- Pérez Barredok adierazi du Europarentzat erreferente izango dela ekintzailetza kolektiboko eredu berrietan
Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok Lan eta Enplegu Sailaren bultzada eskaini du gaur, Gizarte Ekonomiari buruzko abangoardiako HUB bat eratzeko, Europarentzat erreferentzia izango dena ekonomia inklusibo, jasangarri, solidario, parte-hartzaile eta kolaboratiboko estrategien identifikazioan, eta ekintzailetza kolektiboko eredu berriak eskainiko dituena.
Pérez Barredok Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Konferentziaren inaugurazioan parte hartu du. Konferentzia horren izenburua "Personas, planeta, acción" da, eta gaur eta bihar bitartean egiten ari dira Donostian, Europar Batasuneko Kontseiluaren Espainiako Presidentetzaren esparruan, Gipuzkoako hiriburuak aurten izango duen Gizarte Ekonomiaren hiriburutza dela eta. Topaketa horrek, bere ustez, "gure bertsiorik onena eskaintzeko aukera ematen digu, bere lurrari itsatsita aurrera egin nahi duen herrialdearena, baina munduari begira, aberastasuna sortzen eta bere ingurunean hobeto banatzen jarraitu nahi duena".
Esparru horretan, aitortu du harro dagoela jakiteaz "Espainia munduko erreferentea dela Gizarte Ekonomian, eta Euskadi, lan elkartuan". Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzentzen duen Sailak harrotasun hori erakusten du "aurrekaririk gabeko laguntza publikoan", besteak beste, Eusko Legebiltzarrean aho batez onartutako Kooperatiben Legea, Kooperatiben Mundu Kongresuari laguntzea, Gizarte Ekonomiari buruzko Sailarteko lehen Plan Estrategikoa edo larrialdietan berehalako erantzuna ematea, hala nola pandemian edo Ukrainako gerran, eta 2024an amaituko da "Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Sozialari inoiz eman dion laguntza ekonomiko handienarekin".
Europarako erreferentziazko gunea
Hala ere, sailburuordeak gaineratu duenez, gure begirada etorkizunean jarrita dago", eta, beraz, Sailaren bultzada eskaini du abangoardiako HUB bat eratzeko, Espainiako Gobernuak Gizarte Ekonomiaren eta Zainketen PERTEren bidez moldatuko duena. "Europarentzat erreferentzia izango den espazio bat, ekonomia inklusibo, jasangarri, solidario, parte-hartzaile eta kolaboratiboko estrategiak identifikatzeari dagokionez, eta eraldaketa digitalerako, ingurumenerako eta demografikorako ekintzailetza kolektiboko eredu berriak eskainiko dituena", ziurtatu du.
"Euskadik bere ekarpen osoa egingo du, eta dagoeneko egiten ari garen bide baten gainean egingo dugu, gure 2030erako Enplegu Estrategiak Gizarte Ekonomia gure lehiakortasun-indarguneetako bat bezala identifikatzen duelako, eta giltzarri gisa jartzen duelako ekintzailetza kolektiboa indartzea; enplegu berrietan, ekonomia digitaletik eratorritakoetan, bide horretan aurrera egiteko formulak bilatzen ari garelako; eta, hain zuzen ere, kooperatiba baten eskutik, Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldearen eskutik, jauzi bat egin dugulako zaintza-lanetan dihardutenen profesionalizazioan eta duintasunean", adierazi du.
Ildo horretan, Pérez Barredok gogorarazi du Lan eta Enplegu Saila zainketen arloan bultzatzen ari den lan hori "trebetasun eta gaitasunetan trebatzeko modu bat besterik ez dela, eta ekintzailetza kolektibo horri irekitako ate bat, profil berriekin bat egiten duena, adinekoen arreta bermatzeko, bai autonomia handiagoari dagokionez, bai mendekotasun fisikoari dagokionez". Proiektu hori, hain zuzen ere aste honetan Sailak Bruselan azalduko duena, "aurrerapausoak ematen ari garen moduaren" adibide da, "eta datorren urtean berrikuntza-ekosistema propioa izango du".
Bere hitzaldian, Laneko sailburuordeak Euskadiko Gizarte Ekonomiako familia guztiei aitortu nahi izan die "aberastasun eta kohesio sare bat ehundu dutela gure historiaren hiru mendetan zehar", eta, 87.000 pertsona ingururi enplegua emateaz gain, sektore ekonomiko guztiak zeharkatzen dituela "eta gizartearen kapilaritatea ematen duela, kohesio bihurtzen dena".
"Horiek dira gure erreferentziak, iraganarenak eta etorkizunerako, eta Euskadik lagundu nahi du Espainia, Gizarte Ekonomian ere, aurrerapenaren eta kohesioaren erreferente izan dadin. Europako gizartea eraldatzeko inbertsiorik onena, Batasuna inspiratzen duten balioetatik abiatuta", amaitu du.