Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

102/2022 DEKRETUA, irailaren 7koa, 14 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 179
  • Hurrenkera-zk.: 4041
  • Xedapen-zk.: 102
  • Xedapen-data: 2022/09/07
  • Argitaratze-data: 2022/09/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburu nagusietako bat da familia-eredu jakin bat sendotzea, non eskakizun lagaezinak kontsideratzen baitira autonomia, kide guztien arteko errespetua eta, bi gurasoko familien kasuan, bi bikotekideen arteko berdintasuna, biek ala biek baitituzte eta partekatzen baitituzte lanbidean eta bizitza pertsonalean aurrera egiteko aukera berdinak, gure gizartearen balore demokratikoekin bat.

Gainera, lege horrek familia- eta lan-erantzukizunak uztartzen lagundu nahi du, bai eta emakumea lan-merkatuan sartzen eta karrera profesionala garatzen ere.

Legearen II. kapituluak, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko neurriei buruzkoak, honako hau du helburu, besteak beste: seme-alaba horiek etxean bertan zaintzeko pertsona bat kontratatzeak eragindako gastuak ordaintzen laguntzea.

Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituen uztailaren 17ko 118/2007 Dekretuaren bidez jarri ziren abian lehen aldiz EAEn seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak. Harrezkero, hainbat egokitzapen eta hobekuntza egin zaizkio laguntza-lerro horri.

Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakundearteko III. Plana 2011. eta 2015. urteen artean egon zen indarrean, eta haren ebaluazio-txostenak 2017an adierazi zuen lana eta familia uztartzeko prestazioen eredua hobetu beharra eta babes handiagoa eman beharra egoera bereziki ahulean zeuden familiei.

2018ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Eudelek Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna izenpetu zuten. Itun horren bidez, erakunde sinatzaileek konpromisoa hartu zuten euskal gizarteak hainbat eremu garrantzitsutan parean dituen erronkei aurre egiteko, hala nola, jaiotza-tasa baxuak, beharrezko aukera-berdintasuna edo gizarte erantzukidea bultzatzea.

Handik gutxira, Gobernu Kontseiluak, 2018ko ekainaren 19ko bileran, Familiei Laguntzeko Erakundearteko IV. Plana onartu zuen. Plana 2018ko irailaren 13an aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean. Planaren 2. ardatzaren arabera, helburuak dira gurasoek beren seme-alabei behar duten denbora guztia eskaintzea, denbora sozialaren antolaketa egokiagoa sustatuta familien beharrizanei begira, eta ardura partekatuko antolaketa soziala ahalbidetzea.

Familiei Laguntzeko Erakundearteko IV. Planak euskal familien egoerari buruz egin zuen azterketak agerian utzi zuen jaiotza-tasak oso txikiak zirela, batez ere familia-proiektua abiatzeko eta nahi adina seme-alaba edukitzeko pertsonek topatzen dituzten oztopoengatik, eta adierazi zuen, halaber, seme-alabak dituzten familiak direla zailtasun ekonomiko handienak dituztenak gizarte osoan.

  1. Planean aurreikusitako lana eta familia bateragarri egiteko laguntzei buruzko neurriak Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzei buruzko 164/2019 Dekretuaren bidez garatu ziren. Dekretu horren V. kapituluan dekretu honek indargabetzen du 3 urtera arteko seme-alabak zaintzen dituzten pertsonak kontratatzeko laguntzak arautzen ziren.

    Ondoren, COVID-19 osasun-larrialdiko egoerak euskal familietan eragin zuen eragin ekonomiko eta sozialari premiazko erantzun gisa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko otsailaren 9ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez egiten baita 2020-2021 ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen deialdia. Agindu horretan aurreikusitakoaren arabera, 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldia izango da diruz lagungarri.

