Argitalpen-data: 2015/12/30

Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren 2016.urterako diru-laguntzak

45,7 milioi euro bideratuko ditu Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak 2016an diru-laguntzatarako

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, 2016an berak gidatzen duen sailburuordetzak zabalduko dituen diru-laguntza deialdien berri eman du gaur goizean Donostian, prentsaren aurrean egin den aurkezpenean. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren diru-laguntza deialdiek, HABE barne, (beherago banan-banan zerrendatuak ageri dira) 42.497.725 euro izango dituzte. Bestalde, proiektu espezifikoetarako lankidetza hitzarmen bidez 3.210.630 euro ere bideratuko dira. Beraz, bi multzook batuta, 45.708.355 euro izango dira guztira diru-laguntzatan 2016an. Aipatu beharra dago, EAEko herri erakunde guztiek euskara sustatzeko diru-laguntzetarako jartzen dutenaren % 67 Jaurlaritzak jarria dela.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honakoa adierazi du: “EAEko hizkuntza politikan garrantzi eta pisu handiko kontua da HPSren diru-laguntzena. Batetik, Jaurlaritzaren lehentasunak agerian jartzen ditugulako, eta bestetik, beharrezko direlako hainbat elkarte, enpresa eta entitatek garatzen dituzten ehunka ekimenen bideragarritasuna bermatzeko”.

Eta gehitu du: “Baliabideak beti dira mugatuak. Beti nahi izaten dugu gehiago. Baina 45.708.355 euro bada ahalegin handia, eta ahalegin horren neurria argi eta garbi azpimarratu nahi dut. Jaurlaritzaren eta gainerako herri-erakundeen ahalegina nahitaezkoa du euskalgintza sozialak bere bidea egiten jarraitzeko”.

Deialdietan banan-banan sartu aurretik, 2016an egongo diren zenbait berritasun azalduko dira:

Deialdiak banan-banan birpasatu baino lehen, badira argitu beharreko zenbait gauza. Gaur aurkeztu diren deialdietatik lau, gaurko buletinean argitaratu dira; honako hauek, hain zuzen ere: Euskalgintza, IKT, Nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkarien edizio digitalak eta LanHitz.

Beste bi deialdiak (Euskarazko hedabideak eta EBPN/ESEP), egoera ezberdinean daude. Batetik, euskarazko hedabideen deialdia urte anitzekoa egitea aurreikusia dago (2016/2017/2018). Bestetik, EBPN/ESEP deialdia jadanik argitaratua dago eta 2015 eta 2016an egindako jarduerak finantzatzen dira. HABEren deialdiak, berriz, ohiko moduan eta dagokien bezala 2016eko udan argitaratuko dira, ikasturteka baitoaz, ez urte naturalen arabera.

DIRU-LAGUNTZA DEIALDIAK

1) HABE (Helduen euskalduntzea): 30.701.025 euro

Hemen lau deialdi bereizi behar dira:

2) Euskalgintza deialdia: 979.200 euro

Gizarte bizitzan oro har (bereziki aisialdian, kiroletan, kultur jardueratan eta testuinguru ez-formaletan) euskararen erabilera sustatzeko proiektuak dituzten enpresa eta elkarte pribatuentzat zuzendutako deialdia. Proiektuek bultzatu beharko dute, beste gauzen artean:

3) Euskarazko hedabideei zuzendutako diru laguntzak: 4.875.000 euro urtero hiru urtetan zehar (hau da aurreikusten dena).

Egunkari, aldizkari, irrati, telebista eta Internet bidezko euskarazko hedabideren bat egiten duten enpresa pribatuentzat zuzendutako diru-laguntza. Deialdi honen xedea da euskarazko hedabideak sendotu, garatu, normalizatu eta eraginkortzea, bezeroei begira irismen maila indartuz.

Diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, beraz, mota honetako ekimenek:

Euskararen erabilera sendotzea denez deialdi honen helburua, eraginkortasuna lehenetsiko da. Beraz, hedabideak bere eremuan duen eraginkortasuna baloratu eta sarituko da, betiere kontsumitzailearen ikuspegitik aztertuta.

4) Nagusiki gaztelaniaz diren hedabide idatzien edizio digitaletan euskararen presentzia areagotzeko diru laguntzen deialdia: 400.000 euro

Nagusiki gaztelaniaz eta egunero editatzen diren komunikabideak egiten dituzten enpresa pribatuentzat zuzendutako diru laguntza. 2014an ireki zen lehen aldiz diru-laguntza deialdi hau. Helburua da, euskararen presentzia areagotzea:

Deialdi honen helburu nagusia laukoitza da: batetik, euskaldunek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea modu eraginkorragoan betetzea. Bestetik, euskal herritarrek kontsumitzen dituzten hedabideetan euskarazko informazioa presente izatea; hirugarrenik, belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragitea, komunikazio produktuen kontsumoa egiterakoan euskaraz baliatzeko ohitura sortuz; azkenik, interneteko euskarazko edukiak gehitzea.

5) IKT deialdia (Informazio eta Komunikazio Teknologiak): 807.500 euro

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazio berriak sortzen eta garatzen, eta euskararen presentzia Interneten areagotzeko ekimenak garatzen diharduten enpresa eta entitate pribatuentzat zuzendutako diru laguntza.

Helburua da:

Erabilera denez, eremu honetan, eraginkortasunaren neurri nagusia, bisita eta bisitarien kopuruei edota publiko potentzialari arreta berezia eskaintzen zaie egitasmoak ebaluatzerakoan. Era berean, aisialdia eta entretenimendurako egitasmoak ere lehenesten dira.

6) LanHitz deialdia: 1.964.000 euro

EAEn lantokiak dituzten edo kudeaketa egiten duten entitate eta enpresa pribatuei zuzendutako diru laguntza. Helburua da enpresa eta entitate hauen lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzea.

LanHitz programaren barruan, eta orain arteko diru-laguntza deialdiaz gain, EUSLAN egitasmo pilotua abian jarri da 2015ean, hizkuntza kudeaketan aurreratuen dauden enpresek euskaraz lan egin dezaten. EUSLAN programaren Jarraipen Batzordeak abenduaren 22an onartu ditu, hain zuzen ere, 2016rako enpresa parte hartzaileek aurkeztu dituzten lan planak. 314.000 euro bideratu dira honetarako.

7) EBPN/ESEP deialdia (2015-2016 urteetarako): 2.771.000 euro

EAEko udalentzat eta udalez gaindiko organismoentzat diru laguntzak (mankomunitateak, koadrilak). Helburua da udal entitateek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia / Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatzea, ondorengo jardueren bidez:

Bestelako diru laguntzak: 3.210.630 euro

Orain arte azaldutakoak deialdi bidez emango diren diru-laguntzak dira. Baina Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ematen dituen diru-laguntzen artean badira deialdi hauetatik aparte hitzarmen bidez eta proiektu berezietarako berariazko laguntzen bidez sailburuordetzak egiten dituen ekarpenak. 2016an era horretako ekimenetarako 3.210.630 euro destinatzea aurreikusten dugu. Honako hauek izango dira onuradunak, beste batzuen artean: Euskaltzaindia, Euskara Elkarteen Topagunea, Labayru, EHUko Euskara Institutua, EUDEL, UEMA, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Tokikom, ONCE, EIZIE, Galtzagorri Elkartea, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Nafarroako EKE, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa-Office Publique de la Langue Basque…