Euskadiko eskola uzte goiztiarraren ehunekoa Espainiako edo Europar Batasuneko batez bestearen azpitik dago
Gazteen Euskal Behatokiak badu bere web orrian online adierazleak kontsultatzeko atal bat eta aldian-aldian eguneratzen ditu adierazle horiek. Orain, hezkuntzari buruzko adierazleen artean, eskola uzte goiztiarrari dagokiona eguneratu berri dugu 2022ko datuak oinarri hartuta.
Euskadin, gehienez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH edo parekideren bat) osatu eta maila altuagoko beste titulaziorik lortu ez duten 18 eta 34 urte bitarteko gazteen ehunekoa % 5,6koa da. Horri “eskola uzte goiztiarraren tasa” deitzen zaio.
Ehuneko horrek 2010 eta 2022 artean izandako bilakaerak erakusten du 2013tik aurrera %10en azpitik dagoela eta 2018tik hona % 7ren azpitik.
Bakarrik derrigorrezko ikasketak bete dituzten 18 eta 24 urte bitarteko emakumeen ehunekoa bere adineko gizonen artean jasotakoa baino txikiagoa da (% 4,2 eta % 7,0, hurrenez hurren) eta horrela izan ohi da aztertutako urte gehienetan.
Bestetik, Espainiako beste autonomia erkidegoetan jasotako datuekiko alderaketak erakusten du Euskadik eta Nafarroak dituztela eskola uzte goiztiarraren tasa txikienak. Espainiaren batez bestekoa % 13,9 da.
Europar Batasunean jasotako datuekiko alderaketak ere agerian uzten du Euskadi 27 herrialdeen batez bestekoaren azpitik dagoela, Europar Batasunaren batez bestekoa, % 9,6 baita.
Aurkeztutako datuak zuzenean daude lotuta Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren 4. helburuarekin, hau da, “Kalitatezko hezkuntza”rekin, eta, zehazkiago, helburu horren 3. eta 4. xedeekin:
- 4.3 xedea. Hemendik 2030era bitartean, gizon eta emakume guztiek kalitatezko prestakuntza teknikoa, profesionala eta goi mailakoa, unibertsitateko irakaskuntza barne, berdintasunez eskura dezaten bermatzea.
- 4.4. xedea. Hemendik 2030era, nabarmen handitzea enplegua, lan duina eta ekintzailetza lortzeko beharrezkoak diren gaitasunak, bereziki teknikoak eta profesionalak, dituzten gazteen eta helduen kopurua.