    2021eko maiatzaren 9an, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko azken alarma-egoera amaitu zen. Une honetan, euskal gizartea lan handia egiten ari da bere jarduera ekonomiko eta soziala berreskuratzeko eta osasun-sistemaren arreta-gaitasuna bermatzeko. Kezkagarriak dira EAEko jaiotza-tasaren 2020. urteko bilakaerari buruz Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuak. Oro har, jaiotzen kopurua % 4,5 jaitsi da. Horrek erakusten du bilakaera negatiboa izan dela aurreko urteetako zifrekin alderatuta.

    Azaldutako egoera oinarri hartuta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak erabaki du etengabe diruz laguntzea 0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileen kontratazioa, eta lege-multzo koherente bakarrean bateratzea zaintzaileak kontratatzeagatik familiei ematen zaizkien laguntzei buruzko araudi guztia. Gorago adierazi den bezala, horrek esan nahi du indargabetu egiten dela Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko 164/2019 Dekretuaren V. kapitulua.

    0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko laguntza kontziliazio erantzukidea laguntzeko neurri bat da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legean definitzen den bezala: bidezko oreka bilatzen du betebehar eta behar pertsonalei erantzuteko orduan, eta zainketen erantzukizuna batez ere emakumeen esku ez uzten saiatzen da. Horrela, egungo banaketa desberdina zuzendu nahi da, emakumeek bizitzaren eremu guztietan jasaten duten desberdintasun- eta diskriminazio-egoera estrukturalaren oinarrian baitago.

  1. Legegintzaldiko (2020-2024) Gobernu Programak, 85. konpromisoan, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko eta jaiotza-tasa sustatzeko estrategia integral bat garatzea ezartzen du helburutzat. Horretarako, kontziliazio erantzukidea bultzatzea aurreikusten da, lan-bizitza eta gurasotasun positiboa uztartzea sustatzen duten neurriekin. Laguntza hori langile guztiei zuzenduta dago, bai besteren konturako langileei, bai norberaren konturako langileei.

    Gainera, gobernu-programa horren helburu estrategikoen artean dago «EAE Europako lehen herrialdeen artean jartzea genero-berdintasunaren alorrean». Dekretu honetan aurreikusitako laguntzek helburu hori lortzen laguntzen dute; izan ere, aurrerapausoak eman nahi dituzte etxeko lanak eta zaintza-lanak ekitatiboki eta paritarioki banatzeko gizonen eta emakumeen artean, eta ahalbidetzen dute emakumeek jarraitu ahal izan dezaten beren lan eta karrera profesionalak garatzen. Neurri horrek, beraz, zaintza-eginkizunek emakumeen karrera profesionalean eta enplegua lortzeko orduan eragiten dituzten penalizazio larriak arintzen ditu.

    Orobat, dekretu honek balioan jartzen du zaintza-lanak egiteko eta etxean bizitza sostengatzeko kontratatutako langileek egindako lana. Paradoxikoki, lanpostu horietako asko ia ikusezinak dira, ospe sozial txikia dute, eta baldintza prekarioetan gauzatzen dira.

    Horrela, saihestu nahi dugu desberdinkeriak areagotzea eta atzera egitea emakumeen eskubideen erabileran eta berdintasunerako bidean, bat etorriz Garapen Iraunkorrerako Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasotako konpromisoarekin.

    Azken batean, zaintzak gizarte-ongizateari laguntzen dio, eta politika publikoek eman behar dituzte zaintza-sistemak behar dituen koherentzia eta bitartekoak. Horregatik, dekretu honen bidez, administrazio honek beste urrats bat ematen du berdintasuna eta gizarte-kohesioa bermatuko dituen zaintza-sistema bat finkatzeko.

    Laguntza-lerro hori, indarrean den artean, Eusko Jaurlaritzaren urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuko da. 2022an, Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da.

    Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen printzipioak betetzen dituzte 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko dekretu honetako laguntzek, eta koherenteak dira Europar Batasuneko eta Nazio Batuen erakundeek nazioarteko esparruan aldezten dituzten ekintza-ildoekin, honako hauekin zehazki: Gizarte Eskubideen Europako Oinarria, Europako Batzordearen 2013ko otsailaren 20ko Gomendioa (Haurtzaroan inbertitzea: desabantailen zikloa apurtzea) eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda.

