta eskaerak egitea.

    5. Esleitutako egitekoak betetzeko behar beste informazio eskuratzea.

    6. Bokalei berez dagokien beste edozein egiteko.

  3. Idazkariaren egitekoak hauek izango dira:

    1. Bilkuretara joatea: hitz egiteko eskubidea izango du, baina botorik ez.

    2. Lehendakariaren aginduz organoaren bilkuretarako deialdia egitea, bai eta Behatokiko kideentzako zitazioak ere.

    3. Kideek egindako komunikazioak jasotzea, direla jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo jakin beharreko bestelako idazkiak.

    4. Gaiak bideratuak izan ahal izateko prestatzea, bilkuretako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

    5. Behatokiaren jarduerak formalki zein materialki legezkoak direla zaintzea, eta erabakiak hartzeko eta eratzeko prozedurak eta arauak betetzen direla bermatzea.

    6. Emandako aholku, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

    7. Idazkariak berezko dituen beste egiteko guztiak.

Behatokiaren funtzionamendua arautuko dute Behatokiaren beraren arauek eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoak.

Jokoaren Euskal Behatokiak genero-ikuspegia zainduko du bere jardun guztietan, ekitatearen ikuspegitik gizonen eta emakumeen arteko desabantailak edo desberdintasunak ezabatzeko.

  1. Modu presentzialean zein urrutitik eratu ahalko da Behatokia; eta modu presentzialean zein urrutitik deialdiak eta bilkurak egin ahalko ditu, bai eta erabakiak hartu eta aktak bidali ere.

    Deialdiak, gai-zerrendak, aktak eta gainerako idatziak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egingo dira.

  2. Behatokia, ohiko izaeraz, hiru hilean behin batzartuko da, eta, horrez gain, lehendakariak deialdia eginda, ezohiko batzarrak egingo ditu, lehendakariak berak erabakita edo gutxienez kideen heren batek hala eskatuta.

  3. Urrutitik egindako bilkuretan, kontseiluko kideak toki desberdinetan egon ahal izango dira, betiere, bide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak) hauek bermatzen badira: kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea, kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean baliabideak izatea. Besteak beste, baliozko baliabide elektronikoak izango dira posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

  4. Idazkaria eta kide anitzeko organoko kide guztiak, edo haien ordezkoak, bilduta badaude, modu presentzialean zein urrutitik, balio osoz eratuta geratuko da kide anitzeko organoa, bilkurak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurretik deialdirik egin beharrik izan gabe, kide guztiek hala erabakitzen badute.

  5. Bilkura bakoitzeko gai-zerrenda dagokion dokumentuan jasoko da, zeina kideei bidaliko baitzaie, deialdiaren idazkiarekin batera eta, hala badagokio, aztergaien arabera egoki iritzitako dokumentazioarekin batera.

  6. Bokalek bilkura izan baino gutxienez zazpi egun lehenago jasoko dute hartarako deialdia, salbu eta lehendakariaren iritziz bilera urgentziaz egin behar bada. Kasu horretan, gorabehera horren berri adierazi beharko da deialdian bertan, eta lehenengo eta bigarren deialdirako eguna, ordua eta tokia zehaztu beharko dira.

    Horrela egin ezin denean salbu, deialdiak Behatokiko kideei bidaliko zaizkie bide elektronikoen bidez, eta mezu horietan gai-zerrenda ere bidaliko da, eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioarekin batera; eta, ahal denean, bilkura zein baldintzatan egingo den jakinaraziko da, baita konexio-sistema ere eta, halakorik balitz, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren bide teknikoak zein tokitan dauden ere jakinaraziko da.

  7. Lehenengo deialdian, kide anitzeko organoa eratzeko quoruma kideen gehiengo osoa bertaratzeak ezartzen du, bertan lehendakaria eta idazkaria direla, edo haien ordezkoak.

  8. Bigarren deialdian, berriz, kide anitzeko organoko kideen heren bat bertaratzea nahikoa da quoruma lortzeko, betiere horien artean badaude lehendakaria eta idazkaria, edo haien ordezkoak.

  9. Ezingo da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta kide anitzeko organoko kide guztiak bertan badaude eta gaia presakotzat jotzen bada gehiengoaren aldeko botoaz.

  10. Bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa behar du kide anitzeko organoak bere erabakiak onartzeko. Bilkura urrutitik egiten bada, erabakiok segurtasun publikoaren gainean eskumena duen sailak egoitza duen lekuan hartu direla ulertuko da.

    Kide anitzeko organoko kideek aurkako botoa ematen edo abstentzioa egiten badute, ez dute beren gain hartuko erabakietatik erator daitekeen erantzukizunik.

  1. Behatokiak eginiko bilkura guztien akta egingo du idazkariak, eta, han, honako hauek jaso behar ditu: bertaratutakoak, gai-zerrenda, bilera non egin den eta zenbat iraun duen, eztabaidetako argudio nagusiak eta hartutako erabakien edukiak.

