Arautegia

Inprimatu

132/2022 DEKRETUA, azaroaren 2koa, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretua aldatzen duena. 1/2018 Dekretuaren bidez, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen da hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 217
  • Hurrenkera-zk.: 4886
  • Xedapen-zk.: 132
  • Xedapen-data: 2022/11/02
  • Argitaratze-data: 2022/11/14

Testu legala

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen du oinarrizko zein arau aplikatu behar diren ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan ikasleak onartzeko. Hezkuntza-administrazioen egitekoa da ikasleak onartzeko prozedura eta irizpideak arautzea, betiere errespetatuta aipatutako lege organikoan ezarritako lehentasun-irizpideak.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, 13. artikuluan, ikastetxeetara sarbidea izateko eskubidea bermatzen du, aurrez ezarritako plangintzaren baitan. Legeak adierazten du, halaber, arau bidez ezarriko dela ikasleak onartzeko bidea ikastetxeetan plaza nahikorik ez dagoenean, inongo diskriminaziorik egin gabe, ez araudian, ez eta ikasleak onartzeko jardunbidean ere.

Bi legeetan ezarritakoa betez, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen du hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, zeinak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen baitu, hainbat aldaketa egin ditu ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan ikasleak onartzeko irizpideei eta lehentasunari dagokienez (84. artikuluko 2. eta 7. apartatuak), bai eta onarpen-arauak aplikatzeari dagokionez ere (86. artikuluko 1. eta 2. apartatuak).

Era berean, lege organiko horrek beharrezkoak diren neurriak hartu behar direla ezartzen du, gizarte- eta hezkuntza-egoera ahulean dauden ikasleekin prebentzioz jokatzeko, ikasle horien eskola-arrakasta bultzatze aldera, betiere partaidetza- eta inklusio-printzipioei jarraikiz, eta ziurtatuz ikasle horiek ez direla diskriminatuko eta segregatuko eta hezkuntza-sisteman sartzeko eta irauteko berdintasun eraginkorra bermatuko dela (71., 86. eta 87. artikuluak).

Bestalde, urtarrilaren 9ko 1/2008 Dekretua aplikatzean lortutako esperientzia ikusita, beharrezkoak diren zenbait aldaketa egingo dira esparru hauetan: eskolatze-bermea (2. artikulua, 6. apartatua), onarpen-prozesuaren aplikazio-eremua (6.2 artikulua), onarpen-bermeen batzordeen osaera (15. artikuluaren azken paragrafoa), berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak eskolatzeko plazak erreserbatzea (20. artikulua) eta familia-unitateko kidetzat hartzea (25.3 artikulua).

Azkenik, ahalbidetu egingo da muturreko prematuritatea edo prematuritate handia duten ikasleek, betiere Haur Hezkuntzako mailaren batean lehen aldiz sartzen direnek, adinagatik dagokiena baino beheragoko maila batean onartzeko eskaera egitea, gizartean eta hezkuntzan integra daitezen bultzatzeko; izan ere, prematuritateak eragina izan dezake haien heldutasun- eta ikaskuntza-prozesuan, dokumentu kliniko askotan deskribatzen den bezala. Arazo horiek eskola-bilakaeran areagotzen dira, batez ere haurra aurreikusita zegoen urtearen aurrekoan jaiotzen denean; kasu horretan, bidezkoa izango litzateke onarpena, zuzendutako adinari erreparatuz.

Hori dela eta, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren testua aldatu beharra dago, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko.

Dekretu hau izapidetzerakoan, eraginpeko sektoreak ordezkatzen dituzten antolakundeei entzun zaie, eta Euskadiko Eskola Kontseiluak emandako irizpena aztertu da.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuaren proposamenari jarraikiz, EAEko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, martxoaren 3ko 1/2022 Legeak arautzen dituen izapideak eginda (1/2022 Legea, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko 4/2005 Legearen bigarren aldaketa egitekoa) eta Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 2an egindako bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Bat. Paragrafo hau sartzen da 1. artikuluaren amaieran:

Dekretu honen ondorioetarako, ulertuko da "irakaskuntza" eta "irakaskuntzak" terminoek aurreko paragrafoan zerrendatutako bakoitzari egiten diotela erreferentzia.