    Gorago adierazi den bezala, berdintasuna sustatzeko eta gizarte-ordena erantzunkidea lortzeko ikuspegitik erabaki eta balioetsi da dekretu honetako neurri oro, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako betebeharrak beteta eta printzipioak aplikatuta. Ildo beretik, aipatu behar da, Generoaren araberako Eraginaren aurretiazko ebaluazioaren eta desberdinkeriak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko txostenaren arabera aipatutako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulua betez egindakoa, arau hau lagungarria izango dela atzemandako desorekak murrizteko edo desagerrarazteko.

    Era berean, adierazi behar da dekretu honek eskaintzen duen aukera baliatu dela Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean eta III. kapituluan aurreikusitako eszedentzia eta lanaldi-murrizketarako laguntzak eskuratzeko baldintzen egiaztagiriak eguneratzeko.

    Dekretu honen bitartez dirulaguntzak ematen dira eta, beraz, sustapen motakoa da Dekretua. Gizarte-laguntzaren, erkidego-garapenaren, emakumearen, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen politikan Euskadirako Autonomia Estatutuaren 9.2, 10.12, 10.39 eta 12.2 artikuluek Euskal Autonomia Erkidegoari onartzen dizkioten eskumenen babesean eman da.

    0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko laguntzak, dekretu honetan aurreikusiak, familia-politikaren eskumena daukan sailburuaren aginduen bidez garatuko dira, eta horrela osatuko da haien erregulazioa.

    Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, bat etorriz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin, eta, Gobernu Kontseiluak proposamena aztertuta eta onartuta 2022ko irailaren 7an eginiko bileran, hau

Dekretu honen xedea da laguntzak arautzea familia eta lana bateragarri egiteko politikaren esparruan; laguntzok Eusko Jaurlaritzak emango ditu, familia-politikaren arloan eskumena duen sailaren bidez, 14 urte betetzen dituzten arte seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzearen ondoriozko Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko.

Dekretu honen ondorioetarako:

  1. Gurasoei egindako erreferentziak zabalduko zaizkie adoptatzaileei, tutoreei eta adingabekoen harrera edo adopzio iraunkorrerako helburuz zaintza esleituta duten pertsonei, baita seme-alaben zaintza eta jagoletza duenarekin bizi den ezkontideari edo izatezko bikotekideari ere.

    Era berean, seme-alabei egindako erreferentziek barne hartuko dituzte adopziorako eta harrera iraunkorreko xedez tutoretzako edo zaintzako erregimenean dauden adingabeak.

  2. Familia gurasobakartzat jotzen da laguntza eskatu duen gurasoak eta horrekin bizi diren seme-alabek osatzen dutena, seme-alaba horiek ekonomikoki pertsona bakar horren mende daudenean.

    Ez dira inola ere familia gurasobakartzat joko epailearen ebazpen baten bidez zaintza eta jagoletza partekatua ezarria duten familiak.

  1. Diruz lagungarri izango da Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean dagoen Etxeko Langileentzako Sistema Berezian alta ematen zaien pertsonen kontratazioa, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko, 2021eko uztailaren 1etik.

  2. Diruz lagunduko dira enplegatzaileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Berezian sartutako kuotak, eskabidea aurkezten den datan.

  3. Kontratazioak gutxienez 59 egun naturaleko iraupena izango du, eta aldizkakoa izan daiteke.

  4. Ez da diruz lagungarri izango zaintzaile bat baino gehiago aldi berean kontratatzea. Kasu horretan, kontratazio bat baizik ez da izango diruz lagungarri. Horretarako, eskatzaileak zehaztu beharko du zein kontrataziotarako eskatzen duen laguntza.

  5. Ez da inolaz ere diruz lagunduko onuradunaren ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen kontratazioa.

  6. Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan sartu beharko dira eskatutako dirulaguntzaren xede diren kotizazioak. Ez da diruz lagungarri izango ordaindu gabeko kuotei dagokien gastua.

