Arautegia
Inprimatu121/2015 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, Salburua Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatzeko eta haren kontserbazio-neurriak onartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 170
- Hurrenkera-zk.: 3797
- Xedapen-zk.: 121
- Xedapen-data: 2015/06/30
- Argitaratze-data: 2015/09/08
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatzeko. Proposamen hori Europako Batzordera eraman zen, eta han Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL) ontzat eman zuten, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Salburua BGLa (ES2110014) dago, Atlantikoko eskualde biogeografikoan.
Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraiki, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
Horiek horrela, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakonago aztertu da Salburua eta eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.
Horretaz gain, beharrezkotzat jo da Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (Hegaztientzako BBE) ere izendatzea, eremu honek betetzen baititu hegazti basatien kontserbazioari buruzkoa den 2009ko azaroaren 30eko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauaren irizpide ornitologikoak.
Salburua Atlantikoko eskualde biogeografikoan kokatzen da; KBE/Hegaztientzako BBE horretan 43/92/EEE Zuzentarauaren I., II. eta IV. eranskinean jasotako hainbat habitat eta espezie topatu dira (gutxienez, Batasunaren intereseko 9 habitat topatu dira, eta, horien artean, 1 lehentasunezkoa da), baita autonomia edo eskualde mailako katalogoetan agertzen diren espezieak eta 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako hegazti-espezie asko ere. Horrek guztiak ekarri zuen 2003an Europako Natura 2000 ekologia-sarean sartu izana, Batasunaren Garrantzizko Leku gisa (BGL). Hegazti-faunaz gain, honako hauen presentzia ere azpimarratzekoa da: bisoi europarra (Mustela lutreola), baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) edo apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa); gainera, odonatoak eta beste ornogabe batzuk kontserbatzeko interes bereziko eremua da, EAEn. Eremu hori oso garrantzitsua da, atseden eta elikatzeko gune bezala, Europako ur-hegaztientzat beraien mendebaldeko migrazio-ibilbidean eta, bereziki, ur-benarrizentzat (Acrocephalus paludicola) da oso garrantzitsua, eztei osteko migraziorako, hori baita mundu osoan mehatxatutzat jota dagoen Europako paseriforme bakarra. Carex riparia espeziearen taldeak Iberiar Penintsulan ondoen kontserbatutzat jotzen dira. Eremu horretan, habitatik adierazgarrienak landaredi bentikoa duten ur oligomesotrofo karedunak ez ezik, Mediterraneoko ihidiak eta larre hezeak zein lintzura alkalinoak ere badira. Sahastiek ere populazio garrantzitsua dute Salburuan.
Eremua mugatzeko, lan-eskala hobetu da. Mugaketa horrek ez du aldaketa garrantzitsurik eragin eremuaren mugetan, ezta Batasuneko intereseko flora eta fauna espezien populazioetan ere, eta Europako Batzordera bidaliko da, egunera dezaten.
Salburua KBE/Hegaztientzako BBE izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraiki. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, parte hartzeko kanalak irekita egon dira tramitazioan zehar, bai interesa zutenei komunikazioak bidalita bai horretarako berariaz prestatu den web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.eus/natura2000. Esteka horretan, izendapen-prozesu honi buruzko informazio eguneratua egongo da eskuragarri.
Salburua kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan eta 2009/147/EE Zuzentarauan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.
Gainera, ingurune hidrikoari lotutako eremua denez, ingurune hidrikoarekin lotutako Natura 2000 Sareko gune guztietarako 34/2015 Dekretuak onartutako arau orokorrak bete behar ditu. Araudi horretaz gain, II. eranskinaren 6. atalak jasotakoari jarraiki, eremu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana Behin Betiko onartzen duen uztailaren 27ko 160/2004 Dekretuak ezarritako arauak ere bete beharko ditu.
Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, Dekretuak izendapena bera, lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa bat ere jasotzen ditu.
Bestalde, arau horren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoari jarraiki, «Eusko Jaurlaritzak eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du». Horiek onartzea lurralde historikoetako foru-organoei dagokie, kasu honetan, Arabako Foru Aldundiari dagokio. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak Dekretu honetan onartzen dituen kontserbazio-helburuen arabera onartu beharko dira. Horretarako, Dekretu honen 3.3. artikuluak, azken xedapenetan lehenengoarekin batera, baimena ematen dio Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari, arau horretan ezarritakoari jarraikiz argitaratzeko kudeaketa-jarraipenak, Arabako Foru Aldundiak onartu ondoren.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Salburua (ES2110014) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (hemendik aurrera, Hegaztientzako BBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.
KBE/Hegaztientzako BBEaren mugak Dekretu honen I. eranskinean jasotakoak dira, eta xehetasun-azterketen ondorengo eguneratzearen ondorioz, bat datoz Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian jasotako mugekin.
Onartu egiten dira KBE/Hegaztientzako BBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.
Arau honen xedea honako hau da: KBE/Hegaztientzako BBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan daude ezarrita. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokien banaketa-arean, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basa-hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
KBE/Hegaztientzako BBEan, honako hauek jasotako araubide orokorra ezarriko da: 92/43/EEE Zuzentaraua, 2009/147/EE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
KBE/Hegaztientzako BBE hau xedatzen duten arau orokorrak ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (Hegaztientzako BBE) martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuak ezarritakoak dira.
Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, I. eta II. eranskinek KBE/Hegaztientzako BBEaren eta bere mugaketaren kartografia, eta izendapena argudiatzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako araudiak eta jarraipen-programa ere jasotzen dituzte.
Arabako Foru Aldundiak eremu hori kudeatzeko onartu dituen kudeaketarako jarraibideak eta neurriak Dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 22.5 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.
eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 27/2006 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.
Dekretu honi ezarri beharreko zehapen-araubidea honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean, eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako Foru Aldundiak eremu hau kudeatzeko onartu dituen jarraibide eta neurriak, Dekretuaren 3.3 artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_121_2015/Salburua.json&lang=eu
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2014ko azaroaren 4koa, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita ondoko izendapena: Salburuako hezegunea Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HB
- Lotutako: 44/2015 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritza eta Legebiltzarrekiko Harremanetarako Zuzendariarena. Honen bidez, Salburua Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren gaineko zuzentarauak eta kudeaketa neurriak ar