Bi. Aldatu egiten da 2. artikuluaren 5. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

Ikastetxe batean onartua izateko, beharrezkoa izango da adinari buruzko eskakizunak betetzea, eta, hala badagokio, eskatutako etapa eta mailari dagozkien eskakizun akademikoak, indarrean den ordenamendu juridikoan eskatzen direnak. Hala ere, urte naturaleko azken lauhilekoan jaio diren eta muturreko prematuritateko edo prematuritate handiko baldintzak dituzten haurren kasuan, eskakizun hori malgutu egin daiteke, adinagatik dagokiena baino beheragoko maila batean sar daitezen, soilik Haur Hezkuntzako edozein mailatan lehen aldiz sartzen direnean. Horretarako, gurasoek edo tutoreek nahitaezko txosten medikoa aurkeztu beharko dute. Txosten hori kontuan hartuta, lurralde-ordezkariak, Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena ikusita, prozedura kasura egokitzen ote den eta haurraren eta familiaren eskubideak errespetatu ote diren baloratu beharko du, eta matrikulazioa baimenduko edo ukatuko du, onarpen-aginduetan adierazitakoa betez.

Hiru. Ezabatu egiten da 2. artikuluaren 6. apartatua.

Lau. Ezabatu egiten da 6. artikuluaren 2. apartatua, bai eta 1. apartatuaren zenbaketa ere, zeina zenbakitu gabe geratzen baita.

Bost. Erantsi egiten da 6 bis artikulua, eduki honekin:

6 bis artikulua. Ikastetxean jarraitzeko bermea.

  1. Familiak hala nahi izan duelako edo ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko araudian aurreikusitako kasuren bat aplikatu delako ikastetxez aldatzen denean izan ezik, dekretu honen xede diren ikastetxeak derrigortuta daude ikasle guztiak eskolatuta edukitzera derrigorrezko hezkuntza amaitu arte, betiere ikastetxeak dagokion irakaskuntza, maila eta hizkuntza-eredua ematen baditu eta ikasgela bakoitzeko gutxieneko eta gehieneko ikasle-kopuruaren mugak betetzen baditu.

    Itunpeko ikastetxeen kasuan, derrigorrezko irakaskuntzei buruzko bermeak aurrez itunduta zeuden irakaskuntzak baino ez ditu hartuko.

  2. Hezkuntza-administrazioak ezarritako onarpen-prozeduraren arabera onartu diren ikastetxeko ikasleek derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetan eskolatzeko bermea izango dute, baldin eta ikastetxeak irakaskuntza horiek ematen baditu, alde batera utzita, betiere, Batxilergoko Arteen modalitatea, hizkuntzen irakaskuntzak, arte-irakaskuntzak eta kirol-irakaskuntzak.

    Itunpeko ikastetxeen kasuan, derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetan eskolatzeko bermeak aurrez itundutako irakaskuntza-unitateen gehikuntza baino ez du ekarriko.

  3. Ikastetxean jarraitzeko bermearen eskubidea duten ikasleen kopuruak eta ikastetxe-atxikipenagatik lehentasuna duten ikasleen kopuruak (hurrengo kapituluan aipatzen da hori) eragotziko balu ikasgela bakoitzeko gutxieneko ikasle-kopurua betetzea, dekretu honetan ikasleak onartzeko ezarritako irizpideak aplikatuko dira, ikastetxean plaza lor dezaketen ikasleak hautatzeko. Plazarik lortzen ez duten ikasleek beste ikastetxe batzuetan eskolatu beharra izango dute.

Sei. Gaztelaniazko bertsioan, aldatu egiten dira II. kapituluaren izenburua, 9. artikulua eta 15. artikuluaren b) letra, non termino hauek aldatzen baitira: «zonas de influencia», «zona de influencia» eta «zonas limítrofes»; horien ordez, honako hauek erabiliko dira, hurrenez hurren: «áreas de influencia», «área de influencia» eta «áreas limítrofes». Era berean, «zona» terminoaren ordez, «área» terminoa erabiliko da, eragin-eremuei edo eremu mugakideei buruz aritzean.