  1. Dekretu honen xedea betetzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontu-arloko lege-mailako arauetan horretarako propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Halaber, indarrean dagoen legediaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, aurrekontu-ekitaldi batean emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du horrela eguneratutako kopurua gainditu.

  2. Baldin eta laguntza horietarako den aurrekontuan ez badago behar besteko kreditu egokirik xedea betetzeko, baliogabetuta geratuko da dekretu honek eta garapen-arauek laguntza berriak emateko duten eraginkortasuna. Hori guztia aintzat hartuta, dekretu hau indarrean dagoen artean, esleitutako kreditua agortzen bada ekitaldi ekonomiko batean, familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuordeak administrazio-ebazpena emango du horri publikotasuna emateko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, bertan, aipatutako kreditua noiz agortu den adieraziko da.

  3. Hala ere, baldin eta, diruz lagungarri izanik ere, ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin erantzun ezin zaien egoerei dagozkien laguntza-eskabideak badaude aurrekontu-ekitaldi batean, eskabide horiek hurrengo ekitaldiko kredituei esleitzeko aukera izango da eskabidea berriz ere aurkeztu behar izan gabe, baldin eta dekretu honetan laguntzak lortzeko ezarritako eskakizunak betetzen badituzte eskabide horiek.

  4. Publizitate-printzipioa betetzearren, familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzetik eratorriko den zenbatekoa.

  5. Dekretuan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei emango zaizkie laguntzak, deialdi ireki bidez, eta ondoz ondo esleituko dira, eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera, espedientea osorik dagoen unearen arabera.

    Eskaera zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, bata edo bestea gauzatzeko eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat. Horretarako, eskabideak aurkezteko hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua), espedientea osatzen den unearen arabera.

  1. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, enplegatzaileak seme-alaba adingabeen zaintzaileak kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Berezian sartutako kuotak hartuko dira oinarritzat, barne hartuta bai enplegatzailearen konturako kuota eta bai enplegatuaren konturako kuota.

  2. Oinarri horri ehuneko jakin bat aplikatuko zaio, familia-errenta estandarizatuaren arabera. Errenta hori kalkulatzeko, kontuan hartuko dira Familia-politiken esparruan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak esleitzen dien irismena, familia-unitatearen osaera, familia-errentaren maila eta familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefizientea.

    1. Familia-errenta estandarizatua 20.000 eurokoa edo txikiagoa bada, enplegatzaileak zaintzailea kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 100 lagunduko da diruz.

    2. Familia-errenta estandarizatua 20.000 eurotik gorakoa eta 50.000 eurokoa edo txikiagoa bada, enplegatzaileak zaintzailea kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 75 lagunduko zaio diruz.

    3. Familia-errenta estandarizatua 50.000 euro baino handiagoa bada, enplegatzaileak zaintzailea kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 25 lagunduko da diruz.

  3. Laguntza eskuratzeko baldintzak hilabeteko aldia baino txikiagoetan betetzen badira, laguntzen zenbatekoa proportzioan kalkulatuko da.

    Kasu horretan, 30 eguneko hilabetea hartuko da beti erreferentziatzat.

  1. Familia-unitatea osatzen duten gurasoek baimena ematen badiote laguntzak kudeatzen dituen organoari errenta-maila zehazteko behar den informazioa eskatzeko dagokion administrazioari, organo horrek, hala badagokio, familia-unitatea osatzen duten gurasoek adierazitako administrazioetatik bildutako informazioa bakarrik hartuko da kontuan.

  2. Familia-unitatea osatzen duten gurasoek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin ez badute, familia-errentaren maila zehazteko, zerga-administrazioak edo zerga-administrazio bidezkoek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bildutako informazioa hartuko da kontuan, eta dekretu hau kudeatzen duen organoari emango zaio, zerga-arlokoak ez diren xedeetarako informazioa elektronikoki emateari buruzko lankidetza-hitzarmenen arabera.

