Departamento de Cultura y Política Lingüística

Dantzaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn

Atala

Hortaz, lehendabizi, txostena zer esparrutan kokatzen den deskribatuko dugu, eta, gero, zer definizio behar diren azaldu. Azterlan honen lehenengo bereizgarria jatorria da. Erakunde batek sektoreko profesional bati eskatutako lan bat denez, ezinbestekoa da aipatzea zer interes duen erakundearentzat emakumeek eta gizonek dantzaren industrian bizi duten genero-errealitateak, baita zer eragin duen ere dantzaren industriak errealitate horretan bere ekintza ugarien bidez. Ekintza horietako gehienak politika kultural publikoen parte dira, baina ez hori bakarrik.

Bigarrenik, dokumentu hau sormenaren sektoreko hainbat pertsona edo erakunderi agindutako txosten batzuen parte da, eta, ondorioz, pertsona edo erakunde horien ikuspegi pribatu eta barnekoa du; aztertzaile ez ezik, pertsona edo erakunde horiek aztergaiaren parte ere badira.

Azkenik, denbora-epe edo une historikoak ere eragina du edukian. Urtearen amaieran ekin zaio azterlanari, urteko zenbaketa kontuan hartuta, eta behar bat hauteman ondoren, oso aspalditik ez zirelako (edo, zenbait kasutan, inoiz ez zirelako) diziplina hauek aztertu eta artatu: musika, literatura, zinema, antzerkia eta dantza.

Azterlana Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskatu duenez, komeni da zenbait kontzeptu definitzea, eta kontuan hartzea zer inplikazio aktibo duten emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak deritzegunetan, baita genero esaten dugunean zer ulertzen dugun zehaztea ere.

Gero, azterlana dantzaren industriara mugatuko dugunez, komeni da definitzea zer den eta zer hartzen duen barnean, eta termino hori oro har erabil dadin defendatzea, sektore artistiko batek ez baitu gustuko industria hitza erabiltzea sektore gisa bizi duen errealitateaz mintzatzeko.

Eta, aurrerago, axioma moduan, txosten honetan agertuko diren terminoetako batzuk definituko ditugu, gorputz teoriko bat izateko, zeina aipatuko ditugun zenbaki eta estatistiken oinarri izango baita. Termino horiek, besteak beste, eszena gaineko adierazgarritasuna eta genero-ikuspegia kontuan hartzen duen programazioa izango dira.

Dantzaren industriako emakumeen eta gizonen egoera EAEn [pdf, 3,4 MB]