Zazpi. Aldatu egiten da 9. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Hezkuntzako sailburuordeak, hezkuntzako lurralde-ordezkariek proposatuta, eragin-eremuak zedarrituko ditu, bai eta haien eremu mugakideak ere, bizileku bakoitza eragin-eremu batean sar dadin.

Zortzi. Aldatu egiten da 9. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Eragin-eremuak eta eremu mugakideak ikastetxe bakoitzean ematen den modalitate eta irakaskuntza bakoitzerako zehaztuko dira. Eremu horien mapak edo xehetasunak eskuragarri egongo dira herritar guztientzat Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzeta.

Bederatzi. Aldatu egiten da 15. artikuluaren azken paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

Onarpen-bermeen batzordeek kide hauek izango dituzte: hezkuntza-administrazioaren ordezkariak; toki-administrazioarenak; dekretu honen xede diren ikastetxeenak, eta guraso, irakasle eta ikasleenak (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleenak izan ezik). Hezkuntza-arloko eskumena duen saileko sailburuak ezarriko ditu, agindu baten bidez, batzordeen osaera eta erregulazioa. Batzorde horien osaerak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa sustatu beharko du.

Hamar. Aldatu egiten da 16. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, dagokion aginduan zehazten den epean, eskatzaileen zerrenda argitaratuko da, bai eta onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda ere, baztertuak izateko arrazoiak zein izan diren adierazita.

    Informazio horretara sartzeko, aldez aurretik akreditazioa aurkeztuta, bide elektronikoa erabili beharko da, Hezkuntza Sailaren "Ikasgunea" atariaren bitartez (https://ikasgunea.euskadi.eus) edo, bestela, aurrez aurre, ikastetxeetako idazkaritzetan modu indibidualean sartuz eskatutako ikastetxeen, etapen, mailen eta hizkuntza-ereduen zerrendetara. Kasu batean zein bestean, sartu izana jasota geratuko da.

Hamaika. Aldatu egiten da 17. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Eskatzaileen behin-behineko zerrendaren aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin betiko zerrenda argitaratuko da, dagokion aginduak ezartzen duen epean.

    Informazio hori eskuratzeko, aurreko artikuluan adierazitako prozedura eta baldintzak bete beharko dira.

  2. Ikastetxeek, halaber, itxarote-zerrenda erabiliko dute, behar bezala ordenatuta, onartuen zerrendan gerta litezkeen hutsuneak betetzeko. Itxarote-zerrenda duten ikastetxe eta mailetan, ikasturtea hasi aurretik gertatzen diren bajak banan-banan eskainiko zaizkie zerrenda horretako ikasleei, han duten hurrenkerari jarraituz. Aldaketa guztiak berehala erregistratuko dira hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren aplikazio informatikoan, arauz ezarritako prozeduraren arabera.

Hamabi. Erantsi egiten da 17 bis artikulua, eduki honekin:

17 bis artikulua. Prozeduran parte hartzen duten pertsonek baremoan lortutako puntuazioaren banakapenari eta onarpen-lehentasunei buruzko datuetara izan beharreko sarbidea.

Baremazioa egin behar izan den kasuetan, eskatzaileek beren puntuazio banakatura sartzeko aukera izango dute, bai eta ikastetxe, maila eta eredu berean puntuazio handiagoa lortu duten eskatzaileenetara ere. Era berean, ikastetxe, maila eta eredu bereko gainerakoen puntuazio osoaren berri jaso ahal izango dute.

Hori horrela izan arren, bereziki babestu beharreko datu pertsonalak biltzen dituzten baremazio-irizpideak kontzeptu berean taldekatuko dira.