  3. Familia-unitatea osatzen duten gurasoek berariazko baimena eman ez badute laguntza ekonomikoak kudeatzen dituen organoak dagokion administraziotik zuzenean eskuratu dezan errenta-maila zehazteko behar den informazioa, eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu ez badute, baina, aldi berean, egiaztatu bada betetzen direla laguntza jasotzeko gainerako eskakizunak, familia-errenta estandarizatutzat hartuko dira, eta laguntzaren gutxieneko zenbatekoa jasotzea ekarriko du.

Laguntzaren onuradun izan ahal izango da familia-unitatea osatzen duen gurasoa, baldintza hauek betez gero:

  1. Familia-etxearen titular gisa agertzea seme-alabak zaintzeko kontratatutako etxeko langilearen Gizarte Segurantzako kotizazio-agirian.

  2. Jarduketa diruz lagungarriak dirauen artean eta eskabidea aurkezten den unean, eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizitzea eta bertako erroldan azaltzea seme-alabekin batera, zeinak zaintzeko kontratatzen baita langilea.

    Semearekin edo alabarekin batera erroldatuta egoteko betekizun hori betetzeaz salbuetsita egongo da epailearen ebazpen baten bidez zaintza eta jagoletza partekatua ezarri bada; kasu horretan, adingabearen zaintza eta jagoletzaren ardura duen edonorekin erroldatuta egon beharko du.

  3. Onuraduna eskabidea aurkeztu aurreko urtean etenik gabe erroldatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean, edo bost urtez segidan justu aurreko hamar urteetan.

  4. Familia-unitatea osatzen duten gurasoek jarduera ordaindu bat gauzatu behar dute bai besteren kontura, bai norberaren kontura, edo, bestela, lan egiteko erabateko desgaitasun iraunkor absolutua edo osoa izan beharko dute, edo baliaezintasun handia.

  5. Familia-unitatea osatzen duten gurasoek jarduera egiten duten sektoreko lanaldi osoari dagokion lanaldia izan behar dute.

    Kasu hauetan, eskakizun horretatik salbuetsiko da:

    Guraso bakarreko familiak.

    Familia ugariak.

    Familia-unitateak, zeinetan mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna baino handiagoa duen kideren bat baitago.

    Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukaten familia-unitateak.

    Zerrendatutako egoera horietan, onartuko da gurasoetako bat lanaldi murriztuan edo partzialean egotea, bere jarduera egiten duen sektoreko lanaldi osoari dagokion lanaldiarekiko % 50eko lanaldian edo handiagoan, kasu bietan.

  6. Familia-unitatea osatzen duen ezein guraso ezin da lan-kontratuaren etete-egoeran egon jaiotzagatik edo adingabeak zaintzeagatik Gizarte Segurantzaren araudiaren esparruan. Halaber, ezin da egon enplegu-erregulazioko espediente oso edo partzial baten menpe.

  7. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

  8. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

  9. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeretako batean.

  10. Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluaren arabera.

  1. Familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez onartuko dira bai laguntzak eskuratzeko baldintzak egiaztatzen dituen dokumentazioa, bai laguntza-eskabideen ereduak.

    7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa ezarritako elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez eskatuko da, salbu eta interesdunak aurka egiten badu arrazoiak emanez.

    Aurka eginez gero edo, kontsulta egin ostean, dokumentazioa lortu ezin bada, arrazoia zeinahi dela ere, eskatzaileak berak aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

  1. Eskabide-ereduak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

    1. Ez dela inolako laguntzarik jasotzen ari 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko.

    2. Ez zaiola ezarri dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zigorrik, eta ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, zein prozedura den edo diren adieraziko da.

    4. Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoera batean.

    5. Egiazkoak direla eskabidean eta eskabideari erantsitako dokumentazioan emandako datuak.

  2. Laguntza ekonomikoen eskabideak elektronikoki edo aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zuzenean zerbitzuak dituen bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eskabide normalizatu bidez eta haren atal guztiak behar bezala beteta.