  2. Behatokiak eginiko bilkura guztiak grabatu ahal izango dira. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren benekotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilkura-aktarekin batera jarri ahal izango dira, eztabaiden puntu nagusiak aktan jasotzeko beharrik izan gabe.

  3. Bilkura bakoitzaren akta bilkuran bertan onar daiteke, edo hurrengo bilkuran. Idazkariak, lehendakariaren oniritziz, akta egingo du, eta kide anitzeko organoko kideei bidaliko die bide elektronikoen bidez. Kide horiek bide horiexen bidez testuarekiko adostasuna edo desadostasuna adierazi ahal izango dute, testuaren onespena bideratzeko; adostasuna adieraziz gero, bilkuran bertan onartutzat joko da.

  4. Izandako bilkurak grabatzea hautatu bada edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, gorde egin beharko dira fitxategi horien osotasuna eta benekotasuna bermatzeko eran, baita kide anitzeko organoko kideek horietarako sarbidea izateko eran ere.

  5. Interes legitimo baten titulartasuna egiaztatzen dutenek idazkariarengana jo dezakete, erabakien ziurtagiria eskuratzeko. Ziurtagiria bide elektronikoen bidez igorriko da, salbu eta interesdunak kontrakoa adierazten badu eta administrazioekiko harremanak bitarteko horien bidez bideratzeko betebeharrik ez badu.

  1. Behatokiak lantaldeak eratu ahal izango ditu, landu behar diren gai zehatzak prestatzeko.

  2. Lantaldeen egiteko nagusia izango da txostenaren zirriborroa prestatzea dagokien jarduera-esparruan; ondoren, zirriborro hori Behatokiari igorriko diote, horrek aztertu eta behin betiko erabakia har dezan.

  3. Behatokiak izendatuko ditu lantaldeetako kideak, eta arlo horretako talde teknikoak edo adituak ere gehitu ahal izango dira.

  4. Batzar presentzialak alde batera utzi gabe, lantaldeen funtzionamendua eta dokumentazio- eta informazio-trukea bitarteko telematikoak erabilita egingo da.

Behatokiaren lehendakariak batzarretara gonbidatu ahal izango ditu bestelako erakundeetako, sailetako, erakunde publiko edo pribatuetako edota sektoreko erakunde edo elkarteetako ordezkariak, baldin eta, lantzen ari diren gaia dela-eta, horien presentzia eta iritzia egokitzat jotzen badira. Beharrezkoa balitz, genero-arloan adituak diren pertsonak gonbidatuko dira.

  1. Jokoaren Euskal Behatokiak Jokoaren Euskal Kontseiluari eta Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariari jakinaraziko dizkie egiten dituen seihileko eta urteko txostenak, bai eta bestelako txostenak eta liburu zuriak ere.

  2. Jokoaren Euskal Behatokia izaera osagarria duten beste behatoki batzuekin koordinatuko da, jarduerek ahalik eta koherentzia globalik handiena izan dezaten. Horretarako, hauek bilatuko dira:

    1. Lanabesak eta tresnak era partekatuan erabiltzea: datu-biltegiak, inkestak, dokumentazio-funtsak, informatika-aplikazioak edo bestelakoak.

    2. Behatoki bakoitzak eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuak homogeneizatzea.

    3. Ikerketak eta bestelako jarduerak elkarrekin planifikatzea.

Jokoaren Euskal Behatokiak zerbitzu eta produktu hauek eskainiko ditu:

  1. Online kontsultagai dauden datu-baseak:

    Datu biltegiak, Euskal Estatistika Erakundeak eta jokoaren arloan eskumena duen saileko estatistika-organo espezifikoak emandako estatistiketatik ateratakoak, eta baita bestelako erakunde publiko eta pribatuek emandako datuetatik ateratakoak ere.

    Literatura espezializatuko, legediko eta prentsan argitaratutako albisteetako dokumentuen datu-baseak.

  2. Aldizkako argitalpenak:

    Berrikuntza editorialak zabaltzeko buletin dokumental bat.

    Albisteen buletin elektroniko bat, Jokoaren Euskal Behatokiak burututako jarduerak zabaltzeko.

  3. Txostenak eta ikerketak:

    Euskadiko jokoaren sektoreari buruzko urteko memoria-txostena.

    Behatokiak eginiko jardueren urteko txostena.

    Liburu zuriak, jokoaren arloko politika publikoak egin eta ezartzearekin lotutako gomendioak eta jardunbide egokiak zabaltzea ahalbidetzeko.

Jokoaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak prestatuko ditu beharrezkoak diren bitartekoak eta laguntza administratiboa, Jokoaren Euskal Behatokiak behar bezala funtziona dezan.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.