Hamahiru. Aldatu egiten da 20. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen diren ikastetxe guztiek gorde beharko dituzte, ohiko zein ezohiko ebaluazioek eragindako aurreinskripzio eta matrikulen epea amaitu arte, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak zehaztutako plazak, berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak eskolatzeko. Premia horien artean egongo dira, besteak beste, atzerapen ebolutiboak eragindakoak, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak eragindakoak, arreta- edo ikaskuntza-nahasmenduak eragindakoak, ikaskuntza-hizkuntzaren ezjakintasun larriak eragindakoak, gizarte- eta hezkuntza-egoera ahulean egoteak eragindakoak, adimen-gaitasun handiak izateak eragindakoak, hezkuntza-sisteman berandu sartu izanak eragindakoak, edo baldintza pertsonalek edo eskola-historiak eragindakoak. Itxarote-zerrenden indarraldia amaitu arte gordeko dira plazak.

  2. Ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak horretarako ezarriko diren organoek aholkatuta, hala badagokio zehaztuko du zenbat plaza erreserbatu beharko duen ikastetxe bakoitzak halako ikasleentzat maila eta hezkuntza-etapa bakoitzean. Betiere, halako ikasleak modu orekatuan banatuko dira funts publikoekin babestutako ikastetxe guztien artean, hezkuntza-sisteman behar bezala txertatzen laguntzen duten baldintzak izan ditzaten.

Hamalau. Aldatu egiten dira 21. artikuluaren izenburua eta 1. apartatua, eta honela geratzen dira idatzita:

  1. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 73. artikuluarekin bat etorriz, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak lege horren 74. eta 75. artikuluetan adierazitakoaren arabera eskolatuko dira.

Hamabost. Aldatu egiten dira 22. artikuluaren a) eta b) letrak, eta honela geratzen dira idatzita:

  1. Haur Hezkuntzako (lehenengo zikloko hirugarren mailatik aurrera) eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleak eskola-plazarik gabe egotea onartzeko prozesu arrunta bukatu ondoren, prozesu horretan parte ez hartzeagatik.

  2. Haur Hezkuntzako (lehenengo zikloko hirugarren mailatik aurrera) eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleak hezkuntza-sisteman berandu sartzea.

Hamasei. Aldatu egiten da 23. artikuluaren 1. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Onartzeko prozesu arruntetik kanpo ikasleak onartzeko prozedura, aurreko artikuluan adierazitako hezkuntza-etapetan, berdina izango da ikastetxe guztietan, eta hezkuntza-arloko eskumena duen saileko sailburuaren agindu baten bidez arautuko da.

    Une bakoitzean egondako plazak kontuan hartuz, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak, kasu bakoitzean ezarritako organoen bidez, erabakiko du zer ikastetxetan publikotan nahiz itunpeko pribatutan eskolatuko diren aurreko artikuluan jasotako egoeraren batean dauden ikasleak eta, betiere, ikasle horien guraso eta tutoreei entzun ondoren. Kasu orotan, familiaren lehentasunez eta ikaspostuen erabilgarritasunaz gain, kontuan eduki beharko dira beste faktore batzuk, eskola-plangintzari eta orekari lotuak, ikastetxeen artean aniztasuna banatzeko.

    Eskolatze-eskaera egiten bada familia-unitateak etxez edo udalerriz aldatu behar duelako gurasoek edo legezko tutoreek nahitaez mugitu behar izatearen ondorioz, familiako kideetako edozein desgaitu egin delako edo genero-indarkeriagatik edo terrorismo-ekintzengatik bizilekuz aldatu behar duelako, eskatzailea eskolatuko da, lehentasunez, gurasoen edo legezko tutoreen bizilekuari edo lantokiari dagokion eragin-eremuan dagoen ikastetxe batean, edo, eskatzailea adinez nagusia bada edo legez emantzipatua badago, haren bizilekuari edo lantokiari dagokion eragin-eremuko ikastetxe batean.

    Ikastetxe-aldaketa gertatzen bada eskola-elkarbizitza kaltegarria zuzentzeko neurriak aplikatzearen ondorioz, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak beharrezkoa den informazioa helaraziko dio ikastetxe hartzaileari, ikasleak ikastetxe berrian integratzea errazte aldera; horrekin batera, praktikan jarri beharreko neurri sorta helaraziko dio.

Hamazazpi. Aldatu egiten da 24. artikuluaren azken paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

Prozesu arruntetik kanpo ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen aginduak ezarriko ditu batzorde horien osaera eta erregulazioa.

Hemezortzi. Aldatu egiten da 25. artikuluaren 2. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Ikastetxean eskabide guztiei erantzuteko adina plaza ez badago, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren II. tituluaren III. kapituluan eta dekretu honen eranskinean jasotako puntuazio-baremoan ezarritako irizpide eta arauen arabera onartuko dira ikasleak.

    Anai-arrebak matrikulatuta izatea ikastetxean.

    Ikasleak ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta dituela ulertuko da, baldin eta anai-arreba horiek dekretu honetan araututako onarpen-prozesuaren mende dagoen irakaskuntza edo maila bateko ikasketak egiten badituzte eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeetan, onarpen-eskabidea aurkezten den unean.

    Ikaslearen familia-bizilekuaren hurbiltasuna edo haren aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokiaren hurbiltasuna, edo, ikasleak lan egiteko legezko adina badu, haren lantokiaren gertutasuna.

    Eskaera egiteko unean ikaslea adinez nagusia bada edo legez emantzipatuta badago, ikasle eskatzailea bera bizi den tokia hartuko da familia-bizilekutzat. Eskaera egiteko unean ikaslea adingabea bada eta ez badago legez emantzipatuta, familia-bizilekutzat hartuko da ikaslea aitarekin edo amarekin edo legezko tutorearekin bizi den tokia.

    Familia-harreran, aurreadopzioan edo adopzioan dagoen ume bat baldin bada, ikaslearen bizilekutzat hartuko da egoera horietan hartu duten pertsonena.

    Eskatzailearen lantokia edo aitarena, amarena edo legezko tutorearena ikastetxetik hurbil egoteagatik lortutako puntuazioa ez da bateragarria izango bizilekuaren hurbiltasunari dagokionarekin, ez eta ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik lortutako puntuazioarekin ere.

    Familia-unitatearen urteko errenta.

    Atal honetan baloratuko da, errenta horrez gain, eskatzailea ez den seme-alaba adingabeen kopurua; hain zuzen ere, diru-sarrerak familia-unitateko kideen kopuruarekin haztatzeko.

    Administrazio publikoren baten tutoretzapean egonez gero, eskatzaileari puntuaziorik gorena emango zaio atal honetako kontzeptu guztietan.

    Familia-unitatetzat ulertuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan edo estatuko arauetan ezarritakoa. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko da onarpen-eskaeraren helburu den adingabea, familia-liburuan ageri diren gurasoekin batera, non eta ez den egiaztatzen, hitzarmen arautzaile baten bidez, adingabearen zaintzaren gaineko ardura banatuta dagoela.

    Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, edo izatezko bikotearen elkarbizitza deseginez gero, baremoa aplikatzerakoan, ikaslearen zaintza ebazpen judizial irmo bidez edo hitzarmen arautzaile bidez esleitua duenaren errenta baino ez da aintzat hartuko. Berdin jokatuko da tutoretza judizialaren, familia-harreraren edo antzeko babes-neurrien kasuan, halakoetan gurasoak ez diren beste pertsona fisiko batzuen esku geratzen baita ikasle adingabearen zaintza.

    Ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxean lan egitea.

    Ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxean lan egiten duela ulertuko da, baldin eta, onarpen-eskaerak aurkezteko epean, eskatu den ikastetxeko edo hari atxikitako ikastetxe bateko berezko irakaslea edo irakasle ez den langilea bada, administrazio publikoko funtzionario gisa edo lan-kontratudun gisa, ikastetxe horretan behin betiko destinoa izan zein behin-behinekoa izan. Ez da joko aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxean lan egiten duenik, baldin eta ikastetxe horretan zerbitzuak ematen dituen kanpoko enpresa bateko langilea bada.

    Ikasleak desgaitasuna izatea edo desgaitasuna ikaslearen aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek izatea.

    Atal horri dagokion puntuazioa emango da, baldin eta desgaitasuna % 33koa edo hortik gorakoa baldin badu lehenago aipatutako pertsona horietako edozeinek. Nahiz eta bi edo gehiago izan desgaitasuna duten eta, hortaz, kontzeptu honengatik puntuazioa lortzeko aukera ematen duten pertsonak, haietako bakar batengatik baino ez dira emango puntuak.