  3. Laguntzaren informazio-fitxa https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/lana-eta-familia-bateragarri-egiteko-laguntzak-seme-alaba-adingabeak-zaintzeko-langileak-kontratatzeko/web01-tramite/eu/ webgunean dago eskuragai. Bertan daude eskuragai bai eskabidea egiteko jarraibideak eta bai eskabide-inprimakiak.

    Halaber, eskabide-inprimakiak Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eskuratu ahal izango dira.

  1. Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

  2. Hauek dira laguntza-eskabideak aurkezteko faseak:

    Jarduketa diruz lagungarrian nahitaezko 59 eguneko aldia igarotakoan aurkeztu ahal izango da laguntzaren lehenengo eskabidea edo hasierakoa.

    Hurrengo eskabideak edo laguntzaren jarraipen-eskabideak aurkezteko, gutxienez lau hilabete igaro beharko dira emandako aurreko laguntza-eskabidea egin zenetik; eskaera sinplifikatuan aurkeztuko dira. Gutxieneko aldi hori ez da bete beharko jarduketa diruz lagungarria amaituta dagoen kasuetan.

    Dekretu honen ondorioetarako, jarduketa diruz lagungarria amaitutzat joko da ez soilik laguntzaren eskatzaileak bere seme-alabak zaintzeko kontratatutako langilearen kontratuari amaiera ematen dionean, baita dekretu honetan laguntzak eskuratzeko finkatutako eskakizunak ez betetzeagatik amaitzen denean ere.

  3. Etxeko langileen kotizazio bakoitzari dagokion laguntza Gizarte Segurantzan ordaindu eta urtebete igaro baino lehen eskatu behar da.

Eskabideak eta aurkezturiko dokumentazioak arau honetan finkatutako eskakizun guztiak betetzen ez baditu, edo horien edukia osatu gabe dagoela irizten bada, 10 laneguneko epean dokumentazioa osatzeko edo hutsegiteak konpontzeko eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidea baliogabetuko dela; Administrazioak eskabide horri buruzko esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi beharko dio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

Eskatzaileak honela zuzendu ahal izango du eskaera:

Elektronikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Edo aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren organoetan.

  1. Familia-politikan eskumena duen zuzendaritzari dagozkio dekretu honetan araututako laguntza kudeatzeko zereginak.

  2. Eskatutako laguntzak laguntza horiek kudeatzeko ardura duen organoko zuzendariaren banakako ebazpen baten bidez emango dira, eta, hala badagokio, ukatuko.

  3. Ebazteko eta ebatzitakoa interesdunari jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea erregistroan sartzeko egoitza elektronikoan sartu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala ere, akatsak zuzentzeko epea zabaldu balitz, aipatutako epea etenda geratuko litzateke pertsona eskatzaileak jakinarazpena jasotzen duenetik eskatutako agiri guztiak aurkezten diren arte.

    Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Laguntzak emateko ebazpenak eta horien aldaketak eman diren espedienteen zerrenda, interesdunaren aldekoak izan badira, hiru hilean behin argitaratuko da https://www.euskadi.eus web-orriko iragarki-taula elektronikoan. Bertan, espediente-zenbakia, laguntzaren lerroa eta emandako zenbatekoa zehaztu beharko dira.

  5. Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

  6. Dekretu honetan aurreikusitako laguntza emateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzea. Prozedura laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntzarekin amaitzen bada, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezarrita, eta dirua ez bada borondatez itzuli beharreko epean itzultzen, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

  1. Emandako laguntza ordainketa baten bidez ordainduko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, 13.1 artikuluan ezarritako epea igarota (laguntzari uko egin ez bazaio).

  2. Laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroan behar bezala alta emanda egon behar du. Ez badago alta emanda edo bertan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, dagokion inprimakia bete beharko du, hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

  3. Laguntza ematen bada, ez da dirulaguntzaren ordainketarik egingo harik eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan arte, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

  4. Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzea.

Laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

  1. Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun balioduneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

  2. Diruz lagundutako egoeraren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion ororen berri ematea laguntzak kudeatzeko ardura duen zuzendaritzari.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzen dutenean.

  4. Emandako laguntzari dagokionez, familia-politikan eskumena duen sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

  1. Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharren bat betetzen ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoaren zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura gauzatu ondoren, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.

  2. Gainera, emandako laguntza ordaindu bada, bidezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra adieraztea bai eta dirulaguntzen arloan berandutze-interesa eskatzea ere, dirulaguntza ordaintzen denetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

  3. Itzulketa gauzatzeko, proportzionaltasun-irizpideei jarraituko zaie. Dekretu honetan araututako eta iragarritako laguntzak aldi jakin batean gertatzen diren egoera diruz lagungarriei buruzkoak dira. Beraz, aldi baterako ez-betetze partzialaren arabera zehaztuko da laguntza jasotzeko baldintzak bete diren aldian laguntzaren aitortza, baita ez-betetzea gertatu den aldiari dagokion itzulketa ere.

  4. Hori guztia, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoarekin, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen baititu.

  5. Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

  1. Dekretu honetan araututako laguntzak ez dira bateragarriak Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. kapituluan seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtu duten langileentzako laguntzak eta III. kapituluan araututakoekin mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senideak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtu duten langileentzako laguntza. Bateraezintasun horiek familia-unitateari aplikatzen zaizkio.

  2. Honako kasu hauetan salbuetsiko da bateraezintasuna:

    Guraso bakarreko familiak.

    Familia ugariak.

    Familia-unitateak, zeinetan mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna baino handiagoa duen kideren bat baitago.

    Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukaten familia-unitateak.

    Zerrendatutako kasuetan, familia-unitate batek dekretu honetan araututako laguntza eta Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuan araututako laguntzak jasotzea onartuko da.

  3. Laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste batzuekin, artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitakoez bestelakoekin, baldin eta horiek metatzeak ez badu gainfinantzaketarik eragiten.

    1. paragrafoko salbuespenean eta 2. paragrafoan aurreikusitako pilaketa gertatuz gero, dekretu honetan ezarritako diruz laguntzeko moduko jarduerei emandako laguntzen zenbatekoak ezingo dira izan enplegatzaileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaindutako kuotak baino handiagoak. Muga hori gaindituz gero, gaindikin hori saihesteko behar den zenbatekoan murriztuko da araudi honen babesean emango den edo eman den laguntza.

Familia-politikaren gaineko eskumena duen sailak ikuskapen- eta kontrol-lanak egin ditzake dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

2022ko aurrekontu-zuzkidura: dekretu honetan 2022ko ekitaldirako aurreikusitako laguntzak emateko aurrekontu-zuzkidura 4.000.000,00 eurokoa da guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako 10.3124.22.451.22/0600 aurrekontu-partidan ezarrita dago.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jarri arte, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren V. kapituluaren babespean egon diren diruz laguntzeko moduko egoerak araudi horretan aurreikusitako zenbateko ekonomikoen arabera lagunduko dira diruz.

Era berean, arau horrek zuzenduko ditu seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren V. kapituluaren babesean eman direnak edo izapidetzen ari direnak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

2021eko uztailaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean sortutako kotizazioengatiko laguntzak 2022an eskatu beharko dira.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, 2019ko urriaren 23ko Agindua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II., III. eta V. kapituluetan aurreikusitako laguntza-eskaeren instantzia normalizatuak onartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren xedapen hauek ezabatzen dira:

1.d) artikulua.

  1. artikuluko 1. paragrafoko bigarren gidoia.

    1. kapitulua.

      1. artikuluan V. kapituluari buruz egiten diren aipamenak.

        2 c) artikulua.

      1. artikuluko 4. apartatuan V. kapituluari buruz egiten diren aipamenak.

        AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

        Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 21.1d) artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

        1. Gizarte Segurantzaren "Lan-bizitzaren txostena" dokumentua.

          Gainera, lanaldi-murrizketen kasuan, IDC dokumentua aurkeztu beharko da, "Kotizaziorako Datuen Txostena Besteren Konturako Langileak", Gizarte Segurantzarena, murrizketa seme-alabak zaintzeko dela zehazten duena, kontratu mota lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa eta diruz laguntzeko moduko jarduketan egon den aldia. Etxeko Langileentzako Sistema Berezian kotizatzen duten langileen kasuan, lanaldi-murrizketa enplegatzailearen ziurtagiriaren bidez egiaztatu ahal izango da. Ziurtagiri horren eredua sailburuaren agindu baten bidez onartuko da.

          Gizarte Segurantzako autonomoen araubide bereziko kooperatiba-sozietateetako bazkide langileei eta lan-bazkideei ez zaie eszedentzia-baja eskatuko. Halakoetan, kooperatiba-sozietatearen ziurtagiria aurkeztu behar dute, non egiaztatzen den kooperatiba-sozietateetako bazkide langile edo lan-bazkide direla, eszedentzian edo lanaldi-murrizketan daudela, kontratu-mota lanaldi osokoa edo partzialekoa, diruz lagundu daitekeen jarduketan egondako aldiak, kotizazio-mota eta eszedentzia edo lanaldi-murrizketa dela-eta kotizazio-datuetan gertatutako aldaketak.

        AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

        Aldatu egiten da Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 35.1.f) artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

        1. Gizarte Segurantzaren «Lan-bizitzaren txostena» dokumentua.

          Gainera, lanaldi-murrizketen kasuan, IDC dokumentua aurkeztu beharko da, «Kotizaziorako Datuen Txostena Besteren Konturako Langileak», Gizarte Segurantzarena, murrizketa seme-alabak zaintzeko dela zehazten duena, kontratu mota lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa eta diruz laguntzeko moduko jarduketan egon den aldia. Etxeko Langileentzako Sistema Berezian kotizatzen duten langileen kasuan, lanaldi-murrizketa enplegatzailearen ziurtagiriaren bidez egiaztatu ahal izango da. Ziurtagiri horren eredua sailburuaren agindu baten bidez onartuko da.

          Gizarte Segurantzako autonomoen araubide bereziko kooperatiba-sozietateetako bazkide langileei eta lan-bazkideei ez zaie eszedentzia-baja eskatuko. Halakoetan, kooperatiba-sozietatearen ziurtagiria aurkeztu behar dute, non egiaztatzen den kooperatiba-sozietateetako bazkide langile edo lan-bazkide direla, eszedentzian edo lanaldi-murrizketan daudela, kontratu-mota lanaldi osokoa edo partzialekoa, diruz lagundu daitekeen jarduketan egondako aldiak, kotizazio-mota eta eszedentzia edo lanaldi-murrizketa dela-eta kotizazio-datuetan gertatutako aldaketak.

          AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

          Aldatu egiten da Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 60. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

          Bateraezinak dira, alde batetik, dekretu honetako II. kapituluan eta III. kapituluan eta, bestetik, 102/2022 Dekretuan aurreikusitako laguntzak (102/2022 Dekretua, irailaren 7koa, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa). Bateraezintasun horiek familia-unitateari aplikatzen zaizkio.

          Honako kasu hauetan geratzen da salbuetsita bateraezintasuna:

          Guraso bakarreko familiak.

          Familia ugariak.

          Familia-unitateak, zeinetan mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna baino handiagoa duen kideren bat baitago.

          Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukaten familia-unitateak.

          Zerrendatutako kasuetan, onartu egingo da familia-unitate batek dekretu honetan araututako laguntzak eta 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretuan aurreikusitako laguntzak jasotzea.

          AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Erregelamendu bidezko garapena.

          Familia-politikan eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio Dekretu hau garatzeko eta egikaritzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

          AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA. Indarrean jartzea.

          Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hilabeteko lehen egunean jarriko da indarrean.

          Vitoria-Gasteizen, 2022ko irailaren 7an.

          Lehendakaria,

          IÑIGO URKULLU RENTERIA.

          Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

          BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (6)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.