    Familia-unitatea lekuz aldatzea honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

    Familia ugariko kide izatea.

    Guraso bakarreko familia bateko kide izatea.

    Ikasle eskatzailea familia-harreran egotea.

    Erditze anizkoitzean jaio izana.

    Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren edo eskola-kontseiluaren ustez garrantzitsuak diren bestelako egoerak.

    Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio hori emateko. Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak onartuko ditu irizpide horiek eta haiek egiaztatzeko baldintzak, eta haien berri emango da eskabideak aurkezteko epea hasi aurretik.

    Puntuak kontzeptu bakar batengatik edo hainbatengatik eman daitezke. Hainbat irizpiderengatik ematen direnean, puntuak horien artean banatu ahal izango dira, edo zuzenean eman, horietako bat betetzen bada.

    Puntuazio hori emateko irizpideak ezberdinak izan daitezke hezkuntza maila bakoitzean.

    Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako kontzeptuak ere egon daitezke. Hartara, kontzeptu horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da.

    Atal honetarako onartuko diren irizpideen artean, ezingo da inolaz ere ezarri jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan edo iritzian oinarritutako irizpide diskriminatzailerik. Halaber, ezingo da punturik eman horretarako berariaz deitutako proba edo azterketen emaitzen bidez.

    Ikastetxeko bazkide kooperatibista izatea.

    Batxilergoko irakaskuntzetan, espediente akademikoa (DBHn amaitutako azken mailari dagokiona).

    Ikaslea, ama edo legezko tutorea genero-indarkeriaren biktima izatea.

    Genero-indarkeriaren biktima izatearen baldintza egiaztatzeko, Genero Indarkeriaren Aurka Babes Integrala Emateko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aipatutako moduetatik edozein erabili ahal izango da.

    Ikaslea, ama, aita edo legezko tutorea terrorismoaren biktima izatea.

Hemeretzi. Aldatu egiten da 25. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Baremoaren irizpide horietako edozeini dagokion puntuazioa ematerakoan, anai-arrebatzat joko dira, era berean, familia-unitatean familia-harrera egoeran, aurreadopzioan edo legez eratutako adopzioan dauden adingabeak. Era berean, ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da ikaslearen guraso bietako edonoren legezko bikotea den pertsona. Pertsona horren seme-alabak ere anai-arrebatzat hartuko dira, ikaslearekin batera bizi badira.

Hogei. Aldatu egiten da 25. artikuluaren 4. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak edozein administrazio edo organismo publikori eskatu ahal izango dio dena delako gaiaren arabera eskumena duenari betiere eskatzaileak baremoko edozein irizpideri buruz alegatu dituen datuak egiaztatzeko, baldin eta datu horiek kontuan hartu behar badira eskabidearen baremazioan. Interesdunak adierazi badu egiaztapen horren aurka dagoela, edo egiaztatu beharreko datua adostasun espresua eskatzen duen lege batek babesten badu, baimen hori eskatuko zaio, eta ohartaraziko zaio baimena eman ezean edo egoera hori frogatzen duen balio juridikoko justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion irizpidearen arabera legokiokeen puntuazioari uko egingo diola.

Hogeita bat. Aldatu egiten da 25. artikuluaren 5. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Berdinketarik gertatuz gero, lehentasunezko irizpideak eta irizpide osagarriak aplikatuz ebatziko dira, ezarritako hurrenkeraren arabera eta berdinketa hausten den unera arte, baremoko hurrenkeraren arabera. Berdinketak bere horretan badirau, ausazko prozedura bat erabiliko da berdinketa hausteko. Prozedura hori ikasleak onartzeko prozesuan erabilitako aplikazio informatikoaren bidez egingo da.

    Familia berekoak ikastetxe berera joatea ahalbidetzeko, bi anai-arreba irakaskuntza berean daudenean eta baremo-puntuazio bera dutenean, ausazko prozeduran emaitza okerrena lortu duen anai-arreba emaitza onena atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.

Hogeita bi. Aldatu egiten da eranskina, eta honela geratzen da idatzita:

(Ikus .PDF)

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko azaroaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